Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

203. zk., 2020ko urriaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4254

EBAZPENA, 2020ko irailaren 7koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita «Dr. Fleming» 34. eremuari eta «Arizmendi» 1. sektoreari buruzko arau subsidiarioen aldaketa puntualaren gaineko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2020ko maiatzaren 12an, Beasaingo Udalak eskabide bat bete zuen, «Dr. Fleming» 34. eremuari eta «Arizmendi» 1. sektoreari buruzko arau subsidiarioen aldaketa puntualaren (aurrerantzean, Plana) gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eskabide horri atxiki zitzaizkion Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat. Gainera, dokumentu horretan, dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iritzitako oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezkotzat joko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko. Legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erantzun jaso dira kontsultak egiteko izapide horretan, eta haien emaitza espedientean jasota dago.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

«Dr. Fleming» 34. eremuari eta «Arizmendi» 1. sektoreari buruzko Beasaingo arau subsidiarioen aldaketa puntuala (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen du, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan ere, Planak ingurumenean ondorio txarrik izan ez dezan.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Dr. Fleming» 34. eremuari eta «Arizmendi» 1. sektoreari buruzko Beasaingo arau subsidiarioen aldaketa puntualaren gaineko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, honako hauek kontuan hartuta:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xede diren eremuak honela daude sailkatuta: bizitegitarako hiri-lurzorua «Doctor Fleming» 34. eremuan eta lurzoru urbanizagarria «Arizmendi» 1. sektorean.

Planak bi aldaketa proposatzen ditu:

– Alde batetik, «Arizmendi» 1. sektorea desklasifikatuko da, 17.005 m2-ko azalera duena. Sektore hori lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa dago sailkatuta indarreko plangintzan, eta «lurzoru urbanizaezin» gisa sailkatuko da, «nekazaritza- eta abeltzaintza-zona eta landazabala» kategorian. Ondorioz, ez dira garatuko 2008an onartutako Plan Partzialean aurreikusitako bi familiako 26 etxebizitza –13 eraikin–, eta finkatu egingo da egungo eraikuntza, Arizmendi baserria.

– Bestalde, aldatu egingo da «Dr. Fleming» 34. eremuan aurreikusitako antolamendu xehatua, 13.447 m2-ko azalera duena, 2008an egindako Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren bidez. HAPB horrek lehendik zeuden 12 etxebizitzak finkatu zituen, eta hiri-lurzoru finkatugabeko 34.1 egikaritze-unitatea ezarri zuen, gehienez ere 48 etxebizitza berri eraikitzeko. Plan honen bidez, bizitegi-eraikin berri horien antolamendua aldatuko da, eta, ondorioz, baita garatuko den urbanizazioarena ere. Hala, alde batetik, 12 etxebizitzako bi bloke garatzea proposatzen da, 34.1 egikaritze-unitatearen iparraldean, eta, bestetik, bi bloke hegoaldean, 13 eta 11 etxebizitzarekin, hurrenez hurren. Eraikin-blokeek 276 m2 inguruko okupazioa dute oinplanoan, eta BS+III profila dute.

Gainera, bi solairu egingo dira sotoan, aparkalekuekin, baita trastelekuak eta lokal sozial bat ere. Espazio libre berriek 3.845,9 m2-ko azalera izango dute.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak eremuaren antolamendu xehatua egiten du. Hori onartu eta gero, urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuak garatu beharko dira. Aurkeztutako dokumentuak ikusi dira, eta planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan: Planak eremuaren antolamendu xehatua aldatzen du soilik, etxebizitza kopurua zertxobait handituta; beraz, ez du eraginik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den ala ez, ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: Plan hau garatuz, hirigintzako erabileretarako lurzoruaren zigilatzea murriztuko da, eta, hala, artifizializatu gabeko lurzoru naturalen proportzioa handituko da. Gainera, aurkeztu den dokumentazioan, obretarako ingurumen-jardunbide egokien eskuliburua aurkitzen da. Hori dela eta, Plana egokia da ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko, garapen jasangarria sustatzearren.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: Ingurumen-inpaktu nagusiak Planari lotutako proiektuen obra-fasean gertatzen diren jarduketei lotutakoak izango dira. Ez da aurreikusten ingurumen-arazo adierazgarririk egongo denik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eragindako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.

e) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo estatu mailako ingurumen-legeak ezartzeko, hain zuzen ere, hondakinen, klima-aldaketaren, airearen kalitatearen arloetakoak (emisio atmosferikoak, zarata).

2) Nolako ingurumen-efektuak sor daitezkeen eta zer ezaugarri dituen eragina jasan lezakeen eremuak.

Planaren xede diren eremuak Beasaingo hirigunearen iparraldean daude; zehazki, «Arizmendi» 1. sektorea, iparralderago dagoena, Usurbe mendiaren magalean dago, iparraldean GI-3191 bide-azpiegiturarekin egiten du muga, eta hegoaldean «Dr. Fleming» 34. eremuarekin. Gaur egun, «Dr. Felming» hiri-eremu finkatuaren eta Arizmendi baserria dagoen landa-lurraldearen arteko trantsizio-eremua da.

34. eremuak, era berean, «Arangoiti» 10 eremuko eraikinak ditu mugakide mendebaldean eta hegoaldean, eta «Lardi» 11 eta «Garin-Enea» 35 eremuak iparraldean eta ekialdean, hurrenez hurren, eta hiri-lurzoru gisa dago sailkatuta.

Planaren eremuan ez da hauteman interes geologikoko eremurik, ezta naturagune babesturik ere, eta ez dago EAEko igarobide ekologikoen sarearen barruan. Ez dago, ezta ere, kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremua ez dago arrisku aipagarrien eraginpean, ez du akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun nabarmenik, eta ez da detektatzen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzorurik.

Horrenbestez, ziurta daiteke inpaktu adierazgarrienak giza habitataren kalitatearen gainekoak izango direla, Planari loturiko eraikuntza- eta hirigintza-proiektuak ezartzearen ondorioz. Adierazgarrienak hondakinen sorrerarekin, lur-mugimenduekin eta obra-fase honetan ingurune hurbilenean airearen kalitatean eta kutsadura akustikoan izango diren eraginekin lotuta egongo dira.

3) Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean jasotakoaren arabera. Planari loturiko proiektuak betetzeko hartu behar diren neurri nagusiak honako hauek dira:

– Proiektua gauzatzean, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da. Jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, gehieneko okupazio-azalera, landaredian duen eragina kontrolatzea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta ez botatzea, olio-isuriengatik edo lur-arrasteengatik lurzorua edo urak kutsatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da), eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak, berriz, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Beasaingo Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta soinu-emisioei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiak obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Landare- eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendio eta neurriak kontuan hartuko dira. Gidan aukerak ematen dira, birlandatu beharreko ingurunearen arabera, eta ahalmen inbaditzailea duten espezie aloktonoak identifikatzen ditu, landaketa horietan ez erabiltzeko.

Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:

IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen (2017rako lehentasuna) eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan jasotako gomendioak (Eusko Jaurlaritza, 2015), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.

Ezarri behar diren neurriek honako jardun-arlo hauetan eragin beharko dute:

Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.

Hondakin solido gutxiago sortzea.

Lurzoruaren okupazioa murriztea.

Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

Ur gris gutxiago sortzea.

Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

Pertsonen garraio-prozesu gutxiago egitea eta mugikortasuna hobetzea.

Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, bildutako baldintzen eta ebazpen honetan jasotako baldintzen arabera, eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak bertan txertatzen badira, «Dr. Fleming» 34. eremuari eta «Arizmendi» 1. sektoreari buruzko Beasaingo arau subsidiarioen aldaketa puntualak ez duela ondorio adierazgarririk eragingo ingurumenean, eta, beraz, ez da beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Beasaingo Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dezatela agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, «Dr. Fleming» 34. eremuari eta «Arizmendi» 1. sektoreari buruzko Beasaingo arau subsidiarioen aldaketa puntuala onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 7a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren absentziaz (apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarria).

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala