Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2017ko abenduaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5856

128/2017 EBAZPENA, azaroaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Bilboko Portuko Agintaritzarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Euskadiko Plataforma Logistikoen sarea zenbait azokatan parte hartuz sustatzeko ekintzak egiteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Bilboko Portuko Agintaritzarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, helburu duena Euskadiko Plataforma Logistikoen sarea zenbait azokatan parte hartuz sustatzeko ekintzak egitea; eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 27a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 27EKO 128/2017 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA BILBOKO PORTUKO AGINTARITZAREN ARTEKOA, ZENBAIT AZOKATAN PARTE HARTUZ EUSKADIKO PLATAFORMA LOGISTIKOEN SAREA SUSTATZEKO EKINTZAK EGITEKO DENA

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 14a.

BILDURIK:

Alde batetik, Maria Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua.

Eta, bestetik, Asier Atutxa Zalduegi jauna, Bilboko Portu Agintaritzako presidentea.

PARTE HARTZEN DUTE:

María Aranzazu Tapia Otaegi andrea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu den heinean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ordezkatuz, hitzarmen hau sinatzeko baimena eman baitio Gobernu Kontseiluak 2017ko uztailaren 26ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez.

Asier Atutxa Zalduegi jauna, irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren (Estatuko Portuei eta Merkantzia-ontziteriari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 31.2.a) artikuluak esleitutako eskumenak erabiliz, eta hitzarmen hau egiteko behar den baimenaren jabe izanik, Bilboko Portu Agintaritzako Administrazio Batzordeak hala erabaki baitzuen, 2017ko azaroaren 9ko saioan.

Aldeek bata besteari beharrezko legezko gaitasuna onartzen diote lankidetza-hitzarmen honetarako, administrazioen arteko harreman guztietan nagusi izan behar duten koordinazio, lankidetza eta bata bestearekiko errespetuzko printzipioek osatzen duten markoaren barruan, eta honako hau

ADIERAZI DUTE:

I.– Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko trenbideko, lehorreko, itsasoko ibaietako eta kable bidezko garraioaren eta portu, heliportu, aireportu eta meteorologia zerbitzuaren arloko eskumen esklusiboa, horrek Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan («Garraio-gaietan, zama-kontrataguneak eta –terminalak») xedaturikoa ezertan galarazi gabe.

II.– Aipaturiko arlo horietan Euskal Autonomia Erkidegoak dituen eskumenak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku utzi ziren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 7. artikuluaren bidez (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu, eta horien egiteko eta jardun-arloak finkatzen ditu).

III.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren helburuetako bat da bere eskumenetan sartzen diren sektoreei laguntzeko politika aurrera ateratzea, batez ere politika industriala eta enpresen lehiakortasuna, azpiegitura estrategikoak garatzea eta sustatzea (trenak, errepideak, aireportuak, portuak) eta Euskal Autonomia Erkidegoko garraiorako politika logistikoak egitea.

IV.– Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko plataforma logistiko intermodalak garatzeko estrategia espezifikoa egin du, honako helburu hauekin: hainbat garraio-modu biltzen dituen arlo logistiko intermodalen sarea bultzatzea, trenbide-loturak bultzatzea, plataforma logistikoak garatzea, ekintza bateratuak sustatuz portu eta aireportuetako azpiegitura handiekin, betiere kontuan hartuta intermodalitatea (trena, portuak eta zama-aireportua, batik bat) eta arku atlantikoan duen kokapen geografikoa.

Estrategia hori Basque Country Logistics estrategiaren barruan kokatuta dago eta bere helburua da plataforma logistiko multimodal eta multipolarra ardatz gisa erabiltzea Iberiar Penintsula eta Europar Batasunaren arteko salgai-fluxuetan, kontinente arteko salerosketak txertatuz, batez ere, Magreben eta kontinente amerikarrean. Hori guztia, kontuan hartuta epe ertainera Euskal Autonomia Erkidegoko tren-sare berria (euskal Ya) abiarazteak ekarriko duen eragin positiboa.

Basque Country Logistics izendapenean, plataforma logistikoekin, portuekin, aireportuekin eta EAEn beharrezkoak diren nodo intermodalekin zerikusia duten alderdi guztiak biltzen dira. Duten kokapen estrategikoa eta eskaintzen dituzten zerbitzuak direla-eta, nazioko eta nazioarteko kate logistikoetan funtsezko kate-begi bihur daitezkeenak dira Basque Country Logistics estrategian dauden azpiegitura logistikoak.

V.– Bere aldetik, Bilboko Portuko zerbitzuguneko lurralde-eremuan garatzen ditu Bilboko Portu Agintaritzak bere eginkizunak eta eskumenak. Garrantzi handiko portua da hori kanpo-merkataritzari eta EAEko ekonomiaren lehiakortasunari laguntzeko unean, eta, egun, etengabeko garapen eta inbertsio-ahaleginaren ondorioz, espainiar estatuko alde atlantikoko portu handiena da, eta, batez ere, ezinbesteko polo ekonomiko eta soziala da EAEn.

EAErako aurrerapena eta aberastasuna sortzeko orduan protagonista izaten jarraitzeko dinamikan, Bilboko Portu Agintaritzak estrategikotzat jo du salerosketak harrapatzen edo sendotzen lagundu dezaketen plataforma logistikoak sustatzea, bai eta salgaien transferentzia intermodalerako nodoak bultzatzea ere, salgaien nazioarteko garraioaren kate-begi eta portuko azpiegitura bikainen osagarri diren heinean.

VI.– Dinamika honetan, Bilboko Portu Agintaritzak urtero, bere aurrekontuekin, bere azpiegiturak eta zerbitzuak merkaturatzen lan handia egin du, garraioari eta logistikari buruzko hainbat azoka eta forotan parte hartuz, erkidegoan, estatuan eta nazioartean.

VII.– Era berean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak Basque Country Logistics estrategiari lotutako ekintzetan lankidetzan jardun nahi du Bilboko Portu Agintaritzarekin. Lankidetza horren bidez, sail horrek baliatu nahi du Bilboko Portu Agintaritzaren esperientzia eta garraio eta logistika arloko hainbat azokatan duen parte-hartzea erkidegoan, estatuan nahiz nazioartean, kontuan hartuta izugarrizko sustapen-elementuak direla aipatu azokak. Bilboko Portu Agintaritza, halaber, Basque Country Logistics estrategiari lotutako sustapen-ekintzetan interesatuta dago bereziki.

VIII.– Tartean dauden alde guztiek bilatzen diren xedeak lortzeko interes berberak dituztela aintzat hartuta, administrazioen arteko lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute sinatzaileek, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoaren babespean, honako hauekin bat eginez:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen helburua da arautzea honako lankidetza hau: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bidez, eta Bilboko Portuko Agintaritzak EAEko plataforma logistikoen sarea sustatzeko hartzen duten lankidetza-konpromisoa 2017. urteari dagokionez, erkidegoko, estatuko eta nazioarteko hainbat azokatan parte hartuz, plataforma logistiko multimodal eta multipolar gisa eta salgai-fluxuetako ardatz gisa sustatzeko xedez EAEko sistema logistikoa.

Bigarrena.– Bilboko Portuko Agintaritzaren konpromisoak.

1.– Urtero garraioaren eta logistikaren arloko azoka eta ekitaldi espezifikoetan, bai estatu mailan, bai nazioartekoan, garraioari eta logistikari buruzko azpiegiturak eta zerbitzuak merkaturatzeko lanean, Bilboko Portu Agintaritzak konpromisoa hartzen du EAEko plataforma logistikoen sarea eta Basque Country Logistics estrategian txertatutako azpiegitura logistiko ezberdinak eta garraioarekin eta logistikarekin zerikusia duten gainerako sektoreen ingurukoak sustatzeko.

2.– Hitzarmen honen jarraipenerako batzordeak aurreko paragrafoan adierazi diren eta urte horretan egin nahi diren azoken eta lehiaketen programa-proposamena erabaki eta gero, Bilboko Portu Agintaritzak azoken behin betiko programa bidaliko dio Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, datekin eta aurrekontuarekin batera.

3.– Jarduerak egin diren urtearen hurrengo urteko martxoaren 31 baino lehen, egindako jardueren dokumentu-ziurtagiriak bidaliko dizkio Bilboko Portu Agintaritzak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, bai eta horien gaineko txostena eta lortutako emaitzen ebaluazioa ere.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren konpromisoak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bidez, urtero adosten diren sustapen-jardueren kostua finantzatu eta ordainduko du, betiere gehieneko diru kopuru jakin bat muga duela. Euskal Autonomia Erkidegoak ekitaldi bakoitzerako dituen aurrekontu orokorretan xede horretarako kreditu egokia eta nahikoa egotearen mende geratuko da konpromiso honen eraginkortasuna.

Hitzarmenaren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bidez, gehienez ere laurogei mila (80.000,00) euro jarriko ditu 2017an. Diru kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoaren ekitaldi bakoitzeko Aurrekontu Orokorrei dagokien partidaren kargura finantzatuko da, maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren arabera (dekretu horren bidez, EAEko aurrekontu-erregimenaren arloko testu bategina onesten da eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatzekoa zaien aurrekontu erregimena arautzen da).

2.– Bilboko Portu Agintaritzarekin honako honetan aritzea lankidetzan:

a) Etorkizunean EAEko plataforma logistikoen sarea sustatzeko interesgarri gerta daitezkeen erkidegoko, estatuko eta nazioarteko azoka edo lehiaketa berriak identifikatzea.

b) Bilboko Portu Agintaritzak hitzarmenaren eremuan antolatutako komunikazio- eta hedapen-jarduerak.

Laugarrena.– Ordainketa.

Hitzartutako gehieneko zenbatekoa agortu arte, sei hilez behin egingo da zenbatekoaren igorpena, Bilboko Portu Agintaritzak dagokion urtean egindako jardueren fakturak edo egiaztatzeko dokumentuak (jatorrizkoak nahiz fotokopia konpultsatuak aurkeztu ahal izango dira) aurkeztu eta gero. Lehenengo seihilekoaren igorpenean, aldi horri dagozkion fakturen edo dokumentuen zenbatekoaren % 30 ordainduko du Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak. Bigarren seihilekoan, geratzen den zenbatekoa ordainduko da, betiere gehieneko zenbatekoa agortu ez bada.

Bosgarrena.– Jarduketen jarraipenerako batzordea.

1.– Hitzarmen honen jarraipenerako batzorde bat eratuko da. Batzorde horrek lau kide izango ditu, bi Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila ordezkatuko dutenak, eta beste bi, Bilboko Portuko Agintaritza ordezkatuko dutenak. Ordezkariak alde bakoitzetik hitzarmena sinatzen dutenek izendatuko dituzte eta honako eginkizun hauek izango dituzte:

a) Intereseko ferien eta lehiaketen urteko egitarauari buruzko proposamena eta haien aurrekontuan onartzea.

b) Hitzarmen honetan aurreikusitako jarduketak normal burutzen direla egiaztatzea, eta batak besteari informazioa errazteko eta norbere konpromisoak behar bezala bete ditzan irizpideak eta erak zehaztea.

c) Egin behar diren izapideak bizkor egitea galarazten duten oztopoak kentzeko erraztasunak ematea.

d) Hitzarmenaren xede diren lanak beteko direla bermatzeko behar diren neurrien berri eman eta proposatzea.

e) Hitzarmena interpretatu eta burutzerakoan sortzen diren arazoak konpontzen saiatzea.

2.– Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, eta edozein aldetako ordezkariak hala eskatzen badu, batzordea ekintzak ondo joan daitezen behar den guztietan elkartuko da. Erabakiak hartzeko, gutxienez kideen erdiek elkartu beharko dute eta bertaratutakoen gehiengoa beharko da.

3.– Hitzarmenak jarraipen batzordearentzako berariaz jasotzen ez dituen gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19. artikulua eta hurrengoak aplikatuko da, kide anitzeko organoentzat ezarritako araubidea ezartzen dutenak.

Seigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta interpretazioa.

1.– Hitzarmen hau administrazio arlokoa da eta, beraz, hura interpretatu eta garatzeko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko araubide juridikoa bete beharko da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 legearen atariko tituluko VI. kapituluan ezarritakoaren arabera.

2.– Bi aldeei dagozkie, jarraipen batzordearen bidez, hitzarmenaren zalantzak konpontzea interpretazioan, efektuetan eta betetzean. Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa konpetentea da kontu hauei buruzko auzipeko eztabaidak ezagutzeko.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren iraupena eta iraungitzea.

1.– Hitzarmena 2017ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.

2.– Aldeetako batek, onartutako konpromisoak betetzen ez baditu, besteak eskubidea izango du hitzarmena suntsi dadin eskatzeko. Hitzarmena suntsitzen bada, aldeek erabaki beharko dute zer baldintzatan bukatu eta nola ordaindu burutzen ari diren jarduerak.

Eta bildutakoek, ados daudela adierazteko, hitzarmenaren bi ale sinatu dituzte idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGI.

Bilboko Portuko Agintaritzko presidentea,

ASIER ATUTXA ZALDUEGI.


Azterketa dokumentala