Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2021eko urtarrilaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
275

106/2020 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Helduen Alfabetatzerako eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko lankidetza-hitzarmena, azken hori erakunde laguntzaile izan dadin euskara-mailak edo bestelako baliokideak gainditu dituzten gipuzkoar ikasleei dirulaguntza osagarriak emateko prozesuan.

HABEK hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Helduen Alfabetatzerako eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko lankidetza-hitzarmena, azken hori erakunde laguntzaile izan dadin euskara-mailak edo bestelako baliokideak gainditu dituzten gipuzkoar ikasleei dirulaguntza osagarriak emateko prozesuan.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 22a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBIÑA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABENDUAREN 22KO 106/2020 EBAZPENARENA
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREN ETA HELDUEN ALFABETATZE ETA BERREUSKALDUNTZERAKO ERAKUNDEAREN (HABE) ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, AZKEN HORI ERAKUNDE LAGUNTZAILE IZAN DADIN EUSKARA-MAILAK EDO BESTELAKO BALIOKIDEAK GAINDITU DITUZTEN GIPUZKOAR IKASLEEI DIRULAGUNTZA OSAGARRIAK EMATEKO PROZESUAN

Donostia, 2020ko urriaren 29a.

Markel Olano Arrese, Gipuzkoako diputatu nagusia.

Bingen Zupiria Gorostidi, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, HABEren presidente gisa.

ESKU HARTZEN DUTE:

Markel Olano Arrese jaunak Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, hala baitagokio 6/2005 Foru Arauak, uztailaren 12koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 40.3.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bingen Zupiria Goristidi jaunak HABEren izenean eta ordezkapenez, 14/2017 Dekretruak, urtarrilaren 10ekoak xedatutakoaren arabera.

Bi ordezkariek elkarri behar besteko gaitasun juridikoa aitortzen diote, eta dokumentu honetan jasotzen den konpromisoa izenpetzea erabaki dute, horretarako elkar hartuta hitzarmen hau sinatuz,

AZALPENA

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen kontseiluak 2020ko irailaren 29an Erabaki bat eman zuen, HABEren euskara-mailak edo bestelako baliokideak gainditu dituzten gipuzkoar euskaltegietako ikasle helduei dirulaguntza osagarriak emateko xedez (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 2020-10-13).

Erabaki horren azalpen zatiak argitzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak lehentasunezkotzat jotzen duela lankidetza lantzea hizkuntza normalizazioaren inguruan lan egiten duten gainerako herri erakundeekin, proiektu jakinen gainean euskararen erabilera areagotzeko bidean. Eusko Jaurlaritzak Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu zuen, 2012ko uztailaren 24an. Plan hori da, hain zuzen, erakundeen hizkuntza politikak egun duen tresnarik garrantzizkoena, bai beren asmo eta xedeak aurrera eramateko, bai herri administrazio guztien zereginak bateratu eta koordinatzeko. Bertan ezartzen dira herri aginteen hizkuntza politikak hurrengo urteetan izango dituen irizpide estrategikoak, baita administrazio guztiek aintzat hartu behar dituzten ezinbesteko elementuak ere.

ESEPek garrantzi handia aitortzen dio helduen euskalduntze-alfabetatzeari: «euskarak helduen komunikaziorako tresna erreala izan behar du, erraztasunak izan behar ditu bere txikitasunean mundu globalizatuan ibiltzeko, maila kritikoak zainduta, arriskutik salbu. Euskara etxean jaso ez dutenek arreta berezia dutela sentitu behar dute, ezagutza hobetu ahal izateko eta komunitatean parte hartu ahal izateko, inor baztertua izan gabe».

Herri erakundeek bultzatu behar duten politika publikoen gidalerro hori aintzat harturik, botere publikoak, eragile politikoak eta helduen euskalduntze-alfabetatze esparruko eragile sozialak aho batez onartzen dute urrats garrantzitsu bat izango litzatekeela Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuak definitzen dituen mailen artean B2 maila bitarteko ibilbidea guztiz doakoa izatea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, gipuzkoar herritarrentzat aipatutakoa gauzatzen lagundu nahirik, Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritza Nagusiaren 2020ko aurrekontuan diru zenbateko bat aurreikusi du, hain zuzen ere, Gipuzkoan helduen euskalduntzearen esparruan B2 mailara bitarteko ikaskuntza prozesua doan izateko bidea lantzeko.

Xede hori gauzatu ahal izateko, oso gogoan izan behar da 29/1983 Legeak, azaroaren 25ekoak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) sortu zuenak, argitzen dituela helduen euskalduntze-alfabetatzearen arloko eskumenak.

Baita ere, kontuan izan behar da 179/2003 Dekretua, uztailaren 22koa, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik jasotzen duten finantzaketa arautzen duena. Izan ere, dekretu horretan arautzen dira, besteak beste, euskalduntze-prozesuetan murgilduta dauden ikasleei zuzendutako dirulaguntzak.

Xedapen horien argitan, zentzuzkoa da Gipuzkoako Foru Aldundiaren xedea –hau da, gipuzkoar ikasleentzat Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuak definitzen dituen mailen artean B2 maila bitarteko ibilbidea guztiz doakoa izatea– betetzeko laguntza osagarriak HABEk eratua duen sistemaren barruan ematea, sistema horrek dituen baldintzak eta mekanismoak aintzat hartuta.

Ekimen horien barruan txertatzen da, hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020. ekitaldirako duen egitasmoa, HABEren euskara-mailak edo bestelako baliokideak gainditu dituzten gipuzkoar ikasleei dirulaguntza osagarriak emateko xedea duena.

Azalpen zatiaren beste paragrafo batean adierazten denez, (...) Hori bete ahal izateko modurik eraginkorrena da, zalantzarik gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiak eman nahi dituen laguntza osagarrietan HABE erakunde laguntzaile izendatzea, alde batetik, horrela guztiz errazten baita dirulaguntzak emateko prozedura; eta, bestetik, bateratasuna ematen zaie helduen euskalduntze-alfabetatze esparruan B2 maila bitarteko ikasketa ibilbidean doakotasuna lortzeko politika publikoaren esku hartze guztiei.

Hain zuzen ere, hitzarmen honen xedea da Diputatuen Kontseiluak 2020ko irailaren 29an emandako Erabakiaren indarrez HABEren euskara-mailak edo bestelako baliokideak gainditu dituzten gipuzkoar ikasleei dirulaguntza osagarriak emateko prozesuan HABEk erakunde laguntzaile gisa izango dituen eginkizunak eta betebeharrak zehaztea.

Hartara, aipatutako bi aldeek ondoko klausulak izango dituen hitzarmena sinatzen dute:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da arautzea zein eratan egingo dituen erakunde lankidearen zereginak HABEk, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak 2020ko irailaren 29an emandako Erabakiaren indarrez HABEren euskara-mailak edo bestelako baliokideak gainditu dituzten euskaltegietako gipuzkoar ikasle helduei dirulaguntza osagarriei buruz emandako Erabakia gauzatu eta kudeatzen.

Bigarrena.– Dirulaguntzen araudia.

HABEk, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren erakunde laguntzaile gisa, kudeatuko du Diputatuen Kontseiluak 2020ko irailaren 29an emandako Erabakiaren bitartez, HABEren euskara-mailak edo bestelako baliokideak gainditu dituzten gipuzkoar ikasleei dirulaguntza osagarriak emateko (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 2020-10-13) prozesua, erabaki horretan, oro har, eta hitzarmen honetan, zehazki, ezarritako xedapenen arabera.

Hirugarrena.– Iraupena.

Lankidetza hitzarmen honen indarraldia hasiko da izenpetzen den egunean, eta amaituko da 2021eko martxoaren 31n. Hitzarmen hau ez da luzagarria izango.

Halere, bi alderdietako edozeinek suntsiarazi ahal izango du, besteari jakinaraziz, hitzarmena indargabetu nahi den data baino bi hilabete lehenago gutxienez.

Laugarrena.– HABEren betebeharrak.

Diputatuen Kontseiluak 2020ko irailaren 29an emandako Erabakiaren I. eranskineko 9. oinarrian xedatutakoaren arabera, HABE eginkizun hauetara behartzen da hitzarmen honen indarrez:

1.– Dirulaguntzen eskaerak aztertu eta horiek oinarrietan bildutako irizpideen arabera balioestea.

2.– Balioespen-txostena ematea eta ebaluazio batzordeari igortzea, 2020ko irailaren 29an emandako Erabakiaren I. eranskineko 8. oinarriaren 2. atalean xedatutakoaren arabera.

3.– Dirulaguntzak emateko beharrezko baldintza edo eskakizunak betetzen direla egiaztatzea, bai eta diruz laguntzen den jarduera eta xedea ere.

4.– Onuradunei eman eta banatzea deialdiaren oinarrietan arautzen diren dirulaguntzetarako xedatutako funts publikoak, 10. oinarrian xedatutakoaren arauz ematen diren ebazpenetan erabakitzen denaren arabera.

5.– Onuradunek aurkezten dituzten frogagiriak aztertu eta laguntzen likidazioa proposatzea.

6.– Eskatzaileek aurkeztutako eskaerak eta gainerako agiriak babestea, dokumentu guztiok Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren esku egon daitezen, eskatzen dizkion orduko.

Bosgarrena.– Konpentsazio ekonomikoa.

HABEk uko egiten dio Gipuzkoako Foru Aldunditik konpentsazio ekonomikorik jasotzeari, Diputatuen Kontseiluak 2020ko irailaren 29an emandako Erabakian araututako dirulaguntzak kudeatzeko hitzarmen honetan adosten den laguntza emateagatik.

Seigarrena.– Funts publikoak erakunde laguntzaileari ematea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen hau izenpetu eta, gehienez ere, bi hilabeteko epean utziko du HABEren esku, hark berariaz izendatzen duen kontu korrontean, Diputatuen Kontseiluak 2020ko irailaren 29an emandako Erabakiaren hirugarren artikuluan baimendutako 42.457,00 (berrogeita bi mila laurehun eta berrogeita hamazazpi) euroko zenbatekoa, 1 0150.500.480.02.02 2020 aurrekontu sailaren kargura.

HABEk ezin izango ditu funts horiek erabili beste ezertarako, Diputatuen Kontseiluak 2020ko irailaren 29an emandako Erabakiaren bidez araututako dirulaguntzak ordaintzeko ez bada, onuradunei guztiz eman arte.

HABEk hitzarmen honen indarrez jasotzen dituen funts horiek ez dira inola ere bere ondarearen parte izango, 3/2007 Foru Arauak, martxoaren 27koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoak, 11. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Funts publikoak onuradunei emateko baldintzak.

Diputatuen Kontseiluak 2020ko irailaren 29an emandako Erabakiaren bidez araututako dirulaguntzen onuradun gertatzen diren pertsona fisikoei eman beharko dizkie HABEk bere esku utzitako funts publikoak, Erabaki horren I. eranskineko 12. eta 13. oinarrietan xedatutako eran.

Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinaraziko dizkio HABEri Diputatuen Kontseiluak 2020ko irailaren 29an emandako Erabakiaren I. eranskineko 10. oinarriaren arabera ematen diren ebazpenak.

HABEk hitzarmen honen indarraldia amaitu aurretik zuritu beharko dio Gipuzkoako Foru Aldundiari funts publikoak onuradunei entregatu dizkiela, kasu bakoitzari dagokion funtsen transferentzia egiaztatzen duen banku agiria aurkeztuta.

Zortzigarrena.– Dirulaguntzen onuradunen betebeharrak.

Diputatuen Kontseiluaren 2020ko irailaren 29an emandako Erabakiaren bidez araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten onuradunen betebeharrak dira Erabaki horren I. eranskineko 11. oinarrian xedatutako guztiak.

Bederatzigarrena.– HABEk gorde beharreko agiriak.

Dirulaguntzen eskatzaile edo onuradunek aurkeztutako agiriekin osatutako espedienteak gorde behar ditu HABEk, eta espediente horiei erantsi behar dizkie dirulaguntzen kudeaketan zehar sor daitezkeen dokumentu guztiak.

Horrekin batera, hitzarmen honen indarrez HABEk burutzen dituen jarduera guztien dokumentuak gorde behar ditu, bereziki funts publikoak dirulaguntzen onuradunei entregatu izana egiaztatzen duten agiriak.

Hitzarmen honi dagozkion jarduera guztiak amaitzen dituenean, HABEk Gipuzkoako Foru Aldundiari bidali behar dizkio aurreko bi puntuetan azaldutako dokumentuak.

Hamargarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Hitzarmen honen babesean gauzatzen diren datu pertsonalen tratamenduak Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide digitalei buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta Europako Legebiltzarraren eta Batzordearen 2016/679 (UE) Erregelamenduak ezarritakoaren arabera gauzatuko dira.

Interesdunak bere datuak eskuratu ahal izango ditu, zuzentzeko edo ezabatzeko eskatu, datuen tratamendua mugatzeko eskatu, eta tratamenduaren aurka agertu. Eskubidea aitortuko zaio, halaber, kontrol-agintaritzaren aurrean erreklamazioa jartzeko, alegia, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren aurrean.

Hamaikagarrena.– Funtsak itzultzeko betebeharra.

Onuradunek jasotako diru kopuruak itzuli beharko dituzte, eta dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa egin beharra erabakitzen den bitarteko berandutza interesak ordaindu, 3/07 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoak, 35. artikuluan aurreikusitako egoeraren bat gertatzen bada.

Era berean, HABEk erakunde laguntzaile gisa jasotzen dituen funts publikoak itzuli beharko ditu, 3/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoak, 35. artikuluan aurreikusitako egoeraren bat gertatzen bada.

Hamabigarrena.– Egiaztapen jarduerak.

HABEk hitzarmen honen xedea den jarduerari buruz eskatzen zaion informazio guztia jarri behar du Gipuzkoako Foru Aldundiko kudeaketa organoen esku, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren esku ere, eta haien egiaztapen eta finantza kontrolen mende geratzen da.

Hamahirugarrena.– Azkentzeko arrazoiak.

Lankidetza-hitzarmen hau arrazoi hauengatik azkenduko da:

– Hitzarmenaren indarraldia amaitzeagatik.

– Alderdi sinatzaileek hitzarmena azkentzeko ahobatezko erabakia hartzeagatik.

– Alderdi sinatzaileetakoren batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzeagatik, betiere hausteak ezinezkoa egiten badu hitzarmenaren bitartez hartutako konpromisoak gauzatzea eta gertatuko haustea aldez aurretik salatu bada.

– Deuseztasuna adierazteko epaileen erabakia emateagatik.

– Legeetan aurrez ikusitako beste edozein arrazoirengatik.

Hamalaugarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen honek izaera administratiboa dauka, eta araubide juridiko-administratiboa erabiliko da hura interpretatu eta garatzeko; izenpetzaileek berariaz men egiten diote administrazio auzietarako jurisdikzioari.

Hitzarmen honetan erabakitzen ez diren alderdi guztietan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko 3/07 Foru Arauak eta 24/08 Foru Dekretuak ezarritako xedapenak aplikatuko dira.

Hitzartutakoa hala ager dadin, eta esan bezala betetzeko, partaideek honako dokumentu hau izenpetu dute.

Gipuzkoako diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta HABEren presidentea,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala