Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2020ko ekainaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2367

AGINDUA, 2020ko ekainaren 1ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen eta arautzen baitira 2020. urteko goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko dirulaguntzak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, agindu honen bidez, dirulaguntzen lerro bat ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzen laguntzeko.

Izan ere, goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko jarduerak sustatzeari garrantzizko irizten dio Eusko Jaurlaritzak, eta horregatik egiten du deialdi hau. Oro har, kirola bultzatzeko pizgarri dira lehiaketok, lehiarako marko bat eskaintzen die goi-mailako euskal kirolariei eta jarduera ekonomikoa sortzen dute.

Euskadiko kirolari buruzko ekainaren 11ko 14/1998 Legearen arabera, goi-mailako kirola herri-interesekoa ere bada; izan ere, batetik, funtsezko faktorea da Euskal Autonomia Erkidegoan oinarrizko kirola garatzeko, eta, bestetik, Estatu-mailako eta nazioarteko kirol-lehiaketa ofizialetan errepresentazio-funtzioa du. Euskal Autonomia Erkidegoko instituzio komunei ematen die goi-mailako kirola antolatu eta sustatzeko eskumenaz baliatzeko ahalmena.

Agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2018-2020ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Sail horretako sailburuak onartu du plan hori, eta aipatutako sailaren webgunean dago argitaratuta.

Kontuan hartuta zer xedatzen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen II. tituluaren IV. kapituluak, modu aktiboan hartuko da aintzat emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren helburua, diruz laguntzekoa den programa hau landu eta aplikatzeko orduan.

Hortaz, ezarri behar dira, batetik, kirol-lehiaketak goi-mailakotzat hartzeko izan behar dituzten ezaugarriak definitzeko betekizunak eta irizpideak, eta, bestetik, aipatu dirulaguntzak eskatu, izapidetu eta ematea erregulatzeko arauak.

Horren ondorioz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honetan, 2020. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan egingo diren edo egiten hasten diren goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen da, artikulu honetan xedatutako eran. Deialdi hau helburu, honako hauek joko dira goi-mailako kiroltzat: nazioarteko eremu eta izaerako lehiaketak, honako baldintza hauek betetzen badituzte, betiere:

– Nazioarteko federazio baten, europar federazio baten edo nazioarte-mailako liga profesional baten egutegi ofizialaren barruan egon beharko dute.

– Mundu-mailako lehiaketetan, kontinente biko edo gehiagoko kirolariek hartu beharko dute parte.

– Lehiaketa guztietan, herrialde biko eta gehiagoko kirolariek hartu beharko dute parte.

– Zirkuitu edo liga formatuko lehiaketak herrialde bitan edo gehiagotan antolatu beharko dira.

Tenisaren kirol-modalitateari dagokionez, honako hauek izango dira dirulaguntzen helburu: Europar Federazioaren, Tenis Profesionalaren Elkartearen eta Kirol Egokituaren Nazioarteko Federazioaren egutegi ofizialean sartuta dauden kirol-lehiaketak.

Surfaren kirol-modalitateari dagokionez, honako hauek izango dira dirulaguntzen helburu: Nazioarteko Elkartearen, Europar Federazioaren eta Surflari Profesionalen Elkartearen egutegi ofizialean sartuta dauden kirol-lehiaketak.

Boxeoaren kirol-modalitateari dagokionez, honako hauek izango dira dirulaguntzen helburu: nazioarteko titulu ofizial bat lortzeko balia daitekeen goi-mailako kirol lehiaketen antolaketa.

2.– 2020. urtean hasten diren lehiaketetarako ematen diren dirulaguntzak ezingo dira erabili urtealdi horretatik kanpoko gastuak ordaintzeko.

3.– Agindu honetatik kanpo geratuko dira honako lehiaketa hauek: kirol-erakusketa edo -ikuskizunak eta nazioarteko eremua eta izaera ez dutenak.

4.– Dirulaguntzak lortzeko, nahitaez erabili beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak proposatutako lehiaketan, eta, zehazki, publizitateari eta agiriei dagokionez (gutunak, kartelak, liburuxkak, programak, megafonia eta abar).

5.– Ezingo dituzte inola ere dirulaguntza hauek eskatu, eta, hortaz, deialditik kanpo geratuko dira, bi sexuen arteko berdintasun-tratua eta -aukerak bermatzen ez dituzten egitasmoek.

2. artikulua.– Aurrekontuko zuzkidura.

2020ko deialdirako kopuru honetan finkatu da deialdi honek aurreikusitako dirulaguntzen guztizkoa, gehienez ere: berrehun eta lau mila (204.000) euro. Horietatik, 102.000 euro 2020. urterako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 102.000 euro 2021erako konpromiso-kredituari.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Hauek dira Agindu honen bidez arautzen diren laguntzak jaso ditzaketen erakundeak:

a) Kirol-federazioak, kirol-klubak, kirol-elkarteak eta kirola helburu duten merkataritza-sozietateak, baldin eta legez eratuak izanik erregistro egokian inskribaturik badaude.

b) Goragoko atalean aurreikusi gabeko erakunde nortasun juridikodunak, baldin eta betekizun hauek betetzen badituzte: legez eratuak izatea, erregistro egokian inskribaturik egotea eta kirol-modalitateen inguruko jarduerak antolatzea aldian-aldian edo noizean behin.

2.– Ezingo dute dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan azaldutako egoeraren batean dauden pertsonek edo erakundeek.

Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzarik lortu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalen bat duten erakundeek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere. Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik lortu, zehapenak ezarritako epean zehar, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalen bat dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

Halaber, dirulaguntza hau ezin izango dute jaso Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza honek lehiaketa beragatik bideratutako dirulaguntza izendunak hartu dituzten erakundeek.

3.– Era berean, onuradunek egunean izan behar dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Erakunde onuradunei laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura. Era berean, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da jasotako dirulaguntza itzultzea, itzulketa-prozedura bat amaitzean horren gaineko ebazpena eman bada.

4.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Araudiaren 68. artikuluan arautuarekin bat, diruz lagundutako jardueraren atal bat gauzatzea azpikontratatu ahal izango du erakunde onuradunak, baldin eta azpikontratazioaren ehunekoa ez bada jarduera horren % 50 baino gehiago.

4. artikulua.– Emateko prozedura.

1.– Laguntzen zenbatekoa zehazteko, lehiaketa bidezko prozedura erabiliko da, eta, horren ondorioz, Agindu honetako 2. artikuluan esleitutako zuzkidura ekonomikoa honelaxe banatuko da: 11. artikuluan zehaztutako irizpideak aplikatuz, eskabideek balioespen-fasean lortutako puntuazioaren arabera, betiere artikulu honen 3. paragrafoan ezarritako dirulaguntzaren gehienezko zenbatekoa errespetatuz edo, hala badagokio, txikiagoa izanez gero, eskatutako zenbatekoa.

2.– Dirulaguntzei buruzko proposamena eta ebazpena egiteko, dirulaguntzaren mugak izan beharko dira kontuan.

3.– Jarduera bakoitzeko dirulaguntza hogei mila (20.000) eurokoa izango da, gehienez.

4.– Aurreko atalean ezarritako muga aplikatzearen ondorioz, agindu honetan ezarritako balorazio-irizpideen arabera egindako banaketaren arabera esleitutako zenbateko guztia erabiltzen ez bada, beharrezko doikuntzak egin ahal izango dira soberakina zenbateko osagarriak esleitu ahal zaizkien onuradunen artean banatzeko. Banaketa berri hori egiteko, soberakina birbanatu egingo da lehen aipatutako mugak gainditu ez dituzten erakunde eskatzaileen artean, artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritako prozedura berarekin.

5. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Erakundeek dirulaguntza bide elektronikotik izapidetu behar dute nahitaez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. EAEko egoitza elektronikoan ere aurkeztu ahal izango dira, bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan ere.

3.– Erakunde interesdunek euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez gauzatu ahal izango dituzte eskabideari lotutako izapide guztiak, helbide hauetan:

www.euskadi.eus/servicios/0096009

www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096009

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira:

http://www.euskadi.eus/micarpeta

http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Erakundeek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

5.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. –Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar adina aldiz, laguntzak eskatu dituzten erakundeek beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez da beharko erakunde/pertsona eskatzailearen oniritzirik, betiere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuena– xedatutako baldintzetan. Hala ere, eskatzaileak baimen hori beren-beregi uka dezake, baina, kasu horretan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz, honako betebehar hauek bete direla egiaztatuko da eskabidean, erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Erakunde eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zehapen administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, hala xedatzen baitu Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenak.

– Era berean, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du eskabideko eta horri erantsitako dokumentazioko datu guztiak egiazkoak direla, eta indarreko araudian xedatutako baldintzak betetzen dituela dirulaguntza horien onuradun izateko.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko inongo erregistro publikotan izena emanda ez dauden erakundeen kasuan, erakundearen eratze-eskritura eta estatutuak.

4.– Ordezkaritza egiaztatzeko, hala dela sinesgarritasunez erakusten duen edozein bide erabili ahal izango da, zuzenbidean baliozkoa bada.

7. artikulua.– Jarduera azaltzeko agiriak, eskabidearekin batera aurkeztu beharrekoak.

1.– Jardueraren memoria (II. eranskina).

2.– Nazioarteko federazioaren, Europako federazioaren edo nazioarteko liga profesionalaren egutegi ofizialaren kopia, zeinetan jasotzen baita zein lehiaketarako eskatzen den dirulaguntza; edo, bestela, URL lotura, zeinetan kontsulta baitaiteke aipatutako egutegia. Zirkuitu edo liga formatuko lehiaketei dagokienez, proba guztien egutegia eta haiek non egingo diren jasotzen duen agiria erantsi beharko da.

3.– Kirol Kontseilu Gorenak nazioarteko lehiaketa egitea baimentzeko agiria. Lehiaketa ez bada egin eskabidea emateko unean, goian aipatutako dokumentua Kirolen Goi Kontseiluak egiten duenean entregatuko da.

4.– Lehiaketa jada eginda badago, emaitza ofizialak erantsi beharko dira, betiere parte hartu duten kontinenteak, herrialdeak eta kirolariak zenbat izan diren zehaztuz. Lehiaketa ez bada egin, aurreko urteko emaitza ofizialak eta lehiaketan parte hartuko duten kirolari-kopuruari buruzko aurreikuspena erantsi beharko da.

5.– Lehiaketan Kirol Kontseilu Gorenaren eta/edo Eusko Jaurlaritzaren zerrendetan goi-mailako kirolaritzat aitortzen diren kirolariak parte hartu izana egiaztatzeko agiriak.

Eskabidea aurkeztean, lehiaketa jada egin bada, arbitroaren akta, bai eta akta horretan jasotako goi-mailako euskal kirolarien kopurua egiaztatzen duten agiriak ere.

Eskabidea aurkeztean, lehiaketa egin gabe badago, lehiaketan parte hartu eta irizpide hori betetzen duten euskal kirolariei buruzko aurreikuspena, eta haiek goi-mailakoak direla egiaztatzeko agiriak. Baldin eta aurreko urteetan deialdi honetako dirulaguntza helburu duen lehiaketa bereko edizioak egin izan balira, arbitroaren akta, eta egindako azken lehiaketako goi-mailako euskal kirolariak zenbat izan diren egiaztatzeko agiriak.

6.– Lehiaketaren egitaraua, lehiaketaren arloan emakumeen parte-hartzea sustatzen duten beste kirol-jarduera batzuk egiaztatuz, halakorik balitz. Era berean, maila eta/edo parte-hartze txikiagoko beste jarduera batzuk egiaztatuko dira, halakorik balego.

7.– Jardueraren sarrera eta gastuen aurrekontu banakatu eta zehaztua (III. eranskina).

8.– Jarduera beste erakunde publiko edo pribatuekin elkarlanean edo hitzarmen bidez garatzen bada, hori egiaztatzen duen hitzarmen edo kontratuaren kopia. Kasu horretan, eskatzailea ez den erakunde antolatzaileari dagokionez, goragoko paragrafoetan ezarritako agiriak eskatu ahal izango dira.

9.– Eskabidea baloratzeko egoki iritzitako beste dokumentazio osagarria.

Emandako dokumentazio guztiek hizkuntza inklusibo eta ez-sexista izan beharko dute. Gainera, emandako datu guztiek sexuaren arabera bereizita egon beharko dute.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetzeko eskatzen diren agiri batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea baloratzeko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari hutsegitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, aurrez, dagokion ebazpena emango da.

Erakunde eskatzaileren batek eskabidea presentzialki aurkeztu badu, zuzenketak aurkezpen elektronikoaren bidez egiteko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin zeneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

9. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzea.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak.

10. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Balorazio Batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak eta agiriak aztertzeko. Honako hauek osatuko dute Batzordea: Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria (Batzordeko presidentea izango da) eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak izendatutako arlo horretako bi teknikari (horietako bat idazkaria izango da). Batzorde horrek Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroko langileen aholkularitza izango du dirulaguntza ebazteko erabilitako irizpide teknikoei eta kirol-irizpideei dagokienez.

2.– Era berean, Balorazio Batzordearen bileretara joan ahal izango dira, hitzarekin baina botorik gabe, aztertu beharreko gaien inguruan jakintza espezifikoa duten pertsonak, bertaratuen gehiengoak onartuz gero.

3.– Balorazio Batzordea eratzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan ezarritakoa beteko da.

4.– Balorazio Batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik, interesa duen edozeinek aukera izan dezan beren errefusatze-eskubideaz baliatzeko, legez ezarritako egoera eta baldintzetan.

5.– Balorazio Batzordeak egokitzat jotzen dituen argibide guztiak eskatu ahalko dizkie eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak behar bezala aztertu ahal izateko beharrezkoa dela irizten badio; era berean, beharrezkotzat jotako txosten teknikoak ere eskatu ahalko ditu.

6.– Batzorde horrek arrazoitutako ebazpen-proposamena egingo du, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari helaraziko dio.

11. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.

Balorazio Batzordeak aztertuko ditu jasotako eskabideak, eta zehazten diren alderdiak ebaluatuko ditu, jarraian aipatzen diren baremo eta irizpideen arabera:

1. – Probaren edo lehiaketaren maila (50 puntu, gehienez):

– Munduko txapelketak: 50 puntu.

– Europako txapelketa: 45 puntu.

– Munduko txapelketa, zirkuitu edo ligaren formatukoa: 30 puntu.

– Munduko kopa: 35 puntu.

– Kategoria goreneko nazioarteko probak: 20 puntu.

2.– Kategoria absolutua (10 puntu).

Lehiaketa kategoria absolutukoa dela egiaztatzen duten eskabideek 10 puntu lortuko dituzte; hala ez bada: 0 puntu.

3.– Lehiaketa programa olinpikoan sartuta egotea (10 puntu).

Lehiaketa programa olinpikoan sartuta dagoela egiaztatzen duten eskabideek 10 puntu lortuko dituzte; hala ez bada: 0 puntu.

4.– Goi-mailako euskal kirolarien parte-hartzea lehiaketan (5 puntu). Irizpide hori baloratzeko, goi-mailako euskal kirolaritzat hartuko dira Kirol Kontseilu Gorenaren eta/edo Eusko Jaurlaritzaren zerrendetan goi-mailako kirolaritzat aitortzen direnak.

Lehiaketan goi-mailako kirolari batek edo gehiagok parte hartzen duela egiaztatzen duten eskabideek 5 puntu lortuko dituzte; halako parte-hartzerik ez bada, aldiz, 0 puntu.

5.– Lehiaketa zenbat aldiz egin den (20 puntu, gehienez): 2020ko edizioa kontuan izanik.

Edizio-kopuruaren arabera egingo da puntu-banaketa, taula honetan oinarriturik:

– 50 edizio baino gehiago: 20 puntu.

– 41-50: 15 puntu.

– 31-40: 10 puntu.

– 16-30: 5 puntu.

– 1-15: 0 puntu.

6.– Goi-mailako kirol-lehiaketari buruzko programan maila eta/edo partaidetza apalagoko lehiaketa-kirolen jarduerak sartzea (5 puntu, gehienez).

Emakumeak gutxi ordezkatuta dauden kiroletan emakumeen parte-hartzea sustatzen duten lehiaketak direnean (10 puntu, gehienez). Ordezkaritza txikia dela ulertuko da dagokion euskal federazioan emakumeen lizentzien kopurua % 50etik beherakoa bada.

12. artikulua.– Bateragarritasuna.

Agindu honetan ezarritako mugak eragotzi gabe, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntzak, laguntzak, sarrerak eta bestelako baliabideak bateragarriak izango dira, baldin eta helburu bererako badira eta, betiere, gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Horretaz gain, kontuan hartu beharko da Agindu honen 3.2 artikuluan ezarrita dagoena. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzei dagokienez, Balorazio Batzordeak helarazitako proposamena aztertu ondoren, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman eta jakinaraziko du ebazpena, sei hilabeteko epean, deialdia egiteko Agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

2.– Ebazpen-epea igarota, interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi zaiola ulertuko da, hala xedatzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

3.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, agindu honen 8. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da, izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.

4.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. artikuluan eta 39/2015 Legearen 43. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, jakinarazpena egintzat joko da haren edukira sartzen den unean. Jakinarazpenaren xede den egintza jaso dela elektronikoki sinatu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da kasu bakoitzean ezarritako epea.

Jakinarazpenaren xede-egintza erakunde interesdunaren edo, hala badagokio, haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura (aipatutako dekretuak adierazten duen helbide elektronikoan) jartzen denetik hamar eguneko epea igaro bada eta erakunde edo pertsona horrek ez badu jakinarazpen horren edukira jo, jakinarazpen horri uko egin diola ulertuko da. Halakoetan, izapidea gauzatutzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta, ofizioz edo pertsona edo erakunde hartzaileak hala eskatuta, eduki horietara jotzeko ezintasun tekniko edo materialik egon dela egiaztatzen bada.

Interesdunak gailu elektroniko bat eta/edo helbide elektroniko bat eman ahal izango du jakinarazpenen oharrak bidaltzeko.

5.– Jakinarazten den ebazpenaren kontra, edo ebazteko epea inongo ebazpenik gabe igarotakoan, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz. Dena dela, uztailaren 13ko 29/1998 Legean aurreikusitakoaren araberako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko aukera ere izan dezakete.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza bi alditan ordainduko da: lehenean, diruz lagundutako zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamar, esleipen-ebazpena jakinaraztean eta hura onartzeko epea igarotakoan gauzatuko da; eta bigarrena, gainerako berrogeita hamar, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera gauzatuko da, betiere diruz lagundutako lehiaketa justifikatzean, zeina 2021eko martxoaren 31 baino lehenago burutu beharko baita.

Erakunde onuradunek egunean izan behar dituzte zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko ordainketak.

Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuraduna Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean sartuta egon behar da.

Izena emateko edo datuak eguneratzeko, Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Ekonomia Saileko Hirugarren Erregistro Telematikoaren web orri hau erabili behar da: https://www.euskadi.eus/web01-s2oga/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/index.shtml

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti bete beharko dute Dirulaguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan araututako betebeharren erregimena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– 50.2 artikuluan ezarritako betebehar-erregimena; zehazki, honako hauek bete beharko dituzte edozein kasutan ere:

a) Diruz lagunduko den jarduera egitea.

b) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakitera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean, onuradunek ez badiote idatziz eta espresuki uko egiten dirulaguntzari, onartu egin dutela ulertuko da.

c) Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztu ostean burutzen bada lehiaketa, burututakoan, arbitroaren aktak eta lehiaketako behin betiko programa helaraztea Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari.

d) Aurkeztu den aurrekontuan agertzen diren gastuak ordaintzeko erabiltzea dirulaguntza, Kultura, eta Hizkuntza Politikako sailburuaren emate-ebazpenarekin bat etorriz.

e) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, haiek hala eskatuz gero beren funtzioen jardunean.

f) Jarduera beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin finantzatu dela jakinaraztea dirulaguntza ematen duen organoari. Adierazitakoaren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

g) Kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatzekoa zaion merkataritzako eta sektoreko legeriak eskatzen duen moduan, bai eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten kontabilitate-egoera eta erregistro espezifiko guztiak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak behar bezala baliatzen direla bermatzeko.

h) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-jardueretan eskatu ahal izango baitira.

i) Jarduerak irauten duen bitartean, leku agerian jarri behar da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren dirulaguntzaren berri, salbu eta dirulaguntza ematen bada lehiaketa egin ostean.

j) Jarduera aurkezteko egiten diren ekitaldi publikoetara deitzea Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza, salbu eta dirulaguntza ekitaldia egin ostean eman bada; kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera sortutako agirietan jaso beharko da.

k) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekitaldi guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

l) Jasotako funtsak itzultzea deialdi honen araudian aurreikusitako kasuetan.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

Justifikazioak bide elektronikoz aurkeztuko dira 2021eko martxoaren 31 baino lehen, Agindu honen 5. artikuluan ezarritako jarraibideei jarraituz eta dirulaguntzen justifikazioak aurkezteko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan kontuan hartuta.

Bide elektronikoz aurkeztu beharreko egiaztagiriak:

a) Jarduera gauzatzeari buruzko memoria laburtua, gutxienez Aginduan baloratzen diren gaiei buruzko erreferentziak jasoko dituena, datu guztiak sexuaren arabera bereizita.

b) Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztu ostean burutu bada lehiaketa, arbitroaren aktak, eta lehiaketako behin betiko programa.

c) Fakturen bidez eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako jatorrizko agirien bidez egiaztatuko dira gastuak. Faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira gastuak, baldin eta zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte, betiere.

Faktura eta dokumentu guztiak espediente elektronikora igo beharko dira.

Aurkezten diren fakturek dirulaguntzan emandako kopurua justifikatu behar dute.

d) Jarduera-gastuen zenbatekoaren adinako diru-kopurua egiaztatuko da gaztu-zerrendan (V. eranskina).

e) Ekitaldiaren aurrekontu gauzatua, diru-sarrera eta gastu guztiak adierazita. Bereziki jaso beharko da helburu berarekin eskuratutako gainerako laguntzen zerrenda, baldin eta eskabideak aurkezteko unean haiek eraginkor izango ziren jakiterik ez bazegoen (IV. eranskina).

f) Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza berariaz aipatzen duten dokumentu guztien aleak, laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzen arabera.

g) Jarduera edo programa gauzatzean Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili direla egiaztatzen duten agiriak.

17. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, beharrezko direnak eta 2020. urtean ezarritako epean egiten direnak.

Diruz lagundutako gastuen eskuratze-kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

2.– Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatze-epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

3.– Azaroaren 8ko 9/2017 Sektore Publikoko kontratuen Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditu egiten badu diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa, onuradunak, zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa hartu aurretik, hornitzaileen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.

4.– Finantza-gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario- eta erregistro-gastuak eta diruz lagundutako proiektua egiteko gastuak eta administrazio-gastu espezifikoak diruz lagundu daitezkeen gastuak dira, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzenean lotuta badaude eta baldin eta hura behar bezala antolatzeko edo egiteko ezinbestekoak badira.

Honako hauek ezingo dira inolaz ere diruz lagundu:

a) Banku-kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta administrazio-zehapenak eta zehapen penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

5.– Zergak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta onuradunak egiazki ordaintzen baditu. Ez dira inoiz diruz lagundu daitezkeen gastuak izango zeharkako zergak, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu badaitezke; errentaren gaineko zerga pertsonalak ere ez.

6.– Zeharkako kostuak, diruz lagundutako jarduerari egotziko dizkio onuradunak, arrazoiz dagokion partean, oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauekin bat etorriz, eta, betiere, jarduera egiten den aldiari badagozkio kostu horiek.

18. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –dirulaguntzaren xedea bete bada, betiere– edo, hala badagokio, beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik bestelako dirulaguntza eta laguntza bateragarriren bat jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da dirulaguntzaren araudi erregulatzailean ezarritako baldintzetan eta dirulaguntzen arauak ezarritako onuradun izateko gutxieneko eskakizunak zaintzen badira. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak likidazio-ebazpena emango du, zeinetan doituko baitira esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoak.

19. artikulua.– Ez betetzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluaren ezarritakoak dira ustezko ez-betetzeak.

2.– Horrelako ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, osotasunean edo partzialki, betiere xedapen hauen arabera: Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37.1 eta 37.2 artikuluak; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak; eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Entitate Kolaboratzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. artikulua.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio-klausula.

– Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza.

– Helburua: 2020. urtean goi-mailako lehiaketak antolatzeko dirulaguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: Interes publikorako edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoak erabili bitartean egiteko bat betetzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina).

– Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: zure datuak atzitzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta tratatuak izateko mugak jartzeko eta aurka egiteko ere, informazio gehigarrian esaten den moduan.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo web-orri honetara: www.euskadi.eus/rgpd/0096009

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 1a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala