Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2021eko apirilaren 6a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
1918

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 24koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak hartutako erabaki bat argitara emateko dena. Erabaki horren bitartez, zenbait diru-baliabide esleitzen dira Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan aurreikusitako laguntzak 2021eko ekitaldian finantzatzeko. Agindu horrek oinarri arautzaileak ezartzen ditu, langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen dutenei Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan oinarritutako dirulaguntzak emateko, 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko martxoaren 23ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, zenbait diru-baliabide esleitu ditu Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan ezarritako laguntzak 2021ean finantzatzeko. Agindu horren bidez, oinarri arautzaileak ezartzen dira langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen dutenei Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzeko dirulaguntzak emateko, 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Horregatik guztiagatik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2021eko martxoaren 23ko bilkuran hartutako erabakia, zeinaren bidez zenbait diru-baliabide esleitzen baitira Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan aurreikusitako dirulaguntzak 2021eko ekitaldian finantzatzeko. Agindu horrek oinarri arautzaileak ezartzen ditu, langabezia-prestazioa ordainketa bakar osoko modalitatean jasotzen dutenei Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan oinarritutako dirulaguntzak emateko, 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 24a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
Erabaki-proposamena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, zeinaren bidez zenbait diru-baliabide esleitzen baitira Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan aurreikusitako laguntzak 2021eko ekitaldian finantzatzeko. Agindu horrek oinarri arautzaileak ezartzen ditu, langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen dutenei gizarte segurantzako kuoten ordainketan oinarritutako dirulaguntzak emateko, 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduak oinarri arautzaileak ezarri zituen Gizarte Segurantzako kuoten dirulaguntzak emateko, ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Bada, agindu horren helburua da kotizaziopeko langabezia-prestazioa jasotzen dutenen autoenplegua erraztera bideratutako dirulaguntzak arautzea. Dirulaguntza horien bidez, langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzeko eskubidea baliatu dutenei Gizarte Segurantzako kuoten ordainketa egiten zaie, kuota horien egungo balioaren arabera, betiere ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuaren 1. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuak (geroagoko arauen bidez sartutako aldaketak ere kontutan hartuta) ahalmena ematen dio erakunde kudeatzaileari langabezia-prestazioaren zenbatekoa ordainketa bakar batean ordaintzeko, egun duen balioaren arabera, prestazioen onuradun hauei: kooperatibetan edo lan-sozietateetan bazkide-langile edo lan-bazkide gisa –modu egonkorrean– sartu nahi dutenei, eta, % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna izanik, langile autonomo bihurtu nahi dutenei.

Egun, lan-merkatuaren erreformarako premiazko neurriei buruzko otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege-Dekretua eta Ekintzaileari laguntzeko eta enpleguaren hazkundea eta sorrera estimulatzeko neurriei buruzko otsailaren 22ko 4/2013 Errege Lege Dekretua onartu ondoren, beste bi talde sartu dira langabezia-prestazioaren % 100eko kapitalizazioaren onuradunen artean: bata, langile autonomo gisa jarduten duten gazteak (30 urtera bitarteko gizonezkoak eta 35 urtera bitarteko emakumezkoak), eta, bestea, hogeita hamar urtez azpiko gazteak, diru-zenbatekoa erabiliko dutenak ekarpen bat egiteko merkataritza-erakunde baten kapital sozialean, baldin eta merkataritza erakunde hori sortu berria bada edo ekarpena egin aurreko hamabi hilen barruan sortua bada eta erakunde horretan egiten duten jarduera profesionala mugagabea bada, Gizarte Segurantzan duten erregimena gorabehera.

Eskubide hori baliatzen duten langileek jasoko duten dirulaguntza hauxe izango da: langile autonomo gisa Gizarte Segurantzan dagokien erregimenean duten kuotaren % 50, gutxieneko kotizazio-mailaren arabera kalkulatuta; edo, langileek langabezia-prestazioa jaso duten bitartean Gizarte Segurantzan, dagokion erregimenaren kotizazioetan, egin duten ekarpenaren % 100, baldin eta langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jaso ez bada.

Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu egin zitzaizkion Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak. Geroztik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumen da enpleguko, enplegu-prestakuntzako eta autoenplegua sustatzeko eta enpresak sortzeko programak kudeatzea.

Egun, Euskal Autonomia Erkidegoan ez dago laguntzak erregulatzeko araudi bat, kotizaziopeko langabezia-prestazioaren % 100 ordainketa bakarrean jaso dutenei autoenpleguko ekimenak martxan jartzen lagunduko diena. Horregatik, horrelako araudi bat landu eta indarrean jarri bitartean, dirulaguntzen programa hau gauzatu behar da, ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzeko.

Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduak indarraldi mugagabea du. Bestalde, laguntza hauek emateko prozeduran, ez da lehiaketaren teknika erabiliko. Esleitutako aurrekontu-kreditua edo haren eguneratzetik sortzen dena izango da laguntzak emateko muga, berariaz hala ezarrita baitago aginduaren lehenengo xedapen iragankorrean.

Hori dela eta, dirulaguntzak emateko prozeduran errespetatu behar den publikotasun-printzipioa betetzeko, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoetan xedatutakoarekin bat, jakinarazi behar da guztira zenbat diru bideratuko den aipatutako agindu horretan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko kredituetarako eta zein izan daitekeen zenbateko hori eguneratzetik sor litekeen zenbatekoa.

Bestalde, dirulaguntza hauek kudeatzen dituen administrazioa aldatu dela kontuan hartuta, publikotasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak errespetatzeko, komeni da laguntzen onuradun izan daitezkeenei informazioa ematea dirulaguntzen prozedurarekin eta aplikatu beharreko erregimen juridikoarekin zerikusia duten alderdi jakin batzuei buruz. Besteak beste, administrazio-isiltasunaren esanahiak bete egiten du Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateko 51. artikuluko 9. apartatu berrian xedatutakoa, otsailaren 11ko 1/2021 Legeak (Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak) gehitutakoaren arabera. Bertan ezartzen denez, orokorrean, dirulaguntzak emateko prozedura edozein dela ere, horretarako ezarritako gehieneko epea igaro eta ebazpenik eman eta jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat joko dira.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko martxoaren 23(e)ko bilkuran eztabaidatu ondoren, honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– 500.000,00 euroren diru-baliabideak esleitzea, 3211-Enplegua programaren kargura, 1994ko apirilaren 13ko Aginduan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko. Izan ere, agindu horrek arautu zuen Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan oinarritutako dirulaguntzak ematea ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuaren 1. artikuluan ezarritako eskubidea baliatu zutenei, betiere Errege Dekretu horren 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Laguntzen bolumen osoak ez du gainditu behar zenbateko hori edo, indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketaren bat onartzen baldin bada, aldaketak dakarren igoera egin ondorengo emaitza. Eguneratzerik izango balitz, EHAAn argitaratu beharko litzateke, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Bigarrena.– Dirulaguntza hauen kudeaketari buruzko honako alderdi hauei buruzko informazioa ematea (alderdi horietan eragina izango baitu Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen antolakuntzari eta erregimen juridikoari buruzko araudiak zuzenean aplikatzeak):

– Ebazpen honetan aipatzen diren dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak honela aurkeztu beharko dira:

Aurrez aurre: deialdi honen eranskinean ageri den eredu ofiziala betez, zeina hemen egongo baita eskuragarri: https://www.lanbide.euskadi.eus webgunean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurralde- eta toki-bulegoetan.

Elektronikoki: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, zeina hemen egongo baita eskuragarri: https://www.euskadi.eus Webgune horretara sartzeko, esteka bat dago Lanbideren web-orrian bertan. Kasu honetan, eskabidearen ondorengo izapideak egiteko (jakinarazpenak barne), Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta Izapideak modu elektronikoan egiteko argibideak helbide honetan aurki daitezke: https://www.euskadi.eus/servicios/1008805.

Era berean, eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan eman ahalko du izena, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

Horretaz gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak hartuko du bere gain eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura, eta Lanbide erakunde autonomoko zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.

– Aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira eskabideak, eta hurrenkera horretan emango zaizkie dirulaguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte.

Aurrekontu-hornidura agortutakoan, inguruabar hori EHAAn eta Lanbideren webgunean (https://www.lanbide.euskadi.eus) argitaratuko da, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, laguntza berrien emakida etete aldera.

– Ebazteko, gehienez sei hileko epea izango da dirulaguntza eskabidea aurkezten den egunaz geroztik, eta, epe hori igarotakoan, ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera administrazio-isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertuko da.

– Zuzendari nagusiaren ebazpenak administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jartzeko aukera izango da organo horretan, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita bi hilabeteko epean.

– Laguntza-programa hau kudeatzeko orduan, honako hauek aplikatu behar dira: Dirulaguntzei buruzko arazoaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua), oinarrizko araudi gisa; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan aurreikusitako dirulaguntzen araubide juridikoa; eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua –dekretu horrek arautzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak–.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala