Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2017ko irailaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
HEZKUNTZA SAILA
4682

EBAZPENA, 2017ko irailaren 19koa, Lanbide Heziketako sailburuordearena eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, lan-esperientziaren bitartez eta/edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratu diren konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduraren deialdia egiten duena.

Uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak, lan-esperientziaren bidez hartutako konpetentzia profesionalak egiaztatzeari buruzkoak, lan-esperientziaren bitartez eta/edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko erabili behar den prozedura bakarra ezartzen du hezkuntza- zein lan-alorrerako. Era berean, konpetentzien ebaluazio eta egiaztapen horren efektuak xedatzen ditu ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak, kualifikazio eta lanbide-heziketari buruzkoak, 8. artikuluaren 2. zenbakian. Errege-dekretu hori oinarrizko lege-esparrua da estatuko lurralde osoan, adierazi den prozedura betetzeko.

Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarenak eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarenak, zeinaren bidez lan-esperientziaren bitartez eta/edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko antolamendua eta prozedura ezartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan, prozeduraren antolaketa-egitura zehazten du 3. artikuluan, eta Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren funtzioak eta parte-hartzea arautzen ditu 4. eta 5. artikuluetan.

Deialdi honek lan-esperientziaren bitartez eta/edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak egiaztatzeko aukera ematen die langileei; ondorioz, beren kualifikazio-maila handituko dute deialdian parte hartzen duten langileek, eta beren prestakuntzarekin jarraitzeko moduan izango dira.

Horrek guztiak pertsonen lanbide-gaitasunak eta enplegua lortzeko aukerak handitzen ditu, eta, horrenbestez, kohesio soziala eta ekonomikoa indartzen ditu.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Hezkuntza Sailak finantzatuko dute deialdi hau, bai eta, behar diren baldintzak betetzen baldin badira, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak ere. Horrez gainera, Europako Gizarte Funtsak kofinantzatu dezake, konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko jardueren esparruan.

Ebazpen hau egiteko prozesuan, Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua informatu da.

Horren guztiaren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUGU:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da I. eranskinean zerrendatzen diren konpetentzia-atalei lotutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura deitzea, azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuak arautzen duen moduan. Dekretu horren bidez, lan-esperientziaren bitartez eta/edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko antolamendua eta prozedura ezartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan.

2. artikulua.– Deialdiaren eta deitutako plazen izaera.

1.– Adierazi berri den dekretuaren 7. artikuluko 1. zenbakiak arautzen duenari begiratuta, izaera irekia du deialdi honek; hala ere, aintzat hartu behar da desgaitasuna duten pertsonentzat erreserbatu direla «Mintegi, lorategi eta lorezaintza-zentroetako jarduera osagarriak» lanbide-kualifikazioari dagozkion konpetentzia-ataletan deitu diren 75 plazetatik 25, eta pertsona horientzat erreserbatuta daudela, era berean, «Eraikin eta lokaletako gainazalak eta altzariak garbitzea» lanbide-kualifikazioari dagozkion konpetentzia-ataletan deitu diren 155 plazetatik 75.

2.– Deialdi honen I. eranskinean adierazten dira deitutako konpetentzia-atalak eta beroriei dagozkien plaza kopuruak.

3.– Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuak, zeinaren bidez lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura eta antolamendua ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan, 7.7. artikuluan arautzen du honako hau erabaki ahal izango dutela Lanbide Heziketako sailburuordeak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak:

a) Ebaluatuko direnen gehieneko kopurua handitzea, baldin eta funts gehigarriak esleitzen bazaizkio deialdiari, lan-merkatuko eskariaren beharrizanei buruzko ikerketak adierazten duena kontuan hartuta.

b) Konpetentzia-atal jakin batzuetan ebaluatuko direnen gehieneko kopurua handitzea, baldin eta beste konpetentzia-atal batzuetan ebaluatuko direnen kopuruak ez badu agortzen konpetentzia-atal horietarako aurreikusitako aurrekontua.

Aldaketa horietakoren bat egiten baldin bada, publikotasuna emango zaio emandako ebazpenari, Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuta.

3. artikulua.– Informatzeko, orientatzeko eta aurrez izena emateko ikastetxeak.

Adierazi den azaroaren 10eko 211/2015 Dekretu horren 6. artikuluak arautzen duenari begiratuta, prozeduran parte hartzeko interesa duten pertsonek, baldin eta ebazpen honen 4. artikuluak arautzen dituen baldintzak betetzen baldin badituzte, II eranskinean adierazten diren ikastetxeetan eskura dezakete prozeduraren izaeraren eta berorren faseen gaineko informazioa eta orientazioa, beren eskubideen eta betebeharren berri izan dezakete, eta berorietan jakin dezakete, era berean, zer egiaztagiri ofizial eskura ditzaketen eta horietako bakoitzak zer ondoren dituen.

4. artikulua.– Parte-hartzaileek bete behar dituzten baldintzak.

1.– Prozeduran parte hartu nahi duten pertsonek ezinbestean bete behar dituzte azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuak 8.1 artikuluan arautzen dituen honako baldintza hauek –lan-esperientziaren bitartez eta/edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko antolamendua eta prozedura ezartzen ditu dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoan–

a) Espainiar nazionalitatea izatea, Europako Erkidegoko herritartasunaren erregistro-ziurtagiria edo Europar Batasuneko herritarraren senitartekoaren txartela lortu izana, edo Espainian bizilekua izateko baimena edo bizilekua izateko eta lan egiteko baimena indarrean izatea, atzerritartasunari eta immigrazioari buruzko Espainiako araudian ezarritako terminoetan.

b) Inskripzioa egitean 18 urte beteta izatea, I. mailako prestakuntzei dagozkien konpetentzia-atalen kasuan, eta 20 urte II. eta III. mailakoen kasuan.

c) Egiaztatu nahi dituzten konpetentzia profesionalen inguruko lan-esperientzia edo prestakuntza izatea deialdiaren aurreko 10 urteetan:

1) Lan-esperientziaren kasuan: azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 8.1.c).1 artikuluak arautzen duenari begiratuta, 3 urte behintzat justifikatzea, eta, gutxienez, lan egindako 2.000 ordu guztira, II. eta III. mailako konpetentzia-ataletan. I. mailako konpetentzia-ataletarako 2 urteko lan-esperientzia eskatuko da, eta, gutxienez, lan egindako 1.200 ordu guztira.

2) Prestakuntza ez formalaren kasuan: azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 8.1.c).2 artikuluak arautzen duenari begiratuta, I. eranskinean adierazitako orduei erreparatu behar zaie prestakuntza ez formaleko zenbat ordu eskatzen diren jakiteko; salbuespenez, 300 ordutik gorakoak baldin badira II. eta III. mailako konpetentzia-atalei dagozkienak, 300 ordu justifikatu beharko dira, eta 200 ordu eskatuko dira, gutxienez, I. mailako konpetentzia-atal bakoitzerako, baldin eta 200 ordutik gorakoak baldin badira.

2.– Horrez gainera, aurretiazko inskripzioa «Mintegi, lorategi eta lorezaintza-zentroetako jarduera osagarriak» eta «Eraikin eta lokaletako gainazalak eta altzariak garbitzea» deialdi berariazkoen profesionaltasun-ziurtagirietako konpetentzia-ataletarako egiten baldin bada, administrazio publiko eskudunek (EAEn, foru-aldundiek) emandako ziurtagiri baten bidez egiaztatu behar dute izangaiek % 33ko edo handiagoko desgaitasun-maila bat dutela.

3.– Ezin dute deialdi honetan parte hartu baldintza hauetakoren bat betetzen duten pertsonek:

a) Deialdiaren barruko konpetentzia-atalen inguruko Lanbide Heziketako titulu edo profesionaltasun-ziurtagiri bat dutenek.

b) Konpetentzia-atalak egiaztatuta dituztenek.

5. artikulua.– Prozeduran aurrez izena emateko eskaera.

1.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten pertsonek aurrez izena emateko eskaera bete behar dute, deialdi honetako IV. eranskinean ageri den eredu ofizialean. Eredua Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean deskarga daiteke (www.ivac-eei.eus).

2.– Ebazpen honen 7. artikuluak adierazten duen epean aurkeztuko dira aurrez izena emateko eskabideak, behar bezala beteta, II. eranskinak adierazten duen edozein ikastetxetan.

3.– Gainera, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 16.4. artikuluan adierazten dituen lekuetan aurkez daitezke.

4.– Posta-bulegoren batean aurkezten bada, irekita eraman behar da gutun-azala, noiz aurkeztu den adieraz dezan bulegoak.

5.– Hautagaiek ez baldin badituzte betetzen eskakizun guztiak edo datu faltsuak ematen badituzte, galdu egingo dute deialdian parte hartzeko eskubidea, eta ez zaizkie itzuliko ordaindutako tasak. Eskatzaileen erantzukizuna da aurkezten duten dokumentazioa egiazkoa izatea. Aurkeztutako dokumenturen bat egiazkoa ez baldin bada, deialdi honetan parte hartzeko eskubidea galduko du eskatzaileak, aintzat hartu gabe zer unetan hautematen den faltsutasuna eta egoera horrek zer ondoren izan ditzakeen erantzukizunaren ikuspegitik.

6. artikulua.– Aurrez izena emateko eskabidearekin batera aurkeztu behar diren agiriak.

Prozeduran parte hartzeko baldintza orokorrak zein berariazkoak betetzen direla egiaztatzeko, dokumentu hauek (jatorrizkoa eta kopia) aurkeztu behar dira aurrez izena emateko eskabidearekin batera:

1.– NANaren edo AIZren fotokopia edo Europako Erkidegoko herritartasunaren erregistro-ziurtagiria (edo jaioterriko nortasun-agiria edo indarrean den pasaportea), edo Europar Batasuneko herritarraren senitartekoaren txartela, edo Espainian bizitzeko edo lan egiteko indarrean den baimenaren titularra izatearena. Europako Erkidegoko herritartzat erregistratu izanaren ziurtagiriaren fotokopia aurkezten baldin bada, jaioterriko nortasun-agiriaren kopia ere aurkeztuko da, edo pasaportearena, eskatzaileak ez baldin badu baimentzen datuen kontsulta egitea Presidentzia Ministerioak nortasun-datuak egiaztatzeko duen sisteman –indarrean egon behar du pasaporteak–.

2.– Izangaiaren lanbide- eta prestakuntza-historia, Europako curriculum vitaearen ereduan, edo, horren ezean, ebazpen honen 4. artikuluan araututako baldintzaren bat betetzen dela egiaztatzeko agiriak. Hori horrela,

a) Prestakuntza ez-formala baliatu nahi baldin bada, eskatutako konpetentzia-ataletan bete behar diren gutxieneko orduak bete dituztela egiaztatzen duten dokumentuen bidez justifikatu behar da, eta honako alderdi hauek jaso behar dituzte dokumentu horiek: edukiak, prestakuntza-orduak, prestakuntza-emailea, prestakuntza-epea eta hura gainditu izanaren adierazpen formala, ebaluazio positiboa edo aprobetxamendua zehazten dituena.

Egiaztatu nahi diren konpetentzia-atalen gainekoa izan behar du ikasitako prestakuntza ez-formalak.

Kredituen bidez adierazita baldin badago prestakuntza ez-formalaren iraupena, zenbat orduri dagozkion zehaztu behar da.

Ez dira 10 ordutik beherako iraupena duten ikastaroak baloratuko, ezta jardunaldietara, sinposioetara, ekitaldietara eta antzekoetara joan izana ere.

b) Lan-eskarmentuaren bidea baliatu nahi baldin bada prozeduran aurrez izena emateko, honako frogagiri hauek aurkeztuko dira:

1) Soldatapeko langileek:

– Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren, Itsasoko Gizarte Institutuaren edo afiliatutako mutualitatearen ziurtagiria, enpresaren izena, lan-kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio-aldia ageri direna, eta

– Pertsonari lan-esperientzia eman dion enpresarekin egindako lan-kontratua edo ziurtagiria, kontratuaren iraupena berariaz jasotzen duena, hauek ere adierazita:

– Zer lan edo jarduera egin dituen.

– Jarduera zer denbora-tartean egin den, eskatu nahi diren konpetentzia-atalekin lotutako postuetako batean lan egin dela adierazita. Ziurtagiri-eredu bat dago eskuragarri Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean: (www.ivac-eei.eus).

2) Langile autonomoek eta norberaren konturako langileek:

– Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren edo Itsasoko Gizarte Institutuaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzan dagokion araubide berezian alta-egoeran egon den aldiak, eta:

– Pertsonak egin duen jardueraren deskribapena, eskatzen diren konpetentzia-atalekin duten lotura zehaztuta.

– Jarduera zer denbora-tartean egin den. Ziurtagiri-eredu bat dago eskuragarri Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean: (www.ivac-eei.eus).

3) Borondatezko langileak eta bekadunak:

– Pertsonak lagundu duen erakundeak egindako ziurtagiri bat, berariaz adierazita, ziurtagiri horretan, guztira eman diren orduen kopurua (baremazio-helburuetarako, orduen kopurua zati 8 egingo da egun kopurua kalkulatzeko). Ziurtagiriak, gainera, honako hauek adierazi behar ditu:

– Zer lan edo jarduera egin dituen.

– Jarduera zer denbora-tartean egin den, eskatzen diren konpetentzia-atalekin lotutako postuetako batean lan egiten dela adierazita. Ziurtagiri-eredu bat dago eskuragarri Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean: (www.ivac-eei.eus).

3.– Lan-esperientziaren edo jasotako prestakuntzaren baldintzak bete eta 25 urtetik gora dituzten pertsonek ezin baldin badute adierazi diren dokumentu horien bidez egiaztatu baldintzak betetzen dituztela, prozeduran aurrez izena eman dezakete, behin-behineko izaerarekin. Pertsona horiek zinpeko adierazpen baten bidez edo zuzenbidez onartutako frogaren baten bidez justifikatu behar dute beren lan-esperientzia edo jaso duten prestakuntzarako ikaskuntza ez-formala. Ziurtagiri-eredu bat dago eskuragarri Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean: (www.ivac-eei.eus).

4.– Araututako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen duten agirien jatorrizko alea eta kopia bat aurkeztu behar dituzte izangaiek, 4. artikuluan berariaz deitutako konpetentzia-ataletarako zehaztutakoak barne. Fotokopiak soilik jasoko dira, eta ez zaizkio izangaiari itzuliko, prozeduraren baitan geratuko baitira. Jatorrizko agiriak aurrez izena emateko unean itzuliko zaizkio eskatzaileari, eta pertsona horren erantzukizuna izango da agiriak jasotzea.

7. artikulua.– Aurrez izena emateko eskabideak aurkezteko epea.

Aurrez izena emateko eskabideak 2017ko urriaren 2tik 20ra aurkez daitezke, bi egun horiek barne.

8. artikulua.– Prozeduran onartzea edo baztertzea. Erreklamazioak.

1.– Prozeduran parte hartu nahi duten pertsonak onartzeko edo baztertzeko, azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuak 9.2 artikuluan arautzen duena beteko da –lan-esperientziaren bitartez eta/edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko antolamendua eta prozedura ezartzen ditu dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoan–.

2.– Konpetentzia-atal bakoitzean ebaluatu daitezkeen pertsonen gehieneko kopurua adierazten du deialdi honen I. eranskinak, eta, kopuru horri erreparatuta, gehieneko zenbateko hori baino handiagoa baldin bada aurrez izena emateko eskabideen kopurua, honako lehentasun-irizpide hauek beteko dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten edo Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsonak.

b) Azken 10 urteetan lanbide-prestakuntzaren esparru berariazkoan lan-eskarmentu handiagoa lortu izana egiaztatzea, lan egin den enpres(ar)en ziurtagiri bat eta lan-bizitzaren laburpen bat aurkeztuta. Puntu 1 emango da lan egindako egun bakoitzeko.

c) Berdintasun-egoeretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena eman duten langabeak lehenetsiko dira.

d) Berdinketak bere horretan baldin badirau, adin handiena dutenak lehenetsiko dira.

3.– Agirietan izandako akats, oker edo gabeziak jasotzen dituen baremazio-zerrenda aurrez izena emateko epea amaitu eta 8 egun baliodunetik aurrera argitaratuko da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean (https://www.euskadi.eus) eta Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean (www.ivac-eei.eus).

4.– Baremazio-zerrenda argitaratu ondoren, egiaztagiriak falta dituzten pertsonek eta agiri akastunak aurkeztu dituztenek 10 egun balioduneko epea izango dute akatsak eta falta zaizkienak zuzentzeko; hori horrela, akatsak zuzentzeko, balorazio-erroreak oneratzeko eta, zerrendetan ageri ez badira, zerrendetan sartzeko behar den dokumentazio guztia aurkeztu behar dute.

9. artikulua.– Behin-behineko zerrendak onartzea eta argitaratzea.

Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 9.2.5 artikuluak arautzen duena betetzeko, prozeduran onartu eta baztertu diren pertsonen behin-behineko zerrenda onartu eta argitaratuko du Hautatze Batzordeak akatsak konpontzeko epea amaitu eta 5 egunetik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean (https://www.euskadi.eus) eta Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean (www.ivac-eei.eus).

10. artikulua.– Behin-behineko zerrenden aurkako erreklamazioak aurkezteko epea.

1.– Izangaiek, behin-behineko zerrendak argitaratu ondorengo egunetik aurrera, 5 egun baliodun izango dituzte egoki deritzoten erreklamazioak egiteko.

2.– Erreklamazioak idatziz aurkeztu behar dira prozeduran aurrez izena emateko baliatu zen ikastetxearen idazkaritzan, eta hautatze-batzordeari zuzenduko zaizkio.

11. artikulua.– Behin betiko zerrendak onartzea eta argitaratzea.

Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 9.2.6 artikuluak arautzen duena betetzeko, prozeduran onartu diren pertsonen behin betiko zerrenda onartu eta argitaratuko du Hautatze Batzordeak, baita erreserba-egoeran geratzen diren pertsonena eta baztertu diren pertsonen zerrenda ere (baztertuak izateko arrazoia adieraziko da baztertutakoen zerrendan). Erreklamazioak egiteko epea amaitu ondorengo egunetik aurrera argitaratuko dira zerrenda horiek, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean (https://www.euskadi.eus) eta Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean (www.ivac-eei.eus).

2.– Behin betiko zerrendaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariari edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariari. Hilabeteko epea izango da errekurtsoak jartzeko, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta elkarrekin emandako ebazpen bidez ebatziko dira aurkeztutako errekurtsoak.

12. artikulua.– Prozeduraren faseak.

Hiru fase hauetan egingo da konpetentzia profesionalak aitortzeko, ebaluatzeko egiaztatzeko eta erregistratzeko prozedura:

a) Aholkatzeko fasea.

b) Konpetentzia profesionala ebaluatzeko fasea.

c) Konpetentzia profesionala egiaztatzeko eta erregistratzeko fasea.

13. artikulua.– Aholkatzeko fasean izena ematea.

1.– Hautatze-prozesuan onartutako pertsonak aholkatzeko fasean sartuko dira.

2.– Deialdi honen V. eranskineko eredua erabili behar da aholkatzeko fasean izena emateko. Eredua Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunetik deskarga daiteke (www.ivac-eei.eus).

3.– Deialdi honen II. eranskineko zerrendan ageri diren ikastetxeetan egin daiteke aholkatzeko faserako inskripzioa.

4.– Aholkatzeko faserako inskripzioa 2017ko abenduaren 11tik 20ra egin daiteke, bi egun horiek barne.

5.– Horrez gainera, 24,48 euro-ko tasa bat ordaindu behar da. Ordainketa egiteko azken eguna 2017ko abenduaren 28a izango da aholkatzeko faserako inskripzioa 2017ko abenduaren 20an egin dutenentzat.

Aholkatzeko faserako inskripzioa egin ondoren, pertsona interesdunak 5 egun balioduneko epea izango du, inskripzio hori egin ondorengo egunetik aurrera, aurrez adierazitako tasa ordaintzeko. Aholkatzeko faserako inskripzio-orrian adieraziko da, izangai bakoitzarentzat, tasa hori ordaintzeko azken eguna, eta egun hori igaro ondoren, ezingo da ordainketa egin, bertan behera geratuko baita aholkatzeko faserako inskripzioa.

6.– Honako hauek ez dute aholkularitza-tasarik ordaindu behar:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emandako langabeak, lanik gabe izatearen egoera egiaztatzeko eskumena duen organoak emandako egiaztagiria aurkeztuta.

b) Terrorismoaren biktima diren eskatzaileak, baldin eta frogatzen baldin badute, organo eskudunak emandako ziurtagiri baten bidez, larritasun bereziko kalte pertsonal fisiko edo psikofisikoak izan dituela, bai eskatzaileak berak, bai bere ezkontideak edo, ezkontzaren antzeko harreman afektiboa izanik, haiekin modu iraunkorrean bizi denak, bai horien seme-alabek.

7.– Deialdian araututako tasa ez baldin bada hura ordaintzeko agindu den epearen barruan ordaintzen, prozeduran parte hartzeari uko egiten zaiola ulertuko da, eta prozeduran atzera egite hori Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariaren edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariaren ebazpen bidez deklaratu beharko da.

14. artikulua.– Aholkatzeko fasea betetzeko modua.

1.– Aholkatzeko fasea azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 12. artikuluak arautzen duen moduan egingo da –dekretu horrek lan-esperientziaren bitartez eta/edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko antolamendua eta prozedura ezartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan–.

2.– Nahitaezkoa da aholkatzeko fasean parte hartzea. Fase horren helburu dira identifikatzea zer konpetentzia-atal egokituko diren ondoen, ebaluatzeko garaian, izena ematen duten pertsonek ikasitakoarekin, eta parte-hartzaileei prozesu osoan behar izango duten laguntza guztia ematea.

3.– Nahitaezkoa izango da talde-bilera bat egitea hautatu diren eta aholkularia izendatu zaien izangai guztiei. Bilera horretan, aholkatzeko prozesuari buruzko informazioa emango zaie eta konpetentzia profesionalen txostena egiteko moduaren berri emango zaie.

4.– Talde-bileraren ondoren, banako aholkularitza presentziala emango dio aholkulariak izangai bakoitzari. Bere konpetentzia ebaluatzen, txostena osatzen eta, behar baldin bada, duen konpetentzia hori justifikatzeko beste ebidentzia batzuk aurkezten lagunduko dio aholkulariak izangaiari.

5.– Aurkeztu den dokumentazioari erreparatu ondoren, txosten izenpetu bat egingo du aholkulariak ebaluazio-batzordearentzat. Orientazio-izaera izango du txostenak, eta agiri horretan arrazoitu behar da ba ote dauden nahikoa ebidentzia ondorioztatzeko izangaiak baduela konpetentzia-atal bakoitzari dagokion konpetentzia; horrez gainera, ebaluazio-fasera igarotzea komeni den ala ez adieraziko da.

a) Txostena aldekoa baldin bada, hau da, izangaiaren konpetentziaren gaineko behar beste ebidentzia dagoela irizten baldin bada, aholkulariak ebaluazio-batzordeari bidaliko dio txostena eta izangaiak aurkeztu duen dokumentazio guztia.

b) Txostena negatiboa baldin bada, aholkulariak izangaiari adieraziko dio zer prestakuntza osagarri egin dezakeen eta zer ikastetxetan eskaintzen den prestakuntza hori.

Aholkulariaren txostena ez da loteslea izango, eta, ondorioz, ebaluazio-fasera igarotzeko erabakia har dezake izangaiak. Izangaiak erabaki hori hartzen baldin badu, aholkulariak ebaluazio-batzordeari bidaliko dio bere txostena, adierazitako dokumentazioarekin batera.

6.– Egindako jarduera guztien erregistro bat eramango du aholkulariak, eta izangaiak erregistro horretan izenpetuko ditu hartzen dituen saio guztiak, bai taldekakoak, bai banakakoak. Era berean, saioetara joan izana justifikatzen duen agiria eska diezaiokete izangaiek aholkulariari.

7.– Aholkatzeko faseak nahitaezko izaera du; beraz, izangaia ez baldin bada, justifikatutako arrazoirik gabe, deitua izan den aholku-saioetara aurkezten, galdu egingo du ebaluazio-fasean parte hartzeko eskubidea. Izangaiak, bilera egiteko eguna igaro ondorengo hiru egunetan idatziz eta frogagiriak aurkeztuta, behar bezala justifikatzen baldin badu bilerara ez joateko arrazoia, beste bilera bat hitzar daiteke, aholkularitza emateko epeen barruan.

8.– Aholkulari bat ezin baldin bada ohiko bitartekoen bidez jarri harremanetan izangairen batekin, Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren web-orriaren bitartez egingo du (www.ivac-eei.eus), eta harremanetan jartzeko saio horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu.

9.– Urtarrilean ekingo zaie aholkatzeko faseko jarduerei eta 2018ko otsailaren 22a baino lehen amaituko dira.

10.– Profesionaltasun-titulu eta -ziurtagiriei dagozkien aholkatze-faseak III. eranskinean adierazten diren lekuetan beteko dira.

15. artikulua.– Ebaluazio-fasean izena ematea.

1.– Deialdi honen VI. eranskineko ereduaren bidez egingo da ebaluaziorako inskripzioa. Eredua Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunetik deskarga daiteke (www.ivac-eei.eus).

2.– Aholkularitza-fasea amaitu ondoren egingo du izangaiak ebaluaziorako inskripzioa, 2018ko urtarrilaren 15aren eta otsailaren 28aren bitartean, deialdi honen II. eranskinak zerrendatzen dituen ikastetxeetan.

3.– Ebaluaziorako inskripzioa egiteko, 12,24 euro ordaindu behar dira ebaluaziorako inskribatu den konpetentzia-atal bakoitzerako. Hura egiteko azken eguna 2018ko martxoaren 7a izango da ebaluaziorako inskripzioa otsailaren 28an egin duten pertsonentzat.

Ebaluazio-faserako inskripzioa egin ondoren, pertsona interesdunak 5 egun balioduneko epea izango du, inskripzio hori egin ondorengo egunetik aurrera, aurrez adierazitako tasa ordaintzeko. Ebaluazio-faserako inskripzio-orrian adieraziko da, izangai bakoitzarentzat, tasa hori ordaintzeko azken eguna, eta egun hori igaro ondoren, ezingo da ordainketa egin, bertan behera geratuko baita ebaluazio-faserako inskripzioa.

4.– Honako hauek ez dute ebaluaziorako tasarik ordaindu behar:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emandako langabeak, lanik gabe izatearen egoera egiaztatzeko eskumena duen organoak emandako egiaztagiria aurkeztuta.

b) Terrorismoaren biktima diren eskatzaileak, baldin eta frogatzen baldin badute, organo eskudunak emandako ziurtagiri baten bidez, larritasun bereziko kalte pertsonal fisiko edo psikofisikoak izan dituela, bai eskatzaileak berak, bai bere ezkontideak edo, ezkontzaren antzeko harreman afektiboa izanik, haiekin modu iraunkorrean bizi denak, bai horien seme-alabek.

5.– Ez baldin badira ezarritako epean ordaintzen deialdian agindutako tasak, prozeduran parte hartzeari uko egiten zaiola ulertuko da, eta prozeduran atzera egite hori Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariaren edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariaren ebazpen bidez deklaratu beharko da.

16. artikulua.– Ebaluazio-fasea egiteko modua.

1.– Ebaluazio-fasea azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 12. artikuluak arautzen duen moduan egingo da –dekretu horrek lan-esperientziaren bitartez eta/edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko antolamendua eta prozedura ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan–.

2.– Ebaluazio-fasean, egiaztatuko da izangaiak baduela jarduera profesionalak egiteko behar den konpetentzia profesionala, ezarri diren mailetan eta horiei dagozkien gauzatze-irizpideak beteta. Lanbide bakoitzari dagokion lan-egoera benetako edo simulatuetan egiaztatuko da hori guztia.

3.– Ebaluazio-prozesuan, izangaiak lanbidearen inguruan aurkeztutako informazioak ematen dituen zeharkako ebidentziak hartuko dira kontuan, eta aintzat hartuko dira, era berean, bestelako ebidentzia zuzenak ere, konpetentzia bakoitza ebaluatzeko egoki irizten diren metodoen bidez eskuratutakoak.

4.– Deialdiaren VI. eranskineko ereduaren arabera aurkeztutako eskabideei erreparatu ondoren, matrikulazioan adierazi dituen konpetentzia-atalak ebaluatuko zaizkio izangai bakoitzari, aholkulariaren txostenak adierazten duenari begiratu gabe.

5.– Uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak xedatzen eta arautzen dituen ebaluazio-batzordeek egingo dute ebaluazioa. Berariaz izendatuko dira ebaluazio-batzordeak, deitzen diren konpetentzia-atalei dagozkien espezialitateen eta lanbide-familien arabera.

6.– Uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuko 27. eta 28. artikuluek arautuko dituzte ebaluazio-batzordeen osaera, funtzionamendua eta funtzioak.

7.– Batzorde bakoitzaren lanaren arduraduna izango da batzordeburua, eta prozeduraren faseen arteko koordinazioa ziurtatuko du. Administrazio publikoaren enplegatu bat izango da, eta gutxienez sei urteko eskarmentua izango du lanean edo/eta irakaskuntzan, edo bi urteko eskarmentua konpetentzia profesionalen gaineko aholkularitza- edo/eta ebaluazio-lanetan. Era berean, Administrazio Publikoaren enplegatu izan behar du batzorde horretako idazkariak.

8.– Etapa hauek osatuko dute ebaluazio-fasea:

a) Izangai bakoitzaren konpetentzien dosierra, izangaiak jarduera profesionala betetzeko dituen ezagutzen eta gaitasunen multzoak adierazten dituena, eta aholkulariaren txostena aztertuko ditu ebaluazio-batzordeak, eta ebidentzien atariko ebaluazioa egingo du, erabakitzeko ebidentzia horiek nahikoa ote diren konpetentzia-atalak egiaztatzea proposatzeko ala ez ote diren behar bestekoak proposamen hori egiteko.

b) Ebaluazio-batzordeak plangintza bat prestatuko du izangai bakoitzarentzat, eta ebaluazio-plan banakatuan adieraziko du plangintza hori. Ebaluazio-planak ebaluazioa egiteko irizpideak, metodologia eta jarduerak adieraziko ditu, bai eta programatzen diren jarduerak egiteko lekuak eta egunak ere. Ezinbestean egin behar da plana eta modu pertsonalean entregatu behar zaio izangaiari, posta elektronikoz edo posta arruntez.

c) Ebaluazio-batzordeak erabakitzen duen ebaluazio-prozesua egingo du izangai bakoitzak. Konpetentzia-atal jakin baten gaineko konpetentzia profesionalaren ebaluazioaren emaitza emateko, «frogatua» edo «frogatu gabea» kalifikazioak erabiliko da. Konpetentzia-atala izango da gutxieneko egiaztapen-unitatea.

d) Amaitzeko, ebaluazio-batzordeak akta batean jasoko ditu ebaluazio-emaitzak, honela adierazita:

– «Frogatua», baldin eta, ebaluazioaren emaitza zehaztean, ebidentziek erakusten baldin badute izangaiak konpetentzia egiaztatu duela ebaluatutako konpetentzia-atalean.

– «Frogatu gabea», baldin eta, ebaluazioaren emaitza zehaztean, ebidentziek ez badute erakusten izangaiak konpetentzia egiaztatu duenik ebaluatutako konpetentzia-atalean.

9.– Otsailean ekingo zaie ebaluazio-faseko jarduerei eta 2018ko martxoaren 23a baino lehen amaituko dira.

10.– Profesionaltasun-titulu eta -ziurtagiriei dagozkien aholkatze-faseak III. eranskinean adierazten diren lekuetan beteko dira.

17. artikulua.– Behin-behineko aktak argitaratzea.

1.– Behin-behineko ebaluazio-aktak 2018ko apirilaren 11tik aurrera argitaratuko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean (https://www.euskadi.eus) eta Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean (www.ivac-eei.eus).

2.– Behin-behineko emaitza honela adieraziko da: «frogatua» edo «frogatu gabea». Interesdunak erreklamazio bat aurkez dezake emaitza horren aurka 5 egun balioduneko epean, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean argitaratu ondorengo egunetik kontatzen hasita (https://www.euskadi.eus).

3.– Erreklamazio hori idatziz aurkeztu behar da prozeduraren ebaluaziorako inskripzioa egin zen ikastetxeko idazkaritzan. Ebaluazio-batzordeko batzordeburuari zuzenduko zaio erreklamazioa, eta hark ebatziko du.

18. artikulua.– Behin betiko aktak argitaratzea.

1.– Ebaluazio-batzordeek 2018ko apirilaren 24tik aurrera argitaratuko dituzte behin betiko aktak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean (https://www.euskadi.eus), Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean (www.ivac-eei.eus).

2.– Ebaluatua izan den pertsonak gora jotzeko errekurtsoa jar dezake behin betiko ebaluazioaren aurka. Hilabete izango du horretarako, ebaluazioaren emaitza Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean (https://www.euskadi.eus) argitaratu ondorengo egunetik kontatzen hasita.

3.– Prozedura ebaluatzeko inskripzioa egin zen ikastetxeko idazkaritzan aurkeztu behar da, idatziz, gora jotzeko errekurtsoa. Plangintza eta Antolamenduko zuzendariari edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariari zuzendu behar zaizkie errekurtsoak, eta baterako ebazpenen bidez ebatziko dituzte.

19. artikulua.– Ordain ekonomikoak.

Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko antolamendua eta prozedura zehazten dituenak, I. eranskinean adierazten dituen ordain ekonomikoak jaso ditzakete aholkulariek eta ebaluatzaileek.

Aholkulariek eta ebaluatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi behar diote konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura honetan parte hartzen ari direla, baldin eta langabeziako prestazioak jasotzen ari baldin badira. Aholkulari edo ebaluatzaile moduan izaten duten parte-hartzearen hasieran eta amaieran egin behar dute jakinarazpen hori, jasotzen duten prestazioa kontribuzio-mailakoa den ala ez kontuan hartu gabe.

20. artikulua.– Konpetentzia profesionala egiaztatzeko eta erregistratzeko fasea.

1.– Egiaztatzeko eta erregistratzeko fasea azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuak 13. artikuluan arautzen duen moduan egingo da konpetentzia profesionala egiaztatzeko eta erregistratzeko fasea –dekretu horrek lan-esperientziaren bitartez eta/edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionala ebaluatzeko eta egiaztatzeko antolamendua eta prozedura ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan–.

2.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzak 2018ko apirilaren 30etik aurrera egiaztatuko ditu aitortutako konpetentzia-atalak, eta egiaztapen horiek egiteko, ebaluazio-batzordeek egindako aktei erreparatuko die (uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak, lan-eskarmentuaren bidez lortutako konpetentzia profesionalak aitortzekoak, arautzen duen III-A ereduaren arabera egingo dira akta horiek).

3.– Prozedura honen bidez eskuratutako konpetentzia-atalen egiaztapenak egiaztapen partzial metagarriaren ondorenak izango ditu, ekainaren 19ko 5/2002 Legearen 8.3. artikuluak arautzen duen moduan; eta egiaztapen horien xedea izango da dagokion lanbide-heziketako titulua edo profesionaltasun-ziurtagiria eskuratzeko prestakuntza osatzea.

4.– Aldeko ebaluazioa izan duten pertsonek deialdi honen II. eranskinean adierazten diren ikastetxeetan jaso ditzakete beren ziurtagiriak.

21. artikulua.– Prestakuntza-plana.

Lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozesu osoa amaitzean, Ebaluazio Batzordeak idazki bat igorriko die deialdi honetan arautzen den prozeduran parte hartu duten guztiei, eta honako alderdi hauek adieraziko dira idazki horretan, pertsona bakoitzari dagokionaren arabera:

a) «Frogatu gabeko» konpetentzia-atalak hurrengo deialdietan egiaztatzeko prestakuntza-aukerak eta aukera horiei dagozkien orientabideak.

b) Prestakuntza osatu eta loturik dauden profesionaltasun-ziurtagiriak edo lanbide-heziketako tituluak eskuratzeko prestakuntza-aukerak eta horiei dagozkien orientabideak.

22. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

1.– Eskatzaileak berariaz ematen du bere datu pertsonalak deialdiaren oinarrietan eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak 2016ko ekainaren 15ean emandako Aginduan adierazitako moduan eta xedearekin erabiltzeko baimena.

2.– Eskatzaileak bere aplikazioetan dituen datu pertsonalak erabiltzeko baimena ematen dio Konpetentzia Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Prozedurari, prestakuntza-eskaintza loturikoak antolatu eta prozedura kudeatzeko.

3.– Datuak 10. fitxategi automatizatuan, «Bizialdi osoko ikaskuntza» izenekoan, gordeko dira, eta prozedura honetan adierazten diren helburuak lortzeko bakarrik erabiliko dira, esklusibotasunez. Fitxategi horren erabilerak eta funtzionamenduak bete egingo ditu abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, izaera pertsonaleko datuak babestekoa, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa.

4.– Edozein unetan erabil daitezke 15/1999 Legeak arautzen dituen eskubideak eta, bereziki, datuetan sartzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta horien aurka egiteko eskubideak. Helbide honetara jo behar da, idatziz, eskubide horiek erabiltzeko: Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolamendu Zuzendaritza, Donostia, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

23. artikulua.– Abstenitzea eta errefusatzea.

1.– Aholkulari edo ebaluatzaile izendatzen diren pertsonek ez dute aholkurik eman edo ebaluaziorik egin behar izangaiei, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, 23. artikuluan arautzen dituen egoeraren batean baldin badaude.

2.– Egoera horietakoren batean gertatzen baldin badira, egoera horretan dauden aholkulariek eta ebaluatzaileek horren berri eman behar diote beren ebaluazio-batzordeko batzordeburuari, eta azken horrek Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuari (EEI-IVAC).

3.– Era berean, aholkulari edo ebaluatzaile izendatutako pertsonak errefusa ditzakete izangaiek, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, 24. artikuluan arautzen dituen egoeraren batean baldin badaude.

24. artikulua.– Argitaratzea.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratuko da, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean laburpen bat argitaratuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, haren kontrako gorako errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza sailburuari, eta hark ebatziko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari entzun ondoren.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 19a.

Lanbide Heziketako sailburuordea,

JORGE ARÉVALO TURRILLAS.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

I. ERANSKINA
ESKABIDE ELEKTRONIKOA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
IKAS-EKINEZKO ERREGIMENEKO LANBIDE-HEZIKETA DUALEKO PROGRAMAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
JUSTIFIKAZIOA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
AZKEN TXOSTENA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
JUSTIFIKAZIOA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
AZKEN TXOSTENA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala