Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

131. zk., 2019ko uztailaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3384

AGINDUA, 2019ko apirilaren 2koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita «Fundación Fondo Formación» fundazioaren eraketa, estatuaren eskumeneko Fundazioen Erregistrotik lekualdatzeko espedientea.

Ikusi da «Fundación Fondo Formación» fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea eskatzeko aurkeztutako espedientea, estatuaren eskumeneko Fundazioen Erregistrotik lekualdatzeko espedientea. Hona hemen aurrekariak:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2019ko otsailaren 14an eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko «Fundación Fondo Formación» fundazioaren eraketa, estatuaren eskumeneko Fundazioen Erregistrotik lekualdatzeko, fundazioak bere jarduketa nagusiaren lurralde-eremua aldatu baitu.

Bigarrena.– Eskabideari dokumentu hauek erantsi zitzaizkion: estatutuak aldatzeko eskritura publikoa, zeinetan Euskal Autonomia Erkidegoa ezartzen baitu jarduketaren lurralde-eremu nagusi gisa; Kultura eta Kirol Ministerioaren Fundazioen Babeslaritzaren Zuzendariordetza Orokorra ez dagoela aurka adierazten duen txostena; Justizia Ministerioko Notaritza eta Erregistroen Zuzendariordetza Orokorraren Ebazpena, eta jatorrizko Erregistroan dagoen gainerako dokumentazioa.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeak aldeko txostena eman du fundazioaren eraketa lekualdatu eta inskribatzeari dagokionez.

Laugarrena.– Fundazioaren Estatutuen 8. artikuluaren arabera, «haren funtsezko egitekoa da gizarte-bazterketaren eta berdintasun-ezaren arrazoiak prebenitzen eta ezabatzen laguntzea, eta bazterketa-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonen eta kolektiboen gizarteratzea eta laneratzea eta garapen askea sustatzea.

Gainera, hauek ahalbidetzen dituzten jarduketak sustatuko ditu: desgaitasuna duten pertsonen lanbide-prestakuntza, haien laneratzea eta haientzat enplegua sortzea –haientzako lanpostuak sortuta–, eta, azkenik, pertsona horiek lan-merkatuan sartzea».

Bosgarrena.– Estatutuen 2. eta 4. artikuluetan xedatuaren arabera, helbide honetan dago fundazioaren egoitza: San Vicente errepidea, 10 km, Valle de Trápaga-Trapagaran (Bizkaia), eta fundazioak gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere jarduerak.

Seigarrena.– Fundazioaren hasierako zuzkidura, eraketa-eskritura publikoan ezarria, 30.001 eurokoa da.

Zazpigarrena.– Honako kide hauek osatzen dute Patronatua:

– Lehendakaria: M.ª Isabel Calleja Allende andrea.

– Idazkaria: Isabel Vázquez Rodríguez andrea.

– Bokala: M.ª Jesús Goikoetxea Rey andrea.

– Bokala: Francisco Javier Riaño Molledo jauna.

– Bokala: Karmele Garamendi Jiménez andrea.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, lekualdatze- eta eraketa-espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa duen pertsona batek sustatu du espedientea. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete da Fundaziori buruzko abenduaren 29ko 50/2002 Legearen 29 artikulua, estatuaren eskumeneko Fundazioen Erregelamenduaren 36. eta 40.3 artikuluak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Aplikatzekoak diren legeetan eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.

Ikusi dira aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplikatu beharreko gainerakoak, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, egun honetan eta F-443 erregistro-zenbakiarekin, batetik, Trapagarango (Bizkaia) «Fundación Fondo Formación» fundazioaren eraketa, estatuaren eskumeneko Fundazioen Erregistrotik lekualdatzeko, fundazioak bere jarduketa nagusiaren lurralde-eremua aldatu baitu, eta, bestetik, Patronatuaren hasierako osaera, zazpigarren aurrekarian agertzen diren kideek osatua; betiere, Luis Felipe Alamillos Granados notarioaren aurrean (protokolo-zk.: 2176) 2018ko uztailaren 24an emandako eskritura publikoaren arabera.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta estatuaren eskumeneko Fundazioen Erregistroari, Justizia Ministerioari eta gainerako interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 2a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala