Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2021eko martxoaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
1474

AGINDUA, 2021eko martxoaren 2koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez bigarrenez aldatzen baita 2020ko uztailaren 28ko Agindua, «Euskadi Turismo Bono» programa 2020rako arautu eta iragarri zuena, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-, jatetxe- eta ostalaritza-sektoreetako establezimenduetan kontsumoa sustatzeko.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak COVID-19 pandemiak eragindako osasun-krisiaren testuinguruan turismo-, jatetxe- eta ostalaritza-sektoreak berraktibatzeko eta dinamizatzeko hasitako estrategiaren barruan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2020ko uztailaren 28ko Aginduaren bidez, laguntza-programa berri bat onartu zen, «Euskadi Turismo Bono» izenekoa, sektore horiek jasandako galera ekonomikoa arintzeko (2020ko urriaren 5eko EHAA, 196. zk.)

Laguntza-lerro berriaren helburua zen Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-, jatetxe- eta ostalaritza-sektoreetako establezimenduetan kontsumoa sustatzeko eta pizteko jarduera bat bideratzea, ostatuetan, jatetxeetan, ostalaritzan eta turismo-jardueretan deskontuak izateko bonuak jaulkita.

Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek, EAEko hiru hiriburuetako udalek eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak Jarduteko Protokolo Orokorra izan zen elementu gakoa ekimen horren formulazioan eta konfigurazioan. Protokolo horrek islatu zuen erakundeek estrategia bateratu eta sinkronizatu bat bultzatzeko duten borondatea, osasun-krisiaren aurretik turismo-, jatetxe- eta ostalaritza-sektoreetan lortutako kontsumo- eta eskaera-mailak berreskuratzeko.

2020ko urriaren 25ean deklaratu zen alarma-egoera Espainiako lurralde osoan, eta, horren ondorioz, gehieneko edukiera, distantzia fisikoa, gehieneko pertsona-multzoa, ixteko eta irekitzeko ordutegiak murrizteko neurriak hartu ziren autonomia-erkidegoan. Horrek guztiak eragin nabarmena izan zuen dirulaguntzen programa garatzeko beharrezko normaltasun-baldintzetan.

Ondorioz, erakunde bultzatzaileek erabaki zuten hasiera atzeratzea eta araua aldatzeko eskatzea, atxikitzeko epea eta programaren indarraldia luzatuz. Aldaketa hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2020ko azaroaren 3ko Aginduan gauzatu zen, zeinaren bidez idazketa berria eman baitzitzaien 11.1 eta 14.2 artikuluei (2020ko azaroaren 5eko EHAA, 219. zk.).

Geroago, eta Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-egoera larriagotu zela ikusita, gogortu egin ziren ezarritako murrizketak, eta beste neurri mugatzaile batzuk agindu ziren, programa martxan jartzea eragotzi zutenak.

Hain zuzen ere, zenbait murriztapenek, hala nola ostalaritzaren itxierak, udalerrien araberako perimetro-itxierek, pertsonen mugikortasunaren mugek, turismo-establezimenduetan edukiera murrizteak, sukaldaritza- eta ostalaritza-zerbitzuak emateko ordutegietan edo turismo-jardueretako pertsona-taldeetan, nabarmen baldintzatu dute «Euskadi Turismo Bono» programa arrakastaz garatzeko beharrezkoa den gizartearen eta ekonomiaren ohiko testuingurura iristeko aukera.

Bestalde, eta aipatutako murrizketek sortutako ziurgabetasun-egoeraren ondorioz, dirulaguntzen programara atxiki ziren turismoko, sukaldaritzako eta ostalaritzako enpresa eta establezimenduen kopurua ez zen aurreikusitako zenbatekoetara iritsi.

Une honetan, eta kontuan hartuta osasun-egoeraren hobekuntza hasiberria dela eta oporraldiak hurbil daudela, programari eusteko erabakia hartu dute programaren erakunde-sustatzaileek elkarrekin, eta eskatu dute establezimenduen atxikipen-epeak eta deskontu-bonuen baliozkotasun-epeak luzatzeko, baliabide publikoen kudeaketa eraginkorra eta ahalegin partekatuak eragin handiagoa izatea erdiesteko turismo-, jatetxe- eta ostalaritza-sektoreen berraktibazioan, kontsumorako pizgarrien bidez eta lurralde guztietako fluxuak sortuta.

Ondorioz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2020ko uztailaren 28ko Agindua bigarrenez aldatu behar da, bi helbururekin: batetik, 2021eko abenduaren 31ra arte luzatzea kontsumitzaileek establezimendu eta enpresa atxikietan deskontu-bonuak erabiltzeko eta trukatzeko epea; eta, bestetik, 15 egun naturaleko epe berri bat ezartzea establezimenduak eta enpresak dirulaguntzen programari atxikitzeko, aldaketa hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bat etorriz EAEko Administrazioaren egungo egiturarekin, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 15.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari dagozkio turismo-arloko eskuduntzak.

Bat etorriz Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.2 artikuluan xedatutakoarekin (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategin hori), Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak du laguntza-programa hau ahalmena, eta, beraz, honen aldaketak onartzekoa.

Honako hau,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuaren 2020ko uztailaren 28ko Aginduaren 14. artikuluko («Laguntzen indarraldia») 2. paragrafoa aldatzea; agindu horren bidez arautu eta iragarri zen 2020rako «Euskadi Turismo Bonua» programa, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-, sukaldaritza- eta ostalaritza-sektoreetako establezimenduetan kontsumoa sustatzekoa.

Idazkera berria ematen zaio 14. artikuluaren 2. paragrafoari, eta honela geratzen da:

«14. artikulua.– Laguntzen indarraldia.

2.– Dirulaguntzen programa honek argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ondorio guztietarako, eta 2021eko abenduaren 31n amaituko da.»

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Dirulaguntzen programari atxikitzeko epe berria.

Honen bidez, 15 egun naturaleko epea irekitzen da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, establezimenduak eta enpresak «Euskadi Turismo Bono» dirulaguntza programari atxiki ahal izan daitezen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 2a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.


Azterketa dokumentala