Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

69. zk., 2016ko apirilaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1529

23/2016 DEKRETUA, otsailaren 16koa, zeinen bidez ezartzen baitira Arte Dramatikoko Goi-mailako Arte-irakaskuntzetako Interpretazioaren espezialitatea eta Euskal Autonomia Erkidegorako ikasketa-plana.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 54. artikulutik 58.era bitarteko artikuluetan arautzen ditu goi-mailako arte-irakaskuntzak, non sartzen baitira arte dramatikoko irakaskuntzak. Lege horrek xedatzen duenez, Gobernuari dagokio, autonomia-erkidegoei eta Arte Irakaskuntzetako Kontseilu Gorenari kontsulta egin ondoren, goi-mailako arte-irakaskuntzen ikasketen egitura eta oinarrizko edukia finkatzea.

Agindu hori betetzeko eman zen urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako goi-mailako arte-irakaskuntzen antolaketa finkatzen duena, bai eta maiatzaren 14ko 630/2010 Errege Dekretua ere, bertan ezarritako goi-mailako arte-irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen duena.

Azken horrek 7. artikuluan xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek, ikastetxeen proposamena ikusi ondoren, ikasketa-plana finkatuko dute, eta bertan ezarritako gutxienekoak osatuko dituzte 240 kreditu egin arte. Era berean, 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, ikasketa-planek zeharkako gaitasunak, gaitasun orokorrak, gaitasun espezifikoak eta espezialitate bakoitzerako zehaztutako lanbide-profilak jaso behar dituzte.

Aipatu maiatzaren 14ko 630/2010 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak xedatu zuen 2010/2011 ikasturtean hasiko zirela pixkanaka ezartzen arte dramatikoko goi-mailako arte-irakaskuntzak, honako xedapen hauetan ezarritakoaren arabera: maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren lehenengo xedapen gehigarrian, eta ekainaren 30eko 806/2006 Errege Dekretuaren 23. artikuluan. Errege Dekretu horren bidez aipatu legeak araututako hezkuntza-sistemaren antolamendu berria aplikatzeko egutegia ezartzen da.

1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak ezarritako esparruan, Irisgarritasunaren sustapenaren arloan indarrean dauden xedapenak bete beharko dira (1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzen duena).

Arte Dramatikoko Goi-mailako Irakaskuntzetako ikasketa-plana, Interpretazioaren espezialitatean, Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparruaren proposamena oinarri hartuta taxutzen da; haren arabera, funtsezkoa da ikasleek gaitasunak eskuratzea, ikaskuntza-metodologia berri bat aplikatzea eta ebaluazio-prozedurak egokitzea. Horrenbestez, ikasketaren emaitzak eta ikasleek egindako lan-bolumena neurtzeko unitatea europar kredituak direlakoak (ECTS) izatea proposatzen da, eta ikasleen mugikortasuna bermatuko da, Tituluaren Europar Gehigarria lortzeko aukera emanez.

Nolanahi ere, maiatzaren 14ko 630/2010 Errege Dekretuak dio hezkuntza-administrazioek, arte dramatikoko goi-mailako irakaskuntzak ematen dituzten zentroen proposamena ikusita, espezialitate bakoitzari dagokion ikasketa-plana ezarriko dutela. Ikasketa-planak maiatzaren 14ko 630/2010 Errege Dekretuan zehaztutako egiturara eta oinarrizko edukietara egokitzen dira, eta lanbidean aritzeko beharrezkoa den gutxieneko oinarrizko prestakuntza eta berariazkoa jasotzen dituzte.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Euskal Herrian antzerkiari dagokionez dagoen tradizioa eta zenbat antzerki-lan egiten den aintzat hartuta, ikusi du Euskal Autonomia Erkidegoan irakaskuntza horiek emateko beharra dagoela, eta, beraz, komenigarria dela Arte Dramatikoko Goi-mailako Arte Irakaskuntzak ezartzea, hasieran, Interpretazioaren espezialitatean.

Horregatik, bidezkoa da Arte Dramatikoko Goi-mailako Arte Irakaskuntzetako Interpretazioaren espezialitateko ikasketa-plana finkatzea eta garatzea, maiatzaren 14ko 630/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Errege Dekretu horrek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan zehaztutako Arte Dramatikoko Goi-mailako Arte-irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen du.

Interpretazio-ikasketak pertsonaren garapen integralari lagundu behar diote, alde batera utziz sexuaren araberako estereotipoak eta rolak, bai eta bereizkeria mota oro ere, generoaren eraginik gabeko orientazio akademikoa eta profesionala bermatuz. Horretarako, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko da alor guztietan.

Horren guztiaren ondorioz, Euskadiko Eskola Kontseiluari entzun eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aipatzen dituen arauzko izapideak bete ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak proposatu eta Gobernu Kontseiluak 2016ko otsailaren 16an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

Dekretu honek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako Arte Dramatikoko Goi-mailako Arte-irakaskuntzetako Interpretazioaren espezialitatearen ikasketa-plana finkatzen du, eta Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparrua arautzen duten oinarri orokorren arabera, goi-mailako arte-irakaskuntzak antolatzen dituen urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren arabera eta Arte Dramatikoko Goi-mailako Arte-irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen duen maiatzaren 14ko 630/2010 Errege Dekretuaren arabera ezartzen ditu ikasketok.

2. artikulua.– Iraupena, egitura eta hizkuntzaren tratamendua.

1.– Arte Dramatikoko Goi-mailako Arte-irakaskuntzak, Interpretazioaren espezialitatean, lau ikasturte hartuko ditu. Ikasturte bakoitzak 60 ECTS izango ditu, guztira 240 ECTS kreditu, kredituak transferitzeko europar sistemaren arabera. Kredituak ikasketa-plana osatzen duten ikasgai eta irakasgai guztien artean banatuko dira, banaketa hau izanik:

a) Oinarrizko prestakuntzak gutxienez 18 kreditu izango ditu. Gutxieneko oinarrizko prestakuntza horri dagozkion ikasgaiak, edukiak eta kredituak Arte dramatikoko Goi-mailako Arte Irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen duen maiatzaren 14ko 630/2010 Errege Dekretuaren II. eranskinean agertzen dira.

b) Prestakuntza espezializatuak gutxienez 114 kreditu izango ditu. Gutxieneko prestakuntza espezializatu horri dagozkion espezialitateko derrigorrezko ikasgaiak, edukiak eta kredituak Arte Dramatikoko Goi Mailako Arte Irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen duen maiatzaren 14ko 630/2010 Errege Dekretuaren III. eranskinean agertzen dira.

c) Ikasketen amaierako lanak 6 kreditu izango ditu gutxienez, eta ikasketa-planaren azken fasean egingo da. Gutxieneko honi dagozkion edukiak eta kredituak Arte Dramatikoko Goi Mailako Arte Irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen duen maiatzaren 14ko 630/2010 Errege Dekretuaren III. eranskinean agertzen dira.

2.– Ikastetxeak bere hezkuntza-proiektuan sartuko ditu ikastetxearen nortasun-printzipioak, horiek definitzen dituzten ezaugarriak eta balioak; euren printzipioei jarraituz lortu nahi dituzten hezkuntza-helburuak; ikasleek eskuratu beharreko oinarrizko konpetentziak; hizkuntzaren, curriculumaren eta antolakuntzaren arloko oinarrizko irizpideak, estrategia-lerro nagusiak eta jarduketa-lehentasunak. Testuinguru horretan kokatuko da hizkuntzaren tratamendua, uztailaren 23ko 182/2002 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Dekretu horretan Araubide Bereziko Irakaskuntzetako eta Helduen Hezkuntzako irakasleen lanpostuetako hizkuntza-eskakizunak zehazteko irizpideak eta derrigortasun-datak ezartzen dira.

3. artikulua.– Sarbideak.

1.– Irakaskuntza hauetara sartzeko, beharrezkoa izango da batxiler-titulua edo haren baliokidea, edo Unibertsitatera sartzeko hogeita bost urtetik gorakoentzako proba gainditua izatea.

2.– Eskatutako titulazioa ez duten hemeretzi urtetik gorakoak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak araututako proba bat gaindituta zuzenean sartu ahal izango dira. Proba horretan, izangaiek zera egiaztatu beharko dute: alde batetik, behar bezain helduak direla batxilergoaren helburuei dagokienez; bestetik, kasuan kasuko ikasketak emaitza ona lortuz egiteko beharrezko ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak dituztela.

3.– 1. eta 2. idatzi-zatietan jasotako kasuetan, sarrera-proba espezifiko bat gainditu beharko da gainera, hori ere Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak arautua, ikasketa hauek emaitza onak atereaz egiteko beharrezko gaitasunak, ezagutzak eta heldutasuna neurtzeko balioko duena.

4.– Hezkuntza Sailburuordetzako pertsona titularrak sarrera-proba espezifikoa ebaluatzeko epai-mahaia izendatuko du. Epaimahai horrek epaimahaiburu bat eta beste bi kide izango ditu, gutxienez, eta epaimahai bat baino gehiago izendatu ahalko dira, ikaslegaien kopuruagatik beharrezkoa izanez gero.

5.– Sarrera-proba espezifiko hori gainditzeak aukera emango du ikasketa horiek ematen dituen Espainiako estatuko edozein zentrotan sartzeko, betiere zentro horietan plaza librerik baldin badago.

6.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Arte Dramatikoko Goi-mailako Arte Irakaskuntzetara sartzeko sarrera-proba espezifikoen deialdi bat gutxienez egingo du urtero.

4. artikulua.– Ikasketa-plana.

1.– 630/2010 Errege Dekretuan ezarritako ikasgai bakoitzaren ikasketa-plana irakasgai batean edo gehiagotan eratzen da. I. eranskineko ikasketa-planak derrigorrezko eta hautazko irakasgaietako bakoitzari dagozkion kredituak jasotzen ditu, bai eta haiek zein kurtsotan egin beharko diren ere; kredituak, guztira, 240 ECTS dira.

2.– Ikasgai edo irakasgai bakoitzeko kredituak esleitzeko, honako ordu hauek daude sartuta: eskola-orduak –teorikoak zein praktikoak–, ikasketa-orduak, mintegietarako, lanetarako, praktiketarako eta proiektuetarako orduak, eta azterketak eta ebaluazio-probak prestatzeko eta egiteko eskatutakoak.

3.– Hautazko irakasgaiak ikastetxeak aurretik eratutako ibilbideen arabera eskainiko dira. Horiek osatu direla ulertzeko, gutxienez lau irakasgai gainditu beharko dira.

4.– Arte Dramatikoko Goi-mailako Arte Irakaskuntzen ikasketa-planeko 240 ECTS kredituen banaketa honako hau izango da:

a) Oinarrizko prestakuntzako ikasgaiak dekretu honen I. eta II. eranskinetan jasota daude. Gai horiek ikasketa-planeko lehen erdian emango dira.

b) Espezialitateko derrigorrezko ikasgaiak dekretu honen I. eta II. eranskinetan jasota daude.

c) Praktikek 22 ECTS kreditu izango dituzte.

d) Ikasketen amaierako lanak 10 ECTS kreditu izango ditu, eta ikasketa-planaren azken fasean egingo da.

5.– Arte Dramatikoko Goi-mailako Arte Irakaskuntzetako Interpretazioaren espezialitateko zeharkako gaitasunak dekretu honen III. eranskinean daude zehaztuta.

6.– Arte Dramatikoko Goi-mailako Arte Irakaskuntzetako Interpretazioaren espezialitateko gaitasun orokorrak dekretu honen IV. eranskinean daude zehaztuta.

7.– Arte Dramatikoko Goi-mailako Arte Irakaskuntzetako Interpretazioaren espezialitaterako zehaztutako gaitasun espezifikoak dekretu honen V. eranskinean daude zehaztuta.

8.– Arte Dramatikoko Goi-mailako Arte Irakaskuntzetako Interpretazioaren espezialitaterako zehaztutako lanbide-profilak dekretu honen VI. eranskinean daude zehaztuta.

9.– Kredituak esleitzean eta kreditu bakoitzari dagokion ordu-kopurua kalkulatzean, ikasturte bakoitzean gutxienez 36 astez eta denbora osoz diharduten ikasleak hartuko dira oinarri moduan. Kreditu bakoitzeko ordu-kopurua gutxienez 30 izango da.

10.– Ikastetxeak ezarri eta jakinaraziko du derrigorrezko presentzia-portzentajea, kreditutan, ikasgai bakoitzerako.

5. artikulua.– Ebaluazioa eta kalifikazio-sistema.

1.– Ikasle bakoitzaren ikasketa-prozesuaren ebaluazioak, zeina irakasgaika bereizia izango baita, aintzat hartuko du horietako bakoitzerako definitutako konpetentzien maila eta bereganatze-maila.

2.– Ikasketa Amaierako Lanaren ebaluazioa eta kalifikazioa bakarra izango da, eta hura gainditzeko nahitaezkoa izango da gaindituta izatea dagokion ikasketa-plana osatzen duten irakasgai guztiak.

3.– Arte Dramatikoko Goi-mailako Arte Irakaskuntzetako Interpretazioaren espezialitateko irakasgaiak ebaluatzeko irizpideak dekretu honen II. eranskinean daude zehaztuta, eta ikasturtearen hasieran emango dira argitara. Barne hartuko dituzte horretarako zehazten diren parametroen arabera objektibagarriak eta neurgarriak diren adierazleak.

4.– Irakasgai bati dagozkion kredituak lortzeko, horretarako ebaluazio-probak gainditu beharko dira.

5.– Kalifikazio numerikoen bidez adieraziko da ikasleak lortzen duen ikaste-maila, eta bere espediente akademikoan islatuko dira kalifikaziook, ikasturte bakoitzean dagozkien ikasgaiak egin dituzten ikasle guztiekiko kalifikazio horiek duten banaketa-portzentajearekin batera.

6.– Formula hau aplikatuz aterako da ikasle bakoitzaren espediente akademikoaren batezbestekoa: ikasleak lortutako kredituetako bakoitza hari dagokion kalifikazioaz biderkatuko da, kreditu guztiei dagozkien biderkadurak batu egingo dira, eta lortutako emaitza ikasleak guztira lortutako kreditu kopuruaz zatituko da.

7.– Ikasleak ikasketa-planeko irakasgaietako bakoitzean lortutako emaitzak 0tik 10era bitarteko zenbakizko eskala baten arabera kalifikatuko dira; zenbakizko kalifikazioak dezimal bat izango du, eta dagokion kalifikazio kualitatiboa ere gehitu ahal izango zaio. Eskala hau da:

0 - 4.9: Gutxiegi (G)

5.0 - 6.9: Nahiko (N)

7.0 - 8.9: Oso ongi (OO)

9.0 - 10: Bikain (B)

8.– Ikasleek gehienez ere lau deialdi izango dituzte irakasgai bakoitza gainditzeko, eta gehienez ere bi deialdi ikasketa-amaierako lana gainditzeko.

9.– Ikasketa-planean sartuta ez dauden prestakuntza-jarduerei dagozkien kredituen onarpenaren bidez lortutako kredituak ez dira zenbakiz kalifikatuko eta ez dira kontatuko espediente akademikoaren batez bestekoa egiteko.

10.– «Ohorezko Matrikularen» aipamena 9,0tik gorako kalifikazioa lortu duten ikasleei eman ahal izango zaie. Horien kopurua ezingo da izan ikasturte berean irakasgai batean matrikulatutako ikasleen ehuneko bost baino handiagoa, matrikulatutako ikasleak 20 baino gutxiago izan ezean; kasu horretan, «Ohorezko Matrikula» bakarra eman ahal izango da.

6. artikulua.– Hurrengo mailara igarotzea eta ikastetxean jarraitzea.

1.– Ikasleak ezingo dira egon ikastetxean sei ikasturte baino gehiago.

2.– Arte Dramatikoko ikasketetako bigarren kurtsoko ikasgaietan matrikula egin ahal izateko, lehen kurtsoko 40 ECTS kreditu gutxienez gaindituta izan beharko dira.

3.– Arte Dramatikoko ikasketen hirugarren kurtsoko irakasgaietan matrikulatu ahal izateko, lehenengo kurtsoko irakasgai guztiak, gutxienez, gainditu beharko dira. Arte Dramatikoko ikasketetako laugarren kurtsoko irakasgaietan matrikula egin ahal izateko, bigarren kurtsoko irakasgaiak gutxienez gaindituta izan beharko dira.

4.– Kurtso aurreratuago bateko irakasgaietan matrikulatu ahal izateko, ikasleek aurreko kurtsoko gainditu gabe dituzten irakasgaietan ere matrikulatu behar dira ikasturte akademiko berean.

5.– Ikasturte berean, mailakako edukia duten bi irakasgaitan matrikula egin ahalko da bakarrik ikastetxeak matrikula zabaltzea onartu badu.

6.– Hautazko irakasgairen bat gainditu gabe uzten bada, hurrengo urtean beste hautazko irakasgai bat aukeratu ahalko da, ikastetxeak eskainitakoen artetik; nolanahi ere, hautazko irakasgai horretan erabilitako deialdiak kontabilizatu egingo dira.

7. artikulua.– Graziazko deialdia.

1.– Salbuespenezko edo graziazko deialdia ohiko baliabide bat da, orokortuta dagoena, antolamendu akademiko desberdinetako hainbat mailatan. Haren helburua da deialdi-kopurua malgutzea salbuespenezko egoerak sortzen direnean, ikasten ari diren ikasleen egonaldia ikastetxean ez agortzeko behin betiko.

2.– Egoera berezietan eta behar bezala justifikatutako arrazoiengatik baimendu ahal izango da graziazko deialdia; ikasleak aurrez eskatu beharko du, eta, Goi Mailako Arte Irakaskuntzetan zehar, bi irakasgaitan (salbuespenez, hirutan) baino ezingo du eskatu, deialdi guztiak agortu eta gero, eta irakasgai bakoitzean behin bakarrik.

3.– Eskabidea aurkeztu ahalko da:

a) ordura arte gaindituta diren kredituen % 10 edo gutxiagorako eskatzen bada ezohiko deialdia.

b) kurtso batean ikasleak gainditzeko dituen kredituak kurtso horretako kredituen % 20 baino gutxiago badira.

4.– Irakasgaiaren laugarren deialdiko kalifikazioa, edo, hala badagokio, horren aurkako erreklamazioaren behin betiko ebazpena jakinarazi eta hilabete baino gutxiagoko epean aurkeztuko da graziazko deialdiaren eskabidea. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari zuzenduko zaio eskabidea, eta ikastetxearen idazkaritzan aurkeztuko da.

5.– Eskabidea behar bezala arrazoitua izango da, eta hura egitea justifikatzen duten arrazoiak egiaztatzen dituzten agiriekin batera bidaliko da: gaixotasuna, lanera hastea, seme-alaben zaintza, istripua edo beste batzuk.

6.– Eskabidea ikusita, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ebazpena emango du, ikastetxearen zuzendaritzari kontsulta egin ondoren eta eskatzailearen inguruabar akademikoak eta pertsonalak aintzat hartuta. Aldeko ebazpenak eskabidea egin eta hurrengo bi ikasturtetarako balioko du. Salbuespenezko deialdia eman zaion ikasleak irakasgaiaren matrikula egin beharko du, horretarako ezarritako epeetan. Salbuespenezko deialdia ukatzen bazaio, eskatzaileak gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko du Hezkuntzako sailburuordearen aurrean, ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

8. artikulua.– Matrikula eta deialdia deuseztatzea, ikasleak hala eskaturik.

1.– Ikasturtea hasten den urte naturaleko azken irakasteguna baino lehen, ikasturte osoaren matrikula deuseztatzea eskatu ahal izango du ikasleak. Matrikula deuseztatzeak ez dakar berekin prezio publiko moduan ordaindutako zenbatekoak itzultzea, eta, iraunkortasunari begira, ikaslea matrikulatu ez balitz bezala izango da.

2.– Ikasturte osoko matrikula deuseztatzen duen ikasleak ikastetxeko ikasle izaera galduko du, eta, beraz, ondorengo kurtso batean matrikulatu nahi izango balu, haren matrikula ikastetxean dagoen plaza hutsen mende egongo da.

3.– Oro har, ikasleak eskatu ahalko du irakasgai-deialdiari uko egitea, irakasgaia ematea amaitu baino hamabost egun lehenago, gehienez ere, urteko programazio orokorrean, edo, irakasgaiaren irakaskuntza-gidan hala badagokio, ikastetxeak ezarritako egutegiaren arabera, zeina ikastetxeak argitaratuko baitu.

9. artikulua.– Matrikula galtzea, aurrez aurreko eskoletara ez joateagatik.

1.– Ikastetxeko zuzendaritzako pertsona titularrak, ikasleari entzun ondoren, deuseztatu egingo du ikaslearen matrikula, baldin eta eskola-hilabete batez jarraian ez badoa eskolara edo matrikulatuta dagoen irakasgaietako aurrez aurreko eskola-ordu guztien % 30 galtzen badu, betiere alde batera utzi gabe artikulu honen 2. paragrafoan ezarritakoa.

2.– Eskolara ez joateko arrazoi justifikatuak baldin badaude, interesdunak ikastetxearen zuzendariari jakinarazi beharko dio, eta kasu horretan ikasleak ez dio utziko ikasle izateari, honako kasu hauetan izan ezik: eskolara joan gabe bi hilabete jarraian egiten badira, edo matrikulatuta dagoen irakasgaietako aurrez aurreko eskola-ordu guztien % 50 galtzen badu eskolara ez joanda.

3.– Matrikula deuseztatzen bada, ikastetxeko ikasle izateari utziko zaio eta matrikula moduan ordaindutako prezio publikoa galduko da. Matrikula-deuseztapena idatziz jakinaraziko zaio interesdunari, betiere modu frogagarrian.

4.– Lehenengo kurtsoko matrikula bada, sarrera-proba espezifikoa gainditu beharko da berriro ikastetxera sartzeko. Beste kurtso bateko matrikula bada, hurrengo kurtsoetan matrikula egin ahalko da baldin eta ohiko matrikulazio-aldia amaitu eta gero plaza librerik geratzen bada.

10. artikulua.– Titulua.

1.– Arte Dramatikoko Goi-mailako Arte Irakaskuntzak gaindituta, Arte Dramatikoko Goi-mailako titulua eskuratuko da, Interpretazio espezialitatean. Titulu hori ofiziala izango da eta balio akademiko eta profesionala izango du estatu espainolean.

2.– Arte Dramatikoko Goi-mailako tituluak sarbidea emango du unibertsitateko master edo doktoretzako irakaskuntza ofizialetarako, betiere honako xedapen hauetan ezarritako baldintzetan: 1393/2007 Errege Dekretua, urriaren 29koa, unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituena, eta 1614/2009 Errege Dekretua, urriaren 26koa, goi-mailako arte-irakaskuntzen antolamendua ezartzen duena.

11. artikulua.– Kredituak aitortzea eta transferitzea.

1.– Oro har, lortutako kredituak aitortu ahal izango ditu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, aintzat harturik egindako irakasgaien konpetentzien eta edukien eta egiten ari den ikasketa-planean aurreikusitakoen arteko egokitasuna.

2.– Espedientea autonomia-erkidego batetik beste batera bidaliz gero, ikasketa berekin jarraitzeko, lortutako kreditu guztiak aitortuko dira.

3.– Arte Dramatikoko Goi-mailako Arte Irakaskuntzetako tituluaren beste espezialitate berri batera sartzean, oinarrizko prestakuntzako ikasgaiei dagozkien lortutako kreditu guztiak aitortuko dira.

4.– Inoiz ez dira aitortuko ikasle bat egiten ari den ikasketetako ikasketa-amaierako lanari esleitutako kredituak.

5.– Gehienez ere 6 kreditu aitortu ahalko zaizkie ikasleei kultura-, arte-, kirol-, ikasleen ordezkaritza-, elkartasun- eta lankidetza-esparruetako jardueretan parte hartzeagatik.

6.– Kredituen aitorpena behar duten irakasgaietarako, jatorrizko ikastetxean lortutako kalifikazioa izango da kontuan. Kalifikaziorik ez duen kredituen aitorpena ez da kontuan izango haztapenerako.

7.– Transferitutako kredituak Tituluaren Europar Gehigarrian islatuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko otsailaren 16an.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala