Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2021eko martxoaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
1682

109/2021 DEKRETUA, martxoaren 16koa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Energiaren Euskal Erakundeari CADEM Energia eta Meatzeen Aurrezte eta Hazkuntzarako Aztertegia SAren kapital-gehikuntzan parte hartzeko, eta baimena ematen baitzaio Energiaren Euskal Erakundearen titulartasuneko akzioen ordezkariei sozietate horren estatutuen 5. artikulua aldatzeko adostasuna emateko.

CADEM Energia eta Meatzeen Aurrezte eta Hazkuntzarako Aztertegia SA sozietatearen Administrazio Kontseiluak, 2020ko urriaren 7an egindako bileran, erabaki zuen sozietatearen kapitalari 1.304.800,00 euro gehitzeko proposamena egitea akziodun bakarrari.

Energiaren Euskal Erakundearen Zuzendaritza Kontseiluak, 2020ko urriaren 8an, erabaki zuen Energiaren Euskal Erakundeari baimena ematea CADEM SA sozietatearen akziodunen batzarrak erabakitzen duen kapital-gehikuntza osorik izenpetzeko eta Eusko Jaurlaritzak baimendu ondoren ordaintzeko.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera jarriko da indarrean.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

CADEM Energia eta Meatzeen Aurrezte eta Hazkuntzarako Aztertegia SA sozietatearen helburua da energia kontserbatzeko eta aurrezteko eta energia berriak garatzeko arloa aztertzea, sustatzea eta laguntzea, eta xede horiei lotutako jarduerak egitea. Alde horretatik, eginkizun espezifiko hauek dauzka ezarrita:

a) Energia kontserbatzeko eta aurrezteko jarduerak nahiz energiaren kogeneraziokoak egitea.

b) Energia hidroelektrikoa eta, oro har, energia berriztagarriak sortzeko proiektuak sustatzea eta laguntzea. Halaber, mota guztietako hondakinak erabiltzearen alde egingo du, energia sortzeko xedez, non eta ez diren fisio nuklearretik sortuak.

c) Energia berrien garapena aztertzea, eta gisa horretako proiektuetan parte hartzea.

d) Ikerketa teknologikoa sustatzea energiaren arloan zein energiarekin lotutako ekipamendu-ondasunen eta industria-zerbitzuen arloan.

e) Meatokien eta bestelako baliabide geologikoen gaineko ikerketa eta aprobetxamendua sustatzea.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko martxoaren 16an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea Energiaren Euskal Erakundeari CADEM Energia eta Meatzeen Aurrezte eta Hazkuntzarako Aztertegia SA sozietatearen kapital-gehikuntza harpidetzeko, milioi bat hirurehun eta lau mila eta zortziehun (1.304.800,00) euroko guztizko zenbatekoarekin, hau da, gehikuntza horren % 100. Eragiketa horren ostean, % 100koa izango da Energiaren Euskal Erakundearen partaidetza.

2. artikulua.– Baimena ematen zaie Energiaren Euskal Erakundearen titulartasunekoak diren akzioen ordezkariei kapital-gehikuntzaren ondorioz CADEM Energia eta Meatzeen Aurrezte eta Hazkuntzarako Aztertegia SA sozietatearen estatutuen 5. artikuluaren aldaketa onartzeko, eta honela idatzita geratzen da:

«Sozietatearen kapitala milioi bat bederatziehun eta lau mila eta zortziehun (1.904.800,00) eurokoa izango da.

Kapital hori 4.762 akzio arrunt eta izendunek osatzen dute, zeinek laurehuna (400) euroko balioa baitute eta 1etik 4762ra korrelatiboki zenbakituta baitaude, biak barnean direla. Akzio horiek guztiz harpidetuta eta ordainduta daude.»

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko martxoaren 16an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala