Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

152. zk., 2020ko abuztuaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
3146

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 24koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariarena, ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuaren babesean uzta-neurri berdeetarako laguntzak ematen dituena.

2020ko ekainaren 10ean argitaratu da 557/2020 Errege Dekretua, ekainaren 9koa, zeinaren bidez ardoaren sektorean aparteko neurriak hartzen baitira COVID-19aren pandemiak eragindako krisialdiari aurre egiteko, bai eta sektore horretan merkaturatzeko arau bat ezartzen eta mahastizaintzako eta ardogintzako sektorean egin beharreko aitorpenei buruzko araua eta ardoaren sektoreari laguntzeko programa aldatzen ere.

Arau horretan ardoaren sektoreari laguntzeko hainbat neurri ezartzen dira, eta horien artean dago, III. kapituluan, 2020ko mahats-bilketarako uzta berderako laguntza bat, Euskal Autonomia Erkidegoko mahastizainak har ditzakeena.

Era berean, 2020ko ekainaren 19an, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren 2020ko ekainaren 12ko Ebazpena argitaratu zen, ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuan jasotako uzta-neurri berdea Euskadin aplikatzeari buruzkoa. Errege-dekretu horren bidez ardoaren sektorean aparteko neurriak hartzen dira COVID-19aren pandemiak eragindako krisialdiari aurre egiteko, bai eta sektore horretan merkaturatzeko arau bat ezartzen eta mahastizaintzako eta ardogintzako sektorean egin beharreko aitorpenei buruzko araua eta ardoaren sektoreari laguntzeko programa aldatzen ere.

Ebazpen horretan honako hauek arautzen ziren: eskabideak aurkezteko lekuak, mahats-mordoak suntsitzeko edo deuseztatzeko modua, hektareako errenta-galeraren konpentsazioaren gehieneko zenbatekoak lurralde-eremuen arabera, eta laguntza jaso dezaketen gehieneko zenbatekoak eta mahats-mordoak suntsitzeko edo deuseztatzeko kostuengatik lurralde-eremu bakoitzean aurreikusitako konpentsazioa errenta-galeraren konpentsazioaren gehieneko zenbatekoak hektareako, lurralde-eremu bakoitzaren arabera, eta lagundu daitezkeen gehieneko zenbatekoak eta mahats-mordoak suntsitzeko edo deuseztatzeko kostuen konpentsazioa hektareako lurralde-eremu bakoitzerako.

Aurkeztutako eskabideak ikusita, eta ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuan eta 2020ko ekainaren 12ko Ebazpenean ezarritako parametroak, irizpideak eta gainerako baldintzak aplikatuta, ebazpen honen bidez zehazten dira laguntza hauen onuradunak, zenbatekoak eta azalerak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ebazpen honen eranskinean zerrendatutako onuradunei ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuan aurreikusitako laguntzak ematea, eranskinean zehaztutako zenbateko eta azalerengatik.

Bigarrena.– Ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuaren 32.3 artikuluan xedatutakoaren arabera (ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretua), kontrol egokiak egin ahal izateko, onuradunek uzta berdea noiz egingo den jakinaraziko dio dagokion foru-aldundiari, eta jakinarazpen hori laguntza ordaintzeko eskaeratzat hartu ahal izango da. Onuradunak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo 10 egun baliodunetan egin beharko du uzta berdea.

Hirugarrena.– Tokian eragiketa behar bezala egin dela egiaztatu eta lurzatia neurtu ondoren ordainduko da laguntza.

Mahastizainak ez badu eragiketa egiten laguntzaren xede den azalera osoan, onartutako azaleraren eta tokian bertan egindako kontrolek benetan gauzatutako azaleraren arteko aldea hartuko da kontuan. Diferentzia hori ez bada % 20tik gorakoa, tokian bertan egindako kontrolek zehaztutako azaleran oinarrituta kalkulatuko da. Aldea % 20tik gorakoa baina % 50ekoa edo txikiagoa bada, tokian bertan egindako kontrolek zehaztutako azaleraren oinarriaren gainean kalkulatuko da, eta egiaztatutako aldearen ehunekoa halako bi murriztuko da. Nolanahi ere, azaleren arteko aldea % 50 baino handiagoa bada, ez du laguntza jasotzeko eskubiderik izango.

Inola ere ez da onartuko uzta berdea lurzatian egin dela, lurzati horretako mahats mordo guztiak kendu eta suntsitu ez badira.

Uzta berdearen data baino lehen, hondamendi natural baten ondorioz ekoizpena guztiz edo zati batean galtzen bada, ez da laguntzarik ordainduko.

Aurreko paragrafoa betetzeko, hondamendi natural bat egon dela ulertuko da baldintza meteorologikoengatik (izotza, txingorra, euriteak edo lehortea) ekoizpenaren % 30 baino gehiago suntsitzen denean, hau da, aurreko hirurtekoan nekazari jakin baten urteko batez bestekoa edo aurreko bost urteetan oinarritutako hiru urteko batez bestekoa, kopururik handiena eta baxuena alde batera utzita.

Laugarrena.– Ebazpen honen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratzen denetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 24a.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria,

JORGE GARBISU BUESA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala