Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2020ko irailaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3915

EBAZPENA, 2020ko irailaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bitartez ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzen baita honako proiektu honi buruz: Ormaiztegi TA-Abadiño TA zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa berritzea, Gabiria, Ezkio-Itsaso, Legazpi, Zumarraga, Urretxu, Antzuola, Bergara eta Elgetako udalerrietan (Gipuzkoa), eta Elorrio eta Abadiñoko udalerrietan (Bizkaia), I-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAUk sustatuta.

AURREKARIAK

2019ko otsailaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak jendaurrean jarri zuen Ormaiztegi TA-Abadiño TA zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa berritzeko proiektua –Gabiria, Ezkio-Itsaso, Legazpi, Zumarraga, Urretxu, Antzuola, Bergara eta Elgetako udalerrietan (Gipuzkoa), eta Elorrio eta Abadiñoko udalerrietan (Bizkaia), I-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAUk sustatuta–, baita haren ingurumen-inpaktuaren azterketa ere, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Izapide horri dagokion iragarkia 2019ko otsailaren 26an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 2019ko martxoaren 1ean Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, eta 2019ko otsailaren 28an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak adierazten du ez dela alegaziorik jaso.

Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, 2019ko otsailaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Emaitza espedientean jasota dago. Horri dagokionez, funtsezko organoak adierazi du ingurumen-inpaktuaren azterketan kontuan hartu direla eragindako administrazio publikoen erantzun-txostenak.

2020ko uztailaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpena emateko eskaera egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, honako proiektu honi buruz: Ormaiztegi TA-Abadiño TA zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa berritzea, Gabiria, Ezkio-Itsaso, Legazpi, Zumarraga, Urretxu, Antzuola, Bergara eta Elgetako udalerrietan (Gipuzkoa), eta Elorrio eta Abadiñoko udalerrietan (Bizkaia), I-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAUk sustatuta.

Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu zen:

– Ormaiztegi TA-Abadiño TA zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa berritzeko proiektua, 2018ko martxokoa.

– Ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ormaiztegi TA-Abadiño TA zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa berritzeko proiektuarena, 8-40, 67-89 eta 91-114 euskarrien (Abadiño TA) eta horien deribazioen artean: 101. euskarria-1BISN euskarria, Zaldibar TA deribazioa; 27BISN euskarria-Orbegozo TA deribazioa; eta 28. euskarria-Legazpi TA deribazioa (Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoak), 2018ko maiatzekoa.

– Jendaurrean jarri izanaren ondoriozko emaitzei buruzko dokumentuak.

– Eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten emaitzei buruzko dokumentuak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak era egokian bermatuko dira. Helburua, besteak beste, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea da, aukerarik egokienak hautatzeko xedearekin, jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren planek eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Ormaiztegi TA-Abadiño TA zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa berritzeko proiektua –Gabiria, Ezkio-Itsaso, Legazpi, Zumarraga, Urretxu, Antzuola, Bergara eta Elgetako udalerrietan (Gipuzkoa), eta Elorrio eta Abadiñoko udalerrietan (Bizkaia)–, aipatutako arauaren I.B) eranskineko 3.4 epigrafean dago jasota.

Bestalde, aipatu beharra dago baliokidetzat har daitezkeela otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arrunta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak, funtsezko organo gisa, ebaluazio-prozedura arrunta egiteko behar den hura prestatu du Ormaiztegi TA-Abadiño TA zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa berritzeko proiekturako, Gabiria, Ezkio-Itsaso, Legazpi, Zumarraga, Urretxu, Antzuola, Bergara eta Elgetako udalerrietan (Gipuzkoa), eta Elorrio eta Abadiñoko udalerrietan (Bizkaia), I-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAUk sustatuta. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterlan bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu, eta eraginpeko administrazio publikoek eta pertsona interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten da, eta proiektua gauzatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea; Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baititu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen baititu; apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; eta urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta baita aplikatzekoak diren gainerako arauak ere. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau formulatzea honako proiektu honi buruz: Ormaiztegi TA-Abadiño TA zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa berritzea, Gabiria, Ezkio-Itsaso, Legazpi, Zumarraga, Urretxu, Antzuola, Bergara eta Elgetako udalerrietan (Gipuzkoa), eta Elorrio eta Abadiñoko udalerrietan (Bizkaia). Adierazpena aldekoa da.

Ormaiztegi-Abadiño 1 eta 2ko zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa berritzean datza proiektua. Berrikuntza-lanak linea elektrikoaren tarte hauetan egingo dira: 8-40 (9.310,58 m), 67-89 (4.883,84 m), 91-101 (1.932,25 m) eta 101-Abadiño TA (4.378,87 m) euskarrien artean, bai eta Zaldibar TArako deribazioaren 101 eta 1BISN euskarrien arteko 95,30 metroetan, 27BISN euskarritik hasi eta Orbegozo azpiestaziora bitarteko 614,03 metroetan, eta 28. euskarritik hasi eta Legazpi azpiestaziora bitarteko 1.000,18 metroetan.

Lehendik dauden 19 euskarri ordeztuko dira, 5 euskarri berri instalatuko dira, eta gurutzetak eta/edo indargarriak aldatuko dira beste 12 euskarritan, otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuaren bidez onartutako erregelamenduak eskatzen dituen baldintza teknikoak eta segurtasun-bermeak betetzeko. Horrek 22.215,72 metroko luzera hartzen du guztira, Gabiria, Ezkio-Itsaso, Legazpi, Zumarraga, Urretxu, Antzuola, Bergara eta Elgetako udalerrietan (Gipuzkoako Lurralde Historikoan), eta Abadiño eta Elorriokoan (Bizkaiko Lurralde Historikoan).

24 euskarri berriak eraikitzeak behin betiko eragina izango du 2.553 m2-ko azaleran. Horren barruan daude zimenduen okupazioa eta horien perimetroko lurren eraztuna. Batez beste, 106 m2 okupatuko dira euskarri bakoitzeko.

Proiektuak badu berezitasun bat: jarduketa guztiak egungo linearen trazaduraren azpian egingo dira. Linea horretan, mozketa- eta/edo inausketa-lanak egin dira, segurtasun-bidea indarreko araudira egokitzeko. Euskarri berriak linearen egungo trazaduraren azpian jarriko dira, eta linea ez da mugituko jatorrizko kokapenetik. Aurreikusitako euskarri berriak eraikitzearen ondorioz, horien azalera baliokidea desafektatu behar da, gaur egun linean dauden euskarriak desmuntatu eta ordeztu behar direlako.

Euskarri gehienetara iristeko, lehendik dauden bideak (33.191 m) erabiliko dira, edo, bestela, errei bidezko aldi baterako sarbideak prestatuko dira (2.076 m). Edonola ere, 4.133 m bide berri sortu beharko dira, hau da, 16.532 m2-ko okupazio-azalera. Gainera, errei bidezko sarbideek 8.304 m2 okupatuko dituzte aldi batez.

Proiektua gauzatzen den bitartean, 27.000 m2-ko azalera okupatzea aurreikusten da aldi baterako, euskarri bakoitzaren inguruan egin beharreko obrengatik, bai eta lan-zelaiengatik eta euskarriak muntatzeko eta eroaleak jartzeko beharrezkoak diren segurtasun-ateengatik ere.

Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko baldintza batzuk ezartzea, lotesleak izango direnak, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz. Hauek dira baldintzak:

A) Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Lanen gainerako izapideek dirauten bitartean proiektuan aldaketa puntualak egiteko premia sortzen bada, eta aldaketa horiek ez badira aurreko paragrafoan aipatutakoak bezain garrantzitsuak, aldaketa horiek ingurumenaren ikuspuntutik ere justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Trazadurak ez die eragiten ez babestutako espazio naturalei ez natura-intereseko beste eremuei (Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako –LAG– interes naturalistikoko eremuak, EAEko Garrantzizko Naturaguneen Katalogo Irekiko espazioak, EAEko Hezeguneen Lurraldearen arloko Planeko beste hezeguneak), ez eta EAEko Korridore Ekologikoen sareko elementuei ere.

Ez da aurkitu EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasotako IGLrik, baina badaude kointzidentziak ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotako interes geologikoko bi gunerekin.

Proiektuaren esparruan, baso-landaketak dira nagusi, azaleraren % 50 baino gehiago hartzen baitute. Hedaduragatik nabarmenenak diren hostozabal autoktonoen orbanak honako hauek dira: 16. eta 21. euskarrien artean eta 36. eta 38. euskarrien artean dauden hariztiak, Gabiria eta Antzuolako udal-mugarteetan hurrenez hurren; eta 74. eta 77. euskarrien artean dauden pagadiak, Elgetako udalerrian, bai eta lerroa zeharkatzen duten ur-ibilguei lotutako ibaiertzeko landaredia ere

Haltzadi kantauriarra Batasunaren lehentasunezko intereseko habitata da (91E0*: Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieetako baso alubialak). Hauek dira Europar Batasunaren interesekoak diren eta linea elektrikoak zeharkatzen dituen bestelako habitatak (92/43/CEE Zuzentarauaren I. eranskinaren arabera kodetuta):

– 4030. Europako txilardi lehorrak: habitat horretan kokatuko dira 25N eta 72N euskarri berriak (sarbide berriko 20 m barne), 73. euskarrira heltzeko sarbide berriko 85 m, eta 103N eta 107 BISN euskarriak.

– 6510. Behe-altitudeko sega-belardi elkorrak. Habitat horretan kokatuko dira euskarri berri hauek: 99N (sarbide berriko 40 m), 100N (sarbide berriko 50 m) Zaldibar TArako deribazioko 1BISN, Legazpi TArako deribazioko 1. euskarrirako sarbide berriko 127 m, eta lehendik ere badagoen 78. euskarrira sartzeko 168 m.

– 9120. Pagadi azidofilo atlantikoak. Habitat horretan kokatuko dira 74N euskarri berria eta horra heltzeko sarbide berriko 440 m, eta 77N euskarri berria eta horra heltzeko sarbide berriko 67 m.

Faunarentzako arriskuari dagokionez, kontuan hartuta linean planteatutako aldaketak ez dakarrela aldaketa esanguratsurik egungo trazaduran, ez da espero proiektua gauzatu ondoren talkaren ondoriozko eragin gehigarririk izango denik tokiko hegazti-faunan. Beste alde batetik, nahiz eta aztergai dugun eremuan goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan hegazti-faunak talka egitearen eta elektrokuzioaren aurka zehaztutako EAEko babes-eremuak dauden, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (ikusi 9-18 irudia), eremu horiek proiektuaren xede diren eremuetatik urrun daude, eta inola ere ez die eragiten.

Proiektuak aireko 22 gurutzaketa aurreikusten ditu hainbat ibai eta errekaren jabari publiko hidraulikoaren gainean. Gurutzaketa horietako 9tan zuhaiztiren bat moztea aurreikusten da, eta 10 gurutzaketatan beste euskarri bat edo bi jarriko dira, horietako 7 polizia-eremuaren barruan. Euskarri berriak edo ordezten direnak ez daude jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremuan. Ubideetako batzuk bisoi europarrarentzako Interes Bereziko Eremuetan daude, espezie horren Bizkaiko Kudeaketa Planean definituta dagoen moduan (aipatutako plana ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez onartu zen). Zehazki, bisoi europarrarentzako interes bereziko eremuak zehaztu dira azterketa-eremutik igarotzen diren zenbait tartetan; hain zuzen ere, Ibaizabal ibaiaren eta Gazteluerrekaren ibilguaren tarteetan.

Linearen erreformak 1.020 m2-ri eragiten dio, eta azalera hori balio estrategiko handikoa da, horrela sailkatuta baitago Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren arabera. Kopuru horretatik, 91 eta 91N euskarrietarako sarbidea egiteak okupatuko ditu 940 m2, eta 15N euskarri berriak, berriz, 80 m2.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, lurrak kalteberatasun txikia eta oso txikia du akuiferoekiko, eta euskarri berri guztiak uholde-arriskuko eremuetatik kanpo daude. Ingurumen-inpaktuaren azterketak baldintza geotekniko kaltegarriak dituzten eremuak detektatu ditu 15N euskarriaren inguruan eta 68. eta 70. euskarrien arteko sarbidearen inguruan.

Ez dago babes edo sarbide berririk kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak dituen edo halakoak izan dituen lurzoru gisa katalogatutako eremuen gainean. 15N eta 27BISN euskarriak kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak dituen edo halakoak izan dituen lurzoru gisa katalogatutako eremutik gertu daude, nahiz eta proiektuak ez duen jarduerarik planteatzen lurzoru horietan.

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurri hauek eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumenaren gaineko inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak.

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Ondoren adierazitako neurriak hartuko dira, arau hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Gipuzkoako Mendien urriaren 20ko 7/2006 Foru Araua, Gipuzkoa Lurralde Historikoko zenbait flora-espezieren babesa finkatzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretua, bertako zenbait baso-espezieren araubide espezifikoari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Araua, eta, hala badagokio, Gipuzkoako Foru Aldundiaren nahiz Bizkaiko Foru Aldundiaren mendien kudeaketan eskumena duten organoek ezarritakoa.

D.1.1.– Proiektua burutzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira lanak eta lurzorua erabiltzea eragiten duten ekintza osagarriak. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxolak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne–.

D.1.2.– Eremurik kalteberenetan eta natura-balio handiena duten eremuetan (zuhaizti autoktonoak, faunarentzat interes berezikoak diren eremuak, etab.), inausi egingo da, posible bada betiere, eta zuhaitzak behar-beharrezkoa denean moztuko dira soilik, eta bakar-bakarrik kolokan jarriko badute linea elektrikoaren segurtasuna haien gehieneko garapenera iristen direnean. Dena dela, lehendik dagoen zuhaixka-geruza osoa mantendu beharko da. Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira zein zuhaitz ebaki edo lepatuko den erabakitzeko irizpideak.

Eremuak kalteberak izanez gero (interes komunitarioko habitatak eta baso autoktonoko masak), zuinketa-fasean eta zuhaitzak botatzen direnean, botanikan aditua den batek egon beharko du mozketan/inausketan bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian, edo, halakorik ezean, lehendik dagoen korridorea. Aurreko apartatuetan aipatutako eremu kalteberetan sarbideak irekitzea saihestuko da.

Zuhaitzak botatzea edo eskokatzea beste aukerarik ez bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko.

D.1.3.– Lurgaineko urak dituzten ibilguen gurutzaketetan, ibaiertzeko espezieak dauden tokietan (lizarrak, haritzak, sahatsak, etab.), lineari eragin diezaioketen goiko adarrak bakarrik kimatuko dituzte. Ez da zuhaitzaren garaiera osoaren 1/3 baino gehiago kimatuko, eta eremuko zaintzaileak gainbegiratuta egingo da hori, geldialdi begetatiboan (negua).

Zuhaitz aloktonoak erabat moztu daitezke; betiere, berehala tamaina txikiko edo hazkunde moteleko espezieak landatzen badira (sahatsak, hurritzak, haritzak), eta mozketa neguan egiten bada, ibaizainak gainbegiratuta, ibilguetan eragin txikiagoa izateko.

D.1.4.– Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetan bisoi europarraren kudeaketa-planen eremuan egitekoak diren jarduerak foru-organo eskudunek ezarritako baldintzei jarraikiz gauzatuko dira. Organo horiek mugak ezar ditzakete, bai lanak egiteko eran, bai horiek egiteko unean, betiere kontuan hartuta zein diren zaindu beharreko aldiak, fauna mehatxatuaren ziklo biologikoei dagokienez.

D.1.5.– Kontratistaren instalazio-eremuak obren enpresa esleipendunak egokituko ditu, egitekoak diren jarduketek ahalik eta eragin txikiena izan dezaten ingurumenean. Eremu horiek ezin dira inola ere intereseko landaretza duten espazioetan egon (zuhaizti autoktonoak, ibaiertzeko landaretza, interes komunitarioko habitatak, mehatxatutako landare-espezieak), ez eta ibilguetatik hurbil dauden lursailetan ere.

Horretarako, obrak hasi aurretik, xehetasun-kartografian zehazki zedarrituko da zenbateko eremua hartzen duten obrarako sarbideek, tresnak aldi batean biltegiratzeko eremuek eta hondeaketa-lurrak eta hondakinak aldi baterako metatzeko tokiek. Mugaketa hori obra-zuzendaritzak baimendu beharko du, eta, aldez aurretik, ebazpen honetako D.10 atalean aipatzen den txostena egingo du Ingurumen Aholkularitzak.

D.1.6.– Ustekabeko eraginik gertatzen bada adierazi den eremutik kanpo, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honetako D.10 apartatuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Hargatik eragotzi gabe ur-gaietan eskumena duen organoak xedatutakoa, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira jabari hidrauliko publikoan eta horren zortasun- eta zaintza-guneetan eragina duten obretarako:

D.2.1.– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

D.2.2.– Obrako makinen parke gisa erabiltzen den lurrazala eta horren mantentze-eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko da. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

Ebazpen honen D.11 apartatuan aipatzen den dokumentazioan jasoko dira elementu horien ezaugarriak, kokalekua eta neurri zehatzak.

D.2.3.– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa edukiko da, berehala erabili ahal izateko ustekabeko isuri edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, etab.

D.2.4.– Ingurumen-inpaktuaren azterketan deskribatu diren berariaz egokitutako eremuetan garbituko dira hormigoi-upelak. Hormigoi-esnea ezingo da inola ere ibilgura isuri. Hormigoi-hondakinak kudeatzeko, ebazpen honen D.6 apartatuan ezartzen diren baldintzak beteko dira.

D.3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten leku gehiago aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, 4/2015 Legean (ekainaren 25ekoa, lurzorua ez kutsatzeari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzkoa) ezarritakoa bete beharko da.

D.4.– Hauts-emisioak gutxitzeko neurriak.

D.4.1.– Lanek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro osteko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.

D.4.2.– Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

D.5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

D.5.1.– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipoen zaraten kontrolean ere.

D.5.2.– Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.5.3.– Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, eta hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

D.5.4.– Soilik egunez egingo da lan.

D.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

D.6.1.– Sortutako hondakinak (indusketetatik datozen hondakinak eta ordeztu beharreko euskarriak eta eroaleak eraisteko lanetatik sortzen direnak barne) Hondakin, Lur Kutsatu eta Berariazko Araudiei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

D.6.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak dekretu horretako I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko.

D.6.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

D.6.4.– Eraikitzeko edo eraisteko obren hondakinei dagokienez, kutsatu gabeko induskatutako lurzoruak eta obretan induskatutako material naturalak badira eta obra gauzatzeko soberakin gisa sortzen badira, eta betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, induskatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balioztapen-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.

D.6.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

D.6.6.– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

D.6.7.– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Era berean, obrek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

D.6.8.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta txosten horretan sartu beharko dira indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak.

D.7.– Kultura ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako betebeharrak gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio dagokion foru organoaren Kulturako Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.8.– Paisaia babesteko eta obren eraginpeko azalerak lehengoratzeko neurriak.

D.8.1.– Obran paisaia integratzeko lanak eragindako eremu guztietan egingo dira. Ingurumen-lehengoratzean sartuko dira lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa, bai eta landare-estalkia izan dezaketen guneen landare-berritzea ere.

D.8.2.– Eragindako azalera guztiak landareztatzeko proiektua idatziko da. Proiektu horren barruan egongo da zenbait gune birlandatzea; hain zuzen ere, lan-zelaiek aldi baterako okupatutako azalerak, euskarrietara errodadura bidez heltzeko sarbideak, eta ezpondak. Berriz ere landareak jartzerakoan, kontuan hartu behar da bertako espezieak landatu behar direla, natural bihurtutako habitatak sorrarazteko, eta inguruan dagoen landaredia naturalarekin konektatzen saiatu behar da.

Bota beharreko zuhaitz-eremuetako zuhaixka-geruzari eraginez gero, eremu horietan baso atlantiko mistoko zuhaixka-espezieak landatu beharko dira.

Zuhaitzak botatzeagatik zuhaixka-geruzarik gabe geratzen diren ibai-bazterretan, ibaiertzeko landaretzak berezko dituen enbor txikiko zuhaitz- edo zuhaixka-espezieak landatuko dira.

D.8.3.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

D.8.4.– Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek beren baitan jaso beharko dituzte proposatutako birlandatze-jarduketak behar bezala betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak.

D.8.5.– Lehengoratze-lan horiek iraun bitartean, ekintzak gauzatuko dira landare inbaditzaileak zabaltzea eragozteko –hala nola, Cortaderia selloana, Robinia pseudoacacia, Fallopia japonica, Buddleja davidii, Arundo donax eta beste–. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunetik.

D.8.6.– Ingurua lehengoratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu.

D.9.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honen D.6 apartatuan xedatzen dena aplikatuko da.

D.10.– Ingurumen-aholkularitza.

D.10.1.– Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaintzan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan, aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren zehaztapenen arabera. Baldintza-pleguak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

D.10.2.– Eremuak kalteberak izanez gero, hala nola lehentasunezko eta interes komunitarioko habitatak, baso-masa autoktonoak, zuinketa-fasean eta zuhaitzak botatzen direnean, botanikan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

D.11.– Lan-programa diseinatzea.

Lanak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu honako azpiapartatu hauetan zehaztutako gaiei buruz, gutxienez.

Lanak egiteko programari erantsiko zaizkie, eta lanen zuzendariak berariaz onartuko ditu –aurrez, txosten bat egingo du aurreko atalean aipatutako ingurumen-aholkularitzak–. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Lan-eremuetarako sarbideen kokapenaren eta ezaugarrien xehetasuna (xehetasun-kartografia barne): oinplanoa, luzetarako eta zeharkako profilak, lur-mugimenduak eta sortutako ezpondak.

– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, eta hor jasota egongo dira hondeaketa-lurrak behin-behinean biltzeko eremua, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura.

– Xehetasun-kartografia bidez, zehatz-mehatz zedarrituko dira lanak gauzatzeko nahitaez bota behar ez diren zuhaitz autoktonoak eta zuhaitz-unadak.

– Eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinak kudeatzeko plana, honako hauek errespetatuta: eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikulua; Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikulua.

E) Ingurumena Zaintzeko Programa.

Ingurumena zaintzeko programa gauzatzeko, bete beharrekoa izango da sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa; horretaz gain, jarraian zehazten diren kontrolak egin beharko dira.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ikuskatzeko moduan egongo da erregistroa, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaliko zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

E.2.– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea

Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

E.3.– Lehengoratzearen arrakastaren kontrola.

Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako eremuen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

E.4.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

E.5.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta funtsezko organoaren bidez bidaliko zaizkio Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari. Obrak bukatuta eta leheneratze-lanen bermealdia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, leheneratzea egin eta bi urtera. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu beharko da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta, aldez aurretik zehaztu ez denean, laginak hartzearen xehetasunak.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia betetzeko.

F) Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

G) Hargatik eragotzi gabe ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa, jarraian aipatzen diren dokumentuak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan. Agiri horiek Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu organo substantiboak oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.

G.1.– Lanak hasi baino lehen, ebazpen honetako D.8 atalak araututako birlandatze-proiektua.

G.2.– Lanak hasi baino lehen, Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentu bateratua –ebazpen honetako E.4 atalak aurreikusten du–.

G.3.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, lur-mugimenduei buruzko balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honen D.6 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

G.4.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzen duena, ebazpen honen E.1 apartatuan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Laugarrena.– Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari noiz hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Saileko Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari eta Gabiria, Ezkio-Itsaso, Legazpi, Zumarraga, Urretxu, Antzuola, Bergara eta Elgetako, eta Elorrio eta Abadiñoko udalei.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 11.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala