Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2020ko martxoaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1349

AGINDUA, 2020ko otsailaren 25ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez deialdia onartzen baita Euskadiko biztanleguneetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko dirulaguntzen programarako, 2020., 2021. eta 2022. urteetarako.

2016ko martxoan Euskadiko 2020ko Agenda Digitala (aurrerantzean 2020@AD) onartu eta gero, euskal erakundeok apustu argia egin dugu bertan bizi diren pertsonen eta edozein biztanlegunetan kokatutako enpresen arteko konektagarritasuna hobetzearen alde, biztanlegunearen biztanle kopurua eta dimentsioa alde batera utzita.

2020@AD eratzean lau jarduketa-ardatz hartu dira aintzat. Ardatz horiek merkatu globalizatuan lan egiten duten enpresen ingurukoak dira: gizarte trebea eta aktiboa eraikitzea, ingurune digitalean aritzen diren administrazioak prestatzea eta lurralde inteligentea eta bateratua lortzea. Helburu horiek ahalik eta baldintza onenetan lortzeko, ezinbestekoa da erakundearteko eta sailarteko elkarlana, eta 2020@ADk beharrizan erkide bat duten 60 ekimen baino gehiago hedatu ditu, hala nola zentro publikoen, enpresen eta etxeen arteko konektagarritasuna hobetzea, Euskadi «lurralde inteligente» gisa sendotzeko.

Konektagarritasuna hobetzeko ildo horretan, Eusko Jaurlaritza hainbat jarduketa estrategiko garatzen ari da. Ekintza horiek Euskadiko ekonomiaren eta industriaren lehiakortasuna hobetzen dute, eta biztanlegune jendetsuetan edo ez hain jendetsuetan konektagarritasuna eskuratzeko aukera-berdintasunari lagunduko diote. Honako hauek dira ekimen horiek:

– Zuntz optikoak Euskadiko 1.700 eraikin publikotara hedatzea.

– Banda zabal ultralasterra Euskadiko industrialdeetara hedatzea (2016ko eta 2017ko eta 2018ko deialdiak).

– Banda zabal ultralasterra Euskadiko biztanleguneetara hedatzea, agindu honen xedea (2017ko eta 2018ko deialdiak)

Banda zabala Euskadiko eraikin publiko guztietan eta hainbat industrialde eta biztanlegunetan jarrita –2016ko, 2017ko eta 2018ko jarduketei esker–, gero banda zabala hedatu ahal izango da zerbitzu horien defizita identifikatu den gainerako biztanleguneetako etxe partikularretara, telekomunikazio-operadoreen lana erraztu eta hura hedatzeko kostuak murrizten baitira.

Hori, bereziki, landaguneetako biztanleguneetan izaten da nabarmena; izan ere, operadoreek ez dute esku hartzen horietan. Horren ondorioz, konktagarritasun-eten handiagoa sortzen da biztanle gutxiago dituzten udalerrietan, biztanle kopuru handiagoa duten udalerrietan baino.

Ahalegin horrek handitzen jarraitu behar du, bai belaunaldi berriko teknologien erabileran haziz doalako, bai enpresa-kontzentrazioa duten eremuetan eta eskari gutxiago dagoen eremuetan (hala nola, landaguneetan edo irispide zaila duten eremuetan) zabaltzeko beharrizanengatik, eta, konparatzen jarrita, errealitatea oso negatiboa ez den arren, irtenbide eta anbizio berriak ekarri behar ditu testuinguruak.

Ildo horretatik, Europako Batzordeak 2020rako zenbait helburu planteatu zituen «Europako Agenda Digitala» izenekoaren barruan. Agenda horretan honako hau ezarri da:

1.– 2020an belaunaldi berriko banda zabala (gutxienez 30 Mbps) herritan guzti-guztiengana helarazteko helburua lortzea.

2.– 2020an herritarren erdiek 100 Mbps-tik gorako abiadurako banda zabal ultralasterreko zerbitzuak «kontratatua» izatea.

Izatez, azkenaldian, Europako Batzordeak «Europako Gigabit gizarterako konektibitatea» izenekoaren oinarriak ezarri ditu, eta haren bidez proposatzen du intentsiboki digitalak diren enpresek 1 Gbps simetrikoko Interneterako konexioa eduki behar dutela 2025erako. Horretaz gain, Europako landa- edo hiri-etxe guztiek gutxienez 100 Mbps-ko deskarga-abiadura eskaintzen duten sareetarako sarbidea izan beharko dute, eta horiek 1 Gbps-ra handitu ahal izango dira.

Aipatzeko modukoa da Europar Batasunaren eskualde-politikarako jarraibideek azkenaldi honetan aukera gehiago eta sendoagoak eskaini izana politika publikoek belaunaldi berriko azpiegituren garapenerako sustapen-jarduerak gauza ditzaten, banda zabaleko sareak azkar hedatzeko estatuen dirulaguntzei buruzko arauak aplikatzeko Europar Batasunaren zuzentarauen arabera (C 25 EBAO, 2013-01-26koa). Horrez gain, jarduketa horiek 2014ko ekainaren 17ko Europako Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduan txertatu dituzte. Erregelamendu horren bitartez, deklaratu da zenbat laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarriak direla, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (L 187 EBAO, 2014-06-26koa). Edonola ere, ez da ahaztu behar sektorea liberalizatuta dagoela, eta, ondorioz, telekomunikazioaren merkatuko arauak aintzat hartu behar direla.

Bada, gaur egun beharrezkotzat jotzen da herritarrek Interneterako konexio azkarra eta ziurra izateko eskubidea gauzatu ahal izatea, eguneroko jarduerak edo administrazioko izapideak egiteko, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak agintzen baitu bitarteko elektronikoak erabiltzea.

Elementu horiei guztiei begiratuta, badirudi egokia dela kontua berriro pentsatzea eta ekintza publiko irmoa abiaraztea, konektagarritasun-mailak hornitzearren, eta, azkenik, gizarte osoari eskuragarritasuna zentzuzko prezioan ziurtatzearren.

Horrela, agindu honek merkatuaren gabeziak gainditzen laguntzeko dirulaguntzen emakida arautuko duten oinarriak ezarri ditu, «eremu zuriak» izenarekin sailkatutako Euskadiko biztanleguneetan, gutxienez (bi noranzkoetan) 100 Mbps-ko abiadurako banda zabaleko sareak hedatzea suspertzeko.

Dirulaguntza horiek Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako jakinarazpen-salbuespenari heldu diote. Erregelamendu horren bidez, laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla adierazi da, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak betez.

Era berean, ekainaren 5eko 462/2015 Errege Dekretuak banda zabaleko sareen eskaintza eta eskuragarritasuna sustatuz informazioaren gizartea bultzatzera bideratutako laguntza publikoen arloan administrazio publikoen arteko koordinaziorako tresnak eta prozedurak arautzen ditu eta, ezartzen duenaren arabera, laguntza-programa honek oinarri hauen xede diren laguntzen bateragarritasunaren aldeko beharrezko den txostena jaso du Aurrerapen Teknologikorako Estatu Idazkaritzaren aldetik. Txosten horrek egiaztatu du administrazio publikoen arteko koordinazioa egokia dela gizartearen informazioa indartzeko laguntza publikoei dagokienez. Horretarako, banda zabaleko sareen eskaintza eta eskuragarritasuna suspertu da.

Jarraibide horiekin bat eginez, Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Arauemaileei buruzko Legearen IV. tituluan –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bategina–, eta 887/2006 errege Dekretuak garatutako Dirulaguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean xedatutakoaren arabera, eta zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jo dituen Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduan ezarritakoaren ildotik, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (L 187 EBAO, 2014-06-26koa), programa hau ezarri da belaunaldi berriko banda zabaleko sareak Euskadi biztanleguneetara hedatzeko, 2020ko, 2021eko eta 2022ko ekitaldietarako.

Informatika eta telekomunikazioetako Zuzendaritza da ekimen hori aurrera eramateko arduraduna; izan ere, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko Dekretuaren 20.d) artikuluan, «administrazio publikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen artean informazioaren gizartea sustatzeko» egitekoa eman zitzaion.

Azaldutakoan oinarrituta, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3. artikuluak emandako eskumenen arabera, eta Euskadiko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntza eta laguntzei aplikatzeko gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia onartzea Euskadiko biztanleguneetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko dirulaguntzen programarako, 2020., 2021. eta 2022. urteetarako, I. eranskineko oinarriei jarraikiz –Belaunaldi berriko banda zabaleko sareak Euskadiko biztanleguneetara hedatzeko laguntza-programaren deialdia arautzeko oinarriak– eta II. eranskineko biztanguneetarako –Biztaleguneen zerrenda–.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berrezartze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 25a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IŃAKI ERKOREKA GERVASIO.

I. ERANSKINA
BELAUNALDI BERRIKO BANDA ZABALEKO SAREAK EUSKADIKO BIZTANLEGUNEETARA HEDATZEKO LAGUNTZA-PROGRAMAREN DEIALDIA ARAUTZEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da arautzea banda zabal ultralasterreko sareak «NGA eremu zuri» (belaunaldi berriko) gisa hartzen diren Euskadiko biztanleguneetara hedatzeko laguntzen emakida. Eremu horiek ez daukate behar bezalako telekomunikazio-azpiegiturarik NGA banda zabaleko Interneterako sarbide-zerbitzuak erabili ahal izateko, eta ez da espero hurrengo 3 urteetan halakorik izatea.

Agindu honetan jasotako laguntzek Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko EB 651/2014 Erregelamenduari heldu diote (erregelamendu horren bidez laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateratu daitezkeela deklaratu da, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak betez), eta, zehazki, banda zabaleko azpiegituretarako laguntzei buruzko 52. artikuluari. Alde horretarik, oinarri hauetan aipatutako kontzeptuak erregelamendu horren arabera interpretatu behar dira, han definituta baitaude (2016ko ekainaren 26ko EBAO, L 187).

Bigarrena.– Denbora-esparrua.

Laguntza programa hau 2020ko, 2021eko eta 2022ko ekitaldietan zehar zertuko da.

Hirugarrena.– Baliabide ekonomikoak.

Lehenengo oinarriaren xedera bideratutako baliabide ekonomikoak 700.000 euro dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jasotako urte hauetan banatuta:

– 2020ko ekitaldia: 200.000 euro.

– 2021eko ekitaldia: 400.000 euro.

– 2022ko ekitaldia: 100.000 euro.

Adierazitako lote bakarrean proposamenik onena egiten duenari emango zaio dirulaguntza.

Laugarrena.– Onuradunak.

1.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzen onuradun izan daitezke behar bezala gaitutako operadorearen izaera duten sektore pribatuko pertsona fisiko edo juridikoak, Telekomunikazioei buruzko maiatzaren 9ko 9/2014 Lege Orokorraren 6. eta 7. artikuluetan xedatutakoaren arabera, eta pertsona fisiko edo juridiko horien elkarteak; kasu horretan, metaketa onartuko da behar bezala gaitutako komunikazio elektronikoen operadore izateko eskatzen diren eskakizunak betetzeko.

Pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteen eskabideek berariaz adierazi behar dituzte, eskaerari erantsitako dokumentu batean, elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira. Nolanahi ere, izendatu behar da taldearen ordezkari edo ahaldun bat, nahiko ahal duena taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko. Taldea ezin da desegin harik eta dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

Nortasun juridikorik gabeko taldeei dagokienez, ezin izango dira deialdi honetako xede den dirulaguntzaren onuradun izan, baldin eta eskabidea berariaz egiten duten pertsonei aplikatu beharreko legezko inguruabarretako bat gertatzen bada edozein kiderengan.

2.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Dirulaguntzei buruzko urriaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, onuradun izan daitezke dirulaguntza ematea oinarritzen duen egoeran dauden pertsonak edo erakundeak, edo deialdi honen oinarri arautzaileetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenak.

3.– Dirulaguntzen onuradun izateko, pertsona edo talde eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

4.– Onuradunak ez du jardun behar armak ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen, Herrialde pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean xedatutakoaren arabera.

5.– Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak, berreskuratzeko agindu baten mende daudenak, Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela, eta krisian dauden enpresak ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideen definizioarekin bat etorriz (DO C249, 31-07-2014).

6.– Onuradun izateko baldintzak dirulaguntzaren indarraldi osoan mantendu beharko dira.

Bosgarrena.– Diruz lagunduko diren proiektuak eta ekintzak.

1.– Laguntza jasotzeko aukera izango dute gutxienez bi noranzkoetan 100 Mbps-ko belaunaldi berriko sarbide-sareak hedatzea aintzat hartzen duten proiektuak (mugarik gabeko datu-transferentzia ahalbidetu behar dute, zerbitzuaren ezaugarriak aldatu gabe), betiere laguntza-eskabidea aurkeztu baino lehen hasi gabe badaude.

Diruz lagundu daitezkeen proiektuak ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan aurreikusitako pizgarri-efektuari buruzko baldintzak beteko ditu. Laguntzek eragin pizgarria izango dute, baldin eta, proiektua edo jarduera lantzen hasi aurretik, onuradunak estatu kideari laguntza-eskaera bat idatziz aurkeztu badio, eta eskaera horren edukia manu horretan zehazten da.

Aurkeztutako proposamenek banda zabal ultralasterreko zerbitzuen hedapena jaso beharko dute lotea osatzen duten herri guztietan dauden higiezin-unitate guztietan; II. eranskineko zerrendan zehazten da horien osaera.

Puntuazio altuena lortzen duen proposamenerako bakarrik onartuko dira laguntzak, oinarri hauetan ezarritako ebaluazio-irizpideen arabera. Inola ere ez zaio laguntzarik emango eskatzaile bati baino gehiagori.

2.– Proiektuek biztanle bakoitzarentzako irtenbide teknologiko egokiena adierazi beharko dute, eta dirulaguntzetarako baldintza ez da izango soluzio teknologiko zehatz bat hedatzea, multimediako komunikazio elektronikoen zerbitzuak denbora errealean jasaten baitituzte, aurrez deskribatutako gutxieneko abiadurarekin eta gutxieneko baldintza hauek betez:

– Sareak, nagusiki, xede diren eremuetan herritarrentzat eskuragarri dauden komunikazio elektronikoen zerbitzuak emateko erabili beharko dira (ez dira diruz lagun daitezkeen elementutzat hartzen erabiltzaile-multzo mugatu bati zerbitzua ematera bideratutako sare pribatuak, ezta biztanleria-unitateetan edo sakabanatutako eremuetan azken erabiltzaileei zerbitzuak ematera zuzenean bideratzen ez diren enborreko sareak ere).

– Era berean, datuak mugarik gabe transferitzeko aukera eman beharko dute bi norabideetan, zerbitzuaren ezaugarri guztiak aldatu gabe eta biztanle askoko eremuetan merkatu-eskaintzen antzeko baldintza ekonomikoetan.

– Zerbitzuaren erabilgarritasuna bermatzea, adierazitako baldintzetan, gutxienez hilabete naturaleko tartearen barruko denboraren % 98rako, azken erabiltzaile bakoitzeko.

– Datuak transmititzeko zerbitzuaren kalitate-parametroek multimediako komunikazio elektronikoen zerbitzuak denbora errealean jasaten dituztela ziurtatzea. Horretarako, indarrean dagoen eta Lehiaren Merkatuaren Batzorde Nazionalak arautzen duen NEBA erreferentziako handizkako eskaintzaren balioak erabiliko dira erreferentzia gisa.

– Zerbitzu-altaren eskaerei erantzutea, gehienez ere 10 egun naturaleko epean, betiere lizentzia, okupazio-eskubide edo igarotze espezifikorik lortu behar ez bada, edo epe hori bete ezin bada alta emateko operadoreari egotzi ezin zaion beste edozein arrazoirengatik; kasu horretan, alta-denbora neurtzeko denbora edo atzerapen horiek deskontatu ahal izango dira, eskatzaileari aldez aurretik jakinarazita. Gehieneko epe hori betetzen ez bada, bereziki hirugarrenek eskatutako handizkako zerbitzuei dagokienez, handizkako zerbitzuetarako erreferentziazko eskaintzan Lehiaren Merkatuaren Batzorde Nazionalak ezarritako zigorrak aplikatuko dira.

– 24 orduko gehieneko epean zerbitzua etetea dakarten gorabeheren % 95 konpontzea, gutxienez.

Operadore onuradunaren proposamenean eskatzen diren gutxieneko baldintza teknikoak edo, hala badagokio, hobetuak bete beharko dira, bai txikizkako zerbitzuen eskaintzan, bai handizkakoetan, hirugarrenek operadore onuradunaren sarean eskaintzen dituzten txikizkako zerbitzuen erreplikagarritasun teknikoa bermatzeko.

3.– Proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 24 hilekoa izango da, laguntzak eman direla jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita. Hala ere, epe hori luzatu ahal izango da, baldin eta enpresak ebazpena jakinarazten den unetik aurrera hasi baditu hedapenerako lanak, eta atzerapena telekomunikazio-operadorearekin berarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik izan dela behar bezala justifikatzen den kasuetan bakarrik. Nolanahi ere, exekuzioa ez da inoiz 2022ko abenduaren 31 baino gehiago luzatuko, data horretan amaituta egon beharko baita finantzatutako proiektua.

4.– Programa honen bidez ez dira diruz lagunduko Ekonomia eta Enpresa Ministerioaren (MINECO) Aurrerapen Digitalerako Estatu Idazkaritzaren belaunaldi berriko banda zabala (PEBA-NGA) hedatzeko programaren kontura laguntza eskatu, proposatu eta eman zaien proiektuetan sartutako biztanleria-unitateetan egindako jarduerak, ez eta laguntza publikoen beste edozein programa ere.

Seigarrena.– Handizkako zerbitzuak.

1.– MLBNk beste baldintza batzuk ezartzen ez baditu, dirulaguntzaren onuradunak diruz lagundutako azpiegituretarako handizkako sarbide eraginkorra eskaini beharko die hala eskatzen duten gainerako operadoreei, gutxienez zazpi (7) urtez. Proiektuak zuntz optikoa hedatzea aurreikusten badu, sarbide horretan zuntz iluna ere sartu ahal izango da, erabateko desagregazio eraginkorrarekin, bai eta hodiak, zutoinak, armairuak, kutxatilak eta obra zibileko gainerako elementuak ere. Azken hauetarako sarbidea ez da denboran mugatu behar. «Backhaul» sareen kasuan, alokatutako lineen edo puntuz puntuko zirkuituen handizkako zerbitzua ere sartu beharko da, baita zuntz iluna alokatzea ere, sare hori ezartzeko erabilitako teknologiaren arabera.

Lerro fisikoaren desagregazioaz eta sarbideaz gain, NGA sarea hedatzeko hautatutako aukera teknologikoaren arabera, benetako eskaria egonez gero, desagregazio birtualeko handizkako zerbitzu bat eman beharko da. Zerbitzu hori sarbide aktibo bat izango da, sarbide-sarearen zentral nagusian bertan sareen interkonexioa izango duena, laguntzaren hartzailearen hirugarren operadoreek hobetsitako aukera izan daitekeelako.

Aipatutako handizkako zerbitzu guztiak bidezko baldintzetan eta diskriminaziorik gabe eskaini beharko dira.

Eskainitako sarbide-abiadura, gutxienez, proiektuaren oinarrietan eskatutakoa izango da, eta, nolanahi ere, handizkako zerbitzuak operadore onuradunak eskainitako txikizkako zerbitzuen erreplikagarritasuna ahalbidetu beharko du.

Handizkako sarbide efektibo horren prezioek MLBNk antzeko zerbitzuetarako merkatuko botere nabarmena duen operadoreari finkatutako handizkako prezioak izan beharko dituzte erreferentzia gisa, eta gehieneko prezio gisa hartuko dira. Erreferentziazko eskaintza baliokiderik ez badago, erreferentzia Espainian dauden batez besteko prezioena izango da (zona konparagarri lehiakorragoetarako), eta erreferentzia hori ere ez badago, erregulatzaileak laguntzaren xede den proiektu honetako zerbitzuetarako erabiltzen dituen prezioak edo prezioak kontrolatzeko printzipio eta tresnak aplikatuko dira (hala nola marjinen estuguneak kontrolatzeko erreplikagarritasun ekonomikoaren testa, dagokionaren arabera). Edonola ere, edo bertikalki integratutako operadorea denean, zehaztutako prezioek txikizkako eskaintzen erreplikagarritasuna ahalbidetu beharko dute, eta operadore onuradunaren txikizkako adarrarekiko diskriminaziorik ez gertatzea.

Diruz lagundutako proiektuen barruan eroanbideak eraikitzen badira, horiek behar bezain handiak izango dira hainbat kable/zuntz sare eta sare-topologia sartzeko, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz barne-merkatuarekin bateragarriak diren laguntza-kategoria jakin batzuk deklaratzen dituen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 52. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak laguntza ematen duen organoari aholku eman ahal izango dio oinarri honetan aipatzen diren handizkako prezioen eta sarbide-baldintzen arloan. Gainera, sarbidea eskatzen duten operadoreen eta laguntzen onuradun diren operadoreen arteko gatazkak ebatziko ditu, eta oinarri honetan aipatzen den handizkako sarbidearen betebeharra benetan betetzeko jarraibideak emango ditu.

3.– Lehiarik gabeko eremuetan jardun nahi denez, banda zabalari laguntzeko zuzentarau komunitarioen 80.a) atalaren arabera, handizkako produktuen eskaintzaren xehetasuna eta azpiegituran egin beharreko jarduketak zehaztuko dira, hirugarren operadore baten arrazoizko eskaria dagoela egiaztatuz gero. Eskaria arrazoizkotzat joko da, baldin eta sarbide-eskatzaileak negozio-plan koherente bat ezartzen badu, diruz lagundutako sarean produktua garatzea justifikatzeko. Nolanahi ere, hirugarren operadore baten arrazoizko eskaera hori alde batera utzita, laguntzen onuradunak bitstream motako sarbide-eskaintza bat eta azpiegitura aktibora sartzeko eskaintza bat eduki beharko ditu, gutxienez. Kasu guztietan, handizkako zerbitzuen eskaintzak bermatu beharko du laguntzaren onuradunak eskainitako txikizkako zerbitzuen erreplikagarritasun teknikoa eta ekonomikoa.

Handizkako sarbide-eskaerak baleude (hirugarren operadore baten arrazoizko eskaera batean oinarrituta, aipatu den bezala) operadore onuradunak hedapena amaitu aurretik, handizkako eskaintzaren xehetasunak eskuragarri egon beharko dute interesa duten gainerako operadoreek, onuradunak NGA sarearen txikizkako ustiapena hasi baino denbora nahikoa lehenago, laguntzaren onuradun den operadorearen txikizkako adarraren eta handizkako sarbidea eskatzen duten operadoreen – Halakorik balego – Arteko tratu diskriminatzailea saihesteko.

Era berean, laguntzaren operadore onuraduna merkatu-botere nabarmena duen operadoretzat hartzen bada ex ante erregulazioari lotutako merkatuetan, argi eta garbi jakinarazi behar die sektoreari eta azken erabiltzaileei laguntza publikoen babesean eraikitako sareen baldintza espezifikoei buruz, eta baldintza horiek ez datoz nahitaez bat ex ante erregulazioarekin.

4.– Laguntzaren operadore onuradunak handizkako sarbide aktiboa eta pasiboa eskaini beharko du 10 urterako.

Zazpigarrena.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta inbertsioak.

1.– Diruz lagun daitezkeen gastu eta inbertsiotzat hartuko dira hautatutako proiektua gauzatzeko zuzenean lotuta daudenak eta beharrezkoak direnak, baldin eta eskabidea aurkezten denetik proiektua amaitzen den egunera arteko aldian gauzatzen badira, eta gainerako operadoreek erabil ditzaketen sare-azpiegiturak sortzeko edo egokitzeko beharrezkoak diren gastuetara mugatuko da.

2.– Diruz lagun daitezkeen inbertsio eta gastutzat jotzen dira azpiegituraren hedapenarekin lotutako inbertsioarekin zuzenean lotutako kontzeptu hauek:

– Azpiegiturak eta obra zibila.

– Ekipamendua eta bestelako materialak.

– Langile-gastuak. Kontzeptu honek bere barne hartuko du onuradunaren berezko teknikariek proiektuko lanetan zuzenean emandako orduen kostua. Kontzeptu honetatik kanpo geratzen da administrazioko, kontabilitateko, giza baliabideetako, kudeaketako, marketineko, zuzendaritzako eta halakoetako langileen kostua (onartutako aurrekontuaren % 7, gutxienez).

– Proiektuari egotz dakizkiokeen beste kostu orokor edo zeharkako gastu batzuk – proiektuaren xede den banda zabaleko sarea sortzean edo berritzean zeharkako kostuak sortzen direnean, horiek hautagarriak izango dira, baina zuzeneko gaineratutako eta diruz lagundutako langileria-gastuen % 15 izango da gehienez ere.

– Dirulaguntza justifikatzeko kontuaren proiektuaren kostuen auditoretza-kostuak. Auditoriaren kostua diruz lagundu ahal izango da, gehienez ere emandako laguntzaren % 1era arte, 10.000 euroko mugarekin.

3.– Diruz lagundutako jardueren azpikontratazioa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eskatutakora egokituko da.

Onuradunak diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren ehuneko 50era arteko ehunekoa azpikontratatu ahal izango du.

Diruz lagundutako jardueraren kostua handituta, jardueraren edukiari balio erantsirik ematen ez dioten jarduerak ezin izango dira inola ere azpikontratatu.

Azpikontratazioak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

– Kontratua idatziz egitea.

– Dirulaguntza ematen duen erakundeak aldez aurretik kontratua egiteko baimena ematea.

Ezin izango da kontratu bat zatikatu kontratuaren zenbatekoa murrizteko eta aurreko paragrafoan eskatutako baldintzak ez betetzeko.

Azpikontratistak onuradunaren aurrean bakarrik egongo dira behartuta, eta onuradunak bere gain hartuko du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren ondorioetarako, onuradunen erantzukizuna izango da hirugarrenekin azpikontratatutako diruz lagundutako jarduera gauzatzean dirulaguntzaren araudian ezarritako mugak errespetatzea, diruz lagun daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta azpikontratistek lankidetza-betebeharra izango dute muga horiek behar bezala betetzen direla egiaztatu ahal izateko.

Onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueren exekuzio osoa edo partziala azpikontratatu honako hauekin:

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko debekuren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

– Azpikontratazioaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsonak edo erakundeak.

– Bitartekariak edo aholkulariak, baldin eta ordainketak eragiketaren kostu osoaren ehuneko gisa definitzen badira, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanaren edo emandako zerbitzuen merkatuko balioari dagokionez.

– Onuradunarekin lotura duten pertsonak edo erakundeak, honako egoera hauetan izan ezik:

● Azpikontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egitea.

● Organo emailearen aldez aurreko baimena lortzea, oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzetan.

– Deialdi eta programa berean laguntza edo dirulaguntza eskatu duten pertsonak edo erakundeak, baldintzak betetzen ez dituztelako edo behar besteko balorazioa lortzen ez dutelako dirulaguntzarik jaso ez dutenak.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren araberakoak izango dira. Diruz lagun daitezkeen inbertsioen edo gastuen kostua ez da inola ere merkatuko balioa baino handiagoa izango. Diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa kontratatu, zerbitzua eman edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan eskaintza horiek egin, eman edo hornitzen dituzten erakundeen kopuru nahikorik ez badago.

5.– Zeharkako zergak ez dira inola ere diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu badaitezke, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere. Fakturan jasanarazitako balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ez da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko.

Dirulaguntza emateko ebazpenean agertzen diren diruz lagun daitezkeen kontzeptuetako bakoitzari lotutako laguntzaren zenbatekoak laguntzaren gehieneko mugak dira.

Laguntzaren xede diren azpiegiturek eta ekipoek proiektuaren helburuei atxikita egon beharko dute gutxienez hamar urtez, proiektua amaitzen denetik edo, bizitza erabilgarria hamar urtetik beherakoa bada, haren bizitza erabilgarria amaitu arte.

6.– Inola ere ez dira diruz lagunduko eskabidea aurkeztu aurretik konprometitutako edo egindako inbertsioak eta gastuak, ez eta handizkako sarbidearekin zerikusirik ez duten azpiegiturei lotutakoak ere, baldin eta laguntzaren onuradunak soilik erabiltzeko badira.

Zortzigarrena.– Laguntzen izaera, muga eta bateraezintasuna.

1.– Agindu honen esparruan eman beharreko dirulaguntza, II. eranskinean ezarritako herrietarako norgehiagoka-araubidean, itzuli beharrik gabeko dirulaguntza izango da. Dirulaguntzaren zenbatekoa 700.000 eurokoa da, eta 2020ko, 2021eko eta 2022ko ekitaldietan banatuko da (200.000, 400.000 eta 100.000 euro, hurrenez hurren). Emakidak, gehienez ere, diruz lagun daitezkeen gastu eta inbertsioen % 90 suposatuko du.

2.– Agindu honen babesean ematen den laguntza ez da bateragarria helburu bererako ematen diren beste laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta beste administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik badatoz (nazionalak, Europar Batasunekoak edo nazioarteko beste erakunde batzuetakoak).

Bederatzigarrena.– Eskabideak eta gainerako dokumentuak aurkeztea.

1.– Eskaera bakarra onartuko da telekomunikazio-operadore bakoitzeko. Laguntza hauen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu honek ondorioak sortzen dituenetik hasita.

2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 14. artikuluan xedatutakoa izan ezik; izan ere, lege horrek une oro aukeratu ahal izango du nola komunikatuko diren administrazio publikoekin beren eskubideak eta betebeharrak baliatzeko.

3.– Eskabidea egoitza elektronikoaren bidez baino ezingo da eskuratu eta bete, administrazio publikoekin elektronikoki komunikatzeko betebeharra dutenentzat. Hona hemen:

«https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2020/peba2020/web01-tramite/es/» (castellano)

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2020/peba2020/web01-tramite/eu/» (euskera)

Kanal elektronikoaren bidez izapidetzeko zehaztapenak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak aipatutako egoitza elektronikoan daude eskuragarri.

Administrazio publikoekin harreman elektronikoa izatera behartuta ez dauden pertsona fisikoek, bide hori aukeratu ez badute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako moduan aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak. Arestian adierazitako bi baldintzak betez gero, agindu honen III. eranskineko eskabide-ereduan aurkeztu beharko da.

4.– Betetako eskabidean, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, artikulu honetan aipatzen den dokumentazioa ere aurkeztu beharko da, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

5.– Laguntza-eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, ezarritako epeen barruan. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedurak irauten duen bitartean, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

6.– Laguntza-eskabideak behar bezala beteta aurkeztuko dira, horretarako gaitutako aplikazio informatikoaren bidez edo oinarri honen hirugarren atalean aurreikusitakoaren arabera, eta agindu honen III. eranskineko eredu normalizatuaren arabera.

7.– Eskabidearekin batera, enpresaren legezko ordezkariaren gaitasunaren eta haren identifikazio fiskaleko zenbakiaren (IFZ) egiaztapen formala aurkeztu beharko da, eta honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

7.1.– Eskabidean jasotako alderdiak.

– Eskatzailearen edo erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpen bat, bertan jasotako informazioaren egiazkotasunari buruzkoa. Hona hemen xehetasunak:

● Erakunde eskatzaileak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik.

● Erakundeak ez ditu armak ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen, Herrialde pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean xedatutakoaren arabera.

● Erakundeak konpromisoa hartzen duela Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean Administrazioaren laguntzak kontratatzen, adosten edo jasotzen dituzten erakundeei ezarritako betebeharrak bere gain hartzeko.

● Europar Batasuneko Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo ondoren, erakundea ez dagoela berreskuratze-agindu baten mende, eta ez dela krisian dagoen enpresa, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (2014-07-31ko EBAO, C249).

● Dagozkion alderdiak zuzenean egiaztatzeari kalterik egin gabe, pertsona edo erakunde eskatzailea ez dago onuradun izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluetan aurreikusitako debekuetako batean ere.

● Nortasun juridikorik gabeko taldeen kasuan, taldekide guztiek egiaztatu beharko dituzte eskaeran oro har ezarritako betekizunak, eta berariaz adierazi beharko da zer betearazpen-konpromiso hartu dituen elkarteko kide bakoitzak. Era berean, obligazioak betetzeko ahalmen nahikoa duen ordezkari edo ahaldun bakar bat identifikatu beharko dute, eta ez desegiteko konpromisoa hartu, dirulaguntza eman zenetik 4 urteko epea igaro arte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Eskatzaileak lehen aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean jasotako daturen bat faltsutzen badu, indarrean dagoen zehapen-araubide administratibo eta penalaren mende jarriko da.

7.2.– Dokumentazio gehigarria.

– Operadore izaera: eskatzaileak behar bezala gaitutako operadore izaera duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da, hau da, Telekomunikazioei buruzko maiatzaren 9ko 9/2014 Lege Orokorraren 7. artikuluan araututako Operadoreen Erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen agiria.

– Memoria, honako hauek barne:

● Proiektuaren deskribapen orokorra (gehienez 2 orrialde), proiektuaren laburpen exekutibo gisa.

● Proiektuaren deskribapen teknikoa, honako hauek barne:

○ Hautatutako soluzio teknologikoa, proiektuaren xede den sarbide-sarearen deskribapena eta topologia, eta aurreikusitako sarbide-sarearen zentralaren edo goiburuaren kokapena, bertan inbertsiorik sartzen ez bada ere. Horretarako, bloke-diagramak sartuko dira, behar bezala azalduta, errazago uler daitezen, bai eta eremura egokitzeko eta epe ertain eta luzerako jasangarritasunerako motibazioa ere.

○ Sarea egokitzeko edo sortzeko obra-unitateak identifikatzea eta kuantifikatzea, bai obra zibileko azpiegiturenak, bai sare-ekipoenak. Horretarako, kokapen geografikoa zehazteko beharrezkoa den informazio kartografikoa sartuko da.

○ Banda lizentziatuetan teknologia erradioelektrikoa erabiliz gero, adieraziko da eskatzailea lizentzien titularra den, edo, halakorik ezean, espektroaren erabilera lagatzeko akordiorik duen. Azken kasu horretan, akordio horien kopia emango da, edo agertzen diren Aurrerapen Digitalerako Estatu Idazkaritzako espedienteak identifikatuko dira.

○ Hautatutako irtenbidearen iraunkortasuna baloratzea, eskariaren balizko aldaketetara egokitzeko duen eskalagarritasunaren arabera.

○ Hedapen-plana, honako informazio hau barne: egin beharreko faseen eta jarduera nagusien deskribapena eta mugaketa, hala nola: baimenak eta lizentziak lortzea, obra zibila egitea, materialak eskuratzea eta instalatzea (fase eta jarduera bakoitzaren mugaketan, lotutako obra-unitateen eta beharrezkoak diren beste baliabide batzuen kuantifikazioa jasoko da); Fase eta jarduera nagusien hasierari eta amaierari buruzko aurreikuspenen kronograma; egon daitezkeen arriskuak identifikatzea eta kontingentzia-plana.

● Bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa aztertzea. Horretarako, honako hauek sartuko dira:

○ Merkataritza-estrategia, aurreikusitako merkaturatze-jarduerak eta zerbitzuak emateko planak: gaur egungo eta aurreikusitako merkataritza-ingurunearen analisia. Bertan, eskariaren, lehia-baldintzen eta merkatuan nabarmendu daitekeen beste edozein ezaugarriren balioespena jasoko da, bai eta proiektua gauzatzeak zonako erabiltzaileentzat operadorea eta zerbitzuak hautatzeko gaitasunean izango duen eraginaren balioespena ere. Era berean, merkaturatzea aurreikusten diren sareko zerbitzu mota nagusiak, prezioen maila, banaketa-kanala/salmentak, sustapenak, publizitatea eta beste edozein alderdi garrantzitsu adieraziko dira (bertikalki integratutako operadoreen kasuan, eta aurreko informaziorik ez badago, laguntza eskatzen den sarearen bidez ematea aurreikusten den komunikazio elektronikoen zerbitzuei dagokien informazioa emango da).

○ Proiektuaren galdu-irabazien kontuaren aurreikuspena: galdu-irabazien kontu bat eman beharko da, laguntzaren xede den proiektuari buruzkoa soilik. Bertikalki integratutako operadoreen kasuan, kontu horretan sartu ahal izango da laguntzaren xede den sarearen bidez komunikazio elektronikoen zerbitzuak ematea. Gastuen zatian kontzeptu guztiak sartuko dira, diruz lagundu daitezkeen ala ez alde batera utzita. Denbora-horizonteak, gutxienez, laguntza jasoko den urtetik sarea amortizatu arteko aldia jaso beharko du. Eskari-estimazioekiko sentikortasun-azterketa bat egingo da, hainbat egoera eta gertaeraren probabilitatea kontuan hartuta.

○ Laguntzaren beharraren justifikazioa: laguntzaren beharra arrazoituko da proiektuaren epe luzeko emaitzen sentsibilitate-azterketaren bidez, aldagai nagusien bilakaerari buruzko aurreikuspenen arabera, hainbat agertoki eta horietako bakoitza gertatzeko probabilitatea kontuan hartuta. Premia hori une honetan proiektua gauzatzea eragotziko duen merkataritza-defizita edo epe luzeko errentagarritasun txikia izatean islatu beharko da, eta aukera-kostuen, barne-itzulera-tasaren, egungo balio garbiaren eta inbertsioa berreskuratzeko epearen arabera adieraziko da.

● Eragin soziala eta ekonomikoa. Azterketa bat egingo da, eta proiektuaren garapenean espero diren inpaktu sozio-ekonomiko guztiak deskribatu eta kuantifikatuko dira, proiektuaren helburua osatzen duen estaldura handitzekoak ez direnak, eta, bereziki, honako hauei buruzkoak:

○ Jarduera-eremuen garapen ekonomikoa.

○ Proiektuak NGA banda-sarearen beste hedapen batzuk errazteko duen inpaktua, agindu honen xede ez diren beste unitate batzuetan.

○ Beste eragin sozioekonomiko batzuk.

● Azpiegituren aprobetxamendua. Proiektua zehaztu aurretik egindako beste azpiegitura batzuen berrerabilpenaren azterketaren irismena eta ondorio nagusiak emango dira, bai eta proiektuaren barruan azkenean sartutako aprobetxamendu-maila ere.

● Beharrezko gastu eta inbertsioen aurrekontu xehatua: aurrekontu xehatua emango da, eta Aginduaren zazpigarren artikuluaren arabera diruz lagundu daitezkeen kontzeptuen arabera. Kontzeptu bakoitzaren barruan kontu-sailak sartuko dira (izena, kostu unitarioa eta unitate kopurua). Aurrekontu honetan jaso beharko dira, soil-soilik, beren izaeragatik eta gauzatzeko epeagatik hautagarriak diren gastuak, hau da, laguntza ematen den egunetik proiektua gauzatzeko aurreikusitako amaiera-datara bitartekoak, gehienez 24 hileko mugarekin, laguntza eman dela jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita.

8.– Nolanahi ere, aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen den dokumentazio edo informazio osagarri guztia eskatu ahal izango zaio enpresa eskatzaileari, eta arau honetan berariaz aurreikusi ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

9.– Ez da nahitaezkoa izango dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku dauden indarreko dokumentuak aurkeztea. Kasu horretan, eskabidean adieraziko da zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren. Era berean, kontuan hartuko da herritarrek sare korporatiboen bidez elektronikoki bildu eta lor ditzakeen edozein administraziok egindako dokumentuak ez aurkezteko duten eskubidea. Aurreko guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako baldintzak eta betekizunak kontuan hartuta.

10.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuz gero, eskatzaileak baimena emango dio laguntza hauen kudeatzaileari zuzenean, behar adina aldiz, egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, bai eta deialdian eskatzen diren eta administrazio publikoek egin dituzten agiri guztiak ere. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

Hamargarrena.– Aurkeztutako eskabideen zuzenketa.

Eskabidea oso-osorik beteta ez badago, edo eskabidearekin batera aurreko artikuluan zerrendatutako dokumentazioa aurkezten ez bada, erakunde, pertsona edo elkarte eskatzaileari errekerimendua egingo zaio 10 eguneko epean akatsa zuzen dezan edo nahitaezko agiriak aurkez ditzan, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Horri dagokionez, dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

Hamaikagarrena.– Eskabideak ebaluatzeko organoa eta prozedura.

1.– Horretarako sortutako Ebaluazio Organoari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea, ebaluatzea eta baloratzea, bai eta laguntzak emateko proposamenak egitea ere.

2.– Ebaluazio Organoaren buru Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordea izango da, hala nola, Nerea Karmele López-Uribarri Goicolea Andrea. Honako hauek izango dira batzordekideak: Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar politiketako zuzendaria, Jone Miren Fernández Landa Andrea eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendaria, Xabier Patxi Arrieta Goiri Jauna, zeinak idazkari-lanak egingo baititu.

3.– Itelazpi SA enpresako teknikari kualifikatuek egingo dituzte aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialak, eta ebaluazio-organoan aurkeztuko dituzte.

4.– Ebaluazio-organoaren eraketa baliozkoa izango da bilkurak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, lehendakaria eta idazkaria bertan direla, edo, hala badagokio, haien ordezkoak, eta, gutxienez, gainerako kideetako bat. Oinarri honetan aurreikusi gabeko ebaluazio-organoaren funtzionamenduari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluaren 3. atala aplikatuko da osagarri gisa.

Hamabigarrena.– Ebaluatzeko irizpideak.

(Ikus .PDF)

* «inbertsioaren eraginkortasuna» irizpideari dagokionez, adierazi behar da lote bererako aurkeztutako proposamen bakoitzari (BEZik gabe) esleituko zaizkion puntuak honako formula honen arabera egingo direla:

PO = 51 * {IM / IO}

Non:

– Po = Ebaluatzen ari den eskaintzari esleitutako puntuak.

– Im = Lotean aurkeztutako proposamen guztien gutxieneko laguntzaren zenbateko osoa.

– Io = Ebaluatzen ari den proposamenaren xede den enpresak eskatutako laguntzaren zenbateko osoa.

«Laguntzaren zenbateko globala» da eskatzaileak aurkeztutako diruz lagun daitezkeen kontzeptu guztien baturaren eta eskatutako laguntzaren ehunekoaren arteko produktua (laguntzaren intentsitatea).

Balorazio diskrezionalaren bidez ebaluatu daitezkeen irizpideetarako, proiektu bakoitzean azpi-irizpide bakoitzerako deskribatutako alderdiak sailkatuko dira, aurreko taulan adierazitako gehieneko puntuazioaren baremazio honen arabera:

– Bikain: % 100

– Ondo: % 75

– Nahiko: % 50

– Eskas: % 25

– Oso eskas: % 0

Operadoreek aurkezten duten eskabide bakoitza banan-banan aztertuko da, II. eranskineko zerrendan jasotako herri guztietako higiezin-unitate guztiei estaldura emateko. Horretarako, aipatutako irizpideak aplikatuko zaizkio eskabide bakoitzari, eta puntuazio bat emango zaio. Ordenatu ondoren, puntuazio handienetik txikienera, puntuazio handiena duen eskabideari egingo zaizkio emakida-proposamenak.

Telekomunikazioetako operadore bakoitzari puntuazio bat emango zaio, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera. Agindu honen esparruan eman beharreko dirulaguntza ezarritako irizpideetatik puntu gehien lortzen dituen telekomunikazio-operadoreari esleituko zaio.

Aurkeztutako proiektuak aztertu eta ebaluatu ondoren, behin-behineko proposamen bat egingo da, eta interesdunei helaraziko zaie, 10 eguneko epean, egoki iritzitako alegazioak egin ditzaten, proiektuak ezarritako helburuetara hobeto egokitzeko, behin betiko emakida-proposamenak egin aurretik.

Dirulaguntza emateko behin betiko proposamenean, erakunde onuradunaren identifikazioa jasoko da, baita biztanle bakoitzeko honako alderdi hauek ere: finantzatutako proiektua edo soluzioa, gauzatzeko epea eta proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa. Ukatutako laguntza-eskaerei dagokienez, proposamenak ukatzeko arrazoiak adieraziko ditu.

Hamahirugarrena.– Dirulaguntza emateko ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea, erakunde interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta autogobernuko sailburuari dagokio, Ebaluazio Organoak laguntzak proposatu ondoren.

2.– Ebazpenak honako hauek jasoko ditu gutxienez:

– Dirulaguntza ematea proposatzen den eskaeraren identifikazioa, burutzeko epeak eta laguntzaren zenbateko osoa adierazita.

– Deialdiaren baldintzak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskabideen zerrenda, bai eta baldintza horiek betetzen dituzten eta azkenean dirulaguntza emango zaienak baino balorazio txarragoa dutenak ere. Azken kasu horretan, halaber, horien zerrenda egingo da, aplikatutako balorazio-irizpideak aplikatuz lortu duten puntuazioa adierazita. Horrekin guztiarekin batera, ezespen-proposamena oinarritzeko arrazoiak emango dira.

– Ordaindu beharreko zenbatekoen deskribapena.

3.– Prozeduraren ebazpena eta ebatzitakoaren jakinarazpena gehienez ere 3 hileko epean egingo zaie erakunde interesdunei, deialdi hau argitaratzen denetik zenbatzen hasita, eta egun horretan ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpena errekurritu ahal izango da, honela:

– Aukerako berraztertze-errekurtsoa, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta autogobernuko sailburuaren aurrean edo zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan. Berraztertzeko errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da egintza espresua bada, edo hiru hilekoa, egintza espresua ez bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluen arabera.

– Edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarriz, bi hileko epean, administrazio-ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

5.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta banan-banan jakinaraziko zaio erakunde interesdunari.

6.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak erakunde onuradunari emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.

7.– Dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Banda zabal Ultrarrazkaren Euskal Behatokiaren webgunean (www.euskadibandazabala.eus) argitaratuko da hedapenaren xede diren eremuei buruzko informazioa, onuradunaren izena, hedapena amaitzeko aurreikusitako epemuga eta onuradunak bere proposamenean konprometitutako zerbitzu-baldintzak barne. Informazio hori taula formatuan zein mapa moduan eskainiko da, Euskadiko udalerrien araberako kontsulta baten bidez.

Hamalaugarrena.– Proiektua arrazoitzea eta dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Laguntza hiru zatitan ordainduko da:

a) Lehen ordainketa egiteko, 2020ko ekitaldia amaitu aurretik egindako inbertsioen zenbatekoa justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da, eta ezin izango da gainditu ekitaldi horretarako emandako laguntzaren exekuzio-zenbatekoa (200.000,00) euroak. Eskatutako dokumentazioa hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen aurkeztuko da.

b) Bigarren ordainketa eskatutako justifikazio-dokumentazioa aurkeztu ondoren egingo da, 2021eko ekitaldia amaitu aurretik egindako inbertsioen zenbatekoarekin, eta ezin izango da gainditu ekitaldi horretarako emandako laguntzaren exekuzio-zenbatekoa (400.000,00) euroak. Eskatutako dokumentazioa hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen aurkeztuko da.

c) Hirugarren ordainketa eskatutako justifikazio-dokumentazioa aurkeztu ondoren egingo da, 2022ko ekitaldia amaitu aurretik egindako inbertsioen zenbatekoarekin, eta ezin izango da gainditu ekitaldi horretarako emandako laguntzaren exekuzio-zenbatekoa (100.000,00) euroak. Eskatutako dokumentazioa hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen aurkeztuko da.

2.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean ordainketak egiteko eskatzen diren likidazio-eskaerekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Proiektua gauzatzeari buruzko memoria xehatua.

b) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturen kopia.

c) Finantza-erakundearen ordainagirien kopia.

d) Finantza-erakundearen ziurtagiriaren kopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela eta zenbakia egiaztatzen duena.

e) Ordainketa bakoitza egiaztatzeko, onuradunak Itelazpi, SAri eskatu beharko dio proiektuaren gauzatze-egoera egiazta dezala, aurkeztutako fakturen eta proiektatutako egikaritze-egutegiaren arabera. Itelazpi SAk obren bilakaerari buruzko aldeko iritzia ematen duen txostena egingo du, egingo den proiektuaren, egutegiaren eta ordainketa justifikatzen duten obra-ziurtagirien arabera.

3.– Onuradunak diruz lagundutako proiektua osorik gauzatu dela justifikatu beharko du 2023ko otsailaren 28a baino lehen, proiektuaren justifikazio-kontuaren auditoretza-txosten baten bidez. Txosten horren edukia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) 72. artikuluan xedatutakoaren araberakoa izango da.

4.– Gainera, laguntzak ordaindu aurretik, erakunde onuradunak sail izapidegilearen eta Itelazpi SAren esku jarriko du agindu honen bederatzigarren oinarrian aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenean agertzen diren datuak egiaztatzeko behar den dokumentazio guztia.

5.– Sail izapidegileak eta erakunde laguntzaileak beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta informazio osagarri guztia eskatu ahal izango dute, erakunde onuradunak aurkeztutako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko, bai eta diruz lagundutako jarduera osoa egin dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko ere. Halaber, banda zabaleko kontratua sinatu dela egiaztatu beharko da, agindu honetan eskatutako baldintzetan, gutxienez banda zabala hedatu den herriguneko etxebizitza, lokal edo pareko batekin.

6.– Laguntza ordaindu aurretik, aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatuta, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak ebazpena emango du, eta, bertan, enpresa onuradunari ordaindu beharreko zenbateko osoa edo partziala adieraziko da. Ordainketa horien zenbatekoa justifikatutako inbertsioekiko proportzionala izango da. Ezin izango da dirulaguntzaren ordainketa egin onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu, edo itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorduna bada.

Hamabosgarrena.– Dirulaguntzen baldintzak eta laguntzak aldatzea.

1.– Proiektuak emakida-ebazpenean onartutako denboran eta moduan gauzatu beharko dira. Hala ere, laguntza emateko kontuan hartutako baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabar zehatzak sortzen direnean, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzeko eskatu ahal izango zaio dirulaguntza eman zuen organoari berari. Proiektuan edozein aldaketa egiteko, honako hauek egin beharko dira aldi berean:

a) Aldaketak ez eragitea laguntzarekin lortu nahi diren helburuei, haien funtsezko alderdiei, onuraduna zehazteari, eta ez kaltetzea hirugarrenen eskubideak. Ondorio horietarako, aldaketak ez du eraginik izango onuradunaren erabakian, baldin eta hasiera batean onuraduna izan zen enpresaren bat-egite, xurgatze edo zatiketa eragiketen ondorio bada.

b) Aldaketak eskaeraren unean aurreikusi ezin izan ziren gerora sortutako arrazoien ondorio izatea.

c) Aldaketa proiektua gauzatzeko epea amaitu baino gutxienez bi hilabete lehenago eskatzea eta berariaz onartzea.

d) Emandako dirulaguntza ez handitzea.

2.– Aldaketa-eskaerarekin batera memoria bat aurkeztu beharko da, aldaketen arrazoiak azalduz, eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzea ezinezkoa dela eta aurreko 1. zenbakian azaldutako baldintzak betetzen direla justifikatuz.

3.– Aldaketa-eskabideak ebazteko organo arduraduna dirulaguntza emateko ebazpena eman zuen organoaren titularra izango da, Itelazpi, S.A. enpresako langile kualifikatuen txosten teknikoa jaso ondoren. Hala ere, aldaketa txikiak Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak baimendu ahal izango ditu. Aldaketa txikitzat hartuko dira honako hauei buruzkoak:

a) Exekuzio-epeak hasieran emandakoaren % 33tik gorakoa izango ez den aldi batez luzatzea.

b) Justifikazio-epeak luzatzea, hasieran emandakoaren herena gainditzen ez duen aldi batez.

4.– Ebazteko gehieneko epea hiru hilekoa izango da, eta ezingo da gainditu laguntzaren xede den proiektua gauzatzeko indarrean dagoen epea amaitzeko data. Proiektua amaitzeko data baino lehen ebazpenik ematen ez bada, ematen den ebazpena ukatzailea baino ezin izango da izan.

Hamaseigarrena.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honetan jasotako araudiaren arabera ematen diren laguntzen ondorioetarako, Itelazpi SA erakunde laguntzailea dela deklaratzen da, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duenean eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituenean, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenaren baldintzetan. Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 15. eta 46. artikuluetako betebeharrekin eta lankidetza-betebeharrarekin, eta artikulu honetan eta dagokion lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenekin.

2.– Itelazpi SAk, erakunde laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Aurkeztutako proiektuei buruzko dokumentazioa aztertzea eta, beharrezkoa bada, proiektua behar bezala ulertzeko eta aztertzeko behar den dokumentazioa eskatzea.

b) Proiektuak ebaluatzea eta ebaluazio-organoari bidaltzea.

c) Laguntzen proposamena eta ebaluazio-organoari bidaltzea.

d) Ikuskapenak, proiektuak gauzatu direla egiaztatzeko.

e) Eskatutako aldaketen irismenari buruzko txostena.

f) Hala badagokio, proiektua gauzatzearekin zerikusia duten gorabeherengatiko ez-betetze espedientea hasteko proposamena.

Itelazpi SAk bere gain hartzen dituen eginkizunak horiek betetzeko beharrezkoak diren jarduketa materialak egitera mugatu behar dira.

3.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak kudeatzen laguntzen duen erakundeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta hura garatzeko arauek horretarako aurreikusten dituzten betebeharrak eta erantzukizunak bete beharko ditu.

Hamazazpigarrena.– Ez-betetzeak, itzulketak eta zehapenak.

1.– Agindu honetako baldintzak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak eta, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, jasotako laguntzak eta dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dira, itzulketa-prozedura egokia egin ondoren Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen II. tituluko I. kapituluan eta haren Erregelamenduko III. tituluan xedatutakoaren arabera, bai eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena).

2.– Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen IV. tituluan aurreikusitakoa aplikatuko da, baldin eta dirulaguntza eta laguntza publikoen arloko arau-hauste administratiboak gertatzen badira.

Hamazortzigarrena.– Ez-betetze posibleak mailakatzeko irizpideak.

1.– Onuraduna erabat betetzera modu esanguratsuan hurbiltzen bada eta onuradunak bere konpromisoak eta laguntza emateko baldintzak betetzeko ekintza argi eta garbi egiaztatzen badu, itzuli beharreko zenbatekoa honako irizpide hauek aplikatuta zehaztuko da:

a) Laguntzaren xedeak, inbertsio finantzagarria edo justifikatzeko betebeharra partzialki betetzen ez badira, laguntzaren zati bat itzuli beharko da, egin ez den edo justifikatu ez den inbertsioari dagokion ehunekoan.

b) Aurrekontu finantzagarrian baimendu gabeko aldaketak eginez gero, desbideratutako zenbatekoei dagokien laguntza itzuli beharko da, hamabosgarren oinarriko 5. paragrafoan aurreikusitako salbuespenarekin.

2.– Laguntzaren xedeak, finantzatu daitekeen inbertsioa edo justifikatzeko betebeharra erabat betetzen ez badira, emandako laguntza osoa eta berandutze-interesak itzuli beharko dira.

3.– Justifikaziorako ezarritako epea eta, hala badagokio, luzapena aurkeztu ez bada, 15 eguneko epe luzaezinean aurkezteko eskatuko zaio onuradunari. Justifikazioa artikulu honetan ezarritako epean aurkezten ez bada, justifikatu gabeko laguntza itzuli beharko da, bai eta azaroaren 17ko 38/2003 Legean ezarritako gainerako erantzukizunak ere.

4.– Halaber, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesa eskatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91-93 artikuluetan jasotako kasuetan.

Hemeretzigarrena.– Pertsona eta erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzaren onuradunak betebehar hauek izango ditu:

1.– Laguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.

2.– Laguntzaren xede den sarea gutxienez hamar urtez jardutea, egindako lanak osorik onartzen diren egunetik zenbatzen hasita, eta instalatutako azpiegitura eta ekipamendu guztia behar bezala ustiatu eta mantentzeaz arduratzea.

3.– Komunikazio elektronikoen gainerako operadoreei sarbide osoa eta diskriminaziorik gabea ematea diruz lagundutako sareari buruzko informaziora eta sare horri buruz eskainitako handizkako zerbitzuetara.

4.– Konprometitutako proiektua betetzea eta gauzatzea justifikatzea.

5.– Eskatzen zaion informazio osagarri guztia bidaltzea, administrazioak eta erakunde laguntzaileak egoki iritzitako egiaztapenak egin ahal izan ditzaten proiektuaren garapenari eta gauzatzeari dagokionez, bai eta administrazio-kontrolak, tokian bertan kontrolak eta ondorengo kontrolak egin ahal izan ditzaten ere, Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoari aplikagarri zaion Erkidegoko araudian aurreikusitakoak. Erregelamendu horrek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen ditu, kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuari dagokionez.

6.– Inbertsio-proiektuarekin zerikusia duten behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura izatea 5 urtez.

7.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari agindu honen kargura jasotako laguntzari buruzko informazioa ematea, beren eginkizunetan dihardutela.

8.– Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari jakinaraztea beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako edo antzekorako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla, bai eta dirulaguntza ematea eragin zuten inguruabarrak aldatzea dakarren beste edozein gorabehera ere.

9.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak Administrazioaren laguntzak kontratatzen, adosten edo jasotzen dituzten erakundeei ezarritako betebeharrak gain hartzea; besteak beste, tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasunarekiko eta diferentziarekiko errespetuaren printzipioei jarraitu beharra. Eta, nolanahi ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluan aurreikusitakoa bete beharko du.

10.– Dirulaguntzaren xede den edozein jarduketatan jasotako finantzaketaren izaera publikoari buruzko publizitate egokia ematea. Emandako laguntzen publizitatea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan eta lege hori garatzen duen Erregelamenduaren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da, bai eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritako moduan eta baldintzetan ere.

Laguntzen operadore onuradunak Nga hedapenen kokapenari eta hedapenari, sarea ustiatzen hasteko datari, handizkako zerbitzuei eta sarbide-baldintzei buruzko informazioa argitaratu beharko du bere web-orrian, abian diren obretara edo zabaldutako sareetara sartu nahi duten operadoreek informazio nahikoa dutela bermatzeko.

11.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta hura garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala