Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2020ko azaroaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4664

EBAZPENA, 2020ko urriaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Apattaerreka eskualde-industrialdeko «18.1 (Tolosa) – Ibarrako Lursailak» azpieremuari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Ingurumen Adierazpen Estrategikoa.

AURREKARIAK

2018ko apirilaren 12an, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak emandako ebazpenaren bidez, Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua formulatu zen. Plan Berezi hori Tolosa eta Ibarrako udal-mugarteetako Apattaerreka eskualde-industrialdeko «18.1 (Tolosa) – Ibarrako Lursailak» azpieremuari buruzkoa da (aurrerantzean, Plana).

Iragarki baten bidez, Tolosako Udalak eta Ibarrako Udalak 45 egunez jendaurrean jarri zuten Plana eta ingurumen-azterketa estrategikoa, baita azterketa horren laburpen ez-tekniko bat ere, egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izateko, eta, halaber, iragarki hori 2019ko ekainaren 26ko (120. zk.) eta ekainaren 19ko (115. zk.) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Jendaurrean jartzeko izapidea amaiturik, egiaztatu da ez dela alegaziorik jaso.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Tolosako Udalak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondoreak espedientean daude jasota.

2020ko irailaren 28an, Tolosako Udalak osatu du Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskabidea (Plan berezi hori Apattaerreka eskualde-industrialdeko «18.1 (Tolosa) – Ibarrako Lursailak» azpieremuari buruzkoa da), arau hauen arabera: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, eta 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzekoa.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu ziren:

– Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren azken proposamena, 2020ko martxokoa (Plan berezi hori Tolosa eta Ibarrako udal-mugarteetako Apattaerreka eskualde-industrialdeko «18.1 (Tolosa) – Ibarrako Lursailak» azpieremuari buruzkoa da).

– Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-azterketa estrategikoa, 2020ko martxokoa (Plan berezi hori Tolosa eta Ibarrako udal-mugarteetako Apattaerreka eskualde-industrialdeko «18.1 (Tolosa) – Ibarrako Lursailak» azpieremuari buruzkoa da).

– Beste dokumentu batzuk, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzak deskribatzen dituztenak.

– Laburpen bat, zeinak jasotzen baitu planaren azken proposamenean nola txertatzen diren ingurumen-alderdiak, ingurumen-azterketa estrategikoa eta kontsultak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoa aplikatuz, administrazio publiko batek onartutako planetan beharrezkoa izango da ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta lege-mailako xedapen batek ebaluazioa egin eta onartzea eskatzen badu planak ingurumenaren gainean izan daitezkeen ondorio esanguratsuengandik.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazio bat egin behar da, hau da, aipatu legearen I. eranskineko A. apartatuan jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa, baldin eta ebaluatu beharreko plan horiek ingurumenean ondorio adierazgarriak eragiteko modukoak badira.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Tolosako Udalak bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eraman ahal izateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri den kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bidez.

Dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedientean daudenak, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdiak betetzen dituela, irismen-dokumentuan azaltzen diren baldintzak barne, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du, horretarako organo eskuduna den heinean (hala ezartzen dute honako arau hauek: 3/1998 Legea, otsailaren 27koa; 18/2020 Dekretua, irailaren 7koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena, eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena), eta aldeko balorazioa egiten du ingurumen-alderdiak Planaren proposamenean sartzeari buruz eta Planak ingurumenean izango dituen eragin esanguratsuen aurreikuspenari buruz, azkenean onartzen den planean sartu behar diren azken zehaztapenak barne, ingurumen-ondorioetarako.

Orain arte azaldutako guztiari jarraikiz, espedientean jasotako txostenak aztertuta, eta aplikatu beharreko legeak eta arauak ikusita (3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzekoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko sailak sortzekoa, ezabatzekoa eta aldatzekoa eta horien funtzioak eta jarduketa-arloak zehaztekoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak), honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Tolosa eta Ibarrako udal-mugarteetako Apattaerreka eskualde-industrialdeko «18.1 (Tolosa) – Ibarrako Lursailak» azpieremuari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Ingurumen Adierazpen Estrategikoa formulatzea, jarraian jasotzen diren baldintzen arabera:

A) Planaren xedea da «18.1 (Tolosa) – Ibarrako lursailak» azpieremuaren antolamendu xehatua ezartzea, Apattaerreka eskualde-industrialdearen bigarren fasea exekutatu ahal izateko. Plana bat dator indarrean dagoen hirigintza-plangintzaren zehaztapenekin (Tolosako HAPOko «18- Apatta Erreka» hirigintza-eremuaren fitxa eta Ibarrako arau subsidiarioen II. aldaketa, Apattaerreka eskualde-industrialdearen 2. fasea garatzeko).

Planaren xede den eremua jarduera ekonomikoetarako hiri-lurzorua da, 154.300 m2-ko azalera du, eta Ibarra (76.714 m2 dagozkio) eta Tolosa (77.586 m2 dagozkio) udalerrien artean dago. Azalera horretan, baimendutako betelan bat egin da, AHT eraikitzeko obretatik datozen lur-soberakinekin. Betelana egin ahal izateko, Apatta ubidea desbideratu zen, ibilgu perimetral berri bat eta hondoko draina eginez. Ibilgu berria eta hondoko draina uraldiak laminatzeko urmael batean husten dira.

Proposatutako antolamenduak planteatzen du industria-lurzatiak hiru plataformatan antolatzea, +141, +134,5 eta +126 kotako sestrak dituztenak, horietara bide zentral batetik sartuz. Bide horren azpian, hondoko draina dago, eta galeria bat, beharrezkoak diren zerbitzuak kanalizatzeko. Planak ezarritako eremuan, 62.410 m2 eraiki ahal izango dira guztira, eta industria-eraikinek, berriz, 41.050 m2-ko azalera okupatuko dute.

Azpieremuaren beheko aldean, berdeguneetarako eta eremu libreetarako azalera dago; eremu horretan, hiriarteko parke bat sortzea aurreikusi da, egonaldirako eta jolas-jardueretarako gune batekin, ekaitz-urmaela aprobetxatuz. Parke horri esker, Apatta auzoarekin lotu ahal izango da industrialdea, eta oinezkoen gunea San Blas auzoarekin, bidegorri bidez.

Proiektatutako eraikin berrien eta Apatta errekaren ibilgu berriaren arteko tartea 12 metrokoa izango da, gutxienez. Era berean, 5 metroko tartea egongo da, gutxienez, urbanizazioaren eta ibilguaren eta hondoko drainaren artean.

Planaren xede den eremua ez dator bat ez naturagune babestuekin, ez inbentariatutako natura-intereseko lekuekin, ez EAEko Igarobide Ekologikoen Sareko elementuekin. 550 metro ingurura, mendebaldera, Kontserbazio Bereziko Eremu bat dago: ES2120012 Araxes Ibaia. Nahiz eta eremu horrek ez duen konexiorik Apatta errekarekin.

Hau da hasierako egoera: dagoeneko eraldatuta dauden lursail batzuk daude, eta horietan jatorrizko ibarbidea bete da, eta Apatta erreka desbideratu da, ibarbidearen ondotik zihoana. Beraz, azpieremuko lursail guztiak, hein handi batean, antropizatuta daude, eta ez daukate plan honek kaltetu dezakeen intereseko landaredirik edo faunarik. Eremuaren periferian, bertako basoaren mantxak daude, batez ere haritz pedunkulatuez osatuak (Quercus robur), baina Plan honek ez die eragingo. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dio zuzenean eragiten Apatta errekaren ibilgu berriari, ez eta uraldiei eusteko lehendik dagoen urtegiari ere.

Bestalde, adierazi behar da errekaren ibilgu perimetral berrian, espezie inbaditzaileak daudela, zehazki Buddleja davidii espeziea. Halaber, ikusi da eremu horretan Cortaderia selloana, Fallopia japonica eta Robinia pseudoacacia espezieak daudela, ugaritu egin direnak betelaneko obrak direla eta.

Eremuan ez da katalogatutako edo katalogatzeko proposatutako kultura-ondareko elementurik hauteman.

Era berean, ez dago ingurumen-arrisku nabarmenik, esaterako, uholde-guneak, akuiferoak kutsatzeko arrisku handiko eremuak edo potentzialki kutsatutako lurrak. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, betetzen dira egoera akustikoari dagokionez hirigintza-garapen berriari aplikatu beharreko kalitate-helburuak.

B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko apirilaren 12ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.

Ingurumen-organo horrek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesuan ingurumen-inpaktu posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman Planean birdefinitu edo kendu behar den jarduketarik.

D) Indarreko araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimendukoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, Planetik eratorritako jarduketak gauzatzean proposamen zehatzak aztertu beharko dira, eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak jorratu beharko dira. Zehazki, plana garatzeko proiektuak idazten direnean, kontuan hartuko dira:

D.1.– Hobari Publiko Hidraulikoa (HPH) babesteko neurriak.

Behin hondoaren drainaren trazadura definitu ondoren HPHaren arabera, eraikuntzarik gabeko 5 metroko zortasun-eremu bat mantenduko da.

Bat etorriz indarrean dagoen EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean ezarritako irizpideekin, proiektatutako eraikin berriek 12 metroko tartea gorde behar dute, gutxienez, Apatta errekaren ibilguarekiko; urbanizazioak, berriz, 5 metroko tartea gorde beharko du ibilgu horrekiko.

Exekutatu ahal izateko perimetroko kanalaren gainean 6 metro inguruko luzera izango duen zubi bat eraikitzeko proposamena, biribilgunea lotzeko eremuaren mendebaldeko perimetro-bidearekin, arroko organismoaren baimena beharko da (Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa), URA-Uraren Euskal Agentzian izapidetu beharrekoa.

Orobat beharko da arroko organismoaren aldez aurreko baimena baldin eta Jabari Publiko Hidraulikoari eragin diezaioketen jarduketak egin nahi badira, edo hari lotutako babes-eremuetan egin nahi badira jarduerok (zortasun- eta zaintza-eremuak). Organismo horrek obren ezaugarriak eta eraginak aztertuko ditu, eta, hala badagokio, dagozkion aginduak ezarriko.

D.2.– Uren kalitateari ahalik eta afekzio txikiena eragiteko neurriak.

Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek neurriak aurreikusi beharko dituzte lurrazaleko uretara ahalik eta solido gutxien iristeko (adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak).

Urbanizazio-proiektuan, hondakin-urak eta euri-urak bereizita jasotzeko sare bat diseinatu beharko da: euri-urak mendebaldean dagoen kanal perimetralera bideratuko dira; hondakin-urak, berriz, eremuaren mendebaldeko mugatik pasatzen den kolektore nagusira bideratuko dira, kolektore-sistema adarkatu baten bidez.

D.3.– Lurraldearen leheneratze ekologikorako neurriak.

Apatta errekaren ibilgu perimetraleko ibai-igarobidearen eta ekaitz-urmaelaren leheneratze ekologikorako, kontuan hartu beharko da zer dioen ingurumena eta paisaia leheneratzeko proiektuak, ingurumen-azterketa estrategikoan jasotakoak, eremuaren lotura ekologikoa hobetzeko. Proiektu hori eremua urbanizatzeko proiektuaren barruan jaso beharko da.

Gainerako espazio berdeak diseinatzeko, hauek hartuko dira kontuan: «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua», Udalsarea 21 lan-koadernoa (20. zenbakia, 2017ko apirilekoa) eta Eusko Jaurlaritzaren «Ibaien eremuko ingeniaritza naturalistikoko tekniken eskuliburua».

Nolanahi ere, ingurumena eta paisaia leheneratzeko lanak egingo dira, proiektuaren exekuzioaren eraginpean dauden gune guztietan, aurreikusiz landareztatze-lanetan batez ere espezie autoktonoak erabiliko direla, eta beren-beregi saihestuko dela prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen kanpoko espezieak erabiltzea.

D.4.– Espezie inbaditzaileak kontrolatzea eta desagerraraztea.

Neurriak hartuko dira ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko (Buddleja davidii, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana, etab.). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik ez sartzeko mugitutako eta landaredirik gabeko lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa, eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte lur horiek.

D.5.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «Eraikuntza jasangarrirako gidak. Eraikin Industriala» gidan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea

D.6.– Neurri orokorrak, balio naturalak babesteko aurreikusitako garapena exekutatzen den bitartean.

Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, aurreikusitako garapenetarako ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak hartu beharko dira. Bereziki honako hau:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak iragazgaiztea, material xurgatzaileak erabiltzea, etab.).

– Landaredia babestea: oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredia naturala. Apatta errekaren inguruko guneetan egoera onean dauden aleak badaude, kontu handiz ibili beharko da interes handieneko aleak ez kaltetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta soinu-emisioei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Ondare arkeologikoa babestea: lurrak mugitzen diren bitartean hondakin arkeologikoen zantzurik sortzen bada, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu behar diren.

E) Ingurumen-jarraipenaren plana.

Azterketak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Planaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk antzemateko. Hainbat kontrol proposatzen dira Planaren esparrukoa den urbanizazio-proiektuaren idazketa-faserako eta obra-faserako; jarraipen-adierazleen eta kalkulu-metodologia baten arabera burutu beharreko jarduketa batzuk dira kontrol horiek.

F) Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2018ko apirilaren 12an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

Besteak beste, honako alderdi hauek azpimarratu behar dira: lurraldearen lotura ekologikoa; lehentasuna ematea jada artifizializatutako lurzoruak erabiltzeari; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria; habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea; lurraldean egiten diren esku-hartzeetan paisaia modu egokian integratzea; arrisku naturalak minimizatzea, eta lehentasuna ematea kalteen prebentzioari, ez konpentsazioari.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea Apattaerreka eskualde-industrialdeko «18.1 (Tolosa) – Ibarrako Lursailak» azpieremuari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzeko. Epe hori ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Autonomia Erkidegoaren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean hasiko da. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den Ingurumen Adierazpen Estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Tolosako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 19a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala