Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2020ko ekainaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2542

AGINDUA, 2020ko ekainaren 18koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, espetxeetan edo baldintzapeko askatasunean dauden eta askatasunaz gabetzeko zigorra duten zigortuak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuetarako eta askatasunaz gabetzeko zigorra etenda duten zigortuentzako proiektuetarako dirulaguntzen deialdia egiten duena.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak 10.14 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du espetxeetako antolaketan, araubidean eta funtzionamenduan, bai eta gizarteratze alorrean ere, arlo zibileko eta zigor- eta espetxe-arloetako lege orokorrekin bat etorriz. Bestalde, 12.1 artikuluak gure autonomia-erkidegoari esleitzen dio Estatuko espetxe-legeria betearazteko eskumena, nahiz eta oraindik ez den egin eskumen horri dagozkion zerbitzuen eskualdatzea.

Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, Justizia Zuzendaritzari dagokio «bere eskumenen arloan, zigor- eta espetxe-legeria betearaztea, Jaurlaritzak eremu horietan dituen gainerako jarduerekin koordinatuta.»

Justizia Zuzendaritzak, egiteko horiek gauzatze aldera eta ezarritako mugen barruan, Europako Parlamentuak 1998ko abenduaren 17ko Ebazpenean jasotako gomendioak betetzen ditu (Europar Batasuneko espetxeen baldintzei buruzko ebazpena: berrantolaketa eta ordezkapen-zigorrak); izan ere, gomendio horien bidez, Europako Kontseiluaren espetxeetako arauen xedapen guztiak aplikatzeko eskatzen zaie estatu kide guztiei.

Justizia Zuzendaritzaren funtsezko xedea da: lege-esparruaren barruan, espetxeetako zerbitzuen eta berriz hezteko eta gizarteratzeko programen hobekuntza bultzatzea, nazioarteko testuetan eta Espainiako Konstituzioaren 25.2 artikuluan jasotako gizarteratze-printzipioa gauzatu ahal izateko, hain zuzen.

2011ko urriaren 7an, Barne Ministerioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko lankidetza-hitzarmena sinatu zen Euskal Autonomia Erkidegoan preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko prozesu integralak ezar daitezen. Hitzarmen hori Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak eta Justizia eta Herri Administrazio Sailak sinatu zuten eta horren barruan kokatuko da dirulaguntzatarako honako deialdi hau. Bestetik, urte bereko abuztuaren 8an, alderdi horiek hitzarmen bat sinatu zuten, zeinaren bidez elkarrekin aritzea erabaki baitzuten komunitatearentzat lan egiteko zigorrak betetzeari, zigor askatasun-gabetzaileak eteteari eta kondenak ordezteari buruzko eginkizunen arloan. Hain zuzen ere, arlo horretan kokatzen dira Justizia Zuzendaritzako Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren (ZKEZ) eginkizunak, Euskal Autonomia Erkidegoan kartzela-zigorraren ordezko aukerak kudeatzeko ardura baitauka.

Hitzarmen horiek sinatu eta gero, azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren lana erregimen irekira mugatu da, hau da, zigortuta eta preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko espetxez kanpoko proiektuetara eta kartzela-zigorraren ordezko aukeretara. Lan horri esker, aurrera egin ahal izan da gizatalde horren gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko baliabide-sarea finkatzeko orduan. Baliabide horien bidez, Eusko Jaurlaritzak lortu nahi duena da zigortuta eta preso dauden pertsonek eskubide osoko herritar gisa orientatzea euren bizitzak, eta, espetxea utzi eta gero, komunitatean erabat integratu daitezela aktibo sozial gisa.

Martxoaren 30eko 1/2015 Lege Organikoaren bidez (Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzen du lege horrek), sinpletu eta argitu egin da kartzela-zigorraren ordezko aukeren erregimena (atzerritarrentzat izan ezik) eta bi urtetik beherako kartzela-zigorrak baldintzapean etetea erregimen nagusitzat ezarri da. Adierazi dugunez, Justizia Zuzendaritzako Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzua (ZKEZ) kartzela-zigorraren ordezko zigorren kudeaketaz arduratzen da, eta kondenak eteteko araudi berriak aukera gehiago ematen dizkie epaile eta auzitegiei gizarteratze-prozesuak ezartzeko, eta, horrela, espetxean sar ez daitezen bi urtetik beherako kartzela-kondenak dituztenak, gizarteratzeko modukoak direla aurreikusten denean.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak espetxeratzearen aurreko errealitate hori kontuan hartu nahi izan du, gizarteratze-ibilbideak ezartzeko aukera eskaintzen baitu; horrela, pertsona batzuek beren bizitza berregiteko aukera izan dezaten eta gure gizartearentzat aktibo bihur daitezen, kartzelako bizimoduak gizarteratzeko dakartzan ondorio kaltegarriak jasan gabe. Zigortu eta presoak gizarteratzeko lanean diharduten hirugarren sektoreko erakunde berak dira zigortutako pertsona hauei espetxean sartu aurretik arreta eskaintzen dizkietenak, jarduera horiek finantzatzeko inolako dirulaguntzen deialdirik egon gabe, eta kontuan hartzekoa da errealitate hori areagotu egingo dela Zigor Kodearen erreforma berriarekin.

Deialdi honen bitartez, Eusko Jaurlaritzak lagundu egin nahi die zigortuta eta preso daudenen benetako gizarteratzearen alde diharduten irabazi asmorik gabeko erakundeei; duela 20 urte baino gehiagotik hona ari dira lanean gehienak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeekin modu profesionalean eta koordinatuta eta Eusko Jaurlaritzarekin modu efizientean eta gardenean jardun duten erakundeak dira.

Helburu horrekin eta administrazio-ebazpenaren objektibotasuna bermatze aldera, agindu honetan jasoko dira, zehaztasun guztiz, dirulaguntzetarako irizpideak. Hauxe da aplikatu beharreko lege-esparrua: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, hura garatzen duen erregelamendua onartzen duena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena arloan, betiere aurrekoen kontrakoa esaten ez badu; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Horregatik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginari jarraikiz (testu bategin hura azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen) eta Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honek deialdia egiten du espetxeetan edo baldintzapeko askatasunean dauden zigortuentzako eta askatasunaz gabetzeko zigorraren betearazpena etenda duten zigortuentzako gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuetarako dirulaguntzetarako, norgehiagoka-araubidean, eta haren oinarri arautzaileak ezartzen ditu. Horretarako, deialdiaren diru-zuzkidura bostehun mila (500.000) eurokoa da.

2. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan espetxeetan edo baldintzapeko askatasunean dauden zigortuak gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Espetxetik kanpoko baliabideekin gauzatuko dira, eta honako modalitate hauetakoren bat izango da:

1) Esku-hartze psikoterapeutikoko eta sozioedukatiboko programak.

2) Irteera programatuak eta auzolandegiak.

3) Egoitza- eta ostatu-baliabideak.

4) Droga-mendekoak gizarteratzeko baliabideak.

5) Prestakuntza- eta trebakuntza-zentroak.

6) Enplegurako orientazio- eta laguntza-zentroak.

b) Espetxeetan hasten diren proiektuak dagokien espetxeko zuzendaritzak onartu beharko ditu.

c) Laguntza integraleko metodologia erabiliko dute.

d) Proiektuak 2020an egingo dira.

2.– Diruz lagundu ahal izango dira askatasunaz gabetzeko zigorraren betearazpena eteteko neurria onartu zaien pertsona zigortuak gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuak, baldin eta aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta helburu hauek badituzte: prestakuntza-programak, lanbide-programak, kultur programak, sexu-hezkuntzako programak, ingurumena defendatzeko programak, animaliak babesteko programak, tratu berdintasunerako eta diskriminazioaren aurkako programak edo antzeko beste batzuk, edo alkoholaren, droga toxikoen edo substantzia estupefazienteen mendekotasuna gainditzeko edo mendekotasuna sortzen duten beste jokabide batzuk gainditzeko programak.

3.– Baldintzak proiektuak burutu aurretik eta diruz laguntzeko aldian bete beharko dira.

3. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak eta gehieneko dirulaguntza-eskabidea.

1.– Aurkeztu den proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren gastuak dira dirulaguntza jaso dezaketenak, eta dagoeneko bukatu den baina 2020an egin den proiektu batenak edo 2020an egiten den proiektu batenak izan daitezke. Aurreko artikuluan zerrendatutako modalitateetan, honako hauek izango dira dirulaguntza jaso dezaketen gastuak:

a) Esku-hartze psikoterapeutikoko eta sozioedukatiboko programak: soldatapeko langileen gastuak (soldata gordina eta erakundearen konturako gastu sozialak), borondatezko lanaren gastuak (hala nola boluntarioei jarduera garatzean egindako gastuengatik itzulitako zenbatekoak, istripu-aseguruaren, gaixotasunaren eta erantzukizun zibilaren polizak).

b) Programatutako irteerak eta auzolandegiak: joan-etorrien gastuak (erregaia, bidesariak, aparkalekua eta garraio publikoa) eta mantenu- eta ostatu-gastuak, soldatapeko langileen gastuak (soldata gordina eta erakundearen kargurako gizarte-gastuak), eta borondatezko lan-gastuak (hala badagokio, boluntarioei jardueraren garapenean egindako gastuengatik ordaindutako zenbatekoak, istripu-, gaixotasun- eta erantzukizun-aseguruen polizak).

c) Egoitza- eta ostatu-baliabideak, bai eta droga-mendekotasuna duten pertsonentzako gizarteratze-baliabideak ere: higiezinak eta lokalak mantentzeko gastuak, lokalen alokairua, higiezina erosteko hipoteka-maileguaren urteko gastuak, zigortutako pertsonen mantenu-gastuak, soldatapeko langileen gastuak (soldata gordina eta erakundearen konturako gizarte-gastuak), eta borondatezko lan-gastuak (hala nola, boluntarioei gastuengatik itzulitako zenbatekoak, istripu-aseguruaren, gaixotasunaren eta erantzukizun zibilaren polizak).

d) Prestakuntza- eta trebakuntza-zentroak eta lanerako orientazio- eta laguntza-zentroak: higiezinak eta lokalak mantentzeko gastuak, horien alokairuak, higiezina eskuratzeko hipoteka-maileguaren urteko gastuak, informatikako materiala, suntsigarriak, tailer eta ikastaroetako materiala, eta soldatapeko langileen gastuak (soldata gordina eta erakundearen konturako gizarte-gastuak), eta borondatezko lan-gastuak (hala nola, hala badagokio, egindako gastuengatik boluntarioei itzulitako zenbatekoak, istripu-, gaixotasun- eta erantzukizun-aseguruen polizak).

e) Agindu honen 2. artikuluko 2. paragrafoan jasotako prestakuntza-programak xede dituzten proiektuak: diruz lagundu daitezkeen gastuak izango dira prestakuntza- eta trebakuntza-zentroetarako eta enplegurako orientazio- eta laguntza-zentroetarako adierazitakoak.

2.– Higiezin bat eskuratzeko hipoteka-maileguaren urteko gastuak diruz lagunduz gero, diruz lagundutako jarduerarekiko lotura-aldia bost urtekoa izango da. Erregistro publiko batean inskribatu ezin diren ondasunak eskuratzeko gastuen kasuan, horien lotura-aldia bi urtekoa izango da.

3.– Diruz lagunduko dira onuradunak diruz lagundutako jarduerari egotzitako zeharkako kostuak, eta kostu horiek ezingo dira izan diruz lagundutako jardueraren guztizko kostuaren% 5 baino handiagoak.

4.– Espetxeetan hasten diren proiektuetan, dirulaguntza jaso ahal izango dute erakunde onuradunek kanpoko baliabideetara zein pertsona eraman behar den aukeratzeko eta prestatzeko egiten dituzten aldizkako bisitek sortzen dituzten gastuek.

5.– Agindu honen 9. artikuluaren 1. paragrafoko proiektua gauzatzeko aurrekontu banakatuan jasota dauden gastuak dirulaguntza jaso dezaketen gastuak direla ulertuko da, artikulu honen arabera dirulaguntza jasotzeko betekizunak betetzen badituzte. Agindu honen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera ordainduko dira horiek.

4. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Dirulaguntzaren xede diren proiektuak osatzen dituzten jarduerak azpikontratatu egin ahal izango dira, gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren% 50era arte, eta irabazi-asmorik gabeko erakundeekin soilik. Inola ere ezingo dira azpikontratatu jardueraren edukiari balio erantsirik eman gabe diruz lagundutako jardueraren kostua handitzen duten jarduerak.

2.– Erakunde onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jarduera guztiak edo batzuk honako hauekin itundu:

a) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluko debekuren batean dauden pertsona edo erakundeekin.

b) Kontratazioaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeekin.

c) Bitartekari edo aholkulariekin, ordainketak eragiketaren guztizko kostuaren ehuneko gisa definitzen direnean, ordainketa egindako lanaren edo emandako zerbitzuen merkatuko balioaren erreferentziarekin justifikatuta egon ezean.

d) Onuradunarekin lotura duten pertsona edo erakundeekin, honako baldintzok bete ezean:

1) Organo emailearen berariazko baimena aldez aurretik lortzea.

2) Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak ez gainditzea lotutako erakundeak egindako kostua. Kostua justifikazioan egiaztatuko da, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza berberetan.

e) Deialdi eta programa berean laguntza edo dirulaguntza eskatzen duten pertsona edo erakundeekin, baldintzak ez betetzeagatik edo behar besteko balorazioa ez lortzeagatik dirulaguntzarik jaso ez badute.

5. artikulua.– Dirulaguntza eskatzeko baldintzak eta horiek egiaztatzeko modua.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako debekurik ez duten irabazi-asmorik gabeko erakundeek eskatu ahal izango dute dirulaguntza, baldin eta oinarri arautzaileetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badituzte.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuak betetzen ez direla egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da notarioaren edo administrazio-agintaritzaren aurrean (Agindu honen I. eranskinean jasotako eskabide-inprimakian jasotako erantzukizunpeko adierazpena betez egin ahal izango da).

Nolanahi ere, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Legez eratuta egotea eta izaera juridikoagatik dagokien erregistroan inskribatuta egotea.

b) Egoitza eta jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Justizia Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du, entitateak baimena ukatzen ez badu, entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen tastu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluaren bigarren lerrokada aplikatuz. Erakunde eskatzaileak espresuki aurka egiten badu, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzeko, deialdia kudeatzen duen organoari aurkeztu beharko dizkio uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzei buruzko Legearen Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan arautzen diren administrazio-ziurtagiri positiboak.

d) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penal irmorik ez izatea, edo horretarako legezko debekurik ez izatea, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen tastu bateginaren 50.5 artikuluan xedatutakoaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua).

e) Onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Eskabideak elektronikoki izapidetuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040810. Bertan daude eskuragarri kanal elektronikoaren bidez izapidetzeko zehaztapenak, eranskinak eta formularioak.

Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Honako hauek arautzen dituzte izapide elektronikoak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua; eta Platea e-administraziorako plataforma teknologikoa onartzen duen 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarena.

7. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Justizia Sailburuordetzako Justizia Zuzendaritzari dagokio deialdi honen kudeaketa, Helduen Justizia Zerbitzuaren bidez.

8. artikulua.– Eskabideak.

1.– Eskabideetan, agindu honen 2. artikuluan zehaztutako modalitateren bat garatzen duen proiektu bat izango da. Modalitate bat baino gehiago garatzen dituzten erakundeek, eskabide bat aurkeztu beharko dute modalitate bakoitzeko. Era berean, modalitate batean kokatu daitezkeen proiektu desberdinak garatzen dituzten erakundeek, eskabide bat aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko. Espetxeetan edo baldintzapeko askatasunean dauden zigortuei edo askatasunaz gabetzeko zigorraren betearazpena etenda duten zigortuei zuzendutakoak izan daitezke proiektuak.

2.– Erakundeek gehienez hiru eskabide aurkeztu ahal izango dituzte.

3.– Deialdian guztira erabil daitekeen dirua eta azken urteetako proiektuen gehieneko zenbatekoa kontuan hartuta, erakundeek ezin izango dute aurkeztu 80.000 eurotik gorako proiekturik. Erakunderen batek zenbateko hori gainditzen duen eskabide bakarra aurkeztuz gero, eskabide hori ezetsi egingo da. Erakunderen batek eskabide bat baino gehiago aurkeztu eta sarrera ematen zaien hurrenkeraren arabera aurkeztu duen lehenengo eskabideak gehienezko zenbatekoa gaindituz gero, eskabide guztiak ezetsiko dira. Eskabide horrek zenbatekoa gainditzen ez badu, aurkeztutako eskabideak sarrera ematen zaien hurrenkeraren arabera batuko dira, eta gehienezko zenbatekoa gainditzea dakarren eskabidea ezetsi egingo da, eta, hala badagokio, ondoren aurkeztutakoa.

4.– Erakundeek hilabeteko epea izango dute eskabideak aurkezteko, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabideak Agindu honen I. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoak izango dira, eta bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040810

5.– Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

9. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Erakundea eratzeko eskritura, estatutuak eta erakundearen izaera juridikoagatik dagokion erregistroan inskribatu izanaren egiaztagiria.

b) Dirulaguntza zein proiektutarako eskatzen den, hari buruzko memoria, agindu honen II. eranskinean jasotako «proiektuaren memoria» eredu normalizatuaren arabera. Hemendik jaitsi daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040810

Memorian zehaztu beharko da 2. artikuluan zehazten diren aukeretatik zeinetan kokatzen den proiektua. Erakundeek argi eta zehaztasunez azaldu beharko dute egingo den jarduera, zigortuekin egingo den lana, proiektuaren helburu zehatzak eta erabiliko den metodologia.

c) Proiektua gauzatzearen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatua, proiektua finantzatzeko gainerako bitartekoak adieraziz, halakorik balego, edo proiektua finantzatzeko berezko edo kanpoko beste baliabiderik ez dutela dioen zinpeko aitorpena. Aurrekontua agindu honen III. eranskinean jasotako «Aurrekontu banakatua» eredu normalizatuaren arabera aurkeztu behar da. Eredua hemendik jaitsi daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040810

2.– Eskabideak balioztatzeko, aurreko paragrafoan aipatutako dokumentuak bakar-bakarrik hartuko dira kontuan. Dena dela, erakundeek dokumentu osagarriak aurkeztu ahal izango dituzte, proiektua hobeto balioztatzen lagunduko dutela uste badute.

3.– Jarduerak dagoeneko bukatuta baldin badaude, egindako gastuak justifikatzeko behar diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko dira, agindu honetan eskatzen den moduan.

4.– Organo kudeatzaileak espedientea behar bezala osatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentuak eta azalpenak eska diezazkioke erakunde eskatzaileari. Gainera, eskatzaileak emandako datuak egiaztatu ahal izango ditu.

10. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Organo kudeatzaileak egiaztatzen badu erakunde eskatzaileren batek aurkeztutako dokumentazioan zerbait falta dela edo aurreko artikuluetan adierazitako betekizunak betetzen ez direla, eskatuko dio hamar eguneko epean hutsa zuzen dezala edo dagozkion agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko dio horrela egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela. Horretarako, aldez aurretik ebazpena emango da, zirkunstantzia horren berri emateko, eta, bertan, jazotako egitateak eta aplika daitezkeen arauak zehaztuko dira.

11. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Balorazio-batzorde bat eratuko da, zeinak dirulaguntzak balioztatzeko proposamena egingo baitu.

2.– Honako hauek osatuko dute balorazio-batzordea:

a) Batzordeburua: Iñaki Basauri Bengoa, Justizia Zuzendaritzako Helduen Justizia Zerbitzuko arduraduna. Batzordeburu ordezkoa: Beatriz Agirre Alberdi, Justizia Zuzendaritzako aholkulari juridikoa.

b) Kideak:

I) Titularra: Benito Aguirre González, Arabako Espetxeko zuzendaria. Ordezkoa: José María Bastos Marzal, Tratamenduko zuzendariordea.

II) Titularra: José Ángel Badiola Santamaría, Basauriko espetxeko zuzendaria. Ordezkoa: María Vicenta Alonso de la Cruz, Tratamenduko zuzendariordea.

III) Titularra: María Ángeles Moreno Mata, Martuteneko espetxeko zuzendaria. Ordezkoa: Miren Almeida Pequeño, Tratamenduko zuzendariordea.

3.– Batzordeko idazkaria Naiara Madariaga Mesanza Justizia Zuzendaritzako teknikaria izango da.

12. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Eskabideak balorazio-irizpide eta puntuazio-eskala hauen arabera balioztatuko dira:

a) Zigortuak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko prozesuari proiektuak egiten dion ekarpena: 0-20 puntu.

1) Zigortuak espetxez kanpo bizitzeko aukera ematen duten proiektuak, horien intentsitatearen arabera: 11-20 puntu.

2) Gainerako proiektuak, horien intentsitatearen arabera: 0-10 puntu.

b) Proiektuaren egokitasuna edo interes soziala: 0-20 puntu.

1) Lan-munduan sartzeko zailtasunak dituzten kolektiboei zuzendutako proiektuak (espetxearekiko ohitze-maila altukoak, ijitoak, migratzaileak, emakumeak edo osasun mental arazoak dituzten pertsonak), horietan parte hartzen duen pertsona-kopuruaren eta intentsitatearen arabera: 11-20 puntu.

2) Gainerako proiektuak, erabiltzaile-kopuruaren eta proiektuaren intentsitatearen arabera: 0-10 puntu.

c) Proposatzen diren jardueretan erakundeak duen lankidetza- eta partaidetza-maila: 0-10 puntu.

1) Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuarekin eta Lanbiderekin: 8-10 puntu.

2) Zigortuak eta presoak gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko lanean ari diren beste erakunde eta organizazio batzuekin: 0-7 puntu.

d) Proiektua hainbat urtetan gauzatzeko aukera: 0-5 puntu.

1) Autofinantzaketa duten proiektuak, autofinantzaketa-ehunekoaren arabera: 3-5 puntu.

2) Bideragarritasuna egiaztatuta duten proiektuak, urteen arabera. Gutxienez, proiektua azken bi urteetan egindakoa izan behar da. 0-2 puntu.

e) Boluntarioen parte-hartzea: 0-5 puntu.

1) Boluntario-kopurua dirulaguntzarako aurkeztu den proiektuan: 3-5 puntu.

2) Boluntario-kopurua erakundearen beste proiektu batzuetan: 0-2 puntu.

2.– Balorazio-irizpide horiek aplikatuta, gehienez ere 60 puntu lortu ahal izango dira.

3.– Dirulaguntza emateko, aurreko irizpideen arabera 30 puntutik gora lortu beharko ditu eskabideak.

13. artikulua.– Zenbatekoa zehaztea.

1.– Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak aukera izango du diruz laguntzekoak ez diren gastuak edo proiektuarekin zuzenean lotuta ez dauden gastuak hartzen dituzten eskabideetako diru-kopuruak doitzeko, dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztu baino lehen.

2.– Balorazio-irizpideen arabera 30 puntu baino gehiago lortu dituzten eskabideen proiektuei zenbateko dirulaguntza dagokien zehazteko, urrats hauek egingo dira:

a) Eskabideak puntuaziorik altuenetik txikienera antolatuko dira. Eskabideren batek 60 puntu (gehieneko puntuazioa) lortzen baditu, eskatutako dirulaguntza zenbatekoaren ehuneko ehuneko (% 100) dirulaguntza ehuneko teorikoa aplikatuko zaio. Artikulu honen lehen apartatuan adierazitakoaren arabera, kontuan hartu behar da aldez aurretik birdoitu egin behar direla erakundeek eskatutako kopuruak, dirulaguntzarik jaso ezin duten gastuei edo proiektuarekin lotuta ez dauden gastuei dagokienez. Gainerako eskaerei balorazio irizpideetan lortutako puntuen araberako ehuneko proportzionala aplikatuko zaie, hurrenez hurren.

b) Kasu bereziak:

1) Dirulaguntzen zenbateko teoriko guztiak batu eta aurrekontuen diru-zuzkidura gainditzen bada, zenbateko guztiak proportzionalki egokituko dira, eta dirulaguntza teoriko guztiei ehuneko berbera jaitsiko zaie. Ehuneko hori honela kalkulatuko da: diru-zuzkidura zati zenbateko teoriko guztia.

2) Dirulaguntzen zenbateko teoriko guztiak batu eta aurrekontuen diru-zuzkidura ez bada gainditzen, berriz, soberakoa eskabide guztien artean banatuko da proportzionalki, aurreko paragrafoan ezartzen den prozedura berari jarraituta. Horrela kalkulatutako zenbatekoak ezingo du inondik inora gainditu diruz lagun daitekeen gastuaren ehuneko ehuna (% 100).

3.– Deialdian guztira erabil daitekeen dirua eta azken urteetako proiektuen gehieneko zenbatekoa kontuan hartuta, proiektu bati gehienez ere 50.000 euroko dirulaguntza eman ahalko zaio.

14. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio-batzordearen proposamena ikusita, eskatutako dirulaguntzak emateko nahiz ukatzeko ebazpena emango du Justiziako zuzendariak, eta, bertan, proiektu bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko da. Ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.

2.– Dirulaguntzak emateko nahiz ukatzeko ebazpena jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Edonola ere, ez da eragotziko Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

3.– Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

15. artikulua.– Onarpena.

1.– Erakunde onuradunen aldetik dirulaguntza onartzeak esan nahi du onartu egiten dituztela agindu honetan ezarritako arau guztiak, bai eta honako hauetan ezarritako bermeak eta diru-itzulketen eta zehapenen erregimena ere: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

2.– Laguntza onartu egin dela ulertuko da, laguntza emateko ebazpenaren jakinarazpenaren hurrengo egunetik aurrera 5 egun pasatu ondoren onuradunak besterik adierazi ez badu.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

Halaber, erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntzak xede duen proiektu zehatza egiteko erabiltzea dirulaguntza hori, agindu honen 19.1.b) artikuluan aurreikusitakoa aplikatzekoa bada izan ezik.

b) Organo kudeatzaileari jakinaraztea, dirulaguntza jasotzeko beharrezkoak diren betekizunak betetzea edo dirulaguntzaren xede den proiektua burutzea ezinezkoa egiten duen (osorik edo partez) gerora sortutako gorabeheraren bat gertatzen bada.

c) Organo kudeatzaileari jakinaraztea proiektuak gauzatzeko aldian diruz lagundutako proiektuak finantzatzeko emandako edozein dirulaguntza edo laguntza eman diotela edo ukatu diotela, horren berri izan bezain laster.

d) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betez eskatutako informazio guztia ematea.

e) Dirulaguntza eman eta onartu ondoren argitaratzen diren programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako idatzizko eta soinuzko materialen aleetan beren-beregi eta argi adieraztea Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso dela Lan eta Justizia Sailaren bidez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunari buruzko eskuliburua onartzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan ezarritakoa bete beharko da. Informazio gehiago eta eskabideak eskuratzeko: https://www.euskadi.eus/web01-s2oga/eu/contenidos/informacion/identidad_corporativa/eu_5611/identidad_corporativa.html

17. artikulua.– Ordainketa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen tastu bateginaren 49.11 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, honako hau izango da ordainketa-araubidea: dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren eta onartzeko epea igaro ondoren, dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko hirurogeita hamabost (% 75) ordainduko da. Gainerako ehuneko hogeita bosta (% 25) Justizia Zuzendaritzan justifikatu ondoren gauzatuko da, betiere 18. artikuluan aipatutako agiriak 2021eko otsailaren 28a baino lehen aurkeztuz.

2.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, laguntza ematearen aldeko Ebazpena argitaratu baino lehen amaituta dauden jarduerei dagozkien dirulaguntzak osorik eman daitezke, ordainketa bakarraren bidez, baldin eta erakundeak osorik justifikatu badu dirulaguntzaren xedea, aurreko paragrafoan adierazitako justifikatzeko agiriak aurkeztuta.

3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean egon beharko du, eta, horretarako, sail horretako Hirugarrenen Erregistroan erregistratuta egon beharko du.

Dauden banku-datuak hirugarrenen erregistro telematikoaren bidez erregistratu edo aldatu ahal izango dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

18. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta justifikatzeko dokumentazioa.

1.– Erakunde onuradunek dirulaguntza ematea eragin duten betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela justifikatu beharko diote dirulaguntza kudeatzen duen organoari, bai eta dirulaguntzaren xede den proiektua egin dutela ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztuko dute justifikazio-kontu sinplifikatu baten bidez, eta honako informazio hau jasoko du:

a) Justifikatzeko memoria: edozein formatutan aurkeztuko da, jarduera edo programa zehatz-mehatz deskribatuko du eta honako hauek zehaztuko ditu, gutxienez: erabiltzaileen kopurua, sexuaren arabera bereizita, eta, hala badagokio, laneratzeko zaila den talderen batekoa den (espetxearekiko ohitze-maila altukoak, ijitoak, etorkinak, emakumeak edo osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak). Ahal izanez gero, dirulaguntza jaso duen jarduera burutu dela ziurtatzen duten argazkiak edota dokumentu grafikoak aurkeztuko dira memoriarekin batera, eta, hala dagokionean, argitaratutako programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako idatzizko eta soinuzko materialen aleak.

b) Jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua, agindu honen IV. eranskinean jasotako ereduaren arabera, eta esteka honetatik deskarga daitekeena: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040810

Formulario horretan, gutxienez, honako informazio hau adierazi behar da:

1) Proiektuaren jarduerarako egin diren inbertsioen eta dirulaguntzaren kontura egindako gastuen zerrenda. Gastu bakoitza zein helbururekin egin den azalduko da labur-labur eta gastuon dokumentuak aurkeztuko dira, datu hauekin: hartzekodunaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data.

2) Erakunde onuradunak, diruz lagundu den proiekturako, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik jasotako bestelako finantzaketa edo zenbateko eta jatorrien zerrenda zehaztua, baldin eta aurretik horien berri ez bazitzaion eman organo kudeatzaileari.

2.– Justifikazioak bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dira helbide honetan: https://euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak, 2021eko otsailaren 28a baino lehen, ausaz aukeratutako bost erakunde onuradun bisitatuko ditu gutxienez, justifikazio-agirietan emandako informazioa egiaztatzeko eta justifikazio-agiri originalak eskatzeko (beharrezkotzat jotzen dituen kontu-ikuskapenak egiteko xedez).

19. artikulua.– Dirulaguntzak emateko betekizunak ez betetzea.

Dirulaguntza itzultzeko kausak izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak.

1.– Betiere ez-betetze kasuak izango dira honako hauek:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo horren zati bat bere garaian aurkeztutako proiektuaren arabera onartu zen jarduerari ez dagokion bestelako jarduera baterako erabiltzea.

b) Diruz lagundutako proiektuan aldaketak egitea, salbu eta, funtsezkotzat hartzen ez direlako, eskaera arrazoitua egin ostean, Justiziako zuzendariak esanbidez baimentzen baditu, betiere dirulaguntzaren onuradun izateko deialdi honetan ezarri diren gutxieneko betekizunak betetzen badira. Gutxieneko betekizunak hauek izango dira: erakunde onuradun izateko baldintza guztiei eustea; proiektuak, proiektu bera izanda eta erakunde onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak direla-eta, aurrez ikusitakoa baino zigortu eta preso gutxiagori ekartzea onurak; edo, gizarteratze-helburuak beteta, helburu horiek antzeko gizarteratze-proiektuekin lortu izana.

c) Aurkeztutako eskabidean edo dokumentazioan azaltzen den daturen baten faltsutasuna.

2.– Erakunde onuradunak betetzen ez baditu dirulaguntzak emateko ebazpenean edo agindu honetan ezarritako baldintzak, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta ordura arte jasotako dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, honako hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: azaroaren 17ko 38/2003 Legean (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra), azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen du) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu).

20. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Beste edozein administraziok edo erakunde publiko nahiz pribatuk eman dezakeen dirulaguntza edo laguntza ororekin bateragarriak dira dirulaguntza hauek. Baina, helburu berbererako eskuratutako zenbateko guztia aurrekontua baino handiagoa bada, agindu honen bidez emandako dirulaguntzaren zenbatekoari gehiegizko zenbatekoa kenduko zaio.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen dela eta 2. artikuluan ezarritako gutxieneko betekizunak betetzen badira, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Horretarako, Justiziako zuzendariak likidazioa egiteko ebazpena emango du, eta, ebazpen horren bidez, emandako zenbatekoak egokituko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, baina interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar dezake zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epe biak agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan prozedurari buruz arautu gabe geratu diren alderdiei Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko zaie.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 18a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

I. ERANSKINA
Eskaera
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
PROIEKTUAREN MEMORIA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
PROIEKTUAREN AURREKONTUA GUZTIRA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
JUSTIFIKATZEKO KONTUA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala