Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2020ko urriaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4543

82/2020 EBAZPENA, urriaren 21ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbideak elkarri emateko Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Akordioa sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea honako hau: administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbideak elkarri emateko Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua, zeina ebazpen honen eranskinean ageri baita.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 21a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 21EKO 82/2020 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOKO OINARRIZKO IRTENBIDEAK ELKARRI EMATEKOA
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Olatz Garamendi Landa andrea, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (aurrerantzean, EAEko Administrazioa) ordezkatuz, lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak) esleitutako eskumenak baliatuz eta apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuak (Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoak) 11. artikuluan jasotako berezko eskumenak erabiliz, Jaurlaritzari buruzko Legearen (ekainaren 30eko 7/1981) 26. artikuluan ezarritakoekin eta indarreko legeriak esleitzen dizkion gainerako guztiekin bat.

Bestetik, Ibone Bengoetxea Otaolea andrea, Bizkaiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Saileko foru diputatua, Bizkaiko Foru Aldundia ordezkatuz eta agiri hau sinatzeko ahalmena duena, Foru Aldundiak ekainaren 16ko bileran hartutako Foru Erabakiaren arabera.

Alderdiek hitzarmena sinatzeko behar den gaitasun juridikoa onartzen diote elkarri eta hori dela bide hauxe

AZALTZEN DUTE:

I.– Euskal administrazio guztiek, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bai foru- aldundiek eta toki-erakundeek, kalitate oneko zerbitzu eraginkor batzuk eskaini behar dizkiete herritarrei, kudeaketa publikoan baliabide publikoak esleituz eta erabiliz eta administrazio-izapidetzea erraztuz eraginkortasuna bilatu behar dute, administrazio-bikoiztasunak saihestu edo deuseztatu behar dituzte eta aurrekontu- egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko legeria bete behar dute, gainerako administrazio publikoekin jardutean partaidetza-, objektibotasun-, gardentasun-, lankidetza-, elkarlan- eta koordinazio-printzipioei jarraituz, beren helburu komunak erdiesteko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legeak (urriaren 1eko 40/2015) 3. eta 140. artikuluetan ezartzen duen moduan; halaber, beren gobernamendu publikoko ereduan aurrera egin behar dute, administrazio publiko efizienteagoa, eraginkorragoa, hurbilagoa, gardenagoa eta parte- hartzaileagoa eraikitzeko.

Helburu horiek lortzeko, beharrezkoa da administrazio publikoen arteko elkarlana areagotzea, lankidetza-hitzarmenak sinatzen dituzten alderdiek hartzen dituzten konpromisoez eta baldintzez, eta, zehazki, euskal administrazioen arteko komunikazio-sare bat izatea, haien artean informazioa trukatzeko sistemak eraikitzea administrazio-prozeduran dokumentuak edo datuak eman beharra saihesteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015) ezarritakoaren arabera, alde bakoitzaren autonomia errespetatuz, administrazioen arteko eta herritarrekiko komunikazio- eta jakinarazpen-sistema bat garatzea eta identifikazio eta sinadura elektronikorako sistema eta aplikazio informatikoak partekatzea eta berrerabiltzea, ordainketetarako, kontratazio publikorako eta beren eskumeneko beste edozein administrazio-jarduketarako.

Hitzarmena da administrazio publikoen arteko akordioak formalizatzeko tresna juridikoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015) atariko tituluko VI. kapituluak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen (apirilaren 7ko 2/2016) 100. artikuluak eta Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen (apirilaren 2ko 7/1985) 57. artikuluak xedatzen dutenaren arabera.

II.– Sinatzen duten alderdien eskumenetako bat da zerbitzu elektronikoak bultzatu, garatu eta ezartzeko informazioaren teknologiak aplikatzea, herritarren eta enpresen onerako. Xede horretarako, beharrezkoa da azkar eta eraginkortasunez aurrera egitea administrazio elektronikoaren garapenean, administrazioen artean eta herritarrekiko harremanetan harreman elektronikoa ahalbidetzeko edo ezartzeko. Beraz, nahitaezkoa da administrazio guztien esku dauden zerbitzu elektroniko batzuk edukitzea, urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezarritako betebeharra benetan betetzeko; izan ere, lege horrek xedatzen duenez, administrazio publikoek, elkarrekin eta beren organoekin, erakunde publikoekin eta haiei lotutako edo haien mendeko erakundeekin harremanetan jartzeko, baliabide elektronikoak erabili beharko dituzte, haietariko bakoitzak hartutako sistemen eta irtenbideen elkarreragingarritasuna eta segurtasuna ziurtatzen dituztenak, betiere datu pertsonalen babesa bermatuz. Bestetik, herritarrek administrazio publikoekin elektronikoki harremanetan jartzeko eskubidea dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015) ezarri bezala.

Gainera, Euskadiko Toki Erakundeen Legeak (apirilaren 7ko 2/2016) 19.4 artikuluan ezartzen duenez, toki-araubidearen oinarrizko legeriak eta foru-arauek ezarritakoarekin bat etorrita, foru- organo eskudunek laguntza teknikoa emango diete bakoitzak bere lurralde historikoko udalerriei, legeek edo, kasuan kasu, foru-arauek udalerriei esleitutako eskumenak benetan gauzatzen direla bermatzeko.

III.– Alderdiak ados daude herritarrei lineako zerbitzuak ematea bultzatzen jarraitzearekin, haien elkarreragingarritasuna erraztuz. Ildo horretatik, sinatzaileek, beren eskumen-eremuetan, beharrezkotzat jotzen dute administrazio elektronikoko proiektuen koordinazioa sustatzea, haien eraginkortasunik handiena lortzeko asmoz eta interes publikoa asetzeko azken helburuarekin.

IV.– Hitzarmen honetan jasota dauden administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbideek Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeak atxiki ahal izateko beharrezkoak diren mekanismoak eta aurreikuspenak jasotzen dituzte, euskal sektore publiko osoa bezala, hitzarmen honen xede diren irtenbideetara, hitzarmenaren edukiak gauzatzearekin lotutako zerbitzuak ematean bikoiztasunak eta eraginkortasunik ezak saihestuz.

V.– Helburu horiek lortzen eraginkorragoak izateko eta administrazio publikoen arteko lankidetza- printzipioei jarraikiz, akordio hau bereziki baliagarria da sinatzen duten bi administrazioentzat.

VI.– Administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbide teknologikoek emandako funtzionaltasunak etengabe garatzen ari dira, informazioaren eta komunikazioaren teknologien garapenaren ondorioz eta zehaztapen teknikoei eta segurtasunekoei eragiten dieten arau-aldaketen ondorioz. Beraz, eranskinak agiri biziak dira.

VII.– 2017ko martxoaren 24an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak beste lankidetza- hitzarmen bat sinatu du Estatuko Administrazio Orokorrarekin (Administrazio Digitaleko idazkari nagusia), administrazio elektronikoko zerbitzuak elkarri emateko. Lankidetza-hitzarmen horrek aurrekoa, 2010eko urriaren 18koa, ordezten du.

Hori dela-eta, Foru Aldundiek, horiei atxikitako edo horien mendeko erakunde publikoek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari atxikitako eta horren mendeko erakunde publikoek Estatuko Administrazio Orokorrarekin sinatutako hitzarmenean adostutako administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbide teknologikoetan eta hitzarmen honetan xedatutako administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbide teknologikoetan zein etorkizunean adosten direnetan parte har dezaten, aipatutako hitzarmenekiko atxikipena ezarri behar da, zerbitzu bakoitzean ezarritako betebeharrak edonola ere beteko direla bermatzen duen prozedura baten bidez.

VIII.– Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek Estatuko Administrazio Orokorrarekin sinatutako hitzarmenean adosturiko administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbide teknologikoetan eta hitzarmen honetan xedatutako administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbide teknologikoetan zein etorkizunean adosten direnetan parte har dezaten, mekanismo egoki bat ezarri behar da, toki-erakunde horiek aipatutako hitzarmenei erraz atxiki ahal izateko, zerbitzu bakoitzean ezarritako betebeharrak edonola ere beteko direla bermatzen duen prozedura baten bidez.

Mekanismo horrek ondoriorik gabe uzten du Euskal Autonomia Erkidegoko udalekin sinatu beharreko lankidetza-hitzarmenaren eredua, informazio-, administrazio- eta kudeaketa elektronikoko zerbitzuak elkarri emateko. Eredu hori Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren apirilaren 12ko 50/2017 Ebazpenaren bidez argitaratu zen.

Horregatik guztiagatik, alderdiek lankidetza- hitzarmen hau sinatzen dute, klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Hitzarmen honen xedea da administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbide teknologikoen aprobetxamendu komunerako termino eta baldintza orokorrak ezartzea. Irtenbide horiek sinatzaileek eta haien mendeko edo lotutako erakundeek ematen dituzte.

Hitzarmena sinatzearen helburuak honako hauek dira: kudeaketa publikoaren eraginkortasuna hobetzea, baliabide eta zerbitzu publikoen baterako erabilera erraztea, onura publikoko jarduerak egiten laguntzea, aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko legeak betetzea eta administrazio-bikoiztasunak ezabatzea. Horretan, honako artikulu hauek bete beharko dira: urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.3 artikulua; Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen (apirilaren 2ko 7/1985) 57. artikulua, Toki-administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzko Legearen (abenduaren 27ko 27/2013) lehenengo artikuluan jasotako idazkeraren arabera; eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen (apirilaren 7ko 2/2016) 100. artikulua.

2.– Halaber, hitzarmen honen xedea da foru- aldundiak bere lurralde historikoko toki-erakundeei, hitzarmen honen bigarren klausulan edo etorkizunean hura eguneratu edo aldatuko dutenetan zerrendatutako irtenbide teknologikoetan interesa dutenei, sarbidea emateko baldintzak zehaztea eta toki-erakundea hitzarmen honi atxikitzea errazten duen mekanismoa ezartzea, dagokion atxikitze-protokoloa sinatuz. Protokoloak, edonola ere, hitzarmen honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla bermatuko du.

Bigarrena.– Aplikazio-eremua.

1.– Bizkaiko Foru Aldundiak, bai eta haien mendeko edo haiei lotutako erakunde publikoek ere, administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbide teknologikoek emandako funtzionalitateak eskuratu ahal izango dituzte. Irtenbide teknologiko horiek Estatuko Administrazio Orokorraren (Administrazio Digitalaren Idazkaritza Nagusiaren) eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbideak elkarri emateko 2017ko martxoaren 24an sinatu zen lankidetza-hitzarmenean deskribatzen dira.

2.– Gainera, aurreko paragrafoan aipatutako alderdiek administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbide teknologikoek emandako funtzionalitateak eskuratu ahal izango dituzte, II. eranskinean aurreikusitako Administrazio Elektronikoko Zerbitzuen Katalogoan zehazten diren zerbitzuak ematea ahalbidetzen baitute.

3.– Bizkaiko Lurralde Historikoko toki-erakundeek eta haiei lotutako edo haien mendeko erakunde publikoek ere eskuratu eta erabili ahal izango dituzte lehen aipatutako irtenbideen funtzionalitateak, baldin eta I. eranskinean jasotako protokoloan ezarritako prozeduraren bidez aldez aurretik atxikitzea formalizatzen badute.

4.– Arestian zehaztu diren oinarrizko irtenbideak garatzeko erabilitako teknologia eguneratu ahalko da edo eraginkorragoak diren beste batzuek ordeztu ahalko dute, hitzarmen honen zazpigarren klausulan ezarritako jarraipen-batzorde teknikoaren erabakiaren bidez, informazioaren eta komunikazioaren teknologien garapenaren ondorioz aurreko zenbakian zerrendatu diren aplikazioak edo sistemak zaharkituta geratzen direnean edo dagozkien zehaztapen tekniko eta segurtasunekoei eragiten dieten arau-aldaketak gertatzen direnean.

Hirugarrena.– Eremu subjektiboa.

1.– Hitzarmen honek Bizkaiko Foru Aldundira, EAEko Administrazio Orokorrera eta horien menpe dauden edo horiei atxikitako erakunde publikoetara zabalduko ditu ondorioak.

2.– Bizkaiko Lurralde Historikoko foru-erakunde publikoei eta toki-erakundeei eta horiei lotutako edo haien mendeko erakunde publikoei dagokienez, eta I. eranskineko protokoloan ezarritako prozeduraren bidez, Foru Aldundiak honako hauetarako sarbidea sustatuko du:

– Estatuko Administrazio Orokorraren (Administrazio Digitaleko Idazkaritza Nagusia) eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetza- hitzarmenean (administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbideak elkarri ematekoan, 2017ko martxoaren 24an sinatutakoan) azaldutako administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbide teknologikoek emandako funtzionaltasunak.

– II. eranskinean aurreikusitako Administrazio Elektronikoko Zerbitzuen Katalogoan deskribatutako administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbide teknologikoek emandako funtzionalitateak.

Laugarrena.– Hitzarmena sinatzen duten alderdien betebehar orokorrak.

Oro har, alderdi sinatzaileek betebehar hauek hartzen dituzte:

– Hitzarmen honen bigarren klausulan ezarritako irtenbide teknologikoetara sarbidea ematea beren lurralde- eremuko erakunde publikoei, haiei lotutakoei edo haien menpekoei eta toki-erakundeei, baita haien menpeko erakunde publikoei ere, gai horretan esleituta dituzten laguntza teknikoko eskumenen barruan eta dagokion I eranskineko atxikitze- akordio edo -protokoloa sinatuz.

– Beren eskumenen eremuaren barruan, hitzarmen honetan jaso eta II. eranskinean azaltzen diren irtenbide teknologikoen zehaztapen teknikoak betetzea.

– Hitzarmen honetan zerrendatutako oinarrizko irtenbideetan sartzeko behar diren konektibitate eta hedapeneko zeregin teknikoak egitea.

– Bigarren klausulan azaldutako irtenbide teknologikoak kudeatzen dituzten erakundeekin hitzartzea lotutako zerbitzuen errendimendu eta monitorizazio-probak egitea, eskuragarri daudela bermatzeko.

– Irtenbideak zuzenki erabiltzea, baimenduta daudenerako baino erabili gabe.

– Hitzarmen honetan sartutako irtenbide teknologikoen sistema erabiltzaileak eta aplikazioak administratzeko prozesuak bateratzeko ezarritako prozedurei jarraitzea.

– Hitzarmen honetan jasotako irtenbide elektronikoei lotutako informazioa eta sistemak behar bezala babesteko behar diren segurtasun-neurriak hartu eta betetzea, erabakitzen den segurtasun komuneko politikari jarraikiz.

– Hala xedatzen duten irtenbide teknologikoetarako, zerbitzuak emateko behar den informazio legal, administratibo eta teknikoa nahiz herritarrek ezagutu behar duten beste edozein informazio deskribatzen duten agiriak eguneratzen laguntzea.

– Alderdi sinatzaileak edo haien hornitzaileak ez daude behartuta alderdi sinatzaileek, toki- erakundeek edo lotutako edo menpeko erakunde publikoek, hitzarmen honen edukian aurreikusitako esku-hartzeetan, bertan jasotzen diren oinarrizko irtenbideak txarto erabiltzearen edo eskuragarri ez egotearen ondoriozko zeharkako kalte-galerak gain hartzera.

Bosgarrena.– Hitzarmena sinatzen duten alderdien berariazko betebeharrak.

Hitzarmen honek hizpide duen irtenbide teknologiko bakoitzari berariaz dagokionez, alderdi sinatzaileek ezarritako irtenbide teknologiko bakoitzari buruzko II eranskinean zehaztutako erantzukizunak hartzen dituzte gain.

Seigarrena.– Baldintza teknikoak eta funtzionalak.

Hitzarmen honek hizpide duen irtenbide teknologiko bakoitzaren baldintza tekniko eta funtzionalak ezarritako irtenbide teknologiko bakoitzari buruzko II eranskinean zehazten dira, nolanahi ere urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuak (administrazio elektronikoaren esparruan elkarreragingarritasun-eskema nazionala arautzen duenak) eta hori garatzeko arauek xedatutakoa betez, baita hauek ere, bereziki: Administrazio Publikoetako Estatuko Idazkaritzaren 2012ko ekainaren 28ko ebazpena (horren bidez, datu-bitartekaritzako Protokoloen Elkarreragingarritasunaren Arau Teknikoa onartzen da) eta segurtasun-eskema nazionala (ENS), urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuan araututakoa, baliabide elektronikoak erabiltzean aplikatu behar den segurtasun-politika zehazten duena.

Zazpigarrena.– Jarraipen Batzorde Teknikoa.

Hitzarmen honetan eta haren eranskinean adostutakoaren kudeaketa, jarraipen, zaintza eta kontrolerako, jarraipen-batzorde tekniko bat eratuko da. Batzordeko kide izango dira Eusko Jaurlaritzak izendatutako bi pertsona eta Foru Aldundiak izendatutako bi pertsona.

Hitzarmenaren jarraipen-batzorde teknikoaren jarduera Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015) 15. artikulutik 18. artikuluraino ezarritakoaren araberakoa izango da.

Hitzarmenaren jarraipen-batzorde teknikoaren funtzioak honako hauek dira:

– Arestian aipaturiko hitzarmenean adostutakoaren kudeaketa, jarraipena, zaintza eta kontrola.

– Hitzarmen honen ondoriozko interpretazio- eta betetze-arazoak ebaztea.

– Egokitzat jotzen dituen hobekuntzen eta aldaketen formalizazioa proposatzea.

Gainera, jarraipen-batzorde teknikoak hitzarmenaren funtsa ukitzen ez duten aldaketa teknikoak erabaki ahalko ditu.

Jarraipen-batzorde teknikoak ohiko bilkura bat izango du urtean. Horrez gainera, bilkura berezia egingo du edozein kidek eskatzen duenean.

Bilerak baliabide elektronikoez egin ahalko dira.

Zortzigarrena.– Araubide ekonomikoa.

Lankidetza-hitzarmen honek ez du sortzen sinatzaileen arteko kontraprestazio ekonomikorik. Hala ere, alderdiek hitzarmen hau sinatuz gain hartu dituzten betebeharrak betetzeko behar diren inbertsioak egin beharko dituzte, materialki posiblea baldin bada.

Alderdi sinatzaileek justifikazio-memorian aztertuko dituzte kasuan kasuko jardueraren beharra eta egokitasuna, eragin ekonomikoa eta kontratuz kanpoko izaera, aplikatzekoa zaien araudiaren arabera.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea. Hala eta guztiz ere, sinatzaile guztiak aho batez ados jarriz gero, hitzarmena azkendu ahal izango dute.

Hamargarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Edozein alderdik noiznahi proposatu ahal izango du hitzarmena berrikustea, egokitzat jotzen diren aldaketak egiteko. Hitzarmenaren edukia aldatzeko, sinatzaileek ados egon beharko dute.

Klausulak berrikusten badira, eranskina hitzarmenari erantsiko zaio, alderdiek sinatutako gehigarri batean.

Era berean, gehigarri-prozedura horren bidez, alderdiek erabaki ahal izango dute I. eranskinean, lehenengo klausularen 2. atalean, eta II. eranskinean sartzea, indarraldian sortu diren eta haren xedearekin zerikusia duten administrazio elektronikoko funtzionalitate eta zerbitzu berrietatik bigarren klausulan aurreikusita, baina horrek ez du ekarriko hitzarmen honen klausulak berrikustea.

Hamaikagarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen hau Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47.etik 53.era bitarteko artikuluek eta aplikagarri zaizkion gainerako arauek arautzen dute.

Hamabigarrena.– Gatazkak ebaztea.

Hitzarmen hau sinatuz, alderdiek konpromisoa hartzen dute hura betetzean sortzen diren gorabeherak elkarrekin adostuta konpontzeko.

Hitzarmena garatzean eta betearaztean alderdien arteko auziren bat sortzen bada eta zazpigarren klausulan ezarritako jarraipen-batzorde teknikoak ezin badu konpondu, administrazioarekiko auzien jurisdikziora joko da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legean (uztailaren 13ko 29/1998) xedatutakoarekin bat etorriz.

Hamahirugarrena.– Alderdiek hartutako betebeharrak eta konpromisoak betetzen ez direnean aplika daitezkeen ondorioak eta ez betetzeagatik egon daitezkeen kalte-ordaina zehazteko irizpideak.

Hitzarmena sinatu duen alderdi batek hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea suntsiarazteko arrazoia izango da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legeak (urriaren 1eko 40/2015) 51.2c) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hitzarmena sinatu duten alderdietako edozeinek errekerimendua jakinarazi ahalko dio bete ez duen alderdiari, epe jakin batean bete ditzan urratutzat jotzen diren betebehar edo konpromisoak. Jarraipen-batzordeko buruari emango zaio errekerimendu horren berri.

Errekerimenduan adierazitako epea igarotakoan ez-betetzeak bere horretan badirau, salatu zuen alderdiak suntsiarazteko arrazoia dagoela jakinarazi beharko du, eta, horren ostean, hitzarmena suntsiarazitzat joko da.

Hitzarmena ez-betetzeagatik suntsiarazten bada, egiaztatzen diren kalteen ondoriozko kalte-ordaina ezarri ahalko da.

Hamalaugarrena.– Komunikazioa.

Alderdiek konpromisoa hartzen dute hitzarmenaren sinatzaileak aipatzeko bakarka zein batera hitzarmenaren gaiaz egiten dituzten komunikazio- egintza guztietan.

Hitzarmen hau Estatuko Administrazio Orokorrari jakinaraziko zaio.

Hamabosgarrena.– EAEko Administrazio Publikoaren eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien artean eta Foru Aldundiek elkarrekin informazioa baliabide elektronikoen bitartez trukatzeari begira sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren interpretazioa (2015eko abenduaren 3ko EHAA.

EAEko Administrazio Publikoaren eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien artean eta Foru Aldundiek elkarrekin informazioa baliabide elektronikoen bitartez trukatzeari begira sinatua duten lankidetza-hitzarmenak (2015eko abenduaren 3ko EHAAn argitaratuta) indarrean jarraituko du, eranskinetan eta hitzarmen honetan jasotzen diren klausulak ezeztatzen ez dituen guztian ezarri ahalko da.

Hamaseigarrena.– Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Lurralde Historikoko toki-erakundeen artean datuak elektronikoki trukatzeko sinatutako lankidetza-hitzarmenak interpretatzea, Bizkaiko Foru Aldundiak 2017ko urriaren 11ko Foru Erabakiaren bidez onartutako hitzarmen-ereduaren arabera.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Lurralde Historikoko toki-erakundeen artean izenpetutako hitzarmenek indarrean jarraituko dute, Bizkaiko Foru Aldundiak 2017ko urriaren 11ko Foru Erabakiaren bidez onartutako Bizkaia elkarreragingarritasun-nodoaren bidez datuak elektronikoki trukatzeko hitzarmen-ereduaren arabera, eta hitzarmena sinatu duten toki-erakundeek bitartekaritza-irtenbide teknologikoak onartu eta atxikiko dituzte. Irtenbide horiek NISAE nodoak eta Estatuko Bitartekaritza Plataformak emandakoak dira, aipatutako hirugarren klausularen bigarren lerrokadan eta hamahirugarren klausulan aurreikusitakoaren arabera.

Hamazazpigarrena.– Datuen babesa.

Alderdi sinatzaileek datuen babesaren arloan aplikatu beharreko araudia betetzeko konpromisoa hartzen dute: 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoa.

Eta aurreko guztia frogatzeko, alderdiek hitzarmen hau sinatzen dute

I. ERANSKINA
LEHENENGO KLAUSULAREN BIGARREN ATALEAN AIPATUTAKO ERAKUNDE PUBLIKOEI ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOKO OINARRIZKO IRTENBIDEETARAKO SARBIDEA AHALBIDETZEKO PROTOKOLOA

Lehenengoa.– Bizkaiko Foru Aldundiak, hitzarmen honen bidez hartutako konpromisoak betez, hitzarmen honen bigarren klausulan zerrendatutako irtenbide teknologikoetarako sarbidea emango die bere lurralde historikoko toki-erakundeei eta haiei lotutako edo haien mendeko erakunde publikoei. Era berean, hitzarmenean parte hartzen duten alderdiek aukera emango diete lotutako edo mendeko erakunde publikoei irtenbide teknologiko horiek eskuratzeko.

Bigarrena.– Aurreko lehenengo atalean ezarritakoaren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, bakoitzak bere eremuan, protokolo honetan aurreikusitako atxikitze-formularioa sinatzea sustatuko dute.

Hirugarrena.– Atxikipen-eskaeren formalizazioa alde bakarreko atxikitze-egintzatzat hartuko da eta, beraz, ez da beharrezkoa izango hitzarmen honetan parte hartzen duten aldeen onarpena edo onespena.

Laugarrena.– Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta formalizatu daitezkeen atxikipen-formularioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari jakinaraziko dizkio, gero Estatuko Administrazio Orokorrari bidaltzeko.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala