Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2017ko maiatzaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

BALMASEDAKO LEHEN AUZIALDIKO ETA INSTRUKZIOKO 1 ZENBAKIKO ZUZENEKO LAGUNTZA EMATEKO UNITATE PROZESALA
2529

EDIKTUA, behin betiko neurriak aldatzeari buruzko 200/2013 prozeduraren ondoriozkoa.

JAKINARAZPEN-ZEDULA

Balmasedako Lehen Auzialdiko 1 zenbakiko Epaitegian (Bizkaia), behin betiko neurriak aldatzeari buruzko 200/2013 prozedura bideratu da, Monica Alina Botofan-ek eskatuta, Marcel Botofan-en aurka (gaia: behin behin betiko neurriak aldatzea). Prozedura horretan, epaia eman da, eta honako hauek dira idazpurua eta epaitza, kopiatuta:

81/2016 EPAIA

Epailea: Patricia Navas Catala andrea.

Lekua: Balmaseda (Bizkaia)

Eguna: bi mila eta hamaseiko irailaren hogeita bata.

Alderdi demandatzailea: Monica Alina Botofan.

Abokatua: Jon Gorrotxategi Nieto.

Prokuradorea: Elena Ruiz Martínez.

Alderdi demandatua: Marcel Botofan.

Abokatua.

Prokuradorea.

Judizioaren gaia: neurriak aldatzea.

EPAITZA

Baiesten dut Mónica Alina Botofan andreak aurkeztutako demanda –Elena Ruiz Martínez epaitegietako prokuradoreak ordezkatu du–, Marcel Botofan demandatuaren aurkakoa. Horrenbestez, demandatua kondenatzen dut honako erabaki hauek onartu eta betetzera:

– XXXXXren zaintza eta jagoletza Mónica Alina Botofan andreari esleitzen zaio.

– Marcel Botofan-en aldeko honako bisita-erregimen hau ezartzen da:

Asteburuetan:

Adingabeak jagoletza ez duen gurasoarekin komunikazioan egongo dira; aitarekin, bi asteburutik behin egongo dira (batean bai, hurrengoan ez), larunbateko 10:30etik igandeko 20:00etara. Guraso batek adingabeekin egon behar duen asteburu jakin batean zubia egiteko eskubidea badu, edo asteburuaren aurreko edo ondorengo eguna(k) jaieguna bad(ir)a, egun horietan ere guraso hori egongo da seme-alabekin batera. Aitak amaren etxean jasoko ditu adingabeak, eta hara eramango ditu bueltan.

Oporraldietan:

Guraso bakoitza eskola-oporraldien erdian egon ahal izango da adingabeekin, Gabonetan, inauterietan, Aste Santuan eta udan. Amak urte bikoitietan aukeratuko du, eta aitak, berriz, urte bakoitietan.

Oporraldietan, ekintza judizialak ekar litzaketen gaizki-ulertuak saiheste aldera, berariaz adierazten da bertan behera uzten dela asteburuetako komunikazioa. Ikastetxe batetik bestera eskola-egutegia aldatzen denez, emazteak senarrari jakinarazi beharko dio zein den adingabeen eskola egutegia.

– Mantenu-pentsioari dagokionez, aitak, bi seme-alaben mantenurako, bere diru-sarrera garbi guztien % 30 ordainduko du, eta, gutxienez, 350 euro. Zenbateko horren bidez, adingabeak dituen ohiko gastuak estaliko ditu aitak (elikagaiak, eskolatzea, arropa...). Aitak, halaber, adingabeen ezohiko gastuen % 50 ordainduko du (ortodontziak, osasun-gastuak...). Borondatez egiten diren jardueren gastuei dagokienez (eskolaz kanpoko jarduerenak, kasurako), halakoak egitea onartzen duen gurasoak ordainduko ditu, edo, bi gurasoak ados egonez gero, erdibana.

Kosturik ez da ezarriko.

Aurkaratzeko modua: Bizkaiko Probintzia Auzitegiari zuzendutako apelazio-errekurtsoaren bidez (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, honako hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den, eta zein diren apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakiak (PZLb, 458.2 artikulua).

Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta, baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banco Santander banketxean duen Gordailuan eta Zainpean jartzeko Kontuan (4780 0000 35 0200 13). Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «Errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean jarri izana egiaztatu beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOko 15. xedapen gehigarria).

Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.

Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.

Argitalpena.– Epaiari dagokion egunean, jendaurreko entzunaldia egiten ari zelarik, epaia eman zuen epaile berberak eman, irakurri eta argitaratu zuen. Eta nik, Justizia Administrazioaren letradu naizenez, horren guztiaren fede ematen dut Balmasedan (Bizkaia), bi mila eta hamaseiko irailaren hogeita batean.

Eta Marcel Botofan demandatuari behar bezalako jakinarazpena egiteko balio dezan, ematen eta sinatzen dut hau, Balmasedan (Bizkaia), bi mila eta hamaseiko irailaren hogeita batean.

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.


Azterketa dokumentala