Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2020ko ekainaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2461

62/2020 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari hainbat jarduera egiteko gomendioa emateko erabakia, hain zuzen, Bilboko metropoli-trenbiderako proiektuak eta obrak egiteko (1. eta 2. lineak).

Honako erabaki hau onartu zuen Gobernu Kontseiluak 2020ko ekainaren 16an egindako bilkuran: Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari ematea hainbat jardueraren gomendioa, hain zuzen, Bilboko metropoli-trenbidearen proiektuak eta obrak egiteko (1. eta 2. lineak). Bada, publikotasuna eman behar zaio erabaki horri, eta horregatik, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea erabakiaren testua, zeinaren bidez Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari ematen baitzaio hainbat jardueraren gomendioa, hain zuzen, Bilboko metropoli-trenbidearen proiektuak eta obrak egiteko (1. eta 2. lineak); eranskinean jasota dator erabakiaren testua.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 16a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 16KO 62/2020 EBAZPENARENA
ERABAKIA, GOBERNU KONTSEILUARENA, 2020KO EKAINAREN 16KOA, ZEINAREN BIDEZ RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREARI EMATEN BAITZAIO HAINBAT JARDUERAREN GOMENDIOA, HAIN ZUZEN, BILBOKO METROPOLI-TRENBIDEAREN PROIEKTUAK ETA OBRAK EGITEKO (1. ETA 2. LINEAK)

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 7. artikuluak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku utzi zituen trenbideen gaineko egitekoak.

Bilboko metropoli-trenbidearen gainean dituen eskumenetan sartzen diren proiektuak, obrak eta gainetiko jarduketak eta Bilboko metropoli-trenbidearekin zerikusia duten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumeneko gainerako jarduketak Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren esku uzten ditu Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta egitekoak xedatzen dituen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 22.1.d) artikuluak.

Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen bidez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko erakunde publikoa sortu zen, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusten direnetakoa (1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duena). Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren eskumena zabaltzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren eta enkargatzen zaizkion trenbide-azpiegitura guztietara (egungoak edo etorkizunean eraikiko direnak).

Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.4 artikuluaren arabera, entitatearen helburuetan sartzen dira, Jaurlaritzak haren gain uzten duen eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen eginkizun oro, eta, bereziki, azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak.

Bilboko metropoli-trenbidearen proiektuak egitera eta proiektu horien eta obren segimendua eta kontrola egitera bideratuta dauden jarduera materialei, teknikoei edo zerbitzuzkoei dagokienez, badira arrazoi teknikoak eta materialak Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari emateko jarduera horien gomendioa, hori guztia Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legean ezarritakoa oinarri hartuta.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, eta hura aztertu ondoren, Gobernu Kontseiluak hau

ERABAKITZEN DU:

«Lehenengoa.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari ematea Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eskumenekoak diren jarduera material, tekniko, juridiko eta zerbitzukoak egiteko gomendioa, hain zuzen, Bilboko metropoli-trenbidearen proiektuak eta obrak egitea (1. eta 2. lineak), horien jarraipena egitea eta kontrolatzea. Kudeaketa-gomendio horrek ez dakar lagatzea ez eskumenaren titulartasuna, ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak.

Bigarrena.– Kudeaketa-gomendio hori burutzeko baldintza zehatzak aipatutako erabakiaren eranskinean daude jasota.

Hirugarrena.– Kudeaketa-gomendio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.»

ERABAKIAREN ERANSKINA:

1.– Gomendioaren helburua.

Gomendio honen xedea da 2020. urtean Bilboko metropoli-trenbideko (1. eta 2. lineak) proiektuak eta obrak egiteko, eta haien jarraipena egin eta kontrolatzeko lanetan bete beharreko baldintza teknikoak zehaztea.

Zehazki, Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineekin lotuta jasotzen diren jarduerak honako hauek dira:

● Urdulizko lurperatzea.

– Urdulizko lurperatzearen tunel faltsuaren egitura aztertzea.

– Urdulizko obrei buruzko peritu-txostenak.

– Urdulizko geltokiko lurperatze-obren egituraren iraunkortasuna hobetzeko lanak.

● Ibarbengoako parkinga.

– Ibarbengoako parkingaren obra-amaierari buruzko azterlanak.

– Ibarbengoako parkinga eraikitzeko obren zuzendaritza.

– Ibarbengoako obrari buruzko peritu-txostenak.

– Bilboko metropoli-trenbidearen 1. lineako Ibarbengoako geltoki berriko disuasio-parkingaren jardueraren bideragarritasunerako beharrezkoak diren lan txikiak.

2.– Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak. Definizioak.

Kontratu-harremanak finkatzeko, figura juridiko hauek definitzen dira:

Administrazioa:

Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila. Garraio Azpiegituren Zuzendaritza.

Enkarguaren zuzendaria:

Administrazioak izendatuko du enkarguaren zuzendaria, eta Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak gainbegiratuko du haren lana. Lanen zailtasunaren arabera, enkarguaren zuzendariak talde tekniko bat bildu ahal izango du aholkuak eman diezazkion, eta, behar izanez gero, zuzendariaren izenean ere jardun ahal izango du talde horrek.

Euskal Trenbide Sarea (aurrerantzean, ETS):

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mende dagoen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, agiri honetan adieraziko diren lanak egingo dituena.

ETSren ordezkaria:

Goi-mailako teknikaria izango da, eta ETSk berak izendatuko du lanen koordinazio teknikoa egiteko eta ETSren izenean jarduteko Administrazioaren aurrean. Ordezkari horren mendekoa izango da ETSko talde osoa. Ordezkariak azalpenak emango dizkio, zuzenean, enkarguaren zuzendariari, halakorik eskatzen dion guztietan.

3.– ETSk egin beharreko lanak.

Honela sailka daitezke ETSk egin beharreko lanak:

A) Azterlanak eta proiektuak idaztea.

Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineen inguruan eskatu zaizkion azterketak eta proiektuak egingo ditu ETSk, bere baliabideekin zein zerbitzuak emateko kontratuen bidez, kudeaketa-gomendio honen 1. apartatuan zehaztutakoaren arabera.

Halaber, ETSk idatziko ditu kudeaketa-gomendio honen 1. puntuan aipatutako obren ondorioz egin behar diren urbanizazio-proiektuak, akaberak edo bestelakoak.

B) Obren zuzendaritza.

ETS arduratuko da gomendio honen 1. puntuan aipatutako obrak zuzentzeaz. ETSk atal honetan egin beharreko lanen edukia puntu hauetan garatzen da.

B.1.– Obra zibilen eta instalazioen zuzendaritza.

Behin obra zibilak edo instalazioak eraikitzeko kontratua adjudikatuta, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak obra-zuzendari bat izendatuko du; obra-zuzendari horrek, ETSren ordezkariak ikuskatuta, kontratu hori bete dadin zainduko du, bai alderdi teknikoei, bai alderdi ekonomikoei dagokienean, eta udal-agintariekiko eguneroko harremanak ere horren ardura izango dira.

Obra-zuzendaria ETSko plantillakoa izango da.

Obra-zuzendariak talde tekniko bat izango du obrak zuzentzen laguntzeko; ETSren baliabideekin edo zerbitzuak emateko kontratuen bidez osatuko da talde hori. Talde horrek hainbat jarduera egiten lagunduko dio obra-zuzendariari: obrak kontrolatzea, kalitatea bermatzea, geometriak eta zuinketa egitea, saiakuntzak burutzea eta obrak proiektuarekin bat datozela egiaztatzeko jarraipena egitea.

Kudeaketa-gomendio honen denbora-tartean, hauek dira aurreikusita dauden jarduerak:

– Urdulizko trenbide-kaxoiaren egituraren azterketa zehatza, haren egoeraren diagnostiko osoa egiteko beharrezkoak diren datu objektiboak izateko, haren egokitasuna egiaztatu ahal izateko edo hartu beharreko neurriak planteatu ahal izateko.

– Ibarbengoako aparkalekuko obren eta 2012an amaitutako Ibarbengoa geltokiko obren arteko lotura gainbegiratzea, haien artean jarraitutasuna egon dadin.

B.2.– Peritu-zerbitzuak.

Obren enpresa adjudikaziodunek administrazio-bidean nahiz auzibidean aurkeztu dituzten edo etorkizunean aurkeztuko dituzten erreklamazioei dagokienez peritu- eta kontraperitu-zerbitzuak ematea jasotzen du. Hauek izango dira egin beharreko lanak:

1.– Kontratistak obrak gauzatzean benetan izan dituen kostuak aztertzea eta baloratzea.

2.– Kontratuaren xede diren obrak gauzatzean sortutako gainkostuak justifikatzeko kontratistak aurkeztu dituen erreklamazioak edo peritu-txostenak aztertzea eta baloratzea.

3.– Gomendioan emandako obren erreklamazioei buruzko peritu-txostena edo kontraperitu-txostena egitea, kasuen arabera.

4.– Kontratistek peritu-txostenari edo kontraperitu-txostenari buruz aurkeztutako alegazioei erantzuteko txostena egitea.

5.– Egindako txostena auzibidean defendatzea eta berrestea, hala badagokio.

C) Obren kudeaketa-gastuak.

Jarduera honetan sartzen dira obrak egiteko lanak bermatzeko beharrezkoak diren zerbitzuak eta lan txikiak, bai eta horien akabera egokia eta hiri-egokitzapena bermatzeko beharrezkoak direnak ere, zeinak ezin baitira egin EAEko Administrazio Orokorrarekin sinatutako obra-kontratuaren esparruan.

4.– Egindako lanen zenbatespena eta ordainketa.

Hirurehun mila euroan (300.000,00) zenbatetsi dira kudeaketa-gomendioan jasotako lanak, honako kontzeptu hauetan oinarrituta:

(Ikus .PDF)

Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak justifikatu ondoren betiere. Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio Administrazioari.

5.– Egiteko epea.

2020ko abenduaren 31era arte izango da indarrean kudeaketa-gomendio hau.


Azterketa dokumentala