Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2021eko otsailaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1092

EBAZPENA, 2021eko otsailaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ibarbide bat egokitzeko proiektuari dagokion ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzen baita, Irungo Muxikaberri baserriko lurzatiaren ustiapena optimizatzeko (Ventas auzoko 85. zenbakia).

AURREKARIAK

2020ko abenduaren 2an, Irungo Udalak ibarbide bat egokitzeko proiektuari zegokion ingurumen-inpaktuaren txostena eskuratzeko eskaera egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Irungo Ventas auzoko 85. zenbakian dagoen Muxikaberri baserriko lurzatiaren ustiapena optimizatzeko. Eskaera hori ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan egina da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten moduan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei 2020ko abenduaren 17an, interesgarria izan zitekeen informazioa biltzeko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar den ala ez zehazteko, eta, prozedura hori aplikatzea beharrezkotzat joz gero, haien iritzia jasotzeko, ingurumen-inpaktuaren azterketak izan beharko lukeen hedadura, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila zehazte aldera. Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, txostenak jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste irizpen-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko baita, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, besteak beste, 21/2013 Legearen II. eranskinean biltzen diren proiektuei. Ibarbide bat betelan bidez egokitzeko proiektua –ondoren ustiatu ahal izateko– abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldeko («Beste proiektu batzuk») c) epigrafean dago jasota: «Ibaietatik, lurretik edo itsasotik erauzitako materialak isurtzeko edo jalkitzeko lurreko instalazioak, I. eranskinean sartuta ez daudenak, hektarea bat baino gehiagoko azalera hartzen badute». Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio proiektu horri. Prozedura horretan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsurik izan dezakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen zehazteko, edota, bestela, proiektua zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Aztertu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ibarbide bat egokitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, Irungo Ventas auzoko 85. zenbakian dagoen Muxikaberri baserriko lurzatiaren ustiapena optimizatzeko proiektuari dagokionez, irizpide hauei jarraikiz:

A) Proiektuaren xedea da betelan bat egitea sobera dauden harri eta lurrekin. Lurzatiaren jabeak egingo du betelan hori, eremu horretan izango den ustiapena optimizatzeko.

B) Aipaturiko lurren betelan-proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1) Proiektuaren ezaugarriak.

Betelana ondoren zehazten diren material hauekin bakarrik egingo da –ez dira izango kutsadura sortzen duten jardueretatik sortuak, eta ezingo dira isuri % 65etik gorako hezetasuna badute–:

– Hondeaketetan, lur-erauzketetan, lur-mugimenduetan eta abarretan ateratako lurrak.

– Arrokak, lehenago aipatutako prozesuetatik erauziak.

Betelan horretan, berariaz eta erabat debekaturik dago zerrendan jasotakoak ez diren beste material batzuk pilatzea; halaber, lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalaziorik ez duten edo izan ez duten lursailetatik etorri beharko dute materialok, eta jatorri naturalekoak izan.

Betelanak eragindako azalera 14.900 m2 inguru da, eta neurri orokorrak 215 m luze eta 87 m zabal dira batez beste. Materialak hartzeko guztizko edukierari dagokionez, 48.831,44 m3 inguru zenbatesten da. Altimetriari dagokionez, +20,00ko kota ageri du parterik baxuenean eta +47,00koa parterik garaienean.

Proiektuak soberakinen biltegiak eteniko arekaren jariatzea aztertzen du, eta diseinu-emariak zenbatesten ditu, barruti berriaren drainatze-azpiegitura nagusiak dimentsionatzeko; hau da, areka perimetralak eta ibarbidearen hondorako drainadura-zanga.

Berez ibilguak eteten ez dituen arren, ibarbidearen hondoan jariatze-ura hautematen da han-hemenka, eta, beraz, hondoko zanga bat proposatzen da, betelan berriaren azpiko emarien kontzentrazio-puntu gisa. Irteeran, solidoak atxikitzeko hesi bat sortuko da, geotestilez estalitako harri-lubetazko harriekin egina, urak zeharka geldiaraziko dituen presa bat sortzeko; hartara, solidoak dekantazio bidez jalkitzen lagunduko da, eta, horretaz gainera, bermatuko da geotestilak emari osoa iragazten duela.

Areka perimetralak egingo dira betelanaren ertz banatan, beheko punturaino edo betelanaren oineraino. Betelanaren ibarbidearen hondoan, 400 mm-ko diametroa duen hormigoizko hodiz osaturiko drain bat ipiniko da, 10 cm-ko juntura irekiekin eta material iragazlez inguraturik; hormigoizko hodi nagusiaren alde banatan 160 mm-ko diametroa duen drain artekatu bat ipiniko da, multzo osoa geotestilezko xafla batez inguratuta.

Barreneko draina egungo ibarrean kokatuko da, goiko aldean dagoen jariatze-ura pasatzeko kutxatilarekin konektatuz eta iturburuko urak beherago jasoz. Areka perimetralak eta barreneko draina ibaian behera bidean dagoen zeharkako hodiari lotuko zaizkio.

Betelan-lekura sartzeko, ez dago jarduketa espezifikorik egin beharrik; izan ere, badaude ibilgailuentzat prestatutako bideak, bai betelanaren iparraldean, goiko aldetik (gutxienez 3 m-ko zabalera duen hormigoizko bidea), bai hegoaldean, beheko aldetik (4 m inguruko zabalerako sarbidea, irteerarik gabea, betelanaren barrenean amaitzen dena).

Horretaz gainera, betelanak aldi baterako kontrol-etxola bat izango du sarrera-eremuan, zeina obra-bukaerako dokumentazioa aurkezten denean erretiratuko baita; era berean, gurpilak garbitzeko instalazio bat ere izango du.

Jarduketa-eremuko lursailen okupazioa eta inpaktuak ahalik eta txikienak izan daitezen, lursailen zuinketa ere egingo da, eta behin-behinean seinaleztatuko dira mugak; hartara, makineriaren jarduera-zerrenda mugatuko da, eta makina horiek eremuaren barrualdean baino ezingo dute zirkulatu.

Obrak erabat amaitzeko bost hilabete eta erdiko epea aurreikusten da, zuinketa-akta sinatzen denetik aurrera zenbatzen hasita.

Sustatzaileak proposatu du leheneratze-proiektu bat egitea. Egitasmo horretan, espezie inbaditzaileak erretiratzeko eta eremua basoberritzeko jarduketak aurreikusten dira (haltza kantauriarrak eta baso mistoa) 3.550 m2-ko azaleran, betelana dagoen katastro-lurzatiaren barruan. Azalera hori ezabatutako baso-azaleraren bikoitza da.

2) Proiektuaren kokapena.

Proiektatutako betelana Irunen dago, Ventas auzoaren eta GI-636 errepidearen iparraldean; zehazki, Zabaletako Gainean.

Landa-eremua da, eta, gaur egun, baserriak daude bertan, erliebe leunean larreak eta zuhaitzak sakabanaturik direla. Akuiferoen pitzadurak eta kalteberatasunak eragindako iragazkortasun oso apala du batez beste. Higaezintzat hartzen da esparru osoa.

Betelana ibarbide txiki batean dago, 0,028 km2-ko drainatze-arroarekin; beraz, eremu horretako plubiometria gorabehera, urria da barrenean bilduriko jariatze-emaria.

Gai hidrologikoetako agintaritzaren arabera, ezin da pentsatu betelanak eragindako ibarbidetik ibilgu publiko bat igarotzen denik, eta ez dago legezkotutako ur-aprobetxamendurik, nahiz eta gaur egun erabiltzen ez den iturburu bat dagoen.

Katastroko lurzatiaren azalera gehiena eta betelanaren azaleraren % 68,5 Batasunaren intereseko habitata da: «Altitude baxuetako sega-belardi elkorrak» (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis) (UE 6510 kodea). Lurzatiko gune lauenetatik zabaltzen da.

Era berean, «Hostozabalen baso mistoa» landaredi-unitateari dagokionez, malda handieneko eremuetara mugaturik dago, bai betelanak hartuko duen ibarbidearen hondoan, bai katastro-lurzatiaren mendebaldeko mugan. Betelanak hartzen duen eremuan, lizarrez eta sahatsez gainera, hiru haritz kandudun ageri dira (Quercus robur), tamaina handikoak, eta unitate horretako 1.712 m2-ko azaleraren % 30 hartzen dute gutxi gorabehera; gainera, Platanus hispanica espezie inbaditzailearen hiru ale ere detektatu dira, eta hegoaldeko muturrean, berriz, tximeleta-zuhaitzak (Buddleja davii).

Eremuaren barruan, ez da hauteman Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan bildutako espezie babesturik, ez eta zuhaitz apartekorik ere. Azterketa-eremua ez dago faunarentzat interesgarriak diren udalerriko eremuen barruan, eta, orobat, ez dago naturagune babestu batean. Era berean, proiektuaren jarduketa-eremuan ez da identifikatzen ondare arkeologikoaren elementurik, ez eta ondare arkitektonikorik ere, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren arabera. Horretaz gainera, ez dago Irungo HAPOan katalogatutako elementurik ere.

3) Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.

Kamioiek kokalekuraino egin behar dituzten joan-etorriek eragingo dute inpaktu handiena; eta, kokalekuan bertan, makina astunen joan-etorriek (hondoko drainak, perimetroko kanalak eta eusteko harri-lubetak eraikitzeko) eta betelanaren beraren eraketak. Jarduketa horiek ondorioak izango dituzte giza habitataren kalitatean eta sosegu publikoan, sortutako hautsagatik, zaratagatik eta bibrazioengatik.

Inpaktu akustikoaren azterketaren ondorioekin bat, eta kontuan harturik bizitegi-eraikinek proiektuaren jarduketaren inguruan dituzten fatxadak, ez dira gaindituko kanpoko inguruneko kalitate akustikoaren muga-helburuak, aurreikusitako ebaluazio-aldi bakar batean ere.

Paisaian eta hondakin arriskutsuen sorreran izandako eraginak ere hauteman dira, eta neurri zehatzak proposatzen dira horietarako.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, neurri babesle eta zuzentzaile batzuk ezartzen dira, proiektuak ez dezan izan ondorio kaltegarri nabarmenik ingurumenean eta ez dadin beharrezkoa izan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea ibarbide bat egokitzeko proiektu honetan –ondoren Irungo Muxikaberri baserriko lurzatiaren ustiapena optimizatzeko (Ventas auzoko 85. zenbakia)–, betiere ondoren ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira aipaturiko proiektuan.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ebazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko behar beste neurri eta kontrolerako langile ipiniko dira.

Obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira neurri horiek guztiak, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere gaineratu beharko da. Era berean, obretako jardunbide egokiak ezarri beharko dira.

Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak.

– Betelanean onartuko diren material bakarrak indusketetako lurzoru naturaleko lurrak eta haitzak izango dira, eta ez da bestelako materialik onartuko, honako dekretu hauetan xedatutakoaren arabera: 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena; eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena arautzen duena.

– Obrak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira, bai eta lursaila okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak ere. Aipatutako eremutik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak.

– Adierazitako eremutik kanpo ustekabean eraginik gertatuz gero, zuzentze- eta leheneratze-neurri egokienak aplikatuko dira.

– Obrak egiten diren bitartean, jardunbide egokien eskuliburuan ezarritakoa aplikatuko da.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

– Dekantazio-baltsa bat ezarri behar bada, baltsa horrek martxan egon beharko du proiektuaren fase guztietan. Sarrera bat atonduko da, aldizkako garbiketa-lanak egin ahal izateko.

– Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira.

– Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak horretarako egokituko den gunean egingo dira, lurrean olioak edo erregaiak ez isurtzeko moduan.

– Ahalik eta material xehe gutxien isuriko da ibarbidearen hondotik doan drainatze-sarera. Horretarako, egokiro tratatu beharko dira errepideetatik, sarbide-pistetatik, garbiketarako ureztatzeetatik eta gurpilak garbitzekoak gainezka egiteagatik sor daitezkeen jariatze-urak, eta debekatuta egongo da ibilgu publikora zuzenean isurtzea. Gurpilak garbitzeko sistemak ur guztia berreskuratzeko sistema bat izan behar du.

– Ezin izango da lurrazaleko edo lur azpiko urik bildu, horretarako administrazio-emakida izan ezean.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Errespetatu egin beharko da zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuko guneetako landaredi naturala. Balizatu egingo dira eremuok, obren eraginik nozi ez dezaten.

– Proposatutako drainatze perimetralaren ohiko mantentze-lanak egingo dira, ornodun txikiak igaro ahal izatea ziurtatzeko.

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak leheneratzeko neurriak.

– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira paisaia integratzeko lanak.

– Lur-mugimenduek iraun bitartean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, betiere ukitutako eremuen leheneratzea eta landareztatzea errazte aldera.

– Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduketak behar bezala betetzen direla bermatzeko. Aurrekontuak barnean hartuko du partida bat, bideratuta egongo dena hutsarteak betetzera eta landareak behin betiko errotzea lortzeko beharrezkoak diren mantentze-lanak egitera.

– Landare-espezie exotiko inbaditzaileak sartu eta hedatzea hauteman eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira. Jarduteko eremuan halako espezierik badago, desagerrarazteko ahaleginak egingo dira. Bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia leheneratzeko erabiliko diren lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon daitekeen lurrik.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

Nahiz eta proiektuaren inpaktu akustikoaren azterketak zehazten duen ez dela beharrezkoa neurri zuzentzaileak hartzea, honako hauek hartuko dira kontuan:

– Egikaritze-fasean, neurriak hartu beharko dira honako hauen inguruan: obrako makinen mantentze-lan orokorrak, zarata eta bibrazioak sorburuan murriztea, makinen mugimenduak eragindako zarata gutxitzea, obretan erabilitako tresnek egiten duten zarata kontrolatzea, eta abar.

– Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (errege-dekretu horrek Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen du, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez), obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu beharko dira aire zabalean erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen legedian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora (212/2002 Errege Dekretuaren bidez, aire zabalean erabiltzeko makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dira).

Hondakinak kudeatzeko neurriak:

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.

– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Ekoizpena eta Kudeaketa arautzeko dena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Ekoizpena eta Kudeaketa arautzeko dena.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Olio Industrial Erabilien Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Airearen kutsadura murrizteko neurriak.

– Airearen kutsadurari dagokionez, ahalegin handia egingo da ahalik eta hauts gutxien sor dadin. Airearen kalitatean ez eragiteko, materialak garraiatzean eta zamalanak egitean honako neurri hauek hartuko dira, atmosferara partikularik ez igortzeko:

– Sarbidean, ibilgailuen trafikoa eta obrako makinena mugatuko da.

– Garraiatutako zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, gain-gainetik ureztatuko da.

– Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.

– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, bai eta, atzemandako hauts-igorpenen arabera, ureztatuko ere. Sarbideek behar bezala egon beharko dute beti.

– Garbiketa egiteko, zisterna-ibilgailuak erabiliko dira, edo, zenbait tokitan, presio-mahukak edo antzeko tresnak.

– Materialak kanpoaldean pilatu behar izanez gero, material horiek haizetik babestuen dauden lekuetan kokatuko dira.

– Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurra erauzteko eta mugitzeko obretan zehar arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala ipiniko da jakinaren gainean Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentua, behar diren neurriak har ditzan.

Garbiketa eta obra-akabera.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina sakona egin beharko da, obra-hondarrak kendu eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten inpaktu negatibo nabarmenik sortuko denik ingurumenean proiektua gauzatzearen ondorioz. Horrenbestez, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea ibarbide hori egokitzeko proiektuari, Irungo Muxikaberri baserriko lurzatiaren ustiapena optimizatzeko (Ventas auzoko 85. zenbakia).

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Irungo Udalari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau indargabetu egingo da, eta utzi egingo dio ondorioak izateari, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektua baimendu. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 9a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala