Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2016ko urriaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4324

ERABAKIA, 2016ko irailaren 29koa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena: Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen arautegia onartzeko dena.

UPV/EHUko Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 2.2 artikuluak dio Gobernu Kontseiluaren eskumena dela ikastegien arautegiak onartzea.

Espedientea tramitaturik, Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen arautegi proposamenak bere txostena jaso du.

Beraz, idazkari nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak ondokoa

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen Arautegia onartzea, eranskinean ageri den bezala.

Bigarrena.– Agindua ematea Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, hurrengo egunetik indarrean sartuz.

Hirugarrena.– Erabaki honen aurka aukerako berraztertze errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Bilboko administrazio auzietarako epaitegietan, bi hilabeteko epean.

Leioa, 2016ko irailaren 29a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.

ERANSKINA
EKONOMIA ETA ENPRESA FAKULTATEKO ARAUTEGIA

1. artikulua.– Izaera.

Ekonomia eta Enpresa Fakultateak ekonomia eta enpresarekin lotutako graduko tituluak, gaitasun profesionalak ematen dituzten graduondoko tituluak, eta, hala badagokio, bestelako graduondokoak edo beste era bateko tituluak lortzera bideratutako ikasketak antolatzeko ardura du eta horiei dagozkien ikasketa prozesuak eta administrazioaren arlokoak gidatu, koordinatu eta kudeatuko ditu.

2. artikulua.– Egoitza.

Fakultateak hainbat gune ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetan eta egoitza Bizkaiko Campusean dauka, honako helbide honetan: Agirre Lehendakariaren etorbidea 83, 48015 Bilbao.

3. artikulua.– Araubide juridikoa.

Ekonomia eta Enpresa Fakultateak jardungo du indarreko legeriaren, Estatutuen eta Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren arabera eta arau horiek zuzenean aplikatuko zaizkio. Horrez gain, fakultatea barne arautegi honi ere lotuko zaio, arau horietako xedapenak osatzeko.

4. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 7. Artikuluaren zehaztapena.

1.– Ekonomia eta Enpresa Fakultateak, egoitzaz gain, hiru atal ditu: atal bat Arabako Campusean (helbidea: Izardui Komandantearen kalea 23, 01006 Vitoria-Gasteiz), beste atal bat Bizkaiko Campusean (helbidea: Elcano kalea 21, 48008 Bilbao) eta beste bat Gipuzkoako Campusean (helbidea: Oñati plaza 1, 20018 Donostia).

2.– Ataleko koordinatzaileak, ahal den guztietan, atalari atxikitako irakasleak izango dira, edo, ezinezkoa bada, bertan irakasten duten irakasleak. Errektoreak izendatuko ditu, dekanoak proposaturik, kasuan kasuko ataleko batzarraren iritzia entzun eta gero, eta dekanotza taldean sartuko dira dekanorde karguarekin.

3.– Ataletako Batzarren osakideak izango dira, kide hautetsiez gain, ataleko koordinatzailea (batzarreko burua izango da), Ataleko Batzarren idazkari lanak egingo dituen dekanordea, eta zuzendaritza taldean atalari esleitutako beste kide batzuk. Kide horiek dekanoak izendatuko ditu, koordinatzaileak proposatuta, baina ezingo dira izan Ataleko Batzarreko kide hautetsien % 10 baino gehiago, hartara talde desberdinen ordezkaritza ez desitxuratzeko. Halaber, Ataleko Batzarreko kide izango dira, hitzarekin baina botorik gabe, atal bakoitzean administrazio ardura handiena duten pertsonak.

Arabako Ataleko Batzarrak 15 kide hautetsi izango ditu: irakasle-ikertzaile iraunkorren taldeko 9 kide, gainerako irakasle-ikertzaileen taldeko kide 1, 3 ikasle eta administrazio eta zerbitzuetako langileen 2 ordezkari. Elkanoko Ataleko Batzarrak 26 kide hautetsi izango ditu: irakasle-ikertzaile iraunkorren taldeko 16 kide, gainerako irakasle-ikertzaileen taldeko kide 1, 6 ikasle eta administrazio eta zerbitzuetako langileen 3 ordezkari. Gipuzkoako Ataleko Batzarrak 26 kide hautetsi izango ditu: irakasle-ikertzaile iraunkorren taldeko 16 kide, gainerako irakasle-ikertzaileen taldeko kide 1, 6 ikasle eta administrazio eta zerbitzuetako langileen 3 ordezkari. Ataletako batzarretako kideak diren irakasle-ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak zein bere atalari atxikita izan beharko dira; eta batzar horietako kide diren ikasleak zein bere atalean matrikulatuta egon beharko dira.

4.– Ataleko batzarrak honako eskumen hauek izango ditu:

a) Ataleko koordinatzailea izendatzeko dekanoaren proposamenaren berri ematea.

b) Atalaren urteko aurrekontua proposatu eta gestionatzea.

c) Koordinatzaileari laguntza eta aholkularitza ematea, bere eskumeneko gaietan.

d) Atalaren erabilera orokorreko edo partikularreko lokalak erabiltzeko arauen erregimenaren berri ematea, ataleko koordinatzaileak hala proposatuta.

e) Campuseko Batzarrerako irakasleen eta ikasleen ordezkariak izendatzea. Ikasleak fakultateko Ikasleen Kontseiluak proposatuko ditu.

f) Ataleko urteko txostenean, irakasleak kontratatzeko beharren berri ematea.

g) Fakultateko Batzarrari proposatzea ataleko ikasketen eskaintza adierazteko.

h) Taldeak kudeatzea (ikasleak taldeka banatzea, etab.). Kudeaketa hori modu koordinatuan egingo da, eta kontuan hartuko dira unibertsitateak eta fakultateak ezarritako irizpide orokorrak.

i) Aukera askeko edo hautazko kredituak onartzea.

j) Fakultateko Batzarrari ikasturte bakoitzean ataleko numerus claususak finkatzeko proposatzea.

k) Ataleko inbentarioa eta txosten ekonomikoa onartzea.

l) Jasangarritasun Plana atalean aplikatzeari eta Berdintasun Batzordeak atalean egindako jarduerei buruzko informazioa ematea.

m) Fakultateko Batzarrari irakaskuntzarako azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerketan sortutako bestelako premien planak proposatzea.

n) Urteko kudeaketa plana egin eta Fakultateko Batzarrari proposatzea.

o) Ikastegiko Batzarrak eskuordetzan emandako gainerako guztiak.

5.– Artikulu honetan jasotzen ez den guztirako, Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ataletako batzarrek Ikastegien Oinarrizko Arautegian Ikastegiko Batzarrerako ezarritakoaren arabera jardungo dute.

5. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 9.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Ikastegiko Batzarrak 50 kide hautetsi izango ditu, era honetara banatuta:

– Irakasle eta ikertzaile iraunkorrak: 32 kide.

– Gainerako irakasle eta ikertzaileak: 2 kide.

– Ikasleak: 10 kide.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 6 kide.

6. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 11. artikuluaren zehaztapena.

Batzorde iraunkor bat egongo da, osakide hauek izango dituena: dekanoa, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona; idazkari akademikoa (batzordeko idazkaria izango da); administrazio eta zerbitzuetako langileen artean ardura handiena daukan langilea; ataletako koordinatzaileak; irakasle-ikertzaile iraunkorren bederatzi ordezkari; gainerako irakasle-ikertzaileen ordezkari bat; administrazio eta zerbitzuetako langileen bi ordezkari; eta hiru ikasle.

7. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 12. artikuluaren zehaztapena.

1.– Ikastegiko Akademia Antolakuntzako Batzordeak osakide hauek izango ditu, betiere gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua orekatua dela, ahal bada: ikastegiko dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeko burua izango da); fakultateko idazkari akademikoa (batzordeko idazkaria izango da); ataletako koordinatzaileak edo haiek euren ordez izendatzen dituzten dekanordeak; administrazio burua edo hark bere ordez izendatzen duen administrazio eta zerbitzuetako langilea; eta fakultatean ematen diren titulazioetako irakasle bana. Titulazio bat unitate batean baino gehiagotan (egoitza edo atalak) ematen bada, irakasleen ordezkari bat egongo da unitate horietako bakoitzean. Batzordeko osakide izango dira halaber ikasleen ordezkariak, era honetara banatuta: ordezkari bat atal bakoitzeko, eta egoitzako ordezkari bat, Fakultateko Ikasleen Kontseiluak proposatuta. Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa Fakultateko Batzarreko kidea izatea.

2.– Batzordearen eginkizunak eta haren erabakien ondorioak Ikastegien Oinarrizko Arautegian jasotakoak izango dira.

3.– Atal guztietan eta egoitzan azpibatzordeak egongo dira, ataletako batzarretako eta egoitzako batzordeetako kideek osatuak. Azpibatzorde horiek zeinek bere ataleko edo egoitzako akademia antolakuntzako gaiei buruzko erabakiak hartuko dituzte, betiere, fakultateko batzordeak ezarritako irizpide orokorrekin bat. Azpibatzorde horietako buruak izango dira, ataletako koordinatzaileak (ataletako azpibatzordeetan) eta dekanoa (egoitzako azpibatzordean), edo haiek euren ordez izendatzen dituzten pertsonak.

8. artikulua.– Egoitzako Batzordea.

Fakultateko gestio jarduerak deszentralizatzeko eta arintzeko, Egoitzako Batzorde bat egongo da, soilik egoitzari eragiten dioten gaiak aztertuko dituena.

Batzorde honek, honako osakide hauek izango ditu: dekanoa, baldin eta egoitzakoa bada, edo, hala badagokio, hark egoitzara atxikitako dekanordeen artetik proposatzen duen dekanordea (batzordeko burua izango da), edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona; dekanotza taldeko kide bat, egoitzakoa (batzordeko idazkaria izango da); fakultateko administrazio burua; eta honako kide hautetsi hauek: irakasle-ikertzaile iraunkorren taldeko bederatzi kide, gainerako irakasle-ikertzaileen taldeko kide bat, ikasleen hiru ordezkari eta administrazio eta zerbitzuetako langileen bi ordezkari.

Egoitzako Batzordearen eskumenak izango dira ataletako batzarrek dituzten eskumen berak (4. artikuluan zehaztutakoak), baina egoitzaren eremura mugatuta.

Egoitzako Batzordeko kideak aukeratzeko era ataletako batzarretako kideak aukeratzeko erabiliko den bera izango da.

9. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 14.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Euskara batzorde bat egongo da, parte hartzerako, kontsultarako eta aholkurako organoa izango dena. Osakide hauek izango ditu: euskararen arloan eskumenak dituen dekanordea (batzordeko burua izango da); fakultateko titulazioetan eskolak ematen dituzten sailetako ordezkari bana, sailek berek proposatutakoak; ikasleen bi ordezkari; eta AZPko kide bat. Bai ikasleak bai AZPko kidea Fakultateko Batzarrean talde horiek dituzten ordezkariek aukeratuko dituzte.

Bai ataletan bai egoitzan aholku batzordeak egongo dira, honako osakide hauek izango dituztenak: euskararen arloko eskumenak dituen dekanordea, irakasle-ikertzaile bat, administrazio eta zerbitzuetako langile bat eta ikasleen ordezkari bat, fakultateko Ikasleen Kontseiluak proposatutakoa.

10. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 14.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Berdintasun batzorde bat egongo da, parte hartzerako, kontsultarako eta aholkurako organoa izango dena. Osakide hauek izango ditu: berdintasunaren arloan eskumenak dituen dekanordea (batzordeko burua izango da); ataletako koordinatzaileak edo haiek euren ordez izendatzen dituzten dekanordeak; fakultateko titulazioetan eskolak ematen dituzten sailetako ordezkari bana, sailek berek proposatutakoak; ikasleen ordezkari bat; eta AZPko kide bat. Bai ikasleak bai AZPko kidea Fakultateko Batzarrean talde horiek dituzten ordezkariek aukeratuko dituzte.

Berdintasun Batzordea eratu bitartean, ataletan eta egoitzan arlo horretako eginkizunak burutuko dituzte ataleko koordinatzaileek edo dekanoak, edo haiek euren ordez izendatutako pertsonek.

11. artikulua.– Kide anitzeko organoen funtzionamendua. Xedapen orokorra.

Sarbide elektronikoari buruzko legeak eta UPV/EHUko bitarteko elektronikoen arautegiak ezarritakoarekin bat, fakultateko kide anitzeko organoek lekuan bertan edo urrutitik egin ahal izango dituzte honako hauek: batzordea eratu, bilerak deitu eta egin, erabakiak hartu eta aktak bidali. Urrutitik behar bezala funtzionatzeko, aplikatu beharreko arau orokorretan zein unibertsitate mailako arauetan ezarritako eskakizunak bete beharko dira, eta eskakizun horiek beteko direla bermatzeko bitarteko tekniko eta elektronikoak jarri beharko dira. Zehaztutako baldintzak betetzen diren kasuetan, fakultateko organo bakoitzak bitarteko elektronikoak erabili daitezkeen ala ez erabaki ahal izango du eta horiek erabiltzeko baldintzak edo xehetasunak zeintzuk diren zehaztu.

12. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 18.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Kide anitzeko organoetako kideek euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoak izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa eskuratu nahi izanez gero, idatziz egin beharko diote eskaria kasuan kasuko organoko idazkari akademikoari. Eskarian adierazi beharko dute horretarako eskubidea dutela kide anitzeko organoko kideak direlako, eta labur azalduko dute nola dokumentazio hori behar duten beren eginkizunak bete ahal izateko. Eskatzaileak horretarako eskubidea daukala behin egiaztaturik, hamabost (15) egun balioduneko epean gehienez ere, fakultateak haren esku jarriko du dokumentazioa fakultateko idazkaritzan, edo kasuan kasuko ataleko koordinatzailearen bitartez helaraziko zaio.

13. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 19.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Bi deialdien artean egon beharreko tartea hamabost minutukoa izango da.

Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran edo, bestela, euren ordezkoek.

14. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 19.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Botoa eskuordetu egin daiteke, hauteskundeetarako izan ezik. Kide anitzeko organoko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetuta. Organoak eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko eskuordetutako botoak. Organoko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.

15. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 23.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Kide anitzeko organoek hartutako erabakiak egoitzako eta/edo ataletako iragarki oholetan argitaratuko dira, kasuan kasuko organoaren eskumen esparruaren arabera, bai eta fakultateko intranetean ere hala dagokionean, gehienez ere hiru egun balioduneko epean, eta, betiere, datuak babesteko legeria errespetaturik. Ikastegiak hartutako erabakien zerrenda jasoko duen ziurtagiria egingo du idazkari akademikoak, eta ziurtagiri hori emango da argitara. Organoko idazkariak eta buruak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete egongo direla ikusgai. Bitarte horretan aurrera egingo du errektoreari erabakien aurkako errekurtsoak aurkezteko epeak.

16. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 24. artikuluaren zehaztapena.

1.– Dekanoa fakultateko kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organo gorena da. Fakultateko Batzarrak hautatuko du fakultateari atxikitako irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen artetik, eta errektoreak izendatuko du. Halako irakasle eta ikertzailerik ez balego, irakasle eta ikertzaile iraunkorren artetik aukeratuko litzateke. Ikastegiko dekanoa hautatzeko, botoa aldez aurretik ematea onartuko da, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

2.– Fakultateko dekano izateko hautagaitzari gobernu taldea eta programa erantsiko zaizkio. Dekanoa errektoreak izendatu behar du, eta izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia lau urtekoa izango da eta gehienez bi agintaldi bete ahal izango ditu segidan.

17. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 29. artikuluaren zehaztapena.

7.– Koordinatzaileak dira ataletako kide bakarreko zuzendaritza, ordezkaritza eta administrazio organoak.

Hauek dira koordinatzailearen zereginak:

a) Atalaren ordezkaria izatea.

b) Atalaren jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

c) Ataleko kide anitzeko organoetan buru izatea.

d) Dekanoaren jarraibideak aplikatzea eta ikastegiko, ataleko eta dagokion campuseko batzarren erabakiak betetzea.

e) Ataleko Batzarrari aurkeztea atalaren urteko memoria eta plana.

f) Irakasleek beren irakaskuntza betekizunak betetzen dituztela gainbegiratzea, Ikuskaritza Zerbitzuarekin lan eginez.

g) Horretarako eskumena duten zerbitzu teknikoekin koordinaturik, ataleko leku guztien higienea eta segurtasuna bermatzea, eta horretarako behar diren neurriak hartzea.

h) Ataleko kideen eskari eta proposamenak bideratzea.

i) Atalaren ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

j) Ataleko Autobabes Batzordea eratzea eta bertako buru izatea.

k) Gainerako gobernu organoek eskuordetzan ematen dizkioten gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, Estatutuek edo horiek garatzeko arauek esleitzen dizkiotenak.

18. artikulua.– Epaimahaiak.

Ikasleen ebaluazioari buruzko arauei jarraiki beharrezkoa izanez gero epaimahaia eratzea, 1., 2., 3. edo 4. deialdirako, 5. eta 6. deialdietako epaimahaiak arituko dira.

19. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Ikastegiko Batzarreko, ataletako batzarretako edo Egoitzako Batzordeko kideren batek kargua uzten duenean, zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua, eta, bete ere, 6 egun balioduneko epean beteko du, organoko idazkariari kargua hutsik geratu dela jakinarazten zaion egunetik kontatzen hasita.

20. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Kide anitzeko organoko titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean arrazoi justifikaturen bategatik, behin-behineko ordezkoak beteko du haren lekua. Horretarako, halako egoera batean dagoen titularrak kide anitzeko organoko idazkariari jakinarazi beharko dio, gutxienez 72 ordu lehenago, eta behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu. Idazkaria ez balego, organoko buruari jakinarazi beharko dio. Ordezkatutako kideak ezin izango du botoa eskuordetu.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi hau indarrean sartzen denean indargabetuta geratuko dira Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen Arautegia, Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolaren Arautegia, Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolaren Arautegia eta Vitoria-Gasteizko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolaren Arautegia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2012ko abuztuaren 28an, 2012ko urriaren 19an, 2012ko abuztuaren 30ean eta 2012ko irailaren 3an argitaratutakoak, hurrenez hurren.


Azterketa dokumentala