Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2019ko urriaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4760

EBAZPENA, 2019ko urriaren 2koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearena, unibertsitate master ofizialak ezartzeko, aldatzeko eta kentzeko prozedurari buruzko araudia aldatzeko dena.

UPV/EHUn unibertsitate master ofizialak ezartzean bi dekretu aplikatzen dira: batetik, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua, unibertsitateko ikasketa ofizialen antolaketari buruzkoa, eta, bestetik, abenduaren 19ko 274/2017 Dekretua, gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzkoa.

Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzak, graduondoko ikasketen arloan dauzkan eskumenak baliatuz, prestatu eta tramitatu zuen Unibertsitate Master Ofizialak Ezartzeko, Aldatzeko eta Kentzeko Prozedurari buruzko Arautegia, 2019ko apirilaren 8ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zena. Arautegi horrek jokalekua zedarritzen du bai proposamenak onartu behar dituzten unibertsitateko organo eskudunentzat eta bai proposamenak aurkezten dituzten ikastegientzat ere.

Unibertsitate master ofizialen finantzaketa dela eta, 274/2017 Dekretuak honako hau dio hamahirugarren artikuluan:

«13. artikulua.– Finantzaketa.

1.– Euskal Herriko Unibertsitateak onartutako aurrekontuen kargura finantzatuko da Unibertsitatean ikasketa berriak ezartzea.

2.– Euskal Herriko Unibertsitateak txosten ekonomiko xehatu bat aurkeztu beharko du bultzatu nahi duen titulazio bakoitzeko. Txostenean honakoak jasoko dira: azpiegitura materialari buruzko datuak, irakasleen eta ikertzaileen baliabideei buruzkoak, eta administrazioko nahiz zerbitzuetako langileei buruzkoak, eta finantzaketa-iturriak.»

Era berean, honako hau dio: «Lehenengo xedapen gehigarria.– Ohiz kanpoko finantzaketa.

Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialen bat ezartzearen ondorioz Euskal Herriko Unibertsitateak langile gehiago edota baliabide material gehiago behar baditu, halaxe jaso beharko da txosten ekonomikoan. Horretarako, nahitaezko baimena eskatu beharko dio Jaurlaritzan unibertsitateen alorreko eskumena duen sailari.»

Artikulu horren bigarren puntuk dioenez, unibertsitateak master proposamen bakoitzarekin batera txosten ekonomiko bat aurkeztu du, eta hori prestatzeko aplikatzen ditu Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearen 2007ko martxoaren 26ko Erabakian zehaztutako irizpideak, erabaki horren bidez ezarri baitzen master ofizialen kostu teorikoa eta ezarpen kostua kalkulatzeko eredua (2007ko maiatzaren 30eko EHAA).

Beraz, 2006/2007 ikasturteaz geroztik eta ahal izan dugun neurrian, eredu horretan ezarritako irizpideak aplikatu eta egokitu izan ditugu, baina denbora asko joan da handik hona, eta gaur egun ezinezkoa da eredu hori aplikatzen jarraitzea zenbait ataletan (ekipamendua, lokalak eta mantentzea).

Bestalde, UPV/EHUn antolaketa aldaketak egon dira –masterrak antolatu eta kudeatzeko ardura, lehen Master eta Doktorego Eskolarena zena, orain ikastegien eskuetara igaro da, Gobernu Kontseiluaren 2019ko urtarrilaren 31ko Erabakiaren bitartez–, eta horrek zaildu egiten du kostu teorikoa eta ezarpen kostua kalkulatzeko irizpideak aplikatzen jarraitzea zuzendaritza kostuen, administrazio eta zerbitzuetako langileen kostuen eta gastu orokorren ataletan.

Bestalde, Gerentziak prestatzen ditu, bere eskumenen arabera, UPV/EHUko graduko eta doktoregoko ikasketen memoriekin batera aurkeztu behar diren txosten ekonomikoak, kontuan hartuta ikasketak ezartzeko behar diren baliabide guztiak eta dauden finantzaketa-iturriak.

Horregatik, 2018-2021 aldirako Plan Estrategikoaren arabera unibertsitateak asmoa badu ere kontabilitate analitikoa ezartzeko, hori egin artean beharrezkoa da masterren txosten ekonomikoak prestatzeari dagokiona aldatzea.

Hori guztia aintzat hartuta, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak proposatzen du prozedura gaur egungo egoerara egokitzea, eta, hortaz, unibertsitate master ofizialen txosten ekonomikoak Gerentziak egitea, ikusita Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzak egingo duen txostena, beste erakunde eta entitate publiko nahiz pribatu batzuekiko lankidetza hitzarmenak, halakorik balego, eta, oro har, txosten ekonomikoak egiteko beharrezkoa eta interesekoa den informazio guztia.

Graduondoko Batzordeak proposamen hau aztertu du, bere eskumenak erabiliz, zeintzuk baitira, besteak beste, graduondoko ikasketen helburuak onartzeko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari, plangintza estrategiko orokorraren barruan, bai eta ikasketa horien akademia antolakuntza eta gestiorako arautegien proposamena onartzekoa ere (Graduondoko Batzordearen Arautegia, Gobernu Kontseiluak 2012ko irailaren 27an onartua, 2012ko urriaren 29ko EHAAn argitaratua).

Hori guztia kontuan hartuta, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko Erabakiak emandako eskumenen babesean (gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko, eta eskumenak eskuordetzeko erabakia), lehenik Graduondoko Batzordeak aldeko iritzia emanda 2019ko irailaren 16an egindako bileran, eta unibertsitateko Gobernu Kontseiluak adostasuna emanda 2019ko irailaren 26ko bileran,

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Aldatzea Unibertsitate Master Ofizialak Ezartzeko, Aldatzeko eta Kentzeko Prozedurari buruzko Arautegia, honetara aldatu ere:

Bosgarren artikuluari 11. atal berri bat gehitzea:

«11.– Txosten ekonomikoa.

Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak unibertsitateko Gerentziari eskatuko dio unibertsitate master bakoitzaren proposamenari dagokion txosten ekonomikoa, eta helaraziko dizkio titulua justifikatzeko memoria, Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordearen txostena, beste erakunde eta entitate publiko nahiz pribatu batzuekiko lankidetza hitzarmenak, halakorik balego, eta, oro har, txosten ekonomikoa egiteko beharrezkoa eta interesekoa den informazio guztia.»

Honako xedapen indargabetzaile hau gehitzea:

«Indargabeturik geratzen da 2007ko martxoaren 26ko Erabakia, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearena, master ofizialen kostu teorikoa eta ezarpen-kostua kalkulatzeko eredua argitaratzeko agintzen duena (2007ko maiatzaren 30eko EHAA).»

Bigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.– Aldaketa indarrean sartuko da argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Leioa, 2019ko urriaren 2a.

Errektorea.
Eskuordetzeaz (2017ko urtarrilaren 25eko Erabakia, 2017-02-3ko EHAA).

Graduko eta Graduondo Ikasketen arloko errektoreordea,

ARACELI GARÍN MARTÍN.


Azterketa dokumentala