Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

14. zk., 2017ko urtarrilaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
352

AGINDUA, 2017ko urtarrilaren 13koa, Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez Ogasun eta Finantzetako sailburuari ezeztatzen baitzaio 2017., 2018. eta 2019. urteetarako posta-zerbitzuak gauzatzeko kontratazioaren eskumena (2020. eta 2021. urteetarako luza zitekeena) Segurtasun Sailaren mendeko zentro administratiboetan, eta zeinaren bidez eskumen hori eskuordetzen baitzaio Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Zerbitzu zuzendariari.

2016ko azaroaren 21ean, Segurtasuneko sailburuak erabaki zuen Ogasun eta Finantzetako sailburuari eskuordetzea 2017., 2018. eta 2019. urteetarako posta-zerbitzuak gauzatzeko kontratazioaren eskumena (2020. eta 2021. urteetarako luza zitekeena) Segurtasun Sailaren mendeko zentro administratiboetan.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari dagozkio zerbitzu sailaniztunak, besteak beste.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko –sortu berria den sail horretako– Baliabide Orokorren Zuzendaritzari dagokio kudeaketa bateratuko eraikinetan erabilera orokorra izan behar duten materialen eta zerbitzuen kontratazioak egitea, hain zuzen ere Baliabide Orokorren Zuzendaritzari esleituak izan direnak. Izan ere, hala dago ezarrita Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren I. tituluko III. kapituluaren (Kontratazioaren arrazionalizazio teknikoa) I. sekzioan (Kudeaketa bateratua), Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 172/2013 Dekretuaren 12.c) artikuluan eta, azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan.

Kontuan izan behar da azken urteetan Ogasun eta Finantzetako sailburuak zenbait erakundetarako zerbitzuak eta hornidurak lizitatu eta kontratatu dituela, teknika horrek ahalbidetu duela eskala-ekonomiez baliatzea, eta horrek emaitza onak izan dituela, bai arlo ekonomikoari dagokionez bai kontratuen betearazpenari dagokionez.

Posta-zerbitzuak kontratazio bateratuko teknika horren bidez kontratatu izan dira, eta teknika hori, gaur egun, berariaz jasota dago Kontratazio publikoari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/24/EE Zuzentarauan, eta bateragarria da Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 1. artikuluan jasotako printzipioekin, eta, bereziki, funts publikoen erabilera eraginkorrarekin.

Kontratazio bateratua egin aurretik, eskumenak esleitu behar dira –edo, hala badagokio, «enkargua» egin– esleipena egitea dagokion kontratazio-organoak behar den prozedura egin dezan; horretaz gain, kontratua kofinantzatuko duten ekarpen guztien eskuragarritasun osoa ziurtatu behar da.

Ildo horretan, aipatutako eremuan posta zerbitzuak era bateratuan kontratatzeko bide edo formula egokia Sektore publikoaren araubide juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9.1 artikuluan eskumenak eskuordetzeko jasotakoa da. Honako hau xedatzen du artikulu horrek:

«1.– Administrazio publikoetako organoek administrazio bereko beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman ahal dizkiete, nahiz eta bata bestearen mendekoak ez izan, edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien mendean dauden zuzenbide publikoko erakundeetakoak badira».

Horregatik, 188/2013 Dekretuaren 6.3 artikuluak kontratazioaren arloan Zerbitzu zuzendariari eskuordetzen dizkion eskumenen arabera, eta Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, Segurtasun Sailaren titularrari dagokio kontratazio-organoari esleitutako ahalmenak baliatzea. Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

I.– 2016ko azaroaren 21eko Agindua ezeztatzea; haren bidez, Ogasun eta Finantzetako sailburuari eskuordetu zitzaion 2017., 2018. eta 2019. urteetarako posta-zerbitzuak gauzatzeko kontratazioaren eskumena (2020. eta 2021. urteetarako luza zitekeena).

II.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Zerbitzuen zuzendariari eskuordetzea 2017., 2018. eta 2019. urteetarako posta-zerbitzuak gauzatzeko kontratazioaren eskumena (2020. eta 2021. urteetarako luza daiteke).

Haren esku utzitako eskumena beste zenbait arlotara zabaldu daiteke, zehazki Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 14ko 3/2011 LEDen aurreikusitako eta kontratuari aplikagarriak zaizkion honako arlo hauetara:

– Kontratua prestatzea (II. liburua).

– Kontratua esleitzea (III. liburua, I. titulua, I. kapitulua).

– Administrazioaren eskumenak, aldaketa, iraungitze, lagatze eta azpikontrataziorako IV. Liburuko, I. Tituluko, I. Kapituluan oro har aurreikusten direnak, eta hornidura-kontratuetarako IV. Liburuko, II. Tituluko IV. Kapituluan berariaz aurreikusten direnak.

– Kontratua formalizatzea (III. liburua, I. titulua, I. kapitulua).

III.– Eskumena ematen duen organoaren baitan jarraituko dute kontratazio-organoari dagozkion gainerako eskumenek, eta, bereziki, egindako zerbitzuen betetzeari onespena emateko eta haien ordainketa agintzeko eskumenek.

IV.– Eskuordetze hau sinatu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 13a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.


Azterketa dokumentala