Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2016ko urriaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4322

ERABAKIA, 2016ko irailaren 29koa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena: Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatearen arautegia onartzeko dena.

UPV/EHUko Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 2.2 artikuluak dio Gobernu Kontseiluaren eskumena dela ikastegien arautegiak onartzea.

Espedientea tramitaturik, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatearen arautegi proposamenak bere txostena jaso du.

Beraz, eta idazkari nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak ondokoa

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatearen Arautegia onartzea, eranskinean ageri den bezala.

Bigarrena.– Agindua ematea Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatearen Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, hurrengo egunetik indarrean sartuz.

Hirugarrena.– Erabaki honen aurka aukerako berraztertze errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Bilboko administrazio auzietarako epaitegietan, bi hilabeteko epean.

Leioa, 2016ko irailaren 29a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.

ERANSKINA
HEZKUNTZA, FILOSOFIA ETA ANTROPOLOGIA FAKULTATEAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Izaera.

Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak hezkuntzarekin, filosofiarekin eta antropologiarekin zerikusia daukaten graduko tituluak eskuratzera zuzendutako ikasketak antolatzeko ardura du eta graduko tituluak, graduondokoak edo bestelakoak lortzera bideratutako ikasketa prozesuak eta administrazioaren arlokoak gidatu, koordinatu eta kudeatuko ditu.

2. artikulua.– Egoitza.

Fakultateak honako helbide honetan dauka egoitza: Tolosa hiribidea 70, 20018 Donostia. Fakultateak hainbat gune partekatzen ditu Gipuzkoako Campusean eta, horiez gain, bi eraikin nagusi ditu: aipatu den egoitza eta Irakasle Ikasketen eraikina (Oñati plaza 3, 20018 Donostia).

3. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 2. artikuluaren zehaztapena.

Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak jardungo du indarreko legeriaren, unibertsitatearen Estatutuen eta Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren arabera eta arau horiek zuzenean aplikatuko zaizkio. Horrez gain, fakultatea barne arautegi honi ere lotuko zaio, arau horietako xedapenak osatzeko.

4. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 9.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Ikastegiko Batzarrak 50 kide hautetsi izango ditu, era honetara banatuta:

– Irakasle eta ikertzaile iraunkorrak: 31 kide (% 62).

– Gainerako irakasle eta ikertzaileak: 2 kide (% 4).

– Ikasleak: 11 kide (% 22).

– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 6 kide (% 12).

5. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 11. artikuluaren zehaztapena.

Batzorde iraunkor bat egongo da, honako osakide hauek izango dituena: dekanoa (batzordeko burua izango da), idazkari akademikoa (batzordeko idazkaria izango da), administrazio eta zerbitzuetako langileen artean ardura handiena daukan langilea eta beste hamar kide, era honetara banatuta, irakasle eta ikertzaile iraunkorren sei ordezkari, gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat, ikasleen bi ordezkari eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Batzordearen eginkizunak izango dira Ikastegien Oinarrizko Arautegiak ikastegiko batzarrari esleitzen dizkion berberak, eskuordetu ezin zaizkionak izan ezik; batzordearen funtzionamendurako oinarrizko arauak ere oinarrizko arautegi horretan ikastegiko batzarrerako ezarritako berberak izango dira.

6. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 12.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak osakide hauek izango ditu: Akademia Antolakuntzako dekanordea (batzordeko burua izango da) eta ikastegiko idazkari akademikoa (batzordeko idazkaria izango da). Horiez gain, honako hauek ere batzordeko kide izango dira: ikastegian irakasten diren titulazio guztien ordezkari izango diren sail desberdinetako zazpi irakasle, Ikastegiko Batzarrak izendatutako ikasle bat, eta dekanoak izendatutako administrazio eta zerbitzuetako langile bat. Ahalegina egingo da gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen eta ez da beharrezkoa izango ikastegiko batzarreko kidea izatea batzorde honetako kide izateko. Beharrezkoa izanez gero azpibatzordeak eratuko dira, titulazio desberdinak bilduz, kudeaketa errazteko.

7. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 14.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Euskara batzordea eratuko da, parte hartzerako, kontsultarako eta aholkurako organoa izango dena, eta helburu izango du euskararen erabilera bultzatzea UPV/EHUko planifikazio orokorraren barruan, euskarazko irakats eskaintzaren plangintzan eta jarraipen lanean parte hartzea eta unibertsitate hedakuntzako eta prestakuntzako jarduerak sustatzea. Batzordeak honako osakide hauek izango ditu: dekanoa edo hark bere ordez izendatutako pertsona (batzordeko burua izango da), irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat ikastegian irakasten diren titulazio bakoitzeko, ikasleen bi ordezkari eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Ahalegina egingo da gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen eta ez da beharrezkoa izango ikastegiko batzarreko kidea izatea batzorde honetako kide izateko.

8. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 14.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Ikastegian emakumeen eta gizonen berdintasunerako batzordea egongo da, eta bere gain hartuko ditu unean-unean indarrean egongo den arautegiaren arabera ikastegiari dagozkion eginkizunak alor horretan. Batzordeak honako osakide hauek izango ditu: dekanoa edo hark bere ordez izendatutako pertsona (batzordeko burua izango da), irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat ikastegian irakasten diren titulazio bakoitzeko, ikasleen bi ordezkari eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Ahalegina egingo da gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen eta ez da beharrezkoa izango ikastegiko batzarreko kidea izatea batzorde honetako kide izateko.

9. artikulua.– Kide anitzeko organoen funtzionamendua. Xedapen orokorra.

Sarbide elektronikoari buruzko legeak eta UPV/EHUko bitarteko elektronikoen arautegiak ezarritakoarekin bat, fakultateko kide anitzeko organoek lekuan bertan edo urrutitik egin ahal izango dituzte honako hauek: batzordea eratu, bilerak deitu eta egin, erabakiak hartu eta aktak bidali. Urrutitik behar bezala funtzionatzeko, aplikatu beharreko arau orokorretan zein unibertsitate mailako arauetan ezarritako eskakizunak bete beharko dira, eta eskakizun horiek beteko direla bermatzeko bitarteko tekniko eta elektronikoak jarri beharko dira. Zehaztutako baldintzak betetzen diren kasuetan, ikastegiko organo bakoitzak bitarteko elektronikoak erabili daitezkeen ala ez erabaki ahal izango du eta horiek erabiltzeko baldintzak edo xehetasunak zeintzuk diren zehaztu.

10. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 18.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Kide anitzeko organoetako kideek euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoak izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa eskuratu nahi izanez gero, idatziz egin beharko diote eskaria idazkari akademikoari, behar besteko aurrerapenaz eta gutxienez bilera baino 24 ordu lehenago, eskuratu nahi den informazioa edo dokumentazioa ikastegiko idazkaritzan badago.

11. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 19.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Bi deialdien artean egon beharreko tartea hamabost minutukoa izango da.

Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran edo, bestela, euren ordezkoek.

12. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 24.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Dekanoa sufragio unibertsal haztatuaren bidez aukeratuko da, UPV/EHUren Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean ezarritakoaren arabera, eta botoa aldez aurretik ematea onartuko da, aipatutako arautegiaren 7. artikuluan araututa dagoen moduan.

13. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 18.4 artikuluaren zehaztapena.

4.– Fakultateko dekano izateko hautagaitzari gobernu taldea eta programa erantsiko zaizkio.

14. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 19.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Hautagai gisa aurkeztu nahi izanez gero, hautagaiak idatzia bidali beharko dio kasuan kasuko organoari, eta ez da izango beharrezkoa aurkeztea Ikastegiko Batzarreko kide kopuru jakin baten bermea.

15. artikulua.– Epaimahaiak.

Ikasleen ebaluazioari buruzko arauei jarraiki beharrezkoa izanez gero epaimahaia eratzea, 1., 2., 3. edo 4. deialdirako, 5. eta 6. deialdietako epaimahaiak arituko dira.

16. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua. Ordezkapena indarrean sartuko da organoko idazkariak jakinarazten duenean, hark leku hutsaren berri izan eta astebeteko epean.

17. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Kide anitzeko organoko titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean arrazoi justifikaturen bategatik, behin-behineko ordezkoak beteko du haren lekua. Horretarako, titularrak kide anitzeko organoko buruari bere egoeraren berri eman beharko dio, idatziz, organoaren bilera baino gutxienez 48 ordu lehenago.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi hau indarrean sartzen denean indargabetuta geratuko dira Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen Arautegia eta Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolaren Arautegia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2012ko uztailaren 18an eta 2012ko urriaren 23an argitaratutakoak, hurrenez hurren.


Azterketa dokumentala