Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2017ko abuztuaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3897

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 3koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Uraren Euskal Agentziak Lagran udal-mugartean (Araban) sustatutako Lagrango saneamendu-sarea hobetzeko eta handiagotzeko proiektuak ingurumenean duen inpaktuari buruzko txostena formulatzen duena.

AURREKARIAK

2017ko martxoaren 29an, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Uraren Euskal Agentziak (URA) egindako eskaera bat jaso zen, Lagrango (Araba) saneamendu-sarea hobetzeko eta handitzeko proiektuari buruzkoa, betiere ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen (aurrerantzean, abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 45. artikuluarekin bat etorriz, arau horren 7.2.b) artikuluan xedatutakoaren gainean oinarritzen baita proiektua.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, 2017ko apirilaren 11n eta maiatzaren 4an, ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, aipatu proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazte aldera.

Era horretan, kontsulta egin zitzaien Natura Ingurunearen eta Ingurunearen Plangintzako Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari (Arabako Lurralde Ordezkaritza) -horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak-, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari, Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritza Nagusiari, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirolaren Zuzendaritzari, Lagrango Udalari eta Arabako Ekologistak Martxan erakundeari.

Kontsulten izapidea amaituta, hauen erantzunak jaso dira: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza (lehen Ingurune Naturala eta Ingurumen Planifikazioaren Zuzendaritza) -horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak-, eta Euskara, Kultura eta Kirola Zuzendaritza, eta Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritza (biak Arabako Foru Aldundiaren erakundeak), eta espedientean jasota dago emaitza. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenean eragingo dituen ondorioen analisia langintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, eta, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak kontuan hartuta.

Abenduren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira I. eta II. eranskinean sartuta ez dauden proiektuak, baldin eta nabarmen, zuzenean edo zeharka eragiten badiete Natura 2000 Sareko eremu babestuei. Horrenbestez, ingurumen-arloan indarrean den legeria aplikatuz, Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio Uraren Euskal Agentziak (URA) sustatutako Lagrango (Araba) saneamendu-sarea hobetzeko eta handitzeko proiektuari. Ondoren, proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez zehaztuko da eta, beraz, baita ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori eskuduna da aipatutako otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egin behar zaion ala ez.

Hauek ikusirik: Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lagrango (Araba) saneamendu-sarea hobetzeko eta handitzeko proiektuak ingurumenean duen inpaktuari buruzko txostena egitea. Uraren Euskal Agentziak (URA) sustatu du proiektua, jarraian adierazten diren terminoetan:

A.– Lagrango (Araba) saneamenduaren arazoari irtenbidea ematea da proiektuaren helburua, batetik hondakin-urak eta bestetik euri-urak jasoko dituen bereizketa-sistema bat instalatzea hain zuzen ere, horrela Lagranen eraikiko den hondakin-uren araztegiaren funtzionamendua optimizatzeko. 988 m inguruko luzera izango duen hondakin-uren kolektore intertzeptatzaileak Lagran udalerriko etxeko hondakin-ur guztiak jasotzea ahalbidetuko du. Kolektore intertzeptatzaile hori Pipaonera doan A-3130 errepidetik gertu abiarazi (Lagrango hirigunearen mendebaldean) eta San Bartolome errekaren eskuinaldetik eta Ega ibaitik igarotzen da, hirigunea iparraldetik inguratuz eta udalerriaren ekialdean isuriz. Izan ere, bertan kokatuko da proiektuko Hondakin Uren Araztegia (EDAR). Euri-uren kolektore intertzeptatzaileak udalerriaren hirigune barneko kaleetako euri-urak jasoko ditu.

B.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, betiere abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak:

Proiektuaren bitartez, batetik hondakin-urak eta bestetik euri-urak jasoko dituen sistema bat instalatuko da. Hondakin-uren kolektore intertzeptatzaileak 988 m inguruko luzera izango du. Euri-uren kolektore intertzeptatzailea ezinbestekotzat jotzen diren guneetan bakarrik planteatzen da, eta hirigunearen barneko kaleak bakarrik zeharkatuko ditu.

Proiektuak barne hartzen dituen ekintzen artean, landaredia moztu eta sastrakak kendu beharko dira lan egingo den kalean, kolektorerako lubakiak ireki eta leheneratze-lanak egiteaz gain.

Proiektuan adierazitakoari jarraiki, hondakin-uren kolektoreak landaredia naturaleko gune interesdunak bakarrik zeharkatuko ditu; zatirik handiena degradatuta dago, gizakiak asko esku hartu duen eta baratze eta labore ugari barne hartzen dituen ingurunea baita. Euri-uren kolektorea Lagrango hirigunean kokatuko da; haren hirigune historikoa Monumentu Multzo gisa gaineratuta dago Euskal Ondarearen Inbentario Nagusian.

Kolektorea instalatzeko beharrezko lur-indusketak garrantzia txikikoak dira, oso puntualak, eta ez ditu zeharkatzen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten lurzoruen inbentarioan gaineratutako guneak. Istripuen arriskua olioaren eta beste hidrokarburo batzuen ustekabeko isurketekin lotuta dago, makineriaren erabilera eta mantenua direla eta.

2.– Proiektuaren kokapena:

Lagrango (Araba) udal-mugartean proiektatutako hondakin-uren kolektoreak hainbat baratze eta labore zeharkatzen ditu, eta Nekazaritza eta Basozaintzako LPSan Trantsizioko Landa Paisaia gisa gaineratuta daude gehienak. Gainera, Batasunaren Intereseko Habitat gisa -6210 Belardi lehor erdi naturalak eta sastrakadietako faziesak, karedun substratuen gainean- kartografiatutako guneetatik igarotzen da, baina landa-eremura egindako bisitan, eremuak mota horretako belardien ohiko osaera ez duela egiaztatu da.

Era berean, San Bartolome erreka gurutzatzen du eta erreka horren eta Ega ibaiaren bazterretik igarotzen da ibilbidearen zenbait puntutan. Hondakin-uren kolektorearen azken 177 metroak Ega-Berron ibaiaren «ES2110020» KBE barruan igarotzen dira. KBE gisa izendatutako tarte hori kudeaketa-plan onartuekin mehatxatutako fauna-espezieen babes eta desplazamendurako gunea da, eta interes bereziko eremua da bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola) eta igarabarentzat (Lutra lutra).

Eragindako KBE barruko gainazalak 1.573 m2 ditu eta horietatik 279 m2 landaredia naturalak estalita daude (Batasunaren Intereseko Habitateko 79 m2 -9240 Quercus faginea eta Quercus canariensis harizti iberiarrak– eta 200 m2 zuhaixka-landareak); gainerako zati guztia baratze eta fruta-arbolez osaturik dago.

Euri-uren kolektore intertzeptatzailea (kale nagusiko L eta Iparraldeko kaleko M kolektoreak) Lagrango hiriguneko kaleetan kokatuta dago, 1996ko martxoaren 21eko Aginduak Monumentu Multzo deklaratutako eremua.

3.– Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak:

Proiektu-mota eta haren ezaugarriak ikusirik, inpaktu esanguratsuenak exekuzio-fasean gertatuko dira nagusiki, eta honako hauen ondoriozkoak izango dira: lan egingo den kaleko landareen ebaketa eta sastrakak kentzea, kolektorerako lubakiak irekitzea eta makinen joan-etorriak. Azpimarratzekoak dira:

– Uren kalitatea jaitsi daiteke obrak exekutatzean, makinen joan-etorriek eta ustekabeko isurpenek eraginda – prebentzio-neurri eta neurri zuzentzaile egokiekin uren kalitatea gutxitzea dakarten eraginak minimizatuko direla uste da, eta inpaktua denbora jakin baterakoa, itzulgarria, berreskuragarria eta bateragarria dela kontsideratzen da.

– San Bartolome erreka gurutzatzeko lanek eragindako fluxu hidraulikoaren alterazio partzialak oso iraupen mugatua izango du denboran eta, ibai-ibilgu horren garrantzia txikia kontuan hartuta, inpaktua bateragarria izango da.

– Faunaren eta fauna-intereseko guneen gaineko eragina, lanak egiteko azalerak okupatzearen ondoriozko habitataren kalitatea txikitzeak, sortutako zaratak eta makinen joan-etorrien ondoriozko emisio posibleek eragindakoa, nagusiki. Proiektuaren eremua interes bereziko gunea da bisoi europarrarentzat eta igarabarentzat, Arabako Lurralde Historikoan kudeaketa-plan bat duten espezieak. Obren iraupen motza, afekzio horiek minimizatzeko aurreikusi diren neurriak eta bisoi europarrari eta igarabari ez eragiteko proposatu diren neurri gehigarriak kontuan hartuta, inpaktua bateragarria izango da.

– Naturagune babestuen gaineko inpaktua, Ega-Berron ibaiaren «ES2110020» KBEri dagokionez batez ere. Batetik, eta KBE honetarako kudeaketa-neurrien eta gidalerroen dokumentuak arroaren saneamendua hobetzea, Lagrango EDAR eraikuntza eta arro hartzailetik isolatutako guneetan kolektoreak eta hobi septikoak eraikitzea aurreikusten duenez, oro har, horrek guztiak KBEri modu positiboan eragingo diola uste da, ur-kalitatearen hobekuntza dela eta. Obra-fasean, lan egingo den kaleko landaredia ebaki eta sastrakak kendu beharko dira, baita KBE deklarazioa eragin zuten elementuetatik ere; lan horietatik bisoi europarra eta igaraba izan daitezke kaltetuenak. Natura 2000 Sarearen gaineko eraginari buruz aurkeztutako berariazko txostena eta espedienteko txostenak ikusirik, ondorioztatzen da prebentzio-neurri eta neurri zuzentzaile egokiak hartuta (habitat eta espezieak eta sare hidrologikoa babesteko) ez dela izango KBEen gaineko eragin nabarmenik.

– Ondare kulturalarekiko eragina, Lagrango hiriguneko kaleetan kokatutako euri-uren kolektore intertzeptatzailearekin lotutako lanak direla eta. Lanak abiarazi aurretik proiektu arkeologiko bat egin beharko da, eta hark Arabako Foru Aldundiaren aldez aurretiko baimena jaso beharko du.

Bigarrena.– Proiektua exekutatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesgarri, zuzentzaile eta konpentsagarriez eta baimen sektorialetan adierazitakoez gainera, baldintza hauek izan behar dira kontuan:

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Lanerako kalea lanak egiteko gutxienekoa izango da eta, ahal izanez gero, ez ditu 4 metro baino gehiago izango Ega-Berron ibaiaren «ES2110020» KBEn dauden guneetan.

– Europar bisoiaren (Mustela Lutreola) eta igarabaren (Lutra lutra) Kudeaketa Planen eremuan egitekoak diren jarduerak foru-organo eskudunak ezarritako baldintzei jarraiki gauzatuko dira. Organo horrek mugak ezar ditzake, bai lanak egiteko eran, bai horiek egiteko unean, betiere kontuan hartuta zein diren zaindu beharreko aldiak, fauna mehatxatuaren ziklo biologikoei dagokienez.

– Ahal den neurrian, proiektuaren eremu osoan ez da landaretza kenduko, Ega-Berron ibaiaren «ES2110020» KBEren ertzetan batez ere.

– Ega-Berron ibaiko «ES2110020» KBEko zuinketa-fasean eta lanetan zehar, Arabako Foru Aldundiaren Ondare Naturalaren Zerbitzuko teknikari batek egon beharko du presente.

– Halaber, leku horietan, lanek eragindako eremua in situ mugatuta geratu beharko da, eta obra-ingurunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak behar bezala babestuta egongo dira, ustekabeko eraginak ekiditeko.

– Lurzorua okupatzea inplikatzen duten lanak egin behar izanez gero, proiekturako behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Obrako materialek ahalik eta espazio txikiena hartu beharko dute, eta makineria eta ibilgailuak ezingo dira horretarako prestatutako esparrutik kanpo ibili. Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuz gero, neurri zuzentzaile eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

– Guneren bat egokitu behar bada bertan makina uzteko, materialak bolada batean biltzeko edo pilatzeko, sortutako hondakin-mota ezberdinak kudeatzeko, edo proiektuarekin zerikusia duen beste edozein jardun gauzatzeko, ingurumen-eragin txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira gune horiek. Gune horiek inola ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (zuhaizti autoktonoak, ibaiertzeko landaredia, lehentasunezko intereseko habitatak), ezta ibilguetatik hurbil dauden lur-sailetan, hezeguneetan eta urak har ditzakeen eremuetan ere.

– Lanen Zuzendaritzak onartu beharko du gune horiek non dauden zehatz, egokitzapen-lanak hasi baino lehen. Kasu bakoitzean, aurretik in situ balizatu beharko da.

– Proiektua exekutatzean kaltetutako gune guztiak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak eta abar) lehengoratuko dira. Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzen.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

– Hargatik eragotzi gabe uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruan ezartzen dituen baldintzak, ez da inolako isurpenik egingo jabari publiko hidraulikoaren gainean, ezta bere babes-zortasunean ere, eta ez dute jasoko solido-arrasterik edo zuhaitz-ebaketen edo -inausketen hondarrik.

– Halaber, erabat debekatuta dago makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Lanak egiten ari diren inguruan ez balego azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko esparru bat egokitu beharko da. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat eduki beharko du, lurzorua eta urak ez kutsatzeko.

– Hondakin-uren kolektore intertzeptatzailea instalatzeko lubakia induskatzeko lanak modu hautakorrean egingo dira, lurzoruaren horizonteak xehetasunez bereiziz eta bilduz, gero lurzoruaren jatorrizko profila lanak abiarazi aurreko egoerara lehengoratzeko.

– Indusketetan, landare-lurrari dagozkion horizonteak modu hautakorrean kenduko dira, eta horiek berehala birbanatu edo, posible ez bada, pilatu egingo dira. Pilaketa ibaiaren uholde-arrisku handieneko gunetik kanpo egin beharko da. Landare-lur hori berrerabili egingo da landaredia leheneratzeko lanetan edo landatutako laborantza-guneetan.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoei, kalitate-helburuei eta isuri akustikoei dagokienez, obren fasean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: aurrea hartzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra izango da teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik ezinezkoa izatea horiek balorizatzea. Behar bezala egiaztatu beharko da hori horrela dela.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz hondakinak sortzen badira, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak honako hauen arabera kudeatuko dira: hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua; Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betelanak exekutatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, eta horien aldaketak.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Aipatutako deposituak edo ontziak era argi, irakurgarri eta ezabagaitzean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia.

– Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Hala badagokio, eremu jakin batzuk egokituko dira, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola: olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldo eta ez-arriskutsuentzako berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Zehazki, inoiz ez dira hondakinak erreko, ezta erregaiak eta produktuak biltzetik nahiz makinak mantentzetik sortzen diren kontrolatu gabeko efluenterik isuriko ere.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Igorritako dokumentuetan adierazitakoari jarraiki, euri-uren kolektoreak Hirigune Historikoko Gune Arkeologikoan irekitzea aurreikusten da (Monumentu Multzo deklaratu zen 1996ko martxoaren 21eko Agindu bidez). Adierazpen horri jarraiki, lanak abiarazi aurretik proiektu arkeologiko bat egin behar da, eta hark Arabako Foru Aldundiaren aldez aurretiko baimena izan behar du.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Euskararen Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

– GR-38 delakoaren eta hondakin-uren kolektore intertzeptatzailearen gurutzaketak Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzaren aldez aurretiko baimena jaso beharko du.

– Lurrak mugiaraztea eragiten duten obra-leku bakoitzeko lanak amaituta, jarduketen eraginpeko lursailaren oneratze edafiko eta geomorfologiko bat egingo da.

– Lehengoratze edafikoaren lan horiek iraun bitartean, landare inbaditzaileak –hala nola, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana– zabaltzea eragozteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

– Baso-lanetarako erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propagulu edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.

– Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-eremutik.

Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Langileek jardunbide onen sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko.

– Lanen okupazio-mugak kontrolatzea.

– Natura-interes handiko landaretza-eremuen gaineko eragina kontrolatzea.

– Ibilguen gaineko eta beren bazterretako landaretzaren gaineko eragina kontrolatzea, eta, ondorioz, bisoi europarren eta igarabaren habitataren gainekoa ere bai.

– Ekiditea bai hondakinen isurketak, bai olioen isurketen eta lurren arrastearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura.

– Proiektuan inplikatutako herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Obraren garbiketa eta akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Lagrango (Araba) saneamendu-sarea hobetzeko eta handitzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Laugarrena.– Uraren Euskal Agentziari (URA) eta Lagrango Udalari Ebazpen honen berri ematea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 3a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVÁN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala