Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2017ko azaroaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5679

EBAZPENA, 2017ko azaroaren 7koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, uztailaren 18ko 948/2003 Errege Dekretuaren zenbait alderdi aplikatzeko gutxieneko irizpide batzuk ezartzen dituena. Errege-dekretu horren bidez, salgai arriskutsuen zisternak barrutik garbitzeko edo desgasifikatu eta despresurizatzeko instalazioek, bai eta zisterna horiek garbitu edo aldatzeko instalazioek ere, bete behar dituzten gutxieneko baldintzak ezartzen dira.

Uztailaren 18ko 948/2003 Errege Dekretuaren bidez, salgai arriskutsuen zisternak barrutik garbitzeko edo desgasifikatu eta despresurizatzeko instalazioek, bai eta zisterna horiek garbitu edo aldatzeko instalazioek ere, bete behar dituzten gutxieneko baldintzak ezartzen dira; dekretu horren I., II. eta IV. eranskinak irailaren 2ko ITC/2765/2005 Aginduaren bidez aldatu ziren. Era berean, errege-dekretu horrek instalazio horiek baimentzeko prozedura eta bete behar zituzten baldintzak ezarri zituen.

Martxoaren 19ko 340/2010 Errege Dekretuak goian aipatutako 948/2003 Errege Dekretua aldatu zuen; instalazio mota horiek baimentzeko prozeduraren eta haien akreditazio administratiboaren ordez, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharra ezarri zuen; era berean, jarraibide batzuk ezarri zituen instalazio horien egiaztapen eta kontrolari dagokionez, eta autonomia-erkidegoen esku utzi zuen zenbait alderdiren garapena, besteak beste, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua ezartzea eta instalazioen hasierako eta aldizkako ikuskapenak egiteko araubidea.

Aurreko paragrafoan adierazitako alderdiez gain, ebazpen honen bidez ezartzen da nola eska diezaioketen Administrazio honi salgai arriskutsuen zisternen titularrek zisternak garbitzeko betebeharretik salbuestea (uztailaren 18ko 948/2003 Errege Dekretuaren 3.3 artikuluan dago ezarrita salbuespen hori).

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritza da ebazpen hau emateko eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 74/2017 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoaren arabera (2017-04-21eko EHAA). Horrenbestez, hau

XEDATZEN DUT:

1.– Xedea eta aplikazio-eremua.

a) Xedea da Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan uztailaren 18ko 948/2003 Errege Dekretuaren zenbait alderdi aplikatzeko gutxieneko irizpide batzuk ezartzea. Errege-dekretu horren bidez, salgai arriskutsuen zisternak barrutik garbitzeko edo desgasifikatu eta despresurizatzeko instalazioek, bai eta zisterna horiek garbitu edo aldatzeko instalazioek ere, bete behar dituzten gutxieneko baldintzak ezartzen dira.

b) Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean dauden salgai arriskutsuen zisternak barrutik garbitzeko edo desgasifikatu eta despresurizatzeko instalazioei eta zisterna horiek garbitu edo aldatzeko instalazioei aplikatuko zaie.

2.– Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea.

a) Uztailaren 18ko 948/2003 Errege Dekretuaren 5. eta 8. artikuluetan ezarritako erantzukizunpeko adierazpenak instalazioak dauden lurraldean industria arloko eskumena duen lurralde-ordezkaritzara bidali behar dira, behar bezala beteta.

b) Dagokion lurralde-ordezkaritzak ofizioz inskribatuko du establezimendua Euskadiko Industria Erregistroan (maiatzaren 17ko 29/2015 Dekretuaren bidez arautua).

3.– Betekizunen hasierako kontrola.

a) Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ondoren, instalazioaren titularrak, instalazioak dauden lurralde-ordezkaritzak errekerimendua egin ondoren, arau-esparru honetarako gaituta dagoen kontrol-organismo baten txostena aurkeztuko du, zeinetan egiaztatuko den uztailaren 18ko 948/2003 Errege Dekretuan eta ebazpen honetan eskatutako betekizunak betetzen dituela.

b) Ez da beharrezkoa izango lurralde-ordezkaritzak errekerimendua egitea, baldin eta instalazioaren titularrak, erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, bere borondatez aurkezten badu aurreko letran aipatutako txostena.

c) Lurralde-ordezkaritzak errekerimendua egin ondoren aipatutako txosten hori aurkezten ez bada, ez-betetze gisa hartuko da, eta uztailaren 18ko 948/2003 Errege Dekretuaren 5. eta 8. artikuluen 8. apartatuan adierazitako ondorio berak izango ditu.

4.– Aldizkako kontrolak.

a) Instalazioaren titularrak aldizkako kontrolak egiteko enkargua egin beharko dio arau-esparru honetarako gaituta dagoen kontrol-organismoari, uztailaren 18ko 948/2003 Errege Dekretuan eta ebazpen honetan ezarritako betekizunak betetzen diren egiaztatzeko. Kontrol horiek, gehienez ere, hiru urterik behin egingo dira, aurreko kontrola egin zenetik kontatzen hasita.

b) Aldizkako kontrola ez egitea ez-betetze gisa hartuko da, eta uztailaren 18ko 948/2003 Errege Dekretuaren 5. eta 8. artikuluen 8. apartatuan adierazitako ondorio berak izango ditu.

5.– Egindako jarduketen erregistroa.

a) Egindako jarduketa guztien erregistroa eraman beharko du instalazioaren titularrak.

b) Uztailaren 18ko 948/2003 Errege Dekretuaren III. eranskinaren 1. puntuan eta IV. eranskinaren 2., 5., 6. eta 7. puntuetan daude ezarrita jarduketa bakoitzerako zer datu sartu behar den gutxienez erregistroan, salgai arriskutsuen zisternak barrutik garbitzeko edo desgasifikatu eta despresurizatzeko instalazioei dagokienez.

c) Erregistroa liburu fisiko batean egingo da; liburu horren orrialde guztiak zenbakituta eta kontrol-organismoak (9. puntuan adierazitakora egokitzen den kontrol-organismoak) sinatuta egongo dira.

6.– Zisternak aldatzeko edo konpontzeko txostenak.

Zisterna baten aldaketaren edo konponketaren gainbegiratzeaz eta kontrol teknikoaz arduratzen den kontrol-organismoak aurkeztuko ditu, behin aldaketa edo konponketa bukatu ondoren, aldez aurreko eta amaierako txostenak, aldaketa edo konponketa bakoitzerako nahitaezkoak direnak; zisternak konpondu edo aldatzeko instalazioak dauden probintziari dagokion lurralde-ordezkaritzan aurkeztuko ditu, 15 eguneko epean, uztailaren 18ko 948/2003 Errege Dekretuaren V. eranskinaren 7. puntuan ezarritakoaren arabera.

7.– Zisternak garbitzeko betebeharretik salbuestea.

Salbuesteko eskabidearekin batera, arau-esparru honetarako gaituta dagoen kontrol-organismo baten txosten arrazoitua aurkeztu beharko da; txosten horretan, eskatutako salbuespenaren egokitasunari buruzko iritzia emango da, uztailaren 18ko 948/2003 Errege Dekretuaren 3.3 artikuluan adierazitako irizpideekin bat etorriz.

8.– Dauden instalazioen aldizkako kontrolak.

a) Ebazpen hau indarrean sartu eta aurreko hiru urteetan kontrol-organismo batek ikuskatu ez dituen instalazioek xedapen hau indarrean sartu eta hurrengo 4 hilabeteen barruan egin beharko dute 4. artikuluan ezarritako lehenengo aldizkako kontrola.

b) Ebazpen hau indarrean sartu eta aurreko hiru urteetan kontrol-organismo batek ikuskatu dituen instalazioek azken ikuskapena egin zaienetik hurrengo hiru urteen barruan egin beharko dute 4. artikuluan ezarritako lehenengo aldizkako kontrola.

9.– Kontrol-organismoen jarduera 948/2003 Errege Dekretuan.

Uztailaren 18ko 948/2003 Errege Dekretuaren arau-esparruan gaitutako kontrol-organismorik ez dagoen bitartean, salgai arriskutsuen garraioaren, suteen aurkako segurtasunaren, presio-ekipoen, behe-tentsioaren eta produktu kimikoen biltegiratzearen arau-esparruan baimendutako kontrol-organismoek egin ahal izango dituzte ebazpen honen 3. eta 4. puntuetan ezarritako kontrolak eta 7. puntuan ezarritako txostenak.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 7a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.


Azterketa dokumentala