Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2017ko martxoaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1503

AGINDUA, 2017ko martxoaren 8koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak prestakuntza-jarduerak homologa ditzan bete beharreko eskakizunak eta prozedura erregulatzeko dena.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legearen eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak erregulatzen dituen urriaren 16ko 200/2012 Dekretuaren arabera, euskal administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen prestakuntza eta hobekuntza dira aipatu erakundearen helburuetako batzuk.

Zehazki, Dekretuaren 14. artikuluak prestakuntza-jarduerak homologatzea Prestakuntza Zerbitzuari dagokiola ezartzen du. Era berean, otsailaren 19ko 30/2008 Dekretuaren 18. artikuluak ezartzen du prestakuntza-jarduerak homologatzea dela IVAP-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak prestakuntza-gaietan duen funtzioetako bat (otsailaren 19ko 30/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako langileen prestakuntza planifikatu eta antolatzeko irizpide orokorrei buruzkoa).

2007ko martxoaren 6an argitaratu zen, EHAAn, 2007ko otsailaren 1eko homologazio-agindua, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak prestakuntza-jarduerak homologa ditzan bete beharreko eskakizunak eta prozedura erregulatzeko dena. Agindu hori indarrean sartu zenetik, agerian geratu da haren edukia eguneratu behar dela eta jarduketa-esparrua zabaldu behar dela, online modalitatea sartuz.

Adierazitakoaren ondorioz, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da erakunde eta entitateek antolaturiko prestakuntza-jarduerak homologatzeko betekizunak eta prozedura erregulatzea. Hona erakunde eta entitate horiek:

a) EAEko Administrazio Orokorra eta administrazio instituzionalaren barruko organismo autonomoak eta zuzenbide pribatuko ente publikoak, bai eta zuzenbide publikoko enteak ere (parte-hartze, kontsulta, aholkularitza edo kontrolekoak), aurrekoekiko lotura dutenak baina beren sortze-araua dela-eta nortasun juridiko propioa eta gaitasun osoa dutenak independentziaz jarduteko beren funtzioak garatzeko orduan.

b) Lurralde historikoetako foru-administrazioak eta haien organismo autonomoak.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateak eta haien organismo autonomoak.

d) Eusko Legebiltzarra eta lurralde historikoetako batzar nagusiak.

e) Euskal Herriko Unibertsitatea.

2. artikulua.– Prestakuntza-jardueren hartzaileak.

1.– IVAPek prestakuntza-jarduera bat homologatu ahal izateko, nahitaezkoa izango da hartzaileak aurreko artikuluan aipaturiko erakunde eta entitateen zerbitzura diharduten enplegatu publikoak izatea.

2.– Berariaz baztertuta daude honako hauei zuzenduriko prestakuntza-jarduerak:

a) Unibertsitatez kanpoko irakasleak, Hezkuntza-arloko eskumena duen sailekoak.

b) Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten funtzionarioak.

c) Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako langileak.

e) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileak.

3. artikulua.– Prestakuntza-jarduera batek bete behar dituen baldintzak.

Homologagarria izateko, prestakuntza-jarduerak baldintza hauek bete behar ditu:

a) Edukia: enplegatu publikoen prestakuntzarako interesa duen jarduera izan behar du. Prestakuntza-jarduera baten edukiak bat badatoz IVAPek bere prestakuntza-planetan eskaintzen dituenekin, jarduera hori ez da homologatuko. Hizkuntza-gaitasuna lortzeko ikastaroak ez dira inoiz homologagarriak izango.

b) Irakastordu-kopurua: 10 irakastordu edo gehiago izan behar dute.

c) Modalitatea: online eta/edo presentziala.

d) 20 ordu edo hortik gorako prestakuntza-jarduerek aprobetxamenduzkoak izan behar dute.

4. artikulua.– Eskabideak, epeak eta dokumentazioa.

1.– Homologatzeko eskabidea Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariari egingo zaio, agindu honen I. eranskinean agertzen den eredu ofizial honetan: «Prestakuntza-Jarduerak Homologatzeko Eskabidea».

2.– Eskabideak dena delako prestakuntza-jarduera egin baino hogei egun natural lehenago aurkeztu behar dira gutxienez.

Epeak kontatzeko, kontuan hartuko da zer egunetan eman zitzaion sarrera eskabideari IVAPeko Erregistroan edo 39/2015 Legearen* 16.4 artikuluan aurreikusitako lekuetako edozeinetan (*39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa). Nolanahi ere, Agindu honetako epeak kontatzeko ez da inoiz kontuan hartuko organoak berak edo homologazioa eskatu duen erakunde edo entitateak emandako irteera-data.

3.– Homologazio-eskabidearekin batera, fitxa bat ere aurkeztu beharko da, II. eranskineko eredu honen arabera beteta: Prestakuntza-Jardueraren Fitxa Teknikoa. Fitxa horretan, prestakuntza-jarduerari buruzko datuak agertuko dira:

a) Izenburua.

b) Zenbatgarren edizioa den.

c) Modalitatea.

d) Helburu operatiboak.

e) Deialdiaren hartzaileak.

f) Programa.

g) Irakastordu-kopurua.

h) Ziurtagirien kalifikazioa: parte-hartzea edo aprobetxamendua.

i) Noiz egingo den.

j) Tokia eta ordutegia.

k) Irakasleak.

l) Zer hizkuntzatan ematen den prestakuntza.

5. artikulua.– Homologatzeko prozedura.

1.– Behin eskabidearen eta fitxa teknikoaren edukia aztertu ondoren, IVAPeko Prestakuntza Zerbitzuak entitate edo erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio prestakuntza-jarduerak betetzen dituela homologatzeko eskatzen diren betekizunak, eta ohartaraziko dio homologazioa IVAPeko zuzendariaren ebazpen bidez egingo dela, aurreragoko paragrafoetan ezarritakoaren arabera.

2.– Aurkeztutako eskabideak eta fitxa teknikoak ez badituzte betetzen exijituriko betekizunak, IVAPeko Prestakuntza Zerbitzuak entitate edo erakunde eskatzaileari errekerimendua egingo dio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela. Horretarako, IVAPen zuzendariak ebazpena eman eta jakinaraziko du. Jakinarazpena prestakuntza-jarduera hasi baino lehen egingo da.

3.– Eskabideak ez baditu betetzen homologatzeko eskakizunak, IVAPen zuzendariak eskatutako homologazioa ukatzen duen ebazpena eman eta jakinaraziko du. Jakinarazpena prestakuntza-jarduera hasi baino lehen egingo da.

4.– Prestakuntza-jarduera bukatu ondorengo bi hilabeteetan, erakunde edo entitate antolatzaileak agindu honetako III. eranskina bidaliko dio IVAPi, «Erantzukizunpeko Deklarazioa», non jasotzen den prestakuntza-jarduera egin dela ziurtatzen duen erantzukizunpeko deklarazioa. Prestakuntza-jarduera aprobetxamenduzkoa izan bada, III. eranskinarekin batera ebaluazio-probaren eredua aurkeztu beharko da.

Deklarazioak zuzendu daitekeen akatsik badu, IVAPeko Prestakuntza Zerbitzuak 10 egun balioduneko epea emango dio eskabidea egin duen erakunde edo entitateari akatsak zuzentzeko. Epe horretan zuzenketarik egin ez bada, IVAP-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariak ebazpen bat emango du eskatutako homologazioa ukatzeko.

5.– Aurreko paragrafoan adierazitako dokumentazioa aurkeztu ondoren, IVAP-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariak ebazpen arrazoitua emango du, bi hilabeteko epean, eskatutako homologazioa onartzeko edo ukatzeko.

6.– Homologazioak bakarrik izango du balioa eskatutako jarduerarako edo jardueretarako eta ebazpenean adierazitako edizioetarako. Prestakuntza-jardueraren hurrengo edizioetarako, homologazioa eskatu beharko da berriro.

7.– IVAPi prestakuntza-jarduera homologatzea dagokio, ez besterik. Erakunde edo entitate eskatzailearena izango da, ordea, IVAPek homologatutako ziurtagiria emateko erantzukizuna, zeina enplegatu publikoak diren ikasleei soilik eman ahal izango baitzaie.

6. artikulua.– Egiaztatze-jarduketak.

IVAPek egoki iritzitako jarduketak burutu ahal izango ditu prestakuntza-jardueraren garapena egiaztatzeko. Ildo horretan, jarduerari buruzko informazioa eskatzeaz gain, bisitak ere egin ahal izango ditu saioetara.

7. artikulua.– Entitate antolatzaileen betebeharrak.

Erakunde edo entitate antolatzaileek homologazio-eskabidean ezarritako moduan egin beharko dituzte prestakuntza-jarduerak. Prestakuntza-jardueraren programan, irakastorduen kopuruan, tokian edo egunean eragina duen aldaketaren bat egin behar bada, aldaketa horien berri eman beharko diote IVAPi.

Aldaketaren jakinarazpena prestakuntza-jarduera egin baino lehen egin beharko da. Prestakuntza-jardueran elementu batzuk aldatzearen ondorioz ez badira betetzen 3. artikuluan ezarritako betekizunak, IVAPeko zuzendariak jarduera hori errebokatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko du, jarduera egin baino lehen.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Agindu hau indarrean sartu baino lehen erregistraturiko homologazio-eskabideak, agindu honen 1. artikuluan aipatzen diren erakunde eta entitateek bultzatu eta antolatuak, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko otsailaren 1eko Aginduan ezarritakoaren arabera bideratuko dira, alde batera utzita noiz egingo diren homologatu nahi diren prestakuntza-jarduerak *2007ko otsailaren 1eko Agindua, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuarena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak prestakuntza-jarduerak homologa ditzan bete beharreko eskakizunak eta prozedura erregulatzeko dena).

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu honek indargabe uzten du 2007ko otsailaren 1eko Agindua, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuarena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak prestakuntza-jarduerak homologa ditzan bete beharreko eskakizunak eta prozedura erregulatzeko dena.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 8a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

I. ERANSKINA
PRESTAKUNTZA-JARDUERAK HOMOLOGATZEKO ESKABIDEA
(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA
PRESTAKUNTZA-JARDUERAREN FITXA TEKNIKOA
(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO DEKLARAZIOA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala