Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

57. zk., 2018ko martxoaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1527

EBAZPENA, 2018ko otsailaren 28koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Plastigaur SA eta Balfer Norte SLk sustatzen duten Andoaingo HIE 48 Illarramendi eremuko urbanizazio-proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzen duena eta ingurumen-inpaktuaren azterlanaren irismeneko dokumentua lantzen duena.

EGITEZKO AURREKARIAK

Andoaingo Udalak 2017ko urriaren 23an osatu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari egindako eskabidea Plastigaur SA eta Balfer Norte SLk sustatzen duten Andoaingo HIE 48 Illarramendi eremuko urbanizazio-proiektuari buruzko Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazio Sinplifikatua has zedin, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak xedatzen duenaren arabera.

Eskaerarekin batera, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.1 artikuluan aipatzen duen ingurumen-agiria bidali zen, 2016ko azaroko datarekin.

2017ko azaroaren 30ean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, eta haien eskura jarri zuen proiektuaren ingurumen-agiria, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoaren arabera, ebatzi ahal izateko aipatutako proiektuaz ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar ote litzatekeen.

Zehazki, erakunde eta interesdun hauei egin zitzaien kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritzarenak horiek guztiak; Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza Nagusia, Uraren Euskal Agentzia, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, IHOBE eta Ekologistak Martxan-Gipuzkoa.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan aurreikusten duen epea amaituta, honako hauek bidali dituzte txostenak: Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza; URA-Uraren Euskal Agentzia, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa eta IHOBE; espedientean daude jasota horien emaitzak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburutzat hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan xedatzen duena, haren II. eranskinean azaltzen denarekin lotuta, aintzat hartuz, ingurumen-inpaktu sinplifikatua izango dute industrialdeen urbanizazio-proiektuek.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatzen dena betez, ingurumen-organoak ebatzi du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua burutzeko egin behar dena, eraginpean dauden administrazio publikoak eta interesa duten pertsonak galdekatuz.

Txostenak jasotzeko xedatutako epea igaro ondoren, nahikoa judizio-elementu dituela iritzirik, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideak kontuan harturik, ingurumen-organoak osorik baloratu du proiektua, ingurumenaren gain ondorio adierazgarriak izateagatik ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazte aldera, aipatutako arauaren 47.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Bestalde, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaionean, arauaren 47.2.a) artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-organoak kontuan hartu beharko ditu 46. artikuluaren arabera egindako kontsulten emaitzak, eta ez da beharrezkoa izango kontsulta berriak egitea ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentua egiteko.

Proiektuko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio (erakunde eskuduna baita Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998ko Lege Orokorraren arabera), Ingurumena eta Lurralde Politikarako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematea. Bertan, aipatutako proiektuak ingurumenean kalte esanguratsuak izan ditzakeen aztertuko da eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion aztertuko da eta, halaber, ekiten zaio ingurumen-inpaktuaren azterlanaren irismeneko dokumentua idazteari.

Hauek ikusirik: 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskadiko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorra; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak; horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea Plastigaur SA eta Balfer Norte SLk sustatzen duten Andoaingo HIE 48 Illarramendi eremuko urbanizazio-proiektua dela eta, ebatziz proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duela, eragin nabariak dituelako ingurumenean, jarraian azaltzen ditugun arrazoi hauengatik:

A.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren xedea da 91.280 m2-ko eremu bat sortzea jarduera ekonomikorako, hiru plataforma bereizten direlarik haren baitan. Lehenengoa, ia erabat horizontala da eta eremuaren mendebaldeko erdian kokatzen da, jarduera ekonomikorako bost lurzati ditu eta bi gune libre; ibilgailuen trafikorako eta oinezkoentzako bide bat du ardatz, eta haren trazatua ia zuzen-zuzena da eremuaren luzetarako norabidean. Bigarren plataforma, aurrekoaren alboan dagoena, maldan dago (+59/+67), eta hara heltzen da bai bide nagusiaren bitartez eta bai A 15etik +67ko kotan legokeen sarbidetik. Zonalde horretan beste bide bat dago, bide nagusiarekin zut datorrena eta jarduera ekonomikorako bi lursail-zatiren simetria-ardatza egiten duena. Ipar-ekialdean dagoen sarbidearen zonaldean bi zelaigune proposatzen dira aparkalekuak egiteko. Hirugarren plataforma ere maldan dago (+61/+78) eta eremuaren ekialdeko muturrean kokatzen da. Jarduera ekonomikoak, bizilekuak (lehendanik dauden bi etxebizitza kontsolidatu egiten dira eta eraitsi behar diren eraikinak ordezteko bi lursail zehazten dira), komunitate-ekipamenduak eta zerbitzu-azpiegiturak dira lurzati horretan aurreikusten diren erabilerak. Plataforma horren hegoaldeko muturrean ere aparkaleku bat proposatzen da.

Beraz, esan daiteke «HEI 48 Illarramendi» eremuko urbanizazio-proiektuaren ezaugarria dela egin beharko den indusketa ikusgarria beharko diren betelan txikien aldean; zenbatesten diren bolumenak lirateke 354.583 m3 indusketa-lanetan eta 64.680 m3 betelanetan; ondorioz, 289.903 m3-ko lur-soberakin bat geratzen da, kanporatuta kudeatu beharko dena.

Lur-mugimenduen, eraispenen, drainatzeen eta maldak egonkortu eta lurrei eusteko lanez gain, proiektuak aurreikusten dituen beste jarduketa garrantzitsuak dira saneamendu- eta edateko ura eta energia elektrikoa eramateko instalazioak, hala nola telekomunikazio- eta argiteria publikoko instalazioak eta zolaketa. Saneamenduari dagokionez, esan daiteke euri-uren saretik datorren isuria Ziako errekara egiten dela; eremuaren hegoaldetik doa erreka, lurperatuta, ekialdetik mendebalderako noranzkoan.

Eremuaren kanpoaldean ere aurreikusten dira obrak sarbide berriak egin ahal izateko (haietako bat biribilgune berri batetik izango litzateke).

Lanak egiteko aurreikusten den epea 24 hilabetekoa da.

B.– Proiektuaren kokapena.

Illarramendi eremua Andoaingo hirigunearen iparraldean aurkitzen da; bizileku- eta industria-eremuak ditu mugakide (HIE 24 Eguzkialde, bizileku-erabilera duena; HIE 32 Ikutza eta HIE 33 Ama Kandida Industrialdea, erabilera industrialekoak) hegoaldetik, A-15 autobidea iparraldetik eta mendebaldetik, eta landa-eremu bat ekialdetik. Eremuaren erdian Plastigaur enpresaren lurzati industriala dago.

Eremuko lursailen erdiak, gutxi gorabehera (4,3 ha), landa-eremuetan ohikoak diren jardueratarako erabiltzen dira (segarako belardiak larrerik gabe, fruta-arboladiak eta baratzak).

Eremuaren azaleraren herena inguru (2,5 ha), ekialdean, zuhaitz hostozabal gazteek edo adin ertainekoek hartzen dute. Sahatsak (salix atrocinerea) dira gehienak, baina urritzondo (Corylus avellana) ugari ere badaude, eta banakago, lizarrak (Fraxinus excelsior) eta haritzak (Quercus robur), eta sasiakaziak (Robinia pseudoacacia) ere badira.

Kutsatuta egon daitezkeelakoan inbentarioan zerrendatuta dauden lurzoruak dituen zonalde batean kokatzen da proiektua, eta, iparraldean, akuiferoak kutsatzeko oso zaurgarria izan daitekeen lurzoru-zirrinda bat du.

Ziako erreka eremuaren hegoaldetik doa, lurperatuta, ekialdetik mendebalderako noranzkoan.

C.– Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak.

Aipagarria da landarediarekiko duen eragina, landaredi autoktonoa duen azalera nabarmena desagertzen baita. Ingurumenaren leheneratzeak 0,9 ha-ko birlandaketa aurreikusten du, eta desagerraraziko den hostozabaleko baso nahasi autoktonoaren azaleraren (2,5 ha) herena baino asko gehiago ez du egiten.

Bestalde, lur-mugimenduek oso munta nabarmeneko eragina erakar dezakete geomorfologiarako. Esparruaren morfologia berria gauzatzeak erakarriko du lur-soberakinen bolumen handia (289.902 m3 inguru) sortuko dela. Ingurumen-dokumentuak adierazten duenez, soberakinak betelanak egiteko eramango dira, Hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzeko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak xedatzen duen eran hartarako baimena izango duten lekuetara.

Gainera, proiektuak zuzenean eragiten die kutsatuta egon daitezkeenen inbentarioan jasota dauden bi saili. Leku horietan, adierazten denez, lurzoruaren kalitatearen adierazpena egiteko prozedura abiarazi beharko da, eta, lur-mugimenduei ekin aurretik, ingurumen-organoaren onespena eduki beharko da.

Ingurumen-dokumentuan zehazten denez, obra-aldian sortzen den lur-balantzearen desoreka, izaera negatiboa, iraunkorra, sinplea, zeharbidezkoa, itzulezina, errekuperagarria, jarraikorra eta larria duen eragina da, eta beharrezkoak dira zuzenketa-neurri intentsiboak, esate baterako, betelanak egiteko baimena, eta kutsatuta egon daitezkeen sailen kasuan, haietan egin beharreko lur-mugimenduen onespena eta ziurtagiria duen enpresa batek egindako jarraipena. Hondar-eragina garrantzitsua dela balioztatzen da, soberakinen bolumen handiagatik, 289.902 m3-tan zenbatesten baitira.

Edonola ere, ingurumen-organoak harraraz baditzake ere hainbat neurri (esate baterako, udalerrian bertan andeatuta dagoen zonalde bat lehengoratzea, interesa duten landaredietan pairatuko den galera konpentsatze aldera), ezinezkoa da proiektuak dituen ingurumen-inpaktu garrantzitsuak erabat desagerraraziko dituen neurriak proposatzea. Bereziki, kutsatuta egon daitezkeelako inbentarioan jasota dauden sailen kutsadura-maila erreala zein den ez jakiteak, akuiferoak kutsatzeko oso kalteberatasun handia duen zonalde bat egotearekin uztartuta, eta erabilgarriak izan daitezkeen soberakinak betelanetan erabiltzeko kokalekuen hautaketarako aurreikuspenik ez izateak ezindu egiten du soberakin-bolumen ikusgarriaren kudeaketarako prebentzio- eta zuzenketa-neurri eraginkorrak proposatzea.

Beraz, aintzat hartu arren sustatzaileak proposatzen dituen babes- eta zuzenketa-neurriak, eta kasuan kasuko sektoreen baimenetan ezar daitezkeenak, ezin da baztertu proiektuak ingurumenean eragin negatibo nabarmenak erakartzea.

Bigarrena.– Deliberatzea sustatzaileak proposatzen dituen babes- eta zuzenketa-neurriak, eta kasuan kasuko sektoreen baimenetan ezar daitezkeenak aintzat hartu arren, ezin dela baztertu proiektuak ingurumenean eragin negatibo nabarmenak erakartzea eta, beraz, beharrezkotzat jotzen dela Plastigaur SA eta Balfer Norte SLk sustatzen duten Andoaingo HIE 48 Illarramendi eremuko urbanizazio-proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren txosten arrunta egin behar izatea.

Hirugarrena.– Erreferentziako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentua prestatzea, ebazpen honen I. eranskinean adierazten diren terminoetan.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia, bai Andoaingo Udalari, bai proiektuaren sustatzaileari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 28a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

ERANSKINA

Andoaingo HIE 48 Illarramendi Eremuko Urbanizazio Proiektua.

Irismeneko dokumentua: ingurumen-inpaktuaren azterketaren zabalera, eta xehetasun- eta zehaztasun-maila.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketak bete egin beharko ditu, gutxieneko edukiei eta egiturari dagokienez, 3/1998 Legeak, otsailaren 27koak, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorrak, eta 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoak, xedatzen dituztenak.

Aurrekoarekin bat etorriz, garatzen diren atalek eskema metodologiko honi erantzun behar diote:

a) Proiektuaren deskribapen orokorra eta denboran zehar lurzoruaren erabilerari eta bestelako natura-baliabideei buruzko aurreikuspenak. Isuritako hondakin-motak eta kopuruak eta ondoriozko materia- edo energia-emisioak balioestea.

b) Aztertutako aukera nagusien azalpena, zero aukera –proiekturik ez egitea, alegia– barnean dela, eta hartutako irtenbidearen alde egiteko arrazoi nagusien justifikazioa, ingurumenaren gaineko ondorioak kontuan izanda.

c) Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskripzioa.

d) Ingurumen-inpaktuen identifikazioa eta balioespena: Proiektuak, zuzenean nahiz zeharka, biztanleriaren, giza osasunaren, floraren, faunaren, biodibertsitatearen, geodibertsitatearen, lurzoruaren, zorupearen, airearen, uraren, faktore klimatikoen, klima-aldaketaren, paisaiaren eta ondasun materialen gain, ondare historiko-artistikoa eta arkeologikoa barne, izan ditzakeen eraginen ebaluazioa. Halaber, arreta jarriko zaio faktore guztien arteko elkarreraginari, proiektua gauzatu, ustiatu eta, hala badagokio, eraitsi edo bertan behera uzteko fase guztietan.

e) Ingurumenean eragiten diren ondorio kaltegarriak prebenitu, zuzendu, eta, hala badagokio, konpentsatzeko aurreikusi diren neurriak.

f) Ingurumena zaintzeko programa.

g) Azterlanaren laburpena eta ondoriok, erraz ulertzeko moduan. Hori egitean izandako informazio- edo teknika-zailtasunen txostena, zailtasunik izan bada.

Ondorengo ataletan xehetasun gehiagorekin garatu da ingurumen-inpaktuaren azterketak gutxien-gutxienez izan behar duen irismena, proposatutako jarduerak eta horien eragina jasango duten ingurumenaren alderdiak kontuan hartuta, burututako kontsulten emaitzak ikusita.

1.– Proiektuaren eta haren egintzen deskripzioa.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak xehetasun-maila nahikoa duen proiektuaren deskribapen bat izan behar du barne, bai eta denboran zehar aurreikusi daitezkeen beharren azalpen bat, lurzoruaren eta bestelako baliabide naturalen erabilerari dagokionez. Halaber, kalkulatu behar du jardueren ondorioz sortuko diren materia- edo energia-hondakin, jario eta emisioen mota eta kopurua eta, zehazki, ingurumen-baldintzetan eragin garrantzitsuak izan ditzaketen ekintzak identifikatu behar ditu azterketa xehatu baten bitartez, bai gauzatze-fasea eta baita funtzionamendu-fasea ere aintzat hartuz.

Ingurumen-inpakturen bat izan dezaketen proiektuko ekintza guztiak identifikatu behar dira, neurri babesgarri eta zuzentzaile egokienak hartzen direla bermatzea helburu dela.

Saihestu eta zuzendu nahi diren kalteak, bai proiektuak proposatutako jardueratik beretik, bai berezkoak zaizkion jarduera osagarri guztietatik etor daitezke, bereziki, honako hauetatik: lehendik ere dauden sarbideak egokitzetik, obrarako instalazio lagungarriak eta material-hornidurak kokatu eta ezartzetik, eta soberakinak kudeatzetik.

Jarduera guzti hauek xehetasun-maila nahikoarekin definitu beharko dira proiektua gauzatzeak ingurumenean izan ditzakeen efektuak kalkulatzeko, prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiak diseinatu ahal izateko, hartara hautemandako ingurumen-inpaktuak modu eraginkorrean murriztu, desagerrarazi edo konpentsatzen direla bermatuz.

Aurrekoa kontuan hartuz, eta ebaluatzen ari den proiektuaren ezaugarriak ikusita, besteak beste, honako alderdi hauek xehetasunez azaldu beharko dira:

• Proiektuaren eremuaren kokalekua eta mugaketa.

• Jarduketaren zehaztapena. Proposatutako ordenamenduaren ezaugarriak. Guztizko azalera-beharrak.

• Zehaztu beharko da lurzorua kutsa zezaketen jarduketak izan dituzten lurzatietan izan dezakeen eragin-maila norainokoa den, eta azaldu beharko da haietako bakoitzean nolako interbentzioa aurreikusten den.

• Lur-mugimenduak: lur-mugimenduak egiteko lanen deskribapena, egiteko modua eta, behar izanez gero, materiala bazterrera emateko eta bitarteko metaketarako aurreikuspenak. Lur-mugimenduaren balantzea zehaztuz, hala badagokio:

– Ekarpenak: hala badagokio, zenbatuz proiektua gauzatzeko beharrezkoak izango diren ekarpeneko materialak. Obratik kanpoko materialaren bolumenaren zenbatekoa. Material horien jatorria eta ezaugarriak. Ekarpenak lortzeko zonak identifikatzea. Hala badagokio, jarduketa horiek sorrarazten dituzten eraginak, eta eragin horiek minimizatzeko aurreikusten diren zuzenketa-neurriak eta kontrolak.

– Soberakinak: obra-ingurunetik kanpo kudeatu beharreko indusketa-lanen soberakinen zenbaketa. Material horiek kudeatzeko proposamena, soberakinen biltegiak kokatzeko dauden hautabideak eta, hala badagokio, aukeratu den soluzioaren justifikazioa, jarduketa horiek sorrarazten dituzten eraginak, eta eragin horiek minimizatzeko aurreikusten diren zuzenketa-neurriak eta kontrolak. Soberakinak garraiatzeko aukeratu diren ibilbideak, lurrak biltegiratzeko garraioek sorrarazten dituzten ondorioak aztertuz.

Soberakin berriak biltegiratu beharra aurreikusten bada, kontuan hartu beharko da horretarako proiektuak Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzeko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak agindutakoaren arabera egin behar direla eta, beraz, dekretu horren 26. artikuluan zehazten diren ur- eta biodibertsitate-gaietan eskuduntza aitortzen zaien organoen txosten nahitaezko eta lotesleetatik eratortzen diren emaitza, baldintza eta neurriak ere jaso behar direla haietan. Hautaketa hori egiterakoan aintzat hartu beharko dira Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak landutako Betelanak egiteko irizpideak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren web-orrialdean ikus daitezkeenak.

• Obra-aldian sortuko diren hondakin-mota eta haien kantitate eta kudeaketari buruzko informazioa, bereiziz lurzorua kutsa dezaketen jardueren kokaleku izan diren lurzatien indusketetatik datozenak. Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortzen diren hondakinak, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatu beharko dira, eta dekretu horren 4. artikuluak, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuak aipatzen duten Hondakin Kudeaketako Plana idatzi beharko da.

• Non kokatuko diren obrarako instalazio lagungarriak: makineria-parkeak, lurrak eta obrarako materialak metatzeko esparruak, hormigoi-makinak eta kamioien gurpilak garbitzeko guneak, bulegoen eta langileen instalazioak, e.a. Saihestu beharko da jarduera horiek puntu zaurgarrienetan ipintzea (Ziako errekaren ingurumarietan, kultura-intereseko ondasunen inguruan eta etxebizitzetatik hurbil, e.a.).

• Zerbitzu-hornidura: euri-urak drainatzeko sarea, saneamendu-sarea, ur-hornidura, elektrizitatearena, gasarena, telefonia-sarea, argiteria, e.a., xehetasun nahikoaz aztertu ahal izateko, ingurumenaren ikuspegitik, aurreikusten diren trazatuen egokitasuna eta obra horietako bakoitzaren ezaugarri orokorrak. Aurreikusten diren trazatuen oinplanoko planoak eta sekzioak, zehaztuz, gainera, non izango diren sare orokorrekiko harguneak.

• Obra-aldian sortuko diren hondakin-uren aurreikuspena: haien jatorria, emariaren zenbatespena, proposatzen diren arazketa-sistemak (non kokatuko liratekeen eta diseinu-parametroak) eta azken isurketaren kokalekua.

• Obra-aldiko partikula-isurketak atmosferara. Zehaztu beharko dira proiektuko zein jarduketa eta fase izango liratekeen atmosferara partikula-materialak isuri ahalko lituzketenak.

• Obra-aldiaren tasun akustikoak. Zehaztu beharko dira proiektuaren zein jarduketak eta fasek eta zein makineriak sor ditzaketen zarata-maila aipagarriak.

• Obra-aldiko trafikoa, aurreikusten den trafikoaren zenbatespena eta aukeratu diren ibilbideak, zehaztuz obrek norainoko eragina izan dezaketen egungo trafikoan eta nolako eragozpenak eratortzen diren.

• Eten eta berrezarri beharrean aurki daitezkeen zerbitzuak (elektrizitatea, ur-hornidurarako eta -saneamendurako sistemak, telefonia-sarea, gasa, e.a.).

• Aurreikusten den obra-iraunaldia eta obraren plana (haren faseetako bakoitzaren iraunaldia, halakorik balego).

• Argi-isurketak. Urbanizazio berriaren argiteria-proposamenak arrazoitu beharko du kale-argiztapenaren erabilpen eraginkorra egiten duela.

• Ingurumenerako, osasunerako eta ondasun materialetarako arriskutsuak diren jarduketak egoteko aukera zehaztea.

Atal horretako informazioarekin batera, edukiak hobeto ulertzeko beharrezkoak diren proiektuaren eskalako planoak emango dira, proiektatutako jarduketen oinplanoko planoak, luzetarakoak eta zeharkakoak barne. Proiektuaren ezaugarriei buruzko bestelako informazio grafikoa ezetsi gabe, ondorengo planoak aurkeztu beharko dira:

– Egin behar diren jarduketen oinplanoko planoa.

– Bideen ezaugarriak: trazatua eta sekzioak.

– Jarduketen eraginpean dauden zerbitzuak eta haien berrezarpena.

– Eraispenak.

– Obraren instalazio lagungarrien eta haietarako irispideen kokapen-planoak.

– Soberakinen meta-lekuaren edo -lekuen kokapen-planoak eta haietarako irispideenak.

– Hala badagokio, ekarpen-guneen kokapen-planoak, eta haiekin zerikusia duten azpiegiturenak.

– Drainatze-sarearen planoak (ur-bilketarena, gurpil-garbiketarena, isurketa-puntuenak, e.a.).

2.– Hautabideen azterketa eta erabakitako konponbidearen justifikazioa.

Ingurumen inpaktuaren azterlanak teknikoki bideragarriak diren aukeren artean ingurumen aldetik aukera aproposenak aztertu behar ditu, horien balorazio konparatiboa eginez, zero hautabidea edo ez jarduteko aukera barne; proposatutako aukera argudiatu egin beharko da, eta jarduketen dimentsio eta hedadurari zein horietako bakoitzerako konponbide teknikoei egin beharko die erreferentzia. Aukera onena hautatzean irizpide anitzeko azterketa global bat euskarri gisa izan beharko dugu; bertan aintzat hartu beharko dira alderdi ekonomikoak ez ezik, baita gizarteari eta ingurumenari dagozkion alderdiak ere. Aintzakotzat hartuz Illarramendi esparrurako proposatzen den ordenamenduak bere garaian Ingurumenaren Gaineko Eraginaren Ebaluazio Bateratua izan zuela «Hiri Antolamenduko Plan Orokorra» onetsi zenean, urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak kontuan hartu behar ditu arestian aipatu dugun ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratu horren emaitzak eta, bide batez, halaber, urbanizazio-proiektu horren xede diren sektoreetarako proposatutako ordenamenduari buruzko aukeren analisiak eta azken finean hobetsitako soluzioaren arrazoibideak. Horretarako, azaldu beharko dira hartutako soluziobidea aukeratzea arrazoitu zuten irizpideak eta argudioak eta, hala balitz, jaso beharko da prozesuan zehar agertu diren desadostasunen azalpen bat.

Hautabideen analisiak barnebildu beharko ditu bai urbanizazio-proiektuaren baitan eraikuntza- edo trazatu-aukera ezberdinak izan ditzaketen alorrak (zerbitzu-sareak, bideak eta urbanizazioari atxikitako beste azpiegitura batzuk), eta baita obrak sorrarazitako indusketa-soberakinen kokapenari buruzkoak ere.

Kontuan izanik Ziako erreka lurperatuta dagoela esparruaren hegoaldean, ekialdetik mendebalderako noranzkoan, bideragarria izan daitekeen zatietan hura aire zabalean agerian ipintzea zilegitzen duten hautabideak hobetsi beharko dira.

Atala bukatzeko, hautatutako aukera argudiatu egin beharko da, eta bermatu egin beharko da hautatutako aukera teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarria dela, eta ingurumenaren osagaiei ahal bezain kalte txikiena eragiteko ahalegina egin beharko da.

3.– Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskripzioa.

Atal honetan inguruaren azalpena burutu beharko da, elementu baliotsuenak nabarmenduz eta proiektuko ekintzek gehien eragin ditzaketenak ere bai. Abenduaren 9ko 21/2013 Legeak xedatzen duenarekin bat etorriz, jarduera egin aurretik lekuaren egoera eta ingurumen baldintzak aztertuko dituen txostena ere izan behar du, baita oraingo ingurumen egoera eta ebaluatzen den proiektutik eratorritako jarduketaren ondoriozko egoera konparatzeko azterlan bat ere.

Ingurumen-inbentarioa atalez atal baloratu beharko da. Balorazio horretan, elementuen garrantzi erlatiboa aztertuko da erreferentzia esparru baten barnean (herri mailan, eskualdekoan eta abar).

Kasu guztietan, datuak eskuratzeko iturri dokumentalak adieraziko dira, material bibliografikoak izan, norberak prestatuak edo bestelakoak.

Orokorrean, ingurumen-inbentarioaren azalpena modu laburrean egingo da, ingurumen-inpaktuaren azterketaren ikuspuntutik ekarpenik egiten ez duten azalpen orokorrak ekidinez, eta proiektuak ingurumenean izan litzakeen eraginak ulertzeko behar dena kontuan hartuz.

Aurrekoa ezetsi gabe, proiektuaren eraginpean dagoen eremuaren ezaugarriak ikusita, ingurumen inbentarioak honako alderdiak hartuko ditu barne:

Geologia eta geomorfologia

• Proiektuaren afekzio-eremuaren ezaugarri geologiko eta geomorfologikoak. Baldintza geoteknikoak.

Eremuan dauden biozenosien eta ekosistemen deskribapena

• Eraginpean dauden landare- eta fauna-komunitateak: ezaugarriak, kontserbazio-maila eta egitura-konplexutasuna, espezie bereizgarriak, enblematikoak edo deigarriak, e.a.

Lurrazaleko eta lurpeko hidrologia

• Akuiferoen zaurgarritasuna.

• Urbanizazio-lanen eraginpean aurkitu daitezkeen ur-guneen eta hornidura-sistemen inbentarioa egingo da (urak biltzeko, biltegiratzeko eta banatzeko sareak).

• Ziako errekaren karakterizazioa eta egungo egoeraren balorazioa.

Kutsatuak egon daitezkeen lurzoruak

Proiektuaren esparruan detektatu dira zenbait esparruak, Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuak xedatzen duenean barneratuta egon daitezkeenak, hain zuzen ere 20009-00014 eta 20009-00084 kodeak daramatzatenen pean, hurrenez hurren haietan egikaritu direlako inprimategi- eta kautxuzko eta plastikozko gaien fabrikazio-lanak eta energia elektrikoa banatzekoak. Ingurumen-inpaktuaren azterlanak zehaztu beharko du proiektuaren esparruan kutsatuak egon daitezkeen lurzoruak direlako identifikatuta daudenen eragina, eta argibideak eman beharko ditu indusketa-lanen eraginpean egongo diren materialen karakterizazioaz eta haien kudeaketara aurreikusten denaz. Hori guztia, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak xedatutakoaren arabera, lurzoru kutsatuen alorrean ezarrita dauden betebeharrak ezetsi gabe.

Eremuan gutxienez bi gune daudenez kutsatuak egon daitezkeen lurzoruak dituztenak, lurzoru horien kalitateari buruzko ikerketa egin beharko da eta, behar izanez gero, adierazi beharko da lurzoru horien kalitate-deklarazioak nola dauden.

Zaratak

Azterlanak aintzat hartu beharko ditu HIE 48 Illarramendi Eremuko Plan Partzialaren hirigintza-izapidean egindako eragin akustikoko azterlanaren emaitzak eta, hala badagokio, haren proposamenak. Bermatu beharko da proiektuak bete egiten dituela esparruaren kalitate akustikoari buruzko helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak xedatutakoaren arabera.

Planoak

Jarduketa-eremuaren ingurumen-inbentarioaren alderdi garrantzitsuenen irudi kartografikoak lortu beharko dira, hala eskala orokorrean nola xehatuan, eta kasu bakoitzean erabili den eskala adierazi beharko dute.

Halaber, sintesi-kartografia bat prestatu beharko da ingurumen inbentarioko elementu nabarmenenak bertan jasoz.

Kasu guztietan, datuak eskuratzeko iturri dokumentalak adieraziko dira, material bibliografikoak izan, norberak prestatuak edo bestelakoak.

4.– Inpaktuen identifikazioa eta balioespena.

Ingurumen-inbentarioko elementuen eta eraginak sor ditzaketen proiektuko ekintzen arteko elkarreraginaren ondorio izango da eraginen identifikazioa eta balorazioa. Afekzioaren munta zenbatesteko, kontuan hartu beharko dira proiektuak zuzenean nahiz zeharka eragindako baliabideen kalitatea eta kantitatea. Obra-aldian eta funtzionamendu-fasean eragindako inpaktuen arteko bereizkuntza egin beharko da.

Eraginen identifikazio eta balorazio hori ongi arrazoitu beharko da kasu bakoitzean, horretarako Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean adierazitako terminologia erabiliz. Kasu honetan, funtsean honako hauek konparatu beharko dira: egungo egoera eta etorkizunean izan daitekeena, neurri zuzentzaileak hartuta.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan, baloratzeko erabilitako metodologiak eta balioeste-metodoak zehaztu beharko dira. Erabilitako adierazle edo parametroak aipatu beharko dira, ahal den heinean oro har onartutako arauak edo azterketa teknikoak erabiliz, eragin mota bakoitzaren arabera mugako balioak edo gida-balioak ezartzeko.

Bereziki, eta bestelakoak ezetsi gabe, proiektuaren ezaugarriak eta eraginpean dagoen ingurumenarenak aintzat hartuta, ingurumen-inpaktuaren azterketak balioetsi beharko ditu gutxienez natura-ondarearen gaineko afekzioekin zerikusia duten ingurumen-inpaktuak, batez ere esparruan dauden baso-sail autoktonoen gainekoak eta lurzoru natural eta balio agrologiko handiko eremuen eraldaketa dela eta aurreikusten den afekzioa. Halaber, balioetsi beharko da lurrazaleko nahiz lurpeko uren kalitatean izan dezakeen eragina. Era berean, balioetsi beharko dira aurreikusten diren soberakinen biltegien ingurumen-inpaktuak. Kontuan hartu beharko da, orobat, proiektuak klima aldaketari dagokionez izan dezakeen efektua, eta zer eragin izango duen proiektuak giza osasunaren eta lasaitasun publikoko baldintzen gain, bereziki, lanak egiten ari diren bitartean. Sei hilabete baino gehiagoko iraupena izango dutela aurreikusten den lanetan, eragin akustikoari buruzko ikerketa bat egin beharko da, egoki diren neurri zuzentzaileak zehazteko.

5.– Babes-neurrien, konpentsazio-neurrien eta neurri zuzentzaileen proposamena.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak azaldu beharko ditu, inguruneko elementu bakoitzerako, ingurumen-inpaktu kaltegarri nabarmenak murrizteko, desagerrarazteko edo konpentsatzeko proposatutako neurriak, proiektuaren hautabide bakoitzean. Espero diren inpaktuen garrantziaren arabera proposatu eta dimentsionatu beharko dira neurri horiek.

Neurri babesgarri eta zuzentzaileen proiektua behar bezain xeheki idatzi beharko da, ingurumenaren babesa eta neurri horiek hartzea gomendagarria egiten duten helburu espezifikoak beteko direla bermatzeko moduan. Era berean, proiektuaren aurrekontuan jaso beharko dira neurri babesgarri eta konpentsatzaileei aurre egiteko behar diren diru-partida guztiak.

Zehazki, ondorengo informazio hau eman beharko da, ebazpen honen aurreko ataletan galdatutako analisien arabera proiektuan sartu behar diren neurri zuzentzaileen aplikazioa albora utzi gabe:

Natura-ondarea babesteko neurriak

• Obren eraginpeko eremua balizatzea, sarbide osagarriak, metatzeak, e.a. barne, obrak balizatutako eremua ez gainditzeko moduan.

• Zuhaitzak eta mantendu behar diren gainerako elementuak seinalatu eta babestu egin beharko dira, haien kontserbazioa bermatu ahal izateko.

• Neurriak hartu beharko dira eraginpeko eremuan ager daiteken flora aloktonoaren inbasio-prozesuak ekiditeko.

• Konpentsazio-neurriak aurreikusi beharko dira landaredi autoktonoaren galera dela eta.

Obra-aldian egungo sistema hidrologiko eta hidrogeologikoaren babeserako neurriak hartu beharko dira

Kontuan hartu beharko dira xede hauetara bideratutako neurriak:

• Metatze-guneen eta eremu osagarrien kokaleku egokia, zuzeneko nahiz jario bidezko afekzioa saihesteko ibai- eta akuifero-sisteman.

• Makina-parkeak eta instalazio lagungarriak egokitzeko neurriak (iragazgaiztea, drainatze-sarea,...).

• Obra-eremuetan, eta batez ere indusketa-lanetako materialekin kargatutako kamioiak ibili behar dutela aurreikusten den irtenbidetan, ibilgailuak garbitzeko instalazioak ipini beharko dira dekantazio-putzuekin konektatuta. Azterlanak azaldu beharko ditu elementu horien ezaugarriak, kokapen zehatza eta tamainaren justifikazioa.

• Drainatze-sarearen proposamena, proiektua garatzeko fase bakoitzaren arabera; uneoro bermatzeko ustiategian sortutako isurketa guztien bilketa, solidoen atxikipen optimoa eta isurketa lokalizatua, indarrean dagoen araudiaren araberakoa betiere.

Paisaian integratzea errazteko neurriak

• Birlandaketa-proiektuaren deskribapena. Proiektua egikaritzen den azalera guztietan aplikatu beharrekoa izango da proiektu hori. Obrak eraginpean hartutako landare-estalki iraunkorra izateko moduko azalera guztien landare-estalkia leheneratzea hartu beharko du aintzat birlandaketa-proiektuak. Zonaldean bertakoak izan litezkeen espezieekin egin beharko da birlandaketa.

• Birlandaketa-proiektuak jaso beharko ditu bere memorian proposatzen diren tekniken zergatia, hautatu diren espezieak, landaketa-dentsitateak, landareen tipologia, hidroereintzen osaera eta dosiak eta lurzoru begetalaren lodiera.

• Flora aloktonoaren inbasio-prozesuak ekiditeko neurriak, kontuan hartuz lur-mugimenduek erraztu dezaketela landare-mota horien zabalkundea.

Biztanleriari eragindako afekzioak eta eragozpenak murrizteko neurriak

• Obra-aldian zarata-mailak minimizatzera bideratutako neurrien proposamena.

• Atmosferaren kalitatea –hautsen, zaraten, usainen ekoizpena barne–, eta eremuaren irisgarritasuna eta iragazkortasunarekin zerikusia duten beste eragozpen batzuk ekiditearekin lotutako neurrien proposamena.

• Obrako lanen ordutegia, makineriaren zirkulazio-abiadura, e.a. mugatzea.

Hondakinak kudeatzeko neurriak

Obra-aldian hondakinak kudeatzeko proposamena. Bilketa-, biltegiratze- eta tratamendu-sistemen deskribapena. Eraispen- edota urbanizazio-proiektuetan etorri beharko du haiei buruzko Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketari buruzko azterlana, ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuak agintzen duen eran.

Kutsatutako lurzoruen kudeaketa

6.– Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa bat eratuko da. Programa horren helburu nagusia, ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate helburuak beteko direla bermatuko duen sistema bat ezartzea izango da, bertan adierazitako jarraibideekin eta neurri zuzentzaileekin batera.

Programaren helburuak zehaztuko dira eta, helburu bakoitzarentzat, jaso beharreko datuak, erabili beharreko metodologia, neurketa-puntuak (puntu horiek zehazki kokatzeko egoera-planoa eta krokisa barne) eta neurketen maiztasuna ere adieraziko da.

Kalitate-baloreak legediak zehazten dituen muga-balioen edo balio-giden araberakoak izango dira, edota oro har onartutako azterketa teknikoen araberakoak. Hala ere, proiektuak eragindako eremuaren xehetasun eta ezaugarriek hala eskatzen badute, balio zorrotzagoak ezarri beharko dira beharrezkoa irizten den parametroetan.

Era berean, dagokion aurrekontua gehitu beharko da, behar bezainbat banakatuta, proiektuaren garapenetik eratorritako eraginen jarraipen egokia egin ahal izateko.

Proiektuari buruz eta proiektuak inguruan duen eraginari buruz jasotako datuen ondorioz beharrezkoak diren kontrolez gain, programa honek jarraian adierazitako kontrolak izan beharko ditu:

• Obraren okupazio-mugak kontrola.

• Ziako errekaren gaineko afekzioen kontrola.

• Obrako jardunbide egokien kontrola, honako hauek saihesteko: hondakin-isurketak; lurzoruaren edo uren kutsadura, olio-jarioen, zementu-esneen eta lur-mugimenduen ondorioz, eta proiektuaren afekzio-eremuko biztanle-guneetako biztanleei eragozpenak sortzea, zarataren, hautsaren eta abarren ondorioz.

• Kutsaturik egon daitezkeen lurzoruen indusketa kontrolatzea.

• Uraren kalitatea kontrolatzea sedimentazio-instalazioetatik irteterakoan, eta obren eraginpeko uren kalitatea.

• Indusketa materialak eta lur mugimenduak kontrolatzea.

• Sortutako hondakinen kudeaketa kontrolatzea.

• Paisaia lehengoratzearen arrakastaren kontrola.

• Zarata kontrolatzea obrak egiteko aldian eta funtzionamendu-aldian.

• Aurreikusitako neurri prebentibo, zuzentzaile eta konpentsatzaileen eraginkortasuna egiaztatzeko beste kontrol batzuk.

7.– Ingurumenaren gaineko eraginaren azterketaren laburpena.

Laburpen dokumentu bat idatzi beharko da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean ezarritako ezaugarriekin. Dokumentuan labur-labur eta jendeak ulertzeko moduan jaso beharko dira proiektuaren izaerari buruzko informazioa, proiektuak inguruneari eragiten dion modua, eta aurreikusitako inpaktuak saihesteko eta/edo minimizatzeko proposatutako neurriak. Era berean, agirian dokumentazio grafikoa sartzea gomendatzen dugu, jendeak informazio zehatzagoa jaso dezan.

Beharrezkoa balitz, ingurumen-inpaktuaren azterketa egiterakoan antzemandako zailtasun tekniko edo informatiboen berri emango da.

Dokumentazioa aurkezteko jarraibideak

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.3 artikuluan aurreikusten duenarekin bat eginez, zenbait egiaztapen burutu ondoren, organo sustantiboak helaraziko dizkio ingurumen-organoari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko eskabidea, sustatzaileak aurretiaz egina duena, eta hari atxikitako dokumentuak.

Ingurumen-organoaren egitekoa, prozeduraren fase horretan, funtsean, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena egitean datza, aipatu arauaren 41. artikuluan xedatzen denaren arabera.

Jarraibide hauek zehazten dira ingurumen-organoak eskabidea berrikustea erraztu ahal izateko eta, azken finean, ahalik bizkorren eta erosoen eman ahal izateko aurkeztu den eskabideari buruzko ebazpena.

Bestalde, jarraibideak lehenik organo sustantibora bideratzen badira ere, garrantzitsua da proiektuaren sustatzaileak ere haien ezaguera edukitzea eta dagokion guztian betetzea.

1.– Ingurumen-adierazpenaren eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentuek koherentzia egokia gorde beharko dute, bai haien artean bai aurrez aurkeztu direnekiko, halakorik bada, erabakia hartu behar duten administrazio-organoen lana errazteko eta ez eragozteko moduan.

2.– Arreta berezia jarri beharko da kasu bakoitzean dokumentu teknikoen atalak haien artean erlazionatzea ahalbidetzen duten datuak adieraztean (esaterako, atal batean proiektuko ekintzak deskribatzen badira eta beste batean ekintza horiek eragindako ingurumen-inpaktuak, bi kasuetan ekintzak izen berarekin aipatu beharko dira). Prozedura industrialek, ekipamenduek eta instalazio lagungarriek izen berberak eduki beharko dituzten aurkezten den dokumentazio guztian eta, behar izanez gero, kodetu egin beharko dira.

3.– Beharrezkoa bada, datuak zein iturritatik lortu diren adierazi beharko da.

4.– Dokumentazio grafikoa eta kartografikoa sartu beharko da, behar bezala geoerreferentziatuta, beharrezkoa den ataletan.

5.– Plano guztiak beren kodeekin eta edukia azaltzen duten izenburuekin identifikatu behar dira. Halaber, honako hauek adierazi beharko dira: irudikatutako datuak zuzen interpretatzeko behar diren azalpenak eta sinboloak; eskala grafikoa eta numerikoa, inprimatzeko formatua adierazita; sinadura eta noiz egin den. Kodea eta izenburua sustatzaileak egoki deritzonak izango dira, baina geroago aipatuko dugun artxiboaren izenarekin ez da nahasi behar hori.

Jatorrizko eskalatik murriztutako planoak aurkeztuz gero, zuzendu egin beharko da planoan jatorrian adierazitako eskala, aurkeztutako planoan oinarritutako neurketek ez dezaten akatsik izan.

6.– Testuetan zehar aipaturiko eranskin, irudi, plano edo argazki guztiak dokumentazioarekin batera aurkeztuko dira. Erreferentzia horiek, dagokion elementua (kodea eta artxiboaren izena, gutxienez) erraz aurkitzeko moduan egingo dira.

7.– IKS-eem sistemaren bidez aurkeztu beharko da eskabidea, aplika daitezkeen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailaren webgunean eskura daitezkeen fitxak eta formularioak erabilita (atxikita doaz estekak).

7.1.– Dokumentuak.pdf formatuko artxiboetan aurkeztu beharko dira, artxibo bakoitza gehienera 30 MBekoa delarik eta bilaketak egitea zilegitzen dutelarik. Tamaina handiagoko artxiboak zatitu egin behar dira sisteman txertatu ahal izateko.

Logotipo, goiburu eta orri-oinetan kolorerik ez erabiltzea gomendatzen da; behar-beharrezko kasuetan soilik erabiliko da –planoak, diagramak, eta abar–, alegia, koloreak informazio jakin bat ematen duenean.

7.2.– Orokorki, artxiboak «Dokumentu Administratiboak» deitu atalean txertatu beharko dira IKS-eem sisteman. Nahitaezkoak ez diren dokumentuak direnean, edo artxibo bat baino gehiago behar denean dokumentu bat aurkezteko, «Hautazko dokumentuak» deritzon erlaitza erabili beharko da.

7.3.– IKS-eem sisteman txertatzen diren artxiboak ondorengo tauletan azaltzen den kodifikazio-sistemaren arabera izendatu beharko dira (ez da nahasi behar hori sustatzaileak bere nahierara hauta ditzakeen kodeekin, esaterako, plano jakin bat izendatzeko darabilen kodearekin):

1. taula. Dokumentuak eta haiei dagozkien artxibo-izenak.

(Ikus .PDF)

2. taula. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren atalen banakapena eta haiei dagozkien artxibo-izenak.

(Ikus .PDF)

* Nahitaez aurkeztu behar diren dokumentuak eta atalak. IKS-eem sistemak eskatuko du nahitaez, gutxienez, artxibo bat, amaiera-kodea 000 duena, txerta dadila.

** Dokumentu hauek sustatzaileak edo organo sustantiboak egoki baderitzote soilik aurkeztuko dira.

*** «Ingurumenaren-eraginaren azterketa. Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa» atalaren kasuan, berariazko kapitulu bat txertatu beharko da proiektuak Natura 2000 Sarean dituen ondorioei buruz, baldin eta soilik Natura Ondarea eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45.4 artikuluan aurreikusten dituen inguruabarrak ematen badira.

Artxiboen izenak, edukiaren eta 1. eta 2. tauletan azaldu denaren arabera dagokien kodea eraman behar du soil-soilik. Horregatik, zenbakiak eta gidoi ertainak edukiko ditu izenak, baina ez du onartuko ezein hizki eta aipatu karaktere horiez kanpoko besterik.

Dokumentu edo atal batek 30 MB edo gutxiagoko tamaina duenean, artxibo bakarrean aurkeztu beharko da, eta haren izenaren azken hiru zenbakiak 000 izango dira. Artxibo hori IKS-eem sisteman txertatuko da «Dokumentu administratiboak» erlaitzean. Dokumentuak edo atalak hori baino tamaina handiagoa duenean, behar bezainbat artxibotan zatituko da haietako ezeinek 30 MBko tamaina gainditu ez dezan. Kasu horretan, artxibo horietako bakoitzak izen bat izango du non azken hiru zenbakiak korrelatiboak izango baitira, 000 duenetik abiatuta. Artxibo korrelatibo horiek, -001etik aurrerakoak, «Hautazko dokumentuak» erlaitzean txertatuko dira IKS-eem sisteman.

Beraz, adibidez, «Proiektuaren dokumentu teknikoa» atalari dagozkion bi artxibo txertatu behar badira, 206-000 eta 206-001 izena emango zaie; eta bi artxibo txertatu behar badira «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Sintesi-dokumentua» atalean, 207-07-000 eta 207-07-001 izena emango zaie. 206-000 eta 207-07-000 artxiboak «Dokumentu administratiboak» erlaitzean txertatuko dira, eta 206-001 eta 207-07-001 artxiboak aldiz «Hautazko dokumentuak» erlaitzean.

7.4.– 1. taulako dokumentu bat edo 2. taulako atal bat artxibo bat baino gehiagotan zatituta aurkeztu behar izaten denean, 000 artxiboaren lehen orrialdean edo lehenengoetako batean, dokumentu edo atal horretan jasota dagoen informazio aipagarriaren aurkibide osoa joan behar du. Aurkibideak dokumentuaren edo atalaren epigrafe ezberdinak jasoko ditu (epigrafearen deskribapen-izenburuarekin), eta artxiboaren izena eta epigrafe bakoitzaren hasierako orrialdearen zenbakia dagokion.pdf artxiboan.

Kontuan izan behar da IKS-eem sisteman txertatzen diren dokumentuak programa informatiko baten bidez erabiliko direla, eta ez direla inprimatzekoak; horregatik, aurkibidean agertzen den orrialde-zenbakiak bat etorri behar du haren irakurketa-programan orrialde horretara iristeko erabili behar den «Joan orrialdera» aginduan ipini behar denarekin.

7.5.– Ingurumen-inpaktuaren azterlaneko kartografia-plano guztiak, eta azterlanean sortzen diren tamaina handiko gainerako plano, figura eta irudi guztiak, IKS-eem sisteman txertatu beharko dira «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Planoak eta irudiak pdf formatuan» izena daraman atalean. Plano, figura eta irudiak artxibo bat edo gehiagotan jaso beharko dira 2. taulan atal horretarako azaldu den eran kodifikatuta. Horrek esan nahi du plano, figura edo irudi horietan jasotzen den informazioari dagokion erreferentzia egin beharko zaiola ingurumen-inpaktuaren azterlanean atal horri dagokion memorian.

7.6.– Dokumentu kartografikoak.pdf formatuan eta.shp formatuan entregatu beharko dira. Berariaz proiektua gauzatzeko sortu diren shp kapak dira behar diren bakarrak, eta ez dago jada GeoEuskadi sisteman integratuta dauden kapak aurkeztu beharrik. Shp kapak daramatzaten artxiboak «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Planoak eta irudiak shp formatuan» atalean txertatuko dira sisteman.

7.7.– Isilpeko datuei dagokienez, haiei buruzko artxiboak IKS-eem sisteman «Isilpeko datuak» izena daraman atalean txertatuko dira, eta haien izena ondorengo kodifikazio-era honetan egin beharko da (ikus 1. taula):

a) Lehen hiru zenbakiek 056 izan behar dute.

b) Ondorengo hiru zenbakiak, dagokien dokumentu-motarenak izan behar dute; esate baterako, proiektuaren dokumentu teknikoa bada 206 izango da, eta 207 ingurumen-inpaktuko azterlanekoa bada.

c) Ingurumen-inpaktuaren azterlanaren osagaietakoa bada artxiboa, bi zenbaki gehigarri erantsi beharko zaizkio, 2. taulan dagokion atalaren arabera.

d) Azken hiru zenbakiak, dokumentu edo atal horretan bertan espedienteari atxikitako azken artxibo ez-isilpekoarekin korrelatiboa den zenbakiarenak izan behar dute. Behar bezainbeste zenbaki korrelatibo erabiliko dira artxiboek 30 MB baino gehiagokoak izanez gero.

e) Artxibo-izenaren osagai ezberdinen zenbakiak gidoi ertain batez bereziturik joan behar dute.

Isilpeko artxibo baten izenaren adibidea, honako inguruabar hauek dituela suposatuz:

– Ingurumen-inpaktuko babes-neurriei buruzko informazioa.

– «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak» atalean txertatu den azken artxiboaren izena da 207-05-003.

– Isilpekotasuna duten bi artxibo gehigarri txertatu nahi dira.

Adibide horretan, isilpeko bi artxibo horien izena izango da, hurrenez hurren: 056-207-05-004 eta 056-207-05-005.

Ahalegina egin behar da isilpeko artxiboak azkenak izan daitezela zein bere kasuan; horregatik arestian azaldu dugun adibidean, ez litzateke beste artxibo gehigarririk txertatu behar 207-05-006 eta ondorengo izenarekin «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak» atalean. Isilpeko artxiboak «Hautazko dokumentuak» erlaitzean txertatu behar dira.

Isilpeko informazioa behar bezainbeste identifikatuta eta berezituta egon behar du gainerako informaziotik. Beraz, 1. taulako «Isilpeko datuak» atalean ez dauden edo 056 zenbakiaz hasten ez diren artxiboetan ez datorren informazioa ezingo da isilpekotzat jo.

7.8.– Informazio jakin bat aurkezten denean 1. taulako dokumenturen baten edo 2. taulako ataletako baten zuzenketa edo aldaketa moduan, IKS-eem sistemara ekarri beharko da informazio eraberritu hori jasotzen duen artxibo osoa, eta horrek ordeztuko du aurretiaz izen berarekin dagoena. Aurretiaz dagoen artxiboren bat osatzen edo zuzentzen duenak, horren berri eman beharko du hasieran. Artxibo berrian jasotzen den informazioaren eta eskabidean barnebilduta dauden gainerako dokumentu eta ataletan datorren informazioaren artean beharrezko koherentzia gorde beharko du sustatzaileak. Eskabide bat zuzentzerakoan aipatutako jarraibideak betetzen ez badira, beharrezkoa izan daiteke izapide gehigarri bat kontraesankorrak edo inkongruenteak diruditen alderdiak argitzeko, horrek prozeduraren ebazpenean dakarren atzerapenarekin.

8.– Sustatzaileak, datuak igortzean, datu pertsonalak babesteari buruzko arautegia betetzen dela bermatu beharko du beti.

Estekak

IKS-eem sistema:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-orokorra/eu/contenidos/informacion/guia_iks/eu_def/index.shtml

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-orokorra/eu/contenidos/informacion/guia_iks/eu_def/index.shtml

Datuen fitxa:

http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/eia/es_def/adjuntos/EIAO-es.pdf

http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/eia/eu_def/adjuntos/EIAO-eus.pdf


Azterketa dokumentala