Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

65. zk., 2021eko martxoaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

ARARTEKOA
1884

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 16koa, Arartekoarena. Honen bitartez, aldi baterako arloko teknikari bat hautatzeko prozedura iragartzen da.

Arartekoaren 2020ko otsailaren 14ko Ebazpenaren bitartez, prozedura bat iragarri zen, arloko teknikari bat aldi baterako hautatzeko (EHAA, 41. zk., otsailaren 28koa).

Eskaerak aurkezteko epea artean irekita zegoela, lehen alarma-egoera adierazi zen, COVID-19aren izurriak sortutako egoeraren ondorioz. Horregatik, Arartekoak zenbait erabaki hartu behar izan zituen, besteak beste, deialdi haren tramitazioa etetea, eta hala mantendu da hilabeteotan guztiotan, ziurgabetasuna baitzen nagusi, bai osasun-egoeraren bilakaerari buruz, bai beharrezko aurrekontu-hornidura izaten jarraitzeari buruz.

Orain, aldiz, Arartekoaren ustez, bizi dugun egoerak ahalbidetzen du bere garaian etendako hautaketa-prozesu hura berriz hastea. Horretarako, deialdi berri bat egitea iruditu zaio egokiena, bete beharreko lanpostu hori eskuratu nahi duten pertsona guztiek bertan parte hartzeko aukera izango dutela ziurtatzeko.

Horrela, aurreko deialdian eskaera aurkeztu zuten izangaiek berriro egin beharko dute parte hartzeko eskaera; hala ere, egoki baderitzote, ez dituzte berriz aurkeztu beharko baldintzen eta alegatutako merezimenduen ziurtagiriak, orduan eman bazituzten.

Arartekoaren zerbitzuko langileen atxikipena arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera (Arartekoa sortu eta arautzeko otsailaren 27ko 3/1985 Legearen 38.etik 40.era bitarteko artikuluak, Ararteko erakundearen antolaketa eta funtzionamenduaren araudiaren 30. artikulua eta ezarri beharreko gainerako arauak), arartekoak aske izendatuko ditu bere zereginak betetzeko beharrezkoak diren aholkulariak eta konfiantzako langileak, merezimendu eta gaitasun irizpideei jarraiki. Langile horiek aldi baterakoak dira.

Aipatutako araudia betez, Arartekoak prozedura bat iragartzen du hautagaien egokitasuna ebaluatzeko. Ondoren, arartekoak arloko teknikari bat izendatuko du.

Beraz, hauxe da prozedura honen xedea: espezializatutako balorazio-batzorde batek deialdian iragarritako lanpostuarekin bat datozen ezagupenak eta lanbide-eskarmentua dituzten hautagai batzuk aukeratzea.

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Iragarritako lanpostuaren profila.

Deialdi honen bidez, arloko teknikari bat hautatu nahi da, batez ere Haur eta Nerabeentzako Bulegoko Zuzendaritzari laguntzeko eta harekin lanean aritzeko, haur eta nerabeekin zerikusia duten Ararteko erakundearen politika guztiak kudeatzeko orduan.

Eginkizun hauek izango ditu, batik bat:

– Adingabeei buruzko kexak eta kontsultak aztertzea.

– Haur eta Nerabeen Kontseilua kudeatzea.

– Haurrez arduratzen diren elkarte, erakunde eta plataformekin lankidetzan aritzea.

– Haurren eskubideen inguruko kultura zabaltzea, baita eskubide horiek haur eta nerabeen artean hedatzea ere.

– Haurren arloko txostenak eta azterlanak koordinatzea.

Kategoria honetarako ezarritako lansariak erakundearen aurrekontuan zehaztuta daude; Arartekoaren web orrian kontsulta daitezke: www.ararteko.eus

Bigarrena.– Betekizunak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen, interesdunek Zuzenbidean lizentziaturako edo graduko unibertsitate-titulua izan beharko dute, eta gutxienez bi urteko lan-eskarmentua dutela egiaztatu beharko dute iragarritako lanposturako ezarri den espezializazioaren antzeko zereginetan.

Era berean, euskaran gutxienik Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 maila dutela egiaztatu beharko dute.

Hirugarrena.– Merezimenduak.

Merezimenduak frogen bitartez egiaztatu beharko dituzte parte-hartzaileek. Oro har, merezimendu hauek hartuko dira kontuan:

1.– Titulu akademikoak.

2.– Administrazioan egindako ibilbidea: zer lanpostu bete dituzten administrazio publikoetan.

3.– Haur eta nerabeen arloan egindako lanbide jarduera.

4.– Prestakuntza-ikastaroak.

5.– Europar Batasuneko beste hizkuntza ofizial batzuk jakitea.

Balorazio Batzordeak zenbait irizpide ezarriko ditu merezimendu horiek baloratzeko. Bai aurrez izandako eskarmentuarekin, bai prestakuntzarekin lotutako merezimenduek zerikusia izan beharko dute haur eta nerabeen arloan bete beharreko eginkizunekin.

Laugarrena.– Eskabideak.

Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak, ebazpen honekin batera erantsitako ereduaren arabera, Arartekoaren erregistroan aurkeztuko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16. artikuluan xedatutako moduan, 15 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Parte hartzeko eskaerari honako hauek erantsiko zaizkio:

1.– NANaren fotokopia edo, bestela, atzerritarraren identifikazio zenbakiarena, pasaportearena edo agiri baliokidearena.

2.– Prozesuan parte hartzeko aukera ematen duen unibertsitate-tituluaren fotokopia.

3.– Eskarmentua eta euskararen ezagutza egiaztatzen duten agiriak, bigarren oinarrian eskatutakoak.

4.– Curriculum-memoria; bertan adieraziko dira egokitzat jotzen diren inguruabar eta kontu guztiak, batik bat adierazitako merezimenduak.

Bosgarrena.– Balorazio Batzordea.

Arartekoak izendatuko du hautapen-prozesuko Balorazio Batzordea, eta honako kide hauek izango ditu:

Batzordeburua:

– Arartekoaren ondokoa.

Batzordekideak:

– Idazkari nagusia.

– Haur eta Nerabeentzako Bulegoko arduraduna.

– Haur eta nerabeentzako politika publikoen arloan ospe handia duen pertsona bat.

– Haur eta nerabeen arloan behar bezala egiaztatutako eskarmentua duen administrazio publikoko ordezkari bat.

Batzordeak idazkari-lanak egingo dituen kide bat izendatuko du batzordekideen artean.

Arartekoak, hala badagokio, ordezko batzordekideak izendatuko ditu, eta horiek titularrak ordezkatuko dituzte, baldin eta haiek arrazoi bidez zeregin horri uko egiten badiote, edo eginkizun hori betetzerik ez badaukate.

Batzordekide gehienak bertan ez badaude, ezingo da batzordea osatu, ezta jardun ere. Berdinketarik badago, batzordeburuak izango du kalitateko botoa.

Seigarrena.– Hautapen-prozesua.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Balorazio Batzordeak erabakiko du eskatzaileak hautapen-prozedurako onartu ala baztertuko dituen.

Arartekoaren webgunean (www.ararteko.eus) argitaratuko da onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko erabakia, baita prozedura honi buruz ondoren egiten diren komunikazio guztiak ere.

Argitaratzen diren jakinarazpen orotan, NANaren, atzerritarraren identifikazio zenbakiaren, pasaportearen edo agiri baliokidearen zenbaki osoa bakarrik erabiliko da interesdunak identifikatzeko.

Hasieran baztertutako eskatzaileek hamar egun baliodun izango dituzte balizko zuzenketak edo alegazioak egiteko.

Ondoren, Balorazio Batzordeak erabakiko du eskatzaileak behin betiko onartu ala baztertu, eta lehen hautaketa egingo du, hautagai bakoitzak egiaztatutako merezimenduak baloratuz.

Balorazio Batzordeak hautagai guztiei edo haietako batzuei deitu ahal izango die banakako elkarrizketak egiteko, eta, hala, hautagaien ezagupenetatik eta lan-eskarmentutik, lanpostuko eginkizunak betetzeko zer gaitasun dituzten ondorioztatu ahal izateko. Elkarrizketa horietan, beharrezkotzat jotzen bada, berariazko proba idatzi bat egin dadin eskatu ahal izango da, bete beharreko lanarekin lotutakoa.

Merezimenduak baloratu eta, hala badagokio, banakako elkarrizketak eta probak egin ondoren, Balorazio Batzordeak arartekoari proposamena egingo dio, eta hurrenkeran adieraziko ditu iragarri den lanpostua betetzeko egokientzat jotzen dituen pertsonak.

Baldintza egokiak betetzen dituen hautagairik ez dagoela irizten bazaio, lanpostua bete gabetzat jo dadin proposatu ahal izango du Balorazio Batzordeak.

Zazpigarrena.– Izendapena.

Balorazio Batzordeak proposatutako pertsonetatik, arartekoak libreki izendatuko du hautatutako pertsona.

Hilabeteko epean hasi beharko du lanean iragarritako lanpostuan, deialdi hau ebatziko duen Arartekoaren erabakia jakinarazten zaion egunetik aurrera.

Izendatutako pertsona behin-behineko langilea izango da, eta Langileen Estatutuan eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoan Eusko Legebiltzarreko behin-behineko langileentzat ezarritako araubidea ezarriko zaio.

Berehala lanpostua utzi beharko du Eusko Legebiltzarrak izendatutako ararteko berriak kargua hartzen duenean.

Arartekoaren zerbitzura funtzionario bat hasten bada lanean, zerbitzu bereziko egoeran geratuko da bere jatorrizko administrazioari dagokionez.

Zortzigarrena.– Datu pertsonalak.

Parte-hartzaileek ematen dituzten datu pertsonalak beraien hautagaitza iragarritako hautapen-prozeduran sartzeko bakarrik erabiliko dira.

Datuak helburu jakin baterako biltzen dira; horregatik, helburu hori betetzeko behar den denboran gordeko dira, baita xede horren eta datuen tratamenduaren ondorioz sor daitezkeen erantzukizunak argitzeko ere. Gainera, artxibategiei eta dokumentazioari buruzko araudian ezarritako epeetan gordeko dira.

Interesdunek informazio gehigarria eskatu ahal izango dute, eta, kasuaren arabera, datuak ikusi, zuzendu edo ezerezteko eskubidea baliatu ahal izango dute, edo datuak tratatzeari aurka egiteko, tratamendua mugatzeko edo datuak transferitzeko eskubidea, Datuak Babesteko ordezkariari helbide honetara idazki bat bidaliz: lopd@ararteko.eus

Orobat, Datuak Babesteko Euskal Bulegora jo ahal izango dute, beraien datuak babes ditzaten eskatu nahi badute.

Eranskinean agertzen den parte hartzeko eskabidea sinatzen badute, parte-hartzaileek espresuki eta argiro baimena emango diote Arartekoari beraien curriculumari buruzko datu pertsonalak tratatzeko, lehen aipaturiko helburua lortzeko asmoz.

Bederatzigarrena.– Inpugnazioak.

Balorazio Batzordearen ebazpenei Ararteko erakundean aurka egin ahal izango zaie, hamar egun balioduneko epean, horiek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 16a.

Arartekoa,

MANUEL LEZERTUA RODRÍGUEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala