Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2021eko martxoaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1684

EBAZPENA, 2021eko otsailaren 22koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Bilboko Basurtuko ospitalean UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea antolatzeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (HAPB) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.

AURREKARIAK

2020ko azaroaren 18an, Bilboko Udalak eskabidea osatu zuen ingurumen-organoaren aurrean, Bilboko Basurtuko ospitalean UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea antolatzeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (HAPB) ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko abenduaren 2an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Bilboko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.

Bilboko Basurtuko ospitalean UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea antolatzeko Hiri Antolamenduko Plan Berezia, aurrerantzean HAPB, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: Lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bilboko Basurtuko Ospitaleko UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea antolatzeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (HAPB) ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian adierazten diren baldintzetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Honako hauek dira UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Hiri Antolamenduko Plan Bereziak dituen helburuak:

– Esparruaren antolamendu xehatua ezartzea, honako hauek zehazten direla: erabilera berriak (Fakultate berrirako irakaskuntza-ekipamendua, Ospitalea handitzeko osasun-ekipamendua, espazio libreak eta berdeguneak, bideak...), eraikin berrien lerrokatzeak, sestrak eta bolumetriak; bai eta lehendik dauden zenbait eraikin finkatzea ere.

– Esparruaren ipar-ekialderantz espazio publiko berri bat irekitzea, Fakultate berriaren eta Basurtuko Ospitalearen arteko topagune-atari izan dadin.

– Eraikin berriak antolatzea, Basurtuko Ospitalea osatzen duen multzo monumentalarekin bat etor daitezen, hura nabarmendu eta balioesten dutela. Proposamenak fatxada berri bat emango dio Ospitaleari iparralderantz, eraikin berriak tarteko direla.

– Eraikin berri bat antolatzea Ospitalearen ipar-mendebaldeko muturrean kokatutako energia sortzeko planta dagoen tokian, etorkizunean planta handitu ahal izateko, hain zuzen ere, energia elektrikoa, beroa eta hotza, eman diezaien bai handitu nahi den Ospitaleari eta bai fakultate berriari.

Laburbilduz, Plan Berezirako esparru bat zedarritzea proposatzen da, honako hauek barnean hartuko dituena: Fakultate berria ezartzeko lurzorua, Basurtuko ospitalearen handitzea –osasungintzarako erabiliko diren eraikin berriak barne– eta ospitaleko energia sortzeko planta handitzea.

Proposatutako jarduketen laburpena:

– Eraikuntza berriak ezartzea. Lehendik dauden eraikinak ordeztea eta erietxea inguratzen duen hormaren zati bat eraistea.

– Espazioa berrantolatzea Kaputxino kale aldera, oinezkoentzako ibilbideari segimena emateko.

– Ospitalea eta kogenerazio-planta kokatuta dagoen eraikina handitzea.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar ote duen.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak ez du esparrurik ezartzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin beharko zaien proiektuentzat. HAPBn bertan 49 MW-ra mugatzen du, gehienez, kogenerazio-plantaren potentzia.

b) Planak zer neurritan eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: ingurumen-ikuspegitik, ez da aurkitu aintzat hartzeko moduko bateraezintasunik beste plan edo programa batzuekin.

c) Plana egokia den ingurumen arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu beharreko alderdiak osatzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko irizpideak har ditzan barnean. Ez dakar lurzoru berririk okupatzea, hiri-lurzoruan eragiten baitu. Eraikin berrien eraikuntzak nabarmen lagunduko du energia aurreztera eta energia-efizientzia lortzera bideratutako jardunbideak erabiltzen.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, kulturari, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko legedia txertatzeko –Europakoa nahiz Espainiakoa–.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Ingurumen Dokumentu Estrategikoak aztertutako Planaren eremua erabat urbanizatuta dagoen ingurune batean dago, Basurtu auzoan, izen bereko ospitalearen inguruan. Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) –1995ean onartu zen behin betiko– hiri-lurzoruko Ekipamenduen Sistema Orokor gisa sailkatzen du eremua. HAPOren arabera, esparru horretarako erabilera xehatua ekipamendu publikoa da.

Ez da eremu jarraitua, etenak dituena baizik. Gaur egun, alde batetik, bi aparkaleku eta Medikuntza Fakultatearen eraikina daude bertan (1. azpieremua) eta, bestetik ospitaleko kogenerazio-plantari dagozkion eraikin bat eta beste hainbat instalazio (2. azpieremua).

Jarraian deskribatzen dira eraginpeko ingurunearen ezaugarriak eta baldintzatzaileak:

– Eremu urbanizatua da, azaleraren parte handi batean hainbat eraikuntza ditu, horien artean, eraikinak eta aparkalekuak. Eremuaren ipar-ekialdeko aparkalekuan, hainbat zuhaitz eta zuhaixka apaingarri daude (ereinotzak, aligustreak, sahatsak, magnolioak, etab.), horietako batzuk tamaina handikoak, zein bere esparru eta lorategi-parterretan atonduta.

– Erreferentziako esparruan, ez da topatu ez naturagune babesturik, ez Europar Batasunaren intereseko habitatik, ez ibai-ibilgurik, ez hezegunerik. Espezie babesturik eta Euskadiko korridore ekologikoen sareko elementurik ere ez da hauteman planaren xede den eremuan.

– Eremuan ez da ur-masa handirik, ez-eta ur-ibilgu txikiagorik ere. Ibaizabal ibaia 200 m iparralderago eta HAPBren esparruko kota baino 30 m beherago igarotzen da.

– Esandako esparruan ez dago EAEko lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lursailik.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, hizpide dugun esparruak ez du uholde-arriskurik, Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoko Uholde Arrisku Handiko Eremuen arriskugarritasun- eta arrisku-mapen arabera, betiere EAEko Barne Arroen eremuaren barruan. Bestalde, akuiferoak kutsatzeko arriskua ere apala da.

– Esparrua Bilboko ikuspen-arroaren barruan dago. EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogo Irekiaren Aurreproiektuaren arabera (2005), paisaia-balio oso apala duen arroa da eta, ohikotasunaren ikuspegitik, berriz, oso ohikotzat har daitekeena. Ez dator bat paisaia katalogatuekin.

– Kultura-ondareari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenaren arabera, Basurtuko Ospitalea, esparruarekin mugakide dena, legez babestuta dago Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen abaroan. Urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuan jasota dagoen ondasun kulturala da, zeinak Kultur Ondasun Kalifikatu gisa sailkatzen baitu, EAEtik igarotzen den Donejakue Bidearen pasabidean kokatutako Monumentu Multzoaren kategorian. Monumentu Multzo izendapen horren barruan, Basurtuko Ospitaleak maila ertaineko babesa du, Donejakue Bideari atxikitako ondasun higiezin gisa.

Bestalde, oraindik indarrean dagoen Bilboko HAPOren Babes Katalogoak «C» babes mailako elementu gisa dauka jasota Basurtuko Ospitalea. Hala ere, HAPOren berrikuspena egitean, «A» babes maila proposatu da erietxe horrentzat (kultura-intereseko ondasun deklaratutako eraikinak), eta bertako esku-hartzearen araubidea urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuan ezarritakoari lotu zaio.

Horrenbestez, 2/2012 Dekretuak Donejakue Bideari atxikitako ondasun higiezinentzat ezarritako esku-hartze araubidea aplikatuz, babes bereziko eta ertaineko maila duten kasuan, jarraian adierazten den babes-ingurune hau zehazten da: «Donejakue Bideari atxikitako babes bereziko eta ertaineko ondasunen kasuan, 15 metroko babes-ingurunea ezartzen da, ondasunari berari eta inguruko espazio libreei eragiten diela».

– Eremutik hurbilen dauden zarata-guneak dira A-8 autobidea, hark Basurtuko auzoarekin duen lotunea, Zunzunegi kaletik, eta eremua inguratzen duten tokiko errepideak (Gurtubay, Kaputxinoak, Olabeaga eta Montevideo kaleak).

Aurkeztutako azterlan akustikoaren arabera, esparrua E motako eremu akustikoan dago (batez ere, osasungintza-, irakaskuntza- edo kultura-erabilerako eremu edo sektoreak), eta, egungo agertokian, gainditu egiten dira kanpo-espazioko kalitate akustikoaren helburuak.

Bestalde, Planak antolatzen duen eremua Bilboko Udalak onartutako Babes Akustiko Bereziko Eremu (BABE) baten barruan dago. BABE horretako eremu-planean, zarata murrizteko xedearekin gauzatuko diren hainbat jarduketa ezartzen dira, bai eta eraikinen barruan noiznahi aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak betetzeko behar diren isolamendu-balioak ere.

Gainera, esparrua bat dator, partzialki bada ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren titulartasuneko errepideen zortasun akustikoaren eremuarekin.

Ondorioz, inpaktu esanguratsuenak, hasteko eta behin, eraikin berrien urbanizazio- eta eraikuntza-obren faseari lotutakoak izango dira, hau da, hondakinak sortuko dituzten lanak, eraikinak eraistearen ondoriozkoak, soberakinak sortzearen ondoriozkoak, kultura-ondarea kaltetzeko arriskua, zuhaitz-landaredia kaltetzeko arriskua, ustekabeko isuriak izateko arriskua eta, horien guztien ondorioz, emisio atmosferikoen eta akustikoen ondoriozko eragozpenak, etab. Hori guztia, batez ere, osasungintza- eta bizitegi-erabilera duen hiri-ingurune batean.

Era berean, kontuan eduki behar da zaratak ustiapen-fasean izango duen eragina; izan ere, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez dira beteko kalitate akustikoaren helburuak eraikin berrien kanpoaldean.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Basurtuko ospitalean UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea antolatzeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (HAPB) ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta HAPBn bertan adierazitakoaren arabera.

Besteak beste, kultura-ondarearentzat eragin kaltegarririk egon ez dadin, eta espedientean jasotako txostenen arabera, jarraian adierazten diren gogoeta hauek hartuko dira kontuan:

– Ospitalearen mugen barruan dagoen osasungintza-ekipamenduari dagokion eraikuntza-gorputzari egoki irizten zaio, lerrokatzeei eta eraikuntza-alturari dagokienez. Etorkizuneko eraikuntzak, Ospitalearen harmonia ez ezik, haren hirigintza- eta arkitektura-egitura ere errespetatu beharko ditu, jatorrizko arkitektura bereizi eta nabarmenduz, harekin lehiatu gabe.

– Basurtuko Ospitalearen perimetro-itxitura (horma) ospitale-multzoaren parte da; beraz, babestuta dago eta ezin da eraitsi, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 67/2019 Legean baimendutako kasuetan izan ezik. Bere funtzionaltasuna zaindu eta bermatu behar da, eta trazadura aldatzeko (estuguneetan) edo hutsarte berriak irekitzeko aukera ematen duten aldaketa partzialak egin ahal izango dira, baldin eta 1. azpieremutik ospitalera beste sarbide bat egin behar dela uste bada.

– Xehetasunez definitu beharko dira itxituraren trazadura berrirako erabilitako antolamendua, tratamendua, altura eta materialak; horman hutsarteak ireki behar diren ala ez zehaztuko da.

– Horretarako premia argi eta garbi justifikatzen ez bada, ez da aurrera eramango farmaziaren ondoko horma-zatia kentzeko proposamena.

– Ez zaio nahikoa irizten Kaputxino kalearekiko paraleloan dagoen osasungintza-eraikina bereizten duen itxitura-hormaren gutxieneko distantziari. Osasungintza-ekipamenduko eraikina gehiago bereizi beharko da itxituratik. Teknikoki ezinezkoa baldin bada, eraikina hormatik aldentzea ahalbidetuko duten bereizte-aukerak bilatuko dira.

– 2. azpieremuaren itxitura mantendu egin beharko da, halakorik balego.

– Gomendio gisa, honako hau proposatu da: irakaskuntza-ekipamenduko eraikinaren aldeetako baten altura jaistea, edota Ospitalearen egungo itxituratik 15 metro urruntzea puntu eta solairu guztietan, era horretan ospitale-multzoaren ingurune-balioak arriskuan jartzea eta argiztapen urriko pasabide estuak sortzea saihesteko.

– Era berean, gomendatzen da etorkizuneko eraikuntza-proiektuan beste mekanismo osagarri batzuk ere jaso daitezela, hala nola iragazkortasuna beheko solairuko eraikigarritasuna arintzen laguntzeko, edo material neutroak, kristaldunak, eta abar erabiltzea Ospitalearen perspektiba mantentzeko eta haren arkitektura nabarmentzeko.

Hona hemen HAPBetik eratorritako proiektuak egikaritzeko hartu beharreko beste neurri batzuk:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara eginiko isuriak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, etab. Behar diren neurriak hartuko dira jardueren garapenak eraginik izan ez dezan Planaren eremutik hurbil dauden ibilguetan.

– Kamioiek obran sartzeko edo obratik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira, presiozko ura, erratz-makinak edo, hala badagokio, dekantazio-putzura konektatutako gurpilak garbitzeko gailuak erabiliz.

– Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Gainera, obrako hondakinak birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko –bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea–, jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Bilboko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautematearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

– Aurreikusitako erabilerarekin lotuta, kanpoko kalitate akustikoko helburuak betetzeko behar diren neurriak hartuko dira; Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo da etorkizuneko garapen urbanistikorik garatu kanpo-inguruneko kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren lekuan, hargatik eragotzi gabe aipatutako arauko 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

– Lorategi-jarduketetan, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

– Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

– IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen, 17. lehentasuna, eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta, bereziki, ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan hartu beharko dira «EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren gidan (industria-eraikinak)» jasotako gomendioak. (Eusko Jaurlaritza, 2015), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrietatik sortutako energia kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, eta Ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak zein sustatzaileak planteatutakoak –aurrekoen aurkakoak ez direnak– hartzen badira, ez da aurreikusten Bilboko Basurtuko ospitalean UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea antolatzeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri esanguratsurik eragingo duenik ingurumenean; ondorioz, Plan horrek ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Bilboko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta dagozkion efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Basurtuko Ospitalean UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea antolatzeko Hiri Antolamenduko Plan Berezia (HAPB) onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da HAPBren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 22a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala