Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2018ko ekainaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2986

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 4koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa «04 Calero» eremurako.

AURREKARIAK

2017ko urriaren 20an, Barakaldoko Udalak «04 Calero» eremurako Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (aurrerantzean, Plana) Aldaketa Puntualari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko eskaera egin zion ingurumen-organoari, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategiko bat aurkeztu zituen, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zuena. Gainera, ingurumen-agirian, agiri hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2018ko urtarrilaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza; Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza eta Ingurumen Zuzendaritza; URA Uraren Euskal Agentzia, IHOBE Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoa; Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Kostaldearen eta Itsasoaren Jasangarritasun Zuzendaritza Nagusia, eta, herritar interesdun gisa, Bizkaiko Ekologistak Martxan, Ugatza Ornitologia Elkartea eta Lanius Ornitologia Elkartea.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, honako hauen txostenak jaso dira: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza; Ingurumen Zuzendaritza Nagusia eta Ondare Kulturaleko Zerbitzua, biak Bizkaiko Foru Aldundiarenak; URA Uraren Euskal Agentzia; eta Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Kostaldearen eta Itsasoaren Jasangarritasun Zuzendaritza Nagusia.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko erraztutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Aipatutako 6.2 artikuluak zehazten duenez, besteak beste, 6.1 artikuluan aipatutako programetan eta planetan aldaketa txikiak egiteko, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin beharko da; horretarako prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, eta V. eranskinean ezarritako irizpideak bete beharko dira.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo horrek baitu eskumena, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak HAPBren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta berau aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek ikusi dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen hirugarren xedapen iragankorra; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Barakaldoko Udalak sustatutako «04 Calero» eremurako Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

A.– Planaren deskribapena: Helburuak eta jarduerak.

Planaren xedea Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) ezarritako egitura-arloko zehaztapen batzuk egokitzea da, indarreko baldintzetan bideraezintasun ekonomikoa saihesteko eta Udalak aintzat hartzen dituen azpiegitura-jarduketaren helburuekin bateragarri egiteko (FEVEren trenbidearen trazaduraren zati bat estaltzea eta ibaiertzeko pasealeku bat sortzea). Planean honako proposamen hauek egin dira:

– Eremuko mendi-hegalaren goialdeko lurzoruak alde batera uztea. Aldapa handia duenez, eta ibilgailuentzako edo oinezkoentzako sarbiderik ez duelako, eta egingarria ez delako, proposatzen da Zubileta kalearen eta A-8 autobidearen artean dagoen mendi-hegalaren zerrenda bat eremutik kanpo uztea.

– FEVEren trenbidearen trazaduraren iparraldeko tartea estaltzea eta Sistema Orokorreko bidea doitzea, trenbidearen ekialdean iparraldetik hegoalderaino jarriko den ardatz berri batek Zubileta kaleko ardatza ordeztu dezan.

– Erreserba-eremua zabaltzea ibaiertzeko pasealekua egiteko eta Kadagua ibaia ubideratzeko.

– Hirigintza-eraikigarritasuna handitzea. Proposatzen da indarreko HAPOak esleitutako 39.500 m2(e)-ren hirigintza-eraikigarritasunari beste 15.400m2(e) gehitzea; horietatik 14.630 m2(e) etxebizitza-erabilerarako bideratuko dira eta gainerakoa, hots, 770 m2(e) ekipamendu tertziariorako eta merkataritza-ekipamendurako bideratuko da.

Halaber, Planean proposatzen da eremuaren antolamendu xehatua gauzatzea. Proposatzen da etxebizitzen 4 bloke eta zuzkidura-bizitokira bideratutako eraikin bat eraikitzea. Azaleraren gainerakoa berdeguneetarako eta espazio librerako, komunitate-ekipamenduko lurzati baterako eta trenbidearekin eta bide-sistemarekin lotutako sistema orokorretarako bideratuko da.

Eraikuntza bereizteko banda bat ezarri da Kadagua ibaiaren ibilgutik hasita. Era berean, eraikuntza eta Irauregi-Lutxana trenbide-trazadura bizitegi-zonara sartzeko bide berri batek bereizten ditu. Zona horrek egungo Zubileta kalea ordezten du partzialki. Bizitegi-zona dagoen lursailak bete egingo dira eraikuntzarako beharrezkoak diren kotetaraino iritsi arte, Kadagua ibaia bereizten duen banda igaro ondoren, + 8tik trenbide-trazadurak jartzen duen + 13ra bitarteko kotekin.

B.– Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua. Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

Planak ezartzen dituen baldintzatzaileek kontuan hartu beharko dute Planaren eremuko lursailak itsas-lehorreko jabari publikoaren, igarotze-zortasunaren eta babes-zortasunaren eraginpean daudela.

Jabari publikoko lursailetan proposatzen diren jardunek gaikuntza-titulua izan beharko dute, eta, nolanahi ere, Kostei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen 111. tituluan ezarritakoa hartuko dute kontuan.

Berdeguneen eta espazio libreen sistema orokorrari eta tokikoari dagokionez, lurren mugimendu garrantzitsu bat egingo da bi plataforma erregular eratzeko. Horri dagokionez, Kostaldeari buruzko Erregelamendu Orokorraren 47.2 artikuluan ezarritakoa hartuko da kontuan. Artikulu horretan lur-erauzketetarako eta lubetetarako baimenduta dauden gehieneko altuerak eta ezpondak behar bezala tratatzeko modua aipatzen dira. Dena den, zona horretan baimentzen diren erabilerak lotuta egongo dira dagokion autonomia-erkidegoaren organoaren baimenari, alde batera utzi gabe kostaldeari buruzko araudi sektorialean arautzen diren nahitaezko txostenak.

Modu espezifikoan saneamendurako, ibaiertzaren pasealekuan jarritako kolektore berriak babes-zortasunetik kanpo jarriko dira. Era berean, euri-uren hustubideei buruzko planoetan ikusten da Kadagua ibaira bideratzen direla. Horri dagokionez, itsas-lehorreko jabari publikoko lursailak hartzen dituzten instalazioek eta saneamendu-eroanbideek gaikuntza-titulua izan behar dute, eta proiektatutakoen bideragarritasuna dagokion okupazio-titulua ematearen mende egongo da. Dena den, lehendik daudenak nahiz proposatzen direnak Kostaldeari buruzko Legearen 44.6 artikuluan ezarritako mugei lotuta egongo dira.

Halaber, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazi du Planaren eremuan eraikuntzak tokian-tokian babesteko proposamenak dituzten eraikuntzak daudela: 113. Bazigorta Zubileta etxea 21; 122. Kareaga Zaharra etxea, 15-17-21; 123. Kareaga Zaharra etxea, 16 eta 114. Bazigorta Zubileta etxea. Eta gomendatzen dute haietan egiten diren obren baldintzatzaileek haien bolumetria, kanpoko itxura eta oinarrizko banaketa tipologikoa nahiz egiturazkoa errespeta ditzatela, egituraren material generikoari eutsiz, esku-hartzeen honako kategoria hauek erreferentziatzat hartuta: Sendotzea eta/edo Zaintzea eta Apaintzea, Ondare Urbanizatu eta Eraikia Birgaitzeko Jarduketa Babestuei buruzko 317/2002 Dekretuaren 1. eranskinean («Birgaitzeko esku-hartzeak») definitutakoari jarraikiz; halaber, Zaharberritzeko esku-hartzeak ere egin ahal izango dira.

b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Indarreko HAPOak ezarritako baldintzetan bideraezintasun ekonomikoa saihesteko eta Udalak aintzat hartzen dituen azpiegitura-jarduneko helburuekin bat etortzeko (FEVEren trenbide-trazaduraren zati bat estaltzea eta ibaiertzeko pasealeku bat sortzea), Planaren helburua Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarritako egitura-zehaztapen batzuk egokitzea da. Aurreikusten da horrek ez duela inolako eraginik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Badira Planaren alderdi batzuk ingurumen-gogoetaren integrazioa hobetu dezaketenak:

– Planaren garapenean zehaztasunez aztertu beharko dira dauden beharrak eta aurreikusitako garapenak gehiegi handitzea edo gutxi erabiltzea saihesteko. Proposamenak mugatu beharko dira beharren eta programazio-epeen arabera.

– Plana aplikatzea ibaiaren ondoko eremuetan natura berpizteko aukera izan daiteke, eremu horretako ekosistema natural propioak berreskuratuz, esaterako padurak edo ibai-ertzak eta ibilguak. Eremu horiek, udalerriko azpiegitura berdea izango liratekeenak, garrantzizko egitekoa izan dezakete ibaiaren eremuaren funtzionalitatea leheneratzeko, igarobide ekologiko gisa, ibaiaren ingurunean biodibertsitatea hobetzeko edo klima-aldaketaren ondoriozko egoeretan uholdeak izateko arriskuei aurre egiteko.

– Bizitegi-eremuko sarbiderako mugikortasun jasangarria bultzatu beharko da, garraio pribatua erabili ordez garraiobide jasangarrien erabilera sustatuz.

– Planak aintzat hartu beharko du garapen-plangintzan bizitegirako urbanizazio-proiektuaren paisaia-integrazioko azterlana dokumentazio gehigarri modura jasotzeko aukera, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeari buruzko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

d) Ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak. Beste hainbat gairen artean, hauek izan beharko dira kontuan:

– Kadagua ibaia bisoi europarraren interes bereziko eremua da espezie hori kudeatzeko planean ezarritakoaren arabera. Plan horren 10. artikuluaren arabera, interes bereziko eremuetan espeziea kontserbatzeko edo berreskuratzeko edozein plan edo proiektu, baldin eta zuzeneko edo zeharkako eragin handia badu, Bizkaiko Foru Aldundiaren Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren Ondare Naturalaren Zerbitzuaren nahitaezko txostenaren eraginpean egon behar du.

– Kontuan hartu behar da identifikatutako lurzatiak daudela (kodeak: 48013-00049; 00075 eta 00088) lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan eta Dekretua eguneratzeko zirriborroan identifikatuta daudenak. Horregatik, esku hartu aurretik, lurzoruaren kalitatearen ikerketa bat egiteko eskatu beharko da. Planean adierazten da lurzoruen erabilera aldatu egingo dela leku horietan; horregatik, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikulutik 31. artikulura bitartekoen arabera, lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedurari hasiera eman beharko zaio. Horretarako, miaketazko ikerketari dagokion txostena eta, hala badagokio, ikerketa xehatua igorri beharko da ingurumen-organora; erakunde egiaztatu batek egin beharko du txosten hori, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egin behar dituzten ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

– Azterlan Akustikoan lortutako emaitzek adierazten dute azterlanaren eta trenbide-linearen eremua zeharkatzen duten bide-azpiegituretatik eratorritako emisio akustikoek aurreikusitako lurzoruaren erabilerarako kontrako gisa balioetsi daitezkeen immisio akustikoko mailak sortzen dituztela. Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikulua aplikatuz, etorkizuneko hirigintza-garapenak babes akustiko bereziko zona deklaratu ahal izango dira, betiere etorkizuneko hirigintza-garapenaren inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren esparruan neurri zuzentzaileak ezartzen badira aipatutako Dekretuaren III. tituluaren II. kapituluko zehaztapenei jarraikiz. Ondoren, babes akustiko bereziko eremuaren deklarazioak zonako plan bat izan beharko du. Plan horretan kutsadura akustikoa murrizteko garatu behar diren jardunen multzoa bilduko da, zona horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak lortzeko jardunak, hain zuzen ere.

– Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren 45. eta 47. artikuluetan (2015-2021), zortasun-eremu horretan baimenak emateari buruzkoetan, ezarritako zehaztapenak hartu beharko dira kontuan. Era berean, Kostaldeari buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legean, hura garatzeko erregelamenduan (urriaren 10eko 876/2014 Errege Dekretua) eta, hala badagokio, martxoaren 13ko 43/2007 Dekretuaren bitartez onartu zen EAEko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana (LAP) ezarritakoa hartuko beharko da kontuan.

– Uholdeak izateko arriskuari dagokionez, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan (2015-2021) ezarritako zehaztapenak hartuko dira kontuan, baita Uholde Arriskua Kudeatzeko Planak (UAKP) (2015-2021) ezartzen dituen neurriak ere.

Zehazki, azterlan hidrauliko bat gehitu beharko da, bizitegi-erabilerarako bideratutako lokalak 500 urtean behingo uholde-kotaren gainetik daudela egiaztatzen duen eta kota hori lortzeko egin beharko diren betelanek, uholderik izanez gero, ez dietela hirugarrenei eragingo egiaztatzen duen azterlana, hain zuzen ere. Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren 14. gehigarrian (2015-2021) ezarritako irizpide teknikoak hartu beharko dira kontuan.

– Ur-hornidurari eta saneamenduari dagokienez, Uraren Euskal Agentziak azterketa egiteko, Plana izapidetzeko dokumentazioan Erakunde Kudeatzailearen dokumentazioa gehitu beharko da. Dokumentu horretan justifikatu beharko da behar adinako azpiegitura eta ahalmena duela aurreikusitako garapenetatik eratorritako eskaera berriei aurre egiteko edo, haiek nahikoa ez badira, zentzu horretan sor daitezkeen arazoak konpontzeko aurreikuspenak dituela, eta beste txosten bat proposatutako konexioa zona horretan dagoen saneamendua konpontzearekin bateragarria dela ziurtatzeko, konexioa egiteko leku egokia zehaztuz.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Europar Batasuneko edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta kalteak paira ditzakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, ez da aurreikusten Planak ondorio adierazgarriak izango dituenik ingurumenaren gainean, betiere gauzatzen diren jardunak eta jarduerak indarreko araudia eta ondorengo atalean ezarriko diren neurri babesle eta zuzentzaileak kontuan hartuta egiten badira.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, txosten honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua.

– Lurren eta soberakinen kudeaketa: obrak hasi aurretiko jarduketa gisa, landare-lurraren geruzaren kentze selektiboa egingo da aldatuko diren alorretan. Proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea:

– Obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzeko berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek), eta itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

– Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Urak babestea: Kadagua ibaiko urak babesteko neurri gisa, ibaiaren ibilgutik ahalik eta urrunen egongo dira bilketa-eremuak eta instalazio osagarrien eremuak, eta areka perimetralaren bidez urak biltzeko sistemak izango dituzte: areka perimetral horrek jariatze-urak zolatatik kutxatila bateraino bideratuko ditu, eta kutxatila hori, urak, isuri baino lehen, tratatuko dituen hidrokarburo-filtro batera konektatuko da. Ibaiaren eremu hurbilenekoetan eta lurrak mugitzen hasi baino lehen, jardun-proiektuak aurreikusiko du neurriak ezartzea solidoak (dekantazio-tangak, sedimentu-tranpak edo filtroak, kasu) ibai-sarera arrastatzea minimizatzeko.

– Fauna eta landaredia babestea: Landarediarekin zerikusia duten neurriei dagokienez, obrak amaitu eta gero, zolatu gabeko eremuak eta obrek kaltetutakoak landareztatuko dira. Landareztatu behar den inguruneko berezko landarediaren espezie autoktonoekin egingo da landareztatzea. Batik bat haltzadi kantauriarreko beste espezie batzuk landatuko dira erasandako ibai-ertzetan. Halaber, eremua lorategiz hornitzeko, lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuko gomendioak hartuko dira kontuan. Beharrezko landareztatzeak gorabehera, neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk deskribatzen dira landarediaren gaineko eragina minimizatzeko; esaterako, honako hauek:

– Obrak hasi baino lehen eta horien zuinketak dirauen artean, ibilbide sakon bat egingo da erasandako azaleran honako hauek detektatu eta markatzeko, baldin eta halakorik balego: aurreikusitako lanak oztopatzen ez dituzten zuhaitzak eta, behar bezala babestuz gero, kontserba daitezkeenak edo, behar izanez gero, birlandatu daitezkeenak.

– Ahal dela baliabide mekanikoak erabiliz kenduko dira sastrakak, herbiziden erabilera minimizatuz.

– Flora inbaditzaileari dagokionez, eremuan asko zabalduta dauden Cortaderia selloana eta Buddleja davidii espezie inbaditzaileak eta identifika daitezkeen beste espezie batzuk errotik kentzeko jarduketak egingo dira. Bizkaiko Foru Aldundiko Jasangarritasun eta Ingurune Naturalaren Saileko Natura Ondarea Zaintzeko Zerbitzuaren gomendioei jarraituko zaie, haien barreiadura saihesteko.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat, zehaztea ez dela aurreikusten «04 Calero» eremurako Barakaldoko HAPOaren aldaketa puntualak eragin garrantzitsurik izatea ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Barakaldoko Udalari ebazpen honen edukia jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, «04 Calero» eremurako Barakaldoko HAPOaren Aldaketa Puntuala onartuko ez balitz. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 4a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala