Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2020ko apirilaren 29a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
1912

EBAZPENA, 2020ko apirilaren 24koa, Segurtasuneko sailburuordearena, 2020. urtean eskabideak aurkezteko epea luzatu eta ohorezko aipamenak emateko ekitaldia atzeratzen duena, Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruko 2019ko ohorezko aipamenak emateko prozesua iragartzen zuen Segurtasun sailburuordearen 2020ko urtarrilaren 16ko Ebazpenari dagokionez.

Segurtasuneko sailburuordearen 2020ko urtarrilaren 16ko Ebazpenak Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruan ohorezko aipamenak emateko prozesuaren deialdia egin zuen, eta haren laugarren ebazpen-zatian ezartzen zen kategoria guztietako ohorezko aipamenen proposamenak aurkezteko epea 2020ko apirilaren 30ean bukatuko zela.

Covid-19ren hedapenak ekarri zuen osasun-alertak sortutako egoeraren aurrean, Lehendakariaren martxoaren 13ko 6/2020 Dekretua eman zen (EHAA, 52. zk., 2020ko martxoaren 14koa); horren bidez, Lehendakariak Euskadiko Babes Zibileko Plana-Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi zuzentzeko eskumenak bereganatzen ditu, Covid-19aren hedapenak eragindako osasun-alertak sortu duen egoeraren aurrean.

Era berean, Gobernu zentralak 463/2020 Errege Dekretua eman zuen, martxoaren 14koa (BOE, 67. zk., 2020ko martxoaren 14koa), Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena. Horren bidez, pertsonei mugimendu-murrizketa batzuk ezartzen zaizkie lurralde nazional osoan. Gainera, Diputatuen Kongresuaren 2020ko martxoaren 25eko Ebazpenaren bidez (BOE, 86. zk., 2020ko martxoaren 28koa), martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoera luzatzea baimentzeko erabakia argitaratzeko agindu zen. Eta, azkenik, Diputatuen Kongresuaren 2020ko apirilaren 9ko Ebazpenaren bidez (BOE, 101. zk., 2020ko apirilaren 11koa), martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoera luzatzea baimentzeko erabakia argitaratzeko agindu da.

Hori guztia ikusita, eta alarma-egoera gutxienez hamabost egun naturalez luzatuko dela aurreikusten denez, horrek guztiak eragin handia du Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruan ohorezko aipamenak emateko eskaerak aurkezteko prozesu horretan.

Gainera, Segurtasuneko sailburuordearen 2020ko urtarrilaren 16ko Ebazpenaren seigarren ebazpen-zatian ezartzen zen aipamenak 2020ko ekainaren 12an emango zirela, Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Egunean, baina aurrez aipatutako guztia ikusita, ezinezkoa da ekitaldi hori egun horretan egitea, eta, beraz, geroago beste ebazpen bat emango da, deialdi honi dagozkion Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruko ohorezko aipamenak emateko ekitaldia noiz egingo den zehazteko.

Horrenbestez, neurri honen helburua da segurtasun pribatuko enpresa guztiei, pertsona fisikoei, erakundeei, korporazioei, erakunde edo establezimendu publiko edo pribatuei ahalik eta erraztasun gehien ematea, 2020ko deialdian Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruko ohorezko aipamenak emateko eskabideak aurkez ditzaten; izan ere, Covid-19aren hedapenaren ondorioz, osasun-alerta zein lurralde nazional osoan alarma egoera deklaratu ondoren, salbuespen-egoera batean gaude. Horregatik, eskabideak aurkezteko aldiaren iraupena luzatuko da egungo egoerak iraungo duenaren antzeko denbora-tarte batez.

Hori guztia dela eta,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Segurtasuneko sailburuordearen 2020ko urtarrilaren 16ko Ebazpenaren laugarren ebazpen-zatian ezarritako epea aldatzea. Ebazpen horren bidez, Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruan ohorezko aipamenak emateko prozesuaren deialdia egiten zen, eta horren arabera, kategoria guztietako ohorezko aipamenen proposamenak aurkezteko epea 2020ko apirilaren 30ean amaitzen zen.

Aipamen mota guztietarako proposamenak aurkezteko epea 2020ko ekainaren 25ean amaituko da.

Bigarrena.– Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruan ohorezko aipamenak emateko prozesuaren deialdia egiten zuen Segurtasuneko sailburuordearen 2020ko urtarrilaren 16ko Ebazpenaren seigarren ebazpen-zatia aldatzea eta ohorezko aipamen horiek emateko ekitaldirako data zehaztu gabe uztea.

Aipamen horiek organo eskudunaren ebazpen baten bidez finkatuko den ekitaldi batean emango dira. Ebazpen horretan, deialdi honetako Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruko ohorezko aipamenak emateko ekitaldia zein egunetan egingo den zehaztuko da.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 24a.

Segurtasuneko sailburuordea,

JESÚS MARÍA ZUBIAGA NIEVA.


Azterketa dokumentala