Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2020ko martxoaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1549

29/2020 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena; horren bidez xedatzen da argitaratu behar dela Eustat-Euskal Estatistika Erakundean lan egiten duten langile mugagabe ez-finko etendunen deialdia arautzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Mahai Sektorialak hartu zuen Akordioa onartzeko Akordioa.

Gobernu Kontseiluak 2020ko otsailaren 25eko bileran onartu du akordio hori, hau da, Eustat - Euskal Estatistika Erakundean lan egiten duten langile mugagabe ez-finko etendunen deialdia arautzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Mahai Sektorialak hartu zuen akordioa onartzeko akordioa. Beraz, eman behar zaion publikotasuna emate aldera, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Eustat - Euskal Estatistika Erakundean lan egiten duten langile mugagabe ez-finko etendunen deialdia arautzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Mahai Sektorialak hartu zuen akordioa onartzeko akordioaren testua. Eranskinean jaso da akordio hori.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 26a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 26KO 29/2020 EBAZPENARENA
GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOA, EUSTAT-EUSKAL ESTATISTIKA ERAKUNDEAN LAN EGITEN DUTEN LANGILE MUGAGABE EZ-FINKO ETENDUNEN DEIALDIA ARAUTZEKO EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO MAHAI SEKTORIALAK HARTU ZUEN AKORDIOA ONARTZEN DUENA

2011ko otsailaren 17an, CC.OO. eta ELA sindikatuetako ordezkariekin akordio bat sinatu zen, araututa uzteko nola egin dei EUSTATEN lan egiten duten eta Administrazio Orokorreko mugagabe etendunak direla deklaratuta dauden langileei.

Maiatzaren 8ko 68/2018 Dekretuaren bidez, Eustateko lan-legepekoentzat gordetako lanpostuen zerrenden aldaketak onartu ziren. Izan ere, erakundeko lan-legepeko batzuk mugagabe etendunak direla deklaratu da epai bidez; bada, dekretu horretan utzi zen jasota nola atxikiko diren Elkarrizketatzaile / Ikuskatzaile dotazio bakoitzera.

2019ko otsailaren 13an, LAB, CC.OO. eta UGT sindikatuen ordezkariekin akordio bat sinatu zen, behar bezala arauturik uzteko nola kudeatuko diren Eustaten diren lanpostu etendunak, eta 2011ko otsailaren 17ko akordioaren zati bat aldatzeko. 2019ko akordio hartan, erabaki zen, besteak beste, akordio-sinatzaileek batzorde bat osatuko zutela, «dei egiteko» beste akordio bat egiteko.

Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Mahai Sektorialean, Administrazioaren ordezkariek eta LAB, CC.OO. eta UGT sindikatuek «Eustaten lan egiten duten langile mugagabe ez-finko etendunen deialdia arautzen duen akordioa» lortu dute.

Horrenbestez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak, proposamena eztabaidatu ondoren, honako akordio hau egin du:

AKORDIOA

«Eustat-Euskal Estatistika Erakundean lan egiten duten langile mugagabe ez-finko etendunen deialdia arautzeko akordioa» onartzea. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Mahai Sektorialak 2019ko azaroaren 21ean sinatu zuen LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin, eta akordio honen eranskin gisa ageri da».

AKORDIOAREN ERANSKINA, EUSTATEN LAN EGITEN DUTEN LANGILE MUGAGABE EZ-FINKO ETENDUN DEKLARATUTAKO LANGILEEN DEIALDIA ARAUTZEKO
SARRERA

2011ko otsailaren 17an, CC.OO. eta ELA sindikatuetako ordezkariekin akordio bat sinatu zen, araututa uzteko nola egin dei Eustaten lan egiten duten eta Administrazio Orokorreko mugagabe etendunak direla deklaratu den langileei.

2018ko maiatzaren 11n 68/2018 Dekretua argitaratu zen (maiatzaren 8koa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartu zituen Dekretua). Dekretu horren artikulu bakarraren bidez Eustat - Euskal Estatistika Erakundeko (aurrerantzean Eustat) lan-kontratudun langileentzat gordetako lanpostu-zerrendetan aldaketak egitea onartu zen.

Dekretuaren xedapen gehigarrian, elkarrizketatzaile eta ikuskatzaile lanpostuetara atxiki ziren Eustat erakunde autonomoko langile batzuk; hain zuzen ere, epai bidez lan-kontratudun langile mugagabe etendunak direla deklaratutakoak. Hala, langileok lanpostu horietara atxiki dira, haien egoera edozein izanda ere; hots, deitzen direnean aktiboan, eszedentzian edo etenaldian dauden kontuan hartu gabe.

2019ko otsailaren 13an, Eusko Jaurlaritzak eta LAB, CC.OO. eta UGT sindikatuetako ordezkariek akordio bat sinatu zuten, bi helbururekin: batetik, Eustateko lanpostu etendunen kudeaketa arautzeko eta, bestetik, 2011ko otsailaren 17ko akordioa zati batean aldatzeko (akordio horren bidez, Eustaten lan egiten duten Administrazio Orokorreko langileen deialdiak arautzen dira; hain zuzen ere, epai bidez langile mugagabe etendun deklaratutako langileenak). Akordio horretan, bada, urtean deialdi bakarra egitea erabaki zen, bai eta deialdi bakar horretan urtean gutxienez 10 hilabeteko lana bermatzea ere. Halaber, deialdiak eta estatistika-eragiketak haien artean independenteak izatea hitzartu zen. Akordio horren bidez adostu zen, gainera, aurreko urteko abendua amaitu baino lehen egingo zela urteko deialdia, eta kolektibo hori desagertu egingo zela bertan dauden langile guztien lan-harremana amaitzen zenean (borondatez uko egin dutelako, erretiratu direlako, hil direlako edo akordioaren 7. artikuluan kontratua azkentzeko zehazten den arrazoiren bat gertatu delako). Akordioaren arabera, Administrazioak etengabeko lanpostuak sortzeko konpromisoa hartzen du, aldizkako lan-kontratu mugagabedunen gaineko epaiak eragiten dien lanpostuak amortizatzen joan ahala, eta erakundearen beharrizanak aintzat hartuta.

Era berean, mahai sektorialaren 2019ko otsailaren 13ko akordioan erabaki zen, besteak beste, akordio-sinatzaileek batzorde bat osatuko zutela, «dei egiteko» beste akordio bat egiteko.

Hori dela eta, deialdi-prozesu osoa erregulatuko duen akordioa egin beharko da, 2019ko otsailean hitzartutakoa aintzat hartuta.

I. KAPITULUA
JARDUKETA-EREMUA

1. artikulua.– Akordioaren xedea.

Akordio honen xedea da epai bidez langile mugagabe etendun deklaratutako Eustateko langileei lanerako deialdia arautzea.

2. artikulua.– Eremu objektiboa.

1.– Deialdia egiteko, Eustatek urteko eskaintza banatuko du, akordio honekin eta indarreko araudiarekin bat eginez.

2.– Urteko eskaintzan, urtean gutxienez 10 hilabetez lan egitea eskainiko da.

3.– Urte bakoitzeko eskaintzak iraupen berbera edukiko du langile guztientzat, hasiera-egun desberdina eduki arren.

4.– Langileak lanpostuen zerrendan esleituta dauzkan kategorian eta udalerrian emango ditu zerbitzuak.

3. artikulua.– Eremu subjektiboa.

1.– 2019ko otsailaren 13ko akordioaren 1. eranskinean agertzen diren Eustateko langileek osatuko dituzte deialdirako zerrendak, ikuskatzaile edo elkarrizketatzaile kategoriaren arabera banatuta.

2.– Bi kategoriatan dauden langileek 2019ko azaroaren 30a baino lehen aukeratu duten kategorian egingo dute lan, baina beste kategorian lan egiteko prest ere egongo dira; kasu horretan, alabaina, lanean hasi ez den kategoriako kontratua azkendu egingo zaio, akordioaren 7.2.c artikuluan ezarritakoa betez. Hauturik egin ez dutenak ikuskatzaile kategoriara atxikiko dira, eta agente kategorian eskuragarri egongo.

II. KAPITULUA
ARAUBIDE OROKORRA

4. artikulua.– Barne-araubidea.

Lan-kontratudun langile mugagabe etendunak bi egoera hauetan egon ahalko dira: etenaldian edo prest, deialdiaren xederako.

5. artikulua.– Kontratua etetea.

1.– Kontratua etenda izango dute egoera hori aitortzen dien ebazpena daukatenek eta, hala eskatuta, Langileen Estutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 45. eta 46. artikuluetan aurreikusten den kasuren batean daudenek (lanpostua gordetzea dakarte artikuluok).

Funtzio Publikoko zuzendariaren ebazpen bidez ezarriko da kontratuaren etenaldia, eta langileari jakinaraziko zaio.

2.– Etenaldian dauden langileei lanpostuen zerrendan esleituta daukaten lanpostua gordeko zaie.

4.– Lanean ari den langile bat etenaldian izendatzen bada, bere lanpostuan ordezkatu ahalko da, etenaldia eragin duten arrazoiak desagertu arte.

5.– Era berean, kontratua eteteko arrazoiak desagertutakoan, langileak Eustati jakinarazi beharko dio, arrazoiak desagertu eta gehienez hilabeteko epean. Etenaldirako arrazoiak desagertu direla epe barruan jakinarazi ezean, kontratua azkenduko da. Urtero, urria baino lehen, Eustatek etenaldian dauden langileen arrazoiek bere horretan jarraitzen dutela berrikusiko du.

6.– Bi aldeak ados jarrita amaituko da etenaldia, langileek zerbitzu emateko dauzkaten egitezko eta zuzenbidezko inguruabarrak aldatzen direnean.

6. artikulua.– Deialdirako prest.

Urte bakoitzeko azaroaren 30ean kontratua etenda ez duten langileak deialdirako prest daudela balioetsiko da.

Urte bakoitzeko azaroaren 30ean laneratzeko prest dauden langileak deialdiaren xede izango dira, eta bertara sartu beharko dute. Zentzu horretan, azaroaren 30a baino lehen etenaldia eskatu ez duten eta aldi baterako ezintasunean dauden langileak deialdiaren xede izango dira.

Azaroaren 30ean etenaldian dauden edo azaroaren 30aren ondoren eskuragarri ez egotea eskatu duten langileak ez dira deialdiaren xede izango.

7. artikulua.– Kontratua azkentzea.

1.– Urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren (Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena) 49. artikuluan eta hurrengoetan azaltzen dira kontratua azkentzeko arrazoiak.

2.– Kontratua azkentzeko arrazoietako bat langilearen dimisioa da. Langileak dimititu egin duela ulertuko da, honako kasu hauetan:

a) Urteko eskaintza esleituta duen pertsona laneratzen ez bada, eta kontratua eteteko justifikaziorik ez badu.

b) Langileak kontratua eteteko arrazoiak desagertu direla hilabeteko epean (5.5 artikulua) jakinarazten ez badu.

c) Langileak kategoria bi baditu, laneratu ez den kategorian dimisio-egoeran dagoela ulertuko da baldin eta hautatutako kategorian laneratu bada, 3.2 artikuluak adierazten duen moduan.

3.– Edonola ere, Funtzio Publikoko Zuzendaritzak uste badu langile mugagabe etendunak kontratua azkentzeko moduko okerren bat egin duela, lan-kontratua azkentzeko prozedura hasiko da, Funtzio Publikoko Zuzendaritzak proposatuta.

4.– Proposamen horretan azalduko dira, batetik, kontratua azkentzeko gertaerak eta arrazoiak, eta bestetik, egoki bada, kontratua azkentzeko arrazoiak justifikatzen dituzten frogak edo dokumentuak.

Kontratua azkentzeko okerra egin duten interesdunei jakinaraziko zaie proposamena, egokitzat jotzen dituzten alegazioak eta dokumentuak aurkez ditzaten jakinarazpena egin zen egunaren biharamunetik zenbatzen hasiko den hamar egun balioduneko epean. Langileen ordezkaritzari ere horren berri emango zaio.

5.– Epe hori igarota, eta alegazioak (egotekotan) jaso ondoren, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak funtzio publikoaren arloan eskumena duen sailburuari igoko dio kontratua azkentzeko proposamena.

Interesdunari kontratua azkendu dela jakinaraziko zaio, eta hark errekurtsoa jarri ahalko du, zuzenean lan-arloko jurisdikzioan, araudian jasotzen diren epeetan. Era berean, interesdunak berariaz baimentzen badu, langileen ordezkariak espedientea begiratu ahalko du, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoko aurreikuspenekin bat etorriz.

6.– Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak, alegazioak aztertu ondoren, balioesten badu kontratua azkentzea ez dela egokia, horren berri emango dio interesdunari eta, hala badagokio, baita langileen ordezkaritzari ere.

8. artikulua.– Oporrak.

Deialdia amaitzerako, langileek oporrak hartuta izan beharko dituzte. Nolanahi ere, langileei oporrak arautzen dituen indarreko araudia aplikatuko zaie.

III. KAPITULUA
DEIALDIA

9. artikulua.– Deialdia egiteko modua.

1.– Eustatek abenduko hirugarren astean argitaratuko du hurrengo urteko deialdia, eta deialdira sartzeko eguna eta deialdiaren iraupena adieraziko ditu lanpostu bakoitzean.

2.– Eustaten Beitu izeneko intraneten, Eustaten lurralde-bulegoetan eta Lakuako delegazio zentralean argitaratuko da deialdia.

3.– Deialdi bat esleituta duen langilea laneratzen ez bada, Eustatek ordezkatu egingo du. Horretarako, absentziaren unean laneratzeko prest dagoen kategoria eta udalerri bereko langile mugagabe eten bat mugituko du, 2019ko otsailaren 13ko Akordioaren I. eranskinean zehazten den hurrenkeran. Ordezkatutako pertsona laneratzen denean edo deialdia amaitzen denean, mugimendu hori amaituko da.

10. artikulua.– Lan-poltsetako langileak.

1.– Kategoria bereko langilerik ez badago, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan aldi batez zerbitzu emateko langileak hautatzearen inguruko indarreko araudiaren arabera hautatzen diren langileek ordezkatuko dituzte deialdian esleipendun suertatu diren langileak. 2019ko otsailaren 13ko Akordioaren 1. eranskinean etenaldian agertzen diren eta lan-poltsak osatzen dituzten langileek ezingo dute ordezkapenik egin.

2.– Deialdian parte hartzeko, izendapenari edo aldi baterako kontratuari uko egiten diotenek lan-poltsei buruzko indarreko araudian ezartzen diren ondorioak edukiko dituzte.

IV. KAPITULUA
DATUEN BABESA

11. artikulua.– Deialdiko datuen babesa eta kudeaketa.

Emandako informazio guztia langileak kudeatzeko espedienteen fitxategi batean sartuko da, eta akordio honek arautzen duen deialdiaren prozesua kudeatzeko baino ez da erabiliko fitxategia, hala dagokionean. Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua bi lege hauetan ezarritakoaren araberakoa izango da: 3/2018 Legea, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta datuak babesteko euskal bulegoa sortzeari buruzkoa.

Funtzio Publikoaren Zuzendaritza da fitxategiaren arduraduna, eta datuetarako sarbidea izateko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko eta datuok ezerezteko eskubideak erabiltzeko, Funtzio Publikoko Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz).

V. KAPITULUA
AKORDIOA ALDATZEA ETA INTERPRETATZEA

12. artikulua.– Akordioa aldatzea.

Akordio hau aldatzeko, sindikatuen ordezkariek ados egon beharko dute.

13. artikulua.– Akordioa interpretatzea.

Akordio hau aplikatzearen ondoriozko kontuak aztertu eta ebazteko batzorde bat eratuko da, eta akordioaren sinatzaileek eta Administrazioaren ordezkariek osatuko dute, kopuru berberetan. Edozein aldek eskatu ahalko du batzordea elkartzeko.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– 2020rako deialdia

Eustatek 2019ko abenduaren 17an argitaratuko ditu 2020ko eskaintzen adjudikazioak, 2019ko azaroaren 30ean prest zeuden langileen artean egindakoak, Eustaten Beitu intranetean eta Eustaten lurralde bulegoetan.

Deialdiaren udalerria hautatzeko, Eustatek lanpostu bakoitzaren udalerria esleituko du, datu pertsonalak eguneratzeko dokumentuan (2019ko irailean Eustaten Zuzendaritza Nagusiari igorritakoan) lehendabizi adierazitako lurralde historikoaren arabera, 2019ko otsailaren 13ko Akordioan ezarritakoarekin bat eginez.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– 2021eko deialdirako etenaldian dauden langileak.

Funtzio Publikoko zuzendariaren ebazpen bidez etenaldia aitortuta duten langileek etenaldia ezartzeko arrazoiek bere horretan jarraitzen dutela egiaztatu beharko dute. Horretarako, etenaldian dauden langileek Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren aurrean arrazoiek bere horretan jarraitzen dutela egiaztatzeko epea irekiko da: 2020ko maiatzaren 4tik 15era, bi egun horiek barne hartuta. Langile batek inguruabar hori ezarritako epean egiaztatzen ez badu, etenaldia ezartzeko arrazoiak desagertu direla balioetsiko da, eta deialdirako prest egongo da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Eustateko lan-kontratudun langile mugagabe ez-finkoei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboen indarreko Hitzarmen Kolektiboan aurreikusten diren baldintzak ezarriko zaizkie, deialdi batean esleitutako lanpostuan zerbitzuak eman bitartean, aldi baterako lan-kontratudunak baitira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Akordio honen bidez baliogabetu egiten dira 2011ko otsailaren 17ko Akordioa (epai bidez langile mugagabe etendun deklaratutako Eustateko langileen deialdia arautzen duena) eta mahai sektorialaren 2019ko otsailaren 13ko akordioa.

AZKEN XEDAPENA.– Lanpostuen zerrendan lantokiaren udalerria zehaztea.

1.– Lanpostuen zerrenda aldatu egingo da, eta lanpostu bakoitzerako udalerria zehaztuko da.

2.– Eustatek lanpostu bakoitzaren udalerria esleituko du, datu pertsonalak eguneratzeko dokumentuan (2019ko irailean Eustaten Zuzendaritza Nagusiari igorritakoan) lehendabizi adierazitako lurralde historikoaren arabera. Udalerririk adierazi ez bada, Funtzio Publikoko langileak kudeatzeko espedientean komunikazio-xedeetarako zehaztuta dagoen lurralde historikoko udalerria esleituko da.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 21a.


Azterketa dokumentala