Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

6. zk., 2018ko urtarrilaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
95

141/2017 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena Osasun Psikologia Orokorra unibertsitate-masterraren tituluko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egiteko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Osasun Psikologia Orokorra unibertsitate-masterraren tituluko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egiteko. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 29a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABENDUAREN 29KOA 141/2017 EBAZPENARENA
HITZAMENA, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREKIN OSASUN PSIKOLOGIA OROKORRA UNIBERTSITATE-MASTERRAREN TITULUKO IKASLEEK KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK EGITEKO

Leioan, 2017ko urriaren 20an.

BILDU DIRA:

Batetik, Araceli Garín Martín andrea, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea ordezkatuz (UPV/EHU, aurrerantzean), eskumenak eskuordetuta (UPV/EHUko errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko Ebazpena, 2017-02-03ko EHAA), Graduko eta Graduondoko Ikasketen errektoreordea den aldetik, eta indarrean dagoen Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudiak ezarritakoaren arabera.

Eta bestetik, María Jesús Carmen San José López andrea, Lan eta Justiziako sailburua –lehendakariaren azaroaren 26ko 36/2016 Dekretuaren bidez izendatua–, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 16. artikuluaren arabera Lan eta Justizia Sailari dagozkion egitekoak betez.

Elkarri aitortzen diote behar den legezko ahalmena badutela hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen hau sinatzeko, eta honako hau

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.– UPV/EHU zuzenbide publikoko erakundea da, sektore eta diziplina anitzekoa, irakaskuntza, ikerketa eta zientzia eta teknologiaren garapenerako jarduerak egiten dituena. UPV/EHUren helburuetako bat da «Kalitatezko goi-mailako irakaskuntza eskaintzea, ikasleen prestakuntza osorako eta lanerako beharko dituzten gaitasunak ziurtatzeko».

Bigarrena.– Osasun Psikologia Orokorra unibertsitate-masterreko unibertsitate-ikasleen prestakuntza praktikoa sustatzeko eta horretan laguntzeko konpromisoa duela erakunde laguntzaileak.

Hirugarrena.– Ikasleek gauzatzen eta Unibertsitateak gainbegiratzen dituzten prestakuntza-jarduerak dira kanpoko praktika akademikoak, eta ikasleei prestakuntza akademikoan jaso dituzten ezagutzak garatzeko eta osatzeko bidean laguntzea da haien helburua, jarduera profesionalerako prestatzen, lan-merkatuan egokitzen eta ekimenerako gaitasuna sustatzen lagunduko dieten gaitasunez ahalik eta errazkien jabe daitezen.

Laugarrena.– Zehazki, curriculum-praktikak Osasun Psikologia Orokorreko unibertsitate-masterraren ikasketa-planaren barneko jarduera akademikotzat hartzen dira.

Bosgarrena.– UPV/EHUk Osasun Psikologia Orokorra unibertsitate-masterraren titulua eskaintzen du, eta Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutuaren Auzitegi Psikiatriako Ataletako Osoko Auzitegi Baloraziorako Unitateek, bai eta Talde Psikosozial Judizialak ere (Lan eta Justizia Sailari atxikia), beren jarduera antzeko sektore batean garatzen dute.

Seigarrena.– Unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen azaroaren 18ko 1707/2011 Errege Dekretuan eta UPV/EHUko Antolamendu Akademikorako errektoreordearen 2012ko urriaren 16ko Ebazpenenean xedatutakoarekin bat, ebazpen horretan argitaratzen baita Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudia, zeina Gobernu Kontseiluak 2012ko irailaren 27an onartu baitzuen, kanpoko praktika akademikoak egiteko, hezkuntzako lankidetza-hitzarmenak izenpetuko ditu UPV/EHUk erakunde laguntzaileekin.

Zazpigarrena.– Aipatutako araudiarekin bat etorriz, kanpoko praktika akademikoak egin ahal izango dituzte UPV/EHUk edo hari atxikitako ikastegiek emandako edozein ikasketatan matrikulatuta dauden ikasleek.

Zortzigarrena.– Aurreko adierazpen horiek kontuan izanik, tarteko diren aldeen arteko lankidetza erakundetzeko asmoz, alde biek hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den lege-gaitasuna aitortzen diote elkarri.

Adierazitakoagatik, bi aldeek honako hau

ADOSTU DUTE:

Hezkuntzako lankidetza-hitzarmen hau izenpetzea, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hezkuntzako lankidetza-hitzarmen honen helburua da UPV/EHUko Psikologia Fakultatearen mende dagoen Osasun Psikologia Orokorra unibertsitate-masterreko ikasleek aipatutako erakunde laguntzailean egingo dituzten curriculum-praktika akademikoak arautzea, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen azaroaren 18ko 1707/2011 Errege Dekretuaren eta UPV/EHUko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudiarekin bat etorriz.

Bigarrena.– Praktikak egitea: lekua eta programa.

Praktikak egiteko lekua hitzarmen honi erantsitako I. eranskinean adieraziko da.

Iraupena eta ordutegiak ezartzean, kontuan hartuko dira praktiken ezaugarriak eta erakunde laguntzaileak dituen aukerak, praktika-jarduerek ahalik eta eraginik txikiena izateko haren eguneroko lanean.

Dagokion ikasketa-planak ezarritakoaren arabera, tutorearen ardura izango da prestakuntza-proiektu bat egitea, praktikak hasi aurretik. Programa horretan, datu hauek adieraziko dira:

– Zein ikasketari dagokion praktika.

– Praktikak egingo diren erakundea eta lekua.

– Ikasketa-tutorea.

– Erakundeko instruktorea.

– Praktiken Programaren arduraduna.

– Ikasleen zerrenda, hala dagokionean.

– Hezkuntza-helburuak eta jarduerak.

Ezingo da praktikarik egin Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren eta Justiziako Zuzendaritzaren berariazko baimenik gabe. Horretarako, praktikak hasi baino lehen, I. eranskina izapidetu beharko da. Eranskin hori dokumentu honi erantsita dago, eta datuak eta sinadurak behar bezala beteta aurkeztu beharko da.

Hirugarrena.– Erakunde laguntzailearen eta ikaslearen arteko harremana.

1.– Kanpoko praktika akademikoen prestakuntza-xedea dela-eta, ez dute lan-harreman bati dagokion betebeharrik izango, eta ezin izango dira lanpostu bati loturiko lan-prestazio baten ordezkotzat hartu.

2.– Halaber, ikasketak amaitzean, ikaslea erakunde laguntzaileko plantillan sartuko balitz, praktiketan egondako denbora ez litzateke kontuan hartuko antzinatasuna aitortzeko eta ez luke frogaldia ordezkatuko, non eta dagokion hitzarmen kolektiboan bestelako baldintza bat berariaz adierazita ez dagoen.

Laugarrena.– Praktiketarako instruktorea.

1.– Erakunde laguntzaileak instruktore bat izendatuko du ikasle bakoitzarentzat, eta haren eginkizuna izango da prestakuntza-jarduerak antolatzea, Praktiken Programaren koordinatzailearen oniritziarekin eta ikaslearen tutorearekin batera.

2.– Erakunde laguntzaileak izendatuko duen instruktorea erakunde horri berari loturiko pertsona bat izango da, eta, eskarmentu profesionalaz gainera, tutoretza modu eraginkorrean bideratzeko behar diren ezagutzen jabe izango da. Instruktorea eta unibertsitatearen tutoretza-lanak beteko dituen pertsona ez dira bat eta bera izango.

3.– Instruktoreak Praktiken Programaren koordinatzailearen adostasuna beharko du, eta «venia docendi»aren aitortza adieraziko du, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudian finkatutako prozeduraren arabera gauzatuko dena.

Bosgarrena.– Instruktorearen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Erakunde laguntzailearen instruktoreak eskubide hauek izango ditu:

a) Bere laguntza-lana aitortua izateko eskubidea, aurreko klausularen 3. zenbakian jasota dagoen moduan.

b) Kanpoko praktikak arautzen dituen araudiari eta haien prestakuntza-proiektuari eta garapen-baldintzei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

c) UPV/EHUrako sarbidea izateko eskubidea, bere eginkizunak betetzeko behar dituen informazioa eta babesa eskuratzeko.

d) Instruktoreek euren etengabeko prestakuntzari lagun diezaioketen unibertsitateko instalazioak eta zerbitzuak (liburutegiak, mintegiak eta abar) erabiltzeko eskubidea.

2.– Era berean, honako betebehar hauek izango ditu:

a) Ikasleari harrera egitea eta garatu beharreko jarduera prestakuntza-proiektuan zehaztutakoaren arabera antolatzea.

b) Ikaslearen jarduerak gainbegiratzea, praktikaren garapena orientatzea eta kontrolatzea, elkarrekiko errespetuan eta ikaskuntzarekiko konpromisoan oinarrituriko harremanean.

c) Ikasleari erakundearen antolakuntzaren eta funtzionamenduaren berri ematea eta intereseko araudia ezagutaraztea, segurtasun eta lan-arriskuen arlokoa batez ere.

d) Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmenean zehazturiko jardueren garapena UPV/EHUko tutorearekin koordinatzea, aintzat harturik aldi berean praktikaren garapen egokiari begira prestakuntza-proiektuan beharrezkotzat jo litezkeen aldaketak, eta bitarte horretan gerta litezkeen gorabeheren berri ematea eta gorabehera horiek konpontzea. Haren ardurapeko egitekoa izango da, halaber, azterketak egiteko baimenen kontrola.

e) Amaierako txostena prestatzea, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudiaren IV. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

f) Ikasleei praktikak egin ahal izateko behar duten prestakuntza osagarria ematea.

g) Ikasleei praktikak egin ahal izateko behar dituzten bitarteko materialak ematea.

h) Ikasleei erraztasunak eta bultzada ematea, berritzaileak eta ekintzaileak izan daitezen eta hobetzeko proposamenak egin ditzaten.

i) Unibertsitateko tutoreari erakunderako sarbidea ematea, bere eginkizunaren araberako helburuak bete ahal izan ditzan.

j) Instruktore lanaren bidez ikasleari buruzko informazioa eskuratzen badu, informazio hori isilpean gordetzea.

k) Ikasleari laguntzea erakundean diharduen bitartean eta praktika-jardueretan sor daitezkeen lan-gorabeherak konpontzea.

Seigarrena.– Ikasleen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Kanpoko praktika akademikoak egiten ari diren bitartean, ikasleek honako eskubide hauek izango dituzte:

a) Praktikek irauten duten bitartean, UPV/EHUko irakasle baten edo praktika bideratzen ari den erakunde laguntzailean jardunean ari den profesional baten tutoretzarako eskubidea.

b) Ebaluaziorako eskubidea, unibertsitateak zehazturiko irizpideen arabera.

c) Praktiken osteko txostena jasotzeko eskubidea. Praktikak eskaini dituen erakunde laguntzaileak emango du, eta berariaz zehaztuko dira hartan bideraturiko jarduera, haren iraupena eta, hala behar badu, errendimendua. Txostena Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudiaren IV. eranskineko ereduari jarraikiz egingo da.

d) Jabetza intelektual eta industrialerako eskubidea, arloan arloko legediak arautzen dituen baldintzetan.

e) Segurtasun eta lan-arriskuen prebentziorako araudiaren gaineko informazioa jasotzeko eskubidea, erakunde laguntzaileak eman beharko duena.

f) Bere jarduera akademikoa, prestakuntza-lana eta ordezkaritza- nahiz partaidetza-betebeharrak betetzeko eskubidea, aldez aurretik erakunde laguntzaileari jakinarazita.

g) Ikasle ezinduen kasuetan, beharrezkoak diren baliabideak jasotzeko eskubidea, praktikak besteen baldintza berberetan egiteko eta tutoretza, informazioa eta ebaluazioa jasotzeko.

h) Ikasle ezinduen kasuetan, praktiken garapena ezintasunaren ondorioz eratorririko edo harekin loturiko jarduera eta egoera pertsonaletara egokitzeko eskubidea.

2.– Era berean, honako betebehar hauek izango dituzte ikasleek kanpoko praktika akademikoak egin bitartean:

a) UPV/EHUk kanpoko praktikei buruz ezarri duen eta indarrean dagoen araudia betetzea.

b) Praktiken gaineko prestakuntza-proiektua ezagutzea eta betetzea, erakunde laguntzaileak izendaturiko instruktorearen oharrei jarraikiz eta unibertsitateko tutorearen begiradapean.

c) Praktikak egiten dituen bitartean unibertsitateko tutorearekin harremanetan egotea eta edozein gorabeheraren berri ematea, eta, era berean, tarteko jarraipen-txostenak eta amaierako txostena ematea, adierazitako epean eta eran.

d) Hitzarturiko egunean erakunde laguntzailean lanean hastea; hezkuntza-proiektuan aurreikusitako ordutegia betetzea, eta erakundearen jarduerarako, segurtasunerako eta lan-arriskuen prebentziorako arauak errespetatzea.

e) Hezkuntza Proiektua garatzea eta erakunde laguntzailearekin hitzartutako jarduerak prestasunez betetzea, proiektuan zehaztutako lan-ildoen arabera.

f) Praktiken amaierako memoria eta, hala behar izanez gero, tarteko txostena egitea, Ikaslearen Kanpoko Praktikak Arautzen dituen UPV/EHUren Araudiko V. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

g) Erakunde laguntzaileari buruzko informazioa isilpean gordetzea, eta egin dituen jardueren gaineko lanbide-sekretua gordetzea, bai praktikak egiten ari den bitartean, bai praktikak amaitu ondoren.

h) Errespetuzko jarrera izatea, une oro, erakunde laguntzailearen politikarekiko, UPV/EHUren izen ona zainduz.

i) Indarrean dagoen araudian aurreikusitako beste zeinahi betebehar.

3.– Aurreko zenbakian aurreikusi diren betebeharrak betetzen ez badira, bukatu aurretik utzi ahal izango da praktika bertan behera. Horretarako, UPV/EHUk edo erakunde laguntzaileak hitzarmen honetan ezarritako jarraipen-batzordeari jakinaraziko dio ez-betetzea, eta horrek praktika lehenago etetearen egokitasunari buruzko erabakia hartu beharko du, 10 eguneko epean gehienez.

4.– Ikasleak praktikara ez joateko aukera izango du azterketak egiteko, eta hiru egun lehenago emango dio horren berri instruktoreari. Arrazoi akademikoen edo bestelako arrazoien eraginez praktiketara joan ezin bada, ikasleak lehenbailehen jakinarazi beharko die hori tutoreari eta instruktoreari, eta, hala badagokio, tutorearen baimena beharko du.

Zazpigarrena.– Instalazioak eta baliabideak.

Erakunde laguntzaileak bere instalazio eta baliabideen erabilera bermatuko du praktikak egiteko, eta hartu ahal izango dituen ikasleen kopurua zehaztuko du.

Zortzigarrena.– Erantzukizunak eta aseguruak.

1.– UPV/EHUk erantzukizun zibileko aseguru-kontratu bat izango du, ikasleek praktiketan bitartean eragin ditzaketen kalteei aurre egiteko.

2.– Praktikak egin ahal izateko, aseguru-kontratu bat kontratatu beharko dute 28 urtetik gorako ikasleek. Aseguru osagarri hori UPV/EHUk izenpetutako Cum Laude istripuen poliza kolektiboa izan daiteke, edo beste erakunde batek eskainitako beste aseguru bat, baldin eta, gutxienez, UPV/EHUren bidez eskaintzen diren kontzeptuak (Cum Laude) aintzat hartzen baditu. Egokia irudituz gero, 28 urtetik adingabeko ikasleek modu osagarrian kontratatu ahal izango da aseguru-kontratu bat, komenigarria iruditzen bazaie.

3.– Ez UPV/EHU ez ikaslea ez dira erantzule izango baldin eta erakundeko instruktoreak emandako agindu edo jarraibide baten ondorio badira kalteak, eta argibide edo agindu hori ez baldin bada jardueren praktiken programan agertzen.

4.– UPV/EHUrekin hitzarmena duten atzerriko unibertsitateetako ikasleek istripuen aseguru kontratu bat kontratatu beharko dute, gutxienez Cum Laude polizaren antzeko estaldura izango duena, praktikak erakundean egin behar badituzte.

Bederatzigarrena.– Diru-laguntza.

Ikasleek ez dute inolako dirurik jasoko praktikak egitearen truke. Kanpoko praktika egiteak ikasleentzako diru-laguntza jasotzen badu ere, erakundeak araututa eta indarrean dauden betebehar fiskalak bete beharko ditu.

Hamargarrena.– Lanaldia eta praktikak.

Praktikak egiteak ezingo du, inoiz ere ez, eraginik izan lanaldia betetzean ezta ezinbesteko guardia-zerbitzua ematean ere.

Hamaikagarrena.– Ikaslearen datuak babestea.

Erakunde laguntzailean praktikak egiten dituzten ikasleen datuak hitzarmen honetan ezarritako xedeetarako baino ezin izango dira erabili.

Hamabigarrena.– UPV/EHUren konpromisoak.

1.– Aurrekoei kalterik egin gabe, parte hartzen duten ikasleei dagokienez, UPV/EHUk honako konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Hitzarmen honen baldintzak jakinaraztea, ikasleari eragiten dioten alderdi guztietan.

b) Ikasleak bere gain hartzea hitzarmen honek eta aplikagarria den araudiak ezartzen dizkion betebeharrak.

c) Ikasleak berariaz onartzea bere datuak uztea, aurreko klausulan aurreikusitako xedeetarako.

2.– Aurrekoaren ondorioz, UPV/EHUk ikasle bakoitzak sinatutako dokumentuaren kopia bat emango dio erakunde laguntzaileari.

Hamahirugarrena.– Jarraipen-batzordea.

1.– Jarraipen-batzorde bat eratuko da, tituluaren ardura duen Ikastegiko bi ordezkarik eta erakunde laguntzailearen beste bi kidek osatuta. Haren egitekoa izango da praktikak egitean edo hitzarmena betetzean sor daitezkeen gorabeherei buruzko erabakiak hartzea.

2.– Batzordea eratzean, sinatzaileak batzordeburu izango dira txandaka, eta UPV/EHUri egokituko zaio hasierako txanda.

Hamalaugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

1.– Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du, epe hori amaitzean, aho batez luzatu ahalko da, urtebeteko aldietan, gehigarrizko lau urterako.

2.– Dena dela, alde sinatzaileetako edozeinek haren amaiera eskatu ahal izango du, eskaera hori hitzartutakoak ondoriorik ez izatea nahi den ikasturtearen aurreko ikasturteko martxoa baino lehen eginez gero.

3.– Hitzarmenaren denuntzia idatziz egingo da, eta ez die eragingo hura egitean bideratzen ari diren praktikei, praktikak aldez aurretik eteteko seigarren klausulan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Azaldutako guztiarekin ados daudelako, aldeek hitzarmen hau sinatu dute, bi aletan eta goiburuan adierazitako egunean eta lekuan.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

Gradu eta Graduondoko Ikasketen errektoreordea,

ARACELI GARÍN MARTÍN.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala