Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2020ko abenduaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5333

AGINDUA, 2020ko azaroaren 25ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez atzera egiten baita Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2019ko abenduaren 10eko Aginduaren bidez deitutako prozeduran. Agindu horren bidez, 2020rako «Kultura Ondarea Saria» deitu eta arautzen da.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenen, egitura organikoaren eta eginkizunen esparruan (18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena, eta 82/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena), «2020ko Kultura Ondarea Saria»-ren deialdia egin zen, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2019ko abenduaren 10eko Aginduaren bidez (EHAA, 240. zk., 2019ko abenduaren 18koa).

Deialdi honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe ofizialetan 2019-2020 ikasturtean matrikulatuta dauden Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehen mailako ikasleak saritzea, baldin eta Euskal Kultura Ondarearen ezagutza zabaltzen hobekien laguntzen badute.

Sari honen bidez, ikasleen talde-lana sustatzen da, zeina ikastetxeetako irakasleek bideratzen baitute, bai eta kultura-ondarearen ezagutza sare sozialen bidez zabaltzea ere. Sarioi www.kulturaondareasaria.blog.euskadi.eus sariaren blogean oinarri ematen zaie, eta bertan artxibatuta geratzen dira aurkeztutako bideoak.

Deialdian zehar, Osasunaren Mundu Erakundeak 2020ko martxoaren 11n COVID-19k eragindako osasun publikoko larrialdi-egoera nazioarteko pandemiara igo zuen. Gertakarien bilakaera azkarra izan da estatuan eta nazioartean, eta, horregatik, egoera horri aurre egiteko neurri berehalako eta eraginkorrak hartu behar izan dira.

Estatuko Gobernuak, egoera horri aurre egiteko eta kudeatzeko, 463/2020 Errege Dekretua eman zuen, martxoaren 14koa, COVID-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena. Errege Dekretu horrek hainbat neurri jasotzen zituen herritarren osasuna eta segurtasuna babesteko, gaixotasunaren progresioari eusteko eta osasun publikoaren sistema indartzeko. Aldi baterako ezohiko neurriak ziren, birusa prebenitzeko eta geldiarazteko, eta gaixotasunak osasunean, gizartean eta ekonomian duen eragina arintzeko. Hain zuzen ere, Errege Dekretu horrek hartutako neurrietako bat sektore publikoko erakundeen prozedurak izapidetzeko epeak etetea izan zen, eta horrek zuzenean eragiten zuen deialdiaren garapen eta kudeaketa normalean.

Besteak beste, alarma-egoerak irakaskuntza-jarduera etetea, ikastetxeak eta mugak ixtea eta sektore publikoko erakundeen prozedurak izapidetzeko epeak etetea eta geldiaraztea ekarri du.

Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan, COVID-19 Koronavirusak aurrera egin zuenez, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarraibideei jarraituz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoetako ikastetxe guztietako eskola-jarduera presentziala aldi baterako eteteko erabakia hartu zen, 2020ko martxoaren 13tik aurrera.

Etete hori 2020ko maiatzaren 25era arte mantendu zen. Egun horretan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila, edo Helduen Hezkuntzako baliokidea, Batxilergoko lehen eta bigarren maila, eta Lanbide Heziketako lehen eta bigarren maila gradu guztietan ematen diren ikastetxeetan, eta azterketak egiteko, irakaskuntza- eta hezkuntza-jarduera presentzialari berrekitea xedatu zen.

Aurreko horrek izugarri zaildu du «Kultura Ondarea Saria»-ren deialdian balioetsi diren hezkuntza-proiektuak normaltasunez egitea; izan ere, proiektu horiek egiteko, elkarrekin lan egin behar da, proiektuaren protagonista diren ikasleen artean eta haien eta proiektuaren tutoretza egiteko ardura duen pertsonaren artean lankidetza eta harreman estuan.

Bestalde, kontuan hartu behar da ezinezkoa dela deialdian iragarritako saria gauzatzea, hau da, Napolira 7 eguneko bisita kulturala egitea, muga kanpotik ixten delako, osasun publikoko egoera ezohiko eta larriaren ondorioz. Hala, Italiako Exekutiboak hainbat neurri murriztaile hartu zituen, besteak beste, herrialdean sartzea mugatzea eta atzerritik etorri eta bere lurraldean sartzen zirenentzat berrogeialdiak ezartzea.

Era berean, 463/2020 Errege Dekretuak aitortutako alarma-egoera luzatzen duen maiatzaren 22ko 537/2020 Errege Dekretuak administrazio-epeen zenbaketari 2020ko ekainaren 1ean berrekitea xedatu zuen.

Epe-muga horiek geldiaraztea eta epeak etetea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean zehaztutako sektore publiko osoari aplikatu zaio.

Kasu honetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 84.2 artikuluan jasotako aurreikuspena aplikatu behar da; horren arabera, prozedura amaitu egingo dagerora sortutako arrazoiengatik prozedura ezin bada aurrera eraman, eta Lege horren 93. artikuluak gehitzen du ofizioz hasitako prozeduretan Administrazioak atzera egin dezakela, arrazoituta, legeetan aurreikusitako kasuetan eta baldintzetan.

Azken batean, alarma-egoera deklaratzeak ekarri dituen normaltasunaren ezohiko izaera eta aldaketa larriak, konfinamendu eta mugikortasuna mugatzeak eta jarduera akademikoak eteteak konprometitu eta eragotzi egin dute «2020ko Kultura Ondarea Saria»-ren deialdiaren bideragarritasuna eta garapen normala.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2019ko abenduaren 10eko Aginduaren bidez deitutako prozeduran atzera egitea eta amaitutzat ematea (Agindu horren bidez, «Kultura Ondarea Saria»-ren 2020rako deialdia egin eta hura arautzen da), alarma egoeran egotearen ondorioz eta pertsonen mugikortasunean zein ikastetxeen funtzionamenduan dauden muga garrantzitsuen ondorioz sariarekin jarraitzea materialki ezinezkoa delako. Horrek guztiak deialdia normaltasunez garatzea eragotzi du.

Bigarrena.– Agindu hau argitara dadila agintzea, herritar orok horren berri izan dezan Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 30/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluen arabera, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena eman eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 25a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala