Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2019ko uztailaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3335

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 17koa, Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariarena, zeinaren bidez bi lan-batzorde berri sortzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroaren egituraren barnean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroa sortzen duen abuztuaren 30eko 200/2002 Dekretuak 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, Batzorde Iraunkorraren eginkizuna da, besteak beste, Osoko Bilkurari lan-batzorde berriak sortzeko proposatzea.

200/2002 Dekretuaren 4.1 artikuluak, Euskal Autonomia Erkidegoko Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroa sortzen duen abuztuaren 30eko 200/2002 Dekretua aldatzen duen azaroaren 9ko 213/2004 Dekretuaren ondoren, honela dio:

1.– Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroak osoko bilkuran eta batzordeen bidez funtzionatuko du.

Herritar Etorkinen Integrazio eta Gizarte Partaidetzarako Foroaren Osoko Bilkura, organo paritario eta formal gisa, 37 kidek osatuko dute: presidentea, 34 batzordekide, Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluko ordezkari bat, eta idazkaria. Azken bi horiek hitza bai, baina botorik ez dute izango.

2.– Printzipioz, sei lan-batzorde izango dira: (1) Giza Baliabideak eta Etxebizitza, (2) Lana, (3) Berme Juridikoak eta Giza Eskubideak, (4) Hezkuntza, (5) Osasuna, (6) Herritarren Partaidetza, Kultura eta Sentsibilizazioa, zeinak iraunkorrak izango baitira, eta Foroko Osoko Bilkurak erabakitzen dituen gainerako guztiak, iraunkorrak zein aldi batekoak direla, Batzorde Iraunkorrak proposatuta, hala badagokio.

Ildo horretatik, Batzorde Iraunkorrak proposatuta, Immigrazio Foroaren Osoko Bilkurak izandako azken bileran aho batez erabaki zuen bi lan-batzorde berri sortzea: Berdintasun Batzordea eta Bizikidetza eta Harrera Batzordea.

Azaldutako guztiarengatik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Berdintasun Batzordea eta Bizikidetza eta Harrera Batzordea sortzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Immigrazio Foroaren egituran txertatzeko.

Bigarrena.– Hamabost eguneko epea irekitzea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzekoa, immigrazio-gaietan lan egiten duten elkarteek –herritar etorkinek sortutakoak zein herritar etorkinei babesa ematekoak– lan-batzorde horietan parte hartzeko eskabideak aurkeztu ditzaten.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroa sortzen duen abuztuaren 30eko 200/2002 Dekreturen I. eranskinean ezarritako ereduaren arabera bete beharko dira parte hartzeko eskabideak (2002ko irailaren 16ko EHAA, 175. zk.).

Laugarrena.– Eskabideak Eusko Jaurlaritzaren Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzara igorri behar dira, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotako edozein modutan aurkez daitezke.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 17a.

Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendaria,

MIREN IRUNE MUGURUZA MENDARTE.


Azterketa dokumentala