Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2018ko ekainaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2989

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 22koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez baimentzen baita Vitoria-Gasteizko udalerriko (Araba) «Suzanne» Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren jarduerak bertan behera uztea.

Aztertuta geratu da Vitoria-Gasteizko udalerriko «Suzanne» Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren titularrak hasarazitako espedientea, ikastetxe horren jarduerak bertan behera uzteko baimena eskatzen zuena.

Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarreko arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio, eta arlo horretan eskumena duten erakundeek horri buruzko txostena eman dute.

Arau hauek ikusi dira: apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua, araubide orokorreko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak eskaintzeko baimenak ikastetxe pribatuei emateari buruzkoa (apirilaren 9ko BOE); apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua aldatzen duen otsailaren 12ko 131/2010 Errege Dekretua (martxoaren 12ko BOE), eta arlo horretan aplikatu beharreko gainerako legeak. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematen da ikastetxe pribatu honen jarduerak bertan behera uzteko:

Kode-zenbakia: 20014209.

Izen generikoa: Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatua.

Izen espezifikoa: «Suzanne».

Titularra: María Jesus Bermúdez Olano.

Helbidea: Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea 27 A.

Udalerria: Vitoria-Gasteiz.

Lurralde Historikoa: Araba.

2. artikulua.– Jarduerak eteteko baimenak 2017-2018 ikasturte-amaieratik aurrera izango ditu ondorioak, eta une horretan baja eman beharko zaio Ikastetxeen Erregistroan daukan inskripzioari. Egun horretatik aurrera ondoriorik gabe geratuko dira ikastetxeari Lanbide Heziketako ikasketak irakasteko baimena ematen zioten aginduak.

3. artikulua.– Ikastetxe hori berriro irekitzea eskatzen bada, nahitaez bete beharko dira ikastetxeak baimentzeari buruz indarrean dauden xedapenetan jasotako aginduak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 22a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala