Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2018ko ekainaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3376

ERABAKIA, 2018ko ekainaren 7koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, Arreta Psikologikorako Zerbitzuaren (AZP) arautegia onartzekoa.

UPV/EHUren Estatutuetako 4.2. artikuluan (2011ko otsailaren 24ko EHAA, 38. zk.), adierazten da unibertsitatearen helburuetako bat dela Unibertsitateko kide guztien errealizazio pertsonal eta profesionalerako bidea eskainiko duten baldintzak bilatzea.

Estatutu horien 154.1 artikuluan, unibertsitateko kideei eskainitako laguntza eta harrera zerbitzuei dagokienean, dio ezen Zerbitzuok, modu deszentralizatuan antolatuta eta eginkizunak ere banatuta izanda, ondoko arloak bultzatuko dituzte, besteak beste, ikasleei harrera egin eta aholku eta orientazioa ematea eta Unibertsitateko kideen osasuna eta ongizatea.

Era berean, Europako Unibertsitate Eremuaren (EUE) barruan eta beren gizarte dimentsioa bermatuko bada, begien bistakoa da neurriak hartu behar direla ikasleen orientazio eta aholkularitzarako zerbitzuak hornitzeko, beren prestakuntza akademikoa ahalik eta hobekien aprobetxatzea ekidinen luketen premia psikosozial eta psikopedagogikoak beteko badira.

UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak, 2008ko urtarrilaren 24an eta estatutuen baitan, onetsi zuen Psikologia Aplikatuko Zerbitzua martxan jarri eta bere arautegi orokorra onartzea. 2012ko ekainaren 12an aldaketak egin ziren SPA/PAZren arautegi orokorrean, UPV/EHUren estatutuetan egindako aldaketak eta Izaera Pertsonaleko Datuen Babeserako abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren onarpenak eraginda.

SPA/PAZn hartutako ikasleen profila, kidego honen sorospen premiak eta Europar Batasunaren datuen babeserako arautegi orokorra (DBAO) indarrean sartu dela kontutan hartuta, agerikoa da arautegi orokor hau ez dela nahikoa zerbitzuak jorratzen dituen egoerak babestu eta erantzunik emateko. Horregatik, aldaketa egin beharra dago bai zerbitzuaren izenean nola bertan garatutako eginkizun batzuetan.

Hori dela eta, Gerentziaren eta lege zerbitzuaren aldeko txostenak eskuratuta, eta idazkari nagusiaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onestea Arreta Psikologikorako Zerbitzuaren (APZ) arautegia, eranskinean jasota dagoen bezala.

Bigarrena.– Agintzea arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila, argitaratu eta hurrengo egunean sartuko delarik indarrean.

Leioa, 2018ko ekainaren 7a.

Errektorea,

NEKANE BALLUERKA LASA.

Idazkari nagusia,

PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.

UPV/EHUKO ARRETA PSIKOLOGIKORAKO ZERBITZUKO (SAP/APZ) ARAUDI OROKORRA

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuetako (2011ko otsailaren 24ko EHAA, 38.a) 4.2 artikuluaren arabera, Unibertsitatearen helburuetako bat da «Unibertsitateko kide guztien errealizazio pertsonal eta profesionalerako bidea eskainiko duten baldintzak» sustatzea.

Aipaturiko Estatutuetako 154.1 artikuluaren arabera, unibertsitateko kideei laguntzeko zerbitzuei dagokienez, «zerbitzuok, modu deszentralizatuan antolatuta eta eginkizunak ere banatuta izanda», ondoko arloak bultzatuko dira, besteak beste: «Ikasleei harrera egin eta aholku eta orientazioa ematea» eta «Unibertsitateko kideen osasuna eta ongizatea».

Bestalde, Europako Unibertsitate Eremuaren (EUE) baitan, haren dimentsio soziala bermatzeko, beharrezkotzat jotzen da ikasleak bideratzeko eta aholku emateko zerbitzuak eskaintzeko neurriak ezartzea, prestakuntza akademikoaren aprobetxamendua oztopa dezaketen premia psikosozialei eta psikopedagogikoei erantzuteko. Bistakoa denez, esku-hartze orokorrak ez ezik, krisi egoeretan egokiak diren esku-hartze espezifikoak ere behar dira premia horiei erantzuteko.

Horiek horrela, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, bere Estatutuen esparruan, Psikologia Aplikatuko Zerbitzua eta bere Araudi Orokorra sortzea onartu zuen 2008ko urtarrilaren 24ko saioan. 2012an, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, maiatzaren 16ko saioan, Araudi Orokorraren aldaketa onartu zuen, gaur egun indarrean dagoena.

Azken boladan gertatutako aldaketak direla eta, egokitzat jo da Araudia berriro aldatzea. Psikologia Aplikatuko Zerbitzuko Zuzendaritza Kontseiluak hala erabaki zuen, 2018ko maiatzaren 10eko saioan, eta honako Araudi Orokor hau proposatu du. Proposatutako aldaketarik garrantzitsuena zerbitzuaren izenari dagokiona da, izen berria Servicio de Atención Psicológica – Arreta Psikologikorako Zerbitzua (SAP/APZ) izanik.

SAP/APZren izaera.

1. artikulua.– Zerbitzuaren izena «Servicio de Atención Psicológica – Arreta Psikologikorako Zerbitzua (SAP/APZ)» izango da.

2. artikulua.– SAP/APZ Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko zerbitzu bat da, eta unibertsitateko kideei laguntza psikologikoa ematea du helburu.

3. artikulua.– Arreta Psikologikorako Zerbitzua Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen mende egongo da, eta hala dagokionean, errektoreorde bat izendatuko da, dagozkion eskumenak gauzatzeko, eskuordetzez.

4. artikulua.– SAP/APZaren egoitza Gipuzkoako Campusean dago, Ignacio Maria Barriola Ikastegian. Hala ere, azpi-egoitza bana sor daiteke Bizkaiko eta Arabako Campusetan.

SAP/APZren eginkizunak.

5. artikulua.– SAP/APZk honako eginkizun hauek ditu:

5.1.– Lehen mailako prebentzio-programak gauzatzea, Psikologiaren arloan, tailer psikoedukatibo formatuan, unibertsitateko ikasleentzat. Lehen mailako prebentzioaren helburua da arazo psikologikoak saihestea eta osasun orokorra sustatzea, arlo akademikoan. Zehazki, gizabanakoek bitarteko pertsonal gehiago izan ditzaten lortu nahi da lehen mailako prebentzioaren bidez, eta pertsonen bizi-kalitatea hobetuko duten jokabide osasungarriak sustatu nahi dira.

Lehen mailako prebentzio-programak gauzatzeko, ikasleen gaitasunak hobetzea helburu duten prestakuntza-jarduerak egin daitezke, unibertsitateko eguneroko bizitzarako oinarrizko trebetasun sozialak sustatzeko, hala nola denboraren kudeaketa egokia, taldeko lan-estrategiak edo bizi-ohitura osasungarriak (tabako-, alkohol- eta beste droga-kontsumoaren prebentzioa, tratu onak harremanetan, etab.), besteak beste.

Tailer hauek taldeka diseinatuko eta ezarriko dira, eta jarraipena izango badute, ebaluatu egin beharko dira.

5.2.– Bigarren mailako prebentzio-programak gauzatzea, tailer psikoedukatibo formatuan, unibertsitateko ikasleentzat. Bigarren mailako prebentzioaren helburua da nahasmendu baten lehenengo faseetako konplikazioak murriztea eta nahasmenduaren iraupena txikitzea. Hain zuzen ere, prebentzio-jarduera hauen helburua da arazoekin edo nahasmenduekin erlazionatutako jokabide arriskutsuak garaiz detektatzea, hasierako fasean aldatu ahal izateko.

Bigarren mailako prebentzio-programak gauzatzeko, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen gaitasunak hobetzea helburu duten prestakuntza-jarduerak egin daitezke, hala nola pertsonen arteko gatazkei, azterketek eragiten duten antsietateari eta abarri aurre egiten irakasteko.

Tailer hauek taldeka diseinatuko eta ezarriko dira, eta jarraipena izango badute, ebaluatu egin beharko dira.

5.3.– Laguntza psikologikoa ematea, hala eskatzen duten unibertsitateko ikasle, irakasle eta AZPkoei.

5.3.1.– Gehienez ere 8-10 saio egingo dira, honako hauek barne: ebaluazioa eta hasierako diagnostikoa, informazioa, orientazioa, babesa, aholkua eta, hala dagokionean, dagokion zerbitzura bideratzea.

5.3.2.– Jasailea beste zerbitzu batera bideratu behar bada, ahal den tratamendurik onena eta ahal diren baldintzarik onenak eskaintzen ahalegindu beharko da. Horretarako, laguntza psikologikorako zentro, zerbitzu eta profesionalen zerrenda bat egingo da, era inpartzialean eta gardenean.

5.4.– Graduko eta graduondoko ikasleentzako praktikak antolatzeko hitzarmenak ezartzea. Unibertsitateko ikasleek kanpoan egiten dituzten praktika akademikoak arautzen dituen uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuak zuzenduko ditu praktika horiek, curriculumeko nahiz curriculumetik kanpoko praktiketarako Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko araudiaren arabera.

6. artikulua.– SAP/APZk beharrezkotzat jotzen dituen jarduera guztiak sustatuko eta kudeatuko ditu bere helburuak betetzeko, honako irizpide hauen arabera:

a) SAP/APZ Psikologia Fakultatearekin eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Prebentzio Zerbitzuko osasun arloarekin koordinatuko da.

b) SAP/APZren jarduerek ez dute irabazi asmorik izango.

c) Erabiltzaileei kalitate goreneko arreta eskaintzen saiatu beharko da, eta pazientearen autonomiari buruzko 41/2002 Legeari jarraiki, haren eskubideak errespetatzen direla bermatu beharko da.

d) Esku-hartze psikologikoetako ebidentzia zientifikoetan oinarritutako ezaguerak erabiliko dira.

e) SAP/APZk arreta handiz zainduko du lanbidean ari diren gainerako kide edo erakundeei bidegabeko lehiarik egiten ez zaiela.

SAP/APZko gobernu organoa.

7. artikulua.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko SAP/APZko gobernu-organoa Zuzendaritza Kontseilua izango da.

8. artikulua.– Zuzendaritza Kontseilua SAP/APZko gobernu-, administrazio- eta kudeaketa-organoa da. Karguagatiko kideak honako hauek izango dira:

a) Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, edo hark ordezkari izendatutako errektoreordea, Zuzendaritza Kontseiluko buru izango dena.

b) SAP/APZko zuzendaria.

c) Psikologia Fakultateko dekanoa.

d) SAP/APZko edozein eginkizunetan lankide gisa arituko den Psikologia Fakultateko irakasle bat.

Gobernu organoaren eginkizunak eta funtzionamendua.

9. artikulua.– Zuzendaritza Kontseiluaren eginkizunak honako hauek izango dira, maila bereko edo altuagoko beste xedapen batzuetan ezar daitezkeen eginkizunei kalterik egin gabe:

a) Zerbitzuak behar bezala eskaintzen direla zaintzea.

b) Zuzendariak eskatuta, ikasturte bakoitzeko Kudeaketa Programa eta Aurrekontu Proposamena onartzea.

c) Zuzendariak eskatuta, ikasturte amaitu berriko Kudeaketa Memoria onartzea.

d) SAP/APZko lankide izan nahi duten irakasleen curriculuma ebaluatzea.

e) Zuzendariak proposatutako programa espezifikoak aztertzea, balioztatzea eta dagozkion erabakiak hartzea.

f) Programa espezifikoen jarraipena egitea eta, hala dagokionean, ebaluazioaren emaitzak kontuan hartuta, programa horiei jarraipena ematea erabakitzea.

g) Zuzendariak proposatuta, SAP/APZko barne-funtzionamenduko arauak eta urteko bileren eta zereginen egutegia onartzea, eta bete daitezen zaintzea.

10. artikulua.– SAP/APZko Zuzendaritza Kontseiluaren erabakien aurka gorako errekurtsoa jarri ahalko zaio errektoreari, eta errekurtsoa ordezkari izendatutako errektoreordeak ebatzi ahalko du.

11. artikulua.– SAP/APZko Zuzendaritza Kontseiluak ohiko eta ezohiko bilerak egingo ditu. Kontseiluko buruak bere kabuz edo gutxienez bi kidek proposatuta horretarako deia egiten duen guztietan bilduko da.

Nolanahi ere, ikasturtea amaitzean behin bilduko da eta ikasturte amaitu berriko Kudeaketa Memoria eta hurrengo ikasturterako Kudeaketa Programa eta Aurrekontua onartu beharko ditu.

Administrazioko legeria orokorrean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan kide anitzeko organoetarako ezarrita dagoenari jarraiki jardungo du Zuzendaritza Kontseiluak.

12. artikulua.– Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo sinplea beharko da. Berdinketa izanez gero, kontseiluburuak kalitateko botoa izango du. Zuzendaritza Kontseiluko kideren batek hala eskatzen badu, botazioa isilpekoa izango da. Gainera, pertsonei eragiten dien guztietan ere isilpekoa izango da.

Aurkako botoa ematen dutenek, edo abstenitu egiten direnek, ez dute erantzukizunik izango Zuzendaritza Kontseiluak hartutako erabakietan. Xede horrekin, botazioa isilpekoa denean, akta idazten ari denari eman beharko dio interesdunak boto-txartela, botazioko unean.

13. artikulua.– SAP/APZko zuzendaria errektoreak izendatuko du, arloan ardura duen errektoreordeak proposatuta eta gainerako instantziek esan beharrekoa entzun ondoren, Psikologia Klinikoa edo Osasun Psikologia Orokorreko espezialitatea duten eta karguak berezko dituen zereginak betetzeko prestakuntza teknikoa eta eskarmentua dituzten Psikologia Fakultateko pertsonen artean. Errektoreak, edozein unetan, izendapena baliogabetu dezake. Era berean, egokitzat jotzen badu, baimena berritu dezake.

Zuzendariak eginkizun hauek izango ditu:

a) Ikasturtearen amaieran, ikasturte amaitu berriko Kudeaketa Memoria eta hurrengo ikasturterako Kudeaketa Programa eta Aurrekontu Proposamena proposatzea Zuzendaritza Kontseiluari.

b) Irakasle lankideek aurkeztu dizkioten prebentzio- eta prestakuntza-jardueren artean egokitzat jo dituenak Zuzendaritza Kontseiluari proposatzea.

c) SAP/APZko barne-funtzionamenduko arauak eta urteko bileren eta zereginen egutegia Zuzendaritza Kontseiluari proposatzea, eta bete daitezen zaintzea.

d) Zuzendaritza Kontseiluko bilerak koordinatzea, idazkari-lanak gauzatuta.

e) Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko beste zerbitzu batzuekin harremanetan egotea, unibertsitateko kideentzat baliagarriak diren lehen edo bigarren mailako prebentzio-jarduerak antolatzeko.

f) Posta elektronikoz edo telefonoz jasotzen diren laguntza psikologiko klinikorako eskariak koordinatzea eta bideratzea, Campusetako terapeutengana bideratzeak kudeatuz.

g) Araudi honetan ezarritako irizpideak betetzen direla zaintzea, SAP/APZko helburuei eta eginkizunei dagokienez.

h) Laguntza klinikoaren datuak biltzea, fitxa protokolizatuaren arabera (III. eranskina), eta dagokion fitxategi partekatuan sartzea kudeatzea.

i) SAP/APZko erabiltzaile guztiei kontsultak amaitzean bidaliko zaien zerbitzuarekiko gogobetetze-inkestaren datuak biltzea eta emaitzak urteko Kudeaketa Memorian aurkeztea.

j) Zuzendaritza Kontseiluari SAP/APZren funtzionamenduaren berri ematea eta hari buruzko zeinahi interpelaziori erantzutea.

Laguntza zereginak.

14. artikulua.– SAP/APZko Zuzendaritza Kontseiluak laguntza-zerbitzuaren eta esku-hartze orokorreko zerbitzuaren irismena zehaztuko du bere premien arabera, eta baita zerbitzu horretan integratuko direnen kopurua eta profil profesionala ere.

15. artikulua.– Zerbitzuan Psikologia Klinikoa edo Osasun Psikologia Orokorra espezialitateetako psikologoak jardungo dira. Edonola ere, laguntza klinikoa emateko Psikologoen Elkargo Ofizialeko kide izan beharko da, eta laguntza kanpoko langile kontratatuek ematen badute, erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatu beharko da.

16. artikulua.– Ikasturte hasieran, SAP/APZko zuzendariak deialdi bat bidaliko die Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko irakasle guztiei, irakasle lankide berriak sartzeko aukera emateko. Nahi duten irakasleek 15. artikuluan zehaztutako espezializazio eta prestakuntza baldintzak bete beharko dituzte, eta lankidetza-eskaeraren fitxa bete beharko dute (I. eranskina).

17. artikulua.– SAP/APZn orientazioa eta arreta psikologikoa ematen duten langileen eginkizunak dira:

a) SAP/APZko datuekiko isilekotasun-konpromisoa izenpetzea (V. eranskina).

b) Zuzendariak bideratutako pertsonak artatzea eta beren ebaluazio diagnostikoa egitea, bakoitzak zer laguntza behar duen zehazteko.

c) Kasu bakoitzean erabakitzen diren saioak gauzatzea (ebaluazioa, aholkularitza, orientazioa, babesa, etab.).

d) Zuzendaritza Kontseiluak SAP/APZko laguntza psikologikoari begira ezarritako gidalerroak betetzea.

e) Hilero zuzendariarekin biltzea, Zerbitzuan eragina duten gauza guztiak antolatzeko: laguntza-zerbitzuaren funtzionamendua, kronograma, ordutegiak...

f) Erabiltzaileei eskura dituzten zerbitzuen berri ematea eta beti beren baimena eskuratzea, idatziz, erabakitako esku-hartzeak gauzatzen hasi aurretik. Baimen informatu pertsonalizatua atxikitako ereduaren arabera idatziko da (II. eranskina).

g) Praktiketako programa baten baitan kontsultan ikasleak egotea beharrezkoa denean, horren berri ematea erabiltzaileei, eta onartzeko edo ezetz esateko eskubidea dutela jakinaraztea. Erabakia baimen informatuaren dokumentu pertsonalizatuan adierazi beharko da (II. eranskina).

h) Erabiltzaileen artapenean sortutako informazio garrantzitsua eta dokumentu guztiak historia klinikoetan sartzea. Historia klinikoan dauden datu pertsonalak bakarrik tratatu ahal izango dira jaso diren helburuetarako eta beti ere errespetatuz datuak babesteko indarrean dauden aurreikuspen legalak eta arauak.

i) SAP/APZko erabiltzaileei Zerbitzuarekiko Asebetetze Inkesta (IV. eranskina) bidaltzea arreta psikologikoa amaitzean.

j) Tailer psikoedukatiboei dagokienez, azken memoria egitea eta Zerbitzuko zuzendariari ematea.

18. artikulua.– SAP/APZk datuak eman ditzake ikerketa-proiektuak edo lanak gauzatzeko, baldin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Gizakiekin lotutako Ikerketarako Etika Batzordeak (GIEB) proiektuaren aldeko txostena egin badu eta SAP/APZko Zuzendaritza Kontseiluak onartzen badu datuak ematea.

19. artikulua.– SAP/APZk aurrekontu bat izango du, arloan ardura duen Errektoreordetzak esleitutakoa.

20. artikulua.– Araudi honen bidez SAP/APZri agindutako zereginek ez diote kalterik egingo araudiak Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Prebentzio Zerbitzuari agindutakoei.

21. artikulua.– SAP/APZk Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko edozein Zerbitzu edo Zuzendaritzari lagun diezaioke, bere eginkizunak betetzeko laguntza eskatuko balu. Horretarako, dagozkion mekanismoak ezarriko dira.

22. artikulua.– Araudi hau aldatu nahi bada, berau onartzeko behar izan diren tramite berberak bete beharko dira, kontuan hartuta aldatu nahi diren edukiak Errektoregoaren zer arlori dagozkion. Araudia aldatzeko proposamenak aurrera egitekotan, Zuzendaritza Kontseiluaren onespena beharko du. Aldaketa onartuz gero, Zuzendaritza Kontseiluak dagozkion errektoreordetzei aurkeztuko die proposamena, haiek izapideak egin ditzaten.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

2012ko maiatzaren 16an Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartu zuen Psikologia Aplikatuko Zerbitzuko Araudi Orokorra indargabetuta gelditu da.

AZKEN XEDAPENA

Araudi hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala