Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2021eko otsailaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
840

EBAZPENA, 2021eko urtarrilaren 19koa, Arabako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez honako hau baimentzen baita, proiektua onartzen da eta onura publikokoa dela deklaratzen: Berantevillako udalerrian (Araba), Berantevillako herrigunean, petrolio-gas likidotuak (PGL) tanga finkoan biltegiratu eta gas propano kanalizatua banatzeko sarea.

Espediente zk.: 01CGY 202000004.

AURREKARIAK

1.– 2020-08-26an, Ned Suministro GLP SAk administrazio-baimena, proiektua onartzea eta onura publikoaren deklarazioa eskatu zituen Berantevillako udalerrian (Araba), Berantevillako herrigunean, petrolio-gas likidotuak (PGL) tanga finkoan biltegiratu eta gas propano kanalizatua banatzeko sarea instalatzeko.

2.– Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean aurreikusitakoaren ondorioetarako, informazio publikoaren izapidea bete zen espedientean, haren iragarkia honako hauetan argitaratu baitzen: Berantevillako Udalaren iragarki-oholean; 2020ko abenduaren 11ko ALHAOn; 2020ko abenduaren 14ko EHAAn; 2020ko abenduaren 1eko Diario Noticias de Álava egunkarian eta 2020ko abenduaren 2ko El Correo egunkarian.

3.– Informazio publikoaren izapidea egiten ari zelarik, 2020ko abenduaren 14an sail honek Berantevillako Udalari proiektuaren separata bat bidali zion, eta udal horrek ez zuen baldintza teknikorik aurkeztu epe barruan. Orobat, separatak bidali ziren Arabako Foru Aldundiko Azpiegitura eta Mugikortasun Sailera, 2020ko abenduaren 14an, eta hark ere ez zuen baldintza teknikorik aurkeztu epe barruan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Gasa banatzeko sareak eraiki aurretik administrazio-baimena eskatu beharra honako hauek xedatzen dute: Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legea; Erregai Gaseosoak Erabili eta Banatzeko Erregelamendu Teknikoa onartzen duen uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretua; eta Kanalizatutako gasaren zerbitzu publikoaren instalazioei baimena eman eta horiek jardunean jartzeari buruzko ekainaren 9ko 107/1998 Dekretua.

2.– Urriaren 7ko 34/1998 Legeak deklaratzen du onura publikokoak direla legearen IV. tituluan aipatzen diren instalazioak, hau da, gas erregaiak kanalizazio bidez hornitzeko instalazioak.

3.– Ebazpen hau ematen da, bat etorriz Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2018ko martxoaren 16ko Ebazpenarekin, zeinaren bidez Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko lurralde-ordezkaritzen esku uzten baita energiaren, industria-administrazioaren eta industria-segurtasunaren arloetako zenbait gairi buruzko eskumena.

Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Arabako lurralde-ordezkariak hau

EBAZTEN DU:

1.– Baimena ematea Ned Suministro GLP SA enpresari Berantevillako udalerrian (Araba), Berantevillako herrigunean, eta dagokion egikaritza-proiektua onartzea, petrolio-gas likidotuak (PGL) tanga finkoan biltegiratu eta gas propano kanalizatua banatzeko sarea instalatzeko.

2.– Baimentzen den instalazioa onura publikokoa dela deklaratzea; izan ere, deklarazio horrek berekin dakar, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 105. artikuluan xedatutakoaren indarrez (1998-10-08ko BOE), eraginpeko ondasunak okupatu edo eskubideak hartu beharra; eta, halaber, haien premiazko okupazioa egitea dakar, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak premiaz okupatzeko deklaraziorako xedatzen dituen ondorioak zehaztea ere.

Ebazpen hau ematen da, 107/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera eta baldintza orokor hauek kontuan hartuz:

1.– Baimentzen den instalazioa egin beharko da proiektu honen arabera: «Administrazio-baimenaren eta instalazio-eraikuntzaren proiektua: Berantevillako udalerrian (Araba), Berantevillako herrigunean, petrolio-gas likidotuak (PGL) tanga finkoan biltegiratu eta gas propano kanalizatua banatzeko sarea», zeinaren egilea Angel Casas Bachiller industria-ingeniaria baita.

2.– Instalazioek bete beharko dute, batetik, Erregai Gaseosoak Erabili eta Banatzeko Erregelamendu Teknikoan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan ezarritakoa (uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretua) eta, bestetik, egoki diren bestelako xedapen eta arau teknikoak.

3.– Dagokion baimena lortu beharko da, onartutako proiektuan dauden oinarrizko datuak aldatzeko.

4.– Baimendutako instalazioa egiteko, hiru urteko epea egongo da, baimena ematen den egunetik aurrera.

5.– Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73.4 artikuluaren arabera, Ned Suministro GLP SAk 2 hilabeteko epea izango du 4.141,24 euroko fidantza ezartzeko, betebeharrak beteko dituela bermatzeko.

6.– Indarrean dauden xedapenen arabera instalazioetan egin behar diren azterketak, entseguak eta probak, orokorrak nahiz partzialak izan, Arabako Lurralde Ordezkaritzari jakinarazi beharko zaizkio, behar besteko aurrerapenaz.

7.– Instalazio-lanak amaituta, Arabako Lurralde Ordezkaritzan honako agiri hauek aurkeztu behar dira: obra-zuzendaritzako ziurtagiriak; proben aktak, erregistro grafikoak barne; eta as-built planoak.

8.– Ned Suministro GLP SAk instalazioak amaituta daudela jakinarazi beharko dio lurralde-ordezkaritza honi, beronek behin betiko gainbegiratu eta martxan jartzeko akta egin dezan, hori barik ezin izango baita martxan jarri.

9.– Baimen hau emateak ez du ezertan eragotziko lanak egiteko beharrezkoak diren bestelako baimenak edo lizentziak eskuratu beharra (udalenak, probintzienak edo beste batzuenak); izan ere, eskatzailea ez dago salbuetsita horiek eskuratzeko obligaziotik.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epearen barruan, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 19a.

Arabako lurralde-ordezkaria,

jesús pascual lorente.


Azterketa dokumentala