Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

219. zk., 2019ko azaroaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5306

109/2019 EBAZPENA, azaroaren 11koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Lankidetza-Hitzarmena Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Euskal Estatistika Erakundearen artekoa, etxe gabekoei arreta emateko zentro eta zerbitzuetako 2018ko inkesta egiteko Euskal Autonomia Erkidegoan.

Euskal Estatistika Erakundeak hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Lankidetza-Hitzarmena Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Euskal Estatistika Erakundearen artekoa, etxe gabekoei arreta emateko zentro eta zerbitzuetako 2018ko inkesta egiteko Euskal Autonomia Erkidegoan. Testu hori honen eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 11.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 11KO 109/2019 EBAZPENARENA
HITZARMENA, ESTATISTIKAKO INSTITUTU NAZIONALAREN ETA EUSKAL ESTATISTIKA ERAKUNDEAREN ARTEKOA, ETXE GABEKOEI ARRETA EMATEKO ZENTRO ETA ZERBITZUETAKO 2018KO INKESTA EGITEKO EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN

Batetik, Estatistikako Institutu Nazionaleko presidente Juan Manuel Rodríguez Poo jauna, (aurrerantzean, INE), urriaren 22ko 1325/2018 Errege Dekretuaren bidez izendatu zena, adierazitako institutuaren izenean eta ordezkaritzan, maiatzaren 11ko 508/2001 Errege Dekretuaren bidez onartu zen Estatistikako Institutu Nazionalaren Estatutuaren 5.2 artikuluak emandako eskuduntzen arabera, eta Sektore Publikoko Erregimen Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.2 artikuluari jarraikiz.

Bestetik, Euskal Autonomiaren Erkidegoaren izenean, Josu Mirena Iradi Arrieta jauna, Euskal Estatistika Erakundearen (aurrerantzean, Eustat) zuzendari orokorra izendatua abenduaren 31ko 419/2012 Dekretuaren bidez (Eustat-Euskal Estatistika Erakundeko zuzendaria izendatzekoa bera), eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak emandako eskuduntzei jarraiki, Gobernu Kontseiluak 2019ko uztailaren 2ko bilkuran emandako baimenaren arabera

AZALTZEN DUTE:

INE eta Eustat lankidetzan ari dira estatistikaren alorrean, eta bi alderdiak ari dira gustura.

Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak interes komuna dute aurrera egiteko gizarte-bazterketa egoeren eta etxerik gabeko pertsonei arreta emateko zentroen ezaugarrien ezagutzan, eta horrek komenigarri egiten du Euskal Autonomia Erkidegoan errealitate hori ikertzeko jarduera publikoa koordinatzea, alferreko bikoizketarik gerta ez dadin. Izan ere, Estatuak eskumen osoa du estatuaren helburuetarako estatistiken gainean, Konstituzioaren 149.1.31 artikuluaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du bere helburu eta eskumen propioetarako estatistiken gainean, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoz onartutako Euskadiko Autonomia Estatutuaren 10.37 artikuluaren arabera.

Lehen adierazitako helburuak Etxerik Gabeko Pertsonei Arreta Emateko Zentro eta Zerbitzuen 2018ko Inkestarekin lortu nahi dira, urriaren 31ko 410/2016 Errege Dekretuaren bidez onartutako 2017-2020 Estatistika Plan Nazionalean jasotako eragiketa estatistikoa bera, bai eta Etxerik ez duten pertsonentzako Baliabideen Estatistika eragiketarekin ere, azaroaren 13ko 3/2014 Legeak onartutako 2014-2017 Estatistikaren Euskal Planean jasotakoa bera, indarrean baitago egun bigarren azken xedapenean ezarritakoari jarraiki.

Hitzarmen honen bidez ikerketa bakarra egin nahi da Euskal Autonomia Erkidegoan, klausuletan zehaztutako akordioetan oinarrituz, halako moldez non, beharrezkoa den informazioa lortuta dagozkion estatistika planetan aurreikusitako helburuak betetzeko, estatistika eragiketen bikoizketak saihestuko diren, eta horrek, aldi berean, baliabide publikoak aurreztea ekarriko du.

Sektore Publikoko Erregimen Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak aurreikusten du bi administrazio publikok edo gehiagok hitzarmenak sinatzea, zeinek barnean har dezaketen baliabideak, zerbitzuak eta errekurtsoak erabiltzea, berezko eskumenak edo eskuordetutakoak baliatzeko.

Aurreko guztiaren arabera, alderdiek Hitzarmen hau sinatzea adosten dute, honako klausula hauei jarraiki:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da INEren eta Eustaten arteko lankidetza formalizatzea, etxerik ez duten pertsonei arreta emateko zentro eta zerbitzuen 2018ko inkesta egiteko Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan.

Inkestaren jomuga dira etxerik ez duten pertsonei ostatu, sukaldaritza edo beste zerbitzu mota batzuk ematen dieten zentroak, dohainik edo kantitate txiki baten truke edo lanen bat egitearen truke, eta inkestaren helburua da zentroen ezaugarriak ezagutzea, hala nola eskainitako prestazioak, arreta emandako biztanleak, finantzaketa-iturriak, giza eta finantza-baliabideak eta kalean egindako esku-hartzeak.

Bigarrena.– Metodologia eta galdetegia.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Etxerik ez duten pertsonei arreta ematen dieten zentro eta zerbitzuen 2018ko inkesta INEk emandako eta Eustatekin adostutako zehaztapen metodologikoei jarraiki egingo da, estatistikaren emaitzak Estatu osoarentzat baliagarriak direla bermatzeko. Zehaztapen horien artean egongo dira INEk amaierako fitxategirako aurreikusitako balioztatze arauak.

Eustatek eguneratuko du Euskal Autonomia Erkidegoan ikertu beharreko zentroen direktorioa. Eguneraketa horretatik abiatuz, INEk behin betiko direktorioa egingo du, bi erakundeek adostuko dutena.

Euskal Autonomia Erkidegoan erabili beharreko galdetegia komuna izango da Estatu osoarentzat, edukiari dagokionez, baina Eustatek berezko eranskin bat gehitu ahal izango du, Euskal Autonomia Erkidegoaren interes esklusiboko informazioa jasotzeko. Galdetegiak euskaraz eta gaztelaniaz egongo dira eskuragarri, eta horietan guztietan sartuko da sinatzen duten bi erakundeen anagrama.

Eustatek estatistika sustatzeko gutuna bidaliko die, bi hizkuntzatan -gaztelania/euskara-, INEren Estatistika Produktuen zuzendari Orokorrak eta Eustateko zuzendari Orokorrak sinatuta, inkestan parte hartu behar duten zentro guztiei, inkesta Euskal Autonomia Erkidegoan garatuko den modua iragarriz.

Hirugarrena.– Datuen bilketa, grabaketa eta iragazketa.

Eustaten ardura izango da egindako galdetegiak jasotzea Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan.

Eustaten ardura izango da jasotzeko beharrezkoak diren aplikazioak egitea, baita galdetegi elebidunak itzultzea ere.

Bilketarekin batera, Eustatek galdetegien iragazketa egingo du -eskuz eta automatikoki-, baita horien baliozkotzea ere, ezarritako metodologia-arau eta -zehaztapenen arabera.

Eustatek INEra bidaliko du iragazitako behin betiko fitxategia, ustiaketaren ondorioetarako, halako moldez non INEk aurretik ezarritako erregistro diseinuari egokituko zaion. Era berean, laburpen bat ere bidaliko du, direktorioari lotutako datu-bilketan emandako gorabeherak direla eta (altak, bajak, aldaketak).

INEk Eustati komunikatuko dizkio hautemandako inkoherentziak, eta Eustatek, bi alderdien adostasunarekin, egoki irizten zaien erregistroak aldatuko ditu behin betiko fitxategia sortzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko behin betiko fitxategia Inkestaren emaitzaren parte izango da ondorio guztietarako, eta 2019ko irailaren 30a baino lehen egongo da eskuragarri, argitaratu ahal izateko.

Laugarrena.– Informazioa zabaltzea.

INEk eta Eustatek, bakoitzak dagozkion helburu eta eskumenen eremuan, egokitzat jotzen dituzten taula eta emaitzak argitaratu ahalko dituzte, klausula honetan aurreikusitako zehaztapenekin.

INEk egiten dituen behin betiko fitxategietatik abiatutako edozein hedapen-produktutan hauxe agertuko da: «Iturria: INE, Euskal Estatistika-Erakundearekin (Eustat) lankidetzan Euskal Autonomia Erkidegoan».

Era berean, Eustatek egiten dituen behin betiko fitxategietatik abiatutako edozein hedapen-produktutan hauxe agertuko da: «Iturria: Eustat, Estatistikako Institutu Nazionalarekin (INE) lankidetzan Euskal Autonomia Erkidegoan».

INEk ez du Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion informazio agregaturik zabalduko autonomia erkidegotik beheragoko maila batean. Izan ere, estatuko inkestaren diseinuan ez baita aurreikusten probintzia-ordezkagarritasuna edo beheragokoa. Gainera, INEk Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion zabalpen estandarra eginez gero, gainontzeko autonomia erkidegoentzat egiten duen bera egingo du.

Eustatek, Euskal Autonomia Erkidegoko helburu eta eskumenak gauzatzeko, autonomia erkidegoaren mailatik behera zabaldu ahal izango ditu estatistika-emaitzak, desagregazio maila errespetatuz, bai eta, betiere, estatistikaren sekretuaren betebeharra ere.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion behin betiko emaitzen zabalpena sinatzen duten bi erakundeek adostuta egingo da, haiek aurretik ezarritako datan. Euskal Autonomia Erkidegoko datuak Espainia mailako testuinguruan jartzeko, INEk Eustati Espainiako agregatu nagusien datuak emango dizkio, emaitzak zabaltzeko ezarritako data baino hiru lanegun lehenago.

Bosgarrena.– Jarraipen Batzordea.

Hitzarmenaren eta sinatzaileek hartutako konpromisoen gauzatze, jarraipen, ikuskaritza eta kontrolerako Batzordea sortuko da, eta interpretazio- eta betetze-arazorik sortuz gero, haiek ebatziko ditu.

Batzordea alde bakoitzeko hiru ordezkarik osatuko dute, eta beharra dagoen bakoitzean bilduko dira.

Jarraipen Batzordea horrela osatuko da:

INEren aldetik:

– Estatistika Produkzioaren Kontroleko eta Laginketako saileko zuzendaria.

– Gizarte Estatistika Sektorialen zuzendariorde orokorra.

– Estatistika Koordinazioaren eta Lan eta Prezioen Estatistiken Zuzendaritza Orokorreko zuzendariorde orokorra.

Eustat:

– Estatistika Analisi eta Produkzioaren zuzendariordea.

– Estatistika Sozio-demografikoen Alorreko arduraduna.

– Alor Juridiko-administratiboaren arduraduna.

Erabakiak aho batez hartuko dira.

Seigarrena.– Finantzaketa.

Hitzarmen hau sinatzeak ez du sinatzen duten alderdien arteko prestazio ekonomikorik sortuko, ezta gasturik ere.

Hitzarmenaren babesean trukatutako informazioa sinatzen duen erakunde bakoitzaren ohiko aurrekontuen arabera sortuko da, eta trukeak ez du gasturik sortuko.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta luzapena.

Hitzarmen hau eraginkorra izango da Sektore Publikoko Kooperazio Organo eta Instrumentuen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatu eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, eta indarrean egongo da 2019ko abenduaren 31ra arte. Ez da horren luzapenik espero.

Zortzigarrena.– Hitzarmena Azkentzeko eta Suntsiarazteko Erregimena.

Hitzarmen hau, Sektore Publikoko Erregimen Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluaren arabera, sortu zen xedea betetzen delako edo suntsiaraztea eman delako azkenduko da.

Suntsiarazteko arrazoi dira:

Indarraldia amaitzea hitzarmenaren luzapena adostu gabe.

Sinatzaile guztien aho bateko erabakia.

Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebehar edo konpromisoak ez betetzea.

Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judiziala.

Aurrekoez bestelako edozein arrazoi, hitzarmenean edo beste lege batzuetan aurreikusita badago.

Hitzarmena suntsiaraziz gero alde bakarreko ez-betetzeaz bestelako arrazoiengatik, elkarren adostasunik ez bada, suntsiarazpena beste alderdiari komunikatu beharko zaio modu frogagarrian, gutxienez bi hilabete lehenago.

Sinatzaileetako batek onartutako betebeharrak betetzen ez baditu, beste alderdiak jakinarazpen bidez eskatu ahalko dio ez betetzea konpontzeko 15 egun naturaleko epean. Epea igaro eta ez betetzeak irauten badu, errekerimendua igorri zuen alderdiak beste alderdi sinatzaileari jakinaraziko die badagoela hitzarmena suntsiarazteko arrazoia, eta hitzarmena suntsituta dagoela ulertuko da.

Hitzarmena suntsituz gero hitzarmenean bertan edo Legean aurreikusitako edozein arrazoiengatik, Jarraipen Batzordeak ezarriko die amaitzeko epea hitzarmen honetatik eratorritako jarduketa amaitu gabekoei, eta epe hori luzaezina izango da.

Bederatzigarrena.– Aldaketa.

Hitzarmen hau bi alderdien adostasunez aldatu ahalko da, haietako batek hala proposatuta. Horretarako, dagokion aldaketa-erabakia sinatu beharko da, hitzarmena indarrean dagoen bitartean formalizatua.

Hamargarrena.– Izaera, erregimen juridikoa eta aplikatzeko jurisdikzioa.

Hitzarmen hau administrazio-hitzarmena da, eta Sektore Publikoko Erregimen Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikulutik 53. artikulura bitartekoak izango ditu arau.

Bestalde, hitzarmena indarrean dagoen bitartean auzirik sortuz gero, Hitzarmenaren Jarraipen Batzordeak ebatzi ezin duena, Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioaren mende jarriko da, jurisdikzio-ordena hori erregulatzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen arabera.

Eta adostasunaren adierazgarri, akta honen bi ale sinatzen dituzte 2019ko irailaren 12an.

Estatistikako Institutu Nazionaleko presidentea,

JUAN MANUEL RODRÍGUEZ POO.

Euskal Estatistika Erakundeko (Eustat) zuzendaria,

JOSU MIRENA IRADI ARRIETA.


Azterketa dokumentala