Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

38. zk., 2020ko otsailaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1091

22/2020 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Basauriko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Basauriko udal-mugarteko J. Azbarren eremuan babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak sustatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Akordioa sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Basauriko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Basauriko udal-mugarteko J. Azbarren eremuan babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak sustatzeko. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 5a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 5EKO 22/2020 EBAZPENARENA
LANKIDETZA HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN –INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA– ETA BASAURIKO UDALAREN ARTEKOA, BABES PUBLIKOKO ETXEBIZITZAK ETA ZUZKIDURA-BIZITOKIAK SUSTATZEKO BASAURIKO UDAL-MUGARTEAN, «J AZBARREN» IZENEKO EREMUAN

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 5a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Ignacio Maria Arriola López jauna, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua.

Eta bestetik, Asier Iragorri Basaguren jauna, Basauriko alkate-udalburua.

BERTARATU DIRA:

Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu gisa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari-lanetan, Gobernu Kontseiluak 2019ko abenduaren 3an egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimendua.

Eta bigarrena, Basauriko alkate-udalburu gisa, Udalaren ordezkari-lanetan, Udalbatzak 2019ko abenduaren 26an izandako bilkuran hartutako erabakiaren indarrez egintza honetarako baimendua.

Agertutako bi alderdiek elkarri aitortu diote Lankidetza Hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa eta, horretarako, honako hau

AZALDU DUTE:

Lehenengoa.– Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak honako hau zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.

Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 2. artikuluan adierazten dira Euskadiko etxebizitza-politikaren printzipio gidariak, besteak beste, honako hauek:

1.– Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea bermatzeko, lankidetzan eta koordinatuta aritzea botere publiko guztiak, Estatuko Administrazio orokorraren mendeko organoak eta EAEko sektore publikoa barne, zeina osatzen baitute Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, foru-aldundiek, toki-erakundeek eta haien mendeko titulartasun publikoko erakunde guztiek.

2.– Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidearen eraginkortasunaren inguruko ekimenetan jarduketa publikoak eta pribatuak koherenteak izatea.

3.– Etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak planifikatu eta programatzea, kontuan hartuta alokairuko etxebizitza dela Konstituzioan ezarritako etxebizitza-eskubideari erantzuteko funtsezko tresna.

4.– Etxebizitza edo bizitoki babestu bat izateko eskubidea erabiltzerakoan edozein diskriminazio desagerraraztea, kolektibo ahulen aldeko ekintza positiboko neurriak ezarrita eta jokabide diskriminatzaileak zigortuta.

5.– Lurralde-kohesioa egotea sustapen- eta birgaikuntza-neurrien aurreikuspen eta aplikazioaren banaketa orekatuan, eta, aldi berean, etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza zabal eta behar bestekoa lortzea.

6.– Herritarrek etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak formulatzeko prozesuan benetan parte hartzea eta lankidetzan jardutea, baita bizitegiak sustatu, eraiki, kontserbatu, birgaitu, berroneratu eta berritzen edo horien administrazio edo kudeaketako zereginetan aritzen diren izaera sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko entitateek ere.

7.– Etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berrien eraikuntzako esku-hartze guztiak nahiz etxebizitza horien birgaitze- edo eraberritze-jarduketak bizigarritasun, funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintzak hobetzera bideratzea, arreta berezia jarrita irisgarritasunean, baliabide naturalen erabilera eraginkorrean eta gizarte-, finantza- eta ingurumen-jasangarritasunean, diseinu unibertsalaren printzipioei jarraikiz.

8.– Jarduera produktiboak eta pertsonen bizitza indibiduala eta familiakoa erantzunkidetasunez bateratzen lagunduko duen hiri-planifikazio bat bultzatzea, erantzunkidetasunezko gizarte-antolaketa bat erraztuz.

9.– Eraikinak, etxebizitzak eta haien ingurune urbanizatua gizarte-erantzukizunez erabil daitezen bultzatzea, duten funtzio soziala errespetatu eta betetzeko.

10.– Etxebizitzaren arloan planifikazio bat ezarri, garatu eta exekutatzea herritarren premia errealen eta haien egoera pertsonal, sozial, ekonomiko eta laboralen arabera.

Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu beharko da. Horregatik, botere publikoek –kasu honetan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Basauriko Udalak– elkarrekin esku hartu behar dute –are gehiago, horretara behartuta daude–, babes publikoko beharrezko etxebizitzak egitea ahalbidetzen duten baldintzak sortzearren eta beharrezkoa den lurzoru-ondare publikoa osatzearren, betiere espekulazioa eragozteari begira.

Bigarrena.– Era berean, bi erakunde publiko horiek aurreko apartatuan adierazitako alderdietan batera eta koordinatuta egin beharreko jarduna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta Toki Erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan beren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko diote elkarri, nork bere esparruan.

Hirugarrena.– 2004ko apirilaren 21ean, garai hartako Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, batetik, eta Basauriko Udalak, bestetik, esparru-hitzarmen bat sinatu zuten Basaurin etxebizitza babestuen programa bat ezartze aldera. Dokumentu horretan, honako hau ezarri zen, hitzez hitz, erreferentziazko eremuari dagokionez:

«Bosgarrena.– SR-7 Azbarren izeneko bizitegi-lurzoru urbanizagarrian, jarraian datozen jarduketa-ildoak abiaraziko dira, Basauriko Udalak ez dituelako oraindik eskuratu eremu horretako lurzoru guztiak:

1.– Basauriko Udalak indarreko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean egin beharreko aldaketak abiaraziko ditu, babes ofizialeko etxebizitza bilakatu daitezen aurreikusitako hiri-aprobetxamendu guztiak. Horrez gain, nahitaezko desjabetzea ezarriko da jarduketa-sistema gisa eta handitu egingo da gaur egungo eraikuntza-dentsitatea.

2.– Basauriko Udalak eremu horretan aurretiaz eskuratutako lurzoruak besterendu ahal izango ditu, eta lurzoru horiek zuzenean eskuratzeko aukera izango du Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak.

3.– Basauriko Udalak erosketa-aukerak idatzi eta sinatu ahal izango ditu eremu horretako jabeekin. Aukera horiek Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari eskualdatzeko modukoak eta exekutagarriak izango dira.

4.– Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak dagokion nahitaezko desjabetze-espedientea abiaraziko du eremu horretako titulartasun pribatuko lurzoruak eskuratzeko. Desjabetze horren onuraduna Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila izango da, sei hilabeteko epean, klausula honetako lehen atalean aipatutako aldaketa behin betiko onartzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori luzatu egin daiteke, sail horrek ez baldin badu desjabetutako lurzoruetako okupatzaileei ordezko bizitokia bermatzeko etxebizitza nahikorik.

Arestian aipatutako kasu guztietan, eskuratutako lurzoruen balioa babes ofizialeko etxebizitzen araudian ezarritako lurzoruaren gehieneko eragin-balioa izango da.

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartzen du aurreikusitako lurzoruak eskuratu ondoren, dagozkion aurrekontu-esleipenak egin eta gero, lurzoru horietan eraiki beharreko etxebizitzak urbanizatzeko eta eraikitzeko lanak kontratatu eta erabat gauzatzeko. Eraikitako etxebizitzetatik 20, gutxienez, gizarte-etxebizitzen erregimen juridiko eta ekonomikoan sustatuko dira.

Ekainaren 7ko 783/2007 Foru Aginduaren bitartez, behin betiko onetsi zen “Basauriko SR 7 Azbarren eremuari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala”.

Dokumentu horrek ahalbidetu egin zuen babes ofizialeko 358 bat etxebizitza sustatzea eremu horretan, desjabetze-sistemaren bitartez.

Binaria 21 SL merkataritza-sozietateak, eremuaren jabea denak, 1344/2007 zenbakidun administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen 783/2007 Foru Arauaren aurka.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2. atalak 2009ko ekainaren 5ean ebatzi zuen 783/2007 Foru Legearen kontra aurkeztutako errekurtsoa, eta erabat ezetsi zuen.

Basauriko alkate-udalburuaren 2011ko uztailaren 6ko Dekretuaren bitartez, behin betiko onetsi zen Azbarren izeneko J eremuko hirigintza-jarduketa, 34.1 exekuzio-unitatean, Basaurin (SR 7 sektorea zena).

Testuinguru horretan eta 2004ko apirilaren 21ean sinatutako esparru-hitzarmenean jasotakoarekin bat eginez, Basauriko Udalak Azbarren eremuko lurzorua eskuratu zuen, gerora egin beharreko kudeaketa errazte aldera.

Auzitegi Gorenak 2013ko urtarrilaren 17ko epaiaren bidez ebatzi zuen 2009ko ekainaren 5eko epaiaren aurka jarritako 4526/2009 zenbakidun kasazio-errekurtsoa. Epai horretan erabat ezetsi zituen errekurtsoan argudiatutako lehen lau arrazoiak, baina, aldiz, aintzat hartu zuen azterketa ekonomiko-finantzarioaren eskasiari buruzkoa; izan ere, ez zen zehaztu zeintzuk izango ziren plana gauzatzeko erabiliko ziren finantza-iturriak, planaren bideragarritasun ekonomikoa bermatze aldera, eta, beraz, bertan behera utzi zuen erreferentziazko plangintza.

Epai horrek agerian utzi zuen beharrezkoa zela plangintza berri bat idaztea, izapidetzea eta onestea 2004ko apirilaren 21ean sinatutako hitzarmenaren xede den hiri-plangintzan adierazitako jarduketa gauzatzeko.»

Laugarrena.– Basauriko Udalaren 2018ko apirilaren 26ko Erabakiaren bitartez, behin betiko onetsi da SR 7 Sektorea – Azbarren eremuari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala.

Dokumentu horri jarraikiz, eremu hori Azbarren izeneko J eremua hiri-lurzoru gisa dago sailkatuta, aldatu egin zaio dentsitatea eta bizitegi-lurzoru guztia gizarte-etxebizitzetarako lurzoru gisa kalifikatu da.

Eremu horretan, kronologikoki elkarren segidako bi exekuzio-unitate daude, eta posible izango da bertan babes publikoko 345 etxebizitza eta 24 zuzkidura-bizitegi sustatzea. Bi exekuzio-unitate daude, hain zuzen, 1. exekuzio-unitatean eraikitako ordezko bizitokiek prest egon behar dutelako 2. exekuzio-unitatearen antolamendutik kanpo dauden etxebizitzak eraitsi ahal izateko. Zehazki, 8 etxebizitza dira; edonola ere, 2 bakarrik daude okupatuta.

1. exekuzio-unitatea ituntze-sistemaren bitartez kudeatuko da, eta 2. exekuzio-unitatea, aldiz, desjabetze-sistemaren bitartez.

Horrenbestez, honako hau da aurreikusitako antolamendua:

(Ikus .PDF)

Edozein kasutan, Basauriko Udalari dagokio exekuzio-unitate bakoitzeko hirigintza-aprobetxamenduaren % 15, kargarik gabe, legezko atribuzioak direla bide.

Bosgarrena.– Basaurin etxebizitza babestuen programa bat ezartzeko jarduketak Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, batetik, eta Basauriko Udalak, bestetik, 2004ko apirilaren 21ean sinatu zuten hitzarmeneko bosgarren klausulan ezarritakoari jarraikiz eginda eta Azbarren izeneko J eremuari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala onetsi eta gero, ezinbestekoa da berriz ere heltzea Basauriko eremu horretarako babes ofizialeko etxebizitzen programari, udalerriaren beharrizanei behar bezala erantzute aldera.

Hartara, honako hauek aurreikusi dira udal-plangintzan eta hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz:

– Legezko atribuzioak direla-eta, Azbarren izeneko J eremuko bi exekuzio-unitateen hiri-aprobetxamenduaren % 15 Basauriko Udalari dagokio, eta hark, dohainik eta kargarik gabe lagako dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari.

– Halaber, Basauriko Udalak dohainik lagako dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari Azbarren izeneko J eremuko 1. exekuzio-unitateko 24 zuzkidura-etxebizitzak sustatzera bideratutako partzela.

– Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari eskualdatuko zaizkio, truke bidez, Udalaren titulartasunekoak diren Azbarren izeneko J eremuko lurzoru guztiak; hau da, etorkizuneko partzelak eraikitzeko erabiliko diren bi exekuzio-unitateak. Kontraprestazioa etorkizuneko NJ 1 partzelaren titulartasuna eskualdatzea izango da, bertan 40 etxebizitza babestu eraikitzeko aukera egongo baita. Aintzat hartuta eskualdaketen balioa ez dela berdina, Eusko Jaurlaritzak dirutan ordaindu beharko du bien arteko aldea.

Seigarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak lurzoru-ondare publikoa arautzen du, eta, horren arabera, gainerako ondaretik banandua eta independentea izango den ondareak osatuko du lurzoru-ondare publikoa, eta etxebizitza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren sailak kudeatuko du, helburu hauek betetzearren, besteak beste:

a) Lurzorua edo bizitegitarako hirigintza-eraikigarritasuna eskuratzea, etxebizitzak, bizitokiak, lokalak eta eranskinak sustatzeko edo eraikitzeko.

b) Eraikin babestu horiek eta jarduketari berari lotutako ekipamendu publikoak sustatzea edo eraikitzea.

Hitzarmen honetan aurreikusitakoak gauzatzeko, ondare-eragiketak egin beharko dira etorkizunean; zehazki, bi doako lagatze eta truke bat.

Doako lagapenei buruz hurrengoa hartu behar da kontuan: etxebizitzen gaineko indarreko araudiak ez duela aurreikusten aipatu Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak arautzen duen Lurzoru Ondare Publikoa osatzen duten ondasunak doan eskuratzeko kasu edo prozedurarik. Ondorioz, doako lagapen horien gauzatzeko Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuak onartutakoa) horretarako xedatutakoa beteko da.

Testu bateginaren 38. artikuluaren arabera, doan lagatako ondasunak eskuratzen direnean, onarpena haien titulartasuna izango duen sailak erabaki beharko du, Gobernu Kontseiluak baimena eman ondoren, baldin eta, besteak beste, eskuratzeak baldintza edo erabilera-konpromiso bereziren bat badakar berekin eta baldintza edo erabilera horrek gasturen bat badakar, eta organo eskudunak, kasu honetan bezala, doako lagapena onartzeko interes publikoko arrazoiak ikusi baditu.

Bi administrazio publikoek adostu beharreko trukeari dagokionez, hainbat gauza aipatu behar dira: batetik, udal-titulartasuneko lurzoruei dagokienez, Eusko Legebiltzarraren Lurzoruaren Legearen (2/2006 Legea, ekainaren 30ekoa) 117. artikuluan ezarrita dago posible izango dela lurzoruak zuzenean eta lehiaketarik gabe besterentzea, kasuan-kasuan araudian ezarritako betekizunak betetzen badira eta besterentzeak administrazio publikoen artean edo administrazio publikoen eta beren erakunde instrumentalen artean sinatutako hitzarmenetatik eratorriak badira.

Bestalde, trukea babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzea xede duten lurzoruen ohiko lagatze-sistema gisa dago jasota Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua onesteko ekainaren 13ko 1372/1986 Errege Dekretuaren 110.2 artikuluan.

Etorkizunean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jabetzakoa izango den partzelaren trukeari dagokionez, ekainaren 18ko Etxebizitzaren Legeak (3/2015 Legeak) ezartzen du zuzenean eta lizitazio publikorik gabe besterendu daitezkeela lurzoru-ondare publikoak administrazio publikoen artean edo administrazio publikoen eta sektore publikoko erakundeen artean sinatutako hitzarmenetatik eratorriak badira. Horrez gain, bertan adierazita dago ondasun horiek dohainik edo beren balioaren azpitik laga daitezkeela lagatzailea administrazio publiko bat edo sektore publikoko erakunde bat denean eta xedea lege horretako 15. artikuluan jasotako edozein.

Halaber, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onestekoa) 93.3 artikuluak ezartzen du ondasunak eta eskubideak beste inoren ondasun edo eskubideekin trukatzeko, lehenengo, tasazioa egin beharko dela, eta beren arteko balio-aldeak gehien balio duenak daukan balioaren ehuneko berrogeita hamar gainditzen ez badu egin ahal izango dela trukea. Trukatu beharreko ondasunen edo eskubideen artean ehuneko hamarrekoa baino alde handiagoa baldin badago, ordaindu egin beharko da, dela dirutan dela beste ondasun edo eskubide batzuk emanda. Etorkizuneko obraren bat trukatzeko aukera ere badago, dekretu horren arabera.

Bien interesak, konpromisoak eta ekarpenak egoki bideratzeko, bi alderdiek Lankidetza Hitzarmen hau izenpetu dute honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Lankidetza Hitzarmen honen helburua da Basauriko udal-mugartean babes publikoko etxebizitzen eta zuzkidura bizitokien sustapena ahalbidetzeko, Azbarren izeneko J eremuan, oinarriak ezartzea.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Basauriko Udalak Basaurin, erreferentziazko eremuan, babestutako etxebizitza-programa bat ezartzeko xedearekin 2004ko apirilaren 21ean sinatutako esparru-hitzarmena baliogabetzea erabaki dute.

Bigarrena.– Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, eremuaren gehiengoaren titularra izango den aldetik, konpromisoa hartzen du 1. exekuzio-unitatea ituntze-sistemaren bitartez eta 2. exekuzio-unitatea nahitaezko desjabetzearen bitartez kudeatzeko.

Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Plangintza eta Etxebizitza Sailak dokumentu hauek idazteko konpromisoa ere hartzen du: hirigintza-jarduketaren programa, exekuzio-unitate bakoitzeko hirigintza-proiektuak, 1. exekuzio-unitateko partzelak birpartzelatzeko proiektua eta 2. exekuzio-unitatea desjabetzeko proiektua.

1. exekuzio-unitatearen birpartzelazio-proiektuan NJ1, NJ3 eta NJ4 partzelak esleituko zaizkio Eusko Jaurlaritzari eta NJ2 partzela, berriz, eremuko gainerako jabeei, hau da, Logistika XXI SAri eta Binaria 21 SAri.

Hirugarrena.– Basauriko Udalak konpromisoa hartzen du legezko atribuzio bidez hari dagozkion Azbarren izeneko J eremuko bi exekuzio-unitateen hiri-aprobetxamenduaren % 15 dohainik eta kargarik gabe lagatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari, dagokion doako lagatze-akordioaren bitartez. Lagatze hori hirigintza-jarduketako programa behin betiko onetsi ostean zehaztuko da. Lagatzeen balioa 921.324,29 euro eta 607.552,39 euro da, hurrenez hurren.

Era berean, Basauriko Udalak konpromisoa hartzen du Eusko Jaurlaritzari dohainik eskualdatzeko 24 zuzkidura-etxebizitza eraikitzera bideratutako 1. exekuzio-unitatea, dagokion doako lagatze-akordioaren bitartez. Lagatze hori hirigintza-jarduketako programa eta birpartzelazio-proiektua behin betiko onetsi ostean zehaztuko da. Lagatzearen balioa 77.551,53 euro da.

Zehaztutako ondare-eragiketak burutzeko dagokion Gobernu Kontseiluaren baimena lortzea izango da baldintza, hala ezartzen baitu azaroaren 6ko 2/2007ko Legegintza Dekretu bidez onetsitako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginak.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, bere aldetik, hitz ematen du lagapen hori Gobernu Kontseiluak onartzeko tramitazioa egingo duela.

Klausula honetan aurreikusitako ondare-eragiketak (doako lagapenak) eskritura publikoan formalizatuko dira, adierazitako doako lagapena baimentzen duen Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakiaren egunetik zenbatzen hasi eta sei hilabeteko epearen barruan.

Laugarrena.– Basauriko Udalak konpromisoa hartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari J Azbarren Areako udal-lur guztiak, hau da, 2 Exekuzio Unitateetakoak, trukean emateko. Higiezin horien balioa 1.697.763,46 eurokoa da (1.315.163,64 euro eta 382.599,82 euro).

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren kontraprestazioa izango da Basauriko Udalari entregatzea NJ 1 partzela, urbanizazio-kargarik gabe. Partzela horri 1.261.722,98 euroko balioa eman zaio.

Kontraprestazioen arteko balio-diferentzia, 436.040,48 euro, eskudirutan emango dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Basauriko Udalari, udal-lursailak entregatzeko eskritura publikoa formalizatzen denean.

Bosgarrena.– Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ordaindu beharko ditu Hirugarren eta Laugarren klausuletan adierazitako ondare-eragiketak Jabetza Erregistroan inskribatzearen eta eskriturak egitearen ondoriozko gastuak, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga salbu.

Seigarrena.– Azbarren izeneko J eremuko 1. exekuzio-unitatearen kudeaketaren harira, Basauriko Udalak konpromisoa hartzen du, gaur egun eremu horren zatirik handienaren jabea delako, hirigintza-jarduketako programa behin betiko onetsi ostean, hirigintza-kudeatzeaz arduratuko den Ituntze Batzordea eratzeko.

Ituntze Batzorde horrek Bidebi Basauri SL udal-sozietateari eskatuko dio kudeaketa-lana egiteko. Besteak beste, honako hauek egin beharko ditu:

– Diru-sarreren eta gastuen jarraipena eta auditoretza egitea.

– Hirigintza Erakunde Laguntzaileen Erregistroan inskribatzea hautatutako ordezkariak (presidentea eta idazkaria).

– Organoak deitzea eta idazkari-lanak egitea bilkuretan.

– Hirigintza-lanen pleguak idaztea eta kontratazioa prestatzea, baita lanen exekuzioaren jarraipena egitea eta eraikuntza-obrak koordinatzea ere.

– Derramak kalkulatzea eta likidatzea.

– Kalte-ordainak likidatzea eta birpartzelazio-proiektua Jabetza Erregistroan inskribatzea.

– NJ 1, NJ 3 eta NJ 4 partzelak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari esleitzea eta NJ 2 partzela, aldiz, Logística XXI SAri eta Binaria 21 SAri.

– Eremuko hirigintza-kudeaketarako beharrezkoa den jarduketa oro egitea.

Lankidetza-hitzarmen honetan jasotako trukea formalizatu eta gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ordura arte Basauriko Udalak zuen tokia hartuko du Ituntze Batzordean.

Zazpigarrena.– 2. exekuzio-unitateari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du eremu horretako ondasun eta eskubide guztiak nahitaez desjabetzeko.

Desjabetze hori hirigintza-jarduketaren programan jasotako plangintza kronologikoari jarraikiz egingo da, eta aintzatetsi eta bermatu egingo du eremu horretako legezko etxebizitzetan bizi direnei ordezko etxebizitza bat emango zaiela.

2. exekuzio-unitatean lurzorua potentzialki kutsa dezaketen jarduerak jasan dituzten edo jasan ahal izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako partzela bat dago. Horrenbestez, jarduera horren titularrak, edo, bestela, partzelaren titularrak, ekainaren 25eko 4/2015 Legean (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsadura garbitzekoa) eta hura osatzen duten araudietan ezarritakoa bete beharko du. Edozein kasutan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ez du partzela horren nahitaezko desjabetze-prozesua abiaraziko dagokion ingurumen-organoak aldeko irizpena eman arte, arestian aipatutako araudiaren arabera.

Zortzigarrena.– Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du hitzarmen honetan jasotako babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko lanak kontratatzeko eta erabat gauzatzeko, zehazki, 1. exekuzio-unitateko NJ 3, NJ 4, NJ 5 eta NJ 8 partzeletan, 2. exekuzio-unitatean eta 1. exekuzio-unitatean aurreikusitako zuzkidura-bizilekuetan.

Halaber, konpromisoa hartzen du 1. exekuzio-unitateko birpartzelazio-prozesuak ezarritako hirigintza-kuotak ordaintzeko, 2. exekuzio-unitatean hirigintza-obrak gauzatzeko eta, hala badagokio, partzeletan hirigintza-obra osagarriak egiteko.

NJ 3, NJ 4, NJ 5 eta NJ 6 partzeletan aurreikusitako etxebizitza guztiak eta zuzkidura-bizitokiak babestutako errentamendura bideratuko dira.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartuko ditu klausula honetan aurreikusitako jarduketetatik eratorritako gastuak, barne hartuta hitzarmen honetako bigarren klausulan jasotako agiri teknikoak idazteko beharrezkoak direnak.

Lankidetza Hitzarmen honetan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak egin izanaren eta egonkortasuna eta finantza-iraunkortasunari buruzko printzipioak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoak dituen erabilgarrien baldintzapean egongo dira.

Bederatzigarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartu du babes publikoko eta zuzkidura-bizitokien sustapenean interesa duen udalerri bakarra Basauri dela deklaratzeko. Udalerri horretako herritarrak izango dira lehentasunezko hartzaileak.

Hala ere Basauriko Udalak babes publikoko etxebizitza edo bizitoki zehatzen hautaketa-prozedura horretatik salbu egotea proposa dezake, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du horien esleipen berezitua egiteko, baldin eta udal jarduera urbanistikoen eraginpean dauden pertsonen faboretan egiten bada.

Esleitu ez dela-eta, bizitokiren bat soberan geratzen bada, Bilbo Metropolitarreko Eremu Funtzionaleko babeseko etxebizitza eskatzaileei eskainiko zaie.

Hamargarrena.– Basauriko Udalak konpromisoa hartzen du hitzarmen honetan jasotako etxebizitza publikoen eta babestutako errentamendura bideratutako zuzkidura-bizilekuen sustapenei Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zergari buruzko udal-ordenantzan ezarritako zerga-tasarik baxuena eta hobaririk altuena aplikatzeko, etxebizitzaren arloko eskumena duen sailak edo obrak egikaritzeko ardura duen erakundeak lizentzia-eskaeran hala eskatu ondoren.

Hamaikagarrena.– Basauriko Udalak ez dio Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, administrazio publikoa den aldetik, inolako finantza-bermerik jartzeko eskatuko, ezargarri den araudian eska daitezkeen fidantza edo bermeak osatzeko, batez ere obrak egitearen ondorioz eragina jasan dezaketen udal-agintaritzaren titulartasuneko ondasun higiezin edo higigarriak ordezkatzearekin edo hondakinak kudeatzearekin lotuta.

Hala, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du hondakinen kudeaketa arautzen duten printzipioen arabera kudeatzeko hondakinak; hau da, horiek baloratzeari emango dio lehentasuna (ezabatzeari bainoago), eta neurri egokiak hartuko ditu obraren ondorioz sor daitekeen eragina murrizteko, eta, edonola ere, obraren ondorioak jasan ditzaketen udal-titulartasuneko ondasunak beren hasierako egoeran utziko dituela bermatzeko.

Hamabigarrena.– Administrazio publiko biek uste dute beharrezkoa dela Hitzarmenaren Jarraipenerako Batzorde bat sortzea. Bertan, administrazio bietako ordezkariak egongo dira, eta haren lana izango da ezarritako aurreikuspenak eta hartutako konpromisoak betetzen direla egiaztatzea, horiek guztiak zehatz-mehatz betetzen direla bermatzera bideratutako neurriak proposatzea, erreferentziazko babes ofizialeko etxebizitzen sustapenean gerta litezkeen gatazkak eta/edo interferentziak ebaztea eta, oro har, etorkizunean egon litezkeen auzi guztiak aztertzea.

Hitzarmen honetan aurreikusi ez bada, Jarraipen Batzordearen funtzionamenduak Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluko II. Kapituluko 3. atalean ezarritakoari jarraituko dio.

Hamahirugarrena.– Hitzarmen honek izaera administratiboa dauka, eta, beraz, berau interpretatu, aplikatu eta betearaztearekin edo beronen ondorioekin lotuta sor daitezkeen alderdi guztiak ezagutzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio, aurreko klausulan aurreikusitako bidea amaitu denean.

Hitzarmen hau kontratu publikoen indarrean dagoen legediaren aplikazio eremutik kanpo geratuko da. Hala ere, lege horren printzipioak aplikatu ahalko dira egon daitezkeen zalantzak edo atzeman daitezkeen hutsuneak ebazteko.

Hamalaugarrena.– Lankidetza-hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, hura sinatzen denetik aurrera. Aurreko atalean aipatutako epea amaitu aurretiko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez eta espresuki adostu ahalko dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea.

Hamabosgarrena.– Hitzarmen hau edozein unetan berrikusi ahal izango da alderdietako batek hala eskatuta eta, hala badagokio, aldatu egingo da sinatzaileen aho batezko erabakiaren bidez, hitzarmenari dagokion gehigarria sinatuz.

Hamaseigarrena.– Agiri honetan jasotako betebeharrak ez betetzea hitzarmena suntsiarazteko arrazoia izango da, eta aldeak lehengo egoera juridikora itzuliko dira. Bai beste aldeari bai fede oneko hirugarrenei eragin ahal izan zaizkien kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aipatutako suntsiarazpena eragin duenak.

Halaber, hitzarmen hau bertan behera uzteko arrazoiak izango dira bere izaeraren ondorioz indarrean dagoen legedian aurreikusten direnak.

Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hitzarmen honetan aurreikusitako sustapenetan atzera egin ahalko du, aurreko paragrafoan aurreikusitako kalte-ordaina ordaindu behar izanik gabe, baldin eta, sortzen diren arrazoien ondorioz (adibidez, hirugarren pertsonek eskuraketaren xede diren ondasunak okupatzearen ondorioz edo sustapenen hirigintzazko baldintzen aldaketen ondorioz), hori gauzatzea bideraezina bada.

Eta adostasuna eta fede ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Basauriko Udaleko alkate-udalburua,

ASIER IRAGORRI BASAGUREN.


Azterketa dokumentala