Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2020ko urriaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4545

EBAZPENA, 2020ko urriaren 5ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Sestaoko eta Trapagarango udal-mugarteetako Ibarzaharra 06 AISS_IB_06 industria- eta zerbitzu-eremua urbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.

AURREKARIAK

2020ko uztailaren 3an, Sestaoko Udalak Sestaoko eta Trapagarango udal-mugarteetako Ibarzaharra 06 AISS_IB_06 industria- eta zerbitzu-eremua urbanizatzeko proiektuari buruzko eskaera bete zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan. Eskaeran, hain zuzen ere, galdegiten zen proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua hasteko, betiere Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz, arau horren 7.2.b) artikuluan xedatutakoaren gainean oinarritzen baita proiektua.

Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-erakundeak, 2020ko uztailaren 20an, kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Emaitza espedientean jasota dago. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen arloko oharrak egiteko.

2020ko irailaren 10ean, Sestaoko Udalak dokumentazio osagarria aurkeztu zuen.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaio arau horren II. eranskineko «a) Industrialdeak urbanizatzeko proiektuak» apartatuko 7. taldeko (azpiegitura-proiektuak) proiektuari. Beraz, ingurumen-ebaluazioaren arloan indarrean dagoen legeria aplikatuz, Sestaoko eta Trapagarango udal-mugarteetako Ibarzaharra 06 AISS_IB_06 industria- eta zerbitzu-eremua urbanizatzeko proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du. Prozedura horretan zehazten da proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuari buruzko txosten hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, proiektua zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Arau hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea Sestaoko eta Trapagarango udal-mugarteetako Ibarzaharra 06 AISS_IB_06 industria- eta zerbitzu-eremua urbanizatzeko proiektuaren gainean, honako baldintza hauen arabera:

A) Proiektuaren xedea industrialde zahar bat eraldatzea da; zehazki, Babcock & Wilcox enpresaren instalazioen parte ziren lursailak eraldatzea, etorkizunean industria-erabilera eta hirugarren sektorekoa izango duen lurzorua lortzeko.

B) Sestaoko eta Trapagarango udal-mugarteetako Ibarzaharra 06 AISS_IB_06 industria- eta zerbitzu-eremua urbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena ematen duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Jarduketaren abiapuntuko egoera ingurumen-organoak Ibarzaharra 06 AISS_IB_06 industria- eta zerbitzu-eremuan definitutako betelanen obra arrunten proiektuan zehaztutako obrak aldez aurretik gauzatzearen emaitza da. Beraz, proiektuaren xede den eremuan ez dago aurreko industria-jardueraren arrastorik, eta kutsatutako lurzoruak saneatu dira. Lur horretan, beste indusketa- eta eraispen-obra batzuetatik datozen materialak metatu dira. Hauek dira urbanizazio-proiektu osoan (0., 1. eta 2. faseak) aurreikusitako jarduketak:

– Belar-sastrakak kentzea. Landare inbaditzaileak kentzean datza, Ballonti ibaiaren bi ertzetako landaredia lehengoratzeko aurretiazko urrats gisa, Ibarzaharra 06 industrialdetik igarotzen den zatian.

– Lur-mugimenduak. Betelan handi bat egitean datza, Uraren Euskal Agentziak ezarritako kotak lortzeko eta zabalgune bat lortzeko, gero urbanizazioa eraiki ahal izateko. Betelaneko materialaren kuantifikazioa 295.545 m3-koa da. Material horiek eremuko industria-eraikinak eraistetik eta lurzoruen saneamenduan egindako indusketetatik datoz, eta beste material batzuk kanpoko obretatik datoz. Material horiek obran pilatuta daude gaur egun.

– Euste-hormak egitea betelanari eusteko. 1., 2., 3. eta 4. hormak harri-lubetazko hormak dira, eta eremuaren iparraldean daude, Ballonti ibaiaren eskuineko ertzaren ondoan. 5., 6., 7. eta 8. hormek hainbat sekzio tipo dituzte, eta, horien artean, hormigoi armatuzko mentsula-hormak, gabioi-hormak eta bi tipologien konbinazioa daude. Horma horiek Productos Tubulares enpresaren eta Carrefour merkataritza-gunearen lurzatiekin muga egiten duten eremuan daude. 9. horman harlangaitzezko itxitura-horma baten bi zati birjarriko dira.

– Ibilgailuak Ballonti ardatzera sartzeko zubi bat eraikitzea, 4 baokoa eta hormigoizko lauza postesatu motakoa.

– Oinezkoentzako eta bizikletentzako metalezko pasabide bat eraikitzea, urbanizazioa Ballonti ibaiaren beste aldeko bidegorriarekin lotzeko.

– Bideak egitea: Ballontiko korridoretik zuzenean sartzeko ardatz bat egitea proposatzen da, iparraldetik hegoaldera eta zeharka. Ardatz horretan oinarrituta, bi bide ezartzen dira mendebaldetik BI-3746 foru-errepidearekin lotzeko, eta bide-konexio bat ekialdetik BI-644 foru-errepidearekin lotzeko. Gainera, orain dauden kaleen bidez, hiri-bideak eta BI-745 foru-errepidea lot daitezke. Lur gaineko aparkaleku integratuak sortuko dira. Etxadi-barneko plazetan, oinezkoentzako pasealekuan eta bideetan zoladura jartzea, lorategiz hornitzea eta zuhaitzak landatzea.

– Ballonti ibaiaren ertzetan landareak lehengoratzeko jarduketak.

– Zerbitzu-sareak instalatzea (ur-hornidura, saneamendua eta drainatzea, energia elektrikoa, kanpoko argiak, gas-sarea eta komunikazio-sarea).

2.– Proiektuaren kokapena.

Jarduketa-eremua Ibarzaharra auzoan dago, Sestaoko eta Trapagarango udal-mugarteetan, Bizkaian.

Zabalgune handi bat da, Ballonti eta Galindo ibaien ibarrean kokatua. Eraikin zaharren hondakin guztiak kendu dira bertatik, zolatak, zimenduak eta erdi lurperatutako hormigoizko egiturak barne; halaber, kutsatutako lurzoruak saneatu dira, eta aldatutako lurzoruak babesteko betelan partzial bat egin da. Zehazki, eremu horrek erdigune angeluzuzena du; iparraldean Ballonti ibaiarekin eta Bilbao-Muskiz trenbidearekin egiten du muga; ekialdean eta hegoaldean, industria- eta zerbitzu-lurzatiekin eta hirugarren sektorekoekin, eta, mendebaldean, erabiltzen ez den beste bizitegi-lurzati batekin. Eremuak 167.028 m2 inguruko azalera du (16,7 ha).

Inguruneko jarduera antropikoa handia denez, ez da ingurumen-balio nabarmenik hauteman. Aztergai den eremua nahiz haren ingurune hurbila ez dira ezein gune babesturen zati, ez eta korridore ekologikoen sarearen eta azpiegitura berdearen zati ere. Eremuan ez dago ia landarerik, eta espezie erruderalak eta nitrofiloak dira. Ballonti ibaiaren ezkerreko ertzean dagoen baratze-lurzati batean espezie inbaditzaileak aurkitu dira, eta, Ballonti ibaiaren ertzetan, ibaiertzeko landareak daude. Azken landaredi-unitate horrek interes ekologiko handia du bai uretako bai ibaiertzeko habitata mantentzeko; bereziki, bisoi europarrarentzat eta arrain hiruarantzarentzat. Espezie horiek kudeaketa-planak dituzte, babesteko.

Proiektua garatzeko, jarduketak egin behar dira Ballonti ibaiaren jabari publiko hidraulikoan, zortasun-eremuan eta babes-eremuan. Eremua ia osorik sartzen da ur-masaren lehentasunezko fluxu-eremuan (Galindoko UAHE izendatua), eta 500, 100 eta 10 urteko uraldiek urpean utzi dezakete. Hori da eremuaren garapenerako baldintzatzaile nagusietako bat; izan ere, garapen berriari kalterik ez egiteko eta Ballonti ibaiaren zatiaren hobekuntza hidraulikoa egiteko jarduketak egin behar dira.

Proiektuaren xede den ia eremu osoa kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan sartuta dago. Lurzati horietarako, Lurzoruaren Kalitate Adierazpena lortu da.

3.– Izan daitekeen inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak direla eta, inpakturik adierazgarrienak obra-fasean (aurretiazko lanak, indusketa eta urbanizazioa) eta ustiapen-fasean espero dira (paisaia leheneratzea, isilgailu-zoladura, etab.). Ingurumen-inpaktuaren dokumentuan aurkeztu den analisian ondorioztatzen denaren arabera, ebaluazioko emaitzak kontuan hartuta, esan daiteke proiektuak ez duela izango eragin adierazgarririk ingurumenean, eta, beraz, proiektua bideragarria dela ingurumen-ikuspegitik.

Bigarrena.– Ebazpen honetan honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan, eta Sestaoko eta Trapagarango udal-mugarteetako Ibarzaharra 06 AISS_IB_06 industria- eta zerbitzu-eremua urbanizatzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea beharrezkoa izan ez dadin, betiere babes-neurriak proiektuan sartzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-agirian finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Bertako hainbat baso-espezieren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatutakoa ezartzeari kalterik egin gabe, honako neurri hauek ezarriko dira:

1.1.– Ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da izan eraginik, sarbideak egin, materialak bildu, instalazioak kokatu edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbat mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa. Gune horietatik kanpo ustekabeko eraginik gertatuz gero, neurri zuzentzaile eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

1.2.– Oro har, landare autoktonoak kentzea saihestu beharko da; bereziki, Ballonti ibaiaren ertzeko berezko landareak. Horretarako, lanak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatuko dira, eta in situ balizatuko, lanak egiteko nahitaez moztu behar ez diren bertako zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak kolperik eta kalterik ez izateko.

1.3.– Kontuan izanik Ballonti ibaiko jarduketa-eremutik gora arrain hiruarantzaren (Gasterosteus aculeatus) presentziari buruzko aipamenak daudela, honetan ezarritakoa bete beharko da: 186/2008 Foru Dekretua, abenduaren 9koa, Bizkaiko Lurralde Historikoan Gasterosteus aculeatus Linnæus, 1758 arrain hiruarantzaren Kudeaketa Plana onesten duena. Era berean, eremua bat dator bisoi europarraren (Mustela lutreola) LBGarekin, eta Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761), Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezarritakoa beteko da, galtzeko arriskuan dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita.

1.4.– Cortaderia selloana, Fallopia japonica edo antzeko landare inbaditzaileak ez zabaltzeko ekintzak gauzatuko dira. Hori horrela, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon litekeen lurra.

2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Organo eskudunak uraren arloan ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira aplikatu beharreko prozeduren esparruan:

2.1.– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

2.2.– Lanak ibilgutik kanpo egiteko eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu, eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko kimikoen araberakoak direla bermatzeko. Beharrezkoa bada, hormak eta zimenduak kokatzeko hondeatu beharreko eremuak ponpatzeagatik sortzen diren efluenteak tratatzeko, berriz, dekantazio-putzuak edo orrizko dekantazio-tangak izango dira, eta pH-a zuzentzeko sistema bat izango dute.

2.3.– Dekantazio-putzuen mantentze-lanak eta aldizkako garbiketa egin beharko dira; metatutako lohiak aldizka hustuko dira, tratamendu-sistemaren funtzionamenduaren errendimendu optimoa bermatzeko.

2.4.– Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera (instalazio lagungarrien eremuak) isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

2.5.– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, ustekabeko isuri edo ihesik badago, berehala erabili ahal izateko: biribilkiak, material pikortatua, etab.

2.6.– Hormigoi-esnea inola ere ezingo da isuri ibilgura. Hormigoiaren hondakinak apartatu honetako 7. zenbakian ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

2.7.– Lurzoruaren Kalitatearen Adierazpenean ezarritako lurpeko uren kalitatearen kontrol analitikorako behar diren piezometroen eraginkortasuna mantendu behar da.

3.– Ibai-ekosistema berreskuratzeko neurriak.

Hargatik eragotzi gabe ur-gaietan eskumena duen organoak xedatutakoa, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira jabari publiko hidraulikoan eta horren zortasun- eta zaintza-guneetan eragina duten obretarako:

3.1.– Ertzak aurkeztutako lehengoratze-memoriaren arabera lehengoratuko dira. Ibilguaren ertzen diseinuak aukera emango du landarezko zerrenda jarraitu bat egoki jartzeko, bai belarrezkoa eta bai zuhaixka eta zuhaitzezkoa, errekastoaren funtzio ekologikoari eusteko beharrezkoa da eta.

3.2.– Errekastoen bide-zortasunaren aldeak ahalik eta baldintza naturalenetan gelditu behar du, bere eginkizuna oztopatzen duen betelan, itxitura edo bestelako okupaziorik gabe.

3.3.– Fallopia japonica edo antzeko beste landare inbaditzaileak ez zabaltzeko ekintzak egingo dira. Hori horrela, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon litekeen lurra.

4.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Proiektua Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako zenbait lekutan garatzen da.

Horri dagokionez, proiektuaren eremuko lurzoru guztiak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta daude (48084-00097, 48084-00004 y 48084-00087 kodeak), eta lurzoruaren kalitatearen adierazpena dute.

Aurrekoarekin lotuta, urbanizazio-obrak –baita indusketa-lanak ere, horien barruan baitaude– lurzoruaren kalitateari buruzko prozedura horretan ezarritako baldintzetan egingo dira, aipatutako lurzorua aurreikusitako erabilerei egokituko zaiela bermatzeko. Halaber, lurzoruaren kalitateari buruzko ebazpen horietan ezartzen diren erabilera-mugak beteko dira.

Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

5.– Airearen kutsadura saihesteko eta hauts-emisioak murrizteko neurriak.

5.1.– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatuak airera dezaketen eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilak ureztatuko dira.

5.2.– Obra-guneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati konektatuta. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean. Garraio-ibilgailuek eta obretako makinek ez dute lokatzez zikinduko jarduera-eremuetatik bide publikoetara bitarteko tartea.

5.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohirik eta zatikirik ez barreiatzeko.

6.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

6.1.– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.

6.2.– Zaratari buruzko urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak, azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duenak, 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak (Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituena) eta arau osagarriek ezarritakora.

6.3.– Beste aldetik, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan, obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita, baina hori guztia dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

7.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

7.1.– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

7.2.– Eraikuntzako eta eraispeneko jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen Errege Dekretuan (otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretu) eta Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua) aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen eta materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak dekretu horretako I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko.

7.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera ere kudeatuko dira.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

7.4.– Obretan sortzen diren indusketa-soberakinei dagokienez (kutsatu gabeko induskatutako lurzoruak eta induskatutako material naturalak), betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, induskatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuta.

Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari lurren mugimenduen balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio, alegia, erauzi ez ziren leku edo obretan eraikuntzarako zuzendutako kopuruak eta ezaugarriak ondo adierazi beharko dira.

7.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko Legea (maiatzaren 14ko 20/1986 Legea) betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

7.6.– Sortutako olio erabilia industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen Errege Dekretuak (ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua) ebatzitakoari jarraituz kudeatu beharko da.

Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

7.7.– Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

7.8.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten bat egin beharko da, eta indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

8.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako betebeharrak gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

9.– Paisaia babesteko eta eragindako lekuak lehengoratzeko neurriak.

9.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-dokumentuan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Ingurunea lehengoratzeko lanek honako hauek hartuko dituzte barnean: urbanizatu gabeko lekuetan, lurra alde geomorfologiko eta edafikotik lehengoratzea eta landare-estalki bati euts diezaioketen eremuak landareztatzea; eta, hiriguneetan, lorategiko elementuak berriro jartzea.

9.2.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da, eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako espazioak lehengoratzeko eta landareberritzeko lanak erraztearren.

9.3.– Lehengoratze edafikoko lanak egiten diren bitartean, landare aloktonoak ugaltzea galarazteko ekintzak gauzatuko dira. Hori horrela, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon litekeen lurra. Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunetik.

9.4.– Obra amaitu ondoko bi urteetan, lehengoratzea bermatzeko, hala behar bada, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

10.– Garbitzea eta obra bukatzea.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, apartatu honetako 7. zenbakian xedatzen dena aplikatuko da.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Sestaoko eta Trapagarango udal-mugarteetako Ibarzaharra 06 AISS_IB_06 industria- eta zerbitzu-eremua urbanizatzeko proiektuari.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Sestaoko Udalari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, ingurumen-inpaktuaren txostenaren indarraldia luzatzea erabaki ezean, artikulu horretan ezarritako baldintzen arabera. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 5a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala