Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2020ko abenduaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
5321

10/2020 FORU DEKRETU-ARAUA, azaroaren 17koa, epe luzeko gehieneko zorpetze-muga 2020ko ekitaldirako handitzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Finantza eta Aurrekontu Araubidearen martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 97. artikuluaren arabera, aurrekontuari buruzko urteko foru-arauetan epe luzeko gehieneko zorpetze-muga onartuko da ekitaldi bakoitzerako. Dena den, inguruabar bereziak direla eta, beharrezkoa bada, Batzar Nagusiek aurretik ezarritako mugatik gora onetsi ahal izango dute epe luzeko zorpetzea, betiere kopurua eta helburuak finkatuta.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2020. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 9/2019 Foru Arauak 443.345.000,00 euroan finkatu du 2020ko abenduaren 31ko gehieneko muga.

COVID-19k eragindako osasun-krisiak lurraldean izan duen inpaktu ekonomikoak berekin ekarri du foru-politikak gauzatzeko dauden baliabideak murriztea.

2020ko irailaren 30ean, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak erabaki du konpentsatzea foru-aldundiek diru-sarreretan izango duten jaitsiera eta foru-aldundien aurrekontu-egonkortasunaren helburua Euskal Autonomia Erkidegoko BPGaren -% 0,9 eta -% 0,8 izango da, hurrenez hurren, 2020rako eta 2021erako.

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak joan den urriaren 15ean 2020ko ekitaldirako onartu dituen itxiera-aurreikuspenak direla eta, beharrezko gertatzen da zorpetze-muga 85.000.000 euro handitzea, ekitaldia amaitu baino lehen.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera, behar larri eta apartekoek eraginda, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau-xedapenak eman ahal izango ditu, bere eskumen esklusiboen esparruan; xedapen bereziok foru dekretu-arauak izango dira eta ezin izango diete eragin foru-organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari.

Horrela hartzen diren xedapenak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta osorik bozkatu beharko dira berehala, baliozkotuak edo indargabetuak izateko.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru-diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Foru dekretu-arau honen xedea da: Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2020. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2019 Foru Arauaren 7. artikuluan xedatutako epe luzeko gehieneko zorpetze-muga handitzea.

2. artikulua.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren epe luzeko zorpetze-muga.

Eragiketak dokumentatzeko era zeinahi dela ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren epe luzeko zorpetze-eragiketen saldo bizia ezin izango da 528.345.000,00 eurotik gorakoa izan 2020ko abenduaren 31n.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Donostia, 2020ko azaroaren 17a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru-diputatua,

JOKIN PERONA LERCHUNDI.


Azterketa dokumentala