Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2019ko abenduaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
5808

185/2019 DEKRETUA, azaroaren 26koa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio SPRI – Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuari parte har dezan BIC Gipuzkoa Berrilan SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan eta BIC Gipuzkoa Berrilan SA sozietatearen estatutuen aldaketan.

2019ko ekainaren 20ko bilkuran, BIC Gipuzkoa Berrilan SA sozietatearen administrazio-kontseiluak erabaki zuen batzar nagusiari hau proposatzea: sozietatearen kapitala zabaltzea eta, ondorioz, sozietatearen estatutuen 5. artikulua aldatzea. Proposatu den eragiketa gizartearen egungo kapitala zabaltzea da: bederatziehun mila (900.000) eurotik milioi bat eta berrehun mila (1.200.000) eurora; horretarako, hogeita hamar mila (30.000) akzio izendun berri sortuko dira, bakoitzak hamar (10) euroko balio izenduna izango du, 90.001etik 120.000ra bitarteko zenbakiak izango dituzte, biak barne, eta egungo akziodunek harpidetuko dituzte erdibana.

2019ko urriaren 8an, idatziz eta bilkurarik egin gabe, BIC Gipuzkoa Berrilan SA sozietatearen batzar nagusiak erabaki zuen kapital-zabalkuntza hori egitea eta baldintza hau ezarri zuen: (6) sei hileko epean, bi bazkideek (SPRI -- Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua eta Gipuzkoako Foru Aldundia) behar diren organoen baimenak lortzea eragiketa hori egin ahal izateko.

2019ko ekainaren 26ko bilkuran, SPRI-Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuaren administrazio kontseiluak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzara jotzea baimena eman diezaion SPRI –Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuari parte har dezan BIC Gipuzkoa Berrilan SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroan, hau da, haren erdian (% 50). Horretarako, kontuan hartu da 2018ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrak onartu zituen 5/2017 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriko 5 apartatuaren c) letra. Eragiketa horren ostean, % 50ekoa izango da SPRI–Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren parte-hartzea.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarearen parte diren ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, Gobernu Kontseiluak baimena eman behar du aurrez, dekretu baten bidez, batera proposaturik bai ondarearen arloan eskumena duen sailburuak bai, zuzenean edo erakunde instrumental baten bidez, sozietatea atxikita dagoen edo atxikiko zaion saileko buruak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da dekretua, hargatik eragotzi gabe ematen den egunetik izango duen eraginkortasuna.

Kapitala ordezkatzen duten balioak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak nahitaez adieraziko du, non eta doako eskuratzea ez den, sozietatearen xedea eta EAEk, zuzenean nahiz zeharka, zenbateko partaidetza-ehunekoa izango duen sozietatean.

BIC Gipuzkoa Berrilan SA sozietatearen helburua hau da:

a) Zerbitzuak ematea eta ekimenak sustatzea bai enpresa berritzaileak sortzeko, bai Gipuzkoako Lurralde Historikoan egon badauden enpresak berritu eta dibertsifika daitezen sustatzeko. Zerbitzu hauek ematen dituzte:

● Lurralde historikoan ezar daitezkeen proiektuak aurkitzea.

● Aurregingarritasuna ebaluatzea.

● Ekintzaile potentzialak hautatu eta prestatzea.

● Negozio-plana egiteko aholkuak eman eta gainbegiratzea.

● Bazkideak lortzea eta enpresarteko akordioak sustatzea.

● Finantza-baliabideak lortzen laguntzea.

● Berrikuntza eta teknologia arloetako asistentzia ematea.

● Enpresa berrietarako inkubagailua izatea.

● Industriako eta merkataritzako lokalak eraiki, saldu eta alokatzea.

b) Beste sozietate batzuetan parte hartzea, sozietate hau berau garatzeko, eta, horretarako, fundazioko akzioak edo partaidetzak harpidetzea edo sozietateen kapitala zabaltzea edo eurak edozein tituluren bidez eskuratzea.

Horrenbestez, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko azaroaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea SPRI-Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuari parte har dezan BIC Gipuzkoa Berrilan SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroan, hau da, haren erdian (% 50). Eragiketa horren ostean, % 50ekoa izango da SPRI-Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuaren parte-hartzea.

2. artikulua.– Baimena ematea SPRI – Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuaren titulartasuneko akzioen ordezkariei ados azal daitezen BIC Gipuzkoa Berrilan SA sozietatearen estatutuen 5. artikulua aldatzeko proposamenarekin, aldatu behar baita kapitala zabaltzearen ondorioz. Honela geratuko da

«Kapitala milioi bat eta berrehun mila (1.200.000) euroan finkatuko da, eta ehun eta hogei (120.000) mila akzio izendun izango dira, 1etik 120.000ra bitarteko zenbakikoak, biak barne, eta bakoitzak hamar (10) euroko balio izenduna izango du. Oso-osorik harpidetu eta ordaindu da kapital hori».

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau onartzen den egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko azaroaren 26an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala