Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2020ko uztailaren 10a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2710

AGINDUA, 2020ko uztailaren 7koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, artisau-eran ardoa, sagardoa eta garagardoa egiten dituen sektorean berme gisako finantza-laguntzak ezartzen dituena (Nekafin programa).

Osasunaren Mundu Erakundeak, joan den 2020ko martxoaren 11n, COVID-19ak sortutako osasun publikoko larrialdia nazioarteko pandemia mailara igo zuen. Egoera horrek askotariko ekonomia- eta enpresa-sektoreei eragin eta eragiten die, ohiko jarduna eragozten die eta.

Horren ondorioz, eta COVID-19aren ondorio ekonomikoak arintzearren, Agindu honetan jasotako mekanismoak sustatu behar dira, lagunduko baitute artisau-eran egindako ardo, sagardo eta garagardoaren azpisektorearen lehiakortasuna mantentzen eta egoera honen ondorioz eraldatzeko eta merkaturatzeko ahalmenean pairatu duten eragina arintzen, bai eta likidezia errazago lortzen ere (Nekafin programa).

COVID-19aren ondoriozko krisi sanitarioaren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoan aurreikusten diren aldi baterako kalteak ahal den neurrian arintzeko ezohiko neurrien barruan sartzen dira laguntza hauek.

Aurretik azaldutako xedeak lortzeko, Gobernu Kontseiluak berme-funts bat sortzea onetsi du 2020ko uztailaren 7an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Finantzen Euskal Institutuaren (aurrerantzean, FEI) eta Elkargi SGRren arteko finantza-lankidetzako hitzarmen baten esparruan, agindu honen barruan formalizatuko diren maileguei estaldura ematea helburu.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, dagokion lankidetza-hitzarmenaren babesean, Nekafin programaren berme-funtsari egiten dizkien ekarpenek xede hau baino ez dute izango: aipatutako sektoreetarako, eta programa honen babesean, formalizatzen diren zirkulatzaile-maileguetan (likidezia) hartutako arriskua estaltzea.

Egoki da, horrenbestez, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak horretarako laguntza-deialdia egitea. Ohartarazi behar da laguntza horiek bete-betean lotuta daudela hala arestian aipatutako datan Gobernu Kontseiluak hartutako erabakiarekin, nola maileguen bidezko finantzaketarekin.

Horregatik, segurtasun juridikoko arrazoiak direla eta, gomendagarria da Nekafin Programaren araudi oso bat aurkeztea. Horrek eskatzen du agindu honetako artikuluetan aipamenak sartzea, bai aipatutako finantzaketari buruzkoak, bai Gobernu Kontseiluak eratzea erabaki duen berme-funtsari buruzkoak. Orobat, agindu honetako eranskin gisa ere sartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, FEIrekin eta Elkargi SGRrekin sinatu beharreko lankidetza-hitzarmena.

Aurreko hori gorabehera, kontuan izanik Euskal Autonomia Erkidegoan dirulaguntzen arloan indarrean den araudian jasotako dirulaguntzaren kontzeptua zeinen zabala den, onuradunek jasotzen dituzten abantailei aplikagarri zaie Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zena. Bereziki, 51.2 artikuluan ezarrita dago gobernua, sailburuak eta erakunde autonomoetako lehendakari eta zuzendariak direla arauak onartu eta bakoitzak bere esparruko laguntzak eta dirulaguntzak emateko eskumena duten organoak.

Era berean, aplikatzekoa da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

Autonomia Estatutuaren 10.10 eta 16. artikuluen arabera Euskal Autonomia Erkidegoari emandako eskumenaren indarrez, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2020ko ekitaldian laguntza-programa bat ezartzea, artisau-eran ardoa, sagardoa eta garagardoa egiten dituen sektoreko enpresek likidezia-beharrei erantzuteko finantzaketa eskura dezaten, FEIk eman beharreko zirkulatzaile-finantzaketaren bidez bideratuta.

Bigarrena.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira jarraian datozen definizioak:

1.– Dirulaguntzaren baliokide gordina: laguntzaren azken onuradunak neurri horietatik ateratzen duen ustezko abantailaren edo onuraren tamaina. Dirulaguntzaren baliokide gordinaren zenbatekoa kontuan hartuko da laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko. Dirulaguntzaren baliokide gordina kalkulatzeko formula 964/2014 (EB) Erregelamenduaren III. eranskinean dago jasota.

2.– Pertsona fisikoa: erakunde juridikoaz besteko pertsona oro, enpresa ez dena, Tratatuaren 107. artikuluko 1. zenbakian ezarritakoari jarraituz.

3.– Enpresa: Jarduera ekonomiko bat gauzatzen duen erakunde oro, pertsona fisikoa edo juridikoa eta finantzaketa modua edozein direla ere. Bereziki, enpresatzat hartzen dira banakako edo familiako eskulangintzan edo beste jarduera batzuetan aritzen direnak, pertsonen sozietateak eta erregulartasunez jarduera ekonomiko batean aritzen diren elkarteak.

4.– Artisau-eran ardoa, sagardoa eta garagardoa egiten dituen sektoreko enpresak: Produktu horiek ekoitzi, eraldatu, ontziratu eta merkaturatzen dituzten enpresak, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako Legeak (abenduaren 2ko 17/2008 Legea) xedatutakoaren arabera.

5.– Artisau-eran egindako garagardoa: Lehengai naturalak erabiliz eginiko garagardoa, gehigarri edo kontserbagarri artifizialik gabekoa, uraren, lupuluaren, garagarraren eta legamiaren bidez garagardo naturala lortuta.

6.– Krisiak jotako enpresa: Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 1. artikuluko 18. zenbakian ezarritako betekizunak betetzen dituen enpresa.

7.– Finantza-bermea: idatzizko edozein konpromiso, hirugarren baten mailegu-eragiketa guztien edo zati baten erantzukizuna norberaren gain hartzen duena, berriki eginiko zor-tresnen, errentamenduaren edo kuasikapital-tresnen eran.

8.– Laguntzaren zenbatekoa: Laguntzaren intentsitate gordina, proiektuan diruz lagun daitezkeen kostuen ehunekoaren bidez adierazia. Kopuru guztiak zergetakoak edota bestelakoak diren kenkarien aurretikotzat hartuko dira.

9.– Enpresa txiki eta ertainak edo ETEak: mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan ezarritako irizpideak betetzen dituzten enpresak.

10.– Mailegua, agindu honen ondorioetarako: mailegu-emaileak mailegu-hartzailearen esku, hitzartutako epe baterako, hitzartutako diru kopuru bat jartzen duen edozein hitzarmen. Akordio horrek mailegu-hartzailea kopuru hori hitzartutako aldian itzultzera behartzen du. Lehendik dauden maileguak birfinantzatzea ez da diruz lagun daitekeen mailegua izango.

11.– Itzulketa: Laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, hala egokituz gero, jasotako laguntza itzultzea, pertsona edo erakunde onuradunak bere betebeharrak bete ez izanaren ondorioz.

Hirugarrena.– Onuradunak.

Agindu honetan araututako laguntzen onuradun izan ahalko dira pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, ETEren kategoria badute eta artisau-eran ardo, sagardo eta garagardoaren produktuak eraldatu eta merkaturatzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko establezimendu baten titularrak badira, betiere establezimendu hori Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Erregistroan inskribatuta badago.

Laugarrena.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Elkargi SGRren abalarekin formalizatu beharreko maileguek berrogeita hamar milioi (50.000.000) euroko erreferentzia-muga izango dute. Mailegu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak, FEIk eta Elkargi SGRk izenpetutako Lankidetza Hitzarmenaren (agindu honen III. eranskin gisa argitaratzen da) esparruan formalizatuko dira. Xede horretarako, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak bi milioi (2.000.000) euro eman dizkio FEIri, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura, berme-funts bat eratzeko.

2.– Eusko Jaurlaritzako Kontseiluaren erabakiz, milioi bat eta bostehun mila (1.500.000) euroko ekarpena egingo zaio Elkargi SGRri, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura, hornidura teknikoen funtsa sendotzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak, FEIk eta Elkargi SGRk sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan.

3.– Lehen apartatuan zehaztutako eman beharreko maileguen bolumena agortzen bada, gorabehera horri publizitatea ematearren, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, zenbateko hori zein egunetan agortu den adieraziko da, eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Argitaratze-data horretatik aurrera, agortu den laguntzarako aurkezten den eskabiderik ez da onartuko.

4.– Dagoeneko aurkeztuta dauden eta izapidetzen ari diren eskabideak, 1. zenbakian zehaztutako eman beharreko maileguen bolumena agortu delako artatu ezin direnak, arrazoi horrengatik ukatuko dira, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpenaren bidez.

Bosgarrena.– Baldintzak.

Onuradun izan ahal izateko, honako baldintza hauek bete behar dira:

1.– Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako baldintza orokorrak:

A) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, gaineratutako zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.

B) Eskabidean jakinaraztea ea sartuta dauden ala ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edota haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean, eta hala bada, prozedurak zein den edo diren adieraztea.

C) Egunean egotea dirulaguntzak itzultzeko edo zehatzeko prozeduretako kopuruak ordaintzeko betebeharrari dagokionez, laguntzen edo dirulaguntzen esparruan. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, gaineratutako zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.

D) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zigor- edo administrazio-arloko epai irmorik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

E) Konkurtso-deklaraziorik eskatu ez izana, prozeduraren batean kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea, edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

F) Enpresa krisialdian ez egotea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

G) Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea epai irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin duelako: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

H) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa ebatzita ez izatea.

I) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan edo arlo hau arautzen duen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

J) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

2.– Baldintza espezifikoak:

A) ETE izatea, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioaren arabera.

B) Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturiko jarduera-zentro bat edukitzea, eta Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Erregistroan alta emanda egotea.

C) Mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreko enpresei dagokienez, mahatsa eskatzailearen mahastizaintzako ustiategian ekoitzia izatea, edo Arabako mahastizaintzako ustiategiei eskuratzea, baldin eta Errioxa JDK Kontseilu Arautzailearen edo Arabako Txakolina JDren babespean badago; Bizkaikoei eskuratzea, Bizkaiko Txakolina JDk babestutako mahatsari dagokionez, edo Gipuzkoakoei, Getariako Txakolina JDk babestutako mahatsari dagokionez.

D) Sagardogintzaren kasuan, sagarra eskatzailearen nekazaritzako ustiategian ekoitzia izatea, edo Euskal Sagardoa JDren babesean dauden nekazaritzako ustiategiei eskuratzea.

E) Artisau-eran egindako garagardo-ekoizleen kasuan, ekoizpena EAEn kokatuta egotea eta Euskal garagardoa - Basque Beer elkartearen Basque Beer bereizgarria edukitzea.

F) Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.

G) Berreskuratze-agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

Seigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea eta era.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu honen indarraldia hasten den egunean hasiko da, eta agindu honen laugarren ebazpen-zatian adierazitako zenbateko osoa erabat agortutakoan bukatuko da, edota 2020ko abenduaren 4an.

2.– Irailaren 23ko 179/2014 Dekretuaren 8. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 14. artikuluan xedatutakoa betez, bide elektronikoak erabiliko dira eskabideak zein agiriak aurkezteko eta prozeduren izapideak egiteko. Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora joko da horretarako (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1106801).

3.– Inprimaki-eredu normalizatua erabiliko da eskabideak aurkezteko, helbide honetan eskuragarri dagoena: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1106801

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira (https://www.euskadi.eus/mikarpeta).

5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak modu presentzialean eta elektronikoan nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1106801

6.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak. Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

7.– Laguntzen eskabide-inprimakia eskura izango da web-orri honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1106801

8.– Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Pertsona juridikoen kasuan, erakundearen eraketa-eskriturak eta estatutuak. Erregistratuta egon beharko dira.

b) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren kopia.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.

d) Aurreikusitako galdu-irabazien kontua, eskabidea aurkezten duen ekitaldiaren ondorengo hiru jarduera-urteei dagokienez. Gainerako kasuetarako, jarduerari atxikitako aktibo eta pasiboen inbentarioa aurkeztuko da, baita azken bi ekitaldietan lortutako emaitzen deskribapen-memoria ere.

e) Banako enpresaburuei eta profesional autonomoei dagokienez, eskatzailearen ondasun-aitorpena, 2019ko PFEZaren aitorpena, halakorik badu, eta 2018koa, bai eta 2019. urteko diru-sarrera eta gastuen exekuzioa ere.

f) Dagozkien arauek hala eskatzen dutenean, azken bi ekitaldietako urteko kontuak. Aplikatu beharreko araudiak horrela eskatzen duenean, auditatuta egon beharko dira.

g) Aurreikusitako 2020. urteko ekitaldiko balantze eta emaitzen kontu eguneratua, edo, horrelakorik ezean, 2020. urteko ekitaldiko diru-sarrera eta gastu metatuak.

h) Enpresak aurreikusitako gastuetarako finantza-premien azalpen-memoria (I. eranskinean azaldutako inprimakiaren arabera).

i) Mahatsa edo sagarra eskuratuz gero, salerosketa-kontratuaren kopia, honako hauetan jasotako baldintzak beteta: Nekazaritzako Elikagaien Eredu Kontratuak arautzen dituen Legea (urtarrilaren 7ko 2/2000 Legea) eta haren erregelamendua onesten duen maiatzaren 12ko 686/2000 Errege Dekretua.

j) Erantzukizunpeko adierazpena, bosgarren ebazpen-zatian xedatutako baldintzak betetzeari buruzkoa, eta behar diren agiriak edukitzea eta administrazioaren eskura jartzea hala eskatuz gero.

k) Eta eskatzaileak, eskabidea baliozta dadin, aurkeztu nahi duen agiri osagarri oro.

9.– Laguntzak kudeatzen dituen organoak automatikoki egiaztatuko ditu NANa, IFK, EJZren epigrafea, eta eskatzaileak dagozkion zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketa-betebeharrak egunean dituen. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

10.– Eskabidea, eskatzen den dokumentazioarekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskaera aurkeztu ondorengo jardueretan ere, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.

11.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak interesdunari jakinaraziko dio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo behar diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko dio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Industrietako zuzendariak ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Eskabidea bertaratuta aurkeztuz gero, bide telematikoz egindako eskabideak baino ez duela balio jakinaraziko zaio eskatzaileari, eta horrela egiteko eskatuko zaio.

12.– Eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan eta zein unetan aurkeztu diren.

13.– Enpresa txiki eta ertainek (ETE) izaera hori egiaztatu beharko dute, agiri hauek aurkeztuta:

A) Pertsona fisikoentzat: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kopia, ekonomia-jardueren eranskinarekin batera, 2019ko ekitaldiarena.

B) Pertsona juridikoentzat: Eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiari dagokion sozietateen gaineko zergaren kopia.

Agiriekin batera, dokumentazioak erakusten duen egoera aldatu ez dela dioen adierazpena.

14.– Edonola ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, laguntza-eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko, beharrezkotzat jotzen dituen bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.

Zazpigarrena.– Gastu finantzagarriak.

1.– Elkargi SGRren abala duten maileguak artisau-eran egindako ardo, sagardo eta garagardoaren produktuak eraldatu eta merkaturatzeko zirkulatzaile-premiak estaltzeko emango dira.

2.– Emandako maileguen zenbatekoak onuradunaren kapital zirkulatzailearen premiak estaltzeko erabili beharko dira, premia hori edozein dela ere, eta ezin izango da erabili lehen mailako ekoizleei eskuratutako produktuen prezioa edo bolumena aldatzeko.

3.– Enpresa eskatzaile bakoitzaren zirkulatzailearen gehieneko premiak kuantifikatzeko, horrelakoek 2020. urteko ekitaldian izandako jarduera-maila erabiliko da adierazle gisa. Lortu ahal duten maileguaren gehieneko zenbatekoa kalkulatuko da modulu bat (eurotan) eskatzaileak prozesatzea aurreikusten duen lehengai-bolumenaz biderkatuz, honako zenbateko hauen arabera:

1) Errioxa JDKren babeseko mahatsa: 2,2 euro kiloko.

2) Arabako Txakolina JD, Bizkaiko Txakolina JD eta Getariako Txakolina JDren babeseko mahatsa: 3,5 euro kiloko.

3) Euskal Sagardoa JDren babeseko sagarra: 3,5 euro kiloko.

4) Euskal Autonomia Erkidegoko malta-garagarra erabiliz ekoitzitako garagardoa: 5 euro litroko.

Nolanahi ere, maileguaren zenbateko nominala ez da inoiz 1.500.000 eurotik gorakoa izango.

Zortzigarrena.– Finantzaketa-eragiketen zenbatekoa eta ezaugarriak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako finantza-bermeak emateko, zirkulatzailea finantzatzeko maileguak baimendu behar dira. FEIk formalizatuko ditu horiek, Elkargi SGRren abalarekin, agindu honen I. eranskin gisa argitaratutako lankidetza-hitzarmenaren babesean.

2.– Maileguek honako ezaugarri hauek izango dituzte:

● Tresna: mailegu amortizagarria.

● Finantzatu beharreko zenbatekoa: Zirkulatzaile-premiak estaltzeko finantzaketa-eragiketen zenbatekoa kalkulatuko da modulu bat (eurotan) eskatzaileak 2020ko sasoian prozesatzea aurreikusten duen edo prozesatu duen lehengai-bolumenaz biderkatuz, Nekafin deialdiaren aginduan zehaztutako zenbatekoen arabera. Mailegu bakoitzeko, gehieneko zenbatekoa 1.500.000 euro izango da.

● Interes-tasaren modalitatea: Interes-tasa aldakorra, urtebeterako Euriborra gehi % 0,5eko diferentzialeko kostuarekin.

Interesa urtero berrikusiko da. Interesak egunero sortuko dira, maileguaren printzipal biziaren gainean, eta hiruhilekoz hiruhileko likidatuko dira.

Ondorio horietarako, Euribor gisa ulertu behar da Reuter-en EURIBOR= pantailaren bidez (oinarria: Act/360) edo, aurrekoa desagertuz gero, informazio bera eman dezakeen beste pantaila baten bidez lortutako bankuen arteko interes-tasa. Tasa hori hamabi hilabeterako gordailuetarako da, eta eragiketa formalizatu den egunaren aurreko bigarren egun baliodunean kalkulatzen da. Ez da biribiltzerik onartuko. Finkapenaren datan Euriborra % 0tik beherakoa izanez gero, interes-tasa kalkulatzeko, % 0 dela pentsatuko da.

● Epea: 7 urtera arte.

● Gabealdia: 3 urtera arte.

● Amortizazio-sistema: Hiruhileko epemugak.

● Komisioak eta gastuak. FEIk ez du komisiorik aplikatuko maileguaren nominalaren gainean, ez irekitzeagatik eta ez aldez aurretik amortizatzeagatik. Mailegu-hartzailearentzako gastu gehigarri bakarra fede-emaile publikoen edota jabetza-erregistroaren (hala egokituz gero) esku hartzetik datorrena izango da. Elkargi SGRren abalari dagozkion komisioak eta gastuak bederatzigarren xedapenean ageri direnak dira.

● Bermeak. % 100 saldo biziaren gainean, Elkargi SGRk emanda.

3.– Mailegua ezin izango da erabili pasiboak berregituratzeko (finantza- edo zerga-betebeharren epemugen ondorioz sortutakoak barne), ezta mailegu edo kreditu biziak amortizatzeko ere, eta eskatzailearen finantzaketa-aukeren gehikuntza garbia ekarri behar du.

Bederatzigarrena.– Abal-eragiketen ezaugarriak.

1.– Onuradunek FEIren aurrean, agindu honetan araututako finantzaketa-eragiketen ondorioz, hartutako diruzko arriskuak, zuzenean edo zeharka, bermatuko dituzte Elkargi SGRk erakunde kolaboratzaile gisa emandako finantza-abalek.

2.– Hauexek izango dira abalen kostua eta baldintzak:

a) Formalizazio-komisioa eta azterketa-komisioa: abal formalizatuaren % 0,5 eta behin bakarrik, eragiketa formalizatzeko unean.

b) Abal-komisioa: % 0,5 urtean. 200.000,00 euro gutxiagoko maileguetan, abal-eragiketaren iraunaldi osoari dagokion abal-komisio metatua likidatuko du Elkargi SGRk formalizatzen den unean, eta abala jaso duenak ordainduko du, behin eta aldez aurretik. Komisioa kalkulatzeko, kontuan hartuko da abala jaso duen maileguaren indarraldiko urte bakoitzaren hasieran amortizatzeko dagoen kapitala, maileguaren amortizazio-koadroari begiratuta.

c) Elkar bermatzeko sozietate kolaboratzailearen partaidetza sozialak harpidetzea eta ordaintzea: abala jasotako eragiketaren zenbatekoaren % 4. Eragiketa guztiz ezereztean itzuli ahal izango dira.

d) Elkargi SGRk ez du komisiorik edo gastu osagarririk aplikatuko.

Hamargarrena.– Maileguak baimentzeko prozedura.

Maileguak baimentzeko, ondoz ondoko konkurrentziaren prozedura erabiliko da; beraz, maileguak esleitzeko, eskabideak aurkezteko unearen hurrenkerari erreparatuko zaio, eta, laugarren ebazpen-zatian ezarritako funts guztiak amaitzen diren arte esleituko zaizkie agindu honetan xedatutakoa betetzen duten eskatzaile guztiei.

Hamaikagarrena.– Finantzaketa-eragiketen kudeaketa.

1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza izango da agindu honek deitzen dituen laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

Finantzen Euskal Institutua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta helburutzat du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren finantza-politikako eta kreditu publikoko tresnatzat jardutea. Finantzen Euskal Institutuak egingo ditu koordinazio- eta artekaritza-lanak, hala lankidetza-hitzarmenean nola agindu honetan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko ardura duen erakundetzat.

2.– Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeak ebaluatuko ditu aurkeztutako finantzaketa-eskabideak. Honako hauek osatuko dute batzorde hori: Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpenez izendatutako pertsona bat (zuzendaritzako langileen artean hautatuta), FEIren ordezkari bat eta Elkargi SGRren ordezkari bat. Balorazio eta Jarraipenerako Batzordearen aldeko erabakia izan beharko dute formalizatu beharreko eragiketa guztiek.

3.– Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeak eskabideak aztertu aurretik, honako eragiketa hauek egingo dira:

● Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak aurkeztutako eskabideak aztertuko ditu eta agindu honetan xedatutakoa betetzen duten egiaztatuko du; halaber, horren berri berariaz jasoko du dagokion txostenaren bidez, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak sinatuta. Txostena egiteko, hilabeteko epea izango du gehienez, espedientea osatzen den egunetik aurrera zenbatuta.

● Txostena finantzaketa-eskabidea izapidetzearen aldekoa bada, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeari bidaliko dio, eskabide eta espedienteetako dokumentazioarekin, hark aztertu eta ebaluatu dezan.

● Elkargi SGR arduratuko da aurkeztu diren eskabideen azterketa eta ebaluazio finantzarioa egiteaz, eta autonomia izango du jasotzen dituen eskabideak onartzeko modukoak diren ala ez zehazteko, bai eta behar diren kontrabermeak eskatzeko ere. Elkargi SGRk bere abal-jardunean baliatu ohi dituen analisi- eta erabaki-irizpideak aplikatuko ditu ondorio horietarako. Eskabidea aztertzen amaituta, txostena egingo du Elkargi SGRk, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari eta FEIri bidaliko die.

4.– Hiru aldeek bi txostenak egin eta ebaluatu ondoren, Balorazio eta Jarraipenerako Batzordea bilduko da, espedientea aztertzeko. Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeak eragiketa baloratu beharko du. Batzordearen proposamena loteslea izango da.

5.– Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeak eragiketaren aldeko ahobatezko proposamena egiten badu, proposamena helaraziko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, eskabidea emateko ebazpena eman dezan.

Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeak eragiketari buruzko ahobatezko erabakirik hartu ezean, proposamena helaraziko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, eskabidea ukatzeko ebazpena eman dezan.

6.– Ebazpen-zati honetan xedatu jarduketak kudeatzeko gehieneko epea bi hilekoa izango da, espedientea osatzen den egunetik hasita.

7.– Programako mailegu baten indarraldian, mailegu-hartzaileak berritzeak, birfinantzaketak edo hasierako edo aurreko baldintzen beste edozein berrikuspen eskatzen baditu, eta Batzordeak beharrezko baderitze finantzaturiko proiektuen bideragarritasuna ziurtatzeko edo programari dagozkion eragiketen betebeharrak guztiz betetzeko, ebazpen-zati honen 3-6 zenbakietan aurreikusitako prozedurari, mutatis mutandis, jarraituko zaio.

Hamabigarrena.– Ebazpena.

1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari dagokio maileguak baimentzeko ebazpenak ematea.

A) Laguntza emateko ebazpenek honako termino hauek zehaztuko dituzte:

● Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

● Emandako bermea eta haren dirulaguntzako baliokide gordina, eragiketa bakoitzari aplikatzekoa.

● Maileguaren zenbatekoa, interes-tasa, epea eta gabealdia zehaztuta.

● Laguntzaren egokitzapena Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoari.

B) Laguntza ukatzeko ebazpenetan, alderdi hauek zehaztu beharko dira:

●Eskatzailearen izena edo sozietatearen izena, IFZ edo nortasun-agiria.

● Laguntza ukatzeko arrazoiak.

2.– Eskabidea agiri guztiekin aurkeztu eta gehienez bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.

Halaber, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpen hori epe berean jakinaraziko die FEIri eta Elkargi SGRri

3.– Baiesteko edo ezesteko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari hilabeteko epearen barruan, ebazpena jasotzen den hurrengo egunetik kontatzen hasita.

4.– Interesdunei ebazpena banan-banan jakinarazteaz gainera, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da agindu honen itzalpean onuradun izango diren pertsonen zerrenda, maileguaren zenbatekoa zehaztuta duela, hura jendaurrean jartze aldera.

Hamahirugarrena.– Mailegu-eragiketa formalizatzea.

1.– Behin finantza-bermea emateko ebazpena onuradunari jakinarazitakoan, pertsona eskatzaileak dagokion mailegua formalizatuko du FEIrekin eta Elkargi SGRrekin, gehienez 15 eguneko epean. Onetsitako mailegu guztiak formalizatuta egon beharko dira 2020ko abenduaren 31n.

2.– Finantza-bermearen laguntza emateko ebazpenean ageri den titularraren izenean formalizatu beharko da maileguaren poliza, eta Nekafin finantza-tresna arautzen duen agindu honen esparruan ematen dela zehaztu.

3.– Finantzen Euskal Institutuak Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeari eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraziko die maileguen kudeaketari dagokionez bidezkoa den guztia, daturik garrantzitsuenak helaraziz.

Hamalaugarrena.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako finantza-laguntzen onuradunek, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotako betebeharrak bete behar dituzte, eta bereziki honako hauek:

1.– Elkargi SGRrekin abala duen maileguaren poliza formalizatzea, agindu honen I. eranskinean aurreikusitako lankidetza-hitzarmenean ezarritako baldintzak betez.

2.– Dirulaguntza zertarako eman den, xede horrexetarako erabiltzea.

3.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati diruz laguntzen den ekintza bera finantzatzeko, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatziz, beste dirulaguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost egun balioduneko epean.

4.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko zaie.

5.– Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri eman behar diote Elikagaien Kalitate eta Industrietako Zuzendaritzari, idatziz.

6.– Mailegua kalkulatzeko oinarritzat balio izan duten gastuak egiaztatzen dituzten froga-balio nahikoko agiriak atxikitzea, agindu honen zazpigarren ebazpen-zatiaren arabera.

Hamabosgarrena.– Bateragarritasunak.

1.– Eragiketek, hala dagokionean, hau bete beharko dute: de minimis estatu-laguntzen araudiak ezarritakoa, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EB) jasota baitago (DOUE, L 352/1, 2013/12/24). Erregelamendu horren gaia da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzea.

2.– Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein administrazio publiko, sail, organismo edo entitate publiko zein pribatuk emandako laguntzekin, betiere laguntza guztien zenbatekoa ez bada handiagoa kategorien araberako salbuespenen erregelamenduan edo Batzordeak hartutako erabakiren batean inguruabar zehatzetarako ezarritako zenbatekoa baino. Ildo horretan, laguntzak COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia sustatzeko asmoz enpresei eta autonomoei zuzendutako laguntza-neurriei buruzko Aldi Baterako Esparru Nazionalaren arabera konfiguratzen dira. Esparru hori 2020ko apirilaren 02an baimendu zen, 2154 (2020) final Erabakiaren bidez.

Hamaseigarrena.– Ez-betetzeak.

1.– Laguntzaren onuradunak ez badu betetzen agindu honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betekizunen bat, edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badago, ez-betetzeari buruzko espedientea egin ondoren (espediente horretan interesdunari entzungo zaio), Elikagaien Kalitate eta Industrietako zuzendariak FEIri jakinaraziko dio hori, emandako finantzaketa ezeztatu dezaten. Hori dela eta, pertsona edo enpresa onuradunak uko egin beharko dio eragiketari, aurretiaz amortizatuta, eta, hala badagokio, jaso dituen laguntzak eta horiei legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio EAEko Diruzaintza Nagusiari. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Bermerako eskubidea galdutzat emateko prozedurari edo itzulketa-prozedurari hasiera emateko arrazoia administrazioko arau-haustea izan litekeen egitateren bat bada, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari jakinaraziko zaio, zehapen-prozedurari hasiera eman diezaion.

3.– Egiaztatzen bada Elkargi SGRk bereganatutako betebeharren bat ez duela bete, harekin sinatutako hitzarmena azkendu egingo litzateke, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak beste lege- eta administrazio-jarduera batzuk abiaraztea baztertu gabe.

Hemezortzigarrena.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea.

Laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen aldaketa oro, edo harekin batera beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak edo laguntzak jasotzea, edo FEIrekin eta Elkargi SGRrekin maileguen ezerezte aurreratu oso edo partziala egitea, ezarritako epean, idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari. Horren ondorioz, laguntza emateko ebazpena aldatu ahalko da, baldin agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira eta laguntza ematean onartutako helburuari eusten bazaio.

Hemeretzigarrena.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntzen eskatzaileak atzera egin ahal izango du, betiere laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera bat helarazi beharko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

2.– Laguntza ebatzitakoan, pertsona onuradunak uko egin ahal izango dio horri, betiere Elkargi SGRren abala duen mailegu-eragiketa oraindik formalizatu gabe badago. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskaera helarazi beharko diote Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura. Behin ukoa onartuta, pertsona onuradunak besterik gabe galduko du emandako laguntzara onartu zaion eskubidea.

Hogeigarrena.– Kontrola eta jarraipena.

Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak kasuan kasuko administrazio-kontrolak eta ikuskaritzak egingo ditu, aurkeztu den dokumentazioko datuak egiazkoak diren, eta baldintzak betetzen diren.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 7a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
ESKABIDEAREKIN BATERA AURKEZTU BEHARREKO MEMORIAREN EREDUA

1.– Enpresaren deskribapena: jarduera, negozio-arloak, azken urteetako eboluzioa.

2.– Enpresaren egitura.

3.– Finantzatu beharreko gastuen deskribapen xehatua, eskuratuko diren lehengaien aurreikuspena barne (kontratuak).

4.– Azken bi urteetako salmentak eta emaitzak eta hiru urtetarako aurreikuspenak.

II. ERANSKINA
HITZARMENA
FINANTZA-LANKIDETZAKO HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, FINANTZEN EUSKAL INSTITUTUAREN (FEI) ETA Elkargi SGR-REN ARTEKOA, ARTISAU-ERAN ARDOA, SAGARDOA ETA GARAGARDOA EGITEN DITUEN SEKTORERAKO KAPITAL ZIRKULATZAILEA FINANTZATZEKO LERRO BAT BIDERATZEKOA (Nekafin)

Vitoria-Gasteiz, 2020ko................. aren................ (a).

HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik: María Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta haren ordezkari gisa; sailburua denez hitzarmen hau sinatzeko ahalmena dauka.

Bestetik: Pedro Azpiazu Uriarte jauna, Finantzen Euskal Institutuaren izenean eta haren ordezkari gisa, administrazio-kontseiluaren presidente modura.

Eta Zenón Vázquez Irizar jauna, Elkargi SGRren izenean eta haren ordezkari gisa.

Alderdiek, hitzarmen hau sinatzeko nahikoa gaitasun eta ordezkaritza aintzatetsi diote elkarri, eta ados jarrita hauxe,

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa.– Artisau-eran ardoa, sagardoa eta garagardoa egiten dituen sektoreko pertsonek eta enpresek, bereziki enpresa txiki eta ertainek (ETEak), zailtasun handia dute, finantza-merkatuan, behar duten zirkulatzailearen finantzaketa lortzeko. COVID-19 birusaren ondorio ekonomikoek nabarmen larriagotu dute egoera hori.

Bigarrena.– Eusko Jaurlaritzarentzat garrantzitsua da, ETEak laguntzeko politika ekonomiko orokorren esparruan, sektore horietako pertsona eta enpresei sorrera, jarduera eta finantzaketa laguntzea.

Hirugarrena.– Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak proposatu nahi izan du Nekafin finantza-tresna sortzea, behar horri erantzuteko eta finantza-tresna horren azken hartzaileentzako abantaila finantzarioa izan dadin.

Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2008ko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartu dituen abenduaren 28ko 15/2007 Legeko seigarren xedapen gehigarriaren bidez eratu da Finantzen Euskal Erakundea. Zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa eratu da, berezko nortasun juridikoa du eta bere helburuak betetze aldera jarduteko gaitasun osoa du. Finantzen esparruan eskudun den sailari dago atxikita.

FEI funtsezko tresna gisa eratu da, EAEko enpresek finantzaketarako sarbidea izan dezaten bultzatzeko, zirkulatzaile-premiei erantzuteko, besteak beste. Xede horrekin, EAEko administrazioaren finantzen eta kreditu publikoaren politika arrazionalizatzen du, eta koherentzia ematen dio politika horri, gure herriaren garapen ekonomiko eta sozialean zuzeneko eragina duen esparruan jardun publikoa indartzen baitu.

Bosgarrena.– Elkargi elkar bermatzeko sozietate bat (EBS) da, eta bere abalen bidez, bankuek ETE eta autonomoei ematen dieten kredituaren baldintzak hobetzen dira, eta finantzaketa erreala errazago eskuratzeko aukera ematen zaie. Finantza-abalak inbertsio- edo zirkulatzaile-proiektuak finantzatzea ahalbidetzen dute, hala estatuan nola nazioartean, eta lehentasunezko baldintzak dituzte interes-tasei eta amortizazio-epeei dagokienez.

Elkargi SGR da eginkizunak EAEn garatzen dituen EAEko elkar bermatzeko sozietate bakarra.

Hori dela eta, azaldutakoa aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, Finantzen Euskal Institutuak eta Elkargi SGRk honako lankidetza-hitzarmen hau formalizatzea erabaki dute, honako hauen arabera:

XEDAPENAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren helburua.

1.– Hitzarmen honetan zehaztu dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren, Finantzen Euskal Institutuaren eta Elkargi SGRren arteko lankidetzaren nondik norakoak, laguntza-programa bat garatzeko. Programa horren bidez maileguak emango zaizkie artisau-eran ardoa, sagardoa eta garagardoa egiten dituen sektoreko enpresei, zirkulatzailerako finantzaketa eskatzen dutenean.

Horretarako, FEIk, Elkargi SGRren abalarekin, maileguak emango ditu hitzarmen honetan zehaztutako baldintzekin.

Bigarrena.– Esku hartzen duten aldeak.

1.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, Elikagaien Kalitate eta Industrietako Zuzendaritzaren bitartez, hitzarmen honetan Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrari esleitutako eginkizunak egingo ditu.

2.– Finantzen Euskal Institutua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta helburutzat du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren finantza-politikako eta kreditu publikoko tresnatzat jardutea. Finantzen Euskal Institutuak koordinazio- eta artekaritza-lanak egingo ditu, hala lankidetza-hitzarmen honetan nola Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak Nekafin finantza-tresna abian jartzeko emandako deialdi-aginduan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko ardura duen erakunde gisa.

3.– Elkargi SGRk, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duen elkar bermatzeko sozietate gisa, abalatu egingo ditu Balorazio eta Jarraipenerako Batzordean aho batez proposatutako mailegu-eragiketak.

Hirugarrena.– Sinatzaileen betebeharrak.

A) Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren konpromisoak.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak hitzarmen honen hamahirugarren eta hamalaugarren xedapenetan ezarritako ekarpenak egitea hitzematen du, xede honekin:

A.1.– Finantzen Euskal Institutuan, berme-funts bat eratzea, gordailu gisa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak artisau-eran ardoa, sagardoa eta garagardoa egiten dituen sektorerako ematen duen deialdi-aginduaren esparruan formalizatutako maileguak direla-eta gertatzen diren hutseginak estaltzeko (Nekafin programa).

A.2.– Elkargi SGRren hornidura teknikoen funtsari ekarpena egitea, Elkargi SGRren kaudimena indartzeko eta sozietate horren abalarekin maileguak ematea sustatzeko, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak artisau-eran ardoa, sagardoa eta garagardoa egiten dituen sektorerako ematen duen deialdi-aginduaren barruan (Nekafin programa).

B) Finantzen Euskal Institutuaren konpromisoak.

Finantzen Euskal Institutuak konpromisoa hartzen du, hitzarmen honen indarraldian, hitzarmen honetan zehaztutako baldintzetan onuradunei maileguak emateko, baita Hamahirugarren Klausulan ezarritakoari jarraituz hutseginak estaltzeko ere.

Eragiketa bakoitza formalizatzeko, Finantzen Euskal Institutuak bere balantzeko edo finantzaketa-iturri arruntetako funtsak erabiliko ditu.

C) Elkargi SGRren konpromisoak.

Elkargi SGRk konpromisoa hartzen du, hitzarmen honen indarraldian, onetsitako mailegu-eragiketa bakoitzaren zenbatekoaren % 100 abalatzeko, hitzarmen honetan zehaztutako baldintzetan.

Laugarrena.– Hartzaileak.

Hitzarmen honetan aurreikusitako finantzaketaren onuradun izan ahalko dira pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, ETEren kategoria badute eta artisau-eran ardo, sagardo eta garagardoaren produktuak eraldatu eta merkaturatzen dituen establezimendu baten titularrak badira, betiere establezimendu hori Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Erregistroan inskribatuta badago.

Bosgarrena.– Gastu hautagarriak.

1.– Finantzaketa-eragiketak onargarriak izango dira, baldin eta xedetzat badute artisau-eran egindako ardo, sagardo eta garagardoaren produktuak eraldatu eta merkaturatzeko zirkulatzaile-premiak estaltzea.

2.– Zirkulatzailea maileguen bidez finantzatuko da, eta ezin izango da erabili pasiboak berregituratzeko (finantza- edo zerga-betebeharren epemugen ondorioz sortutakoak barne), ezta mailegu edo kreditu biziak amortizatzeko ere, eta eskatzailearen finantzaketa-aukeren gehikuntza garbia ekarri behar du.

Seigarrena.– Betekizunak.

Hitzarmen honen ondorioetarako, Nekafin programaren finantzaketaren hartzaile direnek honako betekizun espezifiko hauek bete beharko dituzte:

A) ETE izatea, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioaren arabera.

B) Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturiko jarduera-zentro bat edukitzea, eta EAEko Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Erregistroan alta emanda egotea.

C) Mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreko enpresei dagokienez, mahatsa eskatzailearen mahastizaintzako ustiategian ekoitzia izatea, edo Arabako mahastizaintzako ustiategiei eskuratzea, baldin eta Errioxa JDK Kontseilu Arautzailearen edo Arabako Txakolina JDren babespean badago; Bizkaikoei eskuratzea, Bizkaiko Txakolina JDk babestutako mahatsari dagokionez, edo Gipuzkoakoei, Getariako Txakolina JDk babestutako mahatsari dagokionez.

D) Sagardogintzaren kasuan, sagarra eskatzailearen nekazaritzako ustiategian ekoitzia izatea, edo Euskal Sagardoa JDren babesean dauden nekazaritzako ustiategiei eskuratzea.

E) Artisau-eran egindako garagardo-ekoizleen kasuan, ekoizpena EAEn kokatuta egotea eta Euskal garagardoa - Basque Beer elkartearen Basque Beer bereizgarria edukitzea.

F) Enpresa krisialdian ez egotea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

G) Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.

H) Berreskuratze agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

Zazpigarrena.– Maileguen gehieneko muga.

Lankidetza-hitzarmen honen babesean Finantzen Euskal Institutuak formalizatutako maileguen zenbateko osoa ez da berrogeita hamar milioi (50.000.000,00) euro baino handiagoa izango.

Zortzigarrena.– Maileguen ezaugarriak.

Tresna: mailegu amortizagarria.

Finantzatu beharreko zenbatekoa: Zirkulatzaile-premiak estaltzeko finantzaketa-eragiketen zenbatekoa kalkulatuko da modulu bat (eurotan) eskatzaileak 2020ko sasoian prozesatzea aurreikusten duen edo prozesatu duen lehengai-bolumenaz biderkatuz, Nekafin deialdiaren aginduan zehaztutako zenbatekoen arabera. Mailegu bakoitzeko, gehieneko zenbatekoa 1.500.000 euro izango da.

Interes-tasaren modalitatea: Interes-tasa aldakorra, urtebeterako Euriborra gehi % 0,5eko diferentzialeko kostuarekin.

Interesa urtero berrikusiko da. Interesak egunero sortuko dira, maileguaren printzipal biziaren gainean, eta hiruhilekoz hiruhileko likidatuko dira.

Ondorio horietarako, Euribor gisa ulertu behar da Reuter-en EURIBOR= pantailaren bidez (oinarria: Act/360) edo, aurrekoa desagertuz gero, informazio bera eman dezakeen beste pantaila baten bidez lortutako bankuen arteko interes-tasa. Tasa hori hamabi hilabeterako gordailuetarako da, eta eragiketa formalizatu den egunaren aurreko bigarren egun baliodunean kalkulatzen da. Ez da biribiltzerik onartuko. Finkapenaren datan Euriborra % 0tik beherakoa izanez gero, interes-tasa kalkulatzeko, % 0 dela pentsatuko da.

Epea: 7 urtera arte.

Gabealdia: 3 urtera arte.

Amortizazio-sistema: hiruhileko epemugak.

Komisioak eta gastuak. FEIk ez du komisiorik aplikatuko maileguaren nominalaren gainean, ez irekitzeagatik eta ez aldez aurretik amortizatzeagatik. Mailegu-hartzailearentzako gastu gehigarri bakarra fede-emaile publikoen edota jabetza-erregistroaren (hala egokituz gero) esku hartzetik datorrena izango da. Elkargi SGRren abalari dagozkion komisioak eta gastuak bederatzigarren xedapenean ageri direnak dira.

Bermeak: % 100 saldo biziaren gainean, Elkargi SGRk emanda.

Bederatzigarrena.– Berme-eragiketak.

1.– Onuradunek FEIren aurrean, Nekafin programaren esparruan eginiko finantzaketa-eragiketen ondorioz, hartutako diruzko arriskuak, zuzenean edo zeharka, bermatuko dituzte Elkargi SGR elkar bermatzeko sozietate kolaboratzaileak emandako finantza-abalek. Abalaren zenbatekoa FEIk finantzatu beharreko eragiketaren % 100 izango da.

2.– Hauexek izango dira abalen kostua eta baldintzak:

● Formalizazio-komisioa eta azterketa-komisioa: abal formalizatuaren % 0,5 eta behin bakarrik, eragiketa formalizatzeko unean.

● Abal-komisioa: % 0,5 urtean. 200.000,00 € gutxiagoko maileguetan, abal-eragiketaren iraunaldi osoari dagokion abal-komisio metatua likidatuko du Elkargi SGRk formalizatzen den unean, eta abala jaso duenak ordainduko du, behin eta aldez aurretik. Komisioa kalkulatzeko, kontuan hartuko da abala jaso duen maileguaren indarraldiko urte bakoitzaren hasieran amortizatzeko dagoen kapitala, maileguaren amortizazio-koadroari begiratuta.

● Elkar bermatzeko sozietate kolaboratzailearen partaidetza sozialak harpidetzea eta ordaintzea: abala jasotako eragiketaren zenbatekoaren % 4. Eragiketa erregulartasunez ezereztean itzuli ahal izango dira.

● Elkar bermatzeko sozietate kolaboratzaileak ez du komisiorik edo gastu osagarririk aplikatuko.

Hamargarrena.– Eskabideak aurkezteko eta izapidetzeko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua, baita aurkeztu beharreko dokumentazioa ere, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak ematen duen deialdiko aginduan ezarriko dira.

2.– Finantzaketa-eskabideak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailean aurkeztu ondoren, eta behin eskabideak banan-banan aztertuta, deialdi-aginduan ezarritako prozeduraren arabera, Hamabigarren Klausulan zehaztutako Balorazio eta Jarraipenerako Batzordea bilduko da, eskabideak baloratzeko.

Hamaikagarrena.– Balorazio eta Jarraipenerako Batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak elkarrekin ebaluatuko ditu Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeak. Batzorde horrek honako kide hauek izango ditu:

● Finantzen Euskal Institutuaren ordezkari bat.

● Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren ordezkari bat, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpenez izendatuta zuzendaritzako lankideetatik. Idazkari jardungo du.

● Elkargi SGRren ordezkari bat.

Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeak bere funtzionamendu-arauak ezarri ahalko ditu, kideen artean informazioa albait modu eraginkorrenean bideratzeko.

Hamabigarrena.– Mailegu-eragiketak onartzea.

1.– Behin eskabideak dokumentazio guztia duenean, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egindako txosten teknikoarekin eta Elkargi SGRk abal-emaile gisa txostena eginda, Balorazio eta Jarraipenerako Batzordearen bileren aurretik, honako dokumentazio hau bidaliko die kide guztiei Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak:

a) Eskabidea eta espedienteko dokumentazioa.

b) Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak eginiko txostena, deialdiaren aginduan xedatutakoa betetzen dela egiaztatzeko.

c) Elkargi SGRk egindako finantza-azterketaren txostena.

2.– Balorazio eta Jarraipenerako Batzordearen ordezkariek aho batez onartu beharko dute eragiketa.

3.– Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeak eragiketaren aldeko ahobatezko balorazioa erabakitzen badu, proposamena helaraziko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, eskabidea emateko ebazpena eman dezan. Ebazpen hori deialdiaren aginduan aurreikusitakoa betez jakinaraziko zaie interesdunari eta Finantzen Euskal Institutuari, eta mailegu-eragiketa formalizatuko du Finantzen Euskal Institutuak, Elkargi SGRren abalarekin, eta ebazpen horretan onetsitako baldintzetan.

4.– Programako mailegu baten indarraldian, mailegu-hartzaileak berritzeak, birfinantzaketak edo hasierako edo aurreko baldintzen beste edozein berrikuspen eskatzen baditu, eta Batzordeak beharrezko baderitze finantzaturiko proiektuen bideragarritasuna ziurtatzeko edo programari dagozkion eragiketen betebeharrak guztiz betetzeko, mailegua baimentzeko aurreikusitako prozedurari, mutatis mutandis, jarraituko zaio.

5.– Sei hilean behin, Finantzen Euskal Institutuak segimendu-txosten bat egingo du. Txostenaren edukia hau izango da:

A) Eragiketa hauen balantzea, erregistro-datarekin:

1) Ordainketak maileguen onuradunei.

2) Onuradunen diru-itzultzeen kobrantzak.

3) Aurreko eragiketetako bakoitzaren osteko saldoa.

B) Onuradun bakoitzeko, erregistro bat eramango da, ordainketa-datekin, itzulketekin, atzerapenekin eta gorabeherekin (batez ere, mailegu-hartzaileek muga-egunaren ondoren amortizatu gabeko zenbatekoei buruzkoak).

6.– Eragiketa bakoitza baloratzeaz gainera, Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeak onartutako eragiketen segimendu-lanak egingo ditu. Horretarako, Finantzen Euskal Institutuak maileguen kudeaketari dagokionez egoki diren xehetasun guztiei buruzko informazioa emango du, datu nabarmenenak bidalita.

Hamahirugarrena.– Berme-funtsa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak, finantzaketa-lerroa bultzatu duen erakundea denez, finantzaketa-lerroaren arriskua estaltzen parte hartuko du, Finantzen Euskal Institutuan berme-funts bat gordailu gisa eratuz.

Berme-funtsaren zenbatekoa bi milioi (2.000.000) euro izango da, eta berrogeita hamar milioi (50.000.000) euro izango da, berriz, finantzaketa-lerroaren gehieneko zenbatekoa.

2.– FEIn eratutako berme-funtsari esker, estali ahal izango dira Nekafin programaren barruan formalizatutako abalen ondorioz Elkargi SGRn gertatzen diren hutseginak.

Bermean sartuta egongo dira kapitala, interesak eta mailegu hutsegin bakoitzetik eratorritako gastuak.

Orobat, finantza-bermeez hornitutako mailegu-eragiketarako laguntza beste dirulaguntza batzuekin bateragarri egitearren, eragiketa bakoitzaren dirulaguntzako baliokide gordina (DBG) kalkulatuko du Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak 2020an formalizatzen dituen birfidantzamendurako oinarrizko hitzarmena eta hitzarmen osagarria betez Elkargi SGRri ematen zaion birfidantzamenduaren osagarri izango da Nekafin programaren barruan maileguak estaltzeko eratutako berme-funtsa.

Nolanahi ere, eragiketen hutseginengatiko arriskuaren % 25 bere gain hartzeko konpromisoa hartuko du Elkargi SGRk.

4.– Programaren babesean formalizatutako maileguengatiko eragiketa hutseginen berri emango dio FEIk Elkargi SGRri. Elkargi SGRk EAEko administrazio orokorrari eskatuko dio, sinatuta dituen hitzarmenak betez, bere gain hartutako hutseginen estaldura dela-eta dagokion zatia. EAEko administrazio orokorrak Elkargi SGRri ordainduko dio dagokion zenbatekoa. Zati bat FEIn mailegu bakoitzerako eratutako berme-funtsaren bitartez, eta gainerakoa, Elkargi SGRrekin 2020an sinatzen diren oinarrizko hitzarmenaren eta hitzarmen osagarriaren bidez.

5.– Elkargi SGRrekin 2020rako sinatzen diren birfidantzamendurako oinarrizko hitzarmenak eta hitzarmen osagarriak erreferentzia esplizitua egingo diote FEIn Nekafin programaren esparruan formalizatzen diren maileguak estaltzeko eratutako berme-funtsari.

Hamalaugarrena.– Elkargi SGRren hornidura teknikoen funtsa sendotzea.

Elkargi SGRk 2020an eginkizunak garatu ahal izan ditzan eta abal-ahalmena handitu ahal izan dezan, eta era horretan, ETEei finantzaketarako sarbidea Nekafin programaren barruan erraztu ahal izan diezaien, Ekonomiaren Garapen Sailak programaren barruan formalizatutako maileguen % 3 adinako zenbatekoa ordainduko dio Elkargi SGRri. Ekitaldian 1.500.000 euroko zenbatekoa egongo da gehienez.

Nekafin programaren barruan abalatutako maileguen xehetasuna jakinaraziko du Elkargi SGRk 2021eko urtarrilaren 31 baino lehen.

EAEko administrazio orokorrak lehen lerrokadan ezarritako ehunekoa aplikatuta ateratzen den zenbatekoa ordainduko du jakinarazi ondoko 30 eguneko epean.

Hamabosgarrena.– Hutseginak eta berreskurapenak.

Emandako mailegu-eragiketak atzerapen-egoeran badaude, Elkargi SGRk erregularizatuko ditu eragiketa horiek 90 egun igaro baino lehen, dagokion mailegu-hartzaileak ordainketa-betebeharra betetzen ez duenetik.

Normalean, atzerapen-egoeran dauden maileguen lehen hiruhileko kuota erregularizatuko du Elkargi SGRk, lehen ez-betetzearen datatik 75. eta 80. egunen bitartean.

Elkargik aipatu erregularizazioa egiteko, FEIk, 70. eguna baino lehen, ordaintzeke dagoen hiruhileko kuotaren zenbatekoaren berri emango dio erakunde abal-emaileari (amortizazioa + mugaeguneratu diren interes arrunt ordaindu gabeak).

Abalatutako mailegu-hartzaileak hurrengo hiruhileko kuota ere ez badu ordaintzen, FEIk horren berri emango dio Elkargi SGRri, lehen ez-ordaintzea gertatu denetik 121. egunean beranduenik, elkar bermatzeko sozietateak ondorengo bost egunetan erregulariza ditzan ordaintzeke daudenak.

Aurreko lerrokadan adierazitako egoera gertatuko balitz, eta abalatutako mailegu-hartzaileak betetzen ez badu hurrengo mailegu-kuotak ordaindu beharra, FEIk automatikoki zordunduko du Elkargi SGRk adierazitako kontuan bazkide partaidetu mailegu-hartzaileak ordaintzen ez dituen hiruhileko kuoten zenbatekoa (amortizazioa + ordainketa-interesak). Aldez aurretik, baina, zordunketa horiek, era egiaztatu batez, onartu beharko ditu erakunde abal-emaileak.

Aurreko lerrokadetan adierazitako kasuetarik edozeinetan, behin Elkargi SGRk eginda kasuan kasuko erregularizazioa, FEIk Elkargi SGRri bidaliko dizkio elkar bermatzeko sozietateak kasuan kasuko mailegu-eragiketa erregularizatzeko egin dituen ordainketen egiaztagiriak, ordaindutako kontzeptuak adierazi eta banakatuta (printzipala eta/edo ordainketa-interesak).

Aurrekoa berdin aplikatuko da baldin eta Elkargi SGRk, FEIren mesedetan, abala eman dien bazkide partaide mailegu-hartzaileak hartzekodunen konkurtso-egoeran deklaratzen badituzte.

Halakoetan, bai Elkargi SGRk bai FEIk jardun-askatasun erabatekoa izan dezaten kasuan kasuko hartzekodunen konkurtsoan, izan hartzekodunen hitzarmenari dagokionez, izan konkurtsopeko enpresaren balizko likidazioari dagokionez, FEIk konpromisoa hartzen du onartu egingo duela, dagokion merkataritza-arloko epaitegiaren aurrean, bere kreditu efektiboa, Elkargi SGRren abala duena, hartzekodunen zerrendan ordezka dezaten erakunde fidatzailearen kredituarekin, data horretan guztiz ordainduta ez badago ere. Elkargi SGRk, halakoetarako, oraindanik berresten du, modu ezeztaezinean, bere abala, halakorik eman badu, eta hitzematen du, fidatzaile solidarioa den aldetik, abala eman zaion eragiketa erabat ordainduko duela, dagokion amortizazio-koadroaren arabera. Ordainketa egiteko, xedapen honetan ezarritako prozedurari jarraituko zaio, gorago adierazi bezala.

Hala badagokio, ordezkapen hori merkataritza-arloko epaitegiaren aurrean egiteko, Elkargi SGRk eskaria igorriko dio FEIri ohiko komunikazio-sistema erabiliz.

Enpresa onuradunek kuotak ordaintzen ez badituzte, FEIk, hala badagokio, egoki iritzitako akzioak egikarituko ditu zor zaizkion kopuruak kobratzeko, hargatik eragotzi gabe Elkargi SGRri aplikatzea aurreko lerrokadetan adierazitakoa. Hala, abala hartu duenak ordaintzen ez badu, eta elkar bermatzeko sozietateak egunean badu maileguaren hiruhileko kuoten ordainketa (amortizazioa + mugaeguneratu diren interes arrunt ordaindu gabeak) xedapen honetan hitzartutakoaren arabera, FEIk ezingo du hutsegintzat deklaratu eragiketa, Elkargi SGRrekin duen harremanaren ondoreetarako.

Elkargi SGRk, fidatzaile solidarioa den aldetik, bere ordainketa-betebeharrak beteko ez balitu mailegu-eragiketa jakin batean, edo, hala dagokionean, elkar bermatzeko sozietatea eta FEI ados daudelako, FEIk hutsegintzat deklaratu ahal izango du eragiketa, eta Elkargi SGRri erreklamatu ahal izango dio printzipalaren zenbatekoaren ordainketa (mugaeguneratu diren interes arrunt ordaindu gabeak eta berandutze-interesak inola ere ez).

Hutsegitea dela medio FEIren alde sortutako zenbatekoak ordaintzeko, Elkargi SGRk 30 eguneko epea izango du abal-betearazpena eskatu eta hutsegiteari buruzko dokumentazioa igorri den egunetik hasita.

Elkargi SGRren eta FEIren arteko komunikazio-bideak aldeek erabakiko dituzte, sektoreko ohiko jardunaren arabera.

Hamaseigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Maileguak emateari dagokionez, hitzarmen hau izenpetzen denetik 2020ko abenduaren 31ra arte izango da aplikagarri, edo, hala egokituz gero, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraituz ematekoa den maileguen gehieneko bolumena agortu arte, data hori baino lehen hala gertatuz gero.

Hitzarmena sinatzen dutenen konpromisoek hitzarmenaren babesean emandako maileguen epemugara arte iraungo dute, ordea.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren sailburua.

Finantzen Euskal Institutuko Administrazio Kontseiluko burua.

Elkargi SGRren zuzendari nagusia.


Azterketa dokumentala