Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 2021eko martxoaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1743

AGINDUA, 2021eko martxoaren 15ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Kontratazio Mahaiaren osaera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzen duen uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 6. artikuluak hau jasotzen du: «Administrazio Orokorrean, hura osatzen duten sailen titularrak izango dira kontratazio-organoak; eta erakunde autonomoetan eta Administrazio Orokorrean ez beste erakundeetan, berriz, ordezkaritza nagusia duten organoak, salbu eta besterik xedatzen ez bada egitura organiko eta funtzionalari buruzko dekretuetan, edo erakunde horiek sortzeko edo haien funtzionamendua zehazteko arauetan».

Halaber, aipatutako dekretuaren 8. artikuluaren lehenengo apartatuak hau ezartzen du: «Prozedura irekietan, mugatuetan eta prozedura negoziatu publizitatedunetan, kontratatzeko eskumena kontratazio-batzorde batena denean izan ezik, kontratazio-organoek kontratazio-mahai baten laguntza izango dute, eta mahai horren eskumena izango da eskaintzen balorazioa egitea. Lizitazioaren berri iragarki bidez eman beharrik ez duten prozedura negoziatuetan, kontratazio-mahaia eratu edo ez aukeran izango du kontratazio-organoak».

Bestalde, uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 8. artikuluaren 3. apartatuko bigarren paragrafoan xedatutakoaren arabera, kontratazio-mahaiko kideak behin betiko izendatzen badira, kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularraren eta kasuan kasuko sailaren titularraren edo erakundea atxikita dagoen sailaren titularraren baterako agindu bidez eratuko da kontratazio-mahaia, eta agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena– aldatu egin du lehen aipatutako Administrazioaren sail-egitura, eta horren barruan dago jasota Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila, irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 13. artikuluan zehaztutako egiteko eta jardun-arloak dituela.

Irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarriak zehazten duenez, aipatutako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila desagertutako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko organo eta unitateek osatuko dute, Enplegu eta Gazteria Sailburuordetzako organo eta unitateek izan ezik, Gazteria Zuzendaritzaren salbuespenarekin. Horrez gain, xedapen horrek ezartzen duenez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailean sartzen dira desagertutako Lan eta Justizia Saileko Justizia Sailburuordetzako organoak eta unitateak, bai eta Lehendakaritzaren aurreko egiturako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiko organoak eta unitateak ere.

Aurretik adierazitako guztiagatik, irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak zehaztutako antolaketa-araubide berriaren ondorioz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sail berriaren kontratazio-organoei beren eskumeneko gaietan lagunduko dien kontratazio-mahaiaren osaera ezarri behar da, sail horri dagokion egitura organiko eta funtzionalaren erregulazioan zehaztutakoaren arabera.

Horiek horrela, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak txostena egin ondoren, honako hau

XEDATZEN DUGU:

Artikulu bakarra.– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren kontratazio-mahaia.

1.– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren kontratazio-organoek kontratazio-mahai baten laguntza edukiko dute kontratuak adjudikatzeko prozedura irekietan, mugatuetan eta prozedura negoziatu publizitatedunetan. Mahai horren egitekoak izango dira uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzekoak, 9. artikuluan ezartzen dituenak.

2.– Mahai horretako kideak kontratazio-organoak izendatuko ditu, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkaria izan ezik. Hauek izango dira mahai horretako kideak:

a) Mahaiburua: Saileko Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketako Arloko arduraduna. Zenbait kasutan (lanpostua hutsik egotea, absentzia, gaixotasuna edo legezko beste edozein kausa), saileko aholkularitza juridikoaren arduradunak ordeztuko du.

b) Bokalak:

– Kontratazioa sustatzen duen saileko zuzendaritzaren ordezkari bat. Pertsona horrek aholkularitza teknikoa emango dio kontratazio-organoari.

– Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkari bat, erakunde horren titularrak izendatua.

– Informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) arloko zuzendaritza eskudunaren ordezkari bat, dekretu honetan aurreikusitako kasuetan: 36/2020 Dekretua, martxoaren 10ekoa, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak kudeatzeko eredua.

c) Idazkaria-Bokala-Aholkulari juridikoa: Zuzenbidean graduduna edo lizentziaduna den pertsona bat, Zerbitzu Zuzendaritzako Kontratazio Zerbitzuari atxikia. Kontratazio-organoari aholkularitza juridikoa emango dio, eta kontratazio-mahaiko idazkari-lanak egingo ditu. Hitza eta botoa izango ditu.

3.– Aukeran, kontratazio-organoak eskatuz gero, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako ordezkari bat ere izango da artikulu honetan eratutako kontratazio-mahaian. Kide hori ere kontratazio-organoak izendatuko du, Ondare eta Kontratazioko zuzendariak proposatuta.

4.– Aurreko apartatuen arabera eratutako kontratazio-mahaiak eskumena izango du, halaber, beste zenbait adjudikazio-prozeduratan esku hartzeko, nahiz eta halakoetan kide anitzeko organo horien esku-hartzea nahitaezkoa ez izan, baldin eta dagokion kontratazio-organoak hala erabakitzen badu.

5.– Kontratazio-mahaiaren osaera eta kideen identifikazioa kontratu bakoitzaren administrazio-klausula partikularren agirietan jasoko dira, eta haien berri jakinaraziko da kasuan kasuko kontratazio-organoaren kontratatzailearen profilean.

6.– Kontratazio-mahaiko kideak izendatzerakoan, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan nahikoa gaitasun edukitzea, eta gizonen eta emakumeen arteko oreka bilatuko da.

Kontratazio-mahaiko kideek hizkuntza ofizialetako edozeinetan hitz egin ahal izango dute beren eginkizunak betetzean. Euskararen normalizaziorako bidean aurrera egiteko, eta kontratazio-mahaiak hala erabakitzen badu, deialdiak, aktak, ziurtagiriak eta gainerako testu idatziak euskaraz egin ahal izango dira. Edonola ere, bermatu egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da agindu hau: Agindua, 2017ko apirilaren 24koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, zeinaren bidez izendatzen baitira Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko kontratazio-mahaiko kideak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 15a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala