Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

10. zk., 2016ko urtarrilaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
175

EBAZPENA, 2015eko abenduaren 17koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Ekotrade RCD´s, S.L. enpresa Astigarragan (Gipuzkoa) sustatzen ari den eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko instalazioari dagokion proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten duena.

AURREKARIAK

2015eko ekainaren 16an, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan Ekotrade RCD’s S.L. enpresak aurkeztutako eskaera eta dokumentazioa jaso ziren. Enpresa horrek Astigarragan egin nahi duen eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko instalazioari dagokion proiektuari buruzko dokumentazioa zen, proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura has dadin, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legeko 45. artikuluarekin bat (aurrerantzean, 21/2013 Legea), arau horretako II. eranskineko 9.b taldean dagoelako. Eskaera horrekin batera proiektuaren ingurumen-dokumentazioa aurkeztu zen, aipatutako Legeko 45. artikuluan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legeko 46. artikuluan ezarritakoarekin bat, Ingurumen Sailburuordetzak proiektu honek eragiten dien administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egin die kontsulta, interesekoa izan daitekeen informazioa bildu eta aipatutako proiektuari ingurumen-inpaktua ebaluazioa egin behar zaion zehazteko.

Zehazki, hauei guztiei egin die kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Uraren Euskal Agentzia, Ihobe (guztiak Eusko Jaurlaritzako erakundeak), Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia eta Kultura Zuzendaritza Nagusia, Astigarragako Udala, Ekologistak Martxan Gipuzkoa eta Euskadiko Greenpeace.

Abenduaren 11ko 21/2013 Legeko 46. artikuluaren arabera egindako kontsultak izapidetzean, jarraian aipatzen diren erakundeen erantzunak jaso dira:

– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Gipuzkoako Lurralde Zuzendaritza:

Erantzun horretan gogorarazten da, instalazioa ureztatzeko ur-aspertsoreak erabiltzen badira, legionellosia prebenitzeari zein kontrolatzeari buruzko uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretua izan behar dela kontuan.

– Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza:

Erakunde honek bere txostenean adierazi du instalazioa jarriko den gunean baso misto autoktono bat dagoela eta, horregatik, beste kokapen bat bilatzeko aukera planteatu du edo, hori ezin bada egin, neurri prebentiboak, zuzentzaileak edo konpentsaziozkoak aztertzea planteatu du, baso horrek izango dituen kalteak direla eta.

– Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritza:

Jakinarazi dute jardueraren eremuan ez dagoela kultura-intereseko elementu katalogaturik.

– Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia:

Adierazi du ez dela kaltetuko ondare historiko-artistiko eta arkeologikoa.

– Astigarragako Udala:

Jakinarazi du, proiektua aztertu ondoren, proiektuak aurrera egitearen aldekoa dela.

Ondoren, azaroaren 2 eta 12an Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan dokumentazio gehigarria jaso zen, urriaren 23an egindako errekerimendu bati erantzuna emateko.

OINARRI JURIDIKOAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko baita, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginen ebaluazioek, beste helburu batzuen artean, ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa plangintzaren hasierako faseetan barneratzea bermatu behar dute, aukera egokienak hautatze aldera, zenbait jardueren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergiakoak kontuan izanik.

21/2013 Legeko 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplikatua egingo zaie, besteak beste, Lege horretako II. eranskinean dauden proiektuei. Beraz, ingurumen-ebaluazioaren alorrean indarrean dagoen legedia aplikatuz, Ekotrade RCD’s, S.L. enpresak sustatutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko instalazioari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaio. Ebaluazio horrek zehaztuko du proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion ala ez.

Proiektuko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio (erakunde eskuduna da otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren arabera) Ingurumena eta Lurralde Politikarako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 dekretuaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematea. Bertan, aipatutako proiektuak ingurumenean kalte esanguratsuak izan ditzakeen baloratuko da eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion baloratuko da.

Ikusirik 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorra; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 196/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko dena; 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; bai eta gainerako arau aplikagarriak ere,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Ekotrade RCD’s enpresak Astigarragan egin nahi duen eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko instalazioari dagokion proiekturako, jarraian agertzen diren baldintzekin.

A) Aztertzen ari garen proiektuaren helburua da, Astigarragan (Gipuzkoa) arriskutsuak ez diren eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko instalazio bat funtzionatzen jartzea. Hondakinak Donostialdeko zein beste eskualde batzuetako obretakoak izango dira eta tratatu egingo dira, hein batean, teknikoki egokiak diren zatiak eraikuntzan (bai obra zibilean bai eraikuntzan) erabiltzen diren agregakin naturalen ordezko gisa erabiltzeko.

B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txosten honek 21/2013 Legeko III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat datorren proiektuaren ingurumen-dokumentuko edukia aztertzen du.

1.– Proiektuaren ezaugarriak:

Instalazioak, urtean, gehienez ere, 170.000 tona metriko hondakin sartzeko edukiera izango du; horrela, hondakin guztien % 80 agregakin birziklatu gisa birziklatuko dela uste da eta % 15, berriz, berreskuratutako azpiproduktuak (zura, plastikoak, metalak, papera eta kartoia) izango direla uste da.

Jarduera ezartzeko beharrezkoa den obrari dagokionez, lurrak mugituko dira lur-saila prestatzeko eta izapidetzen ari den urbanizazio-proiektuan aurreikusitako kotetara iristeko. Hortik ateratako lurrak betelanetarako lur gisa erabiliko dira, horrelakorik beharko balitz.

Instalazioaren zoruari dagokionez, hondakinak jasotzeko guneak (etxolak, baskulak, tratatu gabeko EHH «zikinak») hormigoizko geruza bat izango du zabor-legarrezko beste geruza baten gainean. Hondakinak tratatzeko guneak hormigoizko geruza bat izango du zabor-legarrezko beste geruza baten gainean eta iragazgaizte-xaflen (bentonita eta geomintzezko geosintetikoak) gainean. Eta, azkenik, instalazioko gainerako guneak (erditratatuko eta tratatutako materialak biltzeko guneak) zabor-legarrezko eta iragazgaizteko geruza bat izango du.

Enpresak honako hauek guztiak izango ditu: kamioiak pisatzeko bi baskula, mantentze-materialetarako eta hondakin arriskutsuetarako biltegi bat (hormigoizko zolarria izango du eta ontzi bat), materialen sarrera zein irteerak kontrolatzeko etxola bat eta aldageletarako, jangelarako eta bulegoetarako eraikin prefabrikatuak (barnean sartzen da laborategi txiki bat ere, agregakin birziklatuen kalitatea jakiteko barne-probak egin daitezen).

Jarraituko den prozesua hau izango da:

Hondakinak instalaziora iristen direnean, pisatu egingo dira eta hondakinak deskargatzeko eta biltzeko gunera eramango dira. Hala beharko balitz, hondakinak biltzeko gune hau gune desberdinetan banatuko da, biltegiratu beharreko hondakin motaren arabera (material zikina edo garbia). Era berean, deskargatzen den une berean, triaje primario bat egingo da eta, hala, tamaina handiko materialak zein zakarrak eskuz edo makinen bidez kenduko dira. Instalazioan onartzen ez diren hondakinak detektatzen badira, arriskutsuak ez diren hondakinen kudeatzaileetara bideratuko dira. Harrizko hondakinen kasuan, aurrez zatitu behar badira, mailu handi bat erabiliko da.

Lehenengo triajea egin ondoren, tratamendu-instalazioa elikatuko da harrerako toberaraino. Hortik, materiala instalazioan dauden hainbat elementutatik (uhal garraiatzailetik, bahe birakaritik, Windshiferretik, eskuzko triaje-kabinatik) pasako da. Ondoren, agregakinak birrintzeko, ehotzeko eta bahetzeko linea batetik pasako dira. Adierazi beharra dago materiala garraiatzen duten uhal guztiak estalita egongo direla.

Prozesu horretan lortutako materialen destinoa hau izango da:

– Agregakin birziklatuek obretan erabiltzeko balioko dute, batez ere, errepideetan, eta erabilera horretarako legezko eskakizunak beteko dituzte.

– Berreskuratutako harrizko materialak eraikuntzan erabiliko dira.

– Harrizko azpiproduktuak zonako hainbat birziklatze-enpresetara bideratuko dira.

– Lur garbiak zaharberritze-eginkizunetarako eta hain zorrotzak ez diren bestelako erabileretarako izango dira.

– Arriskutsuak ez diren hondakinak biltegiratu egingo dira eta, ondoren, beste kudeatzaile/balorizatzaile edo hondakindegi baimendu batera eramango dira.

– Hondakin arriskutsuei dagokienez, behar bezala biltegiratuko dira eta kudeatzaile baimenduei entregatuko zaizkie.

Kontsumoei dagokionez, tratatutako tona bakoitzeko batez beste 35 litro edateko ur kontsumituko dira, langileek kontsumitu dezaten. Ur hori lortzeko, lurzoruaren gainean hodi bat instalatuko da. Hodi horrek gertu dagoen futbol-zelaia hornitzen duen udal-sarea balorizazio-instalazioraino konektatuko du. Hodi hori ez da pasako zona horretan kutsagarriak izan daitezkeen gune gisa katalogatutako lekuetatik.

Halaber, ura erabiliko da aspertsoreen sistema baterako, jarduerak sortzen duen hautsa gutxitze aldera. Ur hori partzelan jarriko den dekantazio-putzu baten bidez lortuko da. Euri-ura putzu horretara bideratuko da, lurrean jarriko den aldapari esker. Hala, euri-ura hormigoizko areka batera bideratuko da eta areka horretatik dekantazio-putzura gidatuko da. Ur hori, dekantatu ondoren, aspertsore bidezko ureztatzerako erabiliko da eta sobratzen den ura, berriz, horrelakorik gertatuko balitz, egun kanalizatuta eta estalita dagoen errekastora isuriko da.

Putzuaren biltegiratze-edukiera ureztatzerako ez bada behar adinakoa, putzuaren alboan andel batzuk jarriko dira eta dekantazio-putzutik beteko dira euri-urarekin. Hala ere, ez balitz behar beste ur lortuko ureztatzerako, udal-saretik hartuko litzateke.

Bestetik, ez da izango ur beltzen sarerik; izan ere, oraingoz, ez dago estolda-sarerik. Beraz, hobi septiko bat jarriko da iragazki biologiko batekin, zona hori urbanizatu arte.

Energiari dagokionez, hasieran, argindarraren hornidura 100 kW/ordu sortuko duen multzo elektrogeno baten batez lortuko da; izan ere, 100 kW/ordu behar dira instalazioko jarduerarako (baskuletarako, eraikinetarako, uhalerako, triaje-kabinarako, paletarako, haizagailurako, xehamakinarako, errotarako, baheketarako eta kanpoko argiztapen-sarerako). Multzo elektrogenoak orduko 15 litro erregai kontsumituko dituela aurreikusi da; erregaia ekipamenduan bertan biltegiratuko da eta bete egingo da zisterna mugigarri baten bidez, jardueraren arabera aldatuko den maiztasunarekin. Instalazioa martxan dagoenean, sare elektrikotik energia lortzeko aukera baloratuko da. Konexio horretarako, ordea, zona horretan kutsatuta egon daitezkeen guneetatik pasatzea saihestuko da.

Atmosferara igorriko diren isuriak prozesu hauetatik sortuko dira: deskarga-prozesua eta hondakin-bilketa, hondakinak prozesuko linean txertatzea, birrinketa, agregakin birziklatuen bilketa, agregakin horiek eta bestelako materialak instalaziotik irteten diren kamioetan kargatzea eta ibilgailuen zirkulazioa. Beste isuri batzuk ere izango dira: pala kargatzaileen erregaiak sortutako gasak, materialak sartu eta aterako dituzten kamioiek sortutako gasak eta multzo elektrogenoak sortutakoak (instalazioa sare elektrikora konekta daitekeen arte, horrelakorik egin badaiteke).

Soinuari dagokionez, nabarmenena (kontuan izanik inguruan ez dagoela eraikuntza nabarmenik) jardueraren ondorioz kamioien zirkulazioa areagotzeak sortuko duena izango da.

Sortuko diren hondakinei dagokienez, dekantazio-putzuan sortuko diren lohiak pila espezifikoetan biltegiratuko dira, dekantazio-putzuaren funtzionamendu egokia bermatuko duen maiztasunarekin. Hilean 10 m3 lohi ekoiztuko direla kalkulatu da. Hiru hilean behin pilatutako lohiak aztertuko dira ekorketa analitiko baten bidez. Indarrean dagoen legediaren arabera, lohietan kutsadura detektatzen bada, hondakin bezala kudeatuko dira; ez badago inolako kutsadurarik instalazioan bertan balorizatuko dira. Era berean, instalazioaren jarduerak berak hondakin arriskutsuen kopuru txikiak sor ditzake, esaterako, bateriak, olio erabiliak, olioekin eta/edo koipeekin zikindutako trapuak, olioen eta koipeen ontziak, tenkagailuak eta antzerakoak. Hondakin horiek behar bezala biltegiratuko dira eta, ondoren, kudeatzaile baimenduek bilduko dituzte.

Paisaiaren kalitatean izango duen eraginari dagokionez, partzelaren kokapena eta lurraren morfologia direla medio, ez dirudi paisaian kalte nabarmenik eragingo duenik.

Era berean, adierazi behar da hegoaldeko mendi-hegaleko sagastiak kaltetu daitezkeela jarduerak harrotuko duen hautsa dela eta.

Bestetik, istripuak sortzeko arriskuari dagokionez, nabarmenena da dekantazio-putzuak ondo funtzionatzen ez badu, bertako ura errekastora isuriz gero, errekastoa kutsa daitekeela.

2.– Proiektuaren kokapena:

Instalazioa erabilera industriala duen lurzoru urbanizagarriko partzela batean ezarriko da. 10.395 m2 ditu partzela horrek eta Zarkumendegi industrialdean (AIU 21 Zarkumendegi) dago, Astigarragan. Industrialdea ez da urbanizatu oraindik, nahiz eta urbanizazio-proiektu bat aurreikusia dagoen; beraz, sarbideei, hornidurei eta antzerakoei dagokienez aldaketak izan daitezkeela kontuan izanik, jarduera ezartzeko behar-beharrezkoak diren lanak egitea planteatu da, jarduera gauza dadin.

Aipatutako partzelan, 70. hamarkadan, ibarbidearen hondoa bete zen eta hegoaldeko mendi-hegalean hondeaketak egin ziren. Gaur egun, baso misto autoktono bat dago, garai hartan egin ziren betelanen eta hondeaketen ondorioz, izandako berroneratzeari esker. Ez dago Batasunaren intereseko habitatik. Partzelaren hegoaldean, 3 hektareako sagastiak daude.

Gaur egun partzela horretara inguruko futbol-zelai batera doan beste bide batetik hasten den bide batetik irits daiteke. Industrialdea urbanizatu bitartean, sarbide hori mantenduko da eta egokitu egingo da, hala behar den heinean.

Ibarbidetik errekasto kanalizatu bat pasatzen da eta erregistratu ezin diren kutxatilak ditu. Errekasto horri estaldura kendu egingo zaio, Uraren Euskal Agentziak ezartzen dituen baldintzak betez, aurreikusitako industrialdearen urbanizazioa egiten denean. Bestetik, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, kanalizatutako errekastoaren estaldurari dagokionez, Uraren Euskal Agentziak emandako baimenean ezarritako gutxieneko atzerapenak errespetatutako dira, baita errekasto hori estaldurarik gabe dagoenerako Astigarragako hiri-antolamenduko planean ezarritako baldintzak ere.

Nahiz eta aztertzen ari garen partzela ez den agertzen lurzorua kutsatu duten jarduerak izan dituzten edo lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten lurzoruen inbentarioan ezta inbentario hori eguneratzeko zirriborroan ere, partzela honen eta gertu dagoen futbol-zelaiaren artean bi partzela daude, eta bi partzela horiek kutsatuta egon daitezkeen gune gisa daude jasota.

Bestetik, gertuen dauden eraikinak hauek dira: 177 metrora Agiñastegi baserria (dirudienez, ez da inor bizi), 290 metrora futbol-zelaia eta 310 metroa autoak desegiteko lekua.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak:

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak direla eta, inpakturik nabarmenenak instalazioaren jardueratik etorriko dira, eta garrantzitsuenak hauek izango dira: hautsa sortzea, lurzoruaren kutsadura eta uren kutsadura. Ondorio horiek jardueraren zonarekiko mugatu samar dagoen eremu batean igarriko dira; hala ere, hautsaren eta Zakurmendegi/ Galtzaur errekastoaren kutsaduraren kasuan, horien ondorioak zabalagoak izan daitezke. Bestetik, egungo landaretza kendu egingo da instalazioa eraikitzearren.

Horrez gain, kamioiak erabiltzearekin eta alde batetik bestera eramatearekin lotutako eraginak ere egongo dira (hots-kutsadura eta airearen kutsadura, lurra trinkotzea, landaredia suntsitzea eta fauna desagerraraztea ura eta lurra kutsatu ditzaketen isuri eta jarioengatik...).

Bigarrena.– Proiektua egikaritzeko eta sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako zein dagokion baimen sektorialetan adierazitako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsagarriak alde batera utzi gabe, kontuan izan beharko dira hurrengo baldintzak:

– Obrak, bai eta lurra erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Aipatutako gunetik kanpo, obretako makinen zirkulazioa ahalik eta gehien murriztuko da.

Sarbide berriak ireki behar badira, eta proiektuak eragina badu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak gauzatu diren lursailetan, halako eremuetan edozein jarduketa egiteko, aurretiaz ingurumen-organoaren baimena beharko du, lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean aurreikusia.

– Lurzoruaren iragazgaizteari dagokionez, obren fasean bentonitazko eta geomintzezko geruza geosintetikoen instalazioa gainbegiratu beharko da, lurra prestatzen den unetik hasi (belar-sastrakak garbitzea, trinkoketa, gainazala erregularizatzea, material gehigarria jartzea halakorik behar bada...) eta iragazgaizteko geruzak jarri, ureztatzeko elementuak instalatu eta material pikorduna jarri arte; hala, iragazgaiztearen osotasuna bermatzeko. Era berean, ureztatze-elementuen eta material pikordunaren instalazioak geomintzean kalterik ez duela egiten egiaztatu beharko da.

Bestetik, jarduera funtzionatzen ari den bitartean, geomintza eta zabor-legarra egoera onean daudela egiaztatzen duen aldizkako kontrola egingo da; arreta berezia jarri beharko zaie kalteberagoak diren gune iragazgaitzei; izan ere, gune horiek gainkargengatik, ibilgailuen zirkulazioarengatik eta antzerakoengatik kalteberagoak dira eta geruza iragazgaitzaren osotasuna arriskuan jar dezakete. Geruza horrek kalteak dituela egiaztatuz gero, kalte horiek konpondu egingo dira eta, ondoren, jarraipen bat egingo zaie, geruza iragazgaitzaren funtzionalitatea egiaztatze aldera. Halaber, arreta berezia izan beharko da jarduketa jakin batzuk egiten direnean (harrizko hondakinak zatitzeko mailu pneumatikoa erabiltzen denean, horma finkoak edo mugigarriak jartzean, etab.), iragazgaizte-geruzek kalterik ez izateko eran egin beharko baitira.

– Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legedia eta, zehazki, lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua eta lurzoru kutsatua prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015eko Legea.

– Airearen kutsadurari dagokionez, jarduera horrek, atmosfera kutsa dezakeen jarduera izateagatik, izan behar duen duen baimenean ezarritakoa betetzeaz gain, arreta berezia jarriko zaio hauts gutxiago sortzeari. Horretarako, aspertsoreak gunerik kritikoenak ureztatzeko egokienak diren lekuetan daudela eta aspertsore horiek jarduerak eskatzen duen maiztasunarekin lan egingo dutela egiaztatuko da.

Instalazioko aspertsore-sistema aldizka berrikusi beharko da, baita uhal garraiatzaileen estaldurak ere, egoera onean mantendu daitezen. Ildo horri jarraiki, aspertsoreak instalatu eta erabiliko direnez, legionellosia prebenitzeari zein kontrolatzeari buruzko uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretua izan behar da kontuan.

Era berean, gehigarri tentso-aktiboak eta ur egonkortzaileak injektatzeko beharra dagoen baloratuko da, ureztatzearen eraginkortasuna areagotu dadin.

Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.

– Kutsadura akustikoari dagokionez: Kutsadura akustikoa prebenitzeko beharrezko neurriak hartuko dira; esaterako, eragin akustiko txikiagoko teknologiak baliatu behar dira, direnik eta teknika onenak, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnen artean kutsadura gutxien sortzen dutenak, kasuko kutsatzaile akustikoaren bereizgarriak kontuan hartuta, eta betiere kutsadura-iturri berriei aplikagarri zaizkien muga-balioak betez, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta gainerako araudietan ezarrita daudenak.

– Era berean, jardueran erabiltzen diren makinen eta ekipamenduen soinu-emisioek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute eta, batez ere, aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza optimoetan (bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez) funtzionatzen duela bermatzeko. Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak instalazioan hori egiteko egokituko den gunean egingo dira; horrela, ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.

– Zakurmendegi/Galtzaur errekastora ura isurtzeari dagokionez, Uraren Euskal Agentziak 2015eko irailaren 22ko ebazpenaren bidez horretarako eman zuen baimenean ezarritako mugak eta kontrolak betetzeaz gain, dekantazio-putzua era erregularrean kontrolatuko da; horretarako, putzuak behar bezala funtzionatzen duela ziurtatzeko, mantentze-lanak egingo dira.

Bestetik, ur zikin sanitarioak ebakuatuko diren hobi septikoa era erregularrean ikuskatuko da eta kudeatzaile baimendu batek garbituko du.

– Hondakinei dagokienez, enpresak sortutako hondakin guztiak behar bezala kudeatzen direla kontrolatuko da, indarrean dagoen legeria betez.

Hondakinen sorkuntza gutxitu egingo da, ahal dela.

Sortutako hondakinak lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabilpenerako prestaketa, birziklatzea eta beste balioztatze mota batzuk, balioztatze energetikoa barne dela. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa balitz, hondakinak deuseztatzerakoan ingurumenean eragina izatea saihestuko da, edo ahal den gehien murriztuko da eragin hori.

Berariaz debekatuta izango da, sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea, arriskutsuak izan edo ez-arriskutsuak izan. Hondakinak jatorrian bereiziko dira eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak izango dira, nahaste horiek saihesteko eta kudeatzaile baimenduei entregatzeko, obran edo instalazioan berrerabiltzeko ez badira behintzat.

Hondakin arriskutsuak biltegiratzeko instalazio horietarako diren baldintza teknikoak bete beharko dira.

Sortutako hondakin ez-arriskutsuei (plastiko, paper, kartoi, zura, beiraren hondakinak, % 3ko olio eta koipe edukia baino txikiagoa duten metalezko hondakinak, ehunak, etab.) dagokienez, kudeaketa-instalazio bati lehenengo aldiz entregatu aurretik, jardueraren titularrak hondakin ez-arriskutsuen deklarazioa egin beharko du. Horretarako, zabortegian biltegiratuta eta betelanak eginda, hondakinak ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren VI. eranskinean ezarritako xedapenak beteko ditu.

Baztertzen diren olioen, baterien, makinerien mantentze-hondakin arriskutsuak, konpresorearen purgatzeen urak eta, oro har, arriskutsutzat jotako substantzia/prestakin guztiak, horiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapuak eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak, etab. behar bezalako baldintzetan baztertuko dira, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen arabera eta aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinei eta hondakin arriskutsuei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta gainerako araudiaren arabera.

Uztailaren 28ko aipatutako 22/2011 Legeko 29. artikuluan xedatutakoa betez, eta kalterik egin gabe izaera sektorialeko bestelako araudian xedatutakoari, hondakinen ekoizlearen aurretiazko jakinarazpen bat aurkeztu beharko da Ingurumeneko Sailburuordetzan, jarduera martxan jarri aurretik. Zehazki, Legearen VIII. eranskinean adierazitakoa jakinarazi beharko dio.

Hirugarrena.– Kontuan izanik lehenengo puntuan ezarritako baldintzak eta sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoak eta dagokion baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean kalte negatibo nabarmenik izango denik. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Ekotrade RCD’s, S.L. enpresak Astigarragan egin nahi duen eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko instalazioari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinarazi behar zaio bai Astigarragako Udalari, bai eta proiektuaren sustatzaileari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau bidali egin behar da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 17a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala