Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

203. zk., 2020ko urriaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4256

EBAZPENA, 2020ko irailaren 16koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Igorreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialaren aldaketaren –paisaia-zehaztapenei dagokiena– ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2018ko martxoaren 6an, Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailak Igorreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialaren aldaketaren –paisaia-zehaztapenei dagokiena– ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua eskatu zuen, otsailaren 27ko 3/1998 Legean (Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorra) eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean (ingurumen-ebaluazioari buruzkoa) araututako ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduraren esparruan.

2018ko uztailaren 10eko Ebazpenaren bidez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak Igorreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialaren aldaketaren –paisaia-zehaztapenei dagokiena– ingurumen-txosten estrategikoa egin zuen.

Bizkaiko Foru Aldundiko gobernu-kontseiluaren 2019ko apirilaren 16ko foru-erabakiaren bidez, hasierako onarpena eman zitzaion Igorreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialaren aldaketari –paisaia-zehaztapenei dagokiena–.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailak jendaurrean jarri zuen plana, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera; iragarkia argitaratu zuen 2019ko maiatzaren 22ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (95. zk.), eta 45 egunez egon zen jendaurrean, horren eraginpekoek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesak defendatzeko.

Jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapen Sailak jakinarazi zuen ez zela alegaziorik jaso.

Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa Sustatzeko Sailak kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei, arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien, egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondoreak espedientean daude jasota.

2020ko otsailaren 24an, ingurumen-adierazpen estrategikoa osatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapen Sailak, otsailaren 27ko 3/1998 Legean, abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu ziren:

– Planaren azken proposamena (Igorreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialaren aldaketa –paisaia-zehaztapenei dagokiena–, 2018ko azarokoa).

– Igorreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialaren aldaketaren –paisaia-zehaztapenei dagokiena– ingurumen-azterketa estrategikoa (2018ko azarokoa).

– Hainbat dokumentu, jendaurreko informazioaren eta eragindako administrazio publikoei egindako kontsulten emaitzak zehaztuta, bai eta jasotako txostenak kontuan hartzeko moduari buruzko idazkia ere.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei, baldin eta lege-xedapen batek edo erregelamenduzko xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, betiere ingurumen-eraginaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola lurralde-antolamenduari.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazio bat egin behar da; hau da, arauaren I. eranskineko a) atalean jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, eta ebaluatu beharreko plan horien artean daude, besteak beste, Lurralde Plan Partzialen aldaketak, ingurumenari ondorio adierazgarriak eragiteko modukoak badira.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapen Sailak, organo substantibo den heinean, bai Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, ingurumen-organo den heinean, beharrezkotzat jotzen den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura gauzatu ahal izateko, ingurumen-ikerketa estrategiko baten bidez –aurrez ezarri da haren irismena–, kontsulta publikoen eta eragindako administrazio publikoen eta interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedientean dauden dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo eskuduna da, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena, eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituena–), Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuarekin bat etorriz, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du. Adierazpenak aldeko balorazioa egiten du ingurumen-alderdiak Planaren proposamenean sartzeari buruz, eta planak ingurumenean izango dituen eragin esanguratsuen aurreikuspenari buruz, azkenean onartzen den planean sartu behar diren azken zehaztapenak barne, ingurumen-ondorioetarako.

Orain arte azaldutako guztiari jarraikiz, espedientean jasotako txostenak aztertuta, eta aplikatu beharreko legeak eta arauak ikusita (3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko sailak sortzekoa, ezabatzekoa eta aldatzekoa eta horien funtzioak eta jarduketa arloak zehaztekoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak), honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Igorreko eremu funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren aldaketaren –paisaia-zehaztapenei dagokiena– ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, jarraian dauden baldintzen arabera:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak. Aldaketaren helburua da Igorreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialean sartzea (aurrerantzean, LPP) «paisaia-zehaztapenak» (baliabide hori Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuan dago xedatua).

LPParen aldaketak ez du aldatuko indarrean dagoen lurralde-eredua. Paisaia-zehaztapenak LPParen azken titulu berrian jaso dira, gomendiozko arau-xedapen gisa, eta lurralde- eta hirigintza-plangintzako baliabide egokien bidez aplikatu eta garatuko dira.

Paisaiaren zehaztapen horiek hemezortzi artikulutan daude egituratuta. Lehenengo laurek arauaren xedea definitzen dute, eta Igorreko eremu funtzionalerako paisaia-eremuak eta unitateak, paisaia-interes bereziko eremuak eta paisaia-kalitatearen helburuak identifikatzen dituzte.

5. artikulutik 17. artikulura, biak barne, paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko araubide bat ezartzen da, aurrez identifikatutako paisaia-kalitateko hamahiru helburuetako bakoitzerako, bai eta jarduketa-proposamen bat ere, Igorreko eremu funtzionalaren paisaia-kalitatea babestu, hobetu eta balioesteko. Oro har, honako talde hauetan egituratu daitezke zehaztapen horiek:

– Paisaia naturalak eta nekazaritza- eta abeltzaintza-erabilerekin lotutako paisaiak zaintzeko, ondare-elementuak, ur-ibilguak eta hezeguneak kontserbatzeko, balio handienekotzat jotzen diren baso-eraketa autoktonoak zaintzeko, larre menditarrak zaintzeko eta interes geologikoa duten lekuak zaintzeko zehaztapenak.

– Azpiegitura linealak (energia-, bide- eta trenbide-azpiegiturak) eta telekomunikazio-azpiegiturak, erauzketa-jarduerak eta hondakinak kudeatzeko azpiegiturak (zabortegiak eta betelanak, hondakin-uren araztegiak, garbiguneak, etab.) paisaian integratzera bideratutako zehaztapenak, bai eta bizitegitarako hiri-garapen berriak, jarduera ekonomikoetarako eremuak, landa-kokalekuak eta sakabanatutako eraikuntzak paisaian integratzera eta degradatutako eremuak zaharberritzera bideratutakoak ere.

– Ekoizpen-landaketen baso-kudeaketara bideratutako zehaztapenak, paisaia- eta biologia-aniztasuna handitzen laguntzeko.

– Paisaia-ibilbideen sarea mantentzeko eta hobetzeko zehaztapenak, eta administrazio publikoen arteko lankidetza eta herritarrak paisaia kontserbatu eta hobetzeaz sentsibilizatzeko zehaztapenak.

Azkenik, 18. artikuluak paisaiaren zehaztapenak aplikatzeko eta garatzeko araubidea ezartzen du.

B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko uztailaren 10eko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.

Ingurumen-organo honek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuta egin da ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

Ingurumen-organoaren ustez, bereziki interesgarria da LPParen aldaketak berariaz adieraztea naturagune babestuetan aplikazio-irizpideak eta erabileren erregulazioa dagozkien babes-figurek ezarritakoak izango direla. Halaber, paisaia-intereseko eremuen Paisaiaren Ekintza Planak egokitu beharko dira naturagune babestu horietan agintzen duten antolatzeko eta kudeatzeko tresnetara.

Planak paisaia babesteko zehaztapenen multzo bat ezartzen du, a priori, ingurumenean ondorio negatibo nabarmenik eragiten ez duena. Hala ere, ingurumen-azterketa estrategikoak adierazten duen bezala, LPParen aldaketan jasotako proposamenen eskala eta maila kontuan hartuta, hura garatzeko tresnei dagokie –eta, azken buruan, haren esparruan baimendu daitezkeen proiektuei– jarduketa horiek zehaztea eta, hala badagokio, horien ingurumen-ebaluazioa egitea.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

D) Indarreko araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimendukoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

Ingurumen-agiri estrategikoan ezarritako neurriei, besteak beste, hauek gehitu beharko zaizkie:

– Aniztasun biologikoa areagotu beharko da, eta, edonola ere, kontserbatu, habitaten eta espezieen funtzionamendua babestuta eta leheneratuta. Ezarriko diren neurriek (besteak beste, antenak eta aerosorgailuak trinkotzeko proposamena eta ibilbide edo behatoki berriak sortzea), gutxienez, ingurumen-egoera mantentzen dela bermatu beharko dute.

– Behar diren neurriak jarriko dira eragindako lurzoruen ezaugarri edafikoak mantentzeko. Landareztatu behar diren azaleretan eta ezpondetan, ahal dela, landare-lurra erabiliko da. Era berean, saihestu egingo da lur-mugimenduek espezie inbaditzaileen hedapena sustatzea.

– Orain dauden eta egingo diren garapenak, jarduerak eta azpiegiturak paisaian integratzeko erabili behar diren landare-espezieak kontu handiz hautatu beharko dira. Bertako espezieak erabiliko dira, paisaian integratu beharreko eremuaren balizko landarediarekin bat etorriz, eta kanpoko espezieak pixkanaka gutxiagotuko dira. Gainera, hautatutako espezien ezaugarriak kontuan hartuko beharko dira, nahi diren helburuak bermatzearren (haien klima- eta edafologia-eskaerak, berezitasun fisiologikoak, egitura, kromatismoa, testurak eta abarrak).

– Ibai-paisaiak lehengoratu eta zaintzeko jarduketek berariaz jaso behar dute ibai-inguruneak babestu eta lehengoratzeak gainerako erabileren aurrean lehenetsi beharreko erabilera izan behar dutela. Hain zuzen ere, lur azpiko nahiz azaleko ur kontinentaletan, ur azpietan, ibilguetan, ur-bazter edo ertzetan eragina duten edo izan dezaketen jarduketetan, lehentasuna eman behar zaio ura eta haren ingurunea babestu, begiratu eta lehengoratzeari.

– Ibilguak babesteko zortasun-eremua errespetatu beharko da, eta bete egingo dira plan hauetan ezarritako atzerapenak eta mugak: Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana eta Kantauri Ekialdeko eta Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoak. Aldez aurretik eskumena duen administrazio hidraulikoaren baimena/emakida beharko dute jabari publiko hidraulikoan zein hari lotutako babes-eremuetan, zortasun-eremuan eta ibilguak zaintzeko eremuan egindako jarduketa guztiek, baita lursailera edo ibilgu publikoetara egindako hondakin-uren isuriek zein ura (lurrazalekoa zein lurpekoa) biltzeak ere.

– Uholde-arriskuari dagokionez, ura husteko ahalmena nabarmen murriztea dakarten jarduketak egitea saihestu behar da, bai eta uraldien aurrean kalteberak diren erabilerak ere. Kasu guztietan, aipatutako plan hidrologikoetan eta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plangintza Sektorialean ezarritakoa aplikatuko da.

– Proposamenen garapenak behar diren neurriak ezarriko ditu lurraldeko lotura ekologikoa mantentzen dela ziurtatzeko. Lurraldearen iragazkortasuna sustatzen duten neurriak aztertu beharko dira: zeharkako eta luzetarako drainatze-obrak egokitzea (bideen beheko pasabidea, esaterako, faunarentzako pasabideak, arrapalak, erlaitzak edo plataforma paraleloak...); era berean, bertako zuhaitz eta zuhaixkak era linealean taldekatuta ezartzea komeni den aztertuko da, inguruan dagoen landaredi naturalarekin lotzeko.

– Kontuan izan beharko da espezie mehatxatuak kudeatzeko planetan faunari eta florari buruz xedatutakoa.

– Kultura-ondareari dagokionez, Euskal Kultur Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa hartuko da kontuan.

E) Ingurumen-jarraipenaren plana.

Azterketak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Planaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk antzemateko. Hainbat kontrol proposatzen dira, Plana garatzeko egin daitezkeen proiektuen obra-faserako, eta jarraipen-adierazle batzuk proposatzen dira, Planaren aplikazio-maila erakusteko.

F) Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako arau orokorrak.

Planaren aldaketaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2018ko uztailaren 10ean emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

Besteak beste, honako alderdi hauek azpimarratu behar dira: natura-ingurunearen konektagarritasuna areagotzea, igarobide ekologikoen existentzia eta mantentzea ziurtatzea, naturagune babestuak kontserbatzea, Batasunaren intereseko habitatak errespetatzea eta kalteak konpentsatu ordez, prebentzioa lehenestea. Bete beharreko ebaluazio-prozeduretan zehazten dena alde batera utzi gabe, naturagune babestuen kontserbazio-helburuak nabarmen arriskuan jar ditzaketen proiektuak ez dira inola ere gauzatu beharko.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea Igorreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialaren aldaketa –paisaia-zehaztapenei dagokiena– onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Igorreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialaren aldaketaren –paisaia-zehaztapenei dagokiena– ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Laugarrena.– Ebazpen hau jakinaraztea Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailari.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 16a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala