Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2019ko otsailaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
815

EBAZPENA, 2019ko urtarrilaren 31koa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaie Donostiako (Gipuzkoa) Haizearen Orraziaren plaza eta eskulturak monumentu-multzoaren kategoriarekin kultura-ondasun kalifikatu deklaratzeko espedienteari eta espedientea jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko aldiari.

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Hartutako eskumena baliatuta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Donostiako (Gipuzkoa) Haizearen Orraziaren plaza eta eskulturak monumentu-multzoak duen interesa ikusita, eta Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aintzat hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako (Gipuzkoa) Haizearen Orraziaren plaza eta eskulturak monumentu-multzoaren kategoriarekin kultura-ondasun kalifikatu izendatzeko espedientearen izapidea hastea, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den mugaketa, II. eranskinak jasotzen duen deskribapena eta III. eranskineko babes-araudia aintzat hartuta.

Espediente honi hasiera ematearen ondorioz, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak ondasun kalifikatuei ezarritako babes-araubidea aplikatuko zaie Donostiako Haizearen Orraziaren plaza eta eskulturei.

Bigarrena.– Donostiako (Gipuzkoa) Haizearen Orraziaren plaza eta eskulturak monumentu-multzo kategoriarekin kultura-ondasun kalifikatu izendatzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko epeari hasiera ematea, I. eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituz, II. eranskineko deskribapena kontuan hartuz eta babes-araubide gisa III. eranskinean agertzen dena ezarriz. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, 20 eguneko epean egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultur Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Jakitera ematea Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari prozedura honen izapidea hasteak eten egiten dituela eraginpeko finketetarako udal lizentziak, partzelatzekoak, eraikitzekoak edo eraistekoak izan, baita jada emandakoen ondorioak ere. Halako finkaren batean ezinbestean obraren bat egin behar bada eta obra geroraezina bada, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena beharko da nahitaez.

Laugarrena.– Espedientea izapidetzen jarraitzea indarrean diren xedapenen arabera.

Bosgarrena.– Ebazpen honen berri ematea Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari, URA Uraren Euskal Agentziari, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren Gipuzkoako Kostaldearen Lurralde Zerbitzuari, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari.

Seigarrena.– Argitara ematea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, herritar oro jakitun izan dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 31.

Kulturako sailburuordea,

JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.1.c) artikuluak aurreikusitakoaren arabera, ondasuna eta haren ingurunearen mugaketa zehazten dira, ondasuna behar bezala babestu eta haren balioa azpimarratzeko.

Ondasunaren mugaketa.

Peña Gancheguik proiektatutako plazaren eta Chillidaren eskulturen azalera zehatza hartzeaz gain, ondasunari nabarmen lotutako guneak eta elementuak hartuko dituen eremu bat definitzea da mugaketaren irizpide nagusia, esaterako hauek:

– Itsasoaren alboetan (ekialdean, ipar-mendebaldean eta iparraldean) eraikitako plataformen ertzekiko eta eskulturekiko lerro paraleloak, behealdeko haitzak babestu behar den multzoa osatzen duten eremu edo elementu banaezin bezala hartuz.

– Lurzoruaren aldean (mendebaldean, modu irregularrean) Igeldoko mendi-magala, flyscharen geruzapenarekin, barne hartuta euren topografia edo geologia dela-eta geruzapen horren behealdea ukitzen edo ukitu ahal duten lursailak.

Aipatutako irizpideak aplikatzearen ondorioz, sortzen da «Haizearen Orraziaren plaza eta eskulturak multzoa», honako deskribapena duena:

– Iparraldeko eta ekialdeko mugak: Kantauri itsasoa, Plazaren karel hormaren kanpoko aldearen eta «haizearen orraziak» izeneko eskulturen ertzen 25 metroraino.

– Mendebaldeko muga: sestra-kurba gehi 50 metro Igeldoko mendi-magalaren landa-sailetan eta Itsasargiko pasealekuko 26. zenbakiari dagokion lursailaren ekialdeko ertzean.

– Hegoaldeko muga: Teniseko ekipamendu-eraikinari dagokion lursailen iparraldea (Chillida pasealekua, 13; katastroaren erreferentzia-zenbakia: 8096057), ekialdeko mugaraino hura zuzenean luzatzen den guneraino, eta mendi-magalak aldapa handiena duen aldeko mendebaldeko mugaraino luzatzen den gunea.

Babes-ingurunearen mugaketa.

Babes-ingurunearen definizioa honako irizpide hauetan oinarritzen da:

– Lurzoruaren aldean, Igeldo mendiko aldapa handiko magalaren egonkortasuna ziurtatzeko beharra; horretarako, ukitu dezaketen ekintzak kontrolatu behar dira, esaterako itsaslabarraren ertzean dauden elementu publikoetan zein pribatuetan –bideak, eraikinak edo instalazioak– gauzatzen direnak.

– Itsaslabarraren paisaiaren osotasuna mantentzea, hango forma geologikoekin eta landarediarekin.

– Plazatik itsasorantz dagoen ikusmen-eremua mantentzea (iparraldera eta ipar-ekialdera) paisaia garbi bezala, obraren (plaza eta eskulturak) eta naturaren arteko harremana oztopatuko duten interferentziarik gabe. 1,5 km-ko erradioa onartzen da, distantzia hori izanik paisaia baten tarteko eta urruneko ikusmenaren bitarteko muga.

Irizpide horiekin, ondasunaren berezko mugatik abiatuta honako hauek hartzen dituen babes-ingurunea deskribatzen da:

– Ipar-mendebaldean eta iparraldean, kotatik marratutako aldapa gehieneko lerroa, 92 metro Itsasargiko pasealekutik itsasoraino, plataformatik urrunen dagoen eskulturatik 75 metroko distantziara.

– Mendebaldean, honako finka hauen mendebaldeko aldean kokatzen da muga: Itsasargiko pasealekuko 62. zenbakia (Intz-Enea), 51.a (M.ª del Pilar), 44.a (M.ª del Carmen), 71.a (Rocaforte) eta 73.a (Zurgena).

– Hegoaldean, Teniseko eraikinaren pabilioi handienaren ipar-ertza.

– Plazako plataformako mugetatik ikus daitekeen itsasoko ikusmen-eremu librea hartzen da barne, Igeldoko mendi-magalaren eta Santa Klara uhartearen artean, 1,5 km-ko erradioan. Plazaren itsas-ertzaren hegoaldeen dagoen puntua hartzen da ikusmen-eremuaren erdigunetzat.

Mugaketaren justifikazioa.

Araubide honetan deskribatzen eta balioesten diren elementuen –aipatutako plaza eta eskulturak– kultura-interes handia aintzat hartzeaz gain, babestu beharreko ondasunaren konfigurazioan natura-guneak duen partaidetza nabarmenean eta ideia artistiko orokorrean –egileek berariaz adierazia– eta haren kalteberatasunean oinarritzen da mugaketa.

Bestalde, babes-ingurunearen mugaketaren helburua ondasunaren hurbileko paisaia osatzen duten elementu naturalak –erliebea, landaredia eta itsas-horizontea– babestea da, hura hobeto defenditzeko, eta hobeto hautemateko, ulertzeko, eta gehiago gozatzeko.

Eranskin honi atxikitako planoetan daude grafiatuta deskribatu diren babes-arloak.

II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Deskribapen orokorra.

Haizearen Orraziaren multzoa honako hauek osatzen dute: Luis Peña Ganchegui arkitektoak eginiko plaza, Eduardo Chillida eskultorearen «haizearen orraziak» izeneko hiru eskulturak, eta inguruko natura-gunea, Igeldoko itsaslabarrak eta itsaslabarraren eta Santa Klara uhartearen artean dagoen marearteko zabalguneak osatzen dutena.

Plaza egitura mailakatuko plataforma bikoitz batez osatua dago, luzetara hegoaldetik iparraldera doana. Plazaren perimetroak hiru alde zuzen ditu; horietako bik –ekialdeko eta ipar-ekialdeko aldeak– itsasoarekin egiten dute muga, eta hirugarrenak –hegoaldeko aldea– itsas-pasealekuko ingurune urbanizatuarekin. Mendebaldeko aldea plataformak eta Igeldoko mendi-magal harritsuaren topografiak bat egiten duten lerroak osatzen du, geometria irregularreko muga sortuz.

Plazaren goialdeko plataforma Igeldoko mendi-magalari atxikita dago, eta hegoaldeko eta iparraldeko ertzetan geometria poligonal irregularra hartzen du.

Plazak gehienez ere 140 metroko luzera du, eta 20 eta 40 metroko zabalera, gutxi gorabehera.

Itsas-pasealekuko ingurune urbanizatuaren zati bat – ekipamendu-lursailaren iparraldeko muga eta haren luzapenetik itsasoraino zabaltzen dena– ondasunaren zatitzat hartzen da, hiriaren eta plazaren izaera erdi naturaleko tokiaren arteko trantsizio-gune bat delako. Dokumentu honetan ingurune urbanizatu hori aipatzen denean, «sarbide-plazatxoa» izena ematen zaio.

Bestalde, eskultura-triptikoa osatzen duten piezak plazaren iparraldean kokatuta daude, marearteko zabalgunetik hurbil dauden haitzetan sartuta. Horietako bakoitzak 3,00 metroko zabalera dauka. Lehenengoa –hurbilen dagoena– plazaren mendebaldeko ertzean dago, itsaslabarrean; bigarrena –ekialdeko ertzean dagoena– plazaren ertzetik metro gutxira dago, eta azkenik, erdiko eskultura, 80 metrora gutxi gorabehera.

Azkenik, eskultura-multzoa eta plaza kokatuta dauden natura-gunearen ezaugarriak dira itsasotik hurbil egotea eta flysch moduko egitura geologikoa izatea. Flyscha trinkotasun eta gogortasun ezberdinetako harri-geruzak osatzen dute, jalkitze bidez sortu baina bertikalean ezarriak indar tektonikoen eraginez.

Haizearen Orrazian, itsaslabarraren behealdeko eremuan landare-estaldurarik gabeko flyscha dago agerian, plazaren iparraldearekin kontaktuan. Gainera protagonismoa hartzen du inguruneko itsas-ertzeko paisaia ez-urbanizatuan, hau da, plazaren ipar-mendebaldean kokatuta dagoen Igeldoko itsaslabarrean, Santa Klara uhartean eta marearteko zabalgunean. Itsaslabarreko gainerako magalak honako landarez estalita daude: aldapa handieneko azaleretan landare belarkarak eta zuhaixkak, eta, aldapa txikiagoa den guneetan, baso modukoak daude, zeinek landare-lurra metatzea errazten baitute.

Plazaren arkitektura.

Plazaren ideia arkitektonikoa, hurrengo paragrafoetan azaltzen denez, bi funtsezko alderdi hauetan oinarritzen da:

– Obraren –plaza eta eskulturak– eta naturaren arteko lotura.

– Begiralearen eta eskultura-lanen arteko harremana.

Obraren hiritartasunaren eta naturaltasunaren arteko muga oinarrizkoa da proiektua bururatzean, eta hori aintzat hartu da obraren eta naturaren arteko lotura ezartzean. Lotura hori zenbait mekanismo desberdinez ezartzen da:

– Topografia artifiziala sortzea:

Geometria irregularreko harmailez bereizita dauden bi harrizko plataformek osatzen dute plaza, geruza horizontalezko topografia artifizial moduko zerbait konfiguratuz. Topografia hori itsaslabarraren topografia naturalaren oinarri eta kontrapuntu da, zeinaren flyscharen moduko geologia geruzaduna proiektuaren argumentu gisa hartzen baita. Topografien arteko lotura handitu egiten da plazaren obra gauzatzean, zeinaren testura harritsua baita, nahita zimurtsua eta latza, indar plastiko handiko eremu ikaragarri bat sortuz.

Flyschak eta plazak osatzen duten multzoak zerurantz irekita dagoen diedro bat osatzen dute, zeinari esker altuera eta ikuspuntu askotatik ikus baitaiteke paisaia.

Itsasoaren, zeruaren eta lurzoruaren arteko harremana sakondu egiten da plazaren topografia artifizialean itsasoarekin lotutako zazpi zulo ezarriz, bufoi artifizial modura, zeinen bitartez itsasoko ura goraka ateratzen baita.

– Eskulturak paisaia naturalean sartzea:

Plazatik haratago, iparralderantz, marearteko zabalgunearen ingurune naturalean kokatuta dago Haizearen Orrazia eskultura-multzoa. Burdina bihurrituzko hiru forma dira, bereizitako puntuetan kokatuak eta Plazaren ertzetatik distantzia desberdinetara ezarrita. Haitzetatik sortuak eta bistak horizonterantz iragaziz, itsas-paisaia konfiguratzen dute, irekia eta dinamikoa, eta eskala-erreferentzia ematen diote begiraleari.

– Giza eskala paisaia naturalean sartzea:

Beharrekoa da ingurunearen eta eskulturen arteko eskala-desberdintasuna txikitzeko.

Bestalde, arkitekturak gidatzen du ikuslearen eta eskultura-lanaren arteko harremana. Plazaren diseinuak ibilbide bat integratzen du ikuslearen eskalan, paisaia naturalarekin lotura handiagoa izateko modulatua, zeinaren azken urratsa baita eskultura-lanarekin topo egitea.

Azaldutako arkitektura-ideiak plataforma diseinatzeko eta tratatzeko bidea ematen du. Plataforma bi plano luzetan egituratzen da, itsas-ertzaren eta mendi-magalaren paralelo; bata beheko mailan, itsas-pasealekuaren jarraian, eta bestea aurrekoaren gainean, 2 metroko altueran. Bi planoak harmaila bidez konektatzen dira, paisaia artifizial geruzatua sortuz. Beheko planoa zabalagoa da sarbidean, sarrera-plaza txiki bat osatuz; aurrerago estutu egiten da pasabide luze bat balitz bezala –ezkerreko alboan harmaila handi eta zuzen bat duela– eta azkenean berriro zabaltzen da horizonterantz eta eskulturetara irekiz.

Ibilbidearen azken alde hori, sarbide-gunean, zoruaren planoan kokatutako zazpi zulo edo bufoi artifizialez osatzen da, eta Antiguako kolektorera konektatuta daudenez, olatuak direla-eta kolektorean sartzen den itsasoko ura botatzen dute goraka.

Azken eskultura-lana poliki-poliki aurkitzen joatea da ibilbide honen helburua.

Bi plataforma handi horiek –batik bat goikoak– berriz, beste plano geruzatu batzuk edo goi-lautadak dituzte. Beheko planoa, berriz, harmaila bidez igo egiten da ipar-mendebaldeko ertzean, eta horri esker mendebaldeko eskulturara hurbiltzea ahalbidetzen du. Gainera, sarbide-eremuan, beheko planoa goratu egiten da ingurune urbanizatuarekiko bi eskailera-mailez, eta horrek indartu egiten du plazaren ideia izaera diferente bateko toki bezala.

Plataformen adierazpide eta material bertsuekin eginiko hiri-altzari batzuk ditu plazak; elementu horiek ez zeuden hasierako proiektuan, Luis Peñak gehitu zituen obra egiten ari zen bitartean, udalak eskatuta. Irudi bateratuan interferitu ez zezaten, Igeldoko mendi-magaletatik hurbilen dauden plataformaren gune altuetan ezartzea erabaki zen. Honako hauek dira hiri-altzariok: goiko plataformaren hegoaldeko gunean kokatuta dagoen banku luze bat, goiko plataformako gune jasoenean kokatuta dauden bi banku, eta plataforma horren erdiko gunean –mendi-magalaren kontra– kokatuta dagoen iturria.

Testura harritsuko material bakarrez –landugabeko akabera eman zaion Porriño granito arrosa– eta 20 x 20 cm2-ko galtzada-harria eraikitze-modulu nagusi gisa erabilita egin da plaza. Galizian mahasti-zutoin bezala erabiltzen pieza luze batzuetatik atera da modulua. Aparailuak mortero-juntura zabala dauka.

Zolarako hartutako konponbideak tokiko berezko itsas-erasoak eta eraso eolikoak jasateko eta lurra bustita badago atxikimendu ona bermatzeko ezaugarri funtzionalak ditu; plazaren azalaren zatirik handiena bustita egoten da, itsas-ura sartzen delako bufoietatik eta itsas-ertzeko hormaren karelaren gainetik.

Ertzeko karelak aurretik zeuden eta jendaurreko aldeak apainduta daude: paramentu bertikalak plazako 20 x 20 cm2-ko galtzada-harriarekin eta gainaldea 1,20 m. zabalerako granitozko horma-txapel handi batekin, galtzada-harriaren gainetik itzal-lerro bat sortuz.

Mendiarekin edo karelekin topo egiten duen gunean zolatuak formatu bereziak hartzen ditu, zatiak bereizita, ez estu-estu denak batera ezarrita. Plazako zolaren eta natura-gunearen tartean errekarriak jarri dira, dagoena errespetatuz eta ahalik eta esku-hartze txikiena eginez.

Plataformen maila-desberdintasunak ebazteko, 60 x 40 cm-ko harmailak jarri dira (bi plataforma nagusien artean, bost harmaila), zeinak zati batzuetan 40 x 20 cm-ko eskailera-maila bilakatzen baitira. Harmailak zein eskailera-mailak 20 x 20 cm-ko zati prismatikoz egin dira.

Detaile txikiak, zoruko aparailuak juntatzeko harlauzak –Chillidak berak diseinatuak– edo zazpi bufoi artifizialen markoak esaterako, osatzen dute azaleko tratamendu plastikoa.

Plazaren diseinua sarbide-plazatxoarekin osatzen da, zeina sortua izan baita hiriarekin lotzeko eremu gisa. Eremu horrek, bestalde, bi gune ditu:

– Mendi-magalaren kontra dagoen eremua, plazako lehen eskailera-mailaren luzapen moduko bat dena, galtza-harrizko zintarriez zedarritua. Gune hori, berdegune izateko pentsatu zena hasieran, hegoaldean kokatuta dagoen ekipamendu-eraikineko jatetxeko terrazak okupatzen du gaur egun.

– Bestalde, sarbide-plazatxoa itsas-pasealekuko bidearen azkeneko zatiarekin osatzen da, non espaloi bat eta asfaltatutako zabalgunea baitaude.

Eskulturak: Haizearen Orraziak.

Eskultura-multzoa plazaren iparraldean dago, ikono-gai dominatzaile gisa.

«Corten» altzairuzko hiru pieza dira: altzairuak, kromoak, nikelak eta abarrek osatutako aleazio bat da, materiala korrosioaren aurka babesten duena. Eskulturak itsasoak kolpatutako haitzetan txertatuak daude; ia 10 tonako pisua eta 3 metroko zabalera du eskultura bakoitzak, eta Legazpiko Fundición Patricio Echeverria galdategian galdatuak eta konformatuak dira. Antzekoak, baina ez berdinak, formalki sekzio karratuko enbor bat irudikatzen dute, sekzio karratuko lingote bihurrituzko lau adar dituena. Azken horiek kurbatu egiten dira, kako irekien itxura hartuz.

Piezak triptiko moduko baten itxura dute: bi lehenak geruza geologiko berean kokatuta eta horizontalean aurrez-aurre ezarrita daude. Hirugarrenak, horizontean goraka ezarrita, osaera zentratzen du.

Eskultura «Haizearen Orraziak» izeneko seriearen zati bat da, Chillidaren guztizko obra aintzat hartuta, goiz samar eraikitzen hasia (1952). «Haizearen Orrazia XV» da, Chillidaren obra esanguratsuenetakoa.

Plaza amaituta, eskulturak jartzea ingeniaritza-erronka bat izan zen; eskulturak oso pisutsuak dira, eta haitzetan eta itsasoak asko kolpatzen duen eremu batean kokatuak daude. Jartzeko lanak José M.ª Elosegi Amundarain ingeniariaren proiektuaren arabera eta haren zuzendaritzapean egin ziren.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDEA
LEHEN KAPITULUA
ARAUBIDE OROKORRAREN EZAUGARRIAK

1. artikulua.– Babes-araubidearen helburua.

Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak xedatutakoaren arabera, Donostiako Haizearen Orraziaren plaza eta eskulturak kultura-ondasun kalifikatutzat hartzen dira, monumentu-multzo kategoriarekin.

Babes Araubide honek aipatutako legearen 12. artikuluan xedatutakoa betetzen du, eta, horrenbestez, kalifikazioaren eraginpean dagoen ondasunaren zati edo osagai oro ukitzeko esku-hartzeak haren menpe jarri beharko dira, eta hirigintza-plangintzako tresnen xedapenetan ezarritakoa bete beharko dute.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Babes Araubidea multzo honen eremu eta elementu orori aplikatuko zaio, ondasunaren edo haren babes-ingurunearen zati bada, I. eta II. eranskinetan jasotako mugaketa eta deskribapenaren arabera.

BIGARREN KAPITULUA
ARAUBIDE OROKORRA
1. ATALA
XEDAPEN OROKORRAK

3. artikulua.– Edukia.

Monumentu-multzoan gauzatzen diren esku-hartzeak eta harentzat ezartzen diren erabilerak testu honen edukiak zehazten dituen baldintzetan egingo dira, ondasunari berari zein haren babes-inguruneari dagokienean.

4. artikulua.– Aplikatu beharreko arau orokorrak.

1.– Baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta gainerako alderdiei dagokienez, I. eranskinean zehaztutako ondasunaren eta haren babes-ingurunearen mugaketan sartuta dauden ondasunak Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezarritakoaren mende egongo dira.

2.– Babes-araubide honen eraginpean dauden ondasunen jabeek edo eskubide errealak dituztenek Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 20. eta 35. artikuluek eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 24. artikuluak ezartzen dituzten kontserbazio-, zaintza- eta babes-betebeharrak bete beharko dituzte.

3.– Ondasunaren erabilerak haren kontserbazioa bermatu beharko du, eta ezin izango dira inoiz urratu Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen III. tituluaren zehaztapenak.

4.– Ondasunaren jabeek, edukitzaileek eta haren gaineko eskubide errealen titularrek Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legea ezartzeko behar den informazioa eman beharko diete agintari eskudunei.

5.– Euskal Kultur Ondarearen 7/1990 Legearen 29. artikulua betetzeko, monumentu-multzoaren ondasunetan egin beharreko esku-hartzeek –ondasunaren mugaketaren eremuan zein haren babes-ingurunean– edo horien erabilera edo jarduera aldatzeak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren organo eskudunaren baimena beharko dute, betiere udal lizentzia eman aurretik. Lege horren 33. artikuluaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak emandako aldeko txostena jada duten lurralde- eta hirigintza-antolamenduko planetan aurreikusitako monumentu-multzoen gaineko esku-hartzeek ez dute baimen hori beharko, eta zuzenean jaso dezakete udalen baimena. Udalek jakinaraziko diote baimen edo lizentzia hori Gipuzkoako Foru Aldundiari.

6.– Egungo Babes Araubidearen –Babes Bereziko zein Babes Ertaineko– arabera, dauden elementuak osorik edo partez eraisteko, honako bi lege-arauetan xedatutakoa bete beharko da: Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikulua eta Kalifikatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzko eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzko azaroaren 10eko 306/1998 Dekretua.

5. artikulua.– Garapeneko hirigintza-plangintzari buruzko zehaztapenak.

Monumentu-multzoari –ondasunari zein haren babes-inguruneari– aplikatu beharreko hirigintza-plangintza babes-araubide honen zehaztapenetara moldatuko da, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 28.1 artikuluaren arabera, eta Eusko Jaurlaritzan kultura alorreko eskumenak dituen sailaren aldeko txostena beharko da.

Harik eta babes-araubide hau garatuko duten hirigintza-tresnak onartu arte, zorrozki bete beharrekoa izango da aipatutako legearen 28.2 artikulua.

2. ATALA
FUNTSEZKO BALIOAK, BABES-MAILAK ETA GARRANTZI BEREZIKO ELEMENTUAK

6. artikulua.– Definizioak.

1.– Funtsezko balioak.

Funtsezko balioak dira arkitekturaren ikuspuntutik diziplinaren kategoria aitortuekin bat datozenak: kalitatea edo interes formala eta espaziala, proportziozkoa, itxura eta banaketarena, osaerarena, eraikuntzarena, hirian eta paisaian txertatzearena, eta abar.

Arkitekturaren kasuan bezala, arte plastikoetan funtsezko balioek kategoria funtsezkoak edo kalifikatzaileak hartzen dituzte eta, nahiz eta ez izen oso zehatzak edo modu objektiboan hartzekoak, arte-alorrean askotan erabiltzen dituzte egileek zein kritikariek. Horrela ulertzen dira, esaterako, forma, espazioa, materiala, kolorea, testura, proportzioak, espresioa, indarra, tentsioa, eta horrelako kontzeptuak, baldin eta dagokien diziplina-alorrean obra bat bereizi eta interes artistikoa ematen badiote.

2.– Ondasunaren elementuak babes-maila hauetan sailkatzen dira:

– Babes berezia.

Hau da babes-maila handiena. Babes-maila horretan sartutako ondasun-zatiek babes-araubide honetako hurrengo artikuluan ezarritako funtsezko balio arkitektoniko edo artistiko batzuk dituzte.

– Babes ertaina.

Honek babes-maila ertaina adierazten du. Nahiz eta babes-maila horretan sartutako ondasun-zatiek kultura-balio hautemangarriak izan, balio horiek ez dira ezinbestekoak ondasuna babesteko, eta beraz, esku-hartze malguagoak onar ditzakete.

– Babesik ez dutenak.

Maila honetan sartzen dira kultura-interesik ez duten zatiak, eta beraz, babes-araubiderik behar ez dutenak; halere, horien gaineko esku-hartzeek bermatu behar dute ez dituztela ukituko babestu beharreko elementuak.

– Diskordanteak.

Ondasunaren funtsezko balioei era negatiboan eragiten dieten elementuak dira, eta beraz, ezinbestean izan ezean deuseztatu egin behar dira edo babes-araubide honen arabera onargarriak diren beste batzuekin ordeztu.

3.– Babes-araubide hau interpretatzeko, plazaren jatorrizko arkitekturatzat hartuko da Luis Peña Gancheguik proiektatutakoa, 1975-1976 urteetan eraikia.

7. artikulua.– Balio-edukiak eta elementuen sailkapena.

1.– Funtsezko balioak.

II. eranskinean jasotako ondasunaren deskribapenean eta haren ebaluazioan oinarrituta, honako hauek dira Haizearen Orraziaren plaza eta eskulturak multzoaren funtsezko balioak:

– Eskulturen berezko kalitate artistikoa, eta haiek beraien artean eta paisaiarekin, plazako gunearekin eta inguruko naturarekin duten harremanaren ondoriozko efektu estetikoa.

– Plazaren formen eta eremuen kalitate arkitektonikoa, multzoan zein zatika hartuta, eta sortzen dituen efektu ezberdinak eta sakonak, modu independentean eta eskulturei dagokienez hartuta.

– Plazaren ikuskera formala, hau da, nola haren itxura edo geometria orokorra hala formek eta materialek duten lotura hurbileko ingurune naturalarekin.

– Geometriaren eta plazaren plataformen planoen indar-lerroen indarra eta edertasuna, bai eta zoruen, ertzen eta erremateen koloreena eta testurarena ere.

– Mendi-magalaren presentzia natura-elementu bezala, flyscharen haitzen eta landarediaren azaleratzeak nabarmendua.

2.– Babes bereziko elementuak.

Honako hauek dira babes bereziko elementuak:

– Eduardo Chillidaren burdinazko hiru eskulturak, baita haien haitzezko oinarriak ere.

– Plazaren jatorrizko arkitektura, 4. apartatuko zerrenda jasotako elementuak izan ezik.

– Igeldoko mendi-magal naturala.

– Modu iraunkorrean murgilduta ez dauden haitzezko beheak.

3.– Babes ertaineko elementuak.

Honako hauek dira babes ertaineko elementuak:

– Sarbide-plazatxoa.

– Antiguako kolektorea.

4.– Babesik gabeko elementuak.

Babesik gabeko elementuak hauek dira:

– Jatorrizko arkitekturako honako elementuak: iturria eta goialdeko plataformako eserlekuak, behealdeko plataforman flyscharen geruzen artean kokatuta dagoen galtzada-harrizko horma.

– Babes bereziko, babes ertaineko edo elementu diskordanteen zerrendan jasota ez daudenak.

5.– Elementu diskordanteak.

Honako hauek dira elementu diskordanteak:

– Mendi-magalaren hormigoizko euste-hormaren gainazal tratamendua.

– Mendi-magalaren goialdeko eremuaren egonkortze-tratamenduaren muga antinaturala eta nabarmenegia.

– Plazan ezarritako hormigoizko hesia.

– Plazan eginiko tonu desberdinezko mortero-berrelkartzeak.

– Plazaren diseinuan sartuta ez dauden kutxeta-tapak.

– Sarbide-plazatxoan jarritako altzairu heldoilgaitzezko hiri-altzariak.

– Sarbide-plazatxoaren jatorrizko arkitekturari atxikitako elementuak (terrazako instalazioetako kutxak eta plazara sartzeko arrapala).

8. artikulua.– Garrantzi bereziko elementuak.

Babes bereziko eta ertaineko elementuak monumentu-multzoaren garrantzi bereziko elementuak dira.

3. ATALA
ERABILERA-ARAUBIDEA

9. artikulua.– Erabilera onartuak eta debekatuak.

1.– Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 23. artikuluan xedatutakoa betetzeko, ondasuna osatzen duten eremuen eta eskulturen kontserbazio egokia bermatzen duten erabilerak baino ez dira baimenduko, eta betiere babes-araubide honen 7. artikuluaren 1. eta 2. zenbakietan aipatzen diren oinarrizko balioentzako eta babes bereziko elementuentzako xedatutakoaren arabera.

2.– Aurreko puntuaren ondorioetarako, eremu publikoetako eta hirietako parkeetako berezko instalaziorik gabeko erabilerak dira hiri-ondasunaren erabilera nagusiak, bereziki egonaldiak, atsedenaldiak, kulturalak edo hiritarren topaketak, bai eta horiekin parekagarriak edo bateragarriak direnak ere.

Sarbide-plazatxoaren plataforman bakarrik onartzen da ondasunaren alboko ekipamendu-eraikinari atxikita eta lotuta dagoen aire zabaleko terrazari egun ematen zaion ostalaritza-erabilera. Haren forma eta azalera ezingo dira handitu.

Igeldoko mendi-magalaren landaredia kudeatzea ere onargarria da, betiere babes-araubide honetan ezartzen diren baldintzetan.

3.– Ez dira onargarriak ondasunean zein haren babes-ingurunean plazatik horizontea ikustea oztopatzen duten erabilerak egitea, behin-behinekoak eta helburu interes orokorra dutenak izan ezik.

HIRUGARREN KAPITULUA
BABES-ARAUBIDE ESPEZIFIKOA
1. ATALA
ONDASUNAREN MUGAKETA-EREMUKO ESKU-HARTZEAREN XEDAPEN KOMUNAK

10. artikulua.– Ondasunaren mugaketa-eremuan esku hartzeko baldintza orokorrak.

1.– Ondasunaren gaineko esku-hartzeek plazaren eta eskulturen eremuak eta forma arkitektonikoak ondo kontserbatzea bermatu beharko dute, betiere funtsezko balioei eta babes bereziko elementuei dagokienez araubide honen 7. artikuluaren 1. eta 2. zenbakietan adierazitakoaren arabera.

2.– Honako helburu hauekin egiten diren eraikitze esku-hartzeak bakarrik onartuko dira: ondasunaren mantentzea, hiriko instalazioak hobetzea, plazaren hiri- eta natura-ingurunearen paisaia hobetzea, plazaren behealdeko plataformarako sarbidea hobetzea, eta Igeldoko mendi-magalen ezegonkortasunak eragindako arriskuak direla-eta eremu publikoaren erabilera segurua bermatzea. Edonola ere, esku-hartze hauetatik kanpo geratzen dira bestelako eraikitze esku-hartzeak eta estaldura- edo itxitura-elementuen instalazio iraunkorrak.

Aipatutako esku-hartzeek esku-hartze eremua narriatzen duten eranskinak kentzea hartuko dute barne eta, beharrezkoa bada, babesik ez duten elementuak, bai eta plazaren eta inguruaren ezaugarri arkitektonikoei kalte egiten dieten beste edozein elementu ere.

3.– Pertsonak edo ondasunak arriskuan jartzen dituen egoeretan –luiziak, ekaitzak edo bestelako fenomeno edo gertakari naturalak zein ez– egoeraren urgentziak edo larritasunak eskatzen dituen segurtasun-neurriak hartuko dira ezinbestean.

Nolanahi ere, hartutako neurriak behar-beharrezkoak eta ondasunari ahalik eta kalte txikiena eragin diezaioketenak izan beharko dira. Halaber, administrazio eskudunak egoera ahalik eta azkarren konpontzen saiatuko dira, honako irizpide hauei jarraituz:

– Segurtasuna alde batera utzi gabe, plaza eta haren elementu babestuak jatorrizko egoerara itzuliko dira, larrialdi-egoera bideratu ondoren.

– Errefortzu- edo euste-obra edo -ekintza iraunkorragoak behar badira, babes-araubide honen 12. artikuluan araututako esku-hartze berezitzat hartuko dira.

4.– Taulak edo eraikin arinak muntatzea edo instalatzea eskatzen duten erabileren edo ekintzen kasuan –hesiak, horma mugigarriak, aterpeak, teilapeak, txosnak, oholtzak, estalki arinak edo antzekoak– elementu horiek une zehatz baterako izango dira, apaltasun handienarekin eta behin-behinekotasunean eginak, eta ez da baimenduko babes bereziko elementuak kaltetu ditzaketen ekintzarik (ainguratzeak, zulaketak, eta abar).

Babes-araubide honen 4.5 artikuluan xedatutakoa betetzeko, kultura-ondare gaietan eskumena duten sailen baimena beharko da esku-hartze horiek egiteko.

5.– Ondasunaren gaineko esku-hartze motak eta horien norainokoa babes-araubide honetan zehaztutakoak izango dira, eta ezer egin aurretik, babes-araubide honen 4.5 artikuluaren arabera administrazio eskudunaren aurrean esku-hartze proiektua aurkeztu beharko dute; proiektuaren edukia jarduketen izaeraren eta tamainaren araberakoa izango da.

11. artikulua.– Ondasunaren mugaketa-eremuko esku-hartze proiektuak.

1.– Ondasunaren gainean egin nahi den edozein esku-hartze burutu aurretik, Esku-hartze Proiektua onartu beharko da; proiektua teknikari eta espezialista kualifikatuek egingo dute, eta gutxienez honako eduki hau izango du:

a) Ondasunaren egoerari buruzko azterketa analitiko bat, ondasunaren deskribapena eta haren ezaugarrien eta kontserbazio-egoeraren azterketa hartzen dituena, diagnostikoaren txostena, ondorioak eta esku-hartzeko oinarrizko gomendioak barne hartuta. Azterketa analitikoaren deskribapen-zatiari dituen helburuen araberako eskaletara moldatutako dokumentazio grafikoa atxikiko zaio, xehetasunak, argazki-dokumentazio osoa, plano historikoak, eta abar, eta, hala badagokio, egitura-sistemaren eraikitze zehatza, dimentsionatua eta kotatua. Aipatutako dokumentazio horrekin batera, azalpen-memoria bat erantsiko da, eta, behar izanez gero, dagokion bibliografia.

Azterketa analitikoko altxatzeak eta gainerakoak ondasuna aldi batez jatorrizko egoerara berreraikitzea ahalbidetzeko moduan egingo dira.

Nolanahi ere, kontserbazio-egoeraren azterketak barne hartuko du eragiten duten edo eragin dezaketen patologiei buruzko azterketa eta elementu kaltetuak edo ukituak babesteko erabaki diren neurriak, besteak beste.

Azterketa analitikoa dokumentu autonomo bat izan daiteke, eta proiektuaren eranskin edo separata izan.

b) Dokumentazio grafikoa, eta hor egin beharreko esku-hartzeak, erabiliko diren materialak, lanak egiteko faseak eta bukaerako egoera adieraziko dira. Hori guztia eskala egokian irudikatuko da, aurreko atalean eskatutakoen antzekoetan, gutxienez.

c) Esku-hartzearen helburuak, egingo diren lanak eta erabiliko diren teknikak adierazten dituen dokumentazio idatzia, bertan adieraziz; zer material erabiliko diren, zer egonkortasun duten eta nolakoa izango den gainerako osagarriekiko interakzioa.

d) Mantentze-plan bat, non ondasuna egoera onean mantentzeko teknikak eta bitartekoak zehaztuko baitira.

e) Esku-hartzearen aurrekontua, obrak behar bezala gauzatzeko behar diren teknika eta bitarteko guztiak kontuan hartuta.

2.– Esku-hartze partzialen kasuan, dokumentazioaren garrantzia jarduketa-eremura mugatu ahalko da, baino, nolanahi ere, esku-hartzea kokatu ahal izateko beharrezko perimetroraino handituz eremua; orientazio gisa, esku-hartzearen eremu zehatzetik 6 metrora ezartzen da muga. Instalazioetarako eta abar zangak egin badira, bi metroraino ekar daiteke distantzia hori.

Halaber, dokumentazioak zerikusia duten alderdi orokorrei dagozkien erreferentzia grafiko eta idatzizkoak jasoko ditu, edo hedadura handiagoko guneei edo ondasun guztiari dagozkionak ere, hala nola esku-hartzearen kokapen erlatiboaren planoak, ondasun guztiaren plano orokorrak eta jarduketaren izaera dela-eta beharrezko irizten zaion beste batzuk.

3.– Esku-hartze txikietan, edo aurreko puntuetan aurreikusitako dokumentazio osoa beharrezko ez den kasuetan, hura sinplifikatu ahalko litzateke, esku-hartzearen norainokora egokituta, betiere ondasunaren babesari kalterik egin gabe.

4.– Babes-araubide honen 4.5 artikuluaren arabera, administrazio eskudunak esku-hartze proiektuaren norainokoa zehaztu ahalko du, aurreko puntuetan ezarritako eskakizunen arabera, baina babes-behar eta -helburu zehatzetara moldatuta, betiere arrazoizko proportzionaltasun-zentzua aintzat hartuta.

12. artikulua.– Ondasunaren mugaketa-eremuko esku-hartze bereziak.

Esku-hartze berezitzat hartzen dira, batetik, burdinazko eskulturak eta haien euskarriak ukitzen dituztenak, eta, bestetik, Igeldoko mendi-magalaren egonkortasunari eragiten diotenak.

Kasu bakoitzean, teknikari eta enpresa adituek egin eta ikuskatuko dituzte aldez aurreko azterlanak nahiz txostenak, eta proiektu guztiz espezializatuak eskatzen dira, eta, nahitaez, teknikariez gain arkitektoek eta/edo, esku-hartzearen arabera, kultura-ondare garaikidearen alorrean eskarmentu egiaztatua duten arte-historiagileek hartuko dute parte. Kasu guztietan nahitaezkoa izango da ordezko aukerak aurkeztea, betiere ondasunaren kultura-balioa osorik edo ahalik eta gehien berreskuratzeko helburuarekin.

13. artikulua.– Ondasunaren mugaketa-eremuko esku-hartze txikiak.

Halakotzat hartzen dira honako gai hauen inguruko lanak: ondasuna edo haren elementuen egituraren edo instalazioen zati txiki bat edo garrantzi txikiko zati bat ukitzen duten mantentze-lanak, zaharberritzekoak, kontsolidatzekoak, hobetzekoak, konpontzekoak edo berriztatzekoak.

Esku-hartze horiek ez dituzte inolaz ere kaltetuko edo gutxituko babestu beharreko balioak eta elementuak.

2. ATALA
ONDASUNAREN MUGAKETA-EREMUKO ESKU-HARTZEAREN XEDAPEN ESPEZIFIKOAK

14. artikulua.– Babes bereziko elementuak. Esku hartzeko irizpideak eta baimen daitezkeen esku-hartzeak.

1.– Esku-hartze guztiek babes-araubide honen 6. eta 7. artikuluetan zehaztutako balioen osotasuna ziurtatu beharko dute.

2.– Eskulturak eta haien haitzezko oinarriak. Esku hartzeko irizpideak eta baimen daitezkeen esku-hartzeak.

a) Eskulturak ezin dira kendu kokatuta dauden lekutik, eta, beraz, plazak eta eskulturek osatzen duten Haizearen Orrazia multzoaren destino bera izango dute.

b) Konponketa esku-hartzeak baimenduta daude, eta babes-araubide honen 12. artikuluan jasotako esku-hartze berezien kontsiderazioa izango dute. Esku-hartze horiek ez dute inolaz ere eskulturen eta haien kokapena aldatzea edo hondatzea ekarriko, ezta haien ainguratzeak eta haitzezko euskarriak aldatzea ere.

3.– Babes bereziko plazaren jatorrizko arkitektura. Esku hartzeko irizpideak eta baimen daitezkeen esku-hartzeak.

a). Esku hartzeko irizpideak.

– Mantendu egingo dira plaza konfiguratzen duten bolumenen eta inguratzaileen ezaugarri formalak, orokorrak zein partzialak, hau da, eremuen kotak eta antolaketa edo traza.

– Mantendu egingo da jatorrizko obraren harrizko materiala –testura zimurreko Porriño granito arrosa– bai eta kolorea eta junten morteroa ere; hori hobetu daiteke itsas-ingurunerako gehigarri batekin.

– Mantendu egingo dira aparailuak, junturen neurriak, mendi-magalarekin eta itsas-ertzeko karelarekin batzen den gunearen xehetasunak, eta pieza berezien –kainu-zuloak, horma-txapelak, bufoi artifizialen markoak, eta abar– diseinua.

– Mantendu egingo da bufoi artifizialen kopurua eta kokapena.

– Mantendu egingo dira plaza osatzen duten jatorrizko zatiak, 16.4.b) artikuluan jasotako kasuetan izan ezik.

– Plazaren azalerak garbi mantenduko dira, eta ezingo da jarri haren interpretazioa oztopatuko duen elementu iraunkorrik, atxikirik edo gainezarririk.

– Instalazioak ezkutuan egongo dira, eta dauden formetara moldatuko dira. Erregistroak erraz sartzekoak izango dira eta ahalik eta diskrezio handienarekin egingo dira. Plazako argiteria ahula izango da eta tokiko atmosfera erdi naturala mantenduko da. Luminariak diseinuan txertatuta egon behar dute.

b) Baimen daitezkeen esku-hartzeak:

– Eremu arkitektonikoak osatzen dituzten elementuak konpontzeko, zaharberritzeko eta/edo kontsolidatzeko esku-hartzeak, egoera onenera berriro ekarriz, betiere ondasunaren deskribapenaren eta ebaluazioaren arabera.

– Zoruak, plataformak, harmailak, hormak, karelak, horma-txapelak eta abarren euskarri diren egiturazko eta eraikuntzako elementuak sendotzeko, finkatzeko, konpontzeko eta abar, betiere ez badira aldatzen euskarri diren formak edo elementuak.

– Plazarako sarbidea hobetzeko esku-hartzeak, honako hauek esaterako:

i) Arrapala bat jartzea plazatxoaren sarbidean, beheko plataformara iristeko dagoen desnibel txiki hori gainditzeko. Babes-araubide honen 7.1 artikuluan ezarritako irizpideen arabera diseinatuko da arrapala, hau da, apaltasun handienarekin eta funtsezko balioekiko errespetu osoarekin.

ii) Noizean behin galtzada-harri lodienak arbastatzea, beheko plataformarako sarbidea hobetzeko, betiere zolaren jatorrizko ezaugarriak mantentzen badira. Edonola ere, esku-hartze minimoa izango da, multzoaren interpretazio unitarioa bermatzeko behar adineko azaleran egingo da.

– Plazaren mugaren eta mendi-magalaren egokitzapen txikiak, Igeldoko magala egonkortzeko esku-hartze berezietan aurreikusiak, 12. artikuluan araututa daudenak.

– Plazako instalazioak hobetzeko esku-hartzeak, betiere babestu beharreko elementuak edo ondasunaren kultura-balioa kaltetzen edo hondatzen ez badituzte.

4.– Igeldoko mendi-magal naturala. Esku hartzeko irizpideak eta baimen daitezkeen esku-hartzeak.

a) Esku hartzeko irizpideak:

– Flyscharen geruzen aurrez-aurreko ikuspegia mantenduko da.

– Esku-hartzeek ez dituzte lursaila edo substratu geologikoak ezegonkortuko, bereziki flyscharen geruzak.

– Mendi-magalaren ezaugarri naturalak sustatuko dira.

– Landaredia tratatzean, esku-hartze txikiena egiteko eta ezaugarri naturalak mantentzeko irizpideak erabiliko dira, bai eta ekosistemaren eta paisaiaren aldeko irizpideak eta ezpondak modu mekanikoan finkatzekoak ere. – Baso-masak pixkanaka kendu eta klimara ondo egokituko diren tamaina kontrolatuko zuhaitzak ezartzearen alde egingo da, mendi-magalaren egonkortasuna arriskuan jarriko ez duten teknikak erabiliz.

b) Baimen daitezkeen esku-hartzeak:

– Egonkortzeko esku-hartzeek, zeinek babes-araubide honen 12. artikuluan jasotako esku-hartze berezien kontsiderazioa izango baitute.

– Lorategiak jartzeko eta landaredia kudeatzeko esku-hartzeak.

– Hormigoizko euste-horma paisaian txertatzeko esku-hartzeak.

5.– Modu iraunkorrean murgilduta ez dauden haitzezko beheak. Esku hartzeko irizpideak eta baimen daitezkeen esku-hartzeak.

a) Esku-hartze antropikoa ahalik eta gehien mugatuko da, eta eraikitzeak eta elementuen ezarpen iraunkorrak, ainguratzeak, plataformak, aterpeak eta horrelakoak debekatu egingo dira.

b) Baimentzen diren esku-hartzeak direla-eta agerian dauden haitzezko beheen osotasunari eutsiko zaio.

15. artikulua.– Babes ertaineko elementuak. Irizpideak eta baimen daitezkeen esku-hartzeak.

1.– Sarbide-plazatxoa. Esku hartzeko irizpideak eta baimen daitezkeen esku-hartzeak.

a) Esku hartzeko irizpideak:

– Esku-hartzeak babes bereziko elementuen pertzepzioa eta interpretazioa sustatuko ditu, bai eta hiriaren eta naturaren trantsizio-ingurunea. Ez dira erabiliko plazaren jatorrizko arkitekturarekin eta natura-ingurunearekin kontraste desegokia egiten duten materialak eta formak.

– Ezingo da elementu eraikirik atxiki edo gainjarri jatorrizko arkitekturari, haren interpretazioa oztopatzen badu.

– Hiri-altzariak bisualki txertatuko dira Haizearen Orraziaren plazaren ingurunean.

b) Baimen daitezkeen esku-hartzeak:

– Terraza gisa erabiltzeko eremua berriztatzeko esku-hartzeak, gunea mugatzen duen galtza-harrizko zintarria errespetatuz, zeina babes berezia ezarri zaion plazaren jatorrizko arkitekturaren zati baita.

– Bideak eta oinezkoen eremuak berriztatzeko esku-hartzeak.

2.– Antiguako kolektorea. Esku hartzeko irizpideak eta baimen daitezkeen esku-hartzeak.

Baimena ematen da kolektorea konpontzeko, berriztatzeko edo ordezteko, betiere horrekin zoruaren egonkortasuna edo zazpi aire-zulo edo bufoien funtzionamendua hobetzen bada.

16. artikulua.– Ondasunaren mugaketaren eremuan esku hartzeko baldintza orokorrak.

1.– Babes bereziko elementuei dagokienez, urbanizatutako eta eraikitako ondarea birgaitzeko jarduketak arautzen dituen 317/2002 Dekretuan zaharberritze zientifikorako ezarritako obrak egitea bakarrik onartuko da, babes-araubide honen 10. eta 14. artikuluetan ezarritako esku-hartzeari buruzko xedapenak betetzeari utzi gabe.

2.– Jatorrizko arkitekturaren babesik gabeko elementuak –7. artikuluko 4. zenbakian adieraziak– eraitsi ahalko dira, betiere berreraikitzea ahalbidetzeko dokumentazio nahikoa jasotzen bada.

3.– Ondasunaren mugaketa-eremuan sartutako itsas-aldean debekatuta daude elementuen ezarpen iraunkorrak, ainguratzeak, plataformak, aterpeak eta horrelakoak.

4.– Baimendutako obrak burutzean, honako baldintza hauek bete beharko dira nahitaez:

a) Saihestu egingo dira honako tratamenduak: gainazal-tratamenduak, garbiketa gogorrak egitekoak edo kanpoko testura edo jatorrizko egoeran egon behar duten babes bereziko elementuen akaberaren osaera berreskuraezinean hondatzen dituzten tratamenduak.

b) Zolatuak edo horma babestuak hondatzen badira edo egoera txarrean badaude, horiek finkatzeko teknika posible guztiak hartuko dira aintzat, desmuntaketa edo berreraikitzea saihestuz, aukera posible bakarrak horiek izan ezean; esaterako, zatiak higatzen edo apurtzen direnean.

c) Ondasun babestuan egindako esku-hartze orotan, etorkizunean zaharberritzeko esku-hartzeak oztopatuko ez dituzten teknika eta materialak erabiliko dira.

d) Babestutako ondasuna zaharberritzeko egin beharreko lanak, teknikoki ahalik eta bermerik gehienarekin egiteko gai direla egiaztatzen duten enpresa espezializatuei emango zaizkie.

3. ATALA
ONDASUNAREN BABES-INGURUNEKO ESKU-HARTZEAREN XEDAPEN ESPEZIFIKOAK

17. artikulua.– Babes-ingurunean esku-hartzeko baldintzak.

1.– Babes-inguruneko lehorreko eremuan egin beharreko esku-hartzeek honako zehaztapen hauek bete beharko dituzte:

a) Baimendu daitezkeen esku-hartzeek azterlanetan eta proiektuetan jasota egon beharko dute baimena lortzeko. Lizentzia emateko, aurretik kultura-ondarearen gaietan eskumena duen sailak txostena egin beharko du, Babes-araubide honen 4.5 artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Baimendu daitezkeen esku-hartzeek irizpide hauek hartuko dituzte aintzat:

– Mendi-magalaren egonkortasun geologikoaren baldintzak mantenduko dira, bereziki hezetasunari, pisuari eta presioari dagozkienak, eta ez dira onartuko eraikinen eta orubeen ez eta bideen gaineko jarduketak ere, hondakin-urak eta euri-urak ebakuatzeko sistemaren egonkortasunari kalte eragiten badiete. Ez da onartzen ondasun mugatua koroatzen duten lurretan indusketak edo lur-ekarpenak egitea ere.

– Baso-masak pixkanaka kendu eta klimara ondo egokituko diren tamaina kontrolatuko zuhaitzak ezartzearen alde egingo da, mendi-magalaren egonkortasuna arriskuan jarriko ez duten teknikak erabiliz.

c) Honako esku-hartzeak baimentzen dira:

– Edozein motatako urbanizatze esku-hartzeak, betiere ondasun mugatuaren osotasunari, mendi-magalaren egonkortasunari edo magaleko landare-masa mantentzeari eragiten ez badiete.

– Edozein motatako eraikitze esku-hartzeak, bolumena handitzea eta dagoeneko dauden eraikinen lerrokatzeak eta altuerak aldatzea dakartzatenak izan ezik, betiere ondasun mugatuaren osotasunari, mendi-magalaren egonkortasunari edo magaleko landare-masa mantentzeari eragiten ez badiete.

– Edozein motatako kudeaketa esku-hartzeak, betiere ondasun mugatuari, mendi-magalaren egonkortasunari edo landare-masa mantentzeari eragiten ez badiete.

– Mendi-magalaren egonkortasunari eustea edo hura hobetzea helburu duten esku-hartzeak.

2.– Ondasunaren babes-inguruneko itsas-aldean debekatuta daude elementuen ezarpen iraunkorrak, ainguratzeak, plataformak, aterpeak eta horrelakoak.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala