Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2020ko ekainaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2203

AGINDUA, 2020ko apirilaren 30ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez laguntzak arautzen eta iragartzen baitira ekintzailetzari eta turismo-enpresen lehiakortasunaren hobekuntzari laguntzeko 2020ko ekitaldirako.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2017-2020 Plan Estrategikoaren barruan garatuko ildo estrategikoak, sailaren turismoaren alorreko jarduna bideratzen dutenak, inspirazio-iturri izan dira EAEko Turismoaren 2030eko Estrategia eta haren barruko 2017-2020 Gida Plana prestatzeko. Hauek dira:

1.– Turismo-eskaintza aparta garatzea.

2.– Turistak erakartzea eta fidelizatzea.

3.– Tokiko komunitatearentzako balioa sortzea.

4.– Turismo jasangarriari lotutako jardunbideak garatzea.

5.– Sektorearen prestakuntza- eta lehiakortasun-baldintzak bultzatzea.

6.– Lurraldearen turismo-kudeaketaren eredua hobetzea.

7.– Kudeaketa- eta gobernantza-eredu berri bat sustatzea.

«Turismoaren hazkunde sendoa, enplegu gehiago eta hobeekin» helburuak bat egiten du sailaren turismo-arloak aldi hartarako duen ikuskerarekin:

«Bikaintasun- eta espezializazio-helmuga baten garapena sustatzea, balio handia ekarriko diena turistei eta goraldi jasangarria emango diena EAEko gizarteari, enpresariei, kolaboratzaileei eta ingurumenari»,

baita EAEko turismo-industriaren 2030eko ikuskerarekin ere:

«Modu jasangarrian haztea, bikaintasun- eta espezializazio-helmuga gisa sendotzeko, Europa osoan erreferente izateko».

Turismo jasangarriko eredu honek ezinbesteko lau zutabe izango ditu, elkarrekin erlazionatuta, bisitatzen gaituzten pertsonen esperientzia hobetzeko eta gizartearen zati batek turismoari buruz duen pertzepzioa hobetzeko: jasangarritasun ekonomikoa, tokiko komunitatea, ingurune naturala eta kulturala, eta bidaiariak. Helmuga espezializatu bat, ondo egiten dakien gauzetara bideratua dagoena eta gainerako helmugetatik bereizten duena. Eta, azkenik, bikaintasun-helmuga bat, balio erantsi handiko segmentu turistikoen mix bat erakartzeko gaitasuna ezaugarri duena: eguneko gastu handiagoa, egonaldi luzeagoa, eskakizun-maila handiagoa eta ingurunearekiko errespetu handiagoa.

Ikuspegi hori lortzeko, EAEk honako emaitza hauek lortu beharko ditu:

– Hazkunde hobea (gastu eta egonaldi handiagoak, dibertsifikazio handiagoa eta deszentralizazio handiagoa).

– Produktibitate handiagoa (operazio-kostu txikiagoak eta urtarokotasun apalagoa).

– Turismo jasangarria.

Programa honetan diruz laguntzeko moduko jarduketak aurretik aipatu ditugun ildo estrategikoen barruan daude jasota:

3. ildoa: tokiko komunitatearentzako balioa sortzea: Turismoaren eragin zuzenak EAEko gizartean ongizatea sortzen lagundu behar du, baita bertako kulturari eusten ere; hartara, turismo-enpresen garapen-ereduak inpaktu hori kontuan izan beharko du, beste sektore batzuekin sinergiak sortuta eta, bereziki, merkataritzarekin, artisautzarekin eta bestelako helmuga turistikoetatik bereizteko aukera ematen digutenekin. Hala, enpresa-aukera erakargarriak sortuko dira, jasangarriak, errentagarriak eta kalitatezko lanpostuak sortuko dituztenak bertako herritarrentzat. Era berean, ezinbestekoa da negozio berriak eta berritzaileak sortzea, EAEko Turismoaren 2017-2020 Marketin Planean identifikatutakoak, eta, bereziki, denboraldiz kanpo produktu eta zerbitzu berriak sortuko dituztenak eta kalitatezko lanpostuak emango dituztenak.

4. ildoa: turismo jasangarriaren praktikak sustatzea: turismo-enpresek gizarte- eta ingurumen-erantzukizunaren aldeko apustuak egin beharko dituzte, bermatzeko turismoaren hazkundea bateragarria izango dela bertako biztanleen bizitza-kalitatea babestearekin eta aberastasuna sortzen jarraitzeko gaitasunarekin. Ingurumen-jasangarritasunaren esparruan, EAEko turismo-industriak aztarna ekologikoa murrizten ahalegindu beharko du.

EAEko turismo-eragile guztiek euren eguneroko jardunean erantzukizuna eta jasangarritasuna txerta ditzaten, sailak «Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa» prestatu du. Kode horrek EAEren ezaugarrietara egokitzen du Turismoaren Munduko Kode Etikoa, eta ezinbesteko tresna da 2030eko Agendako garapen jasangarrirako 17 helburuak garatzeko. Tresna hori laguntza-programa honen bitartez ezarri nahi da, eta turismo-enpresei ez ezik, ingurune naturalari, kulturalari, herritarrei eta EAEko enpresei ere balioa emango dien hazkunde-eredu bat garatzen lagunduko du (https://www.basquetour.eus/euskadik-turismoaren-kode-etikoa-bereganatu-du.htm).

5. ildoa: sektorearen prestakuntza- eta lehiakortasun-baldintzak hobetzea: EAEko turismo-industriak giza kapital prestatua behar du, jardunerako baldintza eta azpiegitura onak, baita berrikuntza, teknologia eta sorkuntza-prozesuak hartzea ere, zeinek bere negozio-ereduan lehiakortasunari eutsi ahal izateko.

Bestalde, eta bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2018-2021 Saileko Planaren helburu estrategikoekin, laguntza-programa honen helburua da emakumeen jarduera- eta okupazio-tasa handitzea turismo-jardueran, hain zuzen genero-arrakala hauteman den eremuetan, arrakala hori desagerrarazteko.

Aurreko guztia kontuan izanda, laguntza-programa honen helburu nagusia zera da, ekintzailetza sustatzea eta egungo turismo-industriako enpresen lehiakortasuna hobetzea modu jasangarrian. Helburu espezifikoei dagokienez, berriz, honako hauek dira:

1.– Merkatuko negozio berritzaileen kopurua handitzea potentzial handiko segmentuetan, bertako ongizatean eta oparotasunean eragiteko eta EAEko natura- eta kultura-ondarea errespetuz baliatzeko.

2.– Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) eta bestelako soluzio teknologikoak erabiltzen dituzten enpresen kopurua handitzea, enpresek bezeroekin duten interakzioa eta turismo-negozioen eraginkortasuna hobetzeko.

3.– Ingurumenaren aldetik turismo jasangarria eta eskuragarria eskaintzen duten enpresen kopurua handitzea.

4.– Eskaintzen dituzten zerbitzuen kalitatea hobetzen duten enpresen kopurua handitzea.

Prozeduraren ikuspuntutik eta administrazio-izapideak errazteko, agindu honetan erabaki da espedienteen izapidetze elektronikoa egingo dela. Programa honen aurretik antolatu direnetan enpresa onuradunekin izandako kudeaketa-esperientzia aztertuta, ikusi da prozedura hori aurrerapen bat dela lortu nahi den enpresen eta erakundeen lehiakortasunaren hobekuntzaren ildotik, eta horrek ez duela eragiten inolako diskriminazio edo kalterik.

Laguntza-programa honek behar besteko aurrekontu-kreditua du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020. urteko aurrekontu orokorretan, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2020ko otsailaren 3ko Aginduan jasota dago. Agindu horrek Turismo, Merkataritza eta Turismo Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen du.

COVID-19aren hedapenak eragindako krisia laguntza-programa hau izapidetzen ari ginela gertatu da. Testuinguru horretan, EAEko turismo-sektoreari laguntzeko hasitako prozedurarekin jarraitzeaz gain, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren estrategiarekin bat egin behar da, krisi horri sektoreko eragileekin partekatutako erantzun bat emateko.

COVID-19ak sektorean eragin dituen ondorioak arintzeko, programa hau konfinamenduaren osteko fasean kokatzen da, eta ekonomia suspertzea eta jarduera berriz bultzatzea bilatzen du. Pandemiaren hedapenak eragindako ondorioak arintzera bideratutako gainerako premiazko laguntzen osagarri gisa prestatu da, eta Sailak diseinatutako bi aldiko estrategiaren zati da.

Horrenbestez, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak dituen eskumenak baliatuta (honako arau hauek eman dizkiote eskumenak: Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 5.2 artikulua; Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena– 13.1.a) artikulua; Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua– testu bateginaren 51.2 artikulua), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan toki-garapenari lagunduko dioten turismo-negozio berriak sortzen laguntzeko oinarriak ezartzea, baita turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzera bideratutako jarduketak ere, guztia ere berrikuntza teknologikoaren babesarekin; halaber, haien kalitatea hobetu nahi da, eta turismo jasangarriko eta eskuragarriko eredu baterantz bideratu, baldin eta diruz laguntzeko honako ildo hauetan sartzen badira:

– Turismo-negozio berriak sortzeko ekintzailetza.

– Turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi hau finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako bideratutako aurrekontu kredituetatik datoz, eta, guztira, 652.000 euro dira. Honela banatzen dira bi ildo hauetan:

a) Turismo-negozio berriak sortzeko ekintzailetza: 200.000 euro.

b) Turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea: 452.000 euro.

2.– Bi ildoetako bakoitzari dagozkion laguntzak eman ondoren, ildo horietako bat finantzatzeko kreditua agortu ez bada, soberako zenbatekoa bestearen kreditua handitzeko erabili ahal izango da.

3. artikulua.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, definizio hauek finkatzen dira:

1.– Enpresa. Bere forma juridikoa edozein izanik ere, jarduera ekonomiko bat garatzen duen pertsona batek edo gehiagok sortutako edo eratutako erakundea; hau da, merkatu jakin batean ondasunak jartzen dituena edo zerbitzuak eskaintzen dituena.

2.– Sukaldaritzaren arloko enpresak. Jatetxeak, tabernak, kafetegiak eta tankera horretako establezimendu finkoak, publikoari oro har irekiak, tokian bertan kontsumitzeko otorduak eta edariak eskaintzen dituztenak modu ohikoan eta profesionalean.

3.– Biltzarrak antolatzen dituzten enpresa profesionalak. Biltzarrak, azokak, konbentzioak eta antzeko ekitaldiak eta profesionalki biltzar bat egitea eskatzen duen beste edozein jarduerari buruzko aholkularitza, plangintza, antolaketa, zuzendaritza eta kontroleko zerbitzuak eskaintzen dituzten turismo-enpresak.

4.– Turismo-garraioko enpresak. Pertsonak lekualdatzeko azpiegitura eta ekipo-ondasunak edukita, jarduera nagusi gisa EAE barruan interesekoak diren baliabide edota toki desberdinetan ibilbide gidatuak egitea duten enpresak.

5.– Turismo aktiboko enpresak. Modu jarraituan eta profesionalean eskaintzen dituzte, prezio baten truk, aisia-, kirol- eta abentura-jarduera turistikoak, konpetizioz kanpoko testuinguru batean garatuak. Jarduera horiek egiten diren inguruan bertan (airean, lur gainean edo uretan) naturak eskaintzen dituen baliabideak erabiltzen dira nagusiki, eta jarduera horiek berezko dute halako arrisku bat, edo nolabaiteko trebetasuna eskatzen dute.

6.– Basquetour: Turismoaren Euskal Agentzia – Agencia Vasca de Turismo SA (aurrerantzean, Basquetour). Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikitako sozietate anonimo publikoa da, eta haren xede soziala da EAEk segmentu eta merkatu estrategikoetan duen posizionamendua hobetzea, turismo-eskaintza garatzea, eta EAEko turismo-sektorearen lehiakortasuna hobetzeko beharrezkoak diren ekintzak bultzatzea, abian jartzea eta gauzatzea, turismoaren arloan eskumena duen sailburuordetzak diseinatu eta planifikatuta. 2013. urteaz geroztik, era berean, Espainiako Turismo Kalitatearen Institutuaren ordezkaritza gisa dihardu EAEn.

7.– Bidaia konbinatua. Hurrengo paragrafoan adierazitako elementuetatik gutxienez bi elementu konbinatuz aurretik lotzea da, prezio globala ezarrita salduz edo eskainiz, baldin eta eskainitako prestazio horrek 24 ordutik gorako iraupena badu edo gutxienez gau bateko egonaldia hartzen badu.

Aurreko paragrafoan adierazten diren elementuak honako hauek dira:

– Garraioa.

– Ostatua.

– Bestelako turismo-zerbitzu batzuk, garraioari edo ostatuari lotu gabe daudenak, baina bidaia konbinatu horretan funtsezkoak direnak.

8.– Bitartekaritzako turismo-enpresak. Turismoaren arloko aholkularitza-, bitartekaritza- eta antolaketa-zerbitzuak profesionaltasunez eta ohikotasunez ematen dituztenak dira, betiere erregelamenduz ezarritako betekizunak betez. Beren baliabide propioak erabil ditzakete jarduera horiek egiteko. Honako hauek hartzen dira bitartekaritzako turismo-enpresatzat: bidaia-agentziak; enpresa elkartuen turismo-eskaintzen merkaturatze komuna egitea helburu duten turismo-enpresen elkarteak; erreserben zentralak, bitartekari turistikoak eta operadore turistikoak.

9.– Turismo-gidariak. Jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileentzat informazio- eta interpretazio-lana egiten dute EAEko interes kulturaleko ondasun eta gainerako baliabide turistikoen ondare historiko, natural eta gastronomikoari buruz. Zerbitzu horiek ohikotasunez, profesionaltasunez eta prezio bidez ematen dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan eta atzerriko beste edozein hizkuntzatan.

10.– Zerbitzu-turistikoak. Turismo-erabiltzaileen eskariari erantzuteko egiten diren jarduerak, zerbitzu hori emateko erabiltzen diren instalazioak eta ondasun higiezinak barne. Ondorio horietarako, honako hauek hartzen dira zerbitzu turistikotzat: ostatu-zerbitzuak, bitartekaritzak, informazio turistikoa eta turismoarekin lotutako beste edozein zerbitzu.

11.– Produktu-turistikoa. Turismoa erabiltzeko eta turismoaz gozatzeko egituratutako baliabide edo zerbitzu nagusi edo osagarri oro, erabiltzaileak jarduera bat edo gehiago egin ahal baditu.

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Agindu honetan bildutako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte pertsona fisikoek eta juridikoek (aurrerantzean, pertsonak) ondasun-erkidegoek eta sozietate zibilek, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan jarduteko eskatzen diren legezko baldintzak betetzen badituzte. Jarduerak honako tipologia hauetako batean sartu beharko dira:

a) Ostatu turistikoen enpresak.

b) Sukaldaritzaren arloko enpresak.

c) Bitartekaritzako turismo-enpresak.

d) Turismo-garraioko enpresak.

e) Turismo aktiboko enpresak.

f) Biltzarrak antolatzen dituzten enpresa profesionalak.

g) Turismo-gidariak.

2.– Sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak hortik kanpo geratuko dira.

3.– Onuradunek laguntza eskatzen duten turismo-establezimenduan edo negozioan jardun beharko dute eskabidea aurkezten duten unean, eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergan (EJZ) alta emanda egon beharko dute laguntza eskatzen duten jarduerari dagokion epigrafean, salbu eta ekintzailetza-ildorako laguntza eskatzen badute (I. eranskina), eskabideak aurkezteko epea igaro ondoren martxan jartzea aurreikusten den turismo-negozio berri bat sortzeko. Kasu horretan, abenduaren 31 baino lehen bete beharko dituzte bi baldintza horiek.

Aurrekoa gorabehera, laguntzaren xede den obra gauzatzeko behar den denboran negozioaren jarduera aldi baterako etetea onartuko da, eta ekitaldi ekonomiko honetan gauzatu beharko da.

4.– Ondasun-erkidegoen eta sozietate zibilen kasuan, bertan parte hartzen duten pertsona guztiak, fisiko zein juridiko pribatuak, onuraduntzat hartuko dira, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari bat izendatu beharko da, eta horrek nahikoa ahalorde izango ditu, elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko. Elkarteak ezingo dira desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

5.– Aurreko apartatuetan aurreikusitako baldintzez gain, hauek ere bete beharko dituzte onuradunek:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

Organo kudeatzaileak dirulaguntza onartu eta ordaindu baino lehen egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak betetzen dituztela. Hala ere, eskatzaileak berariaz eragotzi ahalko du informazio hori egiaztatzea, eta, halakorik egiten badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

Baldintza horiek betetzen dituztela egiaztatuko da laguntza onartu eta ordaindu baino lehen.

c) Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo Emakumeen eta Gizonen Benetako Berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. apartatuan dirulaguntzen onuradun izateko aurreikusitako gainerako egoeretan.

6.– Onuradun izaera lortzeko debekurik ez duela justifikatzea, eskabideko inprimakietan txertatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuta. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan daude adierazita debeku horiek.

7.– Dirulaguntza eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, amaituta eduki behar ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude behintzat.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak dirulaguntza ez-itzulgarri gisa hartuko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako turismo-enpresen jarduketak finantzatzera bideratuko dira, betiere honako ildo hauetakoren batean sartzen badira:

a) Turismo-negozio berriak sortzea, I. eranskinean zehaztutako ezaugarrien arabera.

b) Honako xede hauek bilatzen dituzten turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea, II. eranskinean zehaztutako ezaugarrien arabera:

– Turismo-enpresen eta zerbitzuen berrikuntza, soluzio teknologikoen bitartez.

– Turismo-enpresen eta zerbitzuen kalitatea hobetzea.

– Eskaintza turismo jasangarrira, arduratsura eta eskuragarrira bideratzea.

2.– Ildoek elkar baztertzen dute.

3.– Laguntzaren xede diren inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatu beharko dira.

6. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Negozio berriak sortzera bideratutako ekintzailetza-proiektuetarako (I. eranskinean daude jasota) gehieneko dirulaguntza diruz lagun daitekeen gastuaren % 40 izango da, 18.000 eurora arte.

2.– Turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzera bideratutako proiektuetarako (II. eranskinean daude jasota) gehieneko dirulaguntza diruz lagun daitekeen gastuaren % 30 izango da, 15.000 eurora arte.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira I. eta II. eranskinek horri buruz jasotako zehaztapenekin bat datozenak eta, gainera, 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin eta fakturatzen direnak.

2.– Inbertsio onargarri gisa inbertsio horren balio garbia zenbatuko da beti, halakotzat hartuz balio erantsiaren gaineko zerga kendu ondoren fakturatutako zenbatekoa.

3.– Ibilgetua leasing bidez eskuratuz gero, diruz laguntzeko tarteari dagozkion kuotak lagundu ahalko dira diruz, interesik eta gasturik gabe.

4.– Erregistro publiko batean izena emateko ondasunen kasuan, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 31.4 artikuluan araututako moduan jokatu beharko da.

5.– Oro har, ez dira diruz lagunduko honako hauek:

– Lursailak, eraikinak eta lokalak erostea.

– Langileen gastuak.

– Negozioaren lokalaren alokairua, I. eranskineko jarduketetan izan ezik.

– Negozioa mantentzeko gastu orokorrak (argia, ura, gasa, elektrizitatea, telefonoa, ohiko aholkularitza-gastuak, kontsumigarriak, etab.).

– Informatika-ekipamendua, salbu eta beharrezkoa bada laguntzaren xede den ekimena gauzatzeko, eta proiektua balioesteko azalpen-memorian argi eta gabi justifikatzen bada.

– Berrikuste- eta mantentze-gastuak.

– Eskatzaileak ekoiztutako, egindako edo garatutako aktiboak.

– Finantzaketako edota aholkularitza juridiko eta finantzarioko gastuak, zeharkako zergak edota pertsonalak notario- eta erregistro-errentaren gainekoak, administrazio-baimenen tasak, lizentziak edo antzekoak, I. eranskinean zehaztutakoak izan ezik.

– 100 euro garbitik beherako fakturak, non eta ez diren kontratu berekoak, horiek justifikazioari erantsi beharko baitzaizkio, egiaztatzeko.

8. artikulua.– Laguntzen baldintzak.

1.– Eskabide bakarra onartuko da pertsona bakoitzeko (fisikoa edo juridikoa), eta agindu honen 4.1 artikuluan jasotako jarduera motaren bat duen turismo-negozio edo establezimendu bakar batena izan beharko da. Beraz, pertsona batek eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, kopuru hori gainditzen duten eskaeretatik atzera egiteko eskatuko zaio, eta, atzera egiten ez badu, erregistratzen den lehenengo eskabidea onartu, eta gainerakoak ukatu egingo dira.

Era berean, eskabide berean turismo-negozio edo establezimendu bati baino gehiagori dagozkien jarduerak aurkezten badira, haietako batenak hautatzeko eskatuko da, agindu honetako 12. artikuluan bildutako baldintzei jarraikiz.

Salbuespen gisa, eskabide berean onartuko dira II. eranskineko 2.1.1 eta 2.1.2 apartatuetan zerrendatutako diruz lagun daitezkeen jardueretan sartzen diren inbertsio-proiektuak, baldin eta eskatzailea titularra den turismo-negozio edo establezimendu bat baino gehiago barne hartzen badituzte.

2.– Dirulaguntzaren xede diren ekipamenduak, altzariek eta tresneriak berriak izan beharko dute, enpresaren/establezimenduaren aktiboan sartu beharko dira eta enpresan gutxienez 5 urte eman beharko dituzte jardunean, fakturazio-dataz geroztik.

3.– Instalazio elektrikoak, argiztapena, isolamendua eta girotzea, ur sanitarioaren eta energiaren kontsumoak, eta energia-etiketatzeari lotutako etxetresna elektrikoen erosketa xede dituzten edo horiei lotuta dauden inbertsioak, energia-efizientziaren irizpideak kontuan izanik egin beharko dira, eta, etxetresna elektrikoei dagozkienak zorrotzenak izan beharko dute. Era berean, eta hala dagokionean, ingurumen-inpaktuak saihesteko edo gutxitzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko ahalegina egingo da.

4.– Diruz lagundutako webguneek eguneratuta egon beharko dute 3 urtez gutxienez.

5.– Agindu honen babesean, dirulaguntza ematen den hari gabeko konexio-zerbitzua doan eskaini beharko da 3 urtez gutxienez, instalazioaren egunetik aurrera.

6.– Dirulaguntzaren xede diren jarduera guztiak azpikontratatu ahalko dira, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan jasotako baldintzetan.

Kontratu txikietan diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa 40.000 euroko zenbateko garbia baino handiagoa bada, obra egiteko kostuen kasuan, edo 15.000 euro baino handiagoa, ekipamenduen horniduraren edo aholkularitza edo laguntza teknikoaren zerbitzuak ematearen kasuan, eskaintza bana eskatu beharko zaie hiru hornitzaileri, gutxienez, zerbitzua kontratatzeko edo ondasuna emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, zerbitzuaren edo ondasunaren ezaugarri bereziak direla eta, haiek egin, eman edo eskaintzen dituzten nahikoa erakunde ez badago merkatuan, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa, zeinak justifikazioan aurkeztu beharko baitira, efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta, proposamen merkeena aukeratu ezean, erabakia justifikatu beharko da memoria batean.

9. artikulua.– Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.

1.– Agindu honen babespean lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste edozein dirulaguntzarekin.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoak –Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publikoen edo erakunde pribatu edo publikoen laguntzekin edo dirulaguntzekin batera– ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostua gainditu, eta, kasu horretan, agindu honetan emandako laguntza gutxituko da, soberako kopurua kenduta.

3.– Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EE) ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte. Hain zuzen ere, Erregelamendu hori Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari dagokio.

Europar Batasunak ezarritakoa oinarri hartuta, minimis erregelamenduaren arabera enpresa batek gehienez 200.000 euro jaso ditzake 3 zerga-ekitalditan, laguntza eskatu den ekitaldia erreferentziatzat hartuta.

Muga hori gaindituz gero, programa honi jarraikiz emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberako kopurua kenduta.

10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabidea lortzeko eta betetzeko, bitarteko elektronikoak erabili behar dira, helbide honetan:

Eskabideak izapidetzeari buruzko zehaztapenak eskuragarri egongo dira egoitza elektroniko horretan.

3.– Espedientean sartzeko, jakinarazpenak jasotzeko, dokumentazioa aurkezteko eta prozedurarekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa erabiliko da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/web01-sede/eu/).

4.– Laguntza-eskabideak barne hartzen ditu inprimaki normalizatua (ikus V. eranskina), eskatzaileak (pertsona fisikoa edo juridikoa) Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio elektronikoko bitartekoren baten bidez (https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/) betea eta sinatua, eta hurrengo artikuluan aipatzen den dokumentazio osagarria ere. Sinadura elektronikoaren data hartuko da aurkezte-datatzat.

5.– Ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean bide elektronikoz jardun dezan agindu honi dagozkion prozedura guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko da:

– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan dagoen Ordezkarien Erregistro Elektronikoa (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/).

– «Borondatezko lege-ordezkaritza emateko inprimaki arautua» (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala beteta. Pertsona juridikoek, gainera, ordezkaritza-ahalordearen kopia edo zuzenbidean baliozkoa den beste edozein dokumentu erantsi beharko dute, ahalorde-emailea ordezkaritza hirugarren pertsona bati ematen dion erakundearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duena.

Ordezkariak (fisikoa nahiz juridikoa) Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio elektronikorako bitartekoren bat izan beharko du.

6.– Ondasun-erkidegoei eta sozietate zibilei dagokienez, eskabidean berariaz jaso behar dituzte taldeko kide bakoitzak hartutako gauzatze-konpromisoak, eta taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko aski ahal duena.

7.– Eskabidea eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, enpresa eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

8.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

11. artikulua.– Eskabidearen eta aurkeztu beharreko beste agiri batzuen edukia.

1.– Eskabidearen inprimaki normalizatuak eskatzailearen (pertsona fisikoa edo juridikoa) datu orokorrak bilduko ditu. Bertan, langileen datuak sexuaren arabera bereizita egongo dira, eta proiektuak aztertzeko eta laguntzak kalkulatzeko beharrezkoa den informazioa eta eskabidean aurkeztutako informazioaren egiazkotasunari buruzko eta beste alderdi batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena izango ditu. Honako hemen alderdi horiek:

– Laguntza jaso duen pertsonaren izaerari dagokionez:

● Betetzen ditu deialdia arautzen duten oinarrietan ezarritako betekizunak.

● Pertsona edo enpresa ez dago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatzen diren gainerako egoeretan (egoera horiek eragotzi egiten dute pertsona edo erakunde onuradun izatea).

– Zehapenei dagokienez:

● Ez dauka dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratibo irmorik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

● Pertsonaren kontra dirua itzultzeko edo zehatzeko prozedurarik dagoen edo ez, Administrazio Orokorrak edo Euskal Autonomia Erkidegoak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan.

– Bestelako laguntza batzuei dagokienez:

● Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatuei eskatutako edo haiengandik jasotako laguntzak.

● Azken hiru ekitaldietan enpresak jasotako minimis laguntzak, laguntza eskatu den azken urtea hartuta azken urteko erreferentziatzat.

● Aurkeztutako proiekturako erakunde publiko zein pribatuetan eskatu dituen bestelako laguntza-eskaera guztien berri emateko konpromisoa.

– Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez:

● Ez dago zigortuta dirulaguntzen eta laguntza publikoen onuradun izateko debekuarekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.2 artikuluaren arabera.

● Emakumeen eta gizonen egiazko berdintasuna bermatzeko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa betetzen du.

● Konpromisoa hartzen du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak administrazioarekin laguntzak kontratatzen, hitzartzen edo handik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei ezarritako betebeharrak bere gain hartzeko. Hauek dira betebehar horiek: tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuaren printzipioak betez jardutea; estatistika eta azterketak egokitzea; edozein motatako hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea euskarri guztietan, eta zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan gaitasun, prestakuntza eta ahalmen egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua edukitzea.

– Eskabideko datuei dagokienez:

● Egiazkoak dira eskabideko datu guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa, eta bere gain hartzen du dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu, deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jarduera egiten jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).

2.– Eskabide-inprimakiarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira digitalizatuta:

a) Oinarrizko dokumentazioa:

– Laguntza-eskabidearen xede diren jarduketei buruzko azalpen-memoria, IV. eranskinean bildutako edukiari erantzunez.

– Negozio-plana: ekintzailetzarako laguntzen eskabideak (I. eranskina).

– Pertsona juridikoak: enpresaren eratze-eskriturak. Ekintzailetzarako laguntzen eskabideen kasuan (I. eranskina), laguntza justifikatzeko fasean aurkeztu ahal izango dira, betiere enpresa epea amaitu ondoren eratu bada.

– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak: eratze-kontratua.

– Diruz lagun daitezkeen gastuen aurrekontuak edo proformako fakturak, dirulaguntzaren xede diren elementuak eta/edo lanak argi eta garbi identifikatuta.

– Ekonomia-jardueren gaineko zergan izandako alta eta bajen ziurtagiria, nola eta enpresa ez dagoen salbuetsita eta ez duen hala egiaztatzen. Ekintzailetzarako laguntzen eskabideen kasuan (I. eranskina), laguntza justifikatzeko fasean aurkeztu ahal izango da, betiere enpresa epea amaitu ondoren eratu bada.

– Negozioaren familia-jarraipena egiaztatzen duen dokumentazioa, halakorik balitz (II. eranskineko 2.2.3 apartatua).

– Negozioaren enpresa-eskualdatzea egiaztatzen duen dokumentazioa, halakorik balitz (II. eranskineko 2.2.3 apartatua).

– Lokalaren errentamendu-kontratua (I. eranskina), halakorik balitz, eta beste zerbitzu batzuena (7.5 artikulua).

– Hala badagokio, teknikari eskudunek sinatutako txostena, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen irisgarritasunari buruzko araudia betetzen dela ziurtatzen duena. Dokumentu hori ez da beharrezkoa izango obrarik ez dakarren ekipamendua erosteko eta/edo instalatzeko kasuetan (I. eranskina).

b) Irizpideak balioesteko dokumentazio osagarria:

– EJZn deialdiaren urtean alta eman duten enpresak: eskabidea egin aurreko hileko Langileen Zerrenda Nominala (LZN). 2., 6. eta 7. irizpideak.

– Gainerako enpresak: Deialdiaren aurreko ekitaldiari dagokionez, altan dauden langileen batezbesteko plantillari buruzko txostena, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egina. 2., 6. eta 7. irizpideak.

– Norberaren kontura lan egiten duten pertsonen alta egiaztatzeko agiria, halakorik balitz: Norberaren konturako langileen edo autonomoen araubide berezian alta emateko ebazpenaren kopia, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandakoa eta eskabidea egiten den egunean eguneratua. 2., 6. eta 7. irizpideak.

– Enpresaren prestakuntza-plana, edo langileek prestakuntza-ikastaroak egin dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa, halakorik balitz. 2. irizpidea.

– Hala badagokio, turismo-sektorerako kalitatearen kudeaketaren ziurtagiriak (ISO 9001, Euskalit Bikaintasunerako EAEko Fundazioak administratutako EFQM aintzatespenak); edo ingurumen-kudeaketako ziurtagiriak (EMAS, Europar Batasuneko Etiketa Ekologikoa, Ekoscan, karbono-aztarna eta ISO 14001) edota turismo-kudeaketa jasangarriari buruzkoak (Turismo Jasangarriaren Kontseilu Orokorrak onartutako edo egiaztatutako turismo-kudeaketa jasangarriko sistemak edo programak). 2. irizpidea.

– Hala badagokio, EAEko turismoko enpresa-elkarte bateko edota xedetzat bere eragin-eremuaren turismo-garapena duen elkarte, erakunde publiko-pribatu edo/eta EAEko Turismo Produktuko Klub bateko kidea dela egiaztatzen duen agiri eguneratua. 3. irizpidea.

– Hala badagokio, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-plana (irizpide honek ez du balioko Berdintasunaren Legeak behartutako enpresen kasuan), edota lana eta familia kontziliatzeko plana. 4. irizpidea.

– Hala badagokio, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak kontratatu izanaren egiaztagiriak. 4. irizpidea.

– Hala badagokio, lan-kontratuak. 6. irizpidea.

– Hala badagokio, negozio-plana enpresak sortzeko eta garatzeko lankidetzan jarduten duten enpresek garatu edo tutorizatu dutela egiaztatzea (enpresa-haztegiak, enpleguak abiarazteko eta sorraraztekoak, enpresa-zentroak, eta abar). 6. irizpidea.

3.– EAEko Administrazioari pertsona fisiko edo juridiko eskatzailearen banku-datuak aurrez eman ez bazaizkio, edo horiek aldatu nahi badira, «Hirugarrenaren datuen alta/aldaketa» bete beharko da, Ogasun eta Ekonomia Sailak horretarako ezarritako prozeduraren arabera (https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/).

Horretarako «Hirugarrenen Erregistro Telematikoa» erabiltzen ez bada, aurrez aurreko kanalerako aurreikusitako «Hirugarrenen alta» delako inprimaki normalizatua aurkeztu beharko da, behar bezala beteta (https://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/adjuntos/ALTA.pdf). Pertsona fisikoek Identifikazio Fiskaleko Txartela erantsi beharko dute.

4.– Interesduna ez dago behartuta edozein administraziok egindako dokumentuak aurkeztera, baldin eta laguntza-deialdi honen organo kudeatzaileak dokumentu horiek kontsultatzeko edo eskuratzeko baimena eman badu. Interesdunak bere dokumentuak kontsultatzeko edo ateratzeko baimena eman duela ulertuko da, prozeduran ez badu berariaz adierazten aurka dagoela.

Era berean, ez da nahitaezkoa izango interesdunak aurretik edozein administraziori aurkeztutako dokumentuak aurkeztea. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta laguntza-deialdi honen organo kudeatzaileak elektronikoki jaso beharko ditu, bere sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzarako plataformetan edo hartarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bidez kontsultatuta. Interesdunak bere dokumentuak kontsultatzeko baimena eman duela ulertuko da, prozeduran ez badu berariaz adierazten aurka dagoela. Salbuespen gisa, aipatutako dokumentuak ezin badira eskuratu, berriz eskatu ahal izango zaio enpresa interesdunari horiek aurkezteko.

6.– Basquetourrek honako hauek egiaztatuko ditu: Espainiako Turismo Kalitatearen «Q» marka lortu edo berritu dela, Basquetourrek garatutako lehiakortasuna hobetzeko programaren bat gainditu dela eta «Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren» printzipioak ezartzeko faseak bete direla.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideak zuzentzea.

1.– Eskabidea guztiz bete ez bada, edo aurreko artikuluan aipatutako nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkeztu ez bada, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde-bulegoetako Turismoaren arloko teknikariek entitate eskatzaileari 10 eguneko epea emango diote akatsa zuzentzeko edo behar diren dokumentuak bidaltzeko; era berean, hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela adieraziko dio. Epe hori igarota, zuzenketak egin ez badira, dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. Artikuluan xedatutakoaren arabera.

Eskabidea aztertuta egiaztatzen bada laguntzaren xedeko proiektua hobeto sartzen dela II. eranskineko beste apartatu edo azpiapartatu batean –eskabidean adieraziaz bestelakoan alegia–, eta apartatu edo azpiapartatu horretako laguntzak lortzeko baldintzak betetzen baditu, eskabidea zuzentzeko eskatuko zaio enpresa eskatzaileari. Horretarako epea igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean adierazitakoaren arabera baloratuko da inbertsioen egokitasuna.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira.

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egun eta ordutan jakinarazi zaion jakinarazi beharreko egintza interesdunari, baita hura noiz sartu den jakinarazpen horren edukira ere; une horretatik aurrera, egintzat emango da jakinarazpena. Jasota baldin badago interesdunaren eskura jarri dela, eta hamar egun natural igarotzen badira interesduna edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da eta, prozedurari jarraituz, izapidea egintzat joko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela jakinarazpenera sartzea.

13. artikulua.– Esleipen-prozedura.

1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde-bulegoetako teknikariek epearen barruan aurkeztutako eskabideak banan-banan aztertu, eta ebaluatuko dituzte, eta agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko dute. Halaber, erakunde eskatzaileari dokumentazioa edo informazio argigarria eskatu ahal izango diote, eskabidean aurkeztutako dokumentazioa behar bezala ulertu ahal izateko.

2.– Esandako analisiaren emaitzak txosten indibidualizatu batean jasoko dira eskabide bakoitzeko, eta, bertan, eskabide bakoitzari kalkulatutako dirulaguntzaren zenbatekoa ere ipiniko da, eta, beharrezkoa denean, txosten horrekin batera, III. eranskinean ezarritako balioespen-irizpideen behin-behineko haztapena ere ipiniko da.

3.– Proiektuaren balioespen-irizpideak ez dira kontuan hartuko ez badira egiaztatzen dokumentu bidez, 13. artikuluan dokumentazio osagarritzat zehaztu diren kasuetan edo, gainerako kasuetan, ez badira egokiro eta arrazoiz justifikatzen azalpen-memoria batean.

4.– Programa honi esleitutako zuzkidura ekonomikoa eman daitekeen zenbatekoa baino handiagoa bada, turismo-antolamenduko arduradunak Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari proposatuko dio agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiei dirulaguntza ematea, eta betetzen ez dituztenei ukatzea. Kasu horretan, eskabideak ez dira baloratuko 14. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

5.– Programa honi esleitutako zuzkidura ekonomikoa ez bada nahikoa dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzuteko, ebaluazio-batzorde bat eratuko da, aurkeztutako eta onartutako eskabideak batera baloratzeko, agindu honen 15. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera.

14. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Diruz laguntzeko baldintzak betetzen dituzten eskaerak honako irizpide eta haztapen hauen arabera baloratuko dira:

1.1.– Bi ildoetako jarduketetarako irizpide komunak:

– 1. irizpidea: enpresan Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren printzipioak ezartzea (turismo jasangarria). Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren printzipioekin eta balioekin konprometitzen diren enpresak sarituko dira, bai eta negozioaren turismo-jardueran inplementatzen dituztenak ere. Gehienez ere 5 puntu emango dira.

– 2. irizpidea: enpresaren lehiakortasuna. Enpresak lehiakortasuna hobetzeko egiten duen ahalegina sarituko da, langileak trebakuntzaren bidez profesionalizatuta, Basquetourrek lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko garatutako programak ezarrita eta/edo kudeaketa-prozesuen ziurtagiriak sustatuta. Gehienez ere 8 puntu emango dira.

– 3. irizpidea: enpresen arteko lankidetza eta lankidetza publiko-pribatua indartzea. Turismo-sektoreko enpresa-elkarteren bateko kide direla egiaztatzen duten enpresak sarituko dira, bere eragin-eremuaren turismo-garapena sustatzea xede duen enpresa publiko-pribatuko kide direnak, edota Turismo Produktuaren Klub batekoak. Gehienez ere 5 puntu emango dira.

– 4. irizpidea: enpresaren eta kontsumitzailearen aurreko gizarte-erantzukizuna. Enpresek arlo hauetan duten konpromisoa sarituko da: berdintasuna, % 33ko edo hortik gorako desgaitasun-maila duten emakumeen eta gizonen kontratazioa eta kontsumitzaileen aurreko erantzukizuna. Gehienez ere 12 puntu emango dira.

– 5. irizpidea: aurreko dirulaguntzak. Deialdi honen aurreko lau urteetan MET/EMET programako dirulaguntzak jaso ez dituzten enpresak sarituko dira. Gehienez ere 10 puntu emango dira.

1.2.– Ekintzailetza-ildorako irizpide espezifikoa.

– 6. irizpidea: enpresa-proiektua. Enpresa-proiektua haren bideragarritasunaren, izaera berritzailearen eta enplegua eta beste sektore ekonomiko batzuekin sinergiak sortzeko gaitasunaren arabera balioetsiko da. Gehieneko puntuazioa 45 puntu izango da, honela banatuta:

● Proiektuaren bideragarritasuna. Gehienez ere 6 puntu emango dira.

● Autoenplegua sortzea; bereziki, emakumeentzat. Gehienez ere 16 puntu emango dira.

● Soldatapeko enplegua sortzea; bereziki, emakumeentzat. Gehienez ere 11 puntu emango dira.

● Negozioaren berrikuntza. Gehienez ere 6 puntu emango dira.

● Negozioak beste sektore batzuekin duen hibridazioa edo sinergiak. Gehienez ere 6 puntu emango dira.

1.3.– Turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzeko ildorako irizpide espezifikoa:

– 7. irizpidea: enpresaren tamaina. Neurri txikiagoko enpresek aurkeztutako proiektuen alde egingo da. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

– 8. irizpidea: jarduera-tipologiaren arabera. Diruz laguntzeko jarduerak puntuatzeko, turismo-enpresak sektorean lehiakortasuna hobetzeko hartutako neurriak izango dira kontuan. Gehieneko puntuazioa 30 puntu izango da, honela banatuta:

● Turismo-enpresen eta zerbitzuen berrikuntza, soluzio teknologikoen bitartez. Gehienez ere 14 puntu emango dira.

● Turismo-enpresen eta zerbitzuen kalitatea hobetzea. Gehienez ere 8 puntu emango dira.

● Eskaintza turismo jasangarrira, arduratsura eta eskuragarrira bideratzea. Gehienez ere 8 puntu emango dira.

2.– Bi ildoetarako irizpide komunen haztapena eta horietako bakoitzerako irizpide espezifikoena agindu honen III. eranskinean daude xehatuta.

3.– Enpresako langileak oinarritzat hartuta egiten diren balioespenak, hau da, 2. (trebakuntza) eta 7. irizpideei dagozkienak, honela egingo dira:

– EJZn deialdiaren ekitaldian alta eman duten enpresak: Eskaera egin aurreko hilabeteko langileen zerrenda nominalean agertzen den enplegu-datua baloratuko da, eta, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrari lotuta ez dauden langileak egonez gero, eskaera egiten den egunean norberaren konturako langileen edo autonomoen araubide berezian alta emanda daudela egiaztatzen duten pertsonen kopurua.

– Gainerako kasuetan: deialdia egin aurretik itxitako ekitaldian alta emanda zeuden langileen batezbesteko plantillen enplegu-datuak baloratuko dira, eta, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrari lotuta ez dauden langileak egonez gero, eskaera egiten den egunean norberaren konturako langileen edo autonomoen araubide berezian alta emanda zeudela egiaztatzen duten pertsonen kopurua.

Kasu guztietan, kontratatutako langileen LZNko enplegu-datua eta negozioan jardueraren bat garatzen duten eta Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorraren mende ez dauden langileen datuak batuko dira.

15. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

1.– Laguntzak finantzatzeko aurrekontua eman daitekeen zenbatekoa baino txikiagoa bada, ebaluazio-batzorde bat eratuko da, laguntzak batera baloratzeko, 14. artikuluan zerrendatutako lehentasun-irizpideei jarraikiz eta III. eranskineko mailakatzearen arabera. Horretarako, egindako txostenak hartuko dira kontuan.

Eskabideen lehentasun-ordena lortutako puntuazioen araberakoa izango da; hau da, puntuazio handiena duenak izango du lehentasuna.

Puntuazio bera lortzen duten eskabideen lehentasun-hurrenkera zehazteko, diruz lagun daitekeen gastu handiena duenari emango zaio lehentasuna, eta, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa eta puntuazioa berdina bada, lehentasun-hurrenkera eskabideak osorik betetzen diren dataren arabera ezarriko da; hau da, sarrera-erregistroaren eguna kontuan hartuta, lehendabizi egiten diren eskaerek izango dute lehentasuna.

2.– Bigarren artikuluan aurreikusitako ildo bakoitzean, laguntzak 6. artikuluan ezarritako zenbateko maximoetan joango dira ematen, harik eta zuzkidura ekonomikoa agortu arte. Zenbatekoak esleitzeko prozesuan esleitzeke dagoen zuzkidura ez balitz nahikoa hurrengo gehieneko zenbatekoa duenari erantzuteko, soberakina hari emango zaio.

3.– Ebaluazio-batzordeak, ondoriozko lehentasun-hurrenkeraren arabera, honako hauek proposatuko dizkio Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari:

– Lagun daitezkeen jarduketetarako eskatu diren laguntzak ematea, horiek finantzatzera bideratutako kreditua agortu arte.

– Kreditua agortu delako edo agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituztelako finantzatu ezin diren laguntzak ukatzea.

4.– Ebaluazio-batzordea Basquetourreko ordezkari batek eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko bost ordezkarik osatuko dute; horietako bat lehendakaria izango da, eta beste bat idazkari gisa jardungo da, botoa emateko eskubiderik gabe. Titularrak kanpoan badira, ordezkoak izendatu ahalko dira. Hauek izango dira:

– Lehendakaria: Carlos Izaguirre San Emeterio; ordezkoa: M.ª Felicidad Arzamendi Vargas.

– Idazkaria: Cristina Madinabeitia Olariaga; ordezkoa: Ana Sarriegi Fortun.

– Batzordekideak: Gema Etxenike Jauregibeitia; ordezko batzordekidea: Inés Pérez Citores; Miren Josune Etxebeste Hernandorena; ordezko batzordekidea: Amaia Agirre Gogorza; Ana Isabel Lekue Gallano; ordezko batzordekidea: Ana Abel Aguilera Iturbe-Ormaetxe; batzordekidea: Eider Albizu Zenikazelaia; ordezko batzordekidea: Iñigo Uriarte Lasso de la Vega.

Erabakiak hartzean, agindu honetan ezarritako oinarri arautzaileetan eta oro har ordenamendu juridikoan ezarritakoa errespetatuko beharko du batzordeak, betiere bozketa-prozeduraren bidez. Ebaluazio-organoaren funtzionamenduari dagokionez, atal honetan aurreikusi gabe dauden kasu guztietan, modu osagarrian aplikatuko da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. sekzioa.

Bere eginkizunak betetzeko, osatzen den kide anitzeko organoak, administrazioaren zerbitzu teknikoei laguntzeko, langile adituen laguntza erabili ahal izango du dirulaguntza jaso duten arlo guztietan.

16. artikulua.– Laguntza emateko ebazpena.

1.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari dagokio eskatutako dirulaguntzak onartzeko edo ukatzen dituen administrazio-ebazpena ematea. Ebazpen horretan, onuradunak, finantzatutako proiektuak eta emandako zenbatekoak zehaztuko dira; edo, hala badagokio, laguntza ez emateko arrazoiak. Era berean, onuradunari jakinaraziko zaio laguntzak minimis izaera duela.

Ondasun-erkidegoen edo sozietate zibilen kasuan, elkarteen eskabideek berariaz adierazi behar dituzte elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa, horiek ere onuradun izaera izango baitute.

2.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), agindu hau indarrean sartzen denetik gehienez ere sei hilabeteko epean, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak, hargatik eragotzi gabe diruz lagundutako eskabideen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea ebazpena indarrean sartu eta hurrengo hilabetean.

Sei hilabete igarotzen badira ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, interesdunak bere eskabidea ezetsi dela ulertu ahal izango du, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak berariazko ebazpena emateko duen betebeharra.

3.– Organo kudeatzaileak jakinarazpena argitaratu dela adierazi ahalko die interesdunei, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.

4.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

5.– Dirulaguntza horiek emateko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz eta halakorik egingo ez balitz horretarako ezarritako borondatezko epearen barruan, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

17. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, hargatik eragotzi gabe azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak. Horrez gain, honako betebehar hauek ere bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntza eman dela jakinarazita –ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez argitaratuta– eta hamabost eguneko epean onuradunak ukoa espresuki adierazten ez badu, ulertuko da dirulaguntza onartu egin duela.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea. Horrez gain, laguntzaren xede diren helburuak eta jarduketak bete dituztela justifikatu beharko dute, agindu honetan eta laguntza emateko ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

c) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik xede berbererako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, horren berri ematea dirulaguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori, eta, nolanahi ere, dirulaguntza justifikatzeko agiriekin batera.

d) Dirulaguntza emateko edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatzen bada, aldaketa egin aurretik horren berri ematea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismoaren arloan eskumena duen sailak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, jasotako laguntzei dagokienez dituzten eginkizunak betez, eskatzen dieten informazio guztia aurkeztea.

g) Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak, agiri elektronikoa barne, gutxienez lau urtez gordetzea, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak dokumentu eta faktura horiek egiaztatu edo kontrolatzeko beharra izan dezake.

h) Bere gain hartzea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluan administrazioaren laguntzak jasotzen dituzten edo harekin kontratuak edo hitzarmenak egiten dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak. Tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuaren printzipioak betez jardutea; estatistika eta azterketak egokitzea; edozein motatako hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea euskarri guztietan, eta zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan gaitasun, prestakuntza eta ahalmen egokia duten emakumeen eta gizonen presentzia orekatua edukitzea.

18. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Justifikaziora sartzeko eta hori betetzeko, modu bakarra egongo da: egoitza elektronikoa erabiltzea (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).

2.– Onuradunak frogatu beharko du, baliabide telematikoen bidez, bete dituela ezarritako baldintzak eta lortu duela dirulaguntzaren xede zen helburua.

3.– Laguntza emateko ebazpena berariaz edo modu tazituan onartu ondoren justifikatuko da laguntza. Justifikatzeko epea 2020ko urtarrilaren 31n amaituko da. Epe hori igarota, justifikaziorik aurkeztu ez bada, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde-bulegoetako teknikariek errekerimendua egingo diote onuradunari, hamabost eguneko epean aurkez dezan (epea luzaezina da). Ezarritako epean justifikaziorik ez aurkeztea arrazoi izango da ez-betetze gisa hartzeko.

4.– 2020ko ekitaldian jaulkitako fakturak eta 2021eko urtarrilaren 31 baino lehen egindako ordainketak onartuko dira. Ondorioz, ez dira kontuan hartuko epe horren ostean egindako ordainketak, epeka eta/edo geroratuta adostutakoak barnean hartuta.

5.– Justifikatzeko, justifikazio-kontu sinplifikatua erabiliko da. Horrek dokumentazio hau bildu beharko du gutxienez:

– Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete dituztela justifikatzeko jarduera-memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak zehatz-mehatz azalduta.

– Justifikazio-memoria ekonomikoa, egindako jardueraren kostua frogatzen duena. Honako hauek jasoko ditu:

a) Jardueraren gastuen zerrenda sailkatua, enpresa hartzekodunaren identifikazioarekin (IFZ eta enpresaren izen soziala), faktura emandako data, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZik gabe) eta ordainketa-eguna.

b) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria ere aipatzen dituena; adieraziko da, halaber, oinarrietan eta ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen dituela, jarduerak egin dituela eta proiektu horren emaitzak lortu dituela –jardueraren azken memoriaren eta justifikazio-kontuaren bidez hala justifikatzen baitu– eta datuak eta aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

c) Hala badagokio, kontratu txikietarako eskatutako hiru eskaintzak, baita hautaketa justifikatzen duen memoria ere, proposamen ekonomikoaren aldeko hautua egiten ez denean.

d) Hala badagokio, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda egotearen ziurtagiria, agindu honen 4.3 artikuluan zehaztutako kasuetan, turismo-negozio berriak sortzeko ekintzailetza-ildora bildutako proiektuetarako (I. eranskina), negozio horiek eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren sortu badira.

e) Hala badagokio, enpresa-eraketaren eskriturak, agindu honen 4.3 artikuluan zehaztutako kasuetan, turismo-negozio berriak sortzeko ekintzailetza-ildora bildutako proiektuetarako (I. eranskina), negozio horiek eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren sortu badira.

f) Jarduera profesionalei dagozkien epigrafeetan Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda dauden pertsona fisikoek, baldin eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) buruzko araudiak lanbide-jardueraren lehen ekitaldietan atxikipenetan tasa murriztua aplikatzeko ezartzen dituen baldintzak betetzen badituzte, dagokien eskabidea aurkeztu beharko dute beteta (VI. eranskina).

6.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde-bulegoetako teknikariek aurkeztutako dokumentazioa aztertuta egiaztatuko dute diruz lagundutako jarduerak egin direla. Era berean, ausazko laginketa baten bidez egiaztatuko dituzte egoki iritzitako egiaztagiriak, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko argibide nahikoa eman dezaten, eta, horretarako, aukeratutako gastuen jatorrizko egiaztagiriak bidaltzeko eskatu ahal izango dute. Aukeraketa horretarako, oinarritzat hartuko da lurralde bakoitzeko lagina egindako egiaztapenen % 20 baino txikiagoa ez izatea.

7.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada aurkeztutako justifikazioan zuzendu daitezkeen akatsak daudela, horiek zuzentzeko eskatuko da, eta hamar eguneko epea emango da horretarako.

8.– Dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa kalkulatzeko, laguntzaren ebazpenean jasotako diruz lagundutako gastuari –benetan egindakoari eta justifikatutakoari– ebazpen horretan zehaztutako finantzaketa-ehunekoa aplikatuko zaio, agindu honen 6. artikuluan ezarritako gehieneko ehunekoak eta zenbatekoak kontuan hartuta, eta ezingo da inola ere gainditu dirulaguntza emateko ebazpenean adierazitako zenbatekoa. Justifikazioen zenbatekoak, II. eranskinean aurreikusitako jarduketen atal berari dagozkionak, euren artean konpentsatu ahal izango dira.

9.– Hala ere, dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen ez badira eta emandako dirulaguntza gutxitzea badakar horrek, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio interesdunari, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, hala badagokio.

10.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu dituztenean, teknikariek txosten bat emango dute; bertan, justifikatutako eta onartutako gastuaren arabera, dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatuko da.

11.– Dirulaguntzaren ordainketa Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak aginduko du.

12.– Pertsona fisikoei jarduera profesionalak egiteko emandako laguntzetatik edo dirulaguntzetatik, zergaren araudia aplikatuz legokiekeen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) zenbatekoak atxikiko dira.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira eta beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik beste dirulaguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da, betiere ustezko ez-betetzeak estaltzen ez badira, arau honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira eta hirugarrenei kalterik eragiten ez bazaie. Ondore horietarako, aldatzeko ebazpena emango du Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, eta bertan emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira.

2.– Aurrekoa gorabehera, aurkeztutako proiektua funtsean aldatzea ez dakarten aldaketak turismo eta ostalaritzaren arloan eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi, eta idatziz justifikatu beharko dira, betiere, agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira eta eskaerako xedea mantentzen bada. Dena den, ez du dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko.

3.– Baldin eta, justifikazio-fasean jardueraren onartutako behin betiko eta benetako kostua gutxiago bada onetsitako gastuaren aurrekontua baino (laguntza zehazteko baliatu zena), emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, dirulaguntzaren portzentajea oinarri berriari aplikatuko zaio.

20. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileak eskabide horretan atzera egiteko aukera izango du. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak bete-betean onartuko du atzera egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du, pertsona horri dagokionez.

2.– Onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Emandako dirulaguntza onartu ondoren ere uko egin ahal izango zaio. Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, ebazpen bitartez, berariaz onartuko du uko egitea, eta prozedura amaitutzat eman.

21. artikulua.– Ikuskatzea.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egokitzat jotako ikuskapen eta egiaztapen guztiak egingo ditu, aurkeztutako proiektuak gauzatzeari dagokienez; eta onuradunek eskatzen zaien informazio guztia aurkeztu beharko dute, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin dezaketen kontrola alde batera utzi gabe, eta, betiere, jasotako laguntzei dagokienez dituzten eginkizunak betez.

22. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu betetzen proiektuaren zati bat (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen bidez, dirulaguntza osoa edo zati bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Segidan aipatzen den gorabeheraren bat gertatzen bada, dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galduko da:

a) Diruz lagundutako jarduerak II. eta III. eranskinetan ezarritakoa baino zenbateko txikiagoarekin egitea.

b) Egiaztagiriak epez kanpo aurkeztea, dagokion errekerimendua egin ostean.

c) Laguntza lortzeko eskatzen diren baldintzak ez betetzea.

d) Inbentarioan jasotzeko moduko ondasunei dagokienez, diruz lagundutako ondasunak ez bideratzea dirulaguntza emateko baliatutako xederako, Aginduaren 8. artikuluan ezarritako denboran.

3.– Justifikaziorako beharrezkoa den dokumentazioa partzialki ez izateak dirulaguntza murriztea ekarriko du, aurkeztu gabeko dokumentazioaren proportzio bereko zenbatekoan.

4.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari dagokio ez-betetzearen espedientea hastea eta ebaztea. Ez-betetzearen espedientea egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

5.– Prozedura administrazioko arau-hauste izan daitezkeen egitateen ondorioz hasten bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.

23. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Turismo-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira. Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

1.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

2.– Oinarri hauetan jasota ez dagoen guztirako, honako arau hauek aplikatuko dira: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, eta, prozedurari dagokionez, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 30a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

SONIA PÉREZ EZQUERRA.

I. ERANSKINA
TURISMO-NEGOZIO BERRIAK SORTZEKO EKINTZAILETZA-LAGUNTZEN ILDOA

1.– Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren (EJZ) epigrafean alta emanda dauden pertsonak (fisikoak edo juridikoak) sartu ahal izango dira ildo honetan, baldin eta 2018ko urtarrilaren 1aren ondoren eta 2020ko abenduaren 31 baino lehen eskatzen badute laguntza, betiere agindu honen 4.3 artikuluaren 1. eta 3. zenbakietan xedatutakoa kontuan hartuta.

2.– EAEko Turismoaren 2017-2020 Marketin Planean identifikatutako potentzial handiko eskariaren segmentuetan (txangoak, ibilbideak, interes bereziko turismoa, kostaldeko atsedena, bilerak) produktu turistikoak, zerbitzuak eta/edo esperientzia berritzaileak sortzea ekarriko duten turismo-negozioak sortzea bultzatuko da, tokiko ongizatean eta oparotasunean, baliabide naturalen erabilera eraginkorrean eragin positiboa dutenak eta, hala badagokio, EAEko ondare naturala eta kulturala babestu, eta errespetuz erabiltzen dutenak, hala, turismo arduratsu baterantz doan turismo jasangarria sustatzeko.

Honako turismo-negozio hauek lehenetsiko dira:

– Beren udalerriko azpisektore bereko beste negozioekin alderatuta, bereziak eta berriak direnak.

– Turismo-produktu eta zerbitzu berritzaileak sortzen dituztenak, turismokoak ez diren beste ekoizpen-sektore, enpresa edo zerbitzuekiko hibridazioaren edo sinergien ondorioz, bereziki tokiko merkataritzarekin eta artisautzarekin, edota beste turismo-helmuga batzuetatik bereizten gaituzten elementu bereziekin.

– Enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzen dutenak, emakumeen ekintzailetza eta kontratazioa bultzatuta, enpleguan dagoen genero-arrakala murrizteko asmoz.

3.– Negozio berriek baliabide naturalak eraginkortasunez kudeatzen, ingurumena zaintzen eta klima-aldaketari aurre egiten lagunduko duten neurriak hartu beharko dituzte. Neurri horiek eskabidearekin batera doan azalpen-memorian zehaztu beharko dira, proiektua baloratzeko (IV. eranskina).

4.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren jarduera hasten duten turismo-ostatuko establezimenduek EAEko Turismo Administrazioan laguntza eskatu aurretik izapidetu beharko dute turismo-enpresa eta jarduerei buruz indarrean dagoen araudia egokitzeko txosten-eskaera. Ez dira onartuko turismo-ostatuak sortzeko laguntza-eskabideak, baldin eta, aipatutako administrazioak egindako txostenaren arabera, ez badatoz bat dagokien turismo-araudiarekin.

5.– Jendeari irekitako establezimenduek irisgarriak izan beharko dute, Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legean eta lege hori garatzeko arau teknikoetan ezarritakoaren arabera. Bestalde, erabilera turistikoko etxebizitzek eta etxebizitza partikularretako logelek etxebizitzaren irisgarritasuna bide publikotik bermatu beharko dute, aipatutako irisgarritasun-araudiaren arabera turismo-ostatuei aplikatzen zaizkien baldintzetan.

6.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

– Eraketa-gastuak: erregistroa, notariotza, proiektu teknikoak.

– Negozio-lokalen errentamendua, baldin eta honako hauek barne hartzen ez badira: lokal horiek erosteko eskubidea, familia-etxebizitzaren zati ez izatea edo beste enpresa batekin partekatutako espazioa ez izatea, lokalaren errentatzailearekin odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko 2. mailara arteko ahaidetasun-harremanik ez egotea, eta lokala erakunde onuraduneko bazkide edo partaide ez izatea.

– Abian jartzeko gastuak: bideragarritasun-azterketak, marken erregistroa, irudi korporatiboaren diseinua, establezimenduaren irisgarritasunari buruzko borondatezko txostena.

– Turismo-negozioa sortzeko, abian jartzeko eta hazteko behar diren aktibo finkoetako inbertsioak:

● Turismo-negoziorako soilik erabiltzen diren instalazioak egokitzeko obrak. Ez dira diruz lagunduko erabilera turistikoko etxebizitzetan eta etxebizitza partikularretako logeletan egindako obrak, etxebizitzaren irisgarritasuna bermatzeko direnak salbu.

● Turismo-negozioan soilik erabiltzeko altzariak eta ekipamendua. Erabilera turistikoko etxebizitzetako eta etxebizitza partikularretako logeletako altzariak edo ekipamenduak ez dira diruz lagunduko, mugikortasun- eta komunikazio-arazoak dituzten pertsona guztiei etxebizitzaren irisgarritasuna berdintasunez bermatzeko beharrezkoak diren elementu teknikoak izan ezik.

● Ekipamendu informatikoa erostea eta II. eranskineko 2.1.1, 2.1.2, 2.1.3 eta 2.1.4 apartatuetan zehaztutako soluzio teknologikoak ezartzea.

● Garraio-elementuak erostea, baldin eta diruz lagundutako jarduera horietan garatzen bada edo garatzeko ezinbestekoak badira, eta, ibilgailu motordunen kasuan, II. eranskineko 2.3 apartatuan jasotako jasangarritasun-baldintzak betetzen badituzte. Lehendik diren garraio-elementuak egokitzea gaineratu egingo da eskakizunotara.

7.– Ildo honetatik kanpo geratzen dira diruz lagun daitekeen guztizko gastua 10.000 euro garbi baino txikiagoa duten proiektuak.

II. ERANSKINA
TURISMO-ENPRESEN LEHIAKORTASUNA HOBETZEKO LAGUNTZEN ILDOA

1.– Ildo honen xedea turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea da, berrikuntza teknologikoa babestuta, haien turismo-eskaintza hobetuta eta optimizatuta, eta turismo jasangarria eta eskuragarria izateko egokituta.

2.– Honako jarduketa hauek lagunduko dira diruz:

2.1.– Turismo-enpresen eta zerbitzuen berrikuntza, soluzio teknologikoen bitartez.

2.1.1.– Soluzio teknologikoak ezartzea negozioen lehiakortasuna hobetzeko, sustapena eta komunikazioa egiteko, eta turismo-produktuak eta/edo zerbitzuak merkaturatzeko, horretarako Web 2.0 teknologia baliatuta, honako aplikazio-esparru hauetan:

– Negozioaren eraginkortasuna eta kudeaketa hobetzea, hala nola hodeiko biltegiratzea, ordainketa eta kobrantza segurua, negozioaren kudeaketa integrala, Big Data prozesuetan oinarritutako soluzio aurreratuak (prezioen aurreikuspen-analisia, merkatuen monitorizazioa, eta abar), fakturazio elektronikorako, bezeroarentzako zerbitzuak kudeatzea, erreserbak kudeatzea, eskari digitalak, eta abar.

– Interneten negozioaren presentzia handitzea (hala nola webgune dinamikoak –sare sozialetako sarbideak, edukiaren eguneratze aktiboa, webgunearen administrazioa eta edizioa online egitea– eta interaktiboak, bezeroekin komunikatzeko kanal gisa –blogak, foroak, galdetegiak...– responsive diseinuarekin eta establezimendu fisikoaren geolokalizazioarekin).

– 2.0 hedabideetan sustapena eta komunikazioa handitzea (hala nola negozioa dinamizatzea sare sozialetan; sareko publizitatea eta marketina, merkatu-segmentu espezifiko edo espezializatuetara bideratuta, hartarako kanal eta atari egokiak erabiliz). Segmentu horiek eskabidearekin batera doan azalpen-memorian identifikatu beharko dira (IV. eranskina).

– Produktuak eta/edo zerbitzuak zuzenean merkaturatzea eta saltzea erraztea (sareko merkaturatzea webetik bertatik; denda birtuala, nire online denda.).

Azpiapartatu honetan ez dira diruz lagunduko honako hauek:

– Programa informatikoen mantentze-lanetarako gastuak (ikuspegi funtzionaleko, legaleko eta teknologikoko eguneratzeak; eboluzioko mantentze-lanak, zuzenketaren alorreko mantentze-lanak, azpiegituren mantentze-lanak, lizentzien ordainketak, eta abar); ekipamendu informatikoaren bermeak, aseguruak eta kanonak; konektibitate-gastuak; webak ostatatzeko gastuak (alta, mantentze-lanak), edota domeinuak erregistratzea, berritzea eta kudeatzea.

– Zerbitzuagatiko aldizkako ordainketa-kuotak (SaaS irtenbideak, erabiltzeagatik ordaintzea, etab.), salbu kontratuaren lehen urteari dagozkionak, eta betiere aipatu kontratua 2020an gauzatzen bada. Kontratu hori eskabideari erantsi beharko zaio, egiaztapena egiteko.

– Lineako publizitateari dagozkion gastuak (Google adwords, sare sozialetako publizitatea, beste webgune batzuetako publizitatea, etab.), baldin eta ez badaude merkatu-segmentu espezifiko eta espezializatuetara bideratuta.

– Sare sozialak kudeatzearekin lotutako gastuak (community managers).

– Interneten posizionamendua hobetzeko egindako gastuak.

2.1.2.– Berrikuntza sustatzea negozio-prozesuetan eta I+G+B jarduerak garatzea; esaterako, turismo-jardueretara bideratutako mugikorretarako aplikazioak, edota negozioaren kudeaketa (check-in eta check-out, gelak eta/edo zerbitzuak erabiltzea...), multimedia-ingurunean, errealitate areagotukoak eta errealitate birtualekoak, turismo-bitartekoak eta produktuak gehiago gozatzeko eta ezagutzeko gamifikazio-programak, edota turismo-eskaintza eta esperientzia bereiztera bideratutako bestelako elementu teknologikoak.

2.1.3.– Kudeaketa adimenduneko sistemak barne hartzea (domotika) establezimenduan (kudeaketa-zentrala, sentsoreak eta detektagailuak, eragingailuak, komunikazio-euskarriak, eta abar).

2.1.4.– Haririk gabeko konektibitatea hobetzea turismo-ostatuetan.

Diruz lagunduko dira turismo-ostatuetako establezimenduetan hari gabeko sareak zabaltzeko edo hobetzeko helburua duten inbertsioak, establezimenduaren azaleraren % 90 hartzen dutenak, gelak eta eremu komunak barnean hartuta (itxiak eta irekiak).

Zehazki, honako hauek:

a) Establezimenduaren hari gabeko konektagarritasuna zabaltzeko edo hobetzeko inbertsioak, eta ez dira diruz lagunduko hari gabeko sarea edo Internetera sartzeko linea hedatzearen ondorioz establezimenduan egiten diren egokitzapen ez-teknikoak eta obren gastuak.

b) Establezimenduan haririk gabeko konektibitatea zabaltzeko edo hobetzeko diren zerbitzu profesionalak azpikontratatzea. Zerbitzu horien barnean sartzen dira honako hauek: sarearen estaldura eta neurria aztertzeko lanak, sarea hedatzeko establezimenduan egiten diren egokitzapen teknikoak, parametrizazioa, konfigurazioa eta sarearen eta emandako zerbitzuen egiaztapena, sarearen administratzaileak gaitzeko zerbitzuak eta hirugarrenei azpikontratatu beharreko edozein jarduera, baldin eta hari gabeko sarea hedatzeko edo hobetzeko ezinbestekoa bada eta horrekin lotuta badago.

2.1.5.– Apartatu honetarako laguntza-eskabideak baztertuko dira, baldin eta diruz lagun daitekeen guztizko gastua 5.000 euro garbi baino txikiagoa bada.

2.2.– Enpresen turismo-eskaintza hobetzea eta optimizatzea.

Apartatu honetan, honako helburu hauek dituzten jarduketak lagunduko dira diruz:

2.2.1.– EAEko turismoaren estrategiarekin lotutako turismo-produktuen eta/edo zerbitzuen eskaintza zabaltzea (enogastronomia, txangoak, ibilbideak, bilerak, EAEko kostaldea, natura, kultura), betiere enpresak eta/edo turismo-establezimenduak aurrez eskaintzen ez zituenak, baldin eta zerbitzuak espezializatzen edota urtarokotasuna arintzen laguntzen badute, enpresei urte osoan zehar zerbitzuak eskaintzeko aukera emanez.

Honako hauek izango dira diruz laguntzeko moduko inbertsioak:

– Produktu eta/edo zerbitzuaren eskaintza berrirako beharrezko diren instalazioak egokitzea eta ekipamendua eta altzariak erostea.

– Garraio-elementuak diruz laguntzeko modukoak izango dira, baldin eta eskaintza eta/edo produktu berriak bertan garatzen badira, edo elementu horiek ezinbestekoak badira garapen horretarako, edo bezeroei eskainitako zerbitzuak hobetzea badakarte. Motordun ibilgailuek eranskin honen 2.3 apartatuan zehaztutako jasangarritasun-eskakizunak bete beharko dituzte.

Hauek ez dira kontuan hartuko: altzari eta ekipamendu berriak jartze hutsa, edo lokalen birgaikuntzak edo erreformak, negozioak modernizatzea badakarte ere, baldin eta ez badira sortzen turismo-produktu edo zerbitzu berriak, lehendik eskainitakoez bestelakoak, azken horiek baitira azpiapartatu honen xedea.

2.2.2.– Obrak eta ekipamendu-erosketak sukaldaritza-establezimendu edo turismo-ostatuetarako.

Helburu hauek dituzten inbertsioak bakarrik lagunduko dira diruz:

– Sukaldeak egokitzeko obrak, erabat edo zati batean ireki, eta bezeroen bistara gera daitezen, bezeroek sukaldaritza ikusi, eta, batzuetan, sukaldariarekin batera aritu edo platerak nahieran pertsonalizatzeko aukera izan dezaten, horrek balio erantsia ematen baitio esperientzia gastronomikoari. Jakiak agerian manipulatu eta prestatzeko ekipamendu-erosketak ere lagunduko dira diruz, sukaldea apartatu honetan xedatutakoari jarraikiz erreformatzearekin batera egiten badira.

– Edariak dosifikatzeko edo banatzeko gailuak erostea, kopak prestatzeko; bai eta eta pintxoak hozteko eta kontserbatzeko sistemak eta gailuak ere.

– Hondakinak jasotzeko sistemak erostea, instalazioak (barrak, zoruak, eta abar) beti garbi edukitzen laguntzen dutenak, baita horiek hobeto kudeatzea eta birziklatzea ahalbidetzen dutenak.

– Terrazak gaitzea eta modernizatzea, urte osoan zehar erabili ahal izan daitezen.

2.2.3.– 2017. urtea baino lehenagotik negozioan edota hobetu beharreko establezimenduan turismo-jardueran etengabe jardun dutela egiaztatzen duten pertsonak sartu ahalko dira apartatu honetan. Hala ere, onartu egingo dira familia-jarraipenaren bidez (4. mailara arteko odolkidetasuna eta ezkontza-ahaidetasuna barne) data horren ostean egindako titulartasun-aldaketak, bai eta «Berriz Enpresa» (www.berrizenpresa.com) programaren bidez (Eusko Jaurlaritzan turismoaren arloko eskumena duen sailak garatu du programa, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganberen laguntzarekin) edo erakunde publiko eta pribatuek gauzatutako enpresa-eskualdaketako beste programa baten bidez egindako enpresa-eskualdatzeagatik egindakoak ere. Baina egiaztatu beharko da negozioa eskualdatu duen pertsonak 2017. urtea baino lehen gauzatzen zuela jarduera bertan.

2.2.4.– Apartatu honetarako laguntza-eskabideak baztertuko dira, baldin eta diruz lagun daitekeen guztizko gastua 5.000 euro garbi baino txikiagoa bada.

2.3.– Eskaintza turismo jasangarrira, arduratsura eta eskuragarrira bideratzea.

2.3.1.– Turismo-jarduerak ingurunearen gainean duen inpaktua murriztera bideratutako inbertsioak:

a) Energiaren efizientzia hobetzera bideratutako instalazioak: barruko argiak, kanpoko argiak, bero- eta/edo hotz-sorgailuak (galdara, klimatizagailua), kontrol- eta erregulazio-sistemak.

b) Energia ez-kutsatzaileen eta berriztagarrien instalazioak: biomasa, geotermia eta elektrizitatea sortzea (energia fotovoltaikoa, energia eolikoa, energia mini-hidraulikoa).

c) Garraio eta mugikortasun efizientea, betiere diruz lagundutako jarduera bertan egiten bada edota garatzeko ezinbestekoa bada, edo bezeroei eskainitako zerbitzuetan hobekuntza badakar:

– Motor % 100 elektrikoa duten ibilgailuak eta ibilgailu arinak gas naturalez eta/edo GLPz ibiltzera eraldatzea.

– Birkarga elektrikoa eta erregai alternatiboak.

– Lagundutako pedalak dituzten bizikletak eta trizikloak.

2.3.2.– Turismo-enpresek online eskaintzen dituzten instalazioak, zerbitzuak, produktuak eta komunikazio-sistemak eskuratzea errazten laguntzen duten teknologiak biltzea, berdintasun-baldintzetan, aniztasun funtzional fisikoa, bisuala, entzumenekoa, intelektuala eta organikoa dituzten pertsona guztiei.

2.3.3.– Apartatu honetarako laguntza-eskabideak baztertuko dira, baldin eta diruz lagun daitekeen guztizko gastua 3.000 euro garbi baino txikiagoa bada.

III. ERANSKINA
AURKEZTUTAKO PROIEKTUAK BALIOESTEKO IRIZPIDEAK ETA PONDERAZIOFAKTOREAK
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
PROIEKTUA BALORATZEKO AZALPEN-MEMORIAREN EDUKIA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
ESKAERA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
LANBIDE-JARDUEREN LEHEN EKITALDIETAN ATXIKIPENETAN TASA MURRIZTUA APLIKATZEKO ESKABIDEA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala