Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2020ko uztailaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2855

AGINDUA, 2020ko uztailaren 7koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, COVID-19aren testuinguruan, Hirigune Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako 2020ko laguntza-programarako arauak ezarri eta deialdia egiteko dena.

XI. legegintzaldi honetako Euskadi 2020 gobernu-programan, I.1 ardatzaren barruan (Hazkunde sendoa, enplegu gehiago eta hobea dakarrena). 31. Konpromisoa jasotzen da: «Euskal merkataritza-sektorearen lehiakortasuna sustatu». Bertan, tokiko merkataritza bultzatu eta bere lehiakortasuna sustatu, funtsezko elementua baita enplegua finkatzeko eta herriak eta hiriak dinamizatzeko, eta, horrekin batera, hiri-espazioak modu eraginkorrean kudeatu.

Logika horretan, merkataritza-lankidetza sustatzeko apustua egiten da, merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatuz eta merkataritzako enpresarien elkarteak indartuz. Horretarako, ezinbestekoa dugu hainbat ekintza abian jartzea, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko kolaborazioaren bitartez, dinamizazio-programak ezartzeko udalen eta elkarteen artean.

Testuinguru horretan, Hirigune programa, udalen eta merkataritza elkarteen arteko lankidetza publiko pribatuaren euskarri bilakatu da, hiriko merkataritza-esperientziaren funtsezko eragile diren aldetik.

Lehenengoek, udalek, hiriko ekonomia jasangarri eta erakargarri bat ahalbidetuko duen ingurune bat sortzen laguntzen dute, bizilagunen eta bisitarien beharrak irizpide sozial arduratsuen bidez asetuko dituena, modu orekatuan enpresa-lehiakortasuna, gizarte-kohesioa eta bizi-kalitatea lehenetsiz. Horretarako, hausnarketa eta jarduera desberdinak gidatzen dituzte hainbat arlotan, hala nola merkataritza-hirigintza, hiri-mugikortasuna, garapen ekonomikoa, hiriaren kanpo-proiekzioa eta abar, batez ere epe ertain eta luzera begira dagoen hausnarketa- ekintza-ikuspegi baten bidez.

Bigarrenek, merkataritza-elkarteek, lan partekatua eta enpresen arteko lankidetza sustatzen dute, sektorea indartzeko eta modernizatzeko jarduerak bultzatze aldera; merkataritzako giro bizia eta pizgarria sortzeko, tokiko merkataritza ikusgai jartzeko; eta bizilagun kontsumitzailearekiko hurbiltasuna eta nortasuna (komunitatea egitea) eta kanpoko bisitariarekiko erakargarritasuna eta harrera bultzatzeko. Hori guztia, epe laburreko ekintzak lehenesten dituen ikuspegi baten bidez.

Bi zeregin horiek sinergikoki osatzen dira lankidetza-esparru batean, eta, bertan, Merkataritza Suspertzeko Plan Bereziek (MSPB) edo Merkataritzako Plan Estrategikoek partekatutako ibilbide-orri bat daukate; eta Merkataritzako Mahaietan, berriz, batera gobernatzeko foro naturala.

Hiriguneari buruzko helburu eta planteamendu horiek Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarentzat lehentasunezko lan-eremua izaten jarraitzen duten arren, ekitaldi honetan salbuespen-egoera sortu da. COVID-19aren pandemiak piztutako krisiak egoera bereziki gogorra sorrarazi dio sektoreari; ez soilik azpisektore askotan itxiera asko egon delako edo, kasu askotan, inpaktu suntsitzailea izan duen fakturazio-maila urriei aurre egin behar izan dielako, baizik eta, sektoreak bere osotasunean, jarduera berriro sustatzeko egoerari aurre egin behar diolako, ziurgabetasunez beterik eta ikaraturik, aurreikusten duen ekonomia panoramaren aurrean.

Premia biziko egoera konplexu horretan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak aurrekontua berregokitu behar izan du 2020an, eta lehenetsi behar izan ditu epe laburra, kontsumoaren sustapena eta enpresa-sareari laguntzea; eta, beste alde batetik, epe ertain eta luzeko inbertsioak murriztu behar izan ditu, hurrengo ekitaldietan berreskuratzeko, egun dugun shock egoera gainditu ostean eta «normaltasun berriaren» merkataritza agertokia argiago egituratzen denean.

Salbuespenezko egoera horren ondorioz, Hiriguneren deialdi atipikoa egiten da, aurrekontu-ahalegin guztia sektorean biltzen duena (elkarte-sareak), baina ez dio uko egiten lankidetza publiko-pribatuaren espirituari, ez muinari dagokionez, ez eta egiturari dagokionez ere. Aitzitik, egoera horren bidez lankidetza sinergiko hori estutzeko aukerak indartu nahi dira, eta normaltasun berriaren agertokian modu eraginkor eta berrituan batera gobernatzeko baldintzak sortzeko.

Deialdi honetan, eta aurrez azaldutako arrazoiak direla eta, laguntzak merkatari-elkarteen, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako elkarte mistoen edo hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteen jarduketei bideratuko dira bere osotasunean.

Izan ere, jarduketen eraginkortasuna eta eragina fintzea inoiz baino beharrezkoagoa da, eta, horrek, eragile guztien lankidetza eta koordinazioa eskatzen du. Saileko Gida Planaren printzipioak ezartzen dituen ikuspegi kolektibo eta kolaboratibo horretatik, aginduaren planteamenduak honako apustu hau egiten jarraitzen du:

– Hiri-inguruneen merkataritza-kudeaketan sakontzearen alde, esku-hartze tradizional desberdinak bereiziz eta aberastuz, haien ahalmen eraldatzailea eta eraginkortasuna optimizatzeko.

– Sektorearen lehiakortasuna bultzatzearen alde, elkarte-sarearekin lankidetza sustatuz, eta berritutako logika eraginkor batekin.

– Lurralde politika eta laguntza-ildo desberdinen bateratze espazio gisa ulertzen laguntzeagatik.

Logika horren baitan, eta 2020ko salbuespenezko egoerak sorrarazi dituen aurrekontu eta epe laburreko mugetatik haratago, Hiriguneren deialdi atipiko honetan udalek parte hartzea eta ekarpenak egitea inoiz baino beharrezkoagoa da, proiektu horiek udal-politika desberdinekin batera laguntzeko, osatzeko eta modu aktiboan koordinatzeko: hirigintzatik hasi eta garapen ekonomikora, tartean direla merkataritzak duen eta izango duen rol aktiboaren gizarte dimentsioa.

Era berean, Merkataritza Jarduerari buruzko maiatzaren 27ko 7/1994 Legearen 50. artikuluan aipatzen denez, Eusko Jaurlaritzak, merkataritzaren arloko sailaren bitartez, merkataritza-egiturak eraberritzea bilatzen duen jarduketa oro aurrera eramango du, eta batez ere honetara bideratuak: merkataritzako enpresen artean taldekatze edo unitate integratuak osatzera, merkaturatzeko egitura eta prozesuak hobeto ezagutzera bideraturiko azterlan eta ikerketak egitera eta merkataritza-azpiegituraren akatsak zuzentzera.

Eta udalerri mailako ekintza desberdinak bateratzeko esparru horretan, gure auzoetan, herrietan eta hirietan hiri-ehuna eratzen duen hurbileko merkataritzaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu.

Laguntza-programa hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren dirulaguntzen 2020ko Plan estrategikoan jasotzen da, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2020ko otsailaren 3ko Aginduaren bidez onartu zen (2020ko ekainaren 3ko Agindu bidez aldatua). Programak, halaber, nahikoa aurrekontu-kreditu du, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legean ezartzen den arabera.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da udalerrikako jardun-proiektu bakarrak eta globalak garatzeko laguntzen esleipena arautzea, osasun-krisiak eragindako egoera arintzeko eta hiri-merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzeko zentroko zonetan eta inguruetan, hala nola auzoetan (berriak, zahartuak, degradatuak...).

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.950.000 eurokoak dira guztira, 2020ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkionak.

Deialdi honetan, eta aurrez azaldutako arrazoiak direla eta, laguntzak merkatari-elkarteen, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako elkarte mistoen edo hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteen jarduketei bideratuko dira bere osotasunean.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izango dira udalerriko merkatarien elkarteek edo hiri-merkataritzaren elkarte mistoek edo hiri-merkataritzaren plataformek, elkarte-multzoek edo elkarteek; baina dagokion Udalarekin 4. artikuluan adierazitako lankidetza publiko-pribatuko «esparru-akordio» bat sinatu beharko dute biek.

Salbuespen gisa, ekitaldi honetan ez dira onuradun izango Euskal Autonomia Erkidegoko udalak; hala ere, ezinbestekotzat jotzen da lankidetza publiko-pribatuko esparru-akordio horren sinatzaile gisa agertzea.

Horrela, honako hauek izan daitezke onuradunak:

a) Zona-eremuko merkatarien elkarteak eta elkarte mistoak, baldin eta, 2020ko urtarrilaren 1ean, inskribaturik badaude Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Erroldan, zeina ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuaz arautu baitzen.

b) Plataformak, elkarte-multzoak edo hiri-merkataritzako elkarteak, pertsona fisiko edo juridiko gisa eratuak, publikoak zein pribatuak, edo edozein motako unitate ekonomiko edo ondare, izaera juridiko propioa duena, eta, zuzenbideak onartutako edozein eran, 2020ko urtarrilaren 1ean horrela inskribatuta daudenak.

Eta, betiere, a) eta b) kasuetan honako hauei badagozkie:

– 15.000 biztanletik gora dituzten udalerriak. Agindu honetako I. eranskinean dago jasota zerrenda.

– 15.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak, hirigune historikoa baldin badute eta udalerriko merkataritza-establezimenduen kopurua dela eta, biziberritze komertzial baterako potentzialtasuna duten kasuan. Halako udalak agindu honetako II. eranskinean daude zehaztuta.

– Beren eskualde-ingurunean ekonomia eta merkataritza arloko erreferentziazko gunetzat jotzen diren udalerriak, 75 merkataritza-establezimendutik gora dituztenak. Aipatutako udalak agindu honetako III. eranskinean daude zehaztuta.

2.– Merkataritza-banaketaren jarduketarekin zerikusia duten merkatari elkarteen edo elkarte mistoen artean, laguntza jasotzeko eskaera aurkeztu den egunean, bazkide gehien dituztenak, eta gutxienez ere 10 merkataritza-establezimendu dituzten udalerrietakoak, I., II. eta III. eranskinetan jasotzen diren udalerrietakoak salbu. Elkarte horiek ez dute esparru-akordiorik eta MSPB azterlanik (Merkataritza Suspertzeko Plan Berezia) aurkeztu beharko.

3.– Deialdiaren xede diren dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. puntuetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 artikuluan jasotako debekuetako baten eraginpean ez egotea.

4.– Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean eduki beharko dira. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla, dirulaguntza eman aurretik, ordainketa egin aurretik eta, justifikazioaren ostean, dirulaguntzaren likidazioa egin aurretik.

Dirulaguntzaren eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntza emango duen organoari zuzenean egiazta ditzan Dirulaguntzen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan (887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa) aurreikusita dauden inguruabar edo zirkunstantziak, ziurtagiri telematikoen bidez.

4. artikulua.– Lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioa:

Laguntzak eskatzeko sinatu behar den lankidetza publiko-pribatuko esparru-akordioa elkar-lanerako plan baten eta elkartearen eta udalaren arteko lankidetzarako borondatearen berme gisa mantentzen da, eta honako hau jaso beharko du:

1.– Lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioa sinatzen duten subjektuak:

a) I., II., eta III. eranskinetako udalak.

b) Udalerri horiei dagozkien merkatarien elkarteak eta elkarte mistoak, edo hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteak, zehaztapen hauekin:

b.1.– Vitoria-Gasteizen, Donostian eta Bilbon, honako honek sinatuko du lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioa: udalerriko merkatari-elkarteen ordezkaritza handiena biltzen duen hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteak.

b.2.– Gainerako udalerrietan, hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarterik ez dagoenean eta elkarte bat baino gehiago badago, akordio bidez zehaztuko da nor izango den guztien ordezkaria eta lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioa sinatuko duena.

Udalerriko elkarte guztien artean egindako akordioak honako hauek jasoko ditu:

– Akordioa sinatzen duten elkarteak.

– Elkarte guztiak ordezkatzen dituen elkartea.

– Nor izendatu duten ordezkari laguntza-programa honetatik eratorritako betebeharrak gauzatzeko.

– Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak egin beharreko jarduketak.

– Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak jarduketetan izan behar duen partaidetza-maila.

– Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak egin beharreko jarduketen zenbatekoa eta aurreikusitako finantzaketa-sistema.

b.3.– Udalerriko merkatari-elkarte guztien adostasuna lortuko ez balitz, udalaren eta, elkartekide kopuruari dagokionez, balioduna izango da lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordio bat, sinatzaile hauek izango dituena: alde batetik, udala, eta bestetik, kide-kopuruari dagokionez, enpresa-ordezkaritza maila handiena duen edo duten merkatari erakundeak. Aipatutako elkarteen arteko akordio batean geratuko da idatzirik inguruabar hori, eta honako hauek jasoko dira:

– Akordioa sinatzen duten elkarteak eta haien enpresa-ordezkaritza maila.

– Elkarte guztiak ordezkatzen dituen elkartea.

– Nor izendatu duten ordezkari laguntza-programa honetatik eratorritako betebeharrak gauzatzeko.

– Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak egin beharreko jarduketak.

– Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak jarduketetan izan behar duen partaidetza-maila.

– Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak egin beharreko jarduketen zenbatekoa eta aurreikusitako finantzaketa-sistema.

– Akordioan parte hartzen ez duten udalerriko elkarteak eta bertan parte ez hartzeko arrazoiak.

– Bazkide bat merkatari-elkarte bat baino gehiagokoa bada, nahitaez zehaztu beharko du bere kidetza zein elkartetan konputatzea nahi duen.

2.– Lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioaren xedea izango da zehaztea zer jarduera diruz lagungarri egin beharko dituzten entitate onuradunek, udalerrian hiri-merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko proiektuak garatze aldera.

COVID-19aren pandemiak sortutako salbuespenezko egoera dela eta, lankidetza publiko-pribatuko esparru-akordioan jaso beharreko diruz laguntzeko moduko jarduketen lehentasunezko helburua pandemiari eusteko ezarritako osasun-neurriek hiriko merkataritza-sektoreko enpresetan izan duten eraginaren ondorioak arintzea izango da, eta merkataritza-jarduera eta, oro har, hirugarren sektorekoa berriz pizten eta sustatzen laguntzea.

3.– Egin beharreko jarduketek honako hauek jasoko dituzte: garatu beharreko ekintzak, aurreikusitako egutegia, ekintzak gauzatzeko baliabide ekonomikoak eta haien jatorria.

4.– Lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioan zehazten diren ekintzen kontrola eta jarraipena zenbait adierazleren bidez egingo da, ekintza bakoitzaren estaldura eta betearazpen-maila neurtzeko.

5.– Lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioaren kontrol- eta jarraipen-organoa jarduketak ebaluatzeko eratuko da.

II. KAPITULUA
LAGUNTZAK

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

EAEko merkatari-elkarteen, elkarte mistoen edo hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteen jarduketak, zeinen ezaugarriak IV. eranskinean zehazten diren, baldin eta 3. artikuluan sartzen badira.

6. artikulua.– Gauzatzeko epea.

Diruz lagundu daitezkeen jarduerak, baldin eta 2020ko urtarrilaren 1a eta 2020ko abenduaren 31 bitartean hasi eta amaitzen badira.

7. artikulua.– Diruz lagun daitekeen gastua.

1.– Diruz lagun daitezkeen gastutzat hartzen dira IV. eranskinaren zehaztapenekin zalantzarik gabe bat datozen proiektuak, betiere azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa baldintzak betetzen baldin badu.

2.– Ez dira diruz lagunduko ez BEZa, ez tasak, ez zergak.

3.– Diruz lagun daitekeen jardueraren azpikontratazioaren ehunekoa % 100 izango da gehienez , eta azpikontratazio horrek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29.3 artikuluan xedatutako baldintzak bete beharko ditu eta Dirulaguntzen Erregelamenduaren 68. artikuluan (887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa).

8. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– COVID-19aren krisia dela eta, salbuespen moduan, emandako laguntzen zenbatekoa proiektuan diruz lagun daitekeen gastuaren % 100 izango da.

2.– Udalerriko merkatari-elkarteen multzorako dirulaguntzaren gehieneko muga eragiketa honen emaitzan izango da: merkataritza-tartearen araberako dirulaguntza bider udalerriko merkataritza-dentsitatearen koefizientea (V. eranskinaren arabera).

(Ikus .PDF)
III. KAPITULUA
PROZEDURA

9. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea 2020ko uztailaren 21ean hasi eta 2020ko irailaren 10ean amaituko da.

2.– Eskaera bakarra egingo da aurreikusten diren jarduera guztietarako, eta oso-osorik beteta egon beharko du onartua izateko.

3.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira.

4.– Eskaera eskuratzeko eta betetzeko, Egoitza Elektroniko honetara jo beharko da:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1015607

Kanal elektronikoaren bitartez izapidetzeko zehaztapenak, baita eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere EAEko Administrazio Publikoko egoitza elektroniko horretan egongo dira eskura. Era berean, eredu horien edukiak agindu honen VI. eranskinean daude jasota.

Espedientearen kontsulta, errekerimenduak, jakinarazpenak eta prozeduraren bestelako izapideak EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6.– Eskaerarekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo entitatearen sinadura elektroniko egiaztatua ez ezik, aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak eska ditzakeenak ere ekarri beharko dira.

7.– Ordezkari bidez jardun nahi bada, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango dio, interesdunaren izenean bide elektronikoz jardun dezan Agindu honi dagozkion prozedura guztietan. Ordezkaritza hori eman ahal izango zaio:

– dela Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan dagoen Ordezkarien Erregistro Elektronikoaren bitartez (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/),

– dela eskaerari erantsita lege-ordezkaritza emateko inprimaki arautua, behar bezala beteta. Azken hori hemen dago eskuragarri: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/

Ordezkariak (fisikoa edo juridikoa) identifikatzeko bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du.

8.– Laguntza jasotzeko eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Halaber, dirulaguntza eskaeraren ondoriozko jarduketetan, prozedurak irauten duen bitartean, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

9.– Espedientearen tramitazioaren edozein unetan begiratu ahal izango da eskaeran jasotako datuen egiazkotasuna.

10.– Eskaerak aurkezteak esan nahi du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honetako oinarriak.

10. artikulua.– Eskaeraren edukia eta aurkeztu beharreko agiriak.

Laguntza-eskaera VI. eranskinaren araberakoa izango da, eta agiri digitalizatu hauekin batera aurkeztu beharko da:

1.– Erantzukizunpeko adierazpena, eskaera horretan jasota dagoen informazioaren egiazkotasunari buruzkoa. Hauek jasoko dira adierazpen horretan:

a) Bete egiten dituela deialdia arautzen duten oinarrietan ezarritako betekizunak.

b) Erakunde eskatzailea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2 eta 3 puntuetan aipatzen diren gainontzeko egoeretan (onuradun izatea eragozten dute horiek).

c) Eskatzailea ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruko ezein itzulketa edo zehapen prozeduratan.

d) Inbertsio hori bera egiteko beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik jasotako edo haiei eskatutako laguntzak.

e) Ez dagoela zigortuta dirulaguntzen eta laguntza publikoen onuradun izateko debekuarekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.2 artikuluaren arabera.

f) Emakumeen eta Gizonen Egiazko Berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa betetzen duela.

g) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluan ezarritako betebeharrak onartzeko konpromisoa hartzen duela.

2.– Ordezkaritza hirugarren pertsonen esku utzi nahi izanez gero, ordezkari jardun dezaten modu elektronikoan, eta horretarako erabiltzen ez bada Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoa, «Borondatezko Legezko Ordezkaritza Egilestea-Inprimaki normaldua» delakoa (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/) behar bezala bete, eta dokumentazio hau erantsi beharko zaio:

– Pertsona fisikoen kasuan: Ordezkaritza ematen duen pertsonaren NANa edo agiri baliokidea, baldin eta ez badu nahi instrukzio-organoak aipatu informazioa lor dezala administrazioarteko elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez.

– Pertsona juridikoen kasuan: ordezkaritza-ahala edota ordezkaritza hirugarren pertsona bati ematen dion erakundearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen bestelako edozer agiri, zuzenbidez balio duena.

3.– Dirulaguntza kobratzeko, eta pertsona edo enpresa onuradunaren bankuko edo izen sozialeko datuak aurretik eman ez badira edo aldatu nahi izanez gero, hirugarrenari alta emateko datuak eman beharko dira, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako ereduaren eta prozeduraren arabera (https://www.euskadi.eus/hirugarrenak).

Hirugarrenen alta Hirugarrenen Erregistro Telematikoaren bidez egiten ez bada, inprimakiarekin batera nortasun fiskaleko txartela ere aurkeztu beharko da.

4.– Eskaerarekin batera ondorengo agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen identitatea egiaztatzen duen dokumentazioa; horretarako, eratze-eskritura, estatutuak eta erregistroko inskripzioa aurkeztu beharko ditu.

b) Entitate eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartela, baldin eta nahi ez bada instrukzio-organoak aipatu informazioa lortzea administrazioarteko elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez.

c) Laguntza zer jarduketarako eskatzen den, bada horietako bakoitzerako azalpen-memoria bat, merkataritza-ikuspegitik egina, gutxienez informazio hau jasoko duena:

1) Garatu beharreko jarduera bakoitzaren gauzatze-proiektua, zera adieraziz:

1.a.– Lortu nahi diren helburuak.

1.b.– Gauzatu beharreko ekintzak.

1.c.– Egindakoaren eraginkortasuna neurtzeko adierazleak.

2) Sarreren eta gastuen aurrekontu xehatuak.

3) Gauzatze-egutegia.

4) MSPB azterlanean edo hori ordezkatzen edo osatzen duen beste azterlan batean sartzen dela.

5) Jardueran parte hartzeko aukera jakinarazteko erabiliko den sistema, hala behar den kasuetan.

d) Dagokion Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialeko ziurtagiria, Merkatari Elkarteen Erroldan agertzen diren erakunde eskatzailearen datuen ingurukoa.

e) Hiri-merkataritzaren plataformako, elkarte multzoko edo elkarteko idazkariaren ziurtagiria. Bazkideen zerrenda jaso behar du, eskaera-epea hasi aurreko hilabetean eguneratua, baita azken ekitaldian bildutako kuotak ere. Enpresen zerrenda sexuaren arabera bananduta islatu beharko da; alegia, merkataritza-enpresetako titular diren emakumezkoak adieraziko dira, alde batetik, eta titular gizonezkoak, bestetik.

f) 4. artikuluan aipatutako lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioa, baita ondoren egindako edozein aldaketa ere, 3. artikuluko 2. puntuetako elkarteak izan ezik.

g) Udalerriko elkarteek sinatutako akordioa, 4. artikuluko 1.b) puntuan adierazten den kasuan.

11. artikulua.– Zuzenketak.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzako Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoek aurkeztutako eskaerak eskatutako baldintzak betetzen ez dituela ikusten badute, akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat badu, erakunde eskatzaileei jakinaraziko die, eta hamar eguneko epea emango akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak aurkezteko; halaber, jakinaraziko die agindutakoa ez betetzeak eskabidea bertan behera utzi dutela esan nahiko duela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin. Epe hori igaro bada zuzenketarik egin gabe, ebazpena emango da eskatzaileak atzera egin duela adierazteko.

12. artikulua.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

1.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak garatuko diren lurralde historikoko Turismo eta Merkataritzako Lurralde Bulegoei dagokie lurralde historiko bakoitzeko merkatari-elkarteei eta hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteei dagozkien dirulaguntzen eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

2.– Eskabide bakoitza aztertu eta ebaluatu ondoren, ebazpen-proposamen bat aurkeztuko da eta berariaz adieraziko da eskatutako dirulaguntza emango den ala ez, eta zenbatekoa izango den.

13. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.

1.– Merkataritza zuzendariak, gehienez ere sei hilabeteko epean ebatziko ditu eskabideak, dirulaguntzaren eskaera aurkeztu eta biharamunetik aurrera; ebatzi ere, ordenari jarraituz, espedienteko dokumentazioa osatu zen unearen arabera.

2.– Eskatutako laguntza eman edo ukatzeko administrazio-ebazpenak honako hauek jaso beharko ditu: entitate onuradunaren identitatea, diruz laguntzen den jarduketa bakoitzerako ematen den dirulaguntzaren zenbatekoa (jarduketaren kostu zenbatetsiarekin eta egikaritze-epearekin) edo, kasuan kasu, ukapenaren arrazoia.

3.– Erakunde onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulketa- edo zehapen-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du erakunde horiei dirulaguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik.

4.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoarekin bat. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoaren bidez soilik egin ahalko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Dirulaguntzak emateko ezarritako kreditua agortuz gero, Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak egoera horren berri emango du administrazio-ebazpen baten bidez, eta ebazpen horretan kreditua noiz agortu den azaldu beharko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Aurrez aurkeztutako eskabideak, baina deialdiaren zuzkidura agortzen den unean ebazteke daudenak, ezetsi egingo dira.

6.– Ebazpena emateko epea amaitu, eta erakunde interesdunari ezer jakinarazi ez bazaio, eskatutako laguntza onetsi egin dela esan nahiko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan agindutakoarekin bat etorrita.

7.– Erakunde eskatzaileei dirulaguntzak emateko ebazpenak banan-banan jakinarazteaz gainera, onuradunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoa argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

14. artikulua.– Uko egitea.

Merkataritzako zuzendariak, ebazpen bidez, berariaz onartuko du uko egitea, eta, ordainketaren bat egin bada, itzultzeko betebeharra ezarriko du, dagozkion berandutze-interesekin, eta prozedura amaitutzat emango du erakunde onuradun horri dagokionez.

15 artikulua.– Gastuak justifikatzea.

1.– Justifikaziora sartzea eta berori betetzea egoitza elektronikoaren bidez soilik egin ahalko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Gauzatzeko epe-muga 2020ko abenduaren 31 izango da.

3.– Justifikazio-dokumentazioa aurkezteko epea 2 hilabete izango da, onartutako azken proiektua egikaritzen den unetik aurrera. Epe hori igaro eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko teknikariek entitate onuradunari eskatuko diote dokumentazioa aurkez dezala hamabost eguneko epe luzaezinean.

Ezarritako epean justifikaziorik ez aurkeztea arrazoi izango da ez-betetze gisa hartzeko eta, ondorioz, ordaindutako dirulaguntza gehi berandutze-interesak itzuli beharko dira

4.– Entitate onuradunek justifikatu egin beharko dute ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta laguntzaren helburua lortu dutela. Horretarako, dokumentazioa hau aurkeztu beharko dute:

a) Azalpen-memoria bat. Memoria horretan, gutxienez, informazio hau jasoko da:

1) Lortutako helburuak.

2) Gauzatutako jarduketak edo ekintzak.

3) Jarduketa bakoitza gauzatzean elkarte bakoitzak izan duen partaidetza-maila.

4) Gauzatutako gastua.

5) Jarduketa edo ekintza bakoitzeko gastuak eta diru-sarrerak.

6) Dokumentazio grafikoa.

7) Gauzatutako egutegia.

8) Egindakoaren eraginkortasuna neurtzeko adierazleen azken emaitzak baloratzea.

9) Hurrengo ekitaldietan errepikatzea egokia den eta horren arrazoiak baloratzea.

b) Jarduketa bakoitzeko fakturen laburpen-koadroa (faktura-zenbakia, kontzeptua eta zenbatekoa).

c) Fakturak –gauzatzeko epearen barruan emandakoak– eta horiek ordaindu izanaren banku-egiaztagiriak onartuko dira, bai merkataritza-plataforma, -elkarte-multzo edo elkartearen izenean edo enpresa-erakundearen izenean badago, baita erakunde horietako kide den edozein elkarteren izenean badago (plataforma edo taldea).

Diruz lagun daitezkeen jarduketen deskribapena ondo identifikatuta dituzten fakturak bakarrik onartuko dira –ez dira onartuko kontzeptu kodetuak–. Gainera, faktura horiek, BEZik gabe, 100 euro edo gehiagokoak izan beharko dira.

d) Berariazko parte-hartzea beharrezkoa den kasuan, jarduketara bildutako saltokien zerrenda, elkarte antolatzailearen kide den edo ez zehaztuta.

e) Elkarteko kide ez diren saltegiek jarduketa bakoitzean parte hartu izanaren ziurtagiria.

1) Saltegi parte-hartzaileak.

2) Partaidetza maila.

f) Aitorpena, helburu bererako lortu diren laguntza, diru-sarrera eta baliabideena, berdin dio administrazioetatik edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik datozen, baldin eta diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko badira. Honako hauek zehaztuko ditu:

– Eskaeraren urtea.

– Finantzaketa-instituzioa.

– Finantzaketaren jatorrizko programa.

– Jarduketa.

– Jarduketaren zenbatekoa, guztira.

– Eskatutako laguntzaren zenbatekoa.

– Emandako laguntzaren zenbatekoa.

g) Lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioan zehaztutako jarraipen-batzordearen balorazio-akta, eta, halakorik ezean, elkartearen txostena, bertan jasota gauzatutako proiektuen adierazleen hasierako eta amaierako emaitzak, baita garatutako ekintza bakoitzetik lortutako ondorioak eta udalak nahiz merkatari-elkarteek egindako balorazioa ere. Horrez gain, etorkizuneko ekitaldietan errepikatzeko komenigarritasuna eta arrazoiak.

5.– Nolanahi ere, Merkataritza Zuzendaritzak eskatzen duen eta justifikatutako jarduerak behar bezala egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein agiri aurkeztu beharko da.

6.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak garatuko diren lurralde historikoko Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoei dagokie, justifikatutako gastuak aztertzea eta laguntzaren xede diren jarduketak agindu honetan ezarritako baldintzak betez eta diruz lagundutako proiektura egokituz gauzatu direla egiaztatzea.

7.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada konpon daitezkeen akatsak daudela dirulaguntzaren entitate onuradunak aurkeztutako egiaztagirian, jakinaren gainean jarriko dute aipatutako langileek, eta hamar eguneko epea emango diote akatsok zuzentzeko.

8.– Diruz lagundutako jarduketei dagokienez, jarduketa bereko ekintzen artean aldaketak egitea onartuko da. Ez dira, inola ere, ordezkatzeak edo jarduketa berriak onartuko.

9.– Diruz lagundutako jarduketaren bati uko eginez gero, zenbatekoa ezingo zaie gainerakoei erantsi.

10.– Aurkeztutako proiektua edo proiektuak justifikatzean ikusten bada beherako desbideratzea izan dela, % 25ekoa baino txikiagoa, aurkeztu zen aurrekontuarekiko –dirulaguntza emateko kontuan hartu zenarekiko, alegia–, dirulaguntza berriz kalkulatuko da, hasierako dirulaguntza kalkulatzeko erabili ziren irizpide berberekin.

11.– Beheranzko aldea % 25 edo handiagoa bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egin daiteke, salbu eta justifikatzen bada dirulaguntzaren bidez lortu nahi ziren helburu guztiak bete direla. Bigarren kasu honetan, aurreko lerrokadan aurreikusitako moduan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

12.– Nolanahi ere, ez balira dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartuko, eta horrek emandako dirulaguntza murriztea ekarriko balu, Merkataritza zuzendariari dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio enpresa interesdunari, hala badagokio, aurkeztutako dokumentazioa konpon dezan.

13.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu ondoren, Merkataritzako zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena igorriko du, langile teknikoen txostena kontuan hartuta.

16. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

Laguntzak horrela ordainduko dira:

Aldeko ebazpena eman ostean ordainduko da emandako dirulaguntzaren % 70, 17.a) artikuluan aurreikusitako epea igarotakoan, betiere berariaz uko egiten ez bazaio.

Gainerakoa, egindako inbertsioak eta gastuak justifikatu ostean, agindu honen 15. artikuluan ezarritakoaren arabera.

17. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onura hartzen duten erakundeek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, hargatik eragotzi gabe azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak. Horrez gain, honako betebehar hauek ere bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrela, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, dirulaguntza onartu egin dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza eman den xede jakinerako erabiltzea.

c) Eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko diote Merkataritza Zuzendaritzari, hark egoki irizten dituen egiaztapen guztiak egin ditzan diruz lagundutako jardueren garapenaren eta gauzatze-lanen inguruan.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia beren eginkizunen barruan deialdi honen karietara jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen duten informazio guztia ematea.

e) Bi hizkuntza ofizialak erabiliko dira diruz lagundutako jardueren argitalpen, iragarki eta publizitate guztietan, eta erabiltzaileei eta kontsumitzaileei bermatu egingo zaie entitate onuradunekin dituzten harremanetan gaztelania eta euskara erabiltzeko eskubidea.

f) Ez dute ezein euskarritan, publizitatekoa edo informaziokoa izan, hizkera edo irudi sexistarik erabiliko. Halaber, zuzenean sortzen dituzten agirietan, hizkera inklusiboa izango da.

g) Espresuki adierazi beharko da, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuaren arabera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesa egon dela merkatari-elkarteen eta hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteen diruz lagundutako jarduketen euskarri, kartel eta seinaleetan nahiz hedapenean, zabalkundean edo publizitatean ere. Hori betetzen dela justifikatzeko, gutxienez ale bat helarazi beharko da.

h) Merkatari-elkarteek eta hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteek honako hau jakinarazi beharko diote Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoari https://www.euskadi.eus/nirekarpeta atariaren bidez:

– Gutxienez ere 7 egun balioduneko aurrerapenarekin, diruz lagundutako ekintzak non, zer datatan eta zer ordutan izango diren.

– Diruz lagundutako jarduketen jardueren edozein aldaketa, jarduerarako aurreikusi den dataren aurretik.

18. artikulua.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen babespean lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo erakunde pribatuek xede bererako erakunde onuradunei emandako beste edozein dirulaguntzarekin.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoak, Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publikoen edo erakunde pribatu edo publikoen laguntza edo dirulaguntzenak batuta, ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua; gaindituz gero, soberakinari dagokion kopurua kendu beharko zaio agindu honen bidez emandako laguntzari.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira eta beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik beste dirulaguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da; betiere, aldaketarekin ez-betetzeak estaltzen ez badira, arau honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira eta hirugarrenei kalterik eragiten ez bazaie. Horretarako, Merkataritza zuzendariak aldaketa egiteko bidezko ebazpena emango du, zeinean doituko baitira emandako dirulaguntzen zenbatekoak.

20. artikulua.– Ikuskapena.

Merkataritza Zuzendaritzak egokitzat jotako ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egingo ditu, diruz lagundutako proiektuen garapenari eta egikaritzeari dagokienez; horrela, entitate onuradunek eskatzen zaien informazio guztia aurkeztu beharko dute, eta, hori guztia, alde batera utzi gabe Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, kontrolak egitea jasotako laguntzei dagokienez.

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

Erakunde onuradunak ez baditu betetzen laguntza emateko ebazpenean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzak, Merkataritzako zuzendariak, behar den ebazpena emanez eta ez-betetze horri buruzko espedientea egin ondoren, non erakunde interesdunari entzungo zaion, adieraziko du onartutako diru-kopuruak eskuratzeko eskubidea erabat edo zati batean galdu duela, eta, hala badagokio, aginduko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul diezazkiola jasotako zenbatekoak, osorik edo zati batean, gauzatze-mailarekiko proportzioan, bai eta berandutze-interesak ere, hala baitiote Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta, zati baten diru-itzulketari dagokionez, 38/2003 Legeak 37. artikuluan zehazten duenaren arabera. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorioei dagokienez.

Ez-betetze espediente hori egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

22. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalei «Merkataritza-arloko Laguntzak eta Dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jarduketa aplikatuko zaie.

Honako arau hauen arabera tratatuko dira datu horiek: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Oinarrietan aurreikusita ez dagoen guztirako, hauek aplikatuko dira: 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena; eta, prozedura-arloan, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dionez administrazio-bideari, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dakioke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 7a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

SONIA PÉREZ EZQUERRA.

I. ERANSKINA
15.000 BIZTANLETIK GORAKO UDALERRIAK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
15.000 BIZTANLETIK BEHERA ETA MERKATARITZAREN ALDETIK BIZIBERRIKO POTENTZIALA DAUKAN GUNE HISTORIKOA DUTEN UDALERRIAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
ESKUALDEAN EKONOMIAREN ETA MERKATARITZAREN ALDETIK ERREFERENTZIAZKO JOTZEN DIREN UDALERRIAK
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
MERKATARIEN ELKARTE ETA ELKARTE MISTOEN, EDO HIRI-MERKATARITZAREN PLATAFORMA, ELKARTE-MULTZO EDO ELKARTEEN DIRUZ LAGUNDU DAITEZKEEN JARDUERAK
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
EAE-KO UDALERRIETAKO BIZTANLERIA, MERKATARITZA-ESTABLEZIMENDU ETA MERKATARITZA-DENTSITATEARI BURUZKO DATUAK
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
ESKABIDEA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala